Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2026ko uztailaren 21ekoa, Osasuneko sailburuarena, Berrikuntza, Ikerketa eta Osasunaren Euskal Fundazioaren (Bioef) zahartze osasuntsuaren inguruko ikerketa-proiektuetarako dirulaguntzen oinarri arautzaileak onartzen dituena eta laguntza horietarako deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Osasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 152
- Hurrenkera-zk.: 3578
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/07/21
- Argitaratze-data: 2026/08/12
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa
Deskribapenak
Testu legala
2025eko EITB maratoia ekimenean hainbat motatako elkarte, erakunde eta entitatek parte hartu dute, bai eta norbanako askok ere, eta aurreko urteetan bezala, diru-kopuru handia biltzea lortu du ikerketa biomedikoaren alde; oraingoan, zahartze osasuntsuari buruz. Euskal Irrati Telebista eta Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmenean ezarritakoaren arabera, zeina 2025eko irailaren 18an sinatu baitzen EITB Maratoia egiteko, ekimen solidario horren bidez bildutako funtsak zahartze osasuntsuari buruzko ikerketa bultzatzeko laguntzen deialdi honetara bideratuko dira, ikerketa-proiektuak finantzatu, ezagutza areagotu eta gaixotasun horien azterketan aurrera egiteko.
Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioa (Bioef) Osasun Sailak sortutako tresna da, EAEko sistema sanitarioan ikerkuntza eta berrikuntza sustatzeko. Halaber, Fundazioa erkidego, estatu eta nazioarte mailan osasun-alorreko ikerkuntza eta berrikuntzan diharduten sektoreen arteko lankidetza, komunikazio eta elkarlanerako esparru bat da. Gainera, Bioefek osasun arloko eta sektore arteko programak eta politikak oinarritzen laguntzen du, osasun-sistemak kalitate eta lehiakortasun handiagoa izan dezan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan aberastasuna eta garapen sozioekonomikoa sortzen laguntzeko. Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 319/2024 Dekretuarekin bat etorriz (eta ondorengo aldaketak kontuan hartuta), Bioef sail horri atxikitako sektore publikoko fundazio bat da.
Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Biomedikuntzako Ikerkuntzari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legeak, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legea aldatzen duen irailaren 5eko 17/2022 Legeak ikerketa sanitarioa sustatzeko erreferentzia-esparru bateratu bat eskaintzen dute, eta era eraginkorragoan funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.
Arlo horretan, Osasun Sailak, Euskadi 2030 Osasun Planaren arabera, eta Euskadiko Osasun Itunean gizartearekin hartutako konpromisoarekin bat etorriz, ikerketa eta berrikuntza sustatzen ditu esparru estrategiko horien bidez, eta, horrela, modu aktiboan laguntzen du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana, Euskadi 2030 (ZTBP 2030), hots, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plan Estrategiko berria, birformulatzen 2030erako (Euskadiko Espezializazio Adimenduneko Estrategian (RIS4) oinarrituta), zeinean osasuna den politika guztietan edo One Health delakoan ikerketa- eta berrikuntza-esparruetako edozein ekintza biltzen duen elementua. Azken helburua da euskal gizartearen bizi-itxaropena, bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzea, 2030ean Euskadi Europako eskualde aurreratuenen artean kokatuko duen berrikuntza-politika baten bidez. Abangoardiako ezagutza, komunitatearen arazoak konponduko dituen teknologiaren translazioa, berrikuntza eta talentua erakartzea eta atxikitzea dira politika horren oinarri estrategikoak.
Deialdia bat dator bi esparru estrategikoetako elementu instrumentalekin, bereziki osasun-arloko I+G+b-ari dagokion guztiarekin. Agindu honetan jasotako jardueren helburua da herritarren osasuna eta ongizatea hobetzen laguntzea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen sozioekonomikoari laguntzea ere. Horretarako, osasun-arloan ezagutza sortzen, transferitzen edota aplikatzen lagunduko da, ikuspegi translazionala eta elkarlanekoa duten ikerketa-proiektuen bidez, eta osasun-ikerketaren arloan sartzen diren profesionalen nodo berriak sustatuz.
EAEko Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen 20/2023 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, agindu honetan xedatutako dirulaguntzak ematea aldez aurretik sartu da Osasuneko sailburuaren 2026ko otsailaren 6ko Aginduaren bidez onartutako 2026ko Dirulaguntzen Urteko Planean. Plan hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratu da, iragarki-taulan: (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/). Agindu honen eskutik emango diren laguntzek Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako helburuak lortzen lagunduko dute, zehazki, ikerketa- eta berrikuntza-alorra garatzen (3.3. ardatz estrategikoa. Ikerketa eta berrikuntza). Horretarako, osasun-arloko ikerketa-proiektuak finantzatuko dira, horien emaitzek herritarren eta etorkizuneko belaunaldien ongizatean eragina dutenak. Halaber, Osasun Itunaren ildo estrategikoetako bat sendotzen lagunduko du, zehazki 17. ildoa (ikerketa, garapena eta berrikuntza osasunean), osasun-sisteman ikerketa sustatzeko.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak (azken xedapenetako zazpigarrena, bi) aldatu zuen xedapen hori, sektore publikoko fundazioek dirulaguntzak eman ahal izango dituzte, baldin eta atxikita dauden administrazio-organoaren baimena badute. Hori guztia Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 2.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, zeinak ezartzen baitu dirulaguntzak emateko aukera berariaz aurreikusita egon beharko dela fundazioaren estatutuetan.
Deialdiaren zuzkidurari dagokionez, aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatu da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean jasotakoaren arabera, eta, haren barruan, Bioefen ustiapen-aurrekontuan jasotakoaren arabera.
Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak publikotasuna, lehia eta objektibotasuna, betiere EAEko Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), eta aintzat hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (DLO), Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.
Deialdi honek ez du inolako jarduketarik behar Europar Batasuneko erakundeen aurrean; izan ere, diruz lagun daitezkeen jardueren izaera ekonomikorik ezak erabat ateratzen du Estatu-laguntzei buruzko Europako araudiaren aplikazio-eremutik, I+G+Bko Europar Batasuneko Esparruaren babesean.
Hori guztia dela eta, EAEko Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 2. apartatuan ezarritakoa betez, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 319/2024 Dekretuaren 2.2.c) eta 4.2 artikuluetan dioenarekin lotuta, honako hau
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak jarraian aipatzen diren lege-testuetan xedatutakoaren araberakoak dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legea; EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 21a.
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.
Agindu honen xedea da zahartze osasuntsuaren arloan osasun-ikerketarako eta -garapenerako laguntzak emateko deialdiaren oinarriak ezartzea, publikotasun-, gardentasun-, lehia-, objektibotasun- eta berdintasun-printzipioekin eta diskriminaziorik ezaren printzipioekin bat etorriz. Deialdia zahartze osasuntsuari buruzko ikerketara bideratuta dago, eremu eta ildo hauetan:
Narriadura fisikoa, psikikoa eta soziala prebenitzea eta garaiz detektatzea.
Osasunari aplikatutako teknologiaren erabilera, tele-monitorizazioa barne (aplikazioak, soinean eramateko gailuak (wearable)...), eta teknologia horrek osasuna zaindu eta hobetzearekin duen lotura.
Osasun publikoari eta epidemiologiari buruzko ikerlanak.
Pertsonentzako euskarri psikosoziala hobetzea.
Pertsonen bizi-kalitatean eragina duten alderdietan (bizi-ohiturak, esposizioak, genetika...) oinarritutako ikerketa.
Ikerketa soziosanitarioa eta antolatzailea, pertsonen, senideen eta zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzera bideratua.
Deialdi honen ondoreetarako, ikerketa eta garapena jarduera ez-ekonomikotzat hartuko dira; beraz, bete egin beharko dira ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko Esparru Batzordearen komunikazioan Europako Batzordeak ezarri dituen betekizunak (2022-10-28ko EBAO, 414. C), 20.a) puntukoak (ikerketa-organismoen eta ikerketa-azpiegituren jarduera primarioak eta jakintzaren transferentziarako jarduerak). Beraz, deialdi honetatik kanpo geratzen da jarduera ekonomikoaren finantzaketa, hots:
I+G-zerbitzuak eskaintzea, eta enpresen kontura egindako I+G-a.
Ikerketa-azpiegituren alokairua.
Bestelako jarduera ekonomiko guztiak, baldin eta ez badituzte betetzen Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruz Europako Erkidegoaren esparruan ezartzen diren baldintzak (2022-10-28ko EBAO, C 414).
Ikerketa- eta garapen-proiektuek bete egin beharko dituzte Munduko Medikuen Elkartearen Helsinkiko Adierazpenean ezarritako oinarrizko printzipioak gizakiengan egindako ikerketa medikoetarako printzipio etikoak eta ikerketa biomedikoaren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzak.
Pertsonengan esperimentatzea edo giza jatorriko lagin biologikoak erabiltzea eskatzen duten proiektuak egiteko, ikerketa egingo den entitatearen Ikerketarako Etika Batzordeak nahitaezko baimena eman behar du; batzordea indarrean dagoen araudiaren arabera eratuko da. Batzordearen baimen horri pazientearen baimen informatua eta pazientearentzako informazio-orria erantsiko zaizkio.
Agindu honetan aipatzen diren laguntzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean (ZTBES) sartuta dauden eta horretarako akreditatuta dauden agenteek eskuratu ahal izango dituzte, bat etorriz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoarekin, eta, orobat, geroko eguneratze, xedapen iragankor edo horien ordezko araudiarekin, laguntza-eskaera aurkezten den egunean.
Agindu honen 4. artikuluan zehazten da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zein eragile kategoria zehatz izan ahalko diren dirulaguntzen hartzaile.
Agenteek elkarlaneko proiektuak aurkez ditzakete; hau da, entitate talde batek egindako proiektuak izan daitezke, entitate horiek onuradunak izan zein ez (2. artikulu honetan azaldu bezala), betiere entitate horiek proiektua garatzeko beharrezkoak badira eta horretarako gaitasuna badute, DLOren 11.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Elkarlaneko proiektuetan, lankidetza-akordio bat itundu beharko dute parte hartzen duten entitate guztiek, haien legezko ordezkariek sinatuta, proiektua gauzatuko dela bermatuko duena eta emaitzak ustiatzeko hitzartutako baldintzak jasoko dituena. Laguntza emanez gero, aurkeztu egingo da.
Agenteek ZTBESn akreditatuta egon beharko dute, agindu honetako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean.
Ezin izango dira entitate onuradun izan honako egoera hauetakoren batean daudenak:
Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta egotea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota egotea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu, epailearen esku-hartzearen mende egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.
Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa gertatzea, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkari direnak lege hauetan ezarritako egoera hauetako batean egotea: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko administrazio orokorreko goi karguan aritzea arautzen duena; 53/1984 Legea (LBK 1985, 14), abenduaren 26koa, Herri Administrazioen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa; edo Hauteskunde-araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19koak 5/1985 Lege Organikoak (LBK 1985, 1463 eta LBK 1986, 192) arautzen dituen hautapen bidezko karguetako bat izatea, hor edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.
Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten den moduan.
Egoitza fiskala arauz zehaztutako paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.
Dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharrak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
Ebazpen irmo baten bidez, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapena jaso izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera.
Ezingo dute dirulaguntzen onuradunaren izaera lortu EAEko Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen Legearen 11.3 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritako elkarteek, haietako elkartekideren batek aurreko debekuetako bat baldin badu.
Dirulaguntzak eskuratzeko debekuek enpresa hauetan ere izango dute eragina: zuzendaritzan diharduten pertsonak direla eta edo beste inguruabar batzuk direla eta, pentsa badaiteke dirulaguntzak eskuratu dituzten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorengoa direla, eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bidez.
Halaber, EAEko Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen Legearen 13.1 artikuluarekin bat etorriz, ezingo dute dirulaguntzen onuradunaren izaera lortu, kasuan kasuko zigorrak ezartzen duen epean, sexuagatiko diskriminazioa egiteagatik zigor administratibo edo penalen bat dutenek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera debeku hori ezarri zaienek ere. Halaber, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresek eta Estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek.
Aurreko puntuetan zehaztu diren debekuak balioesteari, justifikatzeari, deklaratzeari eta haien helmenari dagokienez, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikulua aplikatuko da.
Laguntza-eskaera aurkezteak berekin ekarriko du eragile eskatzaileak baimena ematea organo emaileak zuzenean lor dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izateari buruzko egiaztagiria, EAEko Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen Legean eta Ekonomia eta Ogasun sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (betebehar horien betetzea egiaztatzeari buruzkoa) ezarritako moduan.
Hala ere, eragile eskatzaileak baimena espresuki ukatu ahal izango du, eta, orduan, betebehar horiek bete dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du, aplikatu beharreko araudian ezarritako baldintzetan.
Entitate eskatzailearen legezko ordezkariaren sinadurak berekin dakar jarduera behar bezala egiten laguntzeko konpromisoa, baldin eta laguntza ematen bazaio, eta eskabidean jasotako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko eta berresteko konpromisoa. Era berean, eskatzen diren baldintzak betetzen direla adieraztea dakar berekin, eta ikerketa-jardueretan aplikatzekoa den araudia ere betetzen duela.
Talde eskatzailea ZTBESeko eragileek (2. artikuluaren araberako onuradunak) osatzen duten taldea da. Eragile horiek 4. artikuluan deskribatutako modalitateko ikerketa-laguntza eskatzen dute, eta laguntza hori gauzatzen parte hartuko dute, proposatutako lan-planaren arabera entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen zereginak garatuz.
Ikertzaile nagusi arduradun batek edo bik gidatuko dute talde eskatzailea. Eskaria bi ikertzaile nagusik (IN eta IN laguntzailea) aurkezten badute, biek izan beharko dute laguntza eskatzen duen entitatearen plantillakoak, eta haietako batek solaskide gisa jardungo du ondore guztietarako (lehenespenez, IN izango da). Ikertzaile nagusiei aplikatzen zaizkien baldintza eta bateraezintasun-araubide berberak bete beharko ditu IN laguntzaileak, eta curriculum-aintzatespen bera izango dute. Bi ikertzaile nagusik zuzendutako proiektuetan, bien artean lidergo-trantsizio prozesu bati ekiteko borondatea badute bi horietako bat erretirotik gertu dagoelako, argi eta garbi adieraziko dute alderdi hori eskaera-memorian. Proiektu horietan, erretiratzear den ikertzailea IN laguntzailea izango da, eta lidergoa hartuko duena, berriz, IN. Ebaluazioan, garrantzi bera izango dute bi CVek. Trantsizio-aldi hori ez da inoiz izango elkarren segidako bi proiekturako behar dena baino luzeagoa.
Nahitaezko baldintza izango da Ikerketa sanitarioko zentroen kategoriako akreditazioa duen ZTBESren eragile batek, gutxienez, parte hartzea.
Finantzaketa zenbait eragilek eskatzen badute, parte hartzen duten eragileen plantillako ikertzaile nagusietako batek bere gain hartuko du eskabidearen koordinatzailearen egitekoa eta Bioefekiko solaskide izatekoa, azken hori laguntzaren organo kudeatzailea den aldetik.
Talde eskatzaileetako kideek funtzionario-, estatutu- edo lan-lotura formalizatua izan beharko dute, agindu honen 2. artikuluan ezarritakoarekin bat, bai ZTBESko eragile onuradunarekin, bai proiektua gauzatzeko zentroarekin, bai beste entitate batzuekin, baldin eta eragileak indarreko hitzarmen bat badauka beste entitate horiekin ikertzailearen lotura babesteko.
Lotura proiektuaren egikaritze-aldia baino laburragoa bada, entitate horren legezko ordezkariak adierazpen bat sinatu beharko du, proiektuan IN edo laguntzaile gisa parte hartzeko baimena emango diona eta konpromisoa hartuko duena atxikimenduari eusteko, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik proiektua gauzatzeko epea amaitu arte. Emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, ikertzaile nagusiak lotura galtzen badu, zentro onuradunak zentro-aldaketa eskatu beharko du, 16. artikuluak ezarritakoari jarraituz.
Ikertzaile nagusiek (baita IN laguntzaileek ere) eskabide bakar batean parte hartu ahal izango dute rol horretan. Ikerketa-taldeko gainerako kideek ez dute mugarik izango proiektu batean baino gehiagotan parte hartzeko.
Zahartze osasuntsuari buruzko ikerketa biomedikoko proiektuak finantzatuko dira: ikerketa sanitarioa sustatzeko lerro honetan, edozein kategoriatan akreditatutako ZTBESko eragileak izango dira onuradun, eta ezinbesteko baldintza izango da ikerketa sanitarioko zentroaren kategorian akreditatutako ZTBESko eragile batek, gutxienez, parte hartzea. Ikerketa-proiektuek 2 edo 3 urteko iraupena izan dezakete. Finantza daitekeen gehieneko zenbatekoa 200.000 eurokoa izango da proiektu bakoitzeko.
Deialdi honetan, ikerketa biomedikotzat hartuko da osasun publikoaren eta zerbitzu sanitarioen arloan egiten den oinarrizko ikerketa (gaixotasunera bideratua), ikerketa klinikoa (pazienteari zuzendua) eta ikerketa epidemiologikoa; halaber, osasuna nahiz ikerketa biomedikoko prozesuak eta teknologiak hobetzera bideratutako garapen teknologikoa.
Bereziki aintzat hartuko dira ikertzaile hasiberriek zuzendutako proiektuak, hau da, beren ikerketa-jardunbidearen hasierako fasean daudenek zuzendurikoak. Horretarako, ikertzaile hasiberritzat hartuko da aldez aurretik norgehiagoka-araubidean finantzatutako proiektuetan ikertzaile nagusi (IN) koordinatzaile gisa parte hartu ez duena, baldin eta ikerketa-zentro batekin izan duen lehen lotura egonkorra deialdia argitaratu aurreko hamar urteetan gertatu bada. Epea zenbatzeko, egoera hauek hartuko dira kontuan:
Amatasunaren edo aitatasunaren ondorioz hartutako atsedenaldiak, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean jasotako egoera babestuen arabera. Urtebeteko luzapena aplikatuko da seme-alaba bakoitzeko.
Eskatzailearen gaixotasun edo istripu larria, medikuak hiru hileko edo gehiagoko baja emanda. Urtebeteko luzapena aplikatuko da.
Mendekotasuna duten pertsonei emandako arreta, gutxienez hiru hileko tartea, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean xedatutakoarekin bat. Urtebeteko luzapena aplikatuko da.
Kasu bakoitzean emango den dirulaguntzaren bidez, ondoren adierazten diren gastuak ordainduko dira, betiere proiektua gauzatzearekin zuzenean lotuta badaude eta eskabidearen memorian aldez aurretik zehaztu badira. Laguntza-eskabidea urterokoaren arabera banatzeko, 6. artikuluan adierazitako urteko deialdiaren zuzkidura hartuko da kontuan.
Agindu honen babesean emango diren laguntzak bateragarriak izango dira xede berarekin lortu daitezkeen beste laguntza edo dirulaguntza mota batzuekin, betiere gehiegizko finantzaketarik gertatzen ez bada. Gehiegizko finantzaketa gertatzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino; nolanahi ere, jasotako laguntzen zenbateko osoak ezingo du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua. Muga hori beteko dela bermatzeko, eragile onuradunek erantzukizunpeko adierazpenean adierazi beharko dute gehiegizko finantzaketarik ez egiteko berariazko konpromisoa, eta berehala jakinarazi beharko diote organo emaileari helburu bererako beste edozein laguntza edo dirulaguntza jaso dutela, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
Langile-gastuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak), proiektuan aritzen diren heinean. Proiektua gauzatzeko behar diren eta arduraldi espezifikoa duten langileen kostuak, baldin eta entitate onuradunarekin laneko kontratu-lotura badute.
Era berean, atal honetan sartzen dira ikertzaile-taldea osatzen duen osasun-arloko profesionalaren asistentzia-jarduera liberatzearen ondoriozko kostuak, gehienez ere lanaldiaren % 50era arte. Proiektuak deialdiak finantzatutakoa baino ikertzaileen arduraldi luzeagoa behar badu, entitate onuradunaren kontura izango da.
Ezingo dira finantzatu ZTBESko eragileei lotutako funtzionarioen, estatutupeko langileen edo langile kontratudunen kostuak EAEko sektore publikokoak direnak edo partaidetza publikoa nagusi den administrazio batean ere sartuta ez dauden entitateetakoak, baldin eta Eusko Jaurlaritzako beste sailen batek edo beste administrazio publiko batek finantzatzen baditu.
Ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak. Proiektua egiteko ezinbestekoa den material inbentariagarria sartzen da, eta esplizituki kanpoan geratzen dira altzariak eta instalazioak, ekipamendu informatiko pertsonalak edo kudeaketakoak eskuratzea eta bulegoko material orokorra finantzatzea (fotokopiak, tonerra edo telefono-gastuak), bai eta prestakuntza-jarduerak, zientzia-elkarteetako kuotak eta argitalpenen harpidetzak ere.
Halaber, material suntsikorra eta gastu osagarriak, material bibliografikoa eta zabalkundearekin lotutako gastuak (argitalpenak, etab.) sartzen dira, bai eta entitate onuradunaren ikerketan laguntzeko zerbitzu nagusi eta orokor batzuk erabiltzeagatiko kostuak ere, betiere proiektua garatzeko behar bezala justifikatzen badira eta beharrezkoak badira.
Proiektua garatzeko kanpoko zerbitzuen kontratazioa eskaeraren memorian islatuta egon beharko da, zerbitzuaren izaera eta kontratuaren kostua zehaztuta. Zerbitzu horien gastuak diruz laguntzeko modukoak izan daitezen, behar bezala egiaztatu beharko da horien beharra. Diruz lagundutako jarduketaren parte diren proiektuko jarduera batzuk, haien eragile onuradunak egin ezin dituenak, azpikontratatu ahal izango dira; ezintasuna proiektuaren memorian egiaztatu beharko da. Onuradun bakoitzeko azpikontratatzen den jardueraren kostu osoa ezingo da izan onuradun horri dagokion aurrekontu finantzagarriaren % 50 baino handiagoa.
Kontratazioetarako, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoaren kontratazioa arautzen duten legeetan kontratu txikietarako ezarritako kopuruak, eragile onuradunak, kontratatu aurretik, hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, eta espresuki justifikatu beharko du egindako hautaketa, memoria baten bidez, baldin eta eskaintza ekonomikorik abantailatsuena hautatzen ez bada. Memoria hori justifikazioan aurkeztu beharko da.
Bidaia eta joan-etorri gastuak. Landa-lanak eta proiektua gauzatzean beharrezkoak diren koordinazio-bilerek eragindakoak, bai eta finantzatutako proiektuaren emaitzen berri emateko kongresu eta hitzaldietara joateak eragindakoak ere. Ezin izango dira aukeratu kongresuak eta konferentziak antolatzeko gastuak, ezta protokolo-gastuak ere.
Finantzatu daitezkeen gastuek zuzeneko lotura izan beharko dute proiektuarekin, eta ikerketa-taldeko langileei eta artikulu honen 3. atalean aipatutako teknikariei soilik egotzi ahal izango zaizkie.
Halaber, deialdi honen konturako gastu finantzagarriak izango dira proposatutako proiektuaren zeharkako gastuak (zuzeneko kostuaren % 10), eta halakotzat hartuko dira proiektua gauzatzen den entitatearen egiturazko gastuak (argia, ura, garbiketa, mantentze-lanak edo antzekoak), baldin eta proiektu jakin bati zuzenean egotzi ezin bazaizkio ere proiektua gauzatzeko beharrezkoak badira.
Proiektua amaitu ondoren, emandako laguntzen kontura erositako material inbentariagarria eta bibliografikoa proiektua gauzatu duen zentroarentzat izango da, eta ikerketa-jardueretarako erabiliko da nagusiki.
Dena dela, ondore horietarako, aplikatzekoak izango dira DLOren 31. artikulua eta DEOren 68. eta 83. artikuluak, oinarrizkoak baitira, eta baita EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 30. eta 31. artikuluak.
Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz, eta horien kopurua laurehun eta hogeita bost mila hirurehun eta hirurogeita bi euro eta hirurogeita bederatzi zentimo da (425.362,69).
Deialdi hau lehiaketa-teknikaren bidez ebatziko da. Horiek horrela, aurkeztutako proiektuak alderatuko dira, 10. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz, haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko, eta, hurrenkera horren arabera emango dira laguntzak harik eta dirulaguntza-lerro bakoitzari esleitutako kredituak agortu arte.
Eskabide bakarra aurkeztuko da proiektu bakoitzeko. Koordinazio-proiektuen kasuan, entitate koordinatzailea izango da eskabidea bidaltzeko arduraduna.
Agindu honetatik eratorritako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen, zuzenketa, justifikazio eta gainerako izapide guztiak elektronikoki egingo dira, honako hauekin bat etorriz: herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikulua (2023ko ekainaren 30eko EHAA, 124. zk.), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 9., 10. eta 14. artikuluak eta, halaber, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa Platea onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Izapide elektronikoak ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu ahal izango da, helbide honen bitartez: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Eskabidea lortzeko eta hura betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da, honako helbide hauetara:
Castellano: https://www.euskadi.eus/servicios/1048912
Euskera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1048912
Eskabidea egin ondoren, espedientera iristeko eta errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako izapideak egiteko, helbide honetara jo beharko da:
Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/
Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/micarpeta
Eskabidea betetzeko, pertsona edo agente eskatzailearen sinadura aitortuaz gainera, hurrengo artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu behar dira, Herritarrentzako arreta integral eta multikanalari eta zerbitzu publikoetarako irispidea bitarteko elektronikoen bidez izateari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren data hartuko da aurkezpen-datatzat.
Laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Ildo horretatik, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondoko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat etorriz.
Honako hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:
Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan (I. eranskina), parte hartzen duen entitate bakoitzaren informazioarekin batera (IA eta IB eranskinak). Proiektuaren memoria ingelesez ere onartuko da.
Ikertzaile nagusien eta baita taldeko kide guztien Curriculum Vitae Normalizatua (CVA), automatikoki sortua CVN editoretik (http://cvn.fecyt.es/editor) edo FECYTen CVN arauan ziurtatutako edozein erakundetan, baldin eta CVN zerbitzua eskaintzen badute. Baliozkotzat joko dira Osasun Saileko osasun-arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdiko CV ereduak, bai eta Carlos III.a Osasun Institutuko CV eredua ere.
Entitate eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (II. eranskina).
Jarduera betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, proiektuek legez ezarritako baimenak edota txosten hauek izan beharko dituzte:
Ikerketarako Batzorde Etiko eskudunaren aldeko txostena edo irizpena, hala badagokio, eta ikerketaren arloan dauden hitzarmen eta arauak betetzen direla zaintzearen ardura duten beste kide anitzeko organoena, edo ikerlari nagusiaren erantzukizunpeko adierazpena (V. eranskina), non adieraziko den txosten edo irizpen hori behar den garaian eta eran eskatuko dela, baldin eta proiektuak finantzaketa jasotzen badu.
Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Ikerketarako Euskal Biobankuaren ziurtagiria, zeinetan egiaztatzen baita ikertzaile nagusiak Biobankuari lagin biologikoak biltzeko edo lagatzeko eskatu diola deialdi honetan laguntza eskatzen den ikerketa-proiekturako.
Puntu honetan aipatutako dokumentuak entitate onuradunen esku geratuko dira, hartara eragotzi gabe dirulaguntza ematen duen organoak egin ditzakeen egiaztapenak nahiz kontrol-organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrolak; horiek horrela, onuradunek kontrol- eta egiaztapen-jarduera horietan eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute.
Atal honetan adierazitako eredu normalizatu guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita (epea amaitzen den eguneko 14:00ak arte).
Dirulaguntza-eskabideetan daturen bat bete gabe utzi bada edo eskatutako agiri guztiak aurkeztu ez badira, entitate eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo falta diren agiriak eransteko, eta, halaber, jakinaraziko zaio horrela egiten ez badu eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; dena dela, Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz.
Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenaren xede den egintza, bai eta zer egunetan sartu den haren edukira ere; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Jakinarazpena egin dela jasota badago eta edukira sartu gabe hamar egun natural igarotzen badira, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat joko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
Lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuaren koordinatzaile gisa diharduen entitatearekin gauzatuko da jarduera hori.
Epe barruan behar bezala aurkeztutako edo zuzendutako eskabideak ebaluatu eta hautatzeko, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera, balorazio-batzorde bat sortzen da, artikulu honetako 1. paragrafoan zehazten den moduan.
Hauek izango dira balorazio-batzordeko kideak:
Batzordeburua: Iñaki Gutiérrez Ibarluzea, Osasun Saileko Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
Batzordekideak:
Lorea Mendoza Arteche, Berrikuntza, Ikerketa eta Osasunaren Euskal Fundazioko (Bioef) koordinazio zientifikoaren arduraduna, edo hark eskuordetutako pertsona.
Koldo Berganzo Corrales, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
Inés Gallego Camiña, Osasun Saileko Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
Guillermo Ignacio Herrero Alaña, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
María del Carmen Álvarez Zubizarreta, Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioko zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
Zaloa Mendez Bengoetxea, EITB Euskal Irrati Telebistako ordezkaria.
Zahartze osasuntsuari buruzko Euskadiko elkarteetako ordezkari bat.
Idazkaria: Olatz Sabas García-Borreguero, Bioef kudeatzeko talde teknikoarena.
Balorazio-batzordearen osaera izenduna jakinarazi egingo da (euskadi.eus egoitza elektronikoan), interesdunei batzordeko kideak errefusatzeko eskubidea eraginkortasunez baliatzeko aukera bermatu behar baitzaie, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
Balorazio-batzordeak kanpoko ebaluatzaileen laguntza eskatuko du aurkeztutako proiektuen kalitate zientifiko-teknikoaren binakako ebaluazioa egiteko ikerketa biomedikoen proiektu-lerroan (4.1 artikulua), artikulu honen 5.1 atalean ezarritako irizpideekin bat.
Balorazio-batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.
EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.
Proiektuak hautatzeko, irizpide hauek aplikatuko dira:
Ikerketa-proiektuen kalitate zientifiko-teknikoa: 60 puntu, gehienez. Balorazio-batzordeak kanpoko ebaluatzaile independenteen lankidetza eskatuko du; ebaluatzaile horiek proiektuen kalitate zientifiko-teknikoari buruzko txostenak egingo dituzte, eta honako alderdi hauek balioetsi eta haztatuko:
Irizpide hauen arabera egingo da ebaluazio zientifiko-teknikoa:
Ikerketa-taldearen balorazioa: ikertzaile-taldearen balorazio orokorra, kontuan hartuta osaeran dagoen oreka, baterako lanak, taldean irekitako ikerketa-ildoak eta taldekideen osagarritasuna eta proiektura egokitzea. Ikerketa-proiektuak baloratzea, baita saiakuntza klinikoak, ikerketa-jardueraren ekarpenak Osasun Sistema Nazionalaren garapen klinikoari, asistentzialari edo teknologikoari dagokienez, argitalpenak, patenteak eta jabetza industrialeko beste erregistro batzuk, ikertzaile nagusiarenak eta ikerketa-taldearenak, proiektuaren gaiarekin lotuta. 20 puntu, gehienez.
Proiektuaren balorazio zientifiko-teknikoa: hipotesiaren eta ikerketa-taldeak gaiaren berezko ezagutzaren egoerari buruz duen ezagutza-mailaren balorazioa. Proiektuaren helburuen garrantzi zientifiko-sanitarioa. Aurreikusitako emaitzen inpaktu potentziala pazienteengan eta sistema sanitarioan orokorrean. Proposamenaren bideragarritasuna eta arriskuak. Analisi metodologikoa eta lan-plana. 33 puntu, gehienez.
Balorazio zientifiko-teknikoan proiektuek 20 puntuko gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez badute, balorazio-batzordeak ez ditu finantzatzeko moduko proiektutzat joko.
Proiektuaren balorazio ekonomikoa. Proiektua gauzatzeko eskatutako baliabideen egokitasuna. Eskatutako baliabideen justifikazioa. 7 puntu, gehienez.
Ebaluazio zientifiko-teknikoaren emaitza, kanpoko ebaluatzaileen balorazioan oinarritua, balorazio-batzordeak jasoko du, eta 10. artikuluan ezarritako irizpide guztien azken ebaluazio osoa emango du.
Proposamenak EAEko sistema sanitarioarentzat duen interesa: 40 puntu, gehienez. Atal honetan, honako hauek baloratuko dira:
Puntu honetan aintzat hartuko da proiektuak oinarri hauen 1. artikuluan jasotako deialdiaren gaiarekin eta xedearekin bat etortzea, aldi berean, Euskadiko 2030erako Osasun Planarekin, Euskadiko Osasun Itunarekin eta horien ondorio diren estrategia espezifikoekin; agiri horiek eskuragarri daude Eusko Jaurlaritzaren webgune ofizialean (euskadi.eus), «Planak eta proiektuak» atalean. Gehienez, 10 puntu.
Espero diren emaitzek osasun-sistemaren hobekuntzan eta biztanleriaren bizi-kalitatean duten eragina. 5 puntu gehienez.
Emaitzek pazienteengan duten eragin bereizgarria. 5 puntu gehienez.
Puntu honetan, osasun-arloko profesionalek proiektuen ikertzaile nagusi gisa duten parte-hartzea hartuko da kontuan, eta arreta berezia eskainiko zaie ikertzaile nagusi gisa ageri diren jarduera asistentziala duten profesionalei. 5 puntu, gehienez.
Lehentasunezkoak izango dira zentro anitzeko proiektuak. Zentro anitzeko proiektu deritze deialdi honen 2. artikuluan adierazitako entitate onuradunetako bik edo gehiagok parte hartzen dutenei, bereziki ikerketa sanitarioko 2 zentrok edo gehiagok, eta/edo sare sanitario osoan ikerketa-eremu berberetan lan egiten duten ikertzaileen eta langile kliniko-asistentzialen lankidetza eskatzen dutenei. (Memorian justifikatu beharko da proposatutako lankidetzaren beharra, baita entitateen osagarritasuna eta gehigarritasuna ere.) 5 puntu, gehienez.
Bereziki baloratuko dira ikertzaile hasiberriek gidatutako ikerketa-proiektuak. 5 puntu, gehienez.
Proposatutako ikerketak arreta sanitariorako irispidean eta gaixotasunaren diagnostikoan edo tratamenduan gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunak hartzen ditu kontuan: 5 puntu, gehienez.
Laguntza-modalitate bakoitzean, laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio-batzordeak honako hauek hartuko ditu kontuan: aurkeztutako aurrekontua, deialdia finantzatzeko dauden baliabide ekonomikoak, eta aurkeztutako aurrekontua zer neurritan egokitzen den proposatutako helburuetara. Halaber, batzordeak kontuan hartuko ditu kanpo ebaluatzaileek txostenean egindako oharrak.
Emandako laguntzek eskatu den kopurua osorik edo partez estali ahal izango dute, baina, edozein modutan ere, baterako finantzaketa kontuan hartuta, ezin izango da inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu erreala.
Ebazpena hartzea, entitate eskatzaileek planteatutako gai guztiak erabakiz, Bioefen ahaldun nagusiari dagokio, balorazio-batzordearen proposamena kontuan hartuta.
Hartzen den ebazpenak zehaztuko du eskatutako laguntzak eman diren edo, hala badagokio, ukatu diren. Lehenengo kasuan, entitate onuraduna, diruz lagundutako laguntza eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, laguntza urteka banatuta. Ukatutakoen kasuan, ukatzeko arrazoiak jasoko dira.
Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da; horretarako epea gehienez sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik argitaratu ez bada, eskabidea ezetsi egin zaiela ulertu ahal izango dute entitate eskatzaileek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan xedatutakoarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 25.1.a) artikuluekin bat etorriz.
Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, entitate eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa aurkez deizaiokete Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 15 egun balioduneko epean, entitateek espresuki uko egin ahal izango diote ebazpenari. Aipatutako epean uko egiten zaiola adierazi ezean, laguntza onartu dela ulertuko da, deialdiaren ondoreetarako.
Ezertan eragotzi gabe indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk, eta, batez ere, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak, agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek dituzte:
Dirulaguntza eman den xede eta kontzeptuetarako erabiltzea.
Deialdia kudeatzen duen organoari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzari buruz eskatzen zaion informazioa ematea.
Eskabidean jasotako datuak edo inguruabarrak aldatuz gero, deialdia kudeatzen duen organoari jakinaraztea, aldaketa gertatu eta, gehienez, hilabeteko epean.
Laguntza-eskabidean adierazitakoaren gainean aldaketaren bat egin nahi bada, aurrez eta arrazoituta eskatu beharko zaio deialdia kudeatzen duen organoari. Deialdi honetan, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.
Dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki ahal izango du, baldin eta EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 25. artikuluko 1. zenbakian ezarritako baldintzak betetzen badira.
Halaber, entitate onuradunek proiektuen finantzaketaren izaera publikoa ezagutarazteko neurriak hartu beharko dituzte, EITB Maratoia ekimenaren edozein dibulgazio-ekitalditan parte hartuz. Horrela, ikerketaren ondorioz sortzen diren argitalpen, tesi, karrera amaierako proiektu eta kongresuetarako komunikazio guztietan EITB Maratoia berariaz aipatu beharko da, finantzaketa-iturri gisa.
Entitate onuradunek eskura izan beharko dituzte kasu bakoitzean onuradun bakoitzari aplikatu ahal zaion merkataritza- eta sektore-legerian eskatutako terminoetan behar bezala ikuskatutako kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak, egiaztapen- eta kontrol-eskumenak egoki bete direla bermatzeko.
Entitate onuradunek EAEko Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako gainerako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzkoak ere, Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera.
Entitate onuradunak nahitaez gorde beharko ditu egindako eta memoria ekonomikoan adierazitako gastuen jatorrizko fakturak eta gainerako frogagiriak, 5 urtez.
Entitate onuradunek eskatzen dieten informazio guztia eman beharko dute, hain zuzen ere, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedea fiskalizatzeko dituzten funtzioak betez eskatzen dieten guztia.
Agente onuradunek enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartu behar dute, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bioef da laguntza kudeatzen duen organoa.
Laguntza kudeatzen duen organoak, laguntza onartzeko ezarritako epea igaro ondoren, lehenengo urtekoan emandako dirulaguntza transferituko du.
Urte-sarien gehieneko zenbateko osoa honela banatuko da, gutxi gorabehera:
(Ikus .PDF)
Gainerako urteroko bakoitza Bioefeko Zuzendaritzak dagokion memoria zientifikoa eta proiektuak sortutako gastuen justifikazio dokumentala onartu ondoren ordainduko da, III. eta IV. eranskinetan ezarritako ereduen arabera.
Azken urterokoaren ordainketaren zenbatekoa ez da ekitaldi horretarako emandako dirulaguntzaren ehuneko ehunera (% 100) iritsiko, baizik eta ehuneko laurogeira (% 80). Gainerako ehuneko hogeia (% 20) azken justifikazioa aurkeztu eta onestearen baldintzapean geratuko da, 14. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Amaierako justifikazio-dokumentazioa hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da, diruz lagundutako proiektua amaitzen den egunetik hasita.
Entitate onuradunek memoria zientifikoak eta ekonomikoak bidaliko dizkiote laguntza kudeatzen duen organoari, eta organo horrek, Bioefen Zuzendaritzak horiek onartu ondoren, gainerako urtealdietarako eskura dagoen finantzaketa bideratuko du.
Entitate onuradunak ikusten badu, justifikatutako arrazoiengatik, ezin duela finantzaturiko ikerketa-proiektua burutu, ahalik eta azkarren jakinarazi beharko dio laguntza kudeatzen duen organoari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari buruzko txostena eta balantze ekonomikoa ere aurkeztu beharko dizkio.
Organo kudeatzaileak, espedientea aztertu ondoren, Osasuneko sailburuari proposatuko dio dagokion laguntzaren likidazioa egiteko ebazpena eman dezala, eta itzuli beharreko kopuruak zehaztu, hala badagokio.
Laguntza kudeatzen duen organoak, komenigarria dela uste badu, proiektuaren jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkezteko eska dezake.
Laguntzaren entitate onuradunak urtero justifikatu beharko du egindako lana eta laguntzari emandako erabilera; horretarako, organo kudeatzaileari agiri hauek aurkeztu beharko dizkio, dirulaguntza emateko ebazpenean eta horretarako emandako jarraibideetan zehaztutako moduan eta epean:
Justifikazio-memoria zientifikoa, III. eranskinean agertzen den eskemaren arabera egina. Memoria zientifiko horretan, proiektuaren garapen-egoerari, egindako jarduerei eta betetako helburu partzialei buruzko deskribapen bat egin beharko da, eta gauzatze ekonomikoaren laburpen bat ere bai. Ikertzaile nagusiak edo proiektuaren koordinatzaileak sinatuko du memoria, koordinazio-proiektuak baldin badira.
Parte hartzen duen entitate bakoitzaren justifikazio memoria ekonomikoa (Excel), entitate onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua (IV. eranskina). Memoria ekonomikoarekin batera, justifikazio-aldian egindako gastuak egiaztatzen dituzten ordaindutako fakturen benetako kopiak aurkeztuko dira. Entitate onuradunak diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 100 justifikatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu. Jatorrizko fakturak entitate onuradunetan artxibatu beharko dira, gehienez bost urteko epean, justifikazio-epetik aurrera, eta eskuragarri egongo dira laguntzak kudeatzen dituen organoak egiten duen egiaztapen orotarako.
Lehenengo urterokoaren jarraipenaren justifikazioan, bigarren ordainketa baino lehen, Ikerketa Batzorde Etiko eskudunaren eta ikerketa-arloko hitzarmenak eta arauak betetzen direla zaintzeaz arduratzen diren kide anitzeko beste organo batzuen aldeko txostena edo, hala badagokio, irizpena aurkeztuko da (8.6.d.1 artikulua).
Azken ekitaldian ez da jarraipen-memoriarik egin beharko, horren ordez amaierako justifikazioa egingo baita.
Amaierako memoria zientifikoa eta ekonomikoa proiektua amaitzeko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztuko dira.
Elkarlaneko proiektuen agente onuradunek Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30.6 artikuluan eta EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera egin beharko dute justifikazioa.
Proiektu bakoitzeko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dela-eta, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 75. artikulua aplikatu behar bada justifikazio-kontu sinplifikatua arautzen du, artikulu horretan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da. Justifikazio-modalitate horretarako, Bioefek aukera izango du egokitzat jotzen dituen eta dirulaguntzaren aplikazio egokiari buruzko arrazoizko ebidentzia lortzeko aukera ematen duten frogagiriak laginketa-tekniken bidez egiaztatzeko, eta, horretarako, hautatutako gastu jakin batzuen egiaztagiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dio onuradunari.
Justifikazio-memoria betetzeko, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera, laguntzak gauzatzeko eta justifikatzeko jarraibideak bidaliko dira.
Jarraipen-memorien aldeko ebaluazioak eta hurrengo urterako laguntza ordaintzeak ez du esan nahi egindako gastuak onartzen direnik, ez eta gastuok aurrekontuei egozten zaizkienik ere; izan ere, amaierako memoria ekonomikoarekin batera baloratuko da hori.
Amaierako eta tarteko memoriekin batera, hala badagokio, ikerketaren ondorioz sortu diren argitalpen, tesi, karrera amaierako proiektu eta kongresuetarako komunikazio guztien kopia bana aurkeztuko da.
Urte anitzeko jardueretan finantzaketaren jarraitutasunari eusteko, ezinbestekoa izango da jarraipen zientifiko-teknikoko memorien ebaluazioak aldekoak izatea, haiek aurkezteko eskatu baldin bada.
Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada betiere, laguntzaren xedea beteta, eta beste edozein entitate publiko zein pribatutatik beste dirulaguntzaren bat aldi berean jasotzen bada, laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Horretarako, zenbatekoa murrizteko espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena izango du laguntza kudeatzen duen organoak, eta Bioefen ahaldun nagusiak, haren gaineko ebazpena ematekoa.
Proiektuaren garapen-prozesuan beharrezkotzat jotzen bada gastu jakin batzuetara bideraturiko zenbateko partzial batzuetan aldaketak egitea betiere, laguntzaren guztizkoa gainditu gabe, aldez aurretik, proiektuko ikertzaile nagusiak idatziz egin beharko du eskaera, horretarako arrazoiak emanez, eta entitate onuradunaren legezko arduradunaren oniritziarekin eta gainerako entitate parte-hartzaileen adostasunarekin.
Laguntza kudeatzen duen organoari egingo zaio eskabidea.
Proiektuaren amaiera atzeratu egiten bada, entitate onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik behar bezala justifikatu beharko dira eta hasiera batean proiektua garatzeko ezarritako epea bukatu baino lehen idatziz eskatzen bada eskatutako aldia zehaztuta, Bioefen ahaldun nagusiak proiektua amaitzeko epea luzatu ahal izango du.
Oro har, luzapen horrek ezingo du gainditu proiekturako hasieran aurreikusitako iraupenaren erdia, eta ez du emandako dirulaguntzaren igoerarik ekarriko. Salbuespenez, eta arrazoitutako ebazpen bidez, baimena eman ahal izango da epea gehiago luzatzeko, behar bezala egiaztatutako aparteko inguruabarrak gertatzen badira.
Deialdi honen ondoreetarako, kontzeptuen ondoriozko gastu-desbideratzeek, laguntza-eskabidean aurreikusitakoaren % 20 gainditzen ez badute, ez dute aldaketarik eragingo.
Ikertzaile nagusi gisa jardungo duen pertsonarengan aldaketak egiteko, laguntza gauzatzen hasi ondoren eskaera egingo da, eta organo emailearen aldez aurreko baimena beharko da. Aldaketa-eskaera horiek aldaketaren arrazoien justifikazioa barne hartu beharko dute. Horrez gain, egokitasuna ebaluatu ahal izango du organo kudeatzaileak berak.
Laguntza kudeatzen duen organoak espedientea aztertuko du, eta ikertzaile nagusi gisa jarduten duen pertsona aldatzeko eskaerak onetsiko ala ukatuko ditu.
Horrez gainera, ikertzaile nagusi izangaiak 3. artikuluan eskatu eta jasotako loturak egiaztatu beharko ditu.
Entitate onuraduna aldatzeko, organo laguntza-emailearen baimena beharko da, baldintza hauen arabera:
Entitate onuradun berriak laguntzaren onuradun izateko eskatzen diren baldintzak eta eskakizunak bete beharko ditu, agindu honetan xedatuarekin bat.
Entitatea aldatzeko eskaerak honako hauek hartuko ditu barnean:
entitate onuradunen zuzendaritza eta aldaketa eskatzen duen entitatearen eta entitate onuradun berriaren legezko arduradunak aldatzea onartu beharko du ikertzaile nagusiak;
eskaeraren justifikazio arrazoitua (aldaketaren arrazoiak); eta
erabili ez diren funtsak entitate onuradun berriari eskualdatzeko konpromisoa.
Hurrengo urteei dagokien dirulaguntza entitate onuradun berriari ordainduko zaio.
Bai jatorrizko entitate onuradunak bai entitate onuradun berriak laguntzekin lotutako jarraipen- eta justifikazio-betekizunak bete beharko dituzte.
Laguntza kudeatzen duen organoak espedientea aztertuko du, eta zentroz aldatzeko aurkezten diren eskabideak onartzea edo ukatzea ebatziko du.
Dituen eginbeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta baita sortutako berandutze-interesak itzultzekoa ere, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.
Itzulketari, horren arrazoiei eta jarraitu beharreko prozedurari dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 38. eta 40. artikuluan xedatutakoa bete beharko da; bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikuluetara garatzen da.
Honako hauek ez-betetzetzat joko dira, eta hortaz, emandako dirulaguntzak itzuli beharra ekarriko dute:
Dirulaguntza eman duen ebazpenaren baliogabetasuna, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Dirulaguntza lortzea hartarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz.
Dirulaguntzaren helburua ez betetzea osorik edo zati batean, jarraipen-, kontrol- eta egiaztapen-mekanismoen bidez zehaztuta, edo dirulaguntzaren bidez hartu behar den jokabidea ez hartzea. Helburuaren zati bat betetzen ez denean, entitate onuradunaren betetze-maila erabateko betetze-mailara nabarmen hurbiltzen bada eta onuradun horrek egiaztatzen duenean bere jarduna argi eta garbi konpromisoak betetzera bideratuta dagoela, itzuli beharreko zenbatekoa mailaketa-irizpide hauen arabera zehaztuko da: lortutako gauzatze-maila proiektuaren helburuaren % 75 edo handiagoa bada, gauzatu ez den ehunekoaren zenbateko proportzionala itzuliko da; gauzatze-maila % 50ekoa edo handiagoa eta % 75etik beherakoa bada, jasotako dirulaguntzaren erdia itzuliko da, gehi gainerako erdiaren gaineko defizitaren zenbateko proportzionala. Jokabidea argi eta garbi konpromisoak betetzera bideratuta dagoela egiaztatzeko, eskura dauden frogagiriak aurkeztu beharko dira, ikertzaile nagusiak proiektuaren gauzatze-egoerari eta ez-betetze partzialaren arrazoiei buruz egindako txosten arrazoituarekin batera.
EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. artikuluan xedatutako gainontzekoak.
Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, jasotako laguntza itzuli beharko da, halaber, baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen badu. Horrelakoetan, aipatutako kostuaz gaindi jasotako zenbatekoa gehi dagozkion berandutze-interesak bakarrik itzuli beharko dira.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (15. artikuluan zerrendatzen dira), laguntzaren parte bat itzuli beharko du entitate onuradunak; betiere, jarduera osorik gauzatu ez arren, nabarmen hurbildu bada helburu horretara, eta egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Baldintzetan egindako aldaketak ez dira inola ere onartuko, egindako jarduera bat ez badator deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, ez eta proiektuaren beraren xedea betetzen ez badu ere.
Halakorik gertatuz gero, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntza aldatzeko ebazpenaren arabera; eskabideak baloratzeko deialdiko 10. artikuluan jasotzen diren irizpideei jarraituz bideratu behar izan da ebazpen hori.
Deialdiaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntzen justifikazioari dagokion dokumentazioa aurkezten ez bada, jasotako eta justifikatu gabeko zenbatekoak itzuli beharko dira, eta, hala badagokio, jasotzeko dauden zenbatekoak kobratzeko eskubidea ere galduko da.
Itzulketa-prozedura Osasuneko sailburuordeak hasi eta ebatziko du, beharrezkoak diren prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
Datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoaren ondoreetarako, deialdi honetan emandako datu pertsonalak Bioef Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioak tratatuko ditu (Araudia: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako legezko betebeharraren arabera tratatuko dira, dirulaguntza emateko edo, hala badagokio, baliatzeko betekizunak, baldintzak eta helburua betetzen direla egiaztatzeko.
Datu pertsonalak proiektuetan parte hartzeko, eta horiek baloratzeko, kudeatzeko, administratzeko eta kontrolatzeko helburuarekin tratatuko dira, deialdi honen oinarrien arabera.
Datu pertsonalak deialdiaren indarraldian eta, hala badagokio, proiektua gauzatzen amaitu arte tratatuko dira. Behin amaituta, legez ezarritako epeetan baino ez zaie gordeko.
Datuak babesteko ordezkaria. Bioefek Datuak Babesteko ordezkari bat du, araudia betez, eta helbide honen bidez jo daiteke harengana: dpd@bioef.eus
Kontrol-agintaritzaren aurrean erreklamazioa aurkezteko aukera: era berean, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrean (www.avpd.euskadi.eus), tratamendua indarreko legediaren aurkakotzat joz gero.
Deialdian parte hartzen dutenek une oro jakin ahal izango dute Bioefek beraien zer datu pertsonal tratatzen dituen, araudiak ematen dizkien eskubideak erabiliz, helbide honetan: Bioef Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioa B Accelerator Tower (BAT) Gran Vía, 1 48001 Bilbao, edo dpd@bioef.eus helbidean. Bereziki, eskubide hauek erabil ditzake:
Datuetan sartzeko eskubidea: interesdunek aukera dute tratatzen diren bere datu pertsonalei buruzko informazioa jakiteko eta lortzeko.
Datuak zuzentzeko eskubidea: akatsak zuzentzeko, datu okerrak edo osatugabeak aldatzeko eta tratamenduaren xede den informazioaren ziurtasuna bermatzeko aukera ematen du.
Datuak ezabatzeko eskubidea: tratatzen diren datuak ezabatzeko eska daiteke, kontratua gauzatzeko beharrezkoak ez direnean.
Tratamenduari uko egiteko eskubidea: interesdunak eskubidea du bere datu pertsonalak ez tratatzeko, edo tratamendua eteteko, ez bada lege-arrazoiak edo balizko erreklamazioak egin eta horiez defendatzea daudela tartean. Horrelakoetan, datuak blokeatuta edukiko ditugu, harik eta lege-betekizunen indarraldia amaitu arte.
Tratamendua mugatzea: kasu jakin batzuetan, interesdunek beren datuen tratamendua mugatzeko eskatu ahal izango dute. Hala eginez gero, erreklamazioak egin edo erreklamazioen aurrean babesteko soilik gordeko dira.
Erabaki indibidual automatizatuen xede ez izateko eskubidea (profilak egitea barne): interesdunek eskubidea dute tratamendu automatizaturen batean oinarritutako erabakirik ez hartzeko haien gainean, interesdunei nabarmen eragiten badie.
Datuen eramangarritasun-eskubidea. Legez ezarritako egoeretan, eta teknikoki posible bada.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)