Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2026ko uztailaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Erasmus+ programaren esparruan Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleentzako KA1 mugikortasun-ekintzak kofinantziatzeko dirulaguntzen deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 158
- Hurrenkera-zk.: 3662
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/07/21
- Argitaratze-data: 2026/08/20
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Instituzional; Funtzio publikoa
Testu legala
Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak Erasmus+ programaren 2026. ekitaldirako proposamenen deialdia argitaratu zuen, 2025eko azaroaren 1eko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean EAC/A12/2025 (C/2025/6080). Erasmus+ programa hori 2021-2027 aldian aplikatuko da. Erasmus+ programa askotariko sektoretan banatzen da. Gure dirulaguntza-deialdian, Lanbide Heziketarekin lotutako ekintzak jasotzen dira.
Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota. Plan hori Hezkuntzako sailburuaren 2026ko otsailaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Hezkuntza Sailaren euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, haren berri emateko.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorretan abenduaren 23ko 7/2025 Legearen bidez onetsi ziren, kreditu nahikoa dago agindu honek aipatzen dituen laguntzak emateko.
Laguntza hauek honako arau hauetan xedatutakoaren mende daude:
39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretuan bildutako oinarrizko erregulazioa.
1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.
Jarduera-esparru horretan, LH Euskadi 2030 Estrategiaren 5 ardatz estrategikoak lortzera bideratutako jarduerak sustatuko dira, bereziki 5. ardatza, «Euskadi Globala: nazioartekotzea eta globalizazioa», jardunbide egokien trukea eta ikasleen eta irakasleen mugikortasuna sustatzen dituena.
Era berean, eskuragarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.
Horrenbestez, honako hau
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hilabete biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 21a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
Erasmus+ Programaren barruan onartutako mugikortasun-proiektuak kofinantzatzeko laguntza ekonomikoen deialdia egitea, irakasle eta ikasleen ikaskuntza-arrazoiengatiko mugikortasunetarako, betiere 2026-2027 ikasturtean garatzen badira.
SEPIEk onartutako KA1 proiektuetan sartutako mugikortasunei dagokien aurrekontuaren zatia finantzatzeko baino ez dira erabiliko laguntzak, betiere adierazitako epearen barruan gauzatzen badira.
Deialdi honetara, guztira, 500.000 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.
Honako hauek definitzen dira:
Erakunde eskatzailea: laguntza-eskabidea Hezkuntza Sailean aurkezten duen pertsona juridiko pribatua.
Erakunde onuraduna: Prozedura ebatzi ondoren, emandako dirulaguntzaren titularra den erakunde eskatzailea, haren ondoriozko betebeharrak bere gain hartzen dituena.
Parte-hartzaileak: SEPIEk onartutako proiektuetan sartutako KA1 mugikortasunak egiten dituzten Lanbide Heziketako ikasleak eta irakasleak. Ez dira ez onuradunak ez eskatzaileak, baizik eta diruz lagundutako jardueren azken hartzaileak.
Pertsona juridiko pribatuek parte hartu ahal izango dute deialdian, baldin eta:
Egiaztatzen badute Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dutela irakaskuntza-jarduera.
Edo Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu geografikoko lanbide-heziketako ikastetxeekin jarduerak egin dituztela egiaztatzen dutenak.
Erakunde eskatzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte deialdi honetan parte hartzeko:
Erasmus+ proposamenen deialdian proiektuak onetsita izatea.
Erasmus+ Programako KA1 proiektuetan parte hartzea Lanbide Heziketaren eremuan.
Ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
Diruz lagunduko den jarduerak ezin izango du eragin sexuan oinarritutako bereizkeriarik.
Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, erregelamenduz zehazten den moduan.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, betekizun hori betetzen dela, eta, horretarako, ez du erakundearen baimenik beharko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua aplikatuz.
Erakunde eskatzaileak uko egin ahal izango dio egiaztapen automatiko horri. Kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
Beteta izatea eska daitekeen beste edozein betebehar eta eskakizun, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitakoaren arabera.
Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutakoa betetzea.
Aurreko apartatuan adierazitako eskakizunez gain, erakunde eskatzaileak honako hau egiaztatuko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:
Ea beste laguntzarik edo baliabiderik eskatu eta, hala badagokio, lortu dituen helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
Egiaztatu duela proiektuan parte hartzen duten pertsonek ez dutela jaso Eusko Jaurlaritzako edo Espainiako Gobernuko beste dirulaguntzarik proiektu honetarako.
Atxiki egiten zaiola Lanbide Heziketaren eremuko pertsonen ikaskuntzarako KA1 mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko dirulaguntzak kofinantzatzeko aginduan ezarritakoari, Erasmus+ programaren esparruaren barruan.
Ezagutzen eta onartzen dituela deialdiaren oinarri guztiak, eta konpromisoa hartzen duela haren xedeak betetzeko, baldin eta laguntza ematen bazaio.
Konpromisoa hartzen du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan aurreikusitako enpresen deslokalizaziorik ez egiteko.
Betetzen dituela laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen eskakizunak. Badituela hori egiaztatzen duten agiriak. Erakunde eskatzaileak administrazioaren esku jarriko dituela aipatutako agiriak, hala eskatzen zaionean.
Konpromisoa hartzen duela betebehar horiek betetzeko dirulaguntza jasotzeko eskubidea duen bitartean.
Konpromisoa hartzen duela jakinarazteko ebazpenean kontuan hartutako ezer aldatzen bada.
Egiazkoak direla eskabidean jasotako datuak, bai eta harekin batera aurkeztutako agirietan emandako datuak.
Erakunde onuradunak artikulu honetan adierazitakoa betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa edukiko du, eta Administrazioaren esku jarriko du hura egiaztatzeko eskatzen zaionean.
Mugikortasun hauek kofinantzatu ahal izango dira:
Goi-mailako Lanbide Heziketako KA1 proiektuak: ikasleen eta irakasleen mugikortasunak.
Lanbide Heziketako gainerako KA1 proiektuak, goi-mailakoak ez direnak: soilik irakasleen mugikortasunak.
Mugikortasun horien azken hartzaileek Euskal Lanbide Heziketako ikasleak edo irakasleak izan beharko dute.
Proiektu hauetan parte hartzen dutenek ezin izango dute jaso beste laguntzarik, norbanako modura, xede bererako Eusko Jaurlaritzak edo Espainiako Gobernuak kudeatzen duen beste edozein deialdiren bitartez.
Erakunde eskatzaileek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte, eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko:
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan, izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak daude eskuragarri, eta, haren bidez, eskabide-inprimakian sartzeko aukera dago, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097421
Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da; horretarako, ordezkaria inskribatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentuak. Aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozedura osoan.
Eskabidearekin batera (I. eranskina), honako dokumentazio hau aurkeztuko beharko da (egoitza elektronikoan dago eskuragarri, PDF betegarri formatuan):
Formulario normalizatua. «Proiektua identifikatzea» (II. eranskina).
Formulario normalizatua. «Eskatutako laguntza kalkulatzea» (III. eranskina).
SEPIE Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuari egindako eskabidea. Dagoeneko onartuta dauden proiektuen kasuan, SEPIEk onartutako hitzarmenaren eranskina, proiektuaren xehetasunak jasotzen dituena, aurkeztu beharko da (emandako dirulaguntza, proiektuaren hasiera- eta amaiera-data, ikasleen eta irakasleen mugikortasun-kopurua, besteak beste).
Eskabideek aukera emango dute erakunde eskatzaileak espresuki baimena eman dezan organo kudeatzaileak eskura edo egiazta ditzan jarraian adierazten diren datuak edo dokumentuak. Baimen horrek ez die eragiten Administrazio Publikoaren esku dauden egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei.
Funtsezko zehaztasunik ezak, faltsutasunak edo omisioak erantzukizun penal, zibil edo administratiboak sortu ahal izango ditu.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Eskabideak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzen dezala edo beharrezko dokumentuak aurkez ditzala. Hala egingo ez balu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, ebazpena eman ondoren. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuaren arabera.
Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako Europako Programen Atalari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak kudeatzea, eta Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria da atal horren arduraduna.
Deialdiaren eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak zehaztuko du zenbatekoa den dirulaguntza, eta honela esleituko du:
Zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da IV. eranskinean zehaztutako laguntza-taula.
2. artikuluan adierazitako zuzkidura ez bada aski aurkeztutako eskabide guztiei hasieran kalkulatutako zenbatekoetan erantzuteko, zuzkidura hori hainbanatuko da (proportzionalki banatuko da) eskatutako eskakizun guztiak betetzen dituzten eskabideen artean, eskatutako guztizko zenbatekoan oinarriturik.
Europako Erkidegoko finantzaketa oro har ez denez iritsiko ekintzaren aurrekontuaren % 100era, deialdi honen bitartez eskuratzen diren dirulaguntzek edota beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik lortzen direnek balioko dute Erkidegoko finantzaketak estaltzen ez duen aurrekontu-portzentajea estaltzeko.
Banaketa-sistema hori justifikatzen da deialdia ez delako lehiakorra, eta laguntzak SEPIEk aldez aurretik onartutako KA1 mugikortasunak finantzatzeko soilik erabiltzen direlako, aurrez zehaztutako zenbateko unitarioekin. Horrek baldintza homogeneoetan jartzen ditu erakunde eskatzaile guztiak, eta beharrezkoa da kreditu erabilgarria proportzionalki banatzea.
2026-2027 ikasturtean garatzen diren mugikortasunei dagozkien proiektuen aurrekontuaren zati proportzionala estaliko du laguntza horrek.
Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio agindu hau behin-behinean eta behin betiko ebaztea, edo, hala badagokio, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ukatzeko edo ez onartzeko arrazoiak ematea, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak egindako proposamena ikusita.
Era berean, 10 egun balioduneko epea ematen da, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen diren alegazioak aurkezteko edo, proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutakoa baino txikiagoa bada, eskaera berriz egin ahal izateko, konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen dirulaguntzara egokitzeko.
Nolanahi ere, eskabideak birformulatzean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, bai eta ezarritako balorazio-irizpideak ere.
Aurkeztutako alegazioak eta eskabideak birformulatzeko proposamenak aztertu ondoren, balorazio-batzordeak behin betiko balorazio-txostena egingo du, eta ebazpenaren behin betiko proposamena egingo du. Proposamen horretan, dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa adieraziko dira. Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, instrukzio-organo gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori.
Ebazpeneko behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute inolako eskubiderik sortzen proposamen horretan proposatutako onuradun gisa agertzen diren pertsonen alde, harik eta emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.
Ebazpen hori jakinarazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.
https:// www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa
Ebazpena argitaratzeko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Argitaratzeaz gain, organo kudeatzaileak erakunde interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaliko dizkie, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-ondoriorik izango.
Epe hori igaro eta erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.
Dirulaguntza bi epetan ordainduko da (lehena 2026ko ekitaldian eta azkena 2027an):
Laguntzaren guztizkoaren % 40 proiektu bakoitzerako, emandako laguntza onartu eta gero. Aurrerakin hori 20/2023 Legearen 31. artikuluan aurreikusitakoaren arabera ematen da, mugikortasunak prestatzeko ezinbestekoak diren aldez aurreko gastuak estali behar direlako. Gastu horiek egitea ezinbestekoa da proiektua gauzatzeko.
Bigarren ordainketa, gainerako % 60a, egindako mugikortasunen arabera, 13. artikuluan aipatutako dokumentazioa jaso eta egiaztatu ondoren.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du erakunde onuradunak.
Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak eskuragarri jarritako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2026-2027 ikasturtean egiten diren mugikortasunen bidaia-gastuak eta helmugako herrialdean ostatua ematekoak dira. Gainerako gastuak ez dira diruz lagunduko. Hala ere, laguntzaren zenbatekoa kofinantzatu beharreko proiektu bakoitzean egingo diren mugikortasunen iraupenaren eta xedearen arabera zehazten da, eta nahikoak izango dira mugikortasuna justifikatzeko.
Diruz lagundutako proiektuan planifikatutako mugikortasun guztiak amaitu ondoren, erakunde onuradunak honako dokumentazio hau aurkeztuko du, gehienez ere hilabeteko epearen barruan:
Egindako mugikortasunen azken laburpena, V. eranskinaren arabera.
Ziurtagiri bat, egindako mugikortasun bakoitzeko, VI. eranskinaren arabera.
Eskaera egitean ezin izan bada aurkeztu SEPIEk onartutako hitzarmenaren eranskina, proiektuaren xehetasunak jasotzen dituena (emandako dirulaguntza, proiektuaren hasiera- eta amaiera-data, ikasleen eta irakasleen mugikortasun-kopurua, besteak beste), une horretan emango da.
eta VI. eranskinak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097421
Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izango dituzte:
Emandako dirulaguntza onartzea. Ebazpena egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hamar egun naturaleko epean erakunde onuradunek onartzen ez badute, onuradun gisa proposatutako pertsonak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.
Zertarako eman den dirulaguntza, horretarako erabiltzea.
Publikotasun egokia ematea diruz lagundutako proiektuen finantzaketa publikoari, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18.4 artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Beren eginkizunetan dihardutela Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak zer informazio eskatzen duten deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz, informazio hori ematea.
Jakinaraztea ea dirulaguntzarik edo laguntzarik, estatukorik nahiz nazioartekorik, jaso den xede bererako beste administrazioren batetik edo erakunde publiko zein pribaturen batetik.
Hezkuntza Sailak egiten dituen egiaztapen-lanak onartzea.
Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan adierazitakoa betetzea.
Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntzaren xede den jarduerak edo proiektuak behar dituen dokumentazio eta material guztietan.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluaren arabera, dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza aldatzea erabaki ahal izango du, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere haren xedea betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak lortu ahal izango ditu.
Halakoetan, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, berriz, doitu egingo dira eman diren dirulaguntzen zenbatekoak.
Itzultzeko prozedurari ekingo zaio, baldin eta laguntzaren erakunde onuraduna kasu hauetako batean badago:
Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuak.
Ez betetzea agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak eta betebeharrak.
Dirulaguntza ematea ekarri duten baldintzak bete ezean, erakunde onuradunak jasotako zenbateko osoa edo horren zati bat itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, dirulaguntzen arloan aplika daitekeen berandutze-interesak gehituta.
Lege-testu hauetan arautzen da nola aldatu eta itzularazi dirulaguntza:
20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena.
Laguntza onartzen duen ebazpena.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntza eta dirulaguntzak Lanbide Heziketako ikastetxeentzat eta erakunde laguntzaileentzat.
Arduraduna: Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: laguntza ekonomikoen eskabideak izapidetzea, parte-hartzaileak edota interesdunak identifikatuta. Erakunde laguntzaileetarako dirulaguntzak.
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren legezko betebeharrak betetzeko.
Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak:
Eropar Batasuneko organoak.
Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.
Autonomia- erkidegoko beste organo batzuk.
Europako Batzordea.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).
Informazio gehigarria: gure weborrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml
Araudia
Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalaren Bermatzailea (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=).