Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2026ko uztailaren 14koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena eta Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako elikagaien arloan kooperatibismoa sustatzeko laguntzetarako deialdia egin eta laguntzak ezartzen dituena. Kooperatu 2026 programa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila; Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 149
- Hurrenkera-zk.: 3515
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/07/14
- Argitaratze-data: 2026/08/07
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa
Deskribapenak
Testu legala
Nekazaritza-asoziazionismoa, fenomeno orokor gisa, eta kooperatibak bereziki, Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorearen protagonistak dira, lurraldea egituratzen laguntzen dute, landa-enplegua sustatzen dute eta garapen ekonomiko eta sozialaren eragile izateko gaitasun berezia dute; nekazaritza-asoziazionismoa, zalantzarik gabe, funtsezko elementua da nekazaritza-jarduerari jarraipena emateko eta gure landa-eremuen bideragarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko. Horren erakusgarri, esan daiteke Euskadiko nekazaritzako elikagaien kooperatiba-sektorea 76 erakundek, 864 langilek eta 6.797 bazkidek osatzen dutela, eta 400 milioi euro inguruko fakturazioa duela 2024an. Beraz, nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibak gure elkarte-sarearen funtsezko segmentua dira, Euskadiko nekazaritza-ekoizpenaren lehen maila egituratzen dute eta lurralde-kohesioa hobetzen laguntzen dute, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortuz, landa-inguruneko herritarrek eskatzen dituzten zerbitzu berriak eskainiz.
Gizarte-ekonomiak, eredu kooperatiboaren bitartez, historian zehar balio izan du ekoizle txikien jarduera ekonomikoa errentagarri bihurtzeko: balio demokratiko eta solidarioetan oinarrituta, ahaleginak batzen dira eta eskalako ekonomiak lortzen dira, enpresa egiteko modu espezifiko gisan. Hala ere, egungo enpresa-testuinguru ekonomiko globalizatuan lortutako enpresa-unitate ekonomikoak ez dira nahikoak, argi dagoenez. Oro har, elikadura-industriaren arloa oso atomizatuta dago. Horregatik ahalegin gehiago egin behar dira enpresak integratzeko, enpresa-ikuspegitik, funtsezko zutabea baitira sektorearen jasangarritasunerako eta, beraz, landa-herriek bizirik irauteko eta garapena izateko ere.
Ildo horretan, argi dago sektorearen gehiegizko atomizazioaren ondorioz, hobekien egituratutako entitateek ere ez dituztela beren ahaleginak eta inbertsioak errentagarri ikusten, eta beharrezkoa da kooperatiba-oinarriko talde merkaturatzaileen integrazioa eta sustapena sustatuko duten neurriak abian jartzea, nekazaritzako elikagaien kate osoan jarduteko gai izango direnak eta nekazarien errenta hobetzen eta gure landa-eremuetan nekazaritzako elikagaien industria-sare lehiakorra finkatzen lagunduko dutenak.
Europan, oro har, eta Euskadin, bereziki, bazirudien egoera makroekonomikoa Errusiak Ukraina inbaditzeak eragin zituen ondorio ekonomiko kaltegarriak berreskuratzeko bidean sartuta zegoela (laguntza hauen aurreko deialdian aipatzen genuen ekoizpen-kostuak etengabe handitu zirela animalien elikadurarako lehengaien prezioen igoeraren ondorioz eta energiaren eta erregaien prezioen igoeraren ondorioz). 2025. urtearen amaieran, ekonomiak goranzko joera izan zuen, BPGren, enpleguaren eta kontsumoaren hazkunde-aurreikuspenekin, eta nekazaritzako elikagaien sektorearen protagonismo ukaezinarekin.
Zoritxarrez, baina, aparteko dimentsioko gertakari geopolitiko berriak sortu dira, nazioarteko agertokia mugitzen ari direnak eta merkatuetan ziurgabetasun-maila altuak sorrarazten dituztenak berriro, bai merkatuetara iristeko zailtasunen igoeragatik, bai energia-horniduren eta lehengai jakin batzuen eskasiagatik eta prezioen igoeragatik.
Gertakari berri horiek Ameriketako Estatu Batuetako presidentzian izandako aldaketaren ondorio dira funtsean. Izan ere, kanpoko-politika berria ezarri du, munduko ordena geopolitikoan aldaketa handiak eragiten ari dena Ekialde Ertainean garrantzi handikoak, eta muga-zergen politika berri bat ere ezarri du, kanpo-merkatuetan ondorio garrantzitsuak dituena.
Horrela, AEBk eta Israelek Iranen aurka egindako erasoarekin hasi zen Golkoko gudaren lehen ondorio ekonomikoa energia-kostuen igoera izan da, petroliorako eta gaserako sarbidea blokeatzearen ondorio zuzena. Igoera horrek, lehengaien kostu handiagoarekin batera (elikaduraren azpisektore batzuetan hornikuntza ezaz ere hitz egiten da), arrisku larrian jartzen ditu EAEko nekazaritzako elikagaien industriaren lehiakortasun-mailak.
Bestalde, muga-zergen politika berria dela eta, Europar Batasunak negoziazio-ahalegin garrantzitsua egin behar izan du Erkidegoko merkatu osoari balioa emateko eta Estatu Batuetako merkatuari irtenbide alternatiboak bilatzeko, azken urteetan ekoizle eta kooperatiba txiki askok lortu baitute merkatu horretan finkatzea. Duela gutxi, Europar Batasunak akordioa lortu du Mercosurrekin, eta datorren maiatzaren 1ean ezarriko da. Akordio horrek, AEBetako muga-zergen politikak gehien eragiten dien nekazaritzako elikagaien sektoreentzat (ardoa, olioa, esnekiak...) aukera handiak sortuko baditu ere, arriskuak dakarzkio nekazaritza-sektoreari, Mercosur herrialdeetako lehiakideek ekoizpen-kostu txikiagoak baitituzte.
Beraz, egoera oso zaila da oraindik ere Euskadiko nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibentzat, Euskadiko nekazaritza-sektorearen funtsezko zutabe diren kooperatibentzat; horregatik, behar-beharrezkoa da euskal kooperatiba-sektoreari laguntzeko neurriak ezartzen eta bultzatzen jarraitzea.
Eta aurreko guztia kontuan hartuta, estrategia horren ardatz nagusia kooperatiben eta elkarteen integrazioa bultzatzea eta sustatzea da, gure kooperatiben lehiakortasuna, birdimentsionamendua, modernizazioa eta nazioartekotzea bultzatuko dituelakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia eta lehiakortasuna hobetzeko egiturazko erreformen esparruan.
Horregatik, garrantzitsu eta egokitzat jotzen da itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak emateko deialdia egitea, 1.000.000 euroko finantzaketa ezarrita. Laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako kredituetatik baizik ez dira hartuko.
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.
Agindu honen bidez deitutako laguntzak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026-2028 ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan daude bilduta. Plan hori, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2026ko martxoaren 4ko Agindu bidez onartu zen eta Sailaren arlo desberdinetako dirulaguntzak biltzen ditu eta helburu estrategikoak zehaztu. Helburu horiek guztiz lerrokatuta daude Jaurlaritzaren programan ezarritako helburu estrategikoak lortzeko estrategiarekin.
Ezarritako erronken artean, aipatutako Dirulaguntzen Planaren 4. puntuan 4.3.4 agertzen da eta honela dio, hitzez hitz: «Nekazarien errenta hobetzea, eta nekazaritzako elikagaien industria-sarea sendotzea EAEko landa-eremuetan, EAEko sektore kooperatiboa indartuz». Beraz, nekazaritza-elikagaien sektorean integrazio- eta elkartze-prozesuak sustatzea, enpresen dimentsioa, eraginkortasuna, aipatutako elkarteen errentagarritasuna hobetzera bideratuta, ezinbesteko tresna da sektorearen errentagarritasuna eta lehiakortasuna areagotzeko eta, ondorioz, landa-inguruneko gizartearen bizi-kalitatea eta ahalduntzea areagotzeko, hartara Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa betez.
Dirulaguntza-deialdi hau bat dator, era berean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
Aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz, laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du.
Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz, zeinaren 26.4 artikuluaren arabera, sailburuek, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia baitute, hau
EAEn nekazaritzako elikagaien arloko kooperatibismoa sustatzeko Kooperatu 2026 Programaren deialdia egitea eta deialdi hori arautuko duten oinarri arautzaileak onartzea. Agindu honen eranskinean daude jasota.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari edo Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 14a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
oinarria. Xedea.
Agindu honen xedea da 2026ko ekitaldirako laguntzak arautzea eta deialdia egitea, nekazaritzako elikagaien sektorean kooperatibak integratzeko eta elkartzeko prozesuak sustatzeko. Prozesu horien ondorioz, baliteke bigarren zain goragoko graduko kooperatibak eta lankidetza ekonomikoko beste modalitate batzuk sortzea, hala nola enpresa-elkarteak, kooperatiben arteko akordioak eta kooperatiba-taldeak eta kooperatiba mistoak (Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legean aitortzen dira figura horiek. III. kapitulua, 146. eta 155. artikuluen artean), Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren prozesuak, elkarte horien enpresa-dimentsioa, eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetzera bideratuak.
Laguntzok de minimis motakoak dira, Batzordearen 2013ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EE) Arautegian arautuak.
oinarria. Baliabide ekonomikoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko Aurrekontu Orokorra onartzen duen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak baimendutako kredituen arabera, laguntza-deialdi honek behar besteko aurrekontu-estaldura du, 1.000.000 eurokoa; horietatik, 300.000 euro 2026ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 700.000 euro 2027ko ekitaldiko konpromiso-kredituari.
Laguntza-deialdi honen kontura emango diren laguntzen kopuru osoak ezin izango du gainditu aurrekontuetan izendatutako zenbatekoa, ez eta, indarrean den legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egitea onartzen bada, zenbateko hori egokitzetik ateratzen dena ere. Gehikuntza hori gertatuz gero zeinak hasieran aurreikusitako kopurua % 20 handitu ahal izango baitu, deialdia ebatzi aurretik egin beharko da, eta horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez. Publizitate horrek ez du esan nahi eskaera berriak egiteko epea irekiko denik, ezta ebazteko epea berriz zenbatzen hasiko denik ere.
Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, azken eskaera onargarrirako proposatutako kopurua diru-kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, esleituko den laguntza diru-kopuru erabilgarri hori izango da.
oinarria. Entitate onuradunak.
Nekazaritzako elikagaien entitate hauek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako laguntza, baldin eta laguntzaren xede diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte:
Nekazaritzako elikagaien sektoreko kooperatibak.
Nekazaritzako elikagaien sektoreko bigarren graduko kooperatibak.
Nekazaritzako eraldatze-sozietateak.
Merkataritza-entitateak, baldin eta haien kapital sozialaren ehuneko 50 baino gehiago arestian aipatutako entitateetakoena bada. Sozietate anonimoa izanez gero, haren akzioak izendunak izan beharko dira.
Aurreko atalean jasotako entitateek, betiere beren produkzio-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan badago, prozesu hauetako bat egiteko laguntzak jaso ahal izango dituzte:
Entitate bat edo gehiago entitate bakar batean integratzea, entitate integratuen nortasun juridikoa iraungi gabe.
Bat egitea: entitate batek bi entitate edo gehiago xurgatu dituelako, edota guztiak desegin direlako entitate berri bat eratuta.
Lankidetza ekonomikoko hainbat modalitateren bidez elkartzea, hala nola enpresa-elkarteen, kooperatiben arteko akordioen eta kooperatiba-taldeen eta kooperatiba mistoen bidez.
Eskaera bakarra onartuko da integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesu bakoitzeko. Horregatik, eskaera aurkeztean integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesua amaitu ez bada, dirulaguntzaren xede den prozesuko kide guztiek osatutako taldeak bakarrik formulatu beharko du eskaera, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11,4. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskabidean berariaz adierazi beharko dira entitate bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu behar zaion dirulaguntzaren zenbatekoa. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute. Ordezkari edo ahaldun horrek ahalmen nahikoa izango du, onuradun gisa, integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesu horretan parte hartuko duten entitate guztiei dagozkien betebeharrak betetzeko. Entitate horrek jasoko ditu dirulaguntzaren funtsak, eta gainerakoen artean banatuko ditu.
oinarria. Onuradun izateko betekizun orokorrak, espezifikoak eta debekuak.
Onuradun izaera eskuratzeko, betekizun orokor hauek bete beharko dira:
Integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesua Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.
Integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesuak bideragarritasun ekonomikoa izatea eta prozesuaren ondoriozko kooperatibaren produktuentzat nahiko etorkizun ona aurreikustea. Horretarako, aurreikusitako urteko kontuan adierazitako datuak aztertuko dira.
Ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13,1. artikuluan adierazitako inguruabar hauetakoren batean dauden pertsona fisiko edo juridikoak:
Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafikoa, iruzur eta ordainarazpen ilegalak edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso dutenak.
Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskabidea egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia hartu badu salbu, epailearen esku-hartzearen menpe daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-epealdi hori oraindik amaitu gabe egonik.
Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, ez badaude lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legean; edo ez direnak Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
Egunean ez dituztenak indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), bai eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharrak ere.
Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.
EAEko Administrazioak edo haren mendeko enteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, egunean ez daudenak itzultze- edo zehapen-prozeduretako obligazioen ordainketari dagokionez. Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta ez badute zorrik Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein entitaterekin betearazpen-aldiko dirulaguntzen itzulketengatik edo, premiamendu-bidea baliatzerik ez dagoen pertsona edo entitateen kasuan, borondatezko epean erantzun gabeko zorrik ez badute. Era berean, betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak geroratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada, edo etetea erabaki bada, dagokion itzulketa-ebazpenaren aurkaratzea dela eta.
Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta beraz, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraiki. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak eta, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
Ez dutenak betetzen desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako lanpostuen erreserba-kuota, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
Halaber, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan xedatutakoa betez, nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte edo erakundeek emakumeen presentzia gutxienez orekatua izan beharko dute zuzendaritza-organoetan.
Eskatutako dirulaguntza 30.000 eurotik gorakoa bada, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuaren barruko entitateek lege horretan ezarritako ordainketa-epeak bete beharko dituzte, eta hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da.
Ezingo dira onuradun izan lege honen 11.4 artikuluan aurreikusitako taldeak, baldin eta haien kideetako batek aurreko apartatuan adierazitako debekuren bat badu.
Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: haien buru dauden pertsonak edo beste inguruabar batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.
Ezingo dira inola ere lege honetan erregulatutako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debekuren bat jaso duten elkarteak. Era berean, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, zigor-arloko arau-hauste baten zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda duten elkarteak, harik eta ebazpen judizial irmoa eman, eta, horren bitartez, dagokion erregistroan inskribatu ahal izan arte.
Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du egunean dauden zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, eskatzaileak espresuki aurka egin ezean; kasu horretan, betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du. Betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola laguntza jasotzeko, eta, hortaz, egiaztapen-jarduerak bi unetan egingo dira: dirulaguntza ematen denean eta ordainketak egiten direnean.
1. apartatuko a) betekizun orokorra ofizioz egiaztatuko da. Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak laguntzen eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du 1. apartatuko b) betekizuna betetzen den egiaztatzeko. Entitate eskatzaileak bere zuzendaritza-organoen osaerari buruz emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da 2. apartatuko k) letran adierazitako betekizuna betetzen dela.
2. apartatuan jasotako debekuak, c), k) eta l) letretan aurreikusitakoak salbu, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuz egiaztatuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.5 artikuluaren arabera, eta I. eranskin gisa atxikitako ereduari jarraikiz.
oinarria. Laguntzeko moduko gastu eta inbertsioak.
Laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira egin beharreko integrazio-, bategite- edo elkartze-eragiketen aholkularitza- eta notariotza-gastuak, bai eta eragiketa horiei lotutako inbertsio-gastuak ere, 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko urriaren 1era bitartean eginak. Eskatzaileek integrazio-, bat egite edo elkartze-plan bat aurkeztu beharko dute, eta lotutako inbertsioak identifikatu beharko dituzte, bai eta eragiketaren bideragarritasuna oinarritzen duen plan ekonomiko-finantzario bat ere, aginduaren 10. oinarrian jasotakoaren arabera.
Entitate juridiko bakar batek egin beharko ditu gastuak eta inbertsioak, eta horrek produkzio-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko du.
Gastu hauek izango dira, zehazki, diruz laguntzeko modukoak:
Egin beharreko eragiketak deskribatzen dituen integrazio-, bategite- edo elkartze-plana egiteko entitate eskatzailearen aholkularitza-gastuak, bai eta eragiketaren bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioaren oinarri den aholkularitza- eta notariotza-gastuak ere. Hau da:
Prozesuan parte hartzen duen enpresaren kudeaketari eta akziodunei buruzko aurretiazko diagnostikoa.
Inbertsiorako eta harremanetarako aukerak eta egin beharreko inbertsioaren irizpideak identifikatzea.
Integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesua planifikatzeko egin behar den ikerketa eta informazio-bilketa.
«Behar adinako bizkortasun» prozesuak.
Eragiketa ixtea, prozesuan parte hartzen duten hirugarren alderdiekin negoziatzea, etab.
Bazkide nagusi eta teknikoei aholkularitza emateko gastuak.
Sortzen den entitatearen eraketa formalizatzeko notariotza-gastuak.
Proiektua gauzatzeko behar diren abalen finantza-kostuak eta mailegu eta zorpetzea eta zirkulatzailea finantzatzeak eta berrantolatzeak dakartzan bestelako tresnen interesak.
Entitate eskatzaileak proposatutako inbertsioek, agindu honetan xedatutakoaren arabera aplikatzekoak diren baldintzez gain beste baldintza hauek ere betetzen badituzte:
Azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan bildutako Kontabilitate Plan Orokorrak ezarritako definizioaren arabera, kategoria edo epigrafe hauetakoren batean dauden aktiboak izatea:
203 Jabetza industriala eta patenteak.
206 Aplikazio informatikoak.
210 Lurrak eta ondasun naturalak.
211 Eraikuntzak.
212 Instalazio teknikoak.
213 Makineria.
214 Tresneria.
215 Beste instalazio batzuk.
217 Informazio-prozesuetarako ekipoak.
Nolanahi ere, aktiboek lotura zuzena izan beharko dute integrazio-, bategite- edo elkartze-jarduerekin.
Aktiboen preziotzat haien balio «netoa» hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.
Integrazio-, bategite- edo elkartze-eragiketen ondorioz eratutako entitate berriaren aktiboari gehitzen zaizkion makinak instalatzeko inbertsioak hartuko dira kontuan.
Lehen aldiz martxan jarriko diren ondasun higiezinak eraikitzea eta eskuratzea; bigarren eskuko ondasun higiezinak eskuratzea eta birgaitzea, baldin eta, azken hamar urteetan, ez badute jaso dirulaguntza nazionalik edo erkidegokorik, hain justu ere laguntzak jarraitzen duen kasuan laguntza bikoiztea dakarrenik.
Kasu guztietan lurren balioa laguntzatik kanpo geldituko da. Tasatzaile independente eta egiaztatu batek ezarriko du balioa.
Inbertsioa justifikatzeko beharrezkoak diren makina eta instalazioak eduki beharko dituzte higiezinek. Lehengaiak eta produktuaren balio-kate bereko produktu amaituak biltegiratzeko higiezinei dagokienez, bertan egiten den jarduera justifikatzeko beharrezkoak diren eskakizunak bete beharko dituzte makinek, baldin eta higiezin horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroan (NEIE) inskribatu ahal badira.
Gutxienez hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta hiru urte irautea, gutxienez, enpresaren balantzean.
Aktiboak ez egotea hirugarrenei lagata, ez kontraprestazioarekin, ez gabe.
Kooperatiba eskatzaileak berak fabrikatuak ez izatea (edonola ere, haien balioa ez da inoiz izango eragiten duten kanpo-kontsumoa baino handiagoa).
Finantza-errentamendu bidez finantzatzen diren inbertsioen kasuan, kontratuak esplizituki adieraztea erosteko aukera kontratua amaitutakoan, diruz lagun daitekeen inbertsio modukotzat joko bada.
Ordezkapen-inbertsioa ez da ezein kasutan dirulaguntza jasotzeko modukotzat hartuko.
Dirulaguntza jasotzeko moduko aktibo immaterialak eskatzailearen edo harekin batera laguntza-eskaeran parte hartzen duen beste kooperatibaren baten establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan.
oinarria. Enplegua
Integrazio-, bategite- edo elkartze-planek bermatu egin beharko dute xurgatutako entitatearen, xurgatzailearen edo lortzen den entitatearen enpleguari eustea. Hasierako plantillari eutsi beharko zaio, gutxienez hiru urtez, bategite-, integrazio- edo elkartze-bidezko entitate berria eratzen denetik.
Betetze-mailaren jarraipena egiteko, alderdi hauek hartuko dira kontuan:
Hasierako plantillaren mantentzea modu garbian neurtuko da, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako «Enpresan alta emanda dauden langileen batez besteko plantillaren txostenean» jasotako datua oinarritzat hartuta, laguntza-eskaeran sartutako entitate bakoitzaren laguntza eskatu aurreko urtean.
Justifikazioan, eta laguntzaren azken ordainketaren eskaerarekin batera, «Enpresan alta emanda dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» aurkeztuko da. Txosten hori Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egingo du, aurkezten den egunaren aurreko 30 egunetan, eta, elkartzea bada, eskaeran sartutako entitate guztiei buruzkoa, edo integrazioaren edo bat-egitearen ondoriozko entitateari buruzkoa.
Ondorio horietarako, lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileak halakotzat joko dira eta borondatezko gizarte-prestazioko erakundeak egindako batez besteko plantillaren txostenak balioko du.
oinarria. Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
Agindu honen esparruan eman behar diren laguntzak ez dira itzuli beharko, eta norgehiagoka-prozeduraren bidez esleituko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluarekin bat etorrita.
Dirulaguntzen gehieneko muga 280.000 eurokoa izango da nekazaritzako produktuen ekoizpen primarioan diharduten entitateentzat, eta 300.000 eurokoa, gainerako nekazaritzako elikadura-entitateentzat.
Bategite- edo integrazio-gastuei dagokienez, dirulaguntzak diruz lagundu ahal diren gastuen% 100eraino iritsi ahalko dira; kooperatiben arteko akordioak baldin badira, dirulaguntzak gastu horien % 70 estaliko du gehienez. Aholkularitzari edota notaritzari buruzko gastu justifikatuen gehieneko muga 30.000 eurokoa izango da.
oinarria. Laguntzak metatzea eta laguntzen mugak
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein entitate publikok zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez badu diruz lagundutako jardueraren edo eragiketaren kostu osoa. Muga hori gaindituz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio deialdi honi jarraikiz emandako laguntzari, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen bidez, entitate onuradunari entzun ondoren.
Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren babesean ematen diren dirulaguntzak, ez dira 300.000,00 eurotik gorakoak izango hiru urteko edozein alditan.
oinarria. Eskabideak aurkeztea.
Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasiko da, eta 2026ko urriaren 15ean amaituko da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskaerak, 3. apartatuan adierazten diren helbideetan.
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak helbide honetan eskuratu daitezke:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1245501
Eskabidearen ondoko izapideak hemen egingo dira:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, ordezkaritza egiaztatu beharko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez:
https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia eskuragarri egongo da https://euskadi.eus web-orrian, eta agindu honen I. eranskin gisa argitaratu da.
oinarria. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
Entitate eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea eta parte hartzen duten entitateen arteko akordioa.
Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluek ezarritakoaren arabera.
Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak). Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, ordezkaritza egiaztatzeko, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua bete behar da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutan egiaztatu beharko da.
Laguntza eskatzea eragin duen proiektuan parte hartzen duten entitate guztien eraketa-eskritura eta estatutu erregistratuak.
Eskaera eskatzeko proiektuan parte hartzen duten entitate guztien zergen identifikazio-txartela.
EAEko Kooperatiben Erregistroan izena emateko eskaera egin izanaren agiria.
Entitateen akzio-egituraren eskema, honako hauek ere adierazita: entitateen akzio-errealitatea eta beste entitate batzuetako partaidetza, langile kopurua, negozio-bolumena eta balantze orokorra (eskabidea egin aurreko bi urteetako abenduaren 31koa).
Prozesuan parte hartzen duten entitateen urteko kontuak eta Kooperatiben Erregistroan utzitako dokumentazio osagarria, azken bi ekitaldietakoa; edo, halakorik ezean, sozietateen gaineko zergaren azken bi aitorpenak edo, hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena.
Kooperatiba beste kooperatiba batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako taldeari buruzkoa ere izan beharko du.
Eragiketan parte hartzen duten entitateei buruz, «Enpresan alta-egoeran dauden plantillako langileen batez besteko kopuruari buruzko txostena», dirulaguntza eskatu aurreko urtea kontuan hartuta. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egiten du txosten hori. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa taldeari buruzkoa ere izan beharko du.
Ondorio horietarako, lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileak halakotzat joko dira eta borondatezko gizarte-prestazioko erakundeak egindako batez besteko plantillaren txostenak balioko du.
Hala badagokio, xede horiek betetzeko kontratatutako aholkularitza-enpresaren eskaintza xehatua; bertan, egin beharreko lanak zehaztu beharko dira, baita zerbitzuaren prezioa eta integrazio-, bategite- edo elkartze-eragiketak sor ditzakeen inbertsioen zenbatespena ere. Hori guztia 5.1.b) oinarrian zehazten diren baldintzetan egingo da.
Diruz laguntzeko moduko gastu guztien banakapena biltzen duen koadroa.
Azken 5 urteetan Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso ez bada, hirugarrenaren alta-dokumentua. Helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/
Entitateak sendotzeko edo hazteko planteatutako integrazio-, bategite, elkartze-planen memoria xehatua, egin behar diren eragiketak zehaztuta, hala badagokio, eta hari lotutako inbertsioak adierazita.
Plan horretan honako hauek jaso behar dira:
Jarduera-mota: azterlana, akordioak formalizatzea, enpresa-lankidetzako egiturak sortzea, bategitea edo elkartzea.
Parte hartzen duten enpresak, eta horietako bakoitzaren bazkide-kopurua.
Kalkulatutako aurrekontua.
Kostuetako partaidetza-portzentajeak.
Faseak, iraupena, metodologia eta, bategiteen kasuan, bat egindako entitateen xedea betetzeko lankidetza-era horrek duen egokitasun handiagoaren azalpena.
Aholkularitza-entitateak parte hartzen badu: aholkularitza-enpresaren datuak, azterlana egiten lankidetzan aritzeko akordioa eta agindu honen 4. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.
Plan ekonomiko-finantzarioa, prozesuaren bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa eta egingo diren inbertsioak justifikatzeko.
Dirulaguntza eskatzea eragin duten gastu guztien aurrekontua edo proformako faktura. Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 30.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa 40.000,00 euro edo handiagoa bada obretan, edo 15.000,00 euro edo handiagoa gainerakoan, gutxienez hiru hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski entitate eskaintza horiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta gastua ez den dirulaguntzaren aurretik egin. Kasu horietan, kostuak neurriratzea frogatu beharko da, dagokion justifikazio-memoriaren bidez.
Eskaintzek benetakoak eta ez-fikziozkoak izan behar dute, hornitzaile erreal eta independenteenak, eta behar bezain zehatzak izan behar dute, eta elementu berak izan, alderagarriak izateko. Hiru eskaintzetatik bat hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da ekonomikoki abantailatsuena den proposamena hautatzen ez bada.
Entitate eskatzailearen eta eskaeran inplikatutako entitate guztien erantzukizunpeko adierazpena. I. eranskinak dakarren ereduan aipatzen diren alderdiei buruzko datuak faltsutuz gero, indarrean dagoen zehapen-araubidearen mende geratuko dira entitate horiek, administrazio-arloan zein zigor-arloan.
Aurreko hiru ekitaldietan jasotako beste de minimis laguntza orori buruzko berariazko adierazpena, II. eranskin gisa gehitu den ereduaren araberakoa.
Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean daudela adierazten duten ziurtagiriak. Nekazaritzako eraldatze-sozietateen eta kooperatiben kasuan, egiaztapen hori partaide guztiei egingo zaie. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean, eta betiere eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, bat etorriz 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3 artikuluan ezarritakoarekin. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan aurkeztu diren eta zein unetan aurkeztu diren. Edonola ere, eskatzaileak espresuki uko egin ahal izango dio baimen inplizitu horri laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Laguntza-eskaera eta eskatzen den dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Gainera, laguntzen eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legean ezarritakoaren arabera.
Eskaerak eskakizun guztiak biltzen ez baditu salbu eta1.j) apartatuan aipatzen den hirugarrenen alta egiteko dokumentua, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo behar diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak ebazpena eman ondoren eta bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21. artikuluetan xedatutakoarekin.
Edonola ere, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eta informazio osagarriak eska diezazkioke eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko.
oinarria. Balorazio-irizpideak.
Eskabide bakoitzari eman beharreko puntuazio zehatza kalkulatzeko, bete beharreko balorazio-irizpide hauek eta horiei dagozkien puntuazioak hartuko dira kontuan:
30 puntu emango zaizkie integrazio- edo bategite-prozesuei.
10 puntu emango zaizkie elkartze-prozesuei.
Bina puntu emango dira prozesuan parte hartzen duen entitate bakoitzeko.
Irizpide horiek eskaera egitean bete eta egiaztatu beharko dira.
oinarria. Laguntzen kudeaketa eta adjudikazio-prozedura.
Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari dagokio prozedura hau kudeatzea. Horretaz gain, txosten bat egin beharko du, jasota utziz eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela eskatzaileak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren betekizun guztiak. Txosten hori Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariari igorriko zaio, behin-behineko eta behin betiko proposamena egin ditzan.
Deialdia segidako lehia-prozeduraren bitartez ebatziko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Eskatzaileek oinarri hauetan ezartzen diren betekizunak bete besterik ez dute egin beharko; haien artean, ez da konparaziozko ebaluaziorik egingo, ez eta baterako kontsideraziorik ere. Egiten diren eskariak ordenan ebatziko dira, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.
Aurkeztutako inbertsio-proiektu bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, 11. oinarrian ezarritako irizpide objektiboak aplikatuko dira.
Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, azken laguntzari dagokionez, inbertsioaren zenbatekoa diru-kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, adjudikatuko den laguntza diru-kopuru erabilgarri hori izango da.
oinarria. Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamena.
Aurreko oinarriaren 1. paragrafoan aipatutako txostena eta espedientea kontuan hartuta, Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak behar bezala arrazoitutako behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen horretan adierazi beharko da dirulaguntza zein eskatzaileri ematea proposatzen den, eta dirulaguntzaren zenbatekoa zein izango den.
Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.
Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
oinarria. Ebazpena eta jakinarazpena.
Behin betiko ebazpen-proposamena egindakoan, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak ebatziko du deialdia.
Ebazpenak informazio hau jaso beharko du gutxienez:
Aintzat hartutako eskabideei dagokienez:
Onuradunen izena edo sozietate-izena, eta IFK edo NANa.
Enpresa mota, proiektuaren izenburua eta aurkeztutako inbertsioa.
Dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioa, laguntzaren intentsitatea eta aurrekontu-ekitaldien araberako banaketa.
Diruz lagundutako jarduketak egiteko epea.
Ezetsitako eskabideei buruz:
Eskatzaileen izena edo sozietate-izena, eta IFK edo NANa.
Uko egiteko arrazoiak, zehaztuz aginduko zein oinarri urratzen den (edo diren).
Ebazpena gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaio eskatzaile bakoitzari, eskabidea dagokion erregistro elektronikoan aurkezten den datatik aurrera.
Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Eskabidea dagokion erregistro elektronikoan aurkeztu zenetik sei hilabete igarota, ebazpen espresurik ez badago, interesdunek ulertu beharko dute eskabidea ezetsi egin zaiela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Prozeduraren ebazpenaren aurka, pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote nekazaritzako, arrantzako eta elikagaien politikako arloetan eskumena duen sailburuari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
oinarria. Laguntzen justifikazioa eta ordainketa
Dirulaguntza ordaintzeko, oinarri honen 4. apartatuan aipatutako dokumentu guztien administrazio-kontrola egin beharko da, eta, hala badagokio, diruz lagundutako inbertsioak in situ kontrolatu beharko dira.
Honela egin daiteke laguntzaren ordainketa-eskaera:
Ordainketa partziala egiteko eskaera, behin integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesua amaituta eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan onartua izan ondoren.
Azken ordainketa egiteko eskaera, inbertsio guztiak amaitu ondoren.
Ordainketa-eskaera egiteko, entitate onuradunak «Nire karpeta» aplikaziora jo beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orrian, eta dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:
Ordainketa-eskaera beteta, ordainketa partziala ala osoa eskatzen den adierazita.
Integrazio-, bategite- edo elkartze-eragiketa formalizatzeko eskriturak edo kontratuak.
Integrazio-, bategite- edo elkartze- prozesua amaituta, Euskadiko Kooperatiben Erregistroko inskripzio-ziurtagiria.
Adierazpen bat, zeinaren bidez adierazten baita ezen, laguntza jaso ondoren, entitate onuraduna ez dagoela dirua berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.
Diruz lagundutako jarduketaren finantzaketa-iturrien adierazpena, entitate onuradunaren baliabide propioak eta jarduketa finantzatzeko baliatutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabide publiko edo pribatuak ere sartuta, hala badagokio.
Dirulaguntzaren xede diren gauzatutako inbertsioen adierazpena.
Sendotze-eragiketari zuzenean lotutako aholkularitza-gastuen fakturen koadroa, bai eta gastu horiek egin izana egiaztatzen duten agiriak ere.
Fakturen koadroa, inbertsio-gastuen edo sendotze-eragiketari lotutako bestelako gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatuarekin (BEZa banakatua).
Merkataritzako trafiko juridikoan balioa duten nahiz administrazioan eraginkorrak diren fakturak nahiz froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak, haiei dagozkien ordainketa-agiriekin batera.
Beharrezkotzat jotzen diren agiri eta informazio osagarri guztiak eskatu ahal izango ditu Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak, aitortutakoa egiaztatzeko.
Aitortutako inbertsioak Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak ikuskatuko ditu.
Behin integrazio-, bategite- edo elkartze-eragiketa notario aurrean sinatuta, kooperatibak lau hilabeteko epea edukiko du eragiketari zuzenean lotutako gastuak aurkezteko. Nolanahi ere, 2027ko urriaren 1a baino lehen aurkeztu beharko du justifikazio hori.
Inbertsioak egiteko ezarritako epea amaituta, hiru hilabeteko epea izango du inbertsioen azken aitorpena aurkezteko. Nolanahi ere, 2027ko azaroaren 1a baino lehen aurkeztu beharko du justifikazio hori.
Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko paragrafoetan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzako teknikariek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu eta gero, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, kooperatiba onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala) adieraziko du.
Dirulaguntzak, gehienez ere, urtean bi aldiz ordainduko dira. Ordainketa horien zenbatekoa aurkezturiko justifikazioarekiko proportzionala izango da.
Entitate batek laguntza ez-legitimoren bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu bada eta laguntza hori itzuli ez bada, hura ezereztu izanaren justifikazioa aurkeztu beharko da azken ordainketarako eskaerarekin batera. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez da ordainduko harik eta aipatutakoa justifikatu arte.
Emandako laguntza ordaindu aurretik, egiaztatuko da onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela, baita laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaindu dituela ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu.
oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 15 eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, joko da onartu egin duela.
Laguntza zertarako eman den, helburu horretarako erabiltzea.
Integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesuaren ondoriozko entitateek 2026ko ekainaren 1a baino lehen behar bezala burutu eta formalizatu beharko dute beren eraketa.
Integrazio-, bategite- eta elkartze-eragiketetan ezarritako gastuak eta inbertsioa egin izana betetzea eta justifikatzea.
Hasierako plantillari eusteko baldintza betetzea, 6. oinarrian zehaztua, gutxienez hiru urtez.
Enpleguari eusteko eta gastuak eta inbertsioa egiteko epearen barruan, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari hots, organo kudeatzaileari eskatzen zaion informazio osagarri oro igortzea; hala, proiektua garatu eta exekutatzeari dagokienez, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal ditzan.
Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea integratzeko, bategiteko edo elkartzeko proiektuaren aldaketa edo dirulaguntza emateko ebazpenean jasotako elementuren bat aldatu izana egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturaleko epean, eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu baino lehen.
Aldaketa hori organo emailearen ebazpen bidez onartu beharko da, eta, ebazpen horretan, emandako laguntzaren zenbatekoa doituko da, hala badagokio. Era berean, horren berri emango zaio entitate onuradunari.
Egindako gastuei eta inbertsioari lotutako behin betiko fakturak eta ordainketa-agiriak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorren eskura jartzea, bost urtez.
Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatzen zaien informazio guztia erakundeoi ematea.
Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu dizkiotela administrazioren bati edo ente publiko edo pribaturen bati helburu bererako, eta, hala badagokio, eman dizkietela, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egunetan; halaber, aurreko hiru ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldian zehar beste de minimis laguntza batzuk jaso izana ere jakinaraztea. Egoera horren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, eta, betiere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen.
Kooperatibak laguntza ez-legitimoren bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu bada eta laguntza hori itzuli ez bada, horren berri eman beharko zaio Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari.
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren betebeharrak beren gain hartzea.
Diruz lagunduko diren proiektuen finantzaketa publikoa delako publizitate egokia egitea, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa jasota. Horrekin batera, berariaz aipatu behar da Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak emandako dirulaguntza, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Emandako laguntzaren indarraldian zehar, egunean edukitzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zordun izanez gero.
Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluari jarraikiz.
Babestutako dirulaguntzek, gutxienez, hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta hiru urte irautea, gutxienez, enpresaren aktiboan.
Dirulaguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez hiru urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan.
Entitate emailearen egiaztapen-jarduketen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen eraginpean geratuko da entitate onuraduna, dirulaguntzei dagokienez, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian jasota dauden jarduketen eraginpean ere.
Integrazio-prozesuan parte hartzen duten entitateek eta bazkideek diruz lagundutako prozesuari gutxienez bost urtez eutsi beharko diote eratzen direnetik, eta erretiratzearen berri eman beharko diote Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari, gutxienez hamabi hilabete lehenago.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.
oinarria. Laguntzaren baldintzak aldatzea
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero edo beste entitate publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira. Horretarako, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitu ahal izango dira. Horretarako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako prozedura aplikatuko da.
Aurkeztutako proiektuan edozein aldaketa eginez gero eta dirulaguntza horretarako eman bada, onuradunak jakinarazi eta behar bezala egiaztatuko du Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzan, inbertsioak egin aurretik eta 3 hilabeteko gehieneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan aldaketa funtsezkoak egiten badira, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo du Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak.
Hauek jotzen dira funtsezko aldaketatzat:
Laguntzaren onuraduna aldatzea (enpresek bat egitea edo sozietate mota eraldatzea salbu).
Emandako laguntzaren xede diren bat-egitea eta inbertsioa gauzatzeko egutegia aldatzea.
Inbertsioen kokapena aldatzea.
Inbertsioaren kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako inbertsioez gain beste batzuk ere sartuz.
Hasieran onartutako inbertsioetako bat edo gehiago ez exekutatzea.
Ez dira onartuko aldaketa gisa, hasieran emandako laguntzaren xede den inbertsioa % 70 baino gutxiago exekutatzea dakarten aldaketak. Inbertsioa hortik behera exekutatzea ez-betetzea izango da.
Aldaketek ez dute inoiz ekarriko emandako laguntza handitzea.
Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute laguntza emateko ebazpena aldatuko, kontuan harturik oinarri honen 4. zenbakian aurreikusitakoa gerta daitekeela.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inbertsioen balorazio-irizpideen aplikazioan aldaketaren bat egiten bada eta emandako laguntzaren zenbatekoarekiko beheranzko desbideratzea eragiten badu, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da dirulaguntzaren ehuneko berria oinarriarekiko aplikatuta lortzen den proportzio berean, eta, hala badagokio, behar ez bezala jasotako zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hilabeteko borondatezko epean, dirulaguntza txikitzeari eta itzultzeari buruzko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera; borondatezko epe horretan itzulketarik egiten ez bada, dagokion itzulketa-prozedura hasiko da abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Baldin eta egindako behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta laguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da dagokion proportzioan, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen dirulaguntzaren emate-ebazpenaren aldaketa-ebazpen baten bidez, eta, beraz, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa. Ez da onartuko hasiera batean onetsitako dirulaguntzaren xede den inbertsioaren % 70, gutxienez, ez exekutatzea dakarren aldaketarik.
oinarria. Atzera egitea eta uko egitea.
Laguntzaren eskatzaileak atzera egin dezake laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik, betiere. Horretarako, idatzi bat helaraziko dio Elikagaien Politikako eta Industriako zuzendariari, zeinak, ebazpen baten bidez, zuzenean onartuko baitu atzera-egite hori, eta prozedura hori amaitutzat emango baitu pertsona horri dagokionez.
Laguntzaren onuradunak uko egin diezaioke emandako laguntzari, emandako laguntza onartu eta gero eta gastua gauzatzen amaitu aurretik, Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu, betiere. Uko egitea adierazteko, idazki bat aurkeztu beharko dio Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari, eta hark, ebazpen baten bitartez, espresuki onartuko du uko-egite hori, eta prozedura amaitutzat emango du pertsona horri dagokionez. Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
oinarria. Ez-betetzeak eta diru-itzulketak
Hauek dira ez-betetzeko kausak:
Onartutako inbertsioak ez hastea 2026ko ekitaldian.
Integrazioa, bategitea edo elkartzea formalki ez gauzatzea.
Enplegua ez mantentzea 6. oinarrian xedatutako baldintzetan.
Aurkeztutako eskabidean inbertsioetarako aurreikusitako epeak ez betetzea.
Enpresa deslokalizatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako edozeinetan egongo balitz, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak eskubidea ez-betetzeagatik galtzeari buruzko espedientea egin ondoren espediente horretan, entzunaldia emango zaio interesdunari, 15 eguneko epean egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza osoa edo parte bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari zer dagokion, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren exekuzio-mailaren arabera, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa pro rata temporis egingo da.
Bidezkoa izango da jasotako zenbatekoak itzultzea eta laguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak eskatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.
Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorio guztietarako, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 38. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Arau-hauste administratiboak izan litezkeen gertakarien ondorioz hasi bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion zehapen-prozedura has dezan. Administrazioko arau-hausteak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan zehaztutako jokabideak.
oinarria. Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa
Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoari jarraikiz tratatuko dira.
Helbide honetan kontsultatu daiteke datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml
Laguntzaren eskaera egiteko inprimakia helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1220407
Hona hemen edukia:
Dirulaguntza mota hautatzea:
Integrazioa.
Elkartzea.
Bat egitea.
Eremu generikoak:
IFK.
Helbidea.
Lurraldea.
Telefonoak, helbide elektronikoa.
Harremanetarako pertsona.
Legezko ordezkaria, izen-abizenak, telefonoa eta NANa.
Jakinarazpen- eta komunikazio-kanala.
Jakinarazpenen hizkuntza.
Zerga-egoitza.
Nekazaritzako produktuen ekoizpen primarioa: BAI ala EZ.
Jarduera nagusia eta lortzen diren produktuak.
Ondoriozko entitateari buruz edo integrazio nahiz bategitearen partaide diren entitate bakoitzari dagokionez: bazkide kopurua, sexuka banakatuta.
Ondoriozko entitateari buruz edo integrazio nahiz bategitearen partaide diren entitate bakoitzari dagokionez: zuzendaritza-organoak osatzen dituzten lagun kopurua, sexuka banakatuta.
Erantzukizunpeko adierazpena.
Erantzukizunpeko adierazpenean Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan laguntzaren onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen direla adieraziko da eta eskatzaileak ez duela han aipatzen den legezko debekurik, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren eta Jaurlaritzako Bigarren Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren aginduak deitutako dirulaguntza-programari lotuta (agindu horren bidez, nekazaritza- eta elikagaigintza-arloko kooperatibismoa sustatzeko laguntzak xedatu dira. Kooperatu programa 2026). Zehazki, hauek:
Erantzukizunpeko adierazpena: laguntza-eskabidean adierazitakoa egia dela, eta eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak benetakoak direla; faltsutasunik edo datu okerrik azalduz gero, erantzukizun osoa bere gain hartuko duela, eta ez duela alegatuko ez zekiela faltsutasun edo datu oker horiek eragin dituzten gertaeren berri.
Erantzukizunpeko adierazpena: konpromisoa hartzen duela proiektua gauzatu dela egiaztatzeko behar den dokumentazio guztia Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren esku jartzeko.
Beteak dituela indarrean dauden xedapenek zergen eta Gizarte Segurantzaren arloan ezartzen dituzten betebeharrak.
Ezin daitekeela hartu krisialdian dagoen enpresatzat, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
Eskatu diola ala ez diola eskatu (BAI/EZ), eta lortu (BAI/EZ), diruz lagundu daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati.
Egunean dagoela kantitateen ordainketari dagokionez, baldin eta halakorik zehaztu bada EAEko Administrazioak eta haren mendeko enteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruko itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean.
Erantzukizunpeko adierazpena: ez dagoela ezein berreskuratze-aginduren eraginpean, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
Onuradun izateko debekuen pean ez dagoela lekukotza judizialaren, ziurtagiri telematikoaren, datu-transmisioaren edo administrazio-ziurtagiriaren bidez egiaztatu ezin bada, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da, aplikatu beharreko araudian aurreikusitakoaren arabera:
Ez duela galdu dirulaguntzak eskuratzeko aukera epai irmo bidez, hala xedatzen duen edozein legeri jarraituz. Zehazki, zehapen administratibo edo penalik jaso izana sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldia igaro gabe.
Ez duela egin konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaririk, ez dagoela kaudimengabetzat deklaratuta ezein prozeduratan, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta, konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, eta ez dagoela epailearen esku-hartzearen mende edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.
Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarren epai irmo bidez ez dagoela kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.
Ez duela urratu Espainiako araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izateko betebeharra, ez eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Espainiako legeriak xedatutako baldintzetan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezartzeko betebeharra ere (50 langiletik gorako enpresak).
Eskatutako dirulaguntza 30.000 eurotik gorakoa bada eta entitatea abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuaren barruan badago, betetzen dituela lege horretan ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta hargatik eragotzi gabe legez aurreikusitako moduan egiaztatzea.
Nekazaritzaren arloan diharduten elkarte edo erakunde profesionalen, enpresarialen, sindikalen edo bestelakoen kasuan, zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia orekatua dutela gutxienez, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz.
Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela Kargu publikoen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan edo arlo hau arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.
Ez duela zerga-egoitza araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.
Elkarteen kasuan, horiek ez daudela Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausetan. Eta administrazio-prozedura ez dela eten ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, harik eta ebazpen judizial irmoa eman, eta, horren bitartez, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen zaion arte.
Ez dagoela zigortuta Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, neurri zuzentzaile egokiak hartu eta zehapena ordaindu arte.
Ez duela LGTBI-fobia gauzatu, bultzatu edo sustatu, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).
Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete duela, eta, bete ez badu, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu duela.
Enpresa-deslokalizazioaren deklaraziorik ez duela jaso, abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 51. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Eskatutako laguntza-jarduera berberetarako onartuta edo ordainduta dauden beste batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonik, ez duela gainfinantzaketarik. Nolanahi ere, etorkizunean helburu bererako jasotakoak jakinarazi beharko dira, laguntza likidatu arteko aldian.
Egunean duela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
Entitate ordezkatuaren inskripzioa egiteko administrazio-prozedura ez dagoela etenda ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere dagokion erregistroan inskripzioa egin daitekeela dioen ebazpen judizial irmorik ematen ez den bitartean.
Entitate eskatzailea kide den enpresa bakarrari emandako de minimis laguntzek ez dutela 300.000 euroko muga gainditzen hiru urteko edozein alditan muga hori Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan dago jasota, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoan, ezta gainerako arauetan araubide honetarako berariaz ezarritako beste muga batzuk ere.
Zerga-arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak bete dituela, legeak ezarritakoari jarraikiz. Halaber, onuradunak baimen inplizitua eman beharko du Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki ziurta ditzan zerga-betebeharrak bete direla eta Gizarte Segurantzako ordainketak egin direla; aukera izango du baimen hori espresuki ukatzeko, eta, kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko du dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.
Ez dagoela berreskuratze-agindu baten eraginpean, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
Era berean, adierazi beharko da laguntza-eskabidea aurkezteak berekin ekarriko duela eskatzailearen baimena, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiazta ditzan haren identifikazio-datuak (NANa eta IFK), eta zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, bai eta baimen hori espresuki ukatzeko aukera ere; kasu horretan, dagozkion agiriak eta ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu eskatzaileak.
Laguntza hau eman aurreko hiru urteetan jasotako de minimis laguntzen zenbatekoak ez duela 300.000 euroko muga gainditzen muga hori Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan dago jasota, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoan, ezta gainerako arauetan de minimis mekanismo horretarako berariaz ezarritako beste muga batzuk ere.
Eskatu dituen ala ez dituen eskatu (BAI/EZ), eta lortu (BAI/EZ), laguntza hau eman aurreko hiru urteetan beste laguntza, diru-sarrera edo de minimis araubideari atxikitako bestelako baliabide ekonomikorik administrazio publiko edo ente publiko zein pribaturen baten eskutik.
Halakorik lortu baldin badu:
Emate urtea / data:
Jasotako zenbatekoa:
Entitate deitzailea:
Emate urtea / data:
Jasotako zenbatekoa:
Entitate deitzailea:
Emate urtea / data:
Jasotako zenbatekoa:
Entitate deitzailea: