Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2026ko urriaren 2koa, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuarena, honako agindu hau aldatzen duena: Agindua, 2026ko uztailaren 7koa, zeinaren bidez laguntza-programa baterako deialdia egin eta hura arautzen baita, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026rako salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoaren sektorean teknologia berrien eta segurtasunaren sistemak eskuratu eta ezartzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Mugikortasun Jasangarriaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 194
  • Hurrenkera-zk.: 4192
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2026/10/02
  • Argitaratze-data: 2026/10/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Garraio publikoaren sektorean ematen den zerbitzua seguruagoa, hobea, gardenagoa eta arinagoa izateko, beharrezkoa da sektorean hainbat aldaketa egitea, besteak beste: teknologia berriak ezartzea, hala nola flotak lokalizatzeko eta kudeatzeko sistemak, betiere kudeaketa eta kontrol-zentro batekin lotuak; segurtasun-elementuak jartzea, eta bide-segurtasuna areagotzeko, gidarien lan-baldintzak hobetzeko eta lehia leiala babesteko, bigarren belaunaldiko takografo adimendunak instalatzea salgai eta bidaiarien garraio publikoko ibilgailuetan. Hori, alde batetik, positiboa da garraio-enpresarentzat, azken belaunaldiko teknologia erabiliz zerbitzua modernizatzeko aukera emango diolako, eta, bestetik, onuragarria da erabiltzailearentzat ere, kalitate, gardentasun eta segurtasun handiagoko zerbitzua ematen zaielako. Gaur egun teknologian egiten ari diren aurrerabideei esker, kalitatea eta segurtasuna handitu daiteke; izan ere, merkatuan dauden kudeaketa, lokalizazio, kontrol, komunikazio eta segurtasuneko puntako teknologiako sistemek ibilgailu-floten kudeaketa eta segurtasun efizienteagoa ahalbidetzen dute.

Horregatik, 2026ko uztailaren 7ko Aginduaren bidez (2026ko uztailaren 27ko EHAA, 141. zk.), laguntza-programa baterako deialdia egin eta arautu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026rako salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoaren sektorean teknologia berrien eta segurtasunaren sistemak eskuratu eta ezartzeko.

Agindu horrek, besteak beste, bigarren belaunaldiko takografo adimendunak eskuratu eta ezartzeko laguntzak ematea arautzen du. 2026ko uztailaren 1etik aurrera beharrezkoa da teknologia hori izatea nazioarteko garraio-eragiketetan edo kabotaje-eragiketetan salgai arinak garraiatzen dituzten ibilgailuentzat. Hau da, ibilgailuen gehieneko masa baimendua, edozein atoi edo erdi-atoi barne, 2,5 eta 3,5 tona artekoa denean.

Laguntza-programa hau Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren 2025-2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Plan hori Mugikortasun Jasangarriaren sailburuaren 2026ko otsailaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen, eta https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan kontsulta daiteke. Beraz, deialdi honek bat egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren helburuetako batekin: garraio jasangarrirantz aurrera egitea eta salgaien eta bidaiarien garraio publikoaren sektorearen modernizazioa bultzatzea, erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetuz. Era berean, sektoreko kudeaketa- eta merkaturatze-sistemak hobetu nahi dira, zerbitzua ematean gardentasuna errazteko. Azkenik, esan behar da deialdi hau lotuta dagoela XIII. legegintzaldiko Gobernu Programaren 118. konpromisoarekin: «Mugikortasun jasangarria, garraio publikoa eta mugikortasun aktiboa bultzatzea».

Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak baimendutako kredituen arabera, laguntza-deialdi honek aurrekontu nahikoa du.

Horrenbestez, eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 3.1 artikuluak ematen didan eskumena baliatuz, hau

Aldatu egiten da 3. oinarriaren 1. apartatuaren d) letra, eta honela geratzen da idatzita:

d) 1. oinarriko 1. apartatuko b) eta c) letren kasuan, salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin aritzeko gutxienez baimen bat izatea, edo 9 jarleku baino gehiagoko ibilgailuetan (gidaria barne) bidaiarien garraio publikoan aritzeko baimen bat izatea.

  1. oinarriaren 1. apartatuari e) letra gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

    e) 1. oinarriko 1. apartatuko d) letraren kasuan, salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin edo arinekin aritzeko gutxienez baimen bat izatea, edo 9 jarleku baino gehiagoko ibilgailuetan (gidaria barne) bidaiarien garraio publikoan aritzeko baimen bat izatea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Aginduaren aurreko idazkeraren arabera eskabideak aurkeztu dituzten pertsona fisiko edo juridikoek xedapen gehigarri bakarrean aipatzen den epea izango dute eskabidea eta dokumentazioa eguneratu, gehitu edo aldatzeko, agindu honen bidez egindako aldaketetara egokitu daitezen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

Era berean, laguntza hauek Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduaren mende daude. Erregelamendu hori EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (EBAO-L-2023-81820, 2023ko abenduaren 15ekoa), eta indarrean dago 2024ko urtarrilaren 1etik.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Mugikortasun Jasangarriaren sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 2a.

Mugikortasun Jasangarriaren sailburua,

SUSANA GARCÍA CHUECA.