Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2026ko otsailaren 17koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, Fundación Sustalde fundazioa azkentzeko eta likidatzeko erabakiak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 43
  • Hurrenkera-zk.: 978
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2026/02/17
  • Argitaratze-data: 2026/03/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2025eko urtarrilaren 27an, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Erregistro Orokorrean sartu zen Fundación Sustalde izeneko fundazioa azkentzeko eta likidatzeko erabakiak publiko egiteko eskritura Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskaera.

Eskaera-idazkiari administrazio-espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion.

Fundazioa azkentzeko erabakia 2024ko abenduaren 30ean hartu zuen fundazioaren patronatuak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzak berretsi zuen 2026ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez.

Patronatuak bere eginkizunak utziko ditu, eta likidazio-batzorde bat izendatuko da, likidazio-eragiketak eta gerakinaren erabilera gauzatzeko.

Patronatuak fundazioa azkentzeko erabakia ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 40.c) artikuluan eta fundazioaren Estatutuen 35. artikuluan oinarrituta hartu du, fundazioaren helburuak gauzatzeko ezintasuna dela eta. Izan ere, fundazioa diru-sarrerarik eta finantzaketarik gabeko egoeran dago, eta fundazioaren jarduera bideraezina izatea eragin du, bere baliabide ekonomikoak kontsumitu eta galerak izateagatik.

Likidazioaren azken balantzean ez dago ondare garbirik, beraz, ezin da likidazio-eragiketarik egin; ez dago soberakinik ere.

2025eko urtarrilaren 20an, Manuel Garces Perez notarioaren aurrean eskritura publikoa egiletsi zen (protokolo-zenbakia: 148). Eskritura horren bidez, azkentze- eta likidazio-akordio biak formalizatu ziren, eta nahitaezko dokumentazioa protokolizatu zen.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio espediente hau agindu bidez ebaztea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikuluan, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikuluan eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 11.1.l) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 40., 41., 42., 43. eta 51.2 artikuluetan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 48. eta 49. artikuluetan aurreikusitako baldintzak.

Lehenengoa. Fundación Sustalde izeneko fundazioa azkentzeko eta likidatzeko erabakiak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Bilbon, 2025eko urtarrilaren 20an, Manuel Garces Perez notarioaren aurrean egiletsitako azkentze- eta likidazio-eskrituran aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 148), fundazioari buruzko erregistro-idazpenak ezeztatzeko.

Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

Hirugarrena. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 17a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik