Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2026ko martxoaren 30ekoa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez enplegua finkatzeko prozesu berezirako deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoko Azpiegituretako Eskalan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 67
  • Hurrenkera-zk.: 1554
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2026/03/30
  • Argitaratze-data: 2026/04/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Gobernu Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 24ko eta 2024ko abenduaren 17ko erabakien bidez onartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioen 2022. eta 2024. urteetarako enplegu publikoaren eskaintzak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen lehenengo xedapen gehigarriak ahalmena ematen die euskal administrazio publikoei, lege hori indarrean jarri ondoren, enplegua finkatzeko prozesu berezietara deitzeko, dagozkien enplegu publikoaren eskaintzak onartu ondoren.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko maiatzaren 18ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak arautu behar zituzten oinarri orokorrak onartu ziren. Bada, 1.2 oinarrian xedatuta dago ezen hautaketa-prozesu bakoitzaren berezitasunak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoen bidez arautu behar direla eta, halaber, zehaztuta dago zer eduki izan behar duten oinarriok, hau hain zuzen: zenbat plazatarako deialdia egingo den eta nola banatuko diren hizkuntza-eskakizunen, sarbide-modalitatearen eta, hala badagokio, txanden arabera; zer epetan aurkeztu ahal izango diren eskabideak; zenbatekoa izango den izena emateko tasa langileak hautatzeko deialdietan; zer titulu beharko den sartzeko; zer merezimendu baloratuko diren eta zer baremo baliatuko den; zer data izango den erreferentzia euskara-ezagutzak egiaztatzeko; zer betekizun espezifiko izango duten deialdiko lanpostuek; zein izango diren gai espezifikoak enplegua finkatzeko prozesu berezietan, eta ea emakumeen lehentasunaren klausula aplikatuko den ala ez.

Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoko Azpiegituretako Eskalan finkatzeko prozesuaren deialdia aldez aurretik egin ez denez, eta aipatutako azaroaren 11ko 7/2021 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz, agindu honen bidez, enplegua finkatzeko prozesu berezirako deialdia egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoko Azpiegituretako Eskalan, eta, era berean, haren oinarri espezifikoak onartzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian eta Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen VI. tituluko I. kapituluan ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz lege horrek 18.2.q) artikuluan emandako eskudantziekin eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 3.3.f) artikuluan ezarritakoarekin, hau

Agindu honen bidez egiten den deialdiko hautaketa-prozesua Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko maiatzaren 18ko Aginduaren arabera egingo da, haren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak.

Eskabidea elektronikoki aurkeztu behar da, 91/2023 Dekretuak 15.1.d) artikuluan agindu bezala (91/2023 Dekretua, ekainaren 20koa, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; betiere, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 30a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

  1. Deialdiko plazak.

    Hiru plaza eskaintzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoko Azpiegituretako Eskalan, txanda irekian, sarbide orokorreko modalitatean eta 3. hizkuntza-eskakizuna nahitaezkoa dutela.

  2. Parte hartzeko betekizunak.

  1. Plazak eskuratu nahi dituztenek oinarri orokorretako 3.3 apartatuan ezarritako betekizun orokorrak bete behar dituzte.

  2. Fakultatiboen Goi Mailako Kidegorako langileak hautatzeko deialdietan izena emateko tasa 20,68 euro da.

  3. Oinarri orokorretako 3.3.e) apartatuan xedatutakoaren arabera, hauek dira Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoko Azpiegituretako Eskalan sartzeko tituluak: 073202 Ingeniaritza Zibila ikasketa-eremuko gradu- edo ingeniaritza-tituluak.

    Ikasketa-eremu horretan sartzen diren tituluak 136/2022 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitakoak dira (136/2022 Dekretua, azaroaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen lanpostuen zerrenda onartzen duen maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuaren hutsak zuzentzekoa).

  1. Lanpostuak esleitzeko betekizun espezifikoak.

  1. Deialdi honetako lanpostuetan, 3. hizkuntza-eskakizuna bete behar da. Euskara jakitea betekizuna da derrigortasun-data igarota daukaten lanpostuetan.

  2. Horrez gain, deialdi honetako lanpostuek betekizun espezifiko hau dute:

    B gidabaimena.

    Merezimenduak alegatzeko izapidean deklaratu behar da.

    Eskainitako lanpostuen zerrendan oinarri orokorretako 12.2 apartatuan aipatzen da, hauek zehaztu behar dira: lanpostu bakoitzaren izena, saila edo organismoa, zentro organikoa, lanpostua kokatuta dagoen herria, destino-osagarriaren eta berariazko osagarriaren mailak, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data, eta lanpostua betetzeko bete behar diren betekizun espezifikoak.

  1. Hautaketa-prozesua.

    Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da.

  1. Oposizio-fasea.

    Oposizio-fasearen diseinua eta garapena oinarri orokorretako 23. apartatuan jasotzen da.

    Oposizio-fasean, gehienez 120 puntu lor daitezke.

  2. Lehiaketa-fasea.

    Lehiaketa-fasean, gehienez 80 puntu lor daitezke, baremo honen arabera lortutako puntuak batuz:

    1. Esperientzia. 7/2021 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz (7/2021 Legea, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzkoa), esperientzia orokorraren eta espezifikoaren apartatuetan lortutako puntuazioaren batura izango da esperientziagatiko guztizko puntuazioa.

      Esperientziagatik gehienez 62 puntu emango dira, baremo honen arabera:

      1. Esperientzia orokorra.

      Esperientzia orokortzat hartzen dira edozein administrazio publikotan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta haren organismo autonomoak barne, organismo autonomotan edo zuzenbide pribatuko ente publikotan A1 azpitaldeko Ingeniaritza Zibileko edo Bide, Ubide edo Portuetako Ingeniaritzako kidego, eskala edo kategorian edo horiei atxikitako lanpostuetan emandako zerbitzuak, funtzionario-harremanekoak nahiz lan-kontratuko harremanekoak izan.

      Esperientzia hori baloratzeko, 0,108 puntu emango dira lan egindako hilabete bakoitzeko, eta gehienez 22 puntu emango dira.

      Zenbaketa egiteko, azken hogei urteetan lan egindako aldiak batuko dira, eta, batu ondoren, hilabetetik beherako zatikiak kenduko dira. Horretarako, 30 eguneko multzoa hartuko da hilabetetzat.

      2. Esperientzia espezifikoa.

      Berariaz baloratuko dira, esperientzia orokorraren baloraziotik bereizita eta haren osagarri, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren organismo autonomoetan emandako zerbitzuak.

      Esperientzia espezifikoa hurrengo apartatuetako arauak aplikatu ostean lortutako puntuak batuz baloratuko da.

      1. 0,094 puntu lan egindako hilabeteko, gehienez 13 puntu izan arte, zerbitzu hauengatik:

        EAEko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoko Azpiegituretako Eskalako izendapenarekin emandako zerbitzuak.

        Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritzaren aukerako izendapenarekin emandako zerbitzuak, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legean jasotako korrespondentzia-taularekin.

        Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko lan-kontratudunen kolektiboko hitzarmenaren lan-harremanarekin eskala horri asimilatuta emandako zerbitzuak.

        Deialdiaren unean indarrean dagoen lanpostu-zerrendan Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoko Azpiegituretako Eskalari atxikitako lanpostuetan emandako zerbitzuak.

      1. Horrez gain, 0,196 puntu emango dira lan egindako hilabeteko, gehienez 27 puntu izan arte, aurreko (i) apartatuko zerbitzuengatik, baldin eta destino-osagarriaren 27., 28. eta 29. mailak dituzten lanpostuetan eman badira.

        2. apartatu honetako zenbaketa egiteko, esperientzia mota bakoitzerako eskatzen diren betekizunak betetzen dituzten azken hogei urteetako lan-aldiak batuko dira, eta, batu ondoren, hilabetetik beherako zatikiak kenduko dira. Horretarako, 30 eguneko multzoa hartuko da hilabetetzat.

    2. Tituluak izatea, probak gainditu izana karrerako funtzionarioa edo langile lan-kontratudun finkoa izateko prozeduretan, eta lan-poltsetan egotea.

      Merezimendu hauek baloratuko dira (gehienez 12 puntu lor daitezke):

      1. Titulu hauek baloratuko dira (gehienez 10 puntu lor daitezke):

      5 puntu emango dira ikasketa-eremu hauetako titulu bakoitzeko (gradua, ingeniaritza, arkitektura, ingeniaritza teknikoa eta arkitektura teknikoa):

      (Ikus .PDF)

      Titulu bakarra baloratuko da ikasketa-eremu bakoitzeko. Era berean, sartzeko betekizun gisa alegatutako tituluaren ikasketa-eremu berekoak diren tituluak ere ez dira baloratuko.

      Ez dira baloratuko sartzeko, irispidea izateko edo merezimendu gisa hartzeko alegatzen edo aurkezten diren goragoko mailako beste titulu batzuk lortzeko behar izan diren edo kontuan hartu diren tituluak.

      Oinarri orokorretako 7.ean adierazitako lekuetan argitaratzen dira ikasketa-eremu bakoitzean sartzen diren tituluak.

      2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritzako karrerako funtzionario izateko 2000. urtetik aurrera urte hori barne egin diren hautaprobak gaindituta izateagatik, gehienez 10 puntu emango dira:

      Oposizio-fasea gaindituta izatea: 10 puntu.

      Oposizio-faseko lehenengo ariketa gaindituta izatea: 7 puntu; azpiapartatu honetan, gehienez ere puntuazio hori lortu ahal izango da.

      3. 7 puntu emango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoko Azpiegituretako Eskalako lan-poltsan egoteagatik; azpiapartatu honetan, gehienez ere puntuazio hori lortu ahal izango da.

    3. Informatika-ezagutzak.

      Informatika-ezagutza gehienez 3 punturekin baloratuko da, puntu bat ziurtagiri hauetako bakoitzeko:

      Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizkoa.

      Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizkoa.

      Internet oinarrizkoa.

      Microsoft Access 2000/XP/2003 oinarrizkoa.

      Microsoft Outlook XP/2003/2010.

      Microsoft Power Point 2000/XP/2003/2007/2010 maila bakarra.

      Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 aurreratua.

      Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 aurreratua.

      Microsoft Access 2000/XP/2003 aurreratua.

      Internet aurreratua.

      Microsoft Access 2010.

      Oinarri orokorretan adierazi bezala, IT txartelaren egiaztatze-sistemaren bidez egiaztatu behar da moduluak gainditu izana. Modulu beraren bertsio bat baino gehiago egiaztatzen bada, bakarra baloratuko da.

      Deialdi honetan, maila aurreratua dutela egiaztatzen dutenei egiaztatutzat emango zaie oinarrizko maila.

    4. Hizkuntzak.

      Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailetako ingelesa, frantsesa eta alemana baloratuko dira; gehienez 3 puntu lor daitezke, baremo honen arabera:

      C1 maila edo handiagoa: 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.

      B2 maila: 1,5 puntu hizkuntza bakoitzeko.

      B1 maila: 1 puntu hizkuntza bakoitzeko.

      1. Lehentasunaren klausula aplikatzea.

        Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 21. artikulua betetze aldera, ez da aplikatuko artikulu horretan aurreikusitako berdinketa hausteko klausula, emakumeak ez baitaude gutxiegi ordezkatuta Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoko Azpiegituretako Eskalan, eta ez zaie lehentasunik emango.

      2. Gai-zerrenda espezifikoa.

        I. TRENBIDE-AZPIEGITURAK.

      1. Trenbidea. Tipologia (balastoa, plaka, bide berdea). Trazadura-parametroak. Galiboak. Legeria eta araudia.

      2. Trenbide-azpiegiturak: tunelak eta zubiak. Tipologia. Eraikuntza-prozesuak. Araudia. Segurtasuna eta ebakuazioa. Aireztapen-sistemak, seinaleztapena, larrialdietako irteerak eta ebakuazio-protokoloak, indarrean dagoen araudiaren arabera. NFPA 130. Tuneletan (bultzada, NATM, TBM) eta zubietan (in situ, aurrefabrikazioa, bultzada, jaurtitzea, etab.) ohikoenak diren eraikuntza-teknikak eta faseak. Trenbide Ekintzako Jarraibidea eta Eurokodeak.

      3. Trenbide-eraikuntza. Geltokiak: tipologia. Tailerrak eta kotxe-tokiak. Araudia. Diseinu funtzionala. Ebakuazioa. Irisgarritasuna.

      4. Trenbide-instalazioak: Seinaleztapena. Trenbide-seinaleztapeneko sistemak (argiduna, mekanikoa, balizak, katigamenduak, Eurolop sistemak; ERTMS;). Komunikazioak. Trena-lurra komunikazio-sistemak, ustiapeneko barne-komunikazioak. Elektrifikazioa: elektrifikazio-motak, diseinua eta mantentzea. Azpiestazioak. Araudia: UNE arauak, Europako araudia eta REE.

      5. Trenbide Sektorearen 38/2015 Legea eta Trenbide Sektorearen Erregelamendua. Xedea. Autonomia-erkidegoan aplikatzea. 2001eko abuztuaren 2ko Agindua, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamenduaren 235. artikulua garatzen duena, trenbide-pasaguneak kendu eta babesteari dagokionez.

      6. Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-garraioaren arau-esparrua. Definizioa. Eskudantziak eta eskumenak plangintzan, proiekzioan, eraikuntzan eta ustiapenean. EAEko trenbide-operadoreak (Metro Bilbao, Euskotren, RENFE). 6/2004 Legea, Euskal Trenbide Sareari buruzkoa. 44/1975 Legea, abenduaren 30ekoa, «Bizkaiko Garraio Partzuergoa» sortzeari buruzkoa. EAEko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektoriala.

      7. TMA/135/2023 Agindua, azpiegitura-azpisistemaren proiekturako eta eraikuntzarako trenbide-instrukzioa eta energia-azpisistemaren proiekturako eta eraikuntzarako trenbide-instrukzioa. Xedea. Esparrua.

      8. 929/2020 Errege Dekretua, urriaren 27koa, Trenbideetako Segurtasun Operazionalari eta Elkarreragingarritasunari buruzkoa. ASBO: Assessment Body (Segurtasuna Ebaluatzeko Organismoa). NOBO: Notified Body (Jakinarazitako Organismoa).

      9. Elkarreragingarritasunaren Zehaztapen Teknikoak, (EB) 2023/1694 Betearazpen Erregelamendua.

        II. PORTUAK.

      10. Portuen lege-esparrua Espainian eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Aplikazio-esparruak eta oinarrizko definizioak. Portuen eta portu-erabileren sailkapena. Euskal Autonomia Erkidegoak portuen arloan duen eskumen-araubidea.

      11. 2/2018 Legea, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Portuena eta Itsas Garraioarena. Portuen plangintza, antolamendua, eraikuntza eta mantentzea. Portu-zerbitzuak. Portuko jabari publikoaren kudeaketa.

      12. Kostaldeei buruzko legeria. Kostaldeei buruzko 22/1988 Legea eta haren erregelamendu orokorra. Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa. Zortasunak. Jabari publikoaren erabilera. Erreserbak, adskripzioak, baimenak eta emakidak. Euskadiko eskumen autonomikoak.

      13. Portuetan aplikatutako itsas hidraulika eta itsasertzeko dinamika. Olatuak, mareak, korronteak, dartsenetako agitazioa. Olatuen errefrakzio-, difrakzio- eta islatze-fenomenoak. Olatuak urautsien eremuan: olatuen transformazioak, haustura eta abiadurak. Kostaldeko lerroaren eta hondartza-profilaren bilakaera. Klima-aldaketak kostaldean eragiten dituen inpaktuak.

      14. Itsas obren diseinua eta eraikuntza. Dike, kai eta kai-mutur motak. Dimentsionamendu estruktural eta funtzionaleko irizpideak.

      15. Geoteknia eta zimenduak portu-azpiegituretan. Ikerketa geoteknikoa. Itsasoko eta portuko obren tipologien alderdi geotekniko partikularrak.

      16. Portu-instalazioak eta zerbitzu-sareak. Zoladura, saneamendua, hornidurak, energia eta argiztapena. Nabigatzeko laguntzak. Hondakinak kudeatzeko sistemak eta jasangarritasun energetikoa diseinatzea.

      17. Dragatzeak. Lege-esparrua eta araudia. Beharrezko baimenak. Sedimentuaren karakterizazioa. Dragatze-proiektuaren alderdi teknikoak. Dragatze-materialaren kudeaketa.

      18. Portuko proiektua eta obra. Proiektuaren alderdi teknikoak eta edukiak. Itsas obra baten zuzendaritza, kontrolak eta jarraipenak.

      19. Portu-azpiegiturak mantentzea eta kontserbatzea. Ikuskapen-protokoloak, prebentziorako mantentze-planak. Bizi-zikloa digitalizatu eta kudeatzeko teknologiak erabiltzea.

        III. BIDE-AZPIEGITURAK.

      20. Garraio-azpiegituren sistemaren planifikazioa. 5/2003 Legea, Euskadiko Garraio Agintaritzarena. Euskadiko Garraio Jasangarriaren 2030 Gidaplana. Garraio-plan sektorialak eta horiek lurralde-plangintzarekin koordinatzea.

      21. 11/2023 Legea, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriarena. Mugikortasuna eta Garraioa Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legean.

      22. Europako Batzordearen Liburu Zuria, garraio-politika lehiakor eta jasangarriaren alde. Europa barneko Garraio Sarea (EBS-G), Europar Batasunaren jarraibideak hura garatzeko. Atlantikoko korridorea. Europa Konektatu mekanismoa (2021-2027). Europarako suspertze-plana, Next Generation EB.

      23. Errepideei buruzko legeria. 37/2015 Legea, irailaren 29koa, Errepideena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideei buruzko foru-arauak.

      24. 5/2018 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra erregulatzen duena. Euskal Autonomia Erkidegoko errepideen planaren xede den sarearen katalogoa.

      25. Errepideen plangintza eta plangintza estrategikoa. Soluzio optimoa hautatzea: hainbat aukeraren artean hautatzeko irizpideak, kostu-onura analisia, irizpide anitzeko analisia. Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Hirugarren Plan Orokorra 2017-2028: helburuak, irizpideak eta planaren proposamen nagusiak.

      26. Errepideen azterketak. Kartografia eta topografia. Azterketa geologikoak, geoteknikoak eta materialen jatorriari buruzkoak. Azterketa klimatologikoak eta hidrologikoak. Araudi sismikoa. Trafikoari buruzko azterketak. Datuak hartzea: sistema konbentzionalak eta teknologia berriak. Trafikoaren modelizazioa. Trafikoaren prognosia. Edukiera-plana.

      27. Errepideen trazadura. Oinplanoko eta altxaerako trazadura. Zeharkako sekzioa. Lotuneak eta intersekzioak. Errepideen diseinua 2+1. Trazadurari buruzko 3.1-IC araua.

      28. Bide-zoruak. Kontzeptu orokorrak. Zabalgunea: euskarri-ahalmena eta materialak. Zoruen materialak: zabor-legarrak, zementu-lurzorua edo zementu-legarra eta nahasketa bituminosoak. Nahasketa bituminosoen sailkapenak. Hormigoizko zoladurak.

      29. Bide-zoruen azaleko eta egiturazko ezaugarriak. Auskultazioa, bide-zoruak kontserbatzeko eta birgaitzeko estrategiak. Ingurumen-kontsiderazioak: materialik eza eta aztarna energetikoa. Sonoritate murriztuko errodadura-geruzak.

      30. Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sareko bide-zoruak dimentsionatzeko araua; 2022ko apirilean berrikusi eta hedatutako testua. Bide-zoruen gainazala birgaitzeko gomendioak.

      31. Digitalizazioa, zerbitzu berriak eta mugikortasun-moduak. Teknologia azpiegituren eta garraio-zerbitzuen kudeaketan aplikatzea. Moveuskadi. Garraio-sistema adimendunak (ITS). Mugikortasuna zerbitzu gisa (MaaS). Mugikortasun konektatua.

      32. Garraioen eta mugikortasunaren arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza. Europar Batasuneko Esparru Programak. Horizon Europe 2021-2027: zutabeak eta programa horizontalak, elementu nagusiak, lankidetzak.

        IV. KOMUNA.

      33. Sektore Publikoko Kontratuen Legea. Obra-kontratua, zerbitzu-kontratua eta kontratu txikiak. Definizioa, espezifikazioak eta egikaritzea.

      34. Hirigintza-legeria. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legea. Plangintza-tresnak: Lurralde-antolamenduaren gidalerroak, lurralde-plan sektorialak, plan bereziak eta erabilera-planak.

      35. Ingurumena. Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorra. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa. Ebaluazio-metodologia. Ebaluazio-sistemak. Ingurumen-inpaktuaren azterketak (IIA). Ingurumen-inpaktuaren azterketen egitura eta edukia. Ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazioa.

      36. Trazadura-proiektua. Informazio publikoaren izapidea. Eraikuntza-proiektua. Eraikuntza-proiektuaren dokumentuak: memoria eta eranskinak, preskripzio tekniko partikularren agiria, neurketak eta aurrekontuak. Proiektuaren zuzendaritza. Proiektua gainbegiratu eta onestea. BIM metodologiaren printzipioak. Eskuliburuak. BIM egikaritze-plana.