Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2026ko martxoaren 24koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duena, Unibertsitatea+Enpresa ekintzetarako aurreikusitako funtsen kargura, 2026-2027 aldirako, eta deialdi horren oinarri arautzaileak onesten dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 77
  • Hurrenkera-zk.: 1744
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2026/03/24
  • Argitaratze-data: 2026/04/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Euskadin, Unibertsitatearen eta Enpresaren arteko lankidetza oinarrizko eragile bat da XXI. mendeko Euskadi eraikitzeko. Unibertsitateek, enpresek, erakundeek eta beste eragile batzuek elkarrekin jarduten dute, erantzukizuna denen artean hartuta, denek ere helburu bera baitute finean: euskal gizartearen garapenean laguntzea.

Herrialde mailan duen garrantziari erantzunez, Unibertsitatea+Enpresa eremua, Bikaintasun Zientziaren eta Nazioartekotzearen eremuarekin batera (Unibertsitatea+Euskadi Basque Country), 2023-2026 Unibertsitate Sistemaren Planaren jarduera-ardatz nagusietako bat da, eta estrategia propioa du bere garapenari irmotasunez aurre egiteko.

2022-2026 Unibertsitatea+Enpresa Estrategia Eusko Jaurlaritzak euskal unibertsitate-sistema indartzeko egin duen apustu nagusietako bat da. Besteak beste, helburu nagusi hau dauka: bikaintasun zientifikoarekin eta horrek enpresa-esparruan duen aplikazioarekin lotutako ezagutza sortzea eta transferitzea. Helburu hori lortzeko, 2022-2026 Unibertsitatea+Enpresa Estrategia ikuspegi zabala izateko planteatu da, tokiko eta nazioarteko mailan garatzen ari diren estrategiak eta jarduketak aintzat hartuta, eta, Agindu honek bezala, honako hauekin bat egiten du:

Bikaintasun-ikerketa, Horizonte Europa esparru-programa berriaren oinarrietan jasotako gizarte-erronkei erantzuteko gai diren emaitzak lortzera bideratua.

2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasotako trantsizioen inguruko ahaleginak lehenestea (trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta gizarte- eta osasun-arlokoa). Plan horren helburua da Euskadi berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea.

Badira hamar urte baino gehiago denok ulertuta daukagula berrikuntza-prozesuak, hots, ezagutza zientifiko eta teknikoak arazo zehatzak konpontzeko erabiltzeko eta aplikatzeko prozesuak, askotariko konexioen dinamika oparoari esker datozkigula. Askotariko konexioen dinamika horrek atzean utzi du eskema klasiko lineala. Eskema horretan, oinarrizko ikerketak ikerketa aplikatura generamatzan, eta horrek garapen teknologikora, eta azkenik, ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuak zetozen.

Berrikuntza hainbat eragileren arteko interakzio ugarien emaitza da: Oinarrizko Ikerketako eta Bikaintasuneko Zentroak (BERC), Teknologia Zentroak, Unibertsitateak, enpresa-elkarteak, ETEak, industria-talde handiak, azken erabiltzaileak, administrazio publikoak eta abar. Berrikuntza irekiranzko harreman-fluxua da, eta eragile horien kulturak eta estrategiak aldatzea eskatzen du.

Askotariko konexioen dinamika horri dagokionez, Euskadiren kasuan, hau da egoera: enpresa-ingurunea jabetuta dago zientzia- eta teknologia-ezagutzaren arloan dituen mugez; unibertsitateek eta eragile zientifiko-teknologikoek ahalmen zientifiko eta teknologiko handia dute ezagutzei eta ekipamenduei dagokienez, baina enpresa- eta gizarte-ingurunea ez da ari behar adina aprobetxatzen.

Errealitate horri erantzuteko, hobetzeko tarte handia baitu, bi helburu ezarri dira deialdi honetan:

Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema indartzea, eta horretarako, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak kudeatutako oinarrizko ikerketako nahiz ikerketa aplikatuko proiektu zehatzak garatzeko ahalegina egitea.

Unibertsitate- eta zientzia-inguruneko ikerketa-taldeen eta enpresen arteko beharrezko interakzioa bultzatzea, aliantza berriak bilatuz edo lehendik daudenen iraunkortasuna bilatuz. Horretarako, ikerketa aplikatuko proiektuak egingo dira, erronka zientifiko eta teknologiko esanguratsua ekarriko dutenak, enpresentzat interesgarriak izango direnak, eta haien emaitzak enpresetara transferitu ahal izango dira, haien berrikuntzan eragina izan dezaten.

Agindu honen bidez, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak lankidetza sustatu nahi du unibertsitateetako ikerketa-taldeen eta enpresa-sarearen artean, eta, hala badagokio, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gainerako eragileen artean (deialdi honen ondorioetarako, lankidetzan diharduten entitate parte-hartzaileak), eta horretarako, unibertsitateetako ikerketa-taldeek egindako bikaintasun-ikerketa Euskadiko enpresa-sarera transferitzea sustatuko du. Unibertsitateek eta enpresek proiektu horietan parte-hartzea derrigorrezkoa da, baina horretaz gain, indartu eta bultzatu egin nahi da lankidetzan diharduten entitate parte-hartzaileek ere (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarekoak) deialdi honetan parte-hartzea.

Horrela, deialdi honek Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistema sendotzen du, ezagutzaren garapena eta entitate desberdinek osatutako taldeen arteko koordinazioa bultzatzen baititu, entitate horien helburua izanik enpresekin lankidetzan garapen teknologiko berritzailea lortzea, baliabide materialak eta giza baliabideak sustatzea eta bikaintasuneko ikerketa-talde eta ikerketa-unitateen antolaketa eta funtzionamendua. Deialdi hau ez da identifikatzen diren behar guztiei ematen zaien erantzun bakarra; aitzitik, esparru horretan aldi berean garatzen ari diren beste jarduera batzuekin lotuta eta koordinatuta dago.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak sailaren 2026rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duen Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren aginduan sartzen dira.

Administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, xedapen hauetan ezarritako eran: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko araudia; 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarrita dagoenari men, deialdi hau elektronikoki izapidetuko da.

Kontuan hartu da lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.).

Horrenbestez, honako hau

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondoreak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 24a.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

  1. oinarria. Deialdiaren xedea.

  1. Deialdi honen xedea laguntza ekonomikoak ematea da, 2026-2027 aldian ezagutza unibertsitatetik enpresetara transferitzeko, enpresa horientzat interesgarri diren arloetan, eta laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onartzea. Proiektuak unibertsitate-taldeak garatu behar ditu, enpresako langileen parte-hartzearekin; nahi izanez gero, lankidetzan diharduten entitate parte-hartzaileetako ikertzaileek ere parte hartu ahal izango dute.

  2. Parte hartzen duten enpresek, gutxienez, proiektuaren kostu osoaren % 10 finantzatu beharko dute eskudirutan zein salgaietan egindako ekarpenaren bidez; eskudiruzko ekarpena ikertzaileen lansariak ordaintzeko erabili ahal izango da. Horretarako, lankidetza-hitzarmena izenpetuko da unibertsitate onuradunaren eta enpresaren artean, 16.7 oinarrian ezarritakoaren arabera.

    Eskaeran parte hartzen duten erakundeetariko bakoitzean garatu beharko dira ikerketa-jarduerak.

  1. oinarria. Kreditu erabilgarria.

  1. Agindu honen xede diren laguntzetarako 500.000 euro erabiliko dira, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako xedatutako partidaren kargura.

  2. Proiektu bakoitzerako ezarritako gehieneko finantzaketa 100.000 eurokoa izango da 12 ikertzaile doktorek edo gehiagok osatutako ikerketa-taldeen kasuan, eta 50.000 eurokoa, 12 ikertzaile doktorek baino gutxiagok osatutako taldeen kasuan.

  3. oinarria. Entitate onuradunak eta eskatzeko eskakizunak.

  1. Entitate onuradunek akreditatuta egon behar dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan (aurrerantzean, ZTBES), zeina Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan jasota baitago. Hona erregistro horretako zer kategoriatan egon behar duten entitate eskatzaileek eskaera egiteko epea amaitu baino lehen eta laguntza egikaritzeko aldia amaitu arte:

    Unibertsitateetako ikerketa-egiturak, zeinek 6. oinarriaren arabera eratutako ikertzaile-taldeak izan beharko baitituzte plantillan. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateen kasuan, gainera, ikerketa-taldekoek izan beharko dute euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak babesteko laguntzen deialdian A edo B talde gisa akreditatutako ikerketa-talde batekoak (2026-2029 aldirako deialdia).

    Baldintza hori betetzen duten ikerketa-taldeak (bat edo gehiago) tartean dituzten proiektuak aurkez daitezke. Hainbat ikerketa-taldek edo entitate onuradun bat baino gehiagoko taldeek parte hartzen duten proiektuen kasuan, eskaeran adierazi beharko da horietako zein den proiektuaren talde edo entitate koordinatzailea.

  2. Enpresa, dirulaguntzaren onuradun ez bada ere, ikerketaren emaitzen benetako jasotzailea da. Izan ere, alde batetik, proposatutako gaiak eta ikerketaren emaitzek enpresaren interesekin bat etorri behar dute, eta, bestetik, enpresak emaitzei lotutako ezagutzak erabili ahal izango ditu bere jakintzaren barruan sartuz eta unibertsitateko ikerketa-taldearekin izenpetu behar duen hitzarmenean ezarritakoaren arabera ustiatuz. Proiektu bakoitzean, enpresak edo enpresa-aliantzak aurkeztu ahal izango dira, bai eta enpresetako I+G unitateak ere.

  3. Enpresa parte-hartzaile bakoitzak, zeinak EAEn eduki behar baitu egoitza soziala eta eskaeran parte hartu behar baitu, ezin izango du jaso dirulaguntzaren parterik, ez zuzenean ez zeharka. Beraz, proiektuaren esparruan, unibertsitate onuradunak ezin izango du enpresa hori kontratatu lanak egiteko, eta enpresa horrek ezin izango du hornigairik saldu, ezta geldialdi teknikoengatik kobratu ere. Aitzitik, enpresak, eskudirutan edo salgaietan egindako ekarpenez gain, proiektuaren helburuak lortu ahal izateko behar diren giza baliabideak, baliabide teknikoak eta materialak ipini beharko ditu, horrek agerian uzten baitu enpresak proiektuaren emaitzekiko duen interesa. Xede horretarako, ez dira enpresatzat hartuko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile akreditatuak, I+G enpresa-unitateen kategoriakoak izan ezik.

  4. Eskaeran lankidetzan diharduten entitate parte-hartzailetzat hartuko dira, halakorik baldin badago, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan adierazten den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan akreditatutako eragileak, hain zuzen ere, honako kategoria hauetan:

    Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak (BERC).

    Teknologia-zentroak.

    Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZ).

    Lankidetzan diharduten erakunde parte-hartzaile hauek ezin dira izan deialdi honetako laguntzaren onuradun, nahiz eta enpresaren ordainketetatik kobratu ahal izango duten, zehazki, 1.2 oinarriaren arabera dagokien ordainsarien zatia.

  5. Entitate eskatzaileek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:

    1. Dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zigor-zehapenik edo administrazio-zehapenik duten entitateek eta horretarako gaitasunik gabe uzten dien legezko debekurik duten entitateek ezin izango dute dirulaguntza hau jaso, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tartean.

    2. Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerei, ezta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

    3. Entitate onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Egiaztatzea Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak ezarritako momentuan eta moduan. Gainera, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan behar dituzte erakunde onuradunek.

      Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

    4. Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan, ezta ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 13. artikuluan aipatutako gainerako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

    5. Ezingo dira laguntzen onuradun izan LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen dutenak, konbertzio-terapiak egin edo sustatzen dutenak barne.

      1. oinarria. Ikerketa-proiektuen eskakizunak.

      1. Proiektuak 1 eta 2 urte osotan egiteko eskatu ahal izango da, eta, azken urtearen ondoren, lau hilabeteko aldi gehigarria egongo da amaitzeko, eta horretarako, 16. oinarrian deskribatutako amaierako gastu-ziurtagiria eta amaierako txosten zientifikoa entregatu beharko dira.

      2. Deialdiaren ondorioetarako, 2026ko ekitaldian hasiko dira proiektuak egikaritzen, hots, 13.5 oinarrian aurreikusitakoarekin bat, onuradunak emandako dirulaguntza onartzen duenean. Egikaritze-fasearen amaiera proiektuan aurreikusitako iraupenaren araberakoa izango da, baina administrazio-jarduketak 2028ko ekainaren 30a baino lehenago amaitu behar dira.

      3. Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek II. eranskinean aipatzen diren printzipio bioetikoak errespetatu beharko dituzte.

      1. oinarria. Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak.

      1. Diruz lagundutako jardueraren ezaugarriari inongo zalantzarik gabe erantzuten dioten kontzeptuak lagunduko dira diruz, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta oinarri arautzaile hauetan zehaztutako epean egiten badira.

        Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

      2. Eskabidearekin batera joan behar duen proiektuaren aurrekontua epigrafeka eta urteka egituratu eta justifikatuko da, deialdi honen bidez lagun daitezkeen kontzeptu hauen arabera:

        1. Laguntzaileak.

          Proiektuko eta urteko, laguntzaile bati ordaintzeko kopurua finantzatu ahal izango da, baldintza hauekin:

          1. Doktore ez diren laguntzaileak.

          Doktore ez diren laguntzaileen kasuan, lanaldi oso baterako, 25.721 euroko dirulaguntza emango da lehenengo eta bigarren urterokoetan (horietatik 19.380,40 euro izango dira nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik). Bigarren urterokoan, proiektuari eskainiko zaion dedikazioa urtebete baino laburragoa izanez gero, urteroko bakoitzeko dedikazio horren arabera kalkulatuko da zenbatekoa, proportzioan.

          Gehigarri bat ezartzen da jarduera uzteagatiko kalte-ordaina estaltzeko, kontratua amaitzean aplikatu beharreko indarreko araudiaren arabera.

          Gehigarri horrek lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguni dagokien zenbatekoa estaliko du gehienez, proiektuan parte hartzeari uzten zaion arte. Kontratu bakoitzeko, gehienez ere, 1.274,33 euro ordainduko dira kalte-ordain gisa, kontratua amaitu eta hurrengo urterokoari dagokion ordainketan.

          Entitate eskatzailearekin izenpetutako doktoratu aurreko kontratuak gutxieneko ordainsari gisa jasoko ditu diru-kopuru horiek, hargatik eragotzi gabe entitate kontratatzailearen kontura osatzeko aukera; hala bada, entitate kontratatzaileak ordaindu beharko du gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala.

          Laguntzaile horrek gradu, lizentziatura, ingeniaritza edo arkitekturako titulua izan beharko du.

          Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezingo da inolako soldata-zenbatekorik jaso.

          Urtebete gutxienez eman beharko du proiektuan lanean.

          2. Doktore diren laguntzaileak.

          Proiektuko eta urteko, laguntzaile bati ordaintzeko kopurua finantzatu ahal izango da, baldintza hauekin:

          Doktore diren laguntzaileen kasuan, lanaldi oso baterako, 44.658 euroko dirulaguntza emango da urteroko bakoitzeko (horietatik 33.489 euro izango dira nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik). Proiektuari eskainiko zaion dedikazioa urtebete baino laburragoa izanez gero, urteroko bakoitzeko dedikazio horren arabera kalkulatuko da zenbatekoa, proportzioan.

          Gehigarri bat ezartzen da jarduera uzteagatiko kalte-ordaina estaltzeko, kontratua amaitzean aplikatu beharreko indarreko araudiaren arabera.

          Gehigarri horrek lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguni dagokien zenbatekoa estaliko du gehienez, proiektuan parte hartzeari uzten zaion arte. Kontratu bakoitzeko, gehienez, 2.202 euro ordainduko dira kalte-ordain gisa. Ordainketa hori kontratua amaitu eta hurrengo urterokoari dagokion ordainketan egingo da.

          Entitate eskatzailearekin izenpetutako doktoratu ondoko kontratuak gutxieneko ordainsari gisa jasoko ditu diru-kopuru horiek, hargatik eragotzi gabe entitate kontratatzailearen kontura osatzeko aukera; hala bada, entitate kontratatzaileak ordaindu beharko du gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala.

          Laguntzaile horrek doktore-titulua izan beharko du, eta doktore-tesia 2025ean lortua izan beharko du.

          Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezingo da inolako soldata-zenbatekorik jaso.

          Gutxienez sei hilabete eman beharko du proiektuan lanean.

        2. Material inbentariagarria.

          Proiektuaren kargura eskuratutako ekipamendu bakoitzak urteko 20.000 euro baino gutxiago balio beharko du, BEZik gabe, eta entitate onuradunaren inbentarioan jasota egongo da, harik eta proiektua egikaritzen amaitu arte, 4. oinarrian deskribatu bezala, eta, nolanahi ere, eskuratzen denetik gutxienez bi urtez. Deialdi honetatik kanpo daude esplizituki altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako ekipamendu informatikoa erostea ere.

          Diruz lagundu daitekeen gastua 15.000 eurokoa edo handiagoa bada (BEZik gabe), edo kontratazioaren arloko araudia eguneratzearen ondorioz ezartzen den zenbatekoaren adinakoa edo handiagoa bada, entitateak gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak, ekipamendua eskuratzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ekipamenduaren ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago halakoak egiten, ematen edo hornitzen dituen behar beste entitate, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada. Halaber, aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko justifikazio-unean edo, hala badagokio, dirulaguntza-eskabidean aurkeztu beharko dira, efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituko zaie, eta ez bada aukeratzen eskaintza ekonomiko onuragarriena, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 20/2023 Legearen 30.3 artikulua).

        3. Material suntsikorra.

          Mugarik gabe ordainduko da, behar bezala justifikatuta badago eta proiektuaren jardueretan beharrezkoa bada, betiere. Kanpo geratzen da bulegoko material orokorraren finantzaketa.

        4. Bidaiak.

          Proiektuaren jarduerak burutu ahal izateko egiten diren bidaien ondoriozko gastuak onartuko dira. Halaber, proiektuan ateratako emaitzak ezagutzera emateko egiten diren bidaia-gastuak ere onartuko dira, proiektua egikaritzeko azken urtean egindakoak. Azken kasu horretan, pertsona bakarrak eginiko gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.

        5. Bestelako gastuak.

          Aurreko kontzeptuetan sartzen ez diren gastuak finantzatu ahalko dira, finantzatutako aurrekontuaren % 5 gehienez, baldin eta proiektuaren helburuak garatzeko beharrezko direla justifikatzen bada. Finantzatutako aurrekontuan ez da sartuko laguntzaileei jarduera uzteagatik ematen zaien kalte-ordain gehigarria.

      3. Ez dira inola ere aintzat hartuko ez deialdi honen eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak, ez 4. oinarrian adierazitako egikaritze-aldia amaitu ondoren egindakoak.

      4. Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz artikulu honetan arautu ez den guztirako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan adierazitakoa beteko da.

  6. oinarria. Ikertzaileen eskakizunak.

  1. Osaera.

    Eskaeran, dirulaguntzaren xede den proiektuan lan egingo duen ikerketa-taldeko ikertzaile guzti-guztien zerrenda aurkeztu behar da; ikertzaile horiek eskaeran parte hartzen duen entitateren batekin kontratua izan beharko dute. Ezinbestekoa da proiektuan parte hartzea unibertsitate eskatzaileko ikertzaileek (3.1 oinarrian ezarritako irizpideen arabera) eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duen enpresa bateko kideek.

    Gutxieneko ikerketa-taldea, gutxienez, unibertsitate eskatzaileko bi ikertzailek (horietako bat ikertzaile nagusia izanik) eta proiektuan parte hartzen duen enpresako hirugarren pertsona batek osatuko dute. Hirurek ere proiektuan jarraitu beharko dute egikaritze-faseak iraun artean. Ikertzaile nagusiak beste lau hilabetez jarraitu beharko du proiektuan. 4.1 oinarriak halaxe dio.

  1. oinarriaren arabera, aukerakoa izango da lankidetzan diharduen entitate batek ere parte-hartzea.

    Ikertzaile-taldeak honela osatuta egon beharko du:

    1. Proiektua zuzenduko duen ikertzaile nagusi bat, doktore-titulua izango duena eta erakunde eskatzailearekin estatutupeko edo lan-kontratuko lotura bat izan behar duena.

    2. Gainerako ikertzaileak, doktore-titulua edo lizentziatura, arkitektura edo ingeniaritza edo unibertsitateko gradua izan dezaketenak. Erakunde parte-hartzaile bakoitzean eskakizun hori betetzen duen ikertzaile bat gutxienez egon beharko da, eta erakundearen plantillakoa izan beharko du.

    3. Enpres(et)ako langileak, programaren xede den teknologiaren arloan esperientzia egiaztatua dutenak eta aurreko puntuetan adierazitako kategorietan sartzen ez direnak.

      Urteko 1.400 ordukoa izango da ikertzaile-taldea osatzen duten ikertzaileek proiektuari eskainitako gutxieneko dedikazioa, eta talde bakoitzeko ikertzaile nagusiaren gutxieneko dedikazioa, berriz, urteko 420 ordukoa.

      Gutxieneko betekizun galdagarria izango da ikertzaile-taldeen osaera, eta hori ez betetzea (18.2 oinarria), nahiz eta gerora sortutako arrazoiengatik izan, dirulaguntza eskubidea galtzeko arrazoi izango da.

      1. Entitate bakoitzak nahi beste eskaera aurkeztu ahal izango ditu, ikertzaile nagusien bitartez, 3. oinarrian ezarritako eskakizunak betez gero, baina betiere honako muga hauekin:

        Ikertzaile nagusi beraren eskaera bat baino ez da onartuko, eta ikertzaileak eskaera bakar batean parte hartu ahal izango du.

        Ezingo dute deialdian parte hartu aurreko unibertsitatea+enpresa proiektuetan parte hartu duten eta eskaera aurkezten duten egunean, betebeharrak egiteke dituztelako, oraindik jarduketak amaitu ez dituzten ikertzaileek, alde batera utzita amaierako txosten zientifikoa eta egindako argitalpenak.

        Finantzatutako proiektu bat onartutako amaiera-data baino lehen bertan behera uzten bada, parte hartu duten ikertzaileek ezingo dute beste proiektu berri batean parte hartu, harik eta hasierako proiektu hori onartu zen unean aurreikusitako amaiera-data bete arte. Alderdi hori 18.2 oinarrian deskribatutako gutxieneko eskakizun galdagarritzat hartu denez, inguruabar horietan gertatzen diren proiektu-eskaerak ukatu egingo dira, eta gutxieneko horien gertatzezko ez-betetzeak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

      2. Erantzukizunpeko adierazpen sinatu baten bidez, parte hartzen duen ikertzaile bakoitzak adieraziko du zenbat ordu konprometitu dituen deialdi honetan eskatutako proiektua egingo den urteetan emandako edo eskatutako beste proiektu batzuetan. Hori horrela, ordu-kopuru nahikoa eskaini beharko die proiektu honetan esleitu eta konprometitutako jarduerei.

      3. Deialdiko eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen kontratatu beharko dituzte entitate parte-hartzaileek ikerketa-taldea osatuko duten kideak. Halaber, ikertzaile nagusiak kontratu bat izan beharko du entitate eskatzailearekin, proiektuaren iraupen osoa baino luzeagoa, eta hor sartuko dira egikaritze-fasea eta 4.1 oinarrian zehaztutako lau hileko aldi gehigarria. Gutxieneko ikertzaile-taldea osatzen duten beste bi ikertzaileek proiektuaren iraupen bereko aldi eta dedikazio baterako kontratatuta egon beharko dute, oinarri honen 6. apartatuan ezarritako kasuan izan ezik.

        Gutxieneko ikerketa-taldea osatzen duten pertsonek ezin izango dute aurkeztu entitate eskatzailearen konpromisorik, proiektuak irauten duen bitartean kontratuari eutsiko zaiola dionik. Gainerako taldekideek proiektuan izango duten parte-hartzeari dagokiona baino iraupen txikiagoko kontratua izan dezakete, baldin eta entitate eskatzaileak egiaztatzen badu konpromisoa hartzen duela kontratuari eusteko, proiektuan parte hartzen duten aldi osoan zehar.

      4. Ikertzaileak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23.bis artikuluaren arabera kontratatu badira (irailaren 5eko 17/2022 Legeak aldatu zuen), entitatearen adierazpen bat aurkeztu beharko du, kontratuak dakarren ordu-dedikazioa zehaztuta; adierazpen horretan, proiektuan konprometitutako jarduerak burutzeko adina ordu badituela adierazi beharko du argi eta garbi.

      5. Doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsona bat bada (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera), berau finantzatzen duen organismoaren izendapena aurkeztu beharko du, finantzaketa-aldi osoa adierazita; horrez gain, deialdi honetan eskatutako proiektuari urtean zenbat ordu eskain diezazkiokeen azaltzen duen ziurtagiria ere aurkeztu beharko du doktore-tesiaren proiektuarekin bateragarria izateko moduan, bai eta tesiaren eta proiektuko jardueraren arteko gainjartze-ehunekoa eta tesia zer zentrotan egin behar duen ere.

        Prestatzen ari den doktoratu aurreko ikertzaile bakar bat baino ez da onartuko proiektu-eskaera bakoitzean.

      6. Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor, Research Associate edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta entitate bati atxikita badaude, entitate horretako langileak direla ulertuko da.

      1. oinarria. Dirulaguntzak kudeatzeko organoa.

        Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Zientzia Politikako zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.

      2. oinarria. Eskabideak formalizatzea eta aurkeztea.

      1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ondoren, ezingo dira aldatu.

        Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskaeraren aplikazio telematikoan sartutako dokumentuak manipulatzeak eskabidea ezestea ekarriko du.

      2. Eskaeraren edukia agindu honen III. eranskinean dago. Eskaera egiteko inprimakia V. eranskinean dago jasota, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0173411

        Eskaera bi urratsetan egin beharko da:

        Lehenik, proiektuko ikertzaile nagusia ziurtagiri elektroniko pertsonalaren bitartez sartu beharko da aplikazioan (esate baterako, NAN elektronikoa erabiliz), eta zehaztutako jarraibideak jarraitu beharko ditu, harik eta eskaera erabat bete arte.

        Ondoren, behin eskaeraren alderdi guztiak aipatu aplikazioaren bitartez beteta (aurreko urratsari jarraikiz) eta agindu honen III. eranskinean azaldutako dokumentazio osagarria gehituta, entitateak edo legezko ordezkariak eskaera elektronikoki sinatu beharko du; horrela soilik geldituko da erregistratuta. Horretarako, entitate eskatzaileak eskabidea elektronikoki sinatzeko entitatearen txartela eduki beharko du, edo, bestela, legezko ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda egon beharko du (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua), esteka honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

        Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikako Zuzendaritzari, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko beste organismo publiko batzuetan.

      3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

      4. Parte hartuko duten gainerako ikertzaileek beren NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dute eskaeran. Administrazio eskudunak automatikoki egiaztatuko du zenbakia aipatutako aplikazioan, elektronikoki.

      5. Eskaerak honako hauetan aipatutako egoerei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jaso beharko ditu: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikulua.

      6. Dirulaguntzaren eskaera aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera.

        Dena dela, eskatzaileak berariaz erabili ahal izango du baimen horri aurka egiteko eskubidea. Hala eginez gero, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.

      1. oinarria. Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskaerako hutsak zuzentzea.

        Hutsak zuzentzeko eta deialdia ebazteko eskaerak, eta bestelakoak, prozedura honen arabera egingo dira:

      1. Dirulaguntza-eskaerak osorik beteta etorri ezean edo aginduzko agiri guztiekin batera aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo aginduzko dokumentazioa aurkezteko eskatuko zaie entitate eskatzaileei. Epe horretan ez badituzte akatsak zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da organo eskudunak emandako ebazpen espresu bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.

        Hutsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera bidaliko zaio eskatzaileari (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

      2. Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak eginiko jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helaraziko dizkie interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.

      1. oinarria. Hautaketa-batzordea eta ebaluazio-prozedura.

      1. Hautaketa-batzordeak egingo du emaitzetatik deribatutako ondorioak laburbiltzeko txostena, betiere agindu honetan jasotzen diren baldintzak behar bezala ezartzen direla zainduz, batez ere ebaluatzeko irizpideei dagokienez. Aurrez erabaki beharko dute zein eskaera onartu izapidetzeko eta zein ez.

      2. Batzorde hori hauek osatuko dute: Amaia Esquisabel Alegria, Zientzia Politikako zuzendaria (batzordeburua izango da); Maialen Agirre Pinedo, Berrikuntzako zuzendaria; eta Luis Nebreda Vadillo, Zientzia Politikako Zuzendaritzako teknikaria (idazkaria izango da).

      3. Proiektuen ebaluazioak bi urrats izango ditu. Lehenik, onartu den eskaera bakoitzari buruzko txostenak eskatuko dizkio Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari, zeinak 11.1 oinarrian aipatzen diren irizpideen araberako puntuazioa eman beharko baitu, 6 zenbakia duen irizpiderako izan ezik, hurrengo oinarrian azaltzen denaren arabera.

        Bigarrenik, Hautaketa Batzordeak berak 6. irizpidea baloratuko du, proiektu bakoitzak EAEko ikerketarako estrategiei eta plangintzei begira duen garrantziari buruzkoa, eta azkenik, 9. irizpidea ere berrikusiko du, 11.2 oinarrian azaltzen den moduan.

        Ebaluazioaren bi faseon emaitza izango da puntuazio orokorra.

      1. oinarria. Ebaluatzeko irizpideak.

      1. Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatzeko xedez, hautaketa-batzordeak jarraian aipatzen diren irizpideak izango ditu kontuan, eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:

        (Ikus .PDF)

        6. eta 9. irizpideen balorazioa.

        6. irizpidea baloratzeko, zeina EAEko estrategiei eta plangintzei begira proiektu bakoitzak duen garrantziari buruzkoa baita, Hautaketa Batzordeak agindu honen IV. eranskinean deskribatutako itemei jarraituko die.

        9. irizpidea berrikusiz, Hautaketa Batzordeak egiaztatuko du lankidetzan diharduen entitate parte-hartzailea bat datorrela 3.4 oinarrian adierazitakoarekin, eta kanpo-ebaluazioaren balorazioa errespetatuko duela, halakorik dagoenean. Bestela, 0 puntu emango dira.

      1. Ebaluazio-sistema homogeneizatzeko eta irizpideak aplikatzean objektibotasun handiagoa lortzeko, balorazio-irizpideen xehetasunak jaso dira deialdiaren IV. eranskinean, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenagoa izan dadin.

      2. Puntuazio orokorrean berdinketarik egonez gero, 1. irizpidearen arabera lortu den kalifikazio handiena hartuko da aintzat, lehenik; berdinketak jarraitzen badu, 4. irizpidearen araberakoa; gero 2. irizpidearen araberakoa eta, azkenik, 3. irizpidearen araberakoa. Guztiarekin ere berdinketak jarraitzen badu, ebazteko oinarritzat hartuko da eskaerak betetzeko aplikazioak eskaera bakoitzari ematen dion ausazko zenbakia, txikitik handira. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskaera-inprimakian agertuko da.

      1. oinarria. Laguntzak esleitzeko prozedura.

      1. Dirulaguntzak norgehiagoka-prozedura bidezko lehiaketaren bidez emango dira, eta proiektuak dirauen artean jaso ahal izango dira. Horretarako, hautaketa-batzordearen espedientea eta txostena ikusirik, erakunde kudeatzaileak kudeaketa-organoak laguntzen ebazpen-proposamena formulatuko dio organo eskudunari prozedura ebazteko.

      2. Ebaluazioan, 50 puntu edo hortik gorako balioespena lortzen duten eskabideak bakarrik lagun daitezke diruz.

      3. Onartutako aurrekontua eskatutako aurrekontua izango da, 5. oinarrian ezarritakoari jarraituz, diruz laguntzekoak diren kontzeptu eta gastuetara egokitzen dela egiaztatu ondoren. Eman beharreko dirulaguntza bat etorriko da onartutako aurrekontuaren gehieneko zenbatekoarekin, baldin eta dagokion prozeduran 2.1 eta 2.2 oinarrietan adierazitako kredituak agortu ez badira. Urteka banatuko da dirulaguntzaren guztirako zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planaren arabera.

      4. Laguntzak lehentasun-ordenari jarraikiz esleituko dira, balorazio-fasean proiektu bakoitzak lortutako puntuazio orokorraren arabera.

      1. oinarria. Ebaztea eta onartzea edo ukatzea.

      1. Kudeaketa-organoak, eskuragarri daukan informazioaz onuradunek eskatutako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio, eta sailburuordeak esleitu egingo ditu, eskuragarri dagoen kreditua agortu delako dirulaguntzarik jaso ez duten eskaerekin erreserba-zerrenda egingo du, eta, hala badagokio, eskabideak ukatu, eta bazterketak zehaztuko ditu, ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri oinarri honetako 3. apartatuaren arabera jakinaraziko da.

      2. Onartzen den proiektu bakoitzari buruzko datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:

        Finantzatutako eskaeretarako:

        Eskaeraren kodea.

        Ikerketa-proiektuaren titulua.

        Entitate eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

        Entitate onuraduna.

        Entitate parte-hartzailea(k), eta, hala badagokio, lankidetzan diharduten entitate parte-hartzaileak.

        Enpresa parte-hartzailea.

        Proiektua burutuko den urteroko bakoitzari zer diru-zenbateko esleituko zaion.

        Finantzatuko ez diren edo baztertu diren eskaeretarako, hau adieraziko da:

        Eskaeraren kodea.

        Ikerketa-proiektuaren titulua.

        Entitate eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

        Entitate eskatzailea.

        Ez finantzatzeko edo baztertzeko arrazoia.

      3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/). Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartuko da bertara.

        Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jakinarazpenaren argitalpenari buruzko abisuak helarazi ahal izango dizkie interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.

        Emandako beken berri denek izan dezaten, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluak ezarritakoaren arabera, emandako beken publizitatea egingo da aipatutako iragarki-taula elektronikoan argitaratuz.

      4. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

        Deialdi hau argitaratzen denetik aurrera sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen edo jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat jo ahal izango dira administrazioaren isiltasunagatik. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, ebazpena emateko epe hori eten egin ahal izango da, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak 10.3 oinarrian xedatutakoari jarraikiz egin beharreko txostenak direla medio, txosten horiek eskatu eta jaso bitarteko aldian. Etenaldiak ezin izango du inola ere hiru hilabete baino gehiago iraun.

      5. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan ebazpena argitaratzen denetik hasita 10 eguneko epean entitate onuradunak dirulaguntzari espresuki uko egiten ez badio, onartu egiten duela ulertuko da. Une horretatik aurrera hasiko da proiektua egikaritzen, urtebeteko eta bi urteko aldian, ebazpenean zehaztutakoaren arabera.

        Emate-ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan gertatzen diren uko-egiteen kasuan, erreserben zerrendan ageri diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen bidez, baldin eta nahikoa kreditu erabilgarri badago.

        Emandako azken laguntzaren ondoren dauden eskabideei emango zaizkie laguntza horiek, baldin eta, 12. oinarriak ezarritakoarekin bat, beharrezko puntuak lortu badituzte. Esleitu beharreko zenbatekoa, gehienez ere, hautaketa-batzordearen balorazioaren arabera uko egindako eskabideari legokiokeen zenbatekoa izango da.

        Organo laguntza emaileak entitate interesdunei jakinaraziko die zein den laguntzak emateko proposamena, 10 egun naturaleko epe luzaezinean onar dezaten. Proposamena onartutakoan, laguntza emateko ebazpena emango da, eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie.

      6. Deialdi honetan parte hartu duen entitate onuradunen batek beste erakunderen baten finantzaketa lortu badu proiektu bererako, eskaera aurkeztu edo ebazpena eman eta gero, Zientzia Politikako Zuzendaritzari eman beharko dio horren berri, gainfinantzaketarik baldin badago, deialdi honen bidez emandako finantzaketa behar beste murrizteko.

      1. oinarria. Beste dirulaguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

        Dirulaguntza hau bateragarria da beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratzearekin. Baldin eta ikerketa-proiektu batek beste erakunde baten deialdian edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, beste erakunde horren finantzaketak estaltzen ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztizko finantzaketak ezingo ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, dagokion diru kopurua murriztuko da deialdi honen bidez emandako finantzaketan. Eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

      2. oinarria. Dirulaguntza igortzeko baldintzak.

      1. Erakunde onuradunari ordainduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoa.

      2. Urterokoak aurretik ordainduko dira, egikaritze-faseko urte bakoitzean. 13.5 oinarrian deskribatutako dirulaguntza onartzeko aldia igaro ondoren egingo da lehen urtekoari dagokion ordainketa. Bigarren urterokoen ordainketa aurreratuak egitekotan, aurreko urteko txostena aurkeztu beharko da, baita helburuen betetze-mailaren eta dirulaguntzaren egikaritzearen justifikazio zuzena ere, onartutako proiektu-planean aurreikusitako eran.

        Proiektua egikaritzeko azken urteari dagokionez, dirulaguntzaren % 75 ordainduko da aurrez. Azken urterokoari dagokion bigarren ordainketa likidazioaren ondoren dagokion zenbatekoa, entitate onuradunak dagokion dokumentazio guztia aginduaren 16. oinarriaren 1., 2., 3. eta 4. zenbakietan zehaztutakoa bidali eta Zientzia Politikako Zuzendaritzak oniritzia eman ondoren onartutakoan egingo da.

      3. Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta eman edo hirugarren interesduneko zure datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/altaterceros

      1. oinarria. Proiektuaren garapena eta dirulaguntzaren justifikazioa jarraitzeko agiriak.

        Dirulaguntza 13.5 oinarrian zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, dirulaguntza egikaritzeko fasea hasiko da, baita haren jarraipena egitekoa ere. Horretarako, erakunde onuradunak jarraipenerako eta justifikaziorako honako agiri hauek entregatu beharko ditu aplikazio telematikoa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin, adierazitako epeetan (aplikazio telematikoak eskainiko ditu behar diren txantiloi edo ereduak):

      1. Laguntzaileen kontratua, 5.2.a) oinarriaren arabera: dirulaguntzak laguntzaileentzako diru-hornidurarik badu, laguntzaileari buruzko proposamena bidali beharko da, zeinean ikertzailea nor den, haren ibilbide akademikoa edo CVa eta adostasuna jasoko baitira. Geroago, organo kudeatzaileak proposamena onartutakoan, laguntzailea entitate onuradunarekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da: kontratuan berariaz aipatuko da parte hartuko duen proiektuaren kodea eta titulua, bai eta haren eginkizunak eta urteko dedikazioa ere. Kontratu hori ezingo da ebazpenaren argitalpena baino lehenagokoa izan, eta, zein urtetarako zehazten den, harexen lehen sei hilabeteetan aurkeztu beharko da. Kontzeptu horrengatik emandako dirulaguntza ez bada deialdian ezarritako zenbatekoaren % 100ekoa eta ez badu kontratuaren kostu guztia estaltzen, laguntzaileek beste eginkizun batzuk egin ahal izango dituzte erakundean, harik eta eurei dagokien dedikazioa bete arte.

      2. Urteko txostenak: 15.2 oinarrian aurreikusitako bigarren ordainketa edo ondorengoak baino lehen aurkeztu beharko dira nahitaez. Entitate onuraduneko ikertzaile nagusiak, egikaritze-urte bakoitza amaitzean, justifikazio-kontu bat aurkeztu beharko dio organo kudeatzaileari, aplikazioan sartutako txantiloiaren arabera, bai eta dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko ekintzen inguruko memoria bat ere, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita. Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten bestelako agiriak aurkeztuko dira. Horiek guztiek merkataritzako trafiko juridikoan baliodunak izan behar dute edo eraginkortasun administratiboa eduki behar dute.

        Jarduera-planaren edozein apartatutan aldaketak egin nahi badira, ikerketa-zentroko edo unibertsitateko legezko ordezkariak baimena eskatu beharko dio Zientzia Politikako Zuzendaritzari. Egindako eta baimendutako aldaketek errespetatu egin behar dituzte Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak eta Hautaketa Batzordeak dagokion puntuazio-kalkulua egiteko erabili dituzten elementuak. Zientzia Politikako Zuzendaritzak zehaztuko du baimendutako aldaketek eragindako dirulaguntzak aldarazten edo indargabetzen dituzten, aurretik dagokion espedientea egin ostean.

      3. Amaierako gastu-ziurtagiria: proiektua egikaritzeko azken urtea amaitzerakoan, urteko txostena aurkeztu ondoren, entitate onuradunak egindako gastu guztiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, aplikatu gabeko gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiektu bererako edo proiektuaren helburu partzialetarako jasotako sarreren eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du. Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten bestelako agiriak aurkeztuko dira. Horiek guztiek merkataritzako trafiko juridikoan baliodunak izan behar dute edo eraginkortasun administratiboa eduki behar dute.

        Ziurtagiri hori, urteko txostenetan adierazitakoarekin bat etorri beharko dena, proiektua amaitu osteko bi hilabeteko epean aurkeztu behar da. Guztira gastuaren % 40 baino gehiago egikaritzen ez bada gutxienez eska daitekeen eskakizuntzat hartzen denez, dirulaguntza-eskubidea galdu egingo da (18.2 oinarria).

      4. Amaierako txosten zientifikoa: formatu askea du, eta nahitaez egin behar da, azken urtea ordainduko bada. Proiektua egikaritzeko azken urtea amaitu ondoren lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa aurkeztu beharko du, eta, bertan, zehaztasun handiz adierazi zein diren aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabalkundea emateko eta jendarteratzeko jarduerak.

      5. Argitalpenak: baldin eta liburu, monografia, artikulu, doktore-tesi, lizentzia-tesina, kongresuetarako komunikazio edo abarretan argitaratu badira proiektuaren emaitzak, edo patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar eragiten badituzte, zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren babesletzaren berri eman beharko da, proiektuaren kodea ere aipatuz. Argitalpenen kopia bat bidali beharko da Zientzia Politikarako Zuzendaritzara.

      6. Bai urteko txostenak bai amaierako txosten zientifikoa eta egindako argitalpenak Zientzia Politikako Zuzendaritzak berrikusiko ditu, eta, gainera, egiaztatuko du ikerketa-proiektuaren hasierako eskaeran onetsitako helburuak eta lan-plana bete direla. Desadostasunik ikusiz gero, txosten horien ebaluazio zientifikoa egin ahal izango zaie, 10. oinarrian aurreikusitako ebaluazioaren ildo beretik. Ebaluazioan 100 puntutik 50 ez lortzea itzultzeko kausa izango da, eta 19. oinarriari jarraikiz jardungo da.

      7. Parte hartzen duten entitateen arteko hitzarmena eta enpresaren ordainketa: lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da unibertsitate onuradunaren eta enpresa parte-hartzaile(ar)en artean, bai eta lankidetzan ari diren entitate parte-hartzaileen artean ere, baldin badaude, Teknologia Transferentziarako entitate baten bitartez. Honako hauek jaso beharko dira hitzarmen horretan: ekonomia-harremanak; ikerketaren garapenean erantzukizunak nola banatzen diren; proiektuaren emaitzen jabea nor den eta haien erabilera eta luperketa zein izango diren, eta deialdiari dagokionez enpresek zer betebehar hartu dituzten beren gain.

        Ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez hilabeteko epean, sinatutako hitzarmena eta enpresaren ordainketaren egiaztagiria aurkeztu beharko dira Zientzia Politikako Zuzendaritzan, 1.2 oinarrian dirulaguntzaren lehen ordainketa egiteko aldez aurretik bete beharreko baldintza moduan ezartzen denaren arabera.

      8. Enpresaren txostenak: diruz lagundutako ikerketaren bidez lortutako emaitzak enpresak nola aplikatu eta/edo ustiatu dituen ikusteko, jarraipen bat egingo da; hartarako, enpresa parte-hartzaileak, proiektua amaitzen duenean, memoria bat aurkeztuko du, eta bertan proiektuaren garapenari eta lortutako emaitzei buruz duen iritzia adieraziko du. Geroago, proiektua amaitu ondorengo urtearen amaieran, emaitzen ustiapenari buruzko txostena aurkeztu beharko du, eta bertan adierazi beharko du emaitzak nola erabili dituen, emaitza horiek enpresan nola ezarri dituen, zer patente egin dituen eta zer onura lortu dituen.

        Enpresaren legezko ordezkariak sinatu behar ditu txosten horiek, eta unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin aurkeztu behar dira.

      9. Salbuespenez, ikerketa-proiektua bukatzea eta, ondorioz, dirulaguntza osorik erabiltzea eragotzi duten arrazoiak egon badira, ikertzaile nagusiak, entitateko legezko ordezkariaren oniritziarekin, proiektua egikaritzeko eta kreditua gastatzeko epealdia luzatu dadila eskatu ahal izango dio Zientzia Politikako Zuzendaritzari. Luzapenak ez du gaindituko hiru hilabeteko epea proiektua egikaritzeko materialari dagokionez, eta ez dio inolaz ere eragingo emandako urterokoen betearazpenari. Egikaritze-amaiera gisa aurreikusitako eguna baino lehen egin beharko da eskaera.

        Luzapen-eskaeran emandako arrazoiak soilik izango dira hirugarrenek esku hartzeko aurreikusitako epeak luzatzea (hornidurak eta argitalpenak), edo laguntzaileek beren jarduera aurreikusitako epeetan egiteko ezintasuna, betiere, behar bezala justifikatzen bada.

      1. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

        Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:

      1. Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

      2. Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.

      3. Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

      4. Beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea entitate emaileari.

        Dirulaguntza edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

      5. Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea entitate emaileari.

        Dirulaguntza edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

      6. Dirulaguntza ordaintzeko momentuan egiaztatzea egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoarekin bat (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

      7. Izaera juridikoak hala eskatzen badu, behar bezala ikuskatuta dituela kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, baldintza hauek betetzen dituela bermatzeko behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla.

      8. Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gorde behar dituzte, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

      9. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan adierazitako hedatze-neurriak aplikatzea.

      10. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa itzultzea.

      11. Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

      12. Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

      1. oinarria. Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea. Gutxieneko eskakizun galdagarriak.

      1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua bete dela ulertzen bada, eta, kasua bada, beste instituzio publiko edo pribatu batek emandako laguntzarik ere eskuratu bada, dirulaguntzak emateko ebazpeneko diru-kopuruak ere aldatu ahal izango dira. Dirulaguntza jasotzeko baldintzen aldaketatzat joko dira, halaber, behar bezala justifikatzen edo egiaztatzen ez diren gastuak; kasu horretan, beraz, egokiro justifikatu edo egiaztatu ez diren gastuak laguntzeko diru kopuruak aldatzeko ebazpena emango da.

        Horretarako, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak, honela:

        Dirulaguntzaren xede diren gastuak ez badira behar bezala justifikatzen, ebazpenaren zenbatekoa murriztu egingo da, justifikatu ez den gastua adina, eta, behar gabe jaso diren zenbatekoak itzuli beharko dira, aurretik ordaindu badira.

        Entitate onuradunak ikerketa-proiektu bererako beste edozein administrazio edo ente publiko zein pribaturen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso baditu eta deialdi honen ebazpenean esleitutako zenbatekoak Hautaketa Batzordeak onartutako aurrekontuari kofinantzaketaren bidez eskuratutako zenbatekoa kenduta geratzen dena gainditzen badu, emandako dirulaguntza behar beste murriztuko da.

      2. Aldaketa horiek bidezkotzat jo daitezke, betiere agindu honen bitartez lagundutako proiektuek honako gutxieneko eskakizun hauek betetzen badituzte:

        1 oinarrian deskribatutako ikerketa-taldeen osaera.

        Aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuetan parte hartu duten ikertzaileen bateraezintasuna, 6.2 oinarriaren laugarren paragrafoan deskribatua.

        Proiektuaren guztizko gastuaren % 40 baino gehiago egikaritzea, (16.3 oinarrian deskribatutako amaierako gastu-ziurtagirian jasotakoa).

        Betekizun horietakoren bat betetzen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak gehi bidezkoak diren berandutze-interesak ordaintzeko betebeharra sortuko da.

      1. oinarria. Dirulaguntzarako eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko arrazoia.

      1. Ikusiz gero ez direla betetzen dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, jasotako dirua eta dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio, xedapen hauen arabera: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikulua; arau-hausteen eta administrazio-zehapenen arloko oinarrizko araudia; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

      2. Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean laguntzen eta dirulaguntzen arloan ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubidea aplikatuko da.

      3. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduren 21eko 20/2023 Legean azaldutako kausez gain, honako hauek ere dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko kausatzat hartuko dira:

      1. Proiekturako eskabidea egin duen ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo ikertzaile hori entitate onuraduna ez den beste entitate batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

      2. Ikerketa proiektu bera egiteko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo, ikerketa proiektuaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde, antolakunde edo zentro publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Zientzia Politikarako Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

      3. Ikerketa proiektua ez garatzea proposatutako helburuen eta onartutako epeen arabera.

      4. Deialdi honetako oinarriak larriki ez betetzea osorik edo partez, hauei buruzkoak barne: urteko txostenen, gastuaren ziurtagiriaren eta amaierako txostenaren ebaluazioari buruzko kontuak (16. oinarria) eta gastuaren justifikazio-agiriak gordetzeari buruzkoak (17.6 oinarria).

      5. Laguntzen izaera publikoari buruzko zabalkunde-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea, agindu honen 16. oinarriaren 5 apartatuan eta 17.7 oinarrian jasotako neurriak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat.

      6. Datuak larriki ezkutatzea edo aldatzea, edo eskaera manipulatzea.

      1. Aurreko ataletan ezarritakoa gorabehera, jada ordaindutako dirulaguntza baino zenbateko txikiagoko gastuak justifikatzeak berekin ekarriko du dirulaguntza murriztea, justifikatu gabeko zenbatekoaren baliokidea izango dena, eta jasotako dirulaguntzen itzulketa proportzionala egingo da.

      2. Dirulaguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

      1. oinarria. Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

        Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa sustatzekoak).

        Arduraduna: Zientzia Politikako Zuzendaritza, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.

        Helburua: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

        Legitimazioa:

        Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

        38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

        20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

        3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

        Hartzaileak:

        Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

        Ogasun eta Finantza Saila.

        Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

        Eskubideak: entitate eskatzaileak eskubidea du datuak eskuratzeko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

        Informazio gehigarria: entitate eskatzaileak datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea kontsultatu dezake gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

        Araudia:

        Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

        3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

Deialdian aurkezten diren proiektuek printzipio hauek bete beharko dituzte:

  1. Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea); Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena; Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruz Espainiako legedian ezarritako eskakizunak.

  2. Gizakiekin ikerketak egitea edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek Ikerkuntza Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean xedatutakoa bete behar dute.

    Era berean, lege horri lotuta egongo dira: gizakien enbrioietan jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

  3. Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek 1090/2015 Errege Dekretuan xedatutakoa bete behar dute (1090/2015 Errege Dekretua, abenduaren 4koa, sendagaiekin egiten diren saiakuntza klinikoak, sendagaien ikerketarako etika batzordeak eta Azterketa Klinikoen Espainiako Erregistroa arautzen dituena).

  4. Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan ezarritakoa (esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako nahiz irakaskuntzarako erabiltzen diren animaliak babesteko oinarrizko arauak ezartzen ditu) eta otsailaren 23ko 118/2021 Errege Dekretuaren bidez egindako aldaketan ezarritakoa.

  5. Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko dira, batetik, apirilaren 25eko 9/2003 Legea -Genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzkoa- eta, bestetik, urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua, lege hori garatzen duen arau orokorra onesten duena.

  6. Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean Laneko arriskuen prebentzioari buruzkoan eta hori garatzen duten errege-dekretuetan ezarritakoari egokitu beharko zaizkio, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.

  7. Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Mintegiko Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

  1. Eskaeran honako informazio hau jasotzen da:

    1. Entitate eskatzailearen nortasuna, sinadura elektronikoaren bidez; eta ikertzaile nagusiaren sinadura, NANaren edo AIZaren bidez. Enpresak IFZ aurkeztu behar du.

    2. Ikerketa-taldeak egingo duen lan-planari buruzko informazioa: helburuak, zereginen esleipena eta ikertzaile bakoitzaren ordu-dedikazioa.

    3. Eskatutako proiektua garatzen ari den bitartean ikerketa-taldeak aktibo edo eskaera-fasean dauden beste ikerketa-proiektu batzuetan parte hartu behar badu, haien identifikazioa eta ikertzaile bakoitzak zenbat ordu eskainiko dien.

    4. Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren nortasuna, NANaren edo AIZren bidez; gainera, datu pertsonalak, titulazio akademikoa, kontratu-mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.

    5. Aurrekontua: informazio ekonomikoa, diruz lagundu daitekeen kontzeptuaren arabera; eta kostu ekonomikoa, urtearen arabera. Biak ere 5. oinarriari jarraikiz.

    6. Entitate eskatzailearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, 8.6 artikuluan jasotako eskakizunei buruzkoa. Adierazpen horretan jasoko du, halaber, aurkeztutako proiektuak printzipio bioetikoei buruz 4.3 oinarrian ezarritakoa betetzen duela.

  2. Eskaerarekin batera, dokumentazio teknikoa zein administratiboa aurkeztu behar da:

  1. Dokumentazio teknikoa:

    Dokumentazio administratibotik bereizita, eta aplikazioak sortzen duen eskaerarekin batera, dokumentazio teknikoan jasotako informazioaren bidez, aurkeztutako proposamen zientifikoaren ebaluazio teknikoa egingo da.

    1. Ikerketa-proiektuaren memoria, honako alderdi hauek jasotzen dituela:

      Laburpena.

      Gaiaren aurrekariak eta oraingo egoera.

      Bibliografia aipagarriena.

      Proiektuaren interes orokorra.

      Hipotesiak eta helburu orokor eta operatiboak.

      Helburuei lotutako mugarriak. Lan-plana. Kronograma. Ikertzaileek zereginei eskainiko dieten denbora.

      Mugarri bakoitzean erabilitako metodologia.

      Proiektua burutzeko eskuragarri dauden instalazioak, tresnak eta teknikak.

      Arduren banaketa.

      Ikerketa-taldeak gaiaren inguruan duen esperientzia. Taldean edo taldeetan egindako transferentziaren historikoa. Enpresekin aldez aurretik egindako ikerketa-aliantzak, -hitzarmenak edo -kontratuak.

      Eskatutako dirulaguntzaren justifikazio zehatza.

      Bi entitateren edo gehiagoren arteko lankidetza, hala dagokionean.

      Enpresak proiektuan izan duen parte-hartzea.

      Lortu nahi diren emaitzen garrantzia eta eragin ekonomikoa: proiektuak Espezializazio Adimenduneko Estrategian (RIS3) eta ZTBP Euskadi 2030 Planean zehaztutako helburuei egokitzea. Ikerketa-proiektuaren inpaktu zientifikoa, teknologikoa edo soziala.

      Proiektuaren azken emaitza eta emaitzak ustiatzeko plana.

      Teknologia transferitzeko plana.

    2. Ikertzaile-taldea osatzen duten ikertzaileetako bakoitzaren eta enpresa parte-hartzailekoa den pertsona bakoitzaren curriculum vitae laburtua, formatu normalizatuan, horretarako prestatutako txantiloian aurkeztua (azken 6 urteei buruzkoa, deialdiaren datatik aurrera). CVa titularrak sinatu beharko du. Ezaugarri horiek betetzen dituzten CVak bakarrik hartuko dira kontuan, eta ezaugarri horiek betetzen ez dituztenei agiriak zuzentzeko eskatuko zaie.

    3. Eskatutako material inbentariagarriaren proformako fakturak, hala dagokionean.

    4. Enpresaren ezaugarriak eta orain arte egin diren I+G ekintzak.

    5. Ezaugarri teknikoetan oinarrituta proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio teknikoa.

  2. Administrazio-dokumentazioa:

    1. Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako agiria (erantzukizunpeko adierazpena), 2026-2027 aldian aktibo dauden proiektuei zenbat denbora eskainiko dien adierazita; horrez gain, zehaztu behar da bakoitzak zenbat denbora eskainiko dion eskatutako proiektuari, 6.3 oinarriaren arabera.

    2. Ikertzaile bakoitzak entitate eskatzailearekin edo enpresa parte-hartzailearekin duen lan-egoera egiaztatzen duen dokumentazioa.

      Kontratu mugagabedun langileak badira, dagokion kontratua edo Gizarte Segurantzako kotizazio-datuen txostena aurkeztu beharko da.

      Gutxieneko ikerketa-taldeko langileak badira, gutxienez proiektuaren egikaritze-fasearen iraupen bera izango duen kontratu bat aurkeztu beharko dute, eta, proiektuko ikertzaile nagusia izanez gero, 4 hilabeteko aldi gehigarria, 4.1 oinarrian ezarritakoaren arabera. Gutxieneko taldea osatzen duten pertsonek EZIN izango dute aurkeztu entitate eskatzailearen konpromisorik, proiektuak irauten duen bitartean kontratuari eutsiko zaiola dionik, 6.4 oinarriaren arabera.

      Ikerketa-taldeko langileak badira, baina ez gutxieneko taldekoak, kontratua aurkeztu beharko dute, non zehaztuta agertuko baitira hasiera- eta amaiera-datak, urteko dedikazioa eta, hala badagokio, entitate eskatzailearen konpromisoa, proiektuan parte hartzen duten aldi osoan kontratuari eutsiko zaiola diona, 6.4 oinarriaren arabera. 23.bis artikuluari jarraikiz kontratatu den langileen kasuan, gainera, kontratatu den obrari dagokion ordu-dedikazioa adierazi beharko da, 6.5 oinarriaren arabera.

      Ikerbasquek kontratatutako eta entitate eskatzaileari atxikitako ikertzaileak badira, Ikerbasquek egindako kontratua eta entitate eskatzailearekiko atxikipen-agiria aurkeztu beharko dituzte, eta EHUk kontratatuta eta BERC bati atxikita badaude, EHUk egindako kontratua eta dagokion atxikipen-agiria.

    3. Enpresa parte-hartzailearen erantzukizunpeko adierazpena, proiekturako eskudirutan edo espezietan zenbateko ekarpena egin duen eta zenbat baliabide jarri dituen zehaztuko duena, bai eta, halakorik bada, lankidetzan diharduen entitate parte-hartzaileak proiekturako jarritako baliabideak ere.

    4. Enpresa parte-hartzailearen erantzukizunpeko adierazpena, 3.5 oinarrian jasotako betekizunak betetzeari buruzkoa.

    5. Hala badagokio, doktoratu aurreko laguntza emateko eta/edo izendatzeko dokumentua, proiektuan parte hartzeko baimenaren ziurtagiria eta laguntza aplikatzeko zentroarena, 6.6 oinarriaren arabera.

    6. Hala badagokio, dirulaguntzak eta laguntzak lortzeko desgaitzeei eta zehapenei buruz 3.5 oinarrian xedatutakoarekin lotutako dokumentazioa.

    7. Entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, 3.5 oinarrian aipatutakoak, horiek aurka egiteko eskubidea erabili dutenean, 8.6 oinarrian aurreikusi bezala.

    1. Eskakizun administratiboetan oinarrituta, proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio administratiboa.

      (Ikus .PDF)

      (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik