Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2026ko maiatzaren 5ekoa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira natura-ondarea babesteari buruzko ezagutza sortzeko proiektuak egiten dituzten pertsona, elkarte, fundazio eta enpresentzako dirulaguntzak arautzeko oinarriak, eta egiten baita laguntza horiek emateko deialdia 2026. urterako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 87
- Hurrenkera-zk.: 1976
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/05/05
- Argitaratze-data: 2026/05/12
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
- Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 11.1.a) artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena dauka ingurumen- eta ekologia-gaietan Espainiako oinarrizko legeria garatzeko eta oinarrizko legeria hori bere lurraldean betearazteko.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak betetzen du aipatutako eskumena, halaxe xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 10. artikuluak.
Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzko 1992ko maiatzaren 21eko Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauak biodibertsitatearen kontserbazioko helburuak betetzeko ikerkuntza eta lan zientifikoak sustatzeko beharra adierazten du, bai habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeko bai berauen kontserbazio egoera zaintzeko ere. Ildo beretik doa Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE zuzentaraua, 2009ko azaroaren 30ekoa, hegazti basatien kontserbazioari buruzkoa.
Bestalde, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legeak ezartzen du administrazio publikoek dibertsitate biologikoarekin eta aipatu legearen helburuekin lotutako ikerkuntza-programak garatzea sustatuko dutela.
Ildo beretik, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legeak, 2. artikuluan, natura-ondarearen kontserbazioari aplikatutako ezagutza, prestakuntza eta ikerketa sustatzeko helburua hartzen du barnean, eta 14., 15. eta 16. artikuluetan helburu hori nola lortu zehazteko baliatzen ditu, eta hori bat dator dirulaguntzen programa honekin.
Biodibertsitateari buruzko Europar Batasunaren 2030erako estrategia: natura gure bizitzetan berriz ezartzea [COM (2020) 380 azkena] izeneko estrategiak ezagutza, hezkuntza eta gaitasunak hobetzeari buruzko 3.3.4 apartatuan adierazten duenez, biodibertsitatearen galeraren aurkako borrokak irizpide zientifiko sendoak izan behar ditu oinarritzat, eta ikerketan, berrikuntzan eta ezagutza- trukean inbertitzea funtsezkoa da daturik onenak lortzeko eta irtenbiderik onenak garatzeko. Neurri zehatzak aurreikusten ditu jarraipenari eta informazioari buruzko alderdiak hobetzeko, hala nola biodibertsitateari buruzko epe luzeko ikerketa-plan estrategiko bat eta biodibertsitateari buruzko Ezagutza Zentro berri bat sortzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 2016an onartutako 2030erako Euskadiko Biodibertsitate Estrategiak naturaren ezagutza eta kultura sustatzea ezartzen du bere 4 helburuen artean, eta ekintza nagusietako bat, berriz, Euskadiko Naturari Buruzko Informazio Sistema sustatzea eta sendotzea izango da.
Bere aldetik, 2014an onartutako 2020rako Euskal Autonomia Erkidegoko Geodibertsitate Estrategiak, bere ekintzen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren indarreko dirulaguntza lerroen artean geodibertsitatearen eta ondare geologikoaren azterketa egitea sartzen du.
Helburu horiek guztiak betetze aldera, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak dirulaguntzen ildo hau sustatzen du.
Dirulaguntzen ildo hori jasota dago Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko uztailaren 15eko Aginduaren bidez onartutako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasua Sailaren 2025eko, 2026ko, 2027ko eta 2028ko ekitaldietarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatzen den moduan, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Plan hori sailaren webguneko helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/industria-trantsizio-energetiko-eta-jasangarritasunaren-sailaren-2025-2026-2027-eta-2028-urteetarako-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-onartzen-baita/
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen oinarrizko araudian ezarritakoarekin bat etorriz eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean laguntzei aplikatu beharreko eta aurrekontu-kreditu nahikoa duten gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau
Agindu honen xedea da ezagutzaren hobekuntzari aplikatutako azterlanak eta ikerlanak egiteko dirulaguntzen oinarriak onartzea (agindu honen eranskinean daude jasota), eta dirulaguntzetarako deialdia egitea 2026ko ekitaldirako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 5a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
oinarria. Emandako dirulaguntzen xedea eta helburua.
Dirulaguntzen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko natura-ondareari buruzko informazioa eta ezagutza hobetzeko ikerketa aplikatuko azterlanak eta lanak egitea da. Honako gai hauei buruzkoak izan beharko dute:
Natura 2000 Sarea. Natura 2000 Sareko Naturagune Babestuak (KBE eta HBBE) izendatzeko eta horien kontserbazio-neurriak onartzeko dekretuetan jasotako azterlanak eta lanak. Eskaeran zehaztu beharko da zer kontserbazio-neurriri erantzuten dion proposamenak.
Natura 2000 Sarearen eta Naturagune Babestuen barruan eta kanpoan Batasunaren intereseko edo eskualdearen intereseko habitat naturalei eta erdinaturalei buruzko azterketak eta lanak, habitaten kontserbazio-egoera hobetzen edo klima-aldaketarekiko kalteberatasuna aztertzen laguntzen dutenak, lehentasuna emanez kontserbazio-egoera txarra edo ezezaguna dutenei eta EBn edo Espainian onartutako metodologiak aplikatuz.
Mehatxatutako basaflora eta basafaunako espezieei buruzko azterketak eta lanak, bai EB mailan, bai maila autonomikoan, erreferentziatzat hartuta Hegazti basatiak kontserbatzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 30eko 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eta II. eranskinak, Habitat naturalak eta basafauna eta basaflora kontserbatzeari eta Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendako EP eta VU kategoriei buruzko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinak, eta lehentasuna emanez kontserbazio-egoera txarra edo ezezaguna dutenei.
1. Gutxi aztertu diren edo informazio zaharkitua duten taxonen gaineko datu primarioak (banaketa) lortzeko azterketak. Lortutako informazioa normalizatutako formatuetan eman beharko da.
2. c apartatu honetako katalogo eta zerrendetan, basaflora eta basafauna espezieek klima-aldaketaren aurrean duten kontserbazio- edo kalteberatasun-egoerari buruzko azterketak, eta EBk edo Espainiak onartutako ebaluazio-metodologiak aplikatuta.
Natura-ondarearen beste elementu batzuk.
1. Lurralde osoan konektagarritasun ekologikoa hobetzeko elementuei buruzko azterketak eta lanak: natura-ondarearen eta paisaiaren elementuak, ibai-tarteak, habitaten zatiketa, espezieen populazio-dinamika eta leheneratze ekologikoa.
2. Hezeguneei eta beste ekosistema urtar batzuei buruzko azterketak eta lanak: ekosistema urtarrak kudeatzeko oinarriak, Natura 2000 Sareari eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko urriaren 23ko 2000/60/EE Zuzentarauari lotutako kontserbazio-irizpideei jarraikiz. Zuzentarau horrek uren politikaren eremuan jarduteko esparru komunitario bat ezartzen du.
3. Espezie exotiko inbaditzaileen datu primarioak (banaketa) lortzeko azterketak. Lortutako informazioa normalizatutako formatuetan eman beharko da.
4. Flora exotiko inbaditzaileko espezieak kontrolatzeko metodoen proposamenak.
5. Ekosistemen funtzionamendua, basaflorako eta basafaunako espezieen ekologia eta prozesu geologikoak ulertzea eta ezagutaraztea erraztuko duten ikerketa-proiektuak, ereduak sortzeari eta joerak nahiz adierazleak aztertzeari buruzkoak.
6. Ekosistemak, habitatak edo interes geologikoko lekuak lehengoratzeko jarraibideak eta irizpideak zehazteko azterlanak.
Ezin izango dira diruz lagundu Natura Ondare eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak dagoeneko eskuragarri duen natura-ondareari buruzko informazioa edo ezagutza sortzea planteatzen duten lanak edo azterketak, salbu eta ez bada esplizituki eta behar bezala justifikatzen proposamenak dakarren informazioa hobea dela edo eskura dagoen ezagutza hobetzen duela.
oinarria. Prozedura honi aplikatu beharreko araubide juridikoa.
20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
Oinarrizko dirulaguntzen araubidea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako haren betearazpen-erregelamenduaren oinarrizko manuek osatua.
Aurreko dirulaguntzen araudiak arautzen ez duenari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura betearazteko erregelamenduaren oinarrizkoak ez diren alderdiak aplikatuko dira osagarri gisa.
2023/2831 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.
Era berean, prozedura honen araubide juridikoa osatzen dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta aplikazio orokorreko administrazio-araubidearen gainerako xedapenek.
oinarria. Aurrekontu-zuzkidura.
Natura-ondarearen kontserbazioan ezagutza sortzeko proiektuak egiten dituzten pertsona, elkarte, fundazio eta enpresentzako dirulaguntzen deialdi honetarako aurrekontu-zuzkiduraren zenbateko osoa gehienez ehun eta hogeita hamar mila (130.000) eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2026rako Aurrekontu Orokorren kargura. Aurrekontu-zuzkidura honela banakatuko da:
Berrogeita hamar mila (50.000) euro 2026ko ekitaldirako.
Laurogei mila (80.000) euro 2027ko ekitaldirako konpromiso-krediturako.
oinarria. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira funts publiko zein pribatuen kontura helburu bererako eman daitezkeen beste dirulaguntzekin. Ondorengo apartatuan xedatutakoa salbuespena izango da.
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak izango dira Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak proiektu bera edo haren zati bat edo batzuk egiteko emandako beste dirulaguntzekin, izan dirulaguntza izenduna, zuzenekoa edo ingurumenaren arloko dirulaguntzen aginduen babesean emandako beste edozein laguntza; zehazkiago, bateraezintasun horiek honako hauekin ematen dira: batetik, ingurumen-boluntariotzako jarduerak egiteko irabazi-asmorik gabeko elkarteei emandako dirulaguntzekin; eta, bestetik, udalerriaren garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten udalei, mankomunitateei, kontzejuei eta udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko beste edozein toki-erakundeei, kuadrillei, eskualdeei, metropolialdeei, tokiko erakunde autonomoei, toki-garapeneko agentziei, tokiko merkataritza-sozietateei, tokiko enpresa-erakunde publikoei, tokiko partzuergoei eta tokiko fundazio publikoei emandako dirulaguntzekin.
Jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainfinantzaketarik eragin. Kasu horretan, gaindikinari dagokion emandako laguntzaren zenbatekoa murriztuko da. Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan xedatutakoaren arabera, gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa eskatuko da.
Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduko minimis laguntzetarako Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluek ezarritako minimis arauak beteko dituzte.
Erregelamendu horretan ezarritakoaren arabera, estatu kide batek enpresa bakar bati emandako minimis laguntzen zenbateko osoa ezin izango da 300.000 eurotik gorakoa izan hiru urteko edozein alditan. Ondorio horietarako, kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da. Minimis laguntza berri bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako minimis laguntzen guztizko zenbatekoa hartu behar da kontuan. Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresak laguntza jasotzeko legezko eskubidea duenean, aplikatu beharreko araubide juridiko nazionalaren arabera, minimis laguntzaren ordainketa-data edozein dela ere.
oinarria. Onuradunak.
Onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dira, eta aplikatu beharreko araudian aurreikusitako debekuetan ezingo da erori:
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun izan ahalko da izaera pribatuko edozein pertsona fisiko edo juridiko, baldin eta naturaren babesarekin, naturaren azterketarekin edo natura-ondarearekin zerikusia duten jarduerak egiten baditu edo helburu horrekin lotura duen ibilbide egiaztatu bat badu, irabazi-asmoa gorabehera.
Agindu honen 12.e) oinarrian xedatutakoaren arabera egiaztatuko da ibilbidea.
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira boluntariotzako erakundeak, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean behar bezala inskribatuta badaude, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartu eta boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituen irailaren 1eko 169/2000 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean ezarritako betekizunak betetzen dituzten fundazioak. Erakunde horiek ezin izango dira lege horren lehenengo xedapen iragankorrean adierazitako kasuan sartuta egon.
Honako hauek ezin izango dituzte laguntza horiek jaso: toki-erakundeak, erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak, bai eta sektore publikoko beste erakunde batzuk ere, hala nola fundazio edo partzuergo publikoak.
Jarduteko gaitasun nahikoa izatea.
Ezin izango dituzte dirulaguntzak eskuratu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan onuradun izateko debeku-kausa gisa ezarritako gainerako kasuetako batean dauden pertsona fisiko edo juridikoek.
Dirulaguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridikoa krisian dagoen enpresatzat ez hartzea, Europako Batzordearen 2024ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. paragrafoan ezarritako definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
Erakunde eskatzaileak laguntza hau eman aurreko hiru urteetan 300.000 euro baino gehiago jaso ez izana minimis laguntzetan. Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresak laguntza jasotzeko legezko eskubidea duenean, aplikatu beharreko araubide juridiko nazionalaren arabera, minimis laguntzaren ordainketa-data edozein dela ere. Betekizun hori erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko da.
Halaber, ezingo dute dirulaguntzarik jaso, otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluaren arabera, LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu dutenek, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla eta debekurik ez dagoela egiaztatzeko, 2. Apartatuko e) paragrafoan ezarritakoa izan ezik, eskatzaileak egindako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
Dirulaguntza kudeatzen duen organoak edozein unetan eskatu ahal izango du erantzukizunpeko adierazpenean jasotako betebeharrak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko. Halaber, erakunde onuradunak emandako laguntza edo dirulaguntza osoa justifikatu arte gerta daitekeen edozein aldaketa jakinarazi beharko du.
Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada eta ez bada aurkezten, edo erantzukizunpeko adierazpena edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa ez bada aurkezten, ezin izango da diruz lagundutako jarduerarekin jarraitu gertaera horien berri izaten den unetik aurrera, hargatik eragotzi gabe gertatzen diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeari buruzkoa, beteko da, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan. Organo kudeatzaileak ofizioz eskatuko du inguruabar horiei buruzko informazioa, interesdunak aurka egin ezean.
oinarria. Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27., 42. eta 9.4.p) artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Bereziki, onuradunek betebehar hauek dituzte:
Emandako dirulaguntza onartzea, eta, horrekin batera, agindu honetan aipatutako baldintza eta arau guztiak. Dirulaguntza emango dela dioen jakinarazpena jasotzen den egunetik hamar egun naturaleko epean, ez bazaio espresuki eta idatziz uko egiten, onartzen duela ulertuko da.
Dirulaguntza zertarako eman den, horrexetarako erabiltzea.
Dirulaguntzaren xede diren jarduerak eskabidean hitzemandako egunean hastea; nolanahi ere, diruz lagundutako proiektuak 2026an hasi beharko dira, eta 2027ko ekainaren 30a baino lehen amaitu.
Oro har sortutako dokumentu, argitalpen, prentsa-komunikazio, liburuxka eta publizitate guztietan berariaz aipatzea gauzatutako jarduketak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak diruz lagundu dituela.
Kartelek, hedatzeko materialek eta publizitate-materialak, eta, bereziki, diruz lagundutako obrek, ibilgailuek edo ekipamenduek Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren logotipoak jaso beharko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera (https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/).
Proiektuen emaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren euskarri elektronikoen bitartez hedatzea. Hori dela eta, ingurumen informazioaren tratamendu eta entregari buruzko jarraibideen arabera aurkeztu beharko dira agiri guztiak, honako estekan zehaztu bezala: (http://www.euskadi.eus/informazioa/nola-bidali-informazioa-euskadiko-naturari-buruzko-informazio-sisteman-sartzeko/web01-s2ing/eu/). Proiektuan sortutako dokumentazioaz gain, onuradunek proiektuaren laburpena aurkeztu beharko dute.
Lortutako lehen mailako datu guztiak Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sisteman txertatu beharko dira, formatu normalizatuak erabiliz. https://www.euskadi.eus/informazioa/nola-bidali-informazioa-euskadiko-naturari-buruzko-informazio-sisteman-sartzeko/web01-a2nekaza/eu/
Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari lagatzea, dohainik eta ez modu esklusiboan, aurkeztutako dokumentuetan biltzen den informazio teknikoa eta grafikoa, sail horrek erabiltzeko eta bere informazio-sistemetan sartzeko, bai eta informazio hori hedatzeko edo argitaratzeko bibliografia-arloko, ikus-entzunezkoen arloko, informatika-arloko edozein baliabide edo formatutan edo teknika hori erabiltzea ahalbidetzen duen edozein baliabide eta formatutan, betiere jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuta, Jabetza intelektualari buruzko legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan adierazten den moduan, gaiari buruzko indarreko lege-xedapenak arautuz, azalduz eta bateratuz.
Aurkeztutako dokumentuen bertsio osoa entregatzea, eta uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 13. artikuluko salbuespenek eragin diezaieketen atalak zein diren adieraztea. Lege horren bidez, ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, parte hartze publikoa izateko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/35/EE zuzentarauak jasotzen ditu).
Era berean, dokumentuen bertsio laburtua emango da, non 13. artikuluko salbuespenek eragin diezaieketen alderdiak baztertuko baitira, jendaurrean jartzeko.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak hala erabakitzen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak antolatutako jardunaldietan parte hartzea, bai Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemaren erabilerari buruzko prestakuntza jasotzeko, bai diruz lagundutako jarduerekin lotutako emaitzak zabaltzeko edo esperientziak trukatzeko.
Dirulaguntza ematen duen organoak egin beharreko egiaztatze-jarduketen mende jartzea, eta onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunak betez, eskatzen dioten informazio guztia emateko betebeharra izatea, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.
Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan aurreikusitako moduan.
Beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, zuzendaritza kudeatzaileari idatziz jakinaraztea. Era berean, dirulaguntza eman aurreko hiru urteetan minimis erregimenari lotutako helburu bererako edo beste helburu baterako jasotako edozein laguntzaren berri eman beharko du. Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea entitate emaileari. Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta merkataritza-legeriak eskatutako baldintzetan behar bezala ikuskatutako gainerako dokumentuak izatea, eta jasotako dirulaguntzarako kontabilitate-sistema bereizia edo kontabilitate-kode egokia izatea.
Jasotako funtsak bost urtez erabili direla egiaztatzen duten agiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan daitezkeenean.
Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, bereziki, diruz lagundutako jardunarekin zerikusia duten argitalpen, iragarki eta publizitatean euskararen erabilera bermatzea.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari berreskuratzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari berreskuratzea.
oinarria. Diruz lagun daitezkeen gastuak eta gauzatzeko epea.
Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira eskabidean hitzartutako hasiera-datatik betiere 2026an diruz laguntzeko moduko jarduerak amaitu arte egindako gastu guztiak, betiere 2027ko ekainaren 30a baino lehen. Gastu horiek, zalantzarik gabe, diruz lagundutako proiektuak gauzatzeari erantzun behar diote, behar-beharrezkoak badira eta agindu honen 18. oinarrian ezarritako epean justifikatzen badira.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak zuzen baloratzeko, behar bezala egon beharko dute zehaztuta «Proiektuaren/azterketaren fitxa teknikoa» formularioan, bai eta proiektuaren jarduera bakoitzerako eta gastu mota bakoitzerako banakatuta ere.
Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragin dituzten eta diruz lagundu daitezkeen gastuek enpresari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
Jarraian zerrendatzen diren gastuak honako ehuneko hauetan lagunduko dira diruz:
Langileen gastuak: kontzeptu horretan sartu beharko dira azterketari edo proiektuari eskainitako lanorduen ondoriozko gastu guztiak.
Erakunde onuraduneko langileek sortutako gastuak soilik hartzen dira langileen gastutzat, izan plantillako langileak edo proiektua egiteko berariaz kontratatutakoak. Gastu horiek nominen eta lan-kontratuen bidez justifikatuko dira, edo fakturen bidez, langile autonomoen kasuan.
Langileen gastuak proiektuaren kostu osoaren % 50era arte lagundu ahal izango dira diruz, eta proiektuaren koordinazio- eta zuzendaritza-gastuak ezin izango dira emandako dirulaguntzaren % 10 baino handiagoak izan.
Inbertsioak: informatika-ekipamenduak edo beste aktibo finko batzuk erosteari dagozkien gastuak joko dira halakotzat.
Inbertsioak proiektuaren kostu osoaren % 20ra arte soilik lagundu ahal izango dira diruz.
Ez dute dirulaguntzarik jasoko dirulaguntzen programa honen azken 3 deialdietako batean jaso badute.
Gastu orokorrak: halakotzat hartuko dira erakunde onuradunaren egiturak proiektua gauzatzeko eragindakoak (telefonoa, elektrizitatea, posta, fotokopiak, etab.).
Gastu orokorrak proiektuaren kostu osoaren % 3ra arte soilik lagundu ahal izango dira diruz. Gastu horiek ez dute justifikaziorik behar.
Jardunaldi, mintegi, kongresu eta antzekoetara joatea: gehienez 600 euro emango dira.
Hedapen gastuak eta emaitzak aintzat hartzea: diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa ezin izango da emandako dirulaguntzaren % 5 baino handiagoa izan.
Beste gastu batzuk: halakotzat joko dira dietei eta lekualdatzeei dagozkienak, bai eta, beren izaera dela eta, a), b), c) eta d) apartatuetan justifikatu ezin direnak.
Mantenu- eta desplazamendu-gastuak diruz laguntzeko, ezinbestekoa izango da arrazoituta egotea eta landa-lanak egiteko behar-beharrezkoak izatea. Gastu horiek berariaz justifikatu beharko dira proiektuan, eta eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan dagokien partida ekonomikoa izan beharko dute.
Ez dira inola ere diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere. Kasu horretan, proiektuaren aurrekontuan zerga-oinarria baino ez da agertu beharko.
Diruz lagundu daitezkeen gastuei Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikulua aplikatuko zaie, diruz lagun daitezkeen gastuei buruzkoa.
Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak, eta, betiere, hirugarren batzuekin kontratatzea badakar, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obrarako, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, dituen ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago eskaintza horiek egin, eman edo hornitzen dituen nahikoa erakunderik, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.
Aurkeztutako eskaintzen artean egindako aukeraketa, justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskaeran aurkeztu beharko dena, efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, aukeraketa proposamen ekonomiko onuragarriena ez denean, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.
Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera eskaintza bat baino gehiago eskatzea nahitaezkoa izanik, eskaintza horiek ez badira aurkezten edo esleipena, justifikazio egokirik gabe, ekonomikoki mesedegarriena ez den eskaintza batean egin bada, organo emaileak ondasun edo zerbitzuaren peritu-tasazioa eskatu ahal izango du, eta onuradunaren kontura izango dira sortzen diren gastuak. Kasu horretan, dirulaguntza kalkulatzeko, bi balioetatik txikiena hartuko da erreferentziatzat: onuradunak aitortutakoa edo tasazioaren emaitza.
oinarria. Dirulaguntza eskaerak eta diruz lagun daitezkeen proiektuak aurkezteko mugak.
Hartzaileek gehienez bi proiektu aurkeztu ahal izango dituzte, eta helburu edo xede desberdinak izan beharko dituzte.
Bi proiektu baino gehiago aurkezten dituzten hartzaileei, balorazio-batzordeak Egoitza Elektronikoan aurkeztutako lehen bi eskaerak soilik baloratuko dizkie.
Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du dirulaguntza eskatu duen pertsonak ez duela beste dirulaguntzarik jasotzen deialdi honen proiektu bera edo haren zati bat edo batzuk egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren aurrekontu-zuzkiduren kontura.
oinarria. Laguntzen banakako zenbatekoak.
Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 8. oinarrian ezarritakoarekin bat onartutako aurrekontuaren % 80 izango da, eta, proiektu bakoitzerako, ezin izango du gainditu 25.000 euroko kopurua.
Onuradunei emandako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinek handitu egingo dute onuradunei emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta diruz lagundutako jarduerari berdin aplikatuko zaizkio.
oinarria. Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
Eskaerek aukera emango dute laguntza eskatzen duen organo kudeatzailea gainerako datu edo dokumentuak lortzearen edo egiaztatzearen aurka ager dadin, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.
oinarria. Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
Eskaerak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztu ahal izango dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1016209).
Helbide horretan eskuratu ahal izango da eskaera-orria, bai eta eskaerak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko informazioa ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak).
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/). Ordezkaritza-ahalmena eman behar bazaio beste pertsona bati, jardun dezan, ordezkaritza hori justifikatu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Eskaera egin osteko izapideak, zeinak bide elektronikoz egingo baitira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egin eta jakinaraziko dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
Eskatzaileak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzake eskaera eta dokumentazioa. Era berean, prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
Emandako datuak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira. Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/093300-capa1-eu.shtml
oinarria. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Entitate eskatzailearen ezaugarriak eta garatu nahi den jarduketa kontuan hartuta, eskaera guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
«Proiektuaren/azterlanaren fitxa teknikoa» inprimakia, aurrekontua barne hartzen duena (16. oinarriko balorazio-irizpideak behar bezala aplikatu ahal izateko behar besteko banakapen-mailarekin); hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/informacion/como-aportar-informacion-al-sistema-de-informacion-de-la-naturaleza-de-euskadi/web01-a2ingdib/es /
Formularioa betetzeko, biodibertsitateari buruzko ezagutza sortzeko proiektuak diseinatzeko gida eta horren egiaztatze-zerrenda ere erabili behar dira; hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/dokumentazioa/2019/biodibertsitateari-buruzko-ezagutza-sortzeko-proiektuak-diseinatzeko-gida/web01-a2ingdib/eu/
Proiektua espezie basatien jarraipen-programa bat bada, Espezieen jarraipen-programak diseinatzeko gidak adierazitakora egokitu beharko da (https://www.euskadi.eus/dokumentazioa/2021/espezieen-jarraipenerako-programak-diseinatzeko-gida/web01-a2ingdib/eu/), eta proiektuari aplikatutako egiaztatze-fitxa bete beharko da.
Proiektuak baimena behar duten jarduketak hartzen dituenean barnean, agintaritza eskudunak emandako baimen horren kopia.
Elkarteek edo bestelako erakundeek natura-ondarea babestearekin edo aztertzearekin lotutako esperientzietan izandako ibilbidea egiaztatzeko, dirulaguntzaren deialdiaren aurreko urteko jardunen memoria aurkeztu beharko da, erakundeak onartutakoa, eta sailak beharrezko diren agiri osagarriak eskatu ahal izango ditu, egoki iritziz gero.
Eskatzaileak onura publikoko elkartearen izaera juridikoa badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean aurreko ekitaldiko urteko kontuak eta ekitaldi horretan egindako jardueren memoria deskribatzailea aurkeztu izanaren egiaztagiria, ekitaldia amaitu eta hurrengo sei hilabeteko epean. Ez bada posible egiaztapen hori lortzea, interesdunari agiri bidez egiazta dezan eskatuko zaio, dagokion erregistroak emandako egiaztagiriaren bidez.
Eskatzaileak fundazioaren izaera juridikoa badu, azken urteetako kontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan aurkeztu izana egiaztatzen duen agiria; eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 33. artikuluan adierazten diren kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzan bere urteko kontuen kanpoko auditoretza-txostena aurkeztu izana egiaztatzen duen agiria. Ez bada posible egiaztapen hori lortzea, interesdunari agiri bidez egiazta dezan eskatuko zaio, dagokion erregistroak emandako egiaztagiriaren bidez.
Eskatzailea boluntariotzako erakunde bat den kasuetan, Boluntariotza Erakundeen Errolda Orokorrean izena eman izana egiaztatzea, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartu eta boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituen irailaren 1eko 169/2000 Dekretuan horren inguruan ezarritakoaren arabera. Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean izena emanda dagoela automatikoki egiaztatu ezin bada, alderdi hori agiri bidez egiaztatuko da, dagokion erregistroak emandako egiaztagiriaren bidez.
I. eranskinean agertzen den erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak sinatua.
Laguntza-eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
oinarria. Aurkeztutako eskaeretako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzaren eskaeran ez badira betetzen aurreko oinarrian eskatutako baldintzak edo aplikatzekoak diren lege espezifikoetan eskatutakoak, hamar egun balioduneko epe luzaezinean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak eransteko eskatuko zaio interesdunari, eta, era berean, jakinaraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, deialdia ebazteko organo eskudunak horretarako ebazpena eman ondoren.
Eskaera aurrez aurre aurkeztu bada, eskatzaileari zuzentzeko eskatuko zaio, elektronikoki aurkeztuta. Ondorio horietarako, elektronikoki aurkeztu den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.
Nolanahi ere, dirulaguntza kudeatzen duen organoak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo informazio osagarri guztia eskatu ahal izango dio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.
oinarria. Dirulaguntzak kudeatzeaz arduratuko den organoa.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Ingurumen Sailburuordetzako Natura Ondare eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
Organo kudeatzaileak ofizioz egingo ditu ebazpen-proposamena egiteko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak. Espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusita, ebazpen-proposamena egingo du.
Organo kudeatzaileak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, espedientean sartuko du onuradunei buruzko txostena, laguntzak jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunei buruzkoa.
oinarria. Balorazio-batzordea.
Aurkeztutako eskaerak aztertu, ebaluatu eta aukeratzeko, balorazio-batzordea osatuko da, eta honako kide hauek izango ditu:
Natura Ondare eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendaritzako hiru teknikari.
Proposamenak ebaluatzeko, natura-ondarearen kontserbazioan diharduten teknikari edo aditu batzuen iritzia jaso ahal izango da.
Eskaerak ebaluatu ondoren, oinarri honetan aipatzen den batzordeak txostena egin beharko du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.
Balorazio-batzordearen txostena agindu honen 17. oinarrian adierazitako esleipen-irizpideei jarraituz egingo da.
oinarria. Balorazio-irizpideak eta esleitzeko prozedura.
Agindu honetan jasotako dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluaren arabera.
Oinarri honetako 2. apartatuan ezarritako irizpideei jarraikiz eta oinarri honetako 3. apartatuan ezarritako puntu gehigarriak batu aurretik, ebaluazio-organoak egiten duen balorazio-fasean gutxienez 60 puntu lortzen dituzten proiektuak baino ez dira lagunduko diruz.
Eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuen lehentasunaren hurrenkerak ez du berekin ekarriko diruz lagundutako proiektu bakoitzarengatik jaso beharreko zenbatekoa handitzea. Irizpide hori soilik kontuan hartuko da baldin eta ez badago aurrekontu-zuzkidura nahikorik ebaluazio-fasean gutxieneko puntuazioa eskuratu duten aurkeztutako proiektu guztientzat. Hala gertatuz gero, lehenik eta behin, puntuazio handiena dutenak lagunduko dira diruz.
Aurkeztutako proiektuak honako irizpide hauen arabera baloratuko dira:
Azterketak eta lanak zer neurritan doitzen diren agindu honetako 1.1 oinarrian zerrendatutako gaietara; 40 puntu lortu ahalko dira, gehienez, honela banakatuta:
a apartatuko gaiak, gehienez 40 puntu.
b apartatuko gaiak, gehienez 25 puntu.
c apartatuko gaiak, gehienez 25 puntu.
b eta c apartatuetako gaiak honela lehenetsiko dira:
Kontserbazio-egoera desegokia-kaltegarria, kaltegarria-txarra edo ezezaguna, gehienez 25 puntu.
Klima-aldaketarekiko kalteberatasun-maila, dagoen bibliografiatik eta eskura dauden beste tresna batzuetatik abiatuta, gehienez 20 puntu.
Kontserbazio-egoera onuragarria, gehienez 10 puntu.
d apartatuko gaiak, gehienez 15 puntu.
Proposamenaren kalitate teknikoa, gehienez 35 puntu, honela banakatuta:
Proiektuaren fitxa teknikoarekiko doitze-maila, proposamenaren koherentzia eta zehaztasun-maila, gehienez 20 puntu.
Zer neurritan doitzen diren Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemaren parametro eta edukietara eta sortzea proposatzen diren entregagaien kopurua eta kalitatea (https://www.euskadi.eus/informazioa/nola-bidali-informazioa-euskadiko-naturari-buruzko-informazio-sisteman-sartzeko/web01-a2ingdib/eu/), gehienez 15 puntu.
Aurrekontua zer neurritan egokitzen den proiektuaren edo azterketaren ekintzetara eta gastuaren tipologiara, proiektu/azterketaren fitxa teknikoaren banakapenaren arabera, gehienez 20 puntu.
Azken 10 urteetan proposatutako azterketaren antzeko jardueretan parte hartu duten erakundeek eta pertsonek zer-nolako gaitasuna, esperientzia eta curriculuma duten, gehienez 20 puntu.
Proiektuak deialdi honetan dirulaguntza jaso dezaketen beste proiektu batzuekin duen koordinazio-maila edo horiekin koordinatzeko gaitasuna; edo dirulaguntzen programa honen azken 5 deialdien aurreko faseetan egin diren azterketa eta proiektuak garatzeko gaitasuna, gehienez 5 puntu.
Euskaraz egiten diren proiektuen eta horiei lotutako entregagaien balorazioa (gehienez 5 puntu) edo irabazi asmorik gabeko erakundeek egindakoenak (5 puntu), gehienez 10 puntu gehituko dira.
Hainbat proiektuk lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, agindu honetako a) apartatuan puntuaziorik handiena lortzen duenak hartuko du abantaila. Berdinketak jarraitzen badu, b) eta e) apartatuetan puntuazio altuena duen proiektuak izango du abantaila, hurrenkera horretan. Oraindik ere berdinketa hori badago, c) eta d) apartatuetan puntuaziorik handiena lortu duena izango da nagusi, hurrenkera horretan.
Onuradunek uko egiten badiote, proiektua gauzatzeko ordezko eskatzaileen zerrendako lehen pertsonari zuzenduko zaio proiektuari esleitutako zuzkidura ekonomikoa. Lehen ordezkoari emandako kopurua soberakina bada, kopuru hori bigarren ordezkoari esleituko zaio, eta horrela hurrenez hurren hurrengo ordezkoei.
oinarria. Prozeduraren ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua, eta publizitate- eta errekurtso-prozedura.
Balorazio-batzordeak emaitzen txostena bidaliko dio organo kudeatzaileari. Era berean, Natura Ondare eta Klima Aldaketara Egokitzeko Zuzendaritzak, espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, ebazpen-proposamen arrazoitua egingo du, eta espediente osoarekin batera, Ingurumeneko sailburuordeari bidaliko dio, behar den ebazpena eman dezan. Proposamen hori honela idatziko da:
Agindu honen 16. oinarrian ezarritako esleipen-irizpideetara eta aurrekontu-mugetara egokituta, ebazpen-proposamenak modu arrazoituan zehaztuko ditu dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak eta horien zenbatekoa, diruz lagundu ezin daitezkeen proiektuak, ukatutako eskabideak eta ukatzeko arrazoiak, bai eta ebazpena behar duen beste edozein inguruabar ere.
Ebazpen-proposamenak ordezkoen zerrenda ordenatua jasoko du, onuradunek uko egiten badiote ordezkoei esleitu ahal izateko. Ordezko eskatzaileei dagokienez, proiektuak identifikatuko dira eta dirulaguntzak izan dezakeen gehieneko zenbatekoa adieraziko da. Nolanahi ere, balorazio-fasean gutxieneko puntuazioa lortu arren zuzkidurarik ez izateagatik diruz lagundu ezin izan diren proiektuak bakarrik hartuko dira ordezkotzat.
Prozeduran, interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak baino ez direnez kontuan hartzen, ebazpen-proposamen hori behin betikoa izango da.
Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:
Diruz lagundutako proiektuak, erakunde onuraduna, finantzatutako proiektua, lortutako puntuazioa eta emandako zenbatekoa adierazita, urteka banakatuta; ondoren, ordezkapenen zerrenda, izaera hori jasota eta balorazio-fasean lortutako puntuazioaren beheranzko ordenari jarraituz ordenatuta, erakundea, proiektua eta gehieneko zenbatekoa adierazita.
Eskatutako laguntza eman ez zaien proiektuak, horretarako arrazoiak emanez.
Onartu ez diren eskabideak, ez onartzeko arrazoiak adierazita.
Deialdiaren oinarrietan ezarritako edukien erreprodukzio diren baldintzak eta betekizunak ebazpenean bertan behera utzi ahal izango dira, eta, horien ordez, deialdiaren eta haren oinarrien lotura jarri ahal izango da egoitza elektronikoarekin.
Ebazpena gehienez sei hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik aurrera.
Ebazpena ezarritako epeetan jakinarazten ez bada, eskaerei ezezkoa eman zaiela ulertu ahal izango da, administrazio-prozedurari buruzko araudian finkatutako administrazio-isiltasunaren ondorioetarako.
Jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» ren bidez egingo dira: (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
Laguntzak eskatzen dituztenei ebazpena jakinarazteaz gain, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten. Lehenik egin den jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
Aurreko paragrafoetan aipatzen den Ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, ekintza berariazkoa bada, eta balizko ekintza gertatzen den hurrengo egunean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
oinarria. Dirulaguntza justifikatzea.
Onuradunek 2027ko uztailaren 31 baino lehen justifikatu beharko dute diruz lagundutako ekintza.
Dirulaguntza justifikatzeko, onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute bitarteko elektronikoen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://euskadi.eus/micarpeta):
Diruz lagundutako ekintzak gauzatu direla azaltzen duen deskripzio-memoria. Han zehaztuko da zein diren jardueren ezaugarri nagusiak, zenbateraino bete diren jarduketaren helburuak eta zer entregagai sortu diren.
«Egikaritze-memoria» inprimakia.
Diruz lagundutako jarduketa edo proiektua gauzatzearen ondoriozko lanetatik ateratzen diren dokumentuak, materialak, kartografia eta datu-baseak, zeinak eman egin beharko baitira, «Ingurumenari buruzko informazioa tratatzeko eta emateko jarraibideak» atalean xedatutakoaren arabera, hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumenari-buruzko-informazioa-bidaltzeko-jarraibideak/web01-s2ing/eu/
Fakturak, ordainagiriak eta froga-balio baliokidea duen gainerako dokumentazioa, baliozkoak direnak merkataritzako trafiko juridikoan, edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.
Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, betiere zehaztuz, hala badagokio, beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla helburu bererako; horrez gain, eta hala badagokio, adieraziko da eskaera aurkeztu den diruz laguntzeko moduko programetan BEZa diruz lagundu daitekeen ala ez. «Proiektuaren balantze ekonomikoa eta gastuen justifikazioa» inprimakia.
Aurreko hiru urteetan emandako minimis erregimenari atxikitako helburu bereko edo desberdineko minimis laguntzen berri eman beharko da.
Natura Ondare eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendaritzak, aurkeztutako emaitzetan eta egiaztapenetan eta dokumentazioan oinarrituta, dirulaguntzaren likidazioa egingo du, Natura Ondare eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendaritza postua betetzen duen pertsonak emandako ebazpen baten bidez.
Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epeari dagokionez, erakunde onuradunaren borondateaz gaindiko arrazoiak daudenean, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude, erakunde horrek hasiera batean aurreikusitako epeak luzatzeko eskatu ahal izango du, justifikazio-epea amaitu baino gutxienez hilabete lehenago.
Ez da epeak luzatzeko kausa justifikatutzat joko onuradunak dagozkien kontratazio-prozedurak hasteko garaian berandutu izana, beharrezkoa izanda ere.
Epea luzatzeko, Ingurumeneko sailburuordeak horretarako ebazpen bat onetsi beharko du.
Egindako gastutzat hartuko da dirulaguntzaren oinarri arautzaileek zehaztutako justifikazio-aldia amaitu aurretik ordaindutakoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.2 artikuluaren arabera.
Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, frogatu egin beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa. Era berean, jasotako funtsek sorrarazten dituzten finantza-etekinak egiaztatu beharko dira, halakorik egonez gero.
oinarria. Dirulaguntza ordaintzeko modua.
Agindu honen kargura emandako dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:
Lehenengo ordainketa, emandako dirulaguntzaren % 38koa, 10 egun naturaleko epea igaro ondoren egingo da, deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena, gainerako zenbatekoagatik, 2027an egingo da, onuradunak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Ingurumen Sailburuordetzako Natura Ondare eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendaritzan aurkeztu ondoren diruz lagundutako jarduerak benetan egin direla eta horien kostua egiaztatzen duen dokumentazioa, bai eta sortutako dokumentazioa ere, aurreko oinarrian ezarritakoaren arabera.
Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin onuradunak ez baditu ordaindu zergen eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharrak, edo zorduna bada, dirulaguntza itzultzeko ebazpen bat dela medio.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro elektroniko egokian egon beharko du. Alta egiteko edo hirugarren interesdun gisa dagozkion datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak eskainitako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko du interesdunak, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
oinarria. Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake dirulaguntzaren organo emaileak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, betekizun hauek betetzen direnean:
Alderdi batek eskatuta egiten bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e) artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.
Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
Hirugarrenen eskubideei kalterik ez eragitea.
Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
oinarria. Ez-betetzeak eta itzultzeko prozedura.
Ez-betetzetzat joko dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotakoak.
Itzulketa-prozedura ofizioz hasiko da, laguntza eman duen organoaren erabakiz, bere ekimenez edo goragoko agindu baten ondorioz, beste organo batzuen eskaera arrazoituaren ondorioz edo salaketa baten ondorioz.
Itzulketa-prozedura hasteko erabakiak automatikoki etengo ditu ukitutako dirulaguntzari dagozkion ordaintzeke dauden zenbatekoen igorpenak.
Prozedura izapidetzean, interesdunak entzunaldirako duen eskubidea bermatuko da.
Itzultzeko prozeduraren ebazpena jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakiaren egunetik aurrera. Hala ere, epe hori igarotzea eten ahal izango da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan jasotako ebazpen arrazoituaren bidez.
Epea berariazko ebazpenik jakinarazi gabe amaitzen bada, prozedura iraungi egingo da, eta itzulketa-prozedura ebazteko eskumena duen organoak jarduketak iraungi eta artxibatu direla adierazi beharko du.
Baldin eta onuradunak erabat betetzera nabarmen hurbiltzen bada eta egiaztatzen badu dirulaguntza onartzean hartutako konpromisoak betetzera bideratutako jarduera bat egin duela, ez da kobratzeko eskubidea erabat galduko, eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko da; aitzitik, dirulaguntzaren zati bat ordaintzeko eskubidea deklaratuko da, eta, hala badagokio, zati bat itzuli beharko da, jarduera osorik gauzatzearen proportzioaren arabera kalkulatuta.
Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partziala bat etorriko da emandako dirulaguntzaren benetako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde emaileak onartu ondoren.
Laguntza justifikatzeko erabilitako dokumentuen azterketa teknikotik ondorioztatuko da neurri batean betetzen dela. Era berean, emandako laguntza hura kalkulatzeko kontuan hartutako irizpideei behar bezala aplikatzeak ere zehaztuko du zati bat itzultzea.
Era berean, dirulaguntza honen xede den jardueraren kostuaren gainean lortutako gaindikina itzuli beharko da, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, 3. oinarrian adierazitakoaren arabera, ezar daitezkeen zehapenei kalterik egin gabe, eta eska daitezkeen kalte-galerengatiko kalte-ordainei eta, hala badagokio, erantzukizun penalari kalterik egin gabe. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako.