Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2026ko irailaren 30ekoa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, 2026ko «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariaren» oinarriak onartu eta deialdia ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 191
- Hurrenkera-zk.: 4129
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/09/30
- Argitaratze-data: 2026/10/06
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola
- Azpigaia: ---
Testu legala
Adinekoen inguruneen lagunkoitasun-mugimendua Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sustatu zuen 2005ean, Rio de Janeiroko Gerontologiako XVIII. Mundu Biltzarrean, Age-Friendly Cities izenarekin, eta munduko biztanleriaren bi joera bereizgarrietan oinarritzen da: zahartze demografikoa eta urbanizazio-prozesua. Zahartze Aktiboaren paradigmaren barruan dagoen teorian oinarritzen da. Paradigma hori 2002. urtean honela definitu zen: osasun-, partaidetza- eta segurtasun-aukerak optimizatzeko prozesua, pertsonak zahartu ahala bizi-kalitatea hobetzeko.
OMEren arabera, ingurune adiskidetsu batek bizitza independentea, zahartze aktiboa eta autonomia pertsonala bultzatzen ditu, osasun-, partaidetza- eta segurtasun-aukerak optimizatuz, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Adinekoekin lagunkoia den udalerritzat jotzen da zahartze aktiboa sustatzen duen hiri-ingurune integratzaile eta irisgarria. Udalerri adiskidetsu batek bere egiturak eta zerbitzuak berrantolatzen ditu, pertsona guztiei kalitate, segurtasun eta erosotasun ezin hobea eskaintzeko, haien gaitasunak edozein direla ere, eta, horrela, gizarte-bizitzaren eremu guztietan parte hartzea sustatzen du.
Esparru horren barruan sortu zen «Euskadi Lagunkoia Berria» proiektua. Ekimen horrek herritarren eta sektore publiko, pribatu eta sozialaren parte-hartzea sustatzen du, Euskadin lagunkoitasun-mugimendu bat garatzeko, zahartzen ari diren pertsonentzako bizi-ingurune erraztaileak sustatzeko helburuz.
Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariaren helburua da, adinekoentzako ingurune erraztaileak sortzeko orduan, berrikuntzagatik eta eraginkortasunagatik nabarmentzen diren jardunbide egokiei balioa ematea.
Orain arte, sari hori urriaren 3ko 145/2023 Dekretua oinarritzat hartuta eman da, zeina dirulaguntzen araubide juridikoaren arabera eman baitzen, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen aurretik. Euskadiko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea indarrean jartzeak 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua indargabetzea ekarri du, eta esparru horretan oinarritzen zen aurreko araudia. 20/2023 Legearen azken xedapenetako lehenengoak ezartzen du nahitaezkoa dela dirulaguntzen oinarri arautzaileak lege-esparru berrira egokitzea halakotzat jotzen dira sariak, hala nola, Jardunbide Egokien Saria, 145/2023 Dekretuaren arabera , araubide juridiko berrira.
Orain arte Jardunbide Egokien Saria arautu duen 145/2023 Dekretua aztertuta, 20/2023 Legearen azken xedapenetako lehenengoa aplikatzearen ondorioz indargabetuta geratu dela ondorioztatu da. Inguruabar horren aurrean, eta kontuan hartuta jardunbide egokien saria oraindik ere ekimen aipagarritzat jotzen dela Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari dagozkion adinekoei laguntzeko politika publikoen esparruan, ezinbestekotzat jo da sari horren jarraipen-ildoari eustea, 2026an behintzat deialdiarekin jarraitzeko, agindu honen bidez onartzen diren oinarrien arabera.
Agindu honen xedea da, beraz, oinarri arautzaile berriak onartzea eta, aldi berean, sariaren ediziorako deialdia egitea 2026ko ekitaldi honetarako, aurreko edizioetan sari horietarako egin den deialdiaren baldintzei ahal den neurrian eutsiz. Diseinu berri horretan, besteak beste, zeharka txertatzen dira arauak eskatzen dituen genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala eta hizkuntza-irizpideak.
Deialdi hau Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Plan hori otsailaren 21eko Aginduaren bidez onartu zen, eta 2026ko ekitaldian eguneratu, 2026ko urtarrilaren 27ko Aginduaren bidez. Plan horretan berariaz aurreikusita dago Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sarien deialdia, 3. helburu estrategikoaren barruan: «Lagunkoitasunaren eremuan adineko pertsonei laguntzeko inguruneak garatzean berrikuntzagatik eta eraginkortasunagatik nabarmentzen diren praktikak egiten dituzten entitate publiko eta pribatuak jendaurrean aintzatestea».
Bestalde, sariaren oinarriak eta deialdia ezartzeko, xede horretarako aurrekontu-zuzkidura dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko Aurrekontu Orokorretan. Aurrekontu horiek abenduaren 23ko 7/2025 Legearen bidez onartu ziren.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila da gaiaren arabera eskumena duena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko, 18/2024 Dekretuaren 15. Artikuluan, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 12. artikuluan esleitutako eskumenen arabera.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 3.2.b) artikuluak, dirulaguntzaren kontzeptuari buruzkoak, ezartzen du halakotzat hartuko direla sariak, onuradunak aldez aurretik eskatu gabe ematen direnak izan ezik. Saria eskuratu ahal izateko baldintza denez saria eskuratu nahi duenak aldez aurretik eskatzea, sariaren erregulazioa, beraz, aipatutako legearen mende geratzen da.
Ondorioz, deialdi honek dirulaguntzen izaera eta irismen berdina du. Publikotasunaren, gardentasunaren, lehiaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioak bete behar ditu, 20/2023 Legearen 7.2.a) artikuluaren arabera.
Era berean, sari horien kasu zehatzean, lehiazko konkurrentzia-araubidean emateko prozedura orokorrera jotzeko baldintzak betetzen dira. Prozedura horrek zehazten du saria emateko proposamena kide anitzeko organo batek egin behar duela, 20/2023 Legearen 19. artikuluaren arabera.
Kudeaketari buruzko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren arabera, sariaren organo kudeatzailea ezingo da bat etorri ebazteko eskumena duenarekin. Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko zuzendaria izango da sariaren organo kudeatzailea, epaimahaiak aplikatutako irizpidean oinarrituta egingo du ebazpen-proposamena, Ongizate sailburuordeak ebatziko du.
Horrenbestez, honako hau
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Datu pertsonalen tratamendua.
Sari honen kudeaketarekin lotutako datu pertsonalen tratamenduak honako hauetan ezarritakoa bete beharko du: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.
Arduraduna: Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritza.
Helburua: «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak: ez da aurreikusten daturik komunikatzea.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/160500-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?)uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Aplikatu beharreko araudia.
Berariaz aurreikusi ez den eta bere izaeraren arabera bidezkoa den guztian, sari hau Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudian xedatutakoaren mende egongo da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 30a.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
Lehenengoa. Xedea.
Deialdi honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan diharduten erakunde publiko eta pribatuak publikoki aitortzea da, adinekoentzako ingurune erraztaileak sortzeko orduan eta lagunkoitasunari dagokionez, berrikuntzagatik eta eraginkortasunagatik nabarmentzen diren praktikak garatzen dituztenean, «Adinekoentzako Lagunkoitasunean Jardunbide Egokien Saria» emanez.
Adierazitako ondorioetarako, lagunkoitasuntzat jotzen da hiri-ingurune integratu eta irisgarri bat eratzen saiatzen den faktorea, zahartze aktiboa sustatzen duena, adineko pertsona guztien osasun-, partaidetza- eta segurtasun-aukerak optimizatuz eta bizitza sozialeko eremu guztietan parte hartzea erraztuz.
Bigarrena. Saria.
Saria emango zaio, ezarritako irizpideen arabera, balorazio onena lortzen duen praktikari, baldin eta, adinekoentzako ingurune erraztaileak sortzean, lagunkoitasunari dagokionez, duen berrikuntza eta eraginkortasunagatik nabarmentzen bada. Saria 3.000 euro ematean datza.
Era berean, saritutako praktika eta oinarri hauetan ezarritako adinekoentzako lagunkoitasuneko jardunbide egokien baldintzak betetzen dituzten eta saria jaso ahal izateko gutxieneko puntuazioa lortu duten gainerako hautagaitzak «Euskadi Lagunkoia Berria» atariko Jardunbide Egokien Katalogoan sartuko dira, eta atari horri buruzko webgunean zabalduko dira. Horrez gain, ohorezko aipamena jaso ahal izango dute saritutako hautagaitzaren ondorengo puntuazioa lortzeagatik epaimahaiaren iritziz merezi duten praktikek. Ohorezko aipamena aukerakoa izango da epaimahaiarentzat, eta ez du diru-zenbatekorik ekarriko. Hala, «Euskadi Lagunkoia Berria» atarian nabarmendu ahal izango da.
Hirugarrena. Praktikek bete beharreko baldintzak.
Hautagaitzak adinekoekiko lagunkoitasuneko jardunbide egokitzat jotzen diren jarduketei buruzkoak izan beharko dira. Zentzu honetan, adinekoekiko lagunkoitasuneko jarduketatzat joko dira, hasi diren data edozein dela ere, 2026an egin diren eta, eskabidea aurkezteko datan, artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten ekimenak, esperientziak eta esku-hartzeak.
Bizi-ingurune erraztaileak lortu behar dituzte esku-hartze arlo hauetakoren batean edo batzuetan:
Aire zabaleko guneak eta eraikinak.
Garraioa.
Etxebizitza.
Parte-hartzea eta gizarte-sarea.
Errespetua eta inklusioa.
Herritarren parte-hartzea eta enplegua.
Komunikazioa eta informazioa.
Gizarte- eta osasun-zerbitzuak.
Gainera, jarduketa horiek «Management of Social Transformation» (2003) programaren esparruan Unescok ezarritako irizpide hauetakoren bat bete behar dute:
Berrikuntza: irtenbide berriak edo sortzaileak garatzea.
Eraginkortasuna: hobekuntzan eragin positiboa eta nabarmena duela frogatzea.
Jasangarritasuna: eskakizun sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak direla-eta, denboran zehar iraun dezake eta ondorio iraunkorrak izan ditzake.
Erreplikagarritasuna: beste leku batzuetan politikak, ekimenak eta jarduerak garatzeko eredu izatea.
2026ko «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariak» izango duen erreferentziazko gaitzat joko da «Komunitatean topaguneak indartzea».
Zuzenean bat ez datozen edo gaiarekin bateratasun-maila handia ez duten eskabideak saritik kanpo geratuko dira.
Laugarrena. Erakunde onuradun izateko betekizunak.
Eskabidea aurkezten duten egunean eta saria ordaintzen den unera arte, erakunde eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko, abenduaren 21eko, 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan onuradun edo erakunde laguntzaile izateko ezartzen diren debekuei dagokienez:
Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo bidez kondenatua ez izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartu badu, esku-hartze judizialaren mende ez egotea eta Konkurtsoari buruzko, uztailaren 9ko, 22/2003 Legearen arabera, desgaituta ez egotea, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-epea amaitu egon gabe.
Errudun deklaratuak izan diren arrazoi baten ondorioz, Administrazioarekin izenpetutako edozein kontraturen ebazpen irmorik eragin ez izana.
Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, ez egotea abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko kasuren batean, eta ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren, ekainaren 19ko, 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat.
Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, erregelamendu bidez zehazten den moduan.
Erregelamendu bidez zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea egoitza fiskala.
Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea, erregelamendu bidez zehazten denarekin bat etorriz.
Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez izana lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera, eta sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalik jaso ez izana, dagokion zehapenean ezarritako epean.
Estatuko araudiak berdintasun-plan bat indarrean izateko ezarritako betebeharra ez urratzea, erakundea horretara behartuta badago, eta, 50 langiletik gorako enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzeko betebeharra ez urratzea.
Ez izatea zehapenik Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren, abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta dagozkion neurri zuzentzaileak bete eta zehapena ordaindu arte.
Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzea, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatzea.
Ez zaie inolako dirulaguntza, baliabide edo funts publikorik emango, ez zuzenean ez zeharka, LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen duten pertsona fisiko edo juridikoei, publikoei, pribatuei edo finantzaketa mistokoei, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko, otsailaren 28ko, 4/2023 Legearen 82. artikuluaren arabera.
Aurreko 1. eta 2. ataletan xedatutakoa aplikatuko zaie, era berean, erakunde eta enpresei, baldin eta, zuzentzen dituzten pertsonak edo beste inguruabar batzuk direla-eta, atal horietan eskatutako baldintzaren bat bete ez zuten beste erakunde eta enpresa batzuen jarraipentzat edo horietatik, eraldaketaz, bat-egiteaz edo oinordetzaz, eratorritzat jo daitezkeen erakunde eta enpresei, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen, Dirulaguntzen Araubidea Arautzen duenaren 13.3 artikuluari jarraikiz.
Elkarte izaera duten erakunde eskatzaileek, gainera, betekizun hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko, abenduaren 21eko, 20/2023 Legearen 13.4 artikuluaren arabera:
Elkartzeko Eskubidea arautzen duen, martxoaren 22ko, 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. ataletan aurreikusitako debeku-arrazoietan sartuta ez egotea.
Ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak egoteagatik inskribatzeko administrazio-prozedura etenda ez izatea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, harik eta ebazpen judizial irmoa eman eta dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion arte.
Fundazio-izaera duten erakunde eskatzaileek, gainera, honako betekizun hauek bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko, ekainaren 2ko, 9/2016 Legearen arabera:
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan urteko kontuak aurkezteko betebeharra egunean izatea, 9/2016 Legearen 31. eta 32. artikuluen arabera.
Estatutuak 9/2016 Legean aurreikusitakora egokituta edukitzea, lehenengo xedapen iragankorrean ezarritako epearen barruan.
Kanpoan geratuko dira organo kudeatzaileak egiaztatzen dituen hautagaitza guztiak, baldin eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren finantzaketa badute 2026an. 2026ko ekitaldi honetan dirulaguntza izenduna duten proiektu guztiek finantzaketa dutela ulertuko da, dirulaguntza izendunaren izapidetze-egoera edozein dela ere, bai eta sailaren beraren deialdien kargura onartutako dirulaguntza dutenek ere.
Bosgarrena. Sariaren kudeaketa.
Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzak kudeatuko du saria.
Seigarrena. Hautagaitzak aurkeztea.
«Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sarirako» hautagaitza aurkeztu ahal izango dute erakunde interesdunek. Ondorio horietarako, Euskal Sektore Publikoaren, maiatzaren 12ko, 3/2022 Legearen 4. artikuluan definitutako moduan euskal sektore publikoa osatzen duten erakundeek igortzen dituztenak onartuko dira, baita jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten pertsona juridiko pribatuak ere. Jarduera nagusi horren garapentzat hartuko dira azken hiru ekitaldietako batean erreferentziazko gaiaren eremuan egoitza, sukurtsala edo jarduera egiaztagarriak dituztenak.
Zazpigarrena. Hautagaitzak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Izapideak elektronikoki baino ez dira egingo, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1089406
Espedientera sartzeko eta eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Zortzigarrena. Hautagai-zerrendak eta aurkeztu beharreko agiriak
Hautagaitza eskabide elektronikoaren inprimakian bete beharko da, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo den eskuragarri: http://www.euskadi.eus/servicios/1089406
Eskabidearekin batera, praktikak bete beharreko baldintzei buruzko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
Erakundearen legezko ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa, baldin eta eskaera sinatzen duen pertsona ez badago erakunde eskatzailearen ordezkari gisa inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan. Helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Azalpen-memoria bat, saria lortu nahi duen praktikaren ezaugarriei eta xehetasunei buruzkoa, eta memoria horretan jasotako informazioa egiazkoa dela egiaztatzeko behar diren edo epaimahaiak saria lortzeko baloratu behar dituela uste duen beste edozein dokumentu.
Bete beharreko memoriaren eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: http://www.euskadi.eus/servicios/1089406
Azken hiru ekitaldietako batean egoitza edo sukurtsal bidez ezarri izana edo erreferentziazko gaiaren eremuan egiaztatzeko moduko jarduerak egin izana egiaztatzen duen dokumentazioa.
Erakunde onuradun izateko betekizunak egiaztatzeko dokumentazioa.
Laugarren oinarrian ezarritako betekizunak atal honetan zerrendatutako dokumentazioaren bidez egiaztatuko dira.
Nolanahi ere, erakunde eskatzaileak eskubidea du administrazio jardulearen esku dauden edo edozein administrazio publikok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko.
Erakunde interesdunak berariaz aurka egiten ez badu, eskabidean bertan adierazita, organo kudeatzaileak elkarreragingarritasun bidez kontsultatuko du jarraian adierazten diren baldintzak betetzen diren, hargatik eragotzi gabe, aurka eginez gero, entitateak berak dagokion dokumentazioa aurkeztea:
a) eta h) letretako betekizuna azken hori zigor-alderdiari dagokionez : aurrekari penalen ziurtagiria.
e) letrako betekizuna: zerga-organoek eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako baldintzetan (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
f) letrako betekizuna: zerga-egoitzaren ziurtagiria, ogasun eskudunak emana.
i) letrako betekizuna, berdintasun-planari dagokionez: Gizarte Segurantzan alta emanda dauden langileen txostena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana.
k) letrako betekizuna, behartutako erakundeei dagokienez, aurreko d) letran adierazitako Gizarte Segurantzan alta emanda dauden langileen (ITA) txostenaren arabera.
Erakundeak 50 langile baino gehiago baditu, laugarren oinarriko i) letran aipatzen diren sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri izana egiaztatzen duen dokumentazioa erantsi beharko dio eskaerari, eta ez da aplikatuko aurreko atalean aurreikusitako elkarreragingarritasun-mekanismoa.
Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatzea, erregistro publikoak kontsultatuz. Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du, dagozkion erregistro publikoak zuzenean kontsultatuz, entitate interesdunari dokumentaziorik eskatu beharrik gabe eta haren aurkakotasuna edo aurkakotasun espresurik egon gabe:
Laugarren oinarriko b) letrako betekizuna, Konkurtsoen Erregistro Publikoari kontsulta eginez.
Erakundeak 50 langile baino gehiago dituenean, i) letrako betekizunari dagokionez berdintasun-plana erregistratuta eta indarrean badu, Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan eta Gordailuan kontsulta eginez (REGCON).
Erakunde eskatzailea fundazio bat denean, laugarren oinarriko 5. apartatuan aurreikusitako betekizunak betetzen dituela, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari kontsulta eginda.
Erantzukizunpeko adierazpena. Eskabideak, inprimaki normalizatuan, erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena jasoko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.9 artikuluaren esparruan laugarren oinarriko betekizun hauek betetzeari buruzkoa, hargatik eragotzi gabe organo kudeatzaileak edozein unetan eskatzeko duen ahalmena egiazkotasuna egiaztatzeko:
c) letrako betekizuna.
d) letrako betekizuna.
g) letrako betekizuna, 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluaren arabera.
h) letrako betekizuna, alderdi administratiboari dagokionez.
j) letrako betekizuna.
Laugarren oinarriaren 3. apartatuan aurreikusitako egoera.
Laugarren oinarriaren 4. apartatuan aurreikusitako inguruabarrak, erakunde eskatzailea elkarte bat denean.
Laugarren oinarriaren 2. apartatuan aurreikusitako betekizuna.
Bederatzigarrena. Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Eskabideak agindu honetako betekizunak betetzen ez baditu, osatu gabea edo akastuna bada, erakunde interesdunari jakinaraziko zaio hamar eguneko epea duela akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.
Hamargarrena. Epaimahaia.
Saria merezi duen hautagaitza ebaluatzeko eta aukeratzeko, epaimahai bat eratuko da, saria emateko txosten bat egingo duena. Hauek osatuko dute epaimahaia:
Epaimahaiburutza: Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako Organoko zuzendaria, Lide Amilibia Bergaretxe. Ordezkoa: Marian Olabarrieta Ibarrondo, Eusko Jaurlaritzako Bizitza Osorako Laguntzen zuzendaria.
Epaimahaikideak:
Antonio Campos Illaramendi, Helduak Adi! Adinekoen Partaidetzarako Plan Integralaren aldeko Euskadiko Gizarte Sarea Elkartearen ordezkari gisa. Ordezkoa: Lurdes Lope Gorrotxategi.
Asociación Seniors para la cooperación técnica Secot elkartearen ordezkaritzan, Jose Luis Agirre Etxebarria. Ordezkoa: Jorge García Cámara.
Gipuzkoako «Agijupens» Erretiratu eta pentsiodunen Gizarte Zentroen Gipuzkoako Federazioaren ordezkaritzan, Kiko Martinez Guirao. Ordezkoa: José Ramón Eguren.
«Las Cuatro Torres» Arabako Pentsiodun, Erretiratu eta Alargunen Probintzia Elkartearen ordezkaritzan, Luis Carlos Marías Calvo. Ordezkoa: M.ª del Coro Calle Alonso.
Lares Euskadi ordezkatuz, Celia Gómez Poveda. Ordezkoa: Aintzane Uriguen Arana.
Matia Gerontologia Institutua Fundazioaren (INGEMA) ordezkari gisa, Erkuden Aldaz. Ordezkoa: Ainhoa Arrillaga.
EGK- Euskadiko Gazteriaren Kontseilua ordezkatuz, Iratxe Uriarte Eiguren. Ordezkoa: Aitor Calvo Gonzalez.
Marije Goikoetxea, Deustuko Unibertsitatearen ordezkari gisa (Osasun Zientzien Fakultatea). Ordezkoa: Brígida Argote Martinez de Lagrán.
Idazkaria: Nerea Cambra Becerril, Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa: Maria Olarizu Ruiz de Escudero, Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzako talde teknikoko kidea.
Epaimahaikideek ordainsaririk jaso gabe egingo dute lan. Jasotako eskaerak ikusita, interes-gatazkarik ezaren adierazpen bat sinatu beharko dute, eta, era berean, oro har ezarritako abstentzio- eta errekusazio-kausen mende egongo dira.
Epaimahaiko kide bakoitzak balio bereko boto bat izango du, eta erabakiak emandako botoen gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, presidenteak kalitatezko botoa izango du berdinketa hausteko. Organoa balio osoz eratzeko, hau da, bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izango da batzordeburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta, gutxienez, kideen erdiak bertan egotea.
Hamaikagarrena. Balorazio-irizpideak.
Saria emateko proposamena egiteko, epaimahaiak honako irizpide hauen arabera baloratuko ditu hautagaiak, eta gehienez 90 puntu eman ahal izango dizkio.
Izaera berritzailea: 30 puntu.
1. Lagunkoitasunari heltzeko orduan aurrerapenak eta hobekuntzak ekarriko dituzten ekintza eta metodologia berriak edo sortzaileak garatzea (10 puntu).
2. Transferigarritasuna: hedatzeko edo erantzuteko aukera (10 puntu).
3. Herritarrek diseinuan, ebaluazioan eta ezarpenean parte har dezaten sustatzea (10 puntu).
Proiektuaren kaudimena eta kalitate teknikoa: 25 puntu.
1. Diagnostikoa: ekimenak edo proiektuak identifikatutako premia bati erantzuten dio, hasierako ebaluazio arretatsu baten eta helburu zehatz eta errealista baten emaitza gisa (10 puntu).
2. Ebidentzian oinarritutako metodologia (5 puntu).
3. Jasangarritasuna: denboran zehar iraun dezake, eta ondorio iraunkorrak izan, etorkizunerako jarduketa-proiektuen bidez (10 puntu).
Proiektuaren ebaluazio orokorra (20 puntu).
1. Ebaluazio- eta jarraipen-sistema (10 puntu).
2. Helburuen lorpena eta lortutako emaitzak (10 puntu).
Proiektuaren plangintzan, garapenean eta ebaluazioan genero-ikuspegia txertatzea (8 puntu).
Aurkeztutako praktika diseinatzean, gauzatzean eta ebaluatzean, emakumeen eta gizonen egoera, baldintza eta premia desberdinak sistematikoki kontuan hartzea baloratuko da, bai eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatzeko eta bien arteko berdintasuna sustatzeko jarduketa espezifikoak ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.3 artikuluarekin bat etorriz.
Ikuspegi intersekzionalaren integrazioa: kolektibo minorizatuei arreta ematea (5 puntu).
Kolektibo minorizatuen premiei erantzuteko eta kolektibo horiek aurkeztutako praktikan sartzea eta parte hartzea sustatzeko jarduketa espezifikoak baloratuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.3 artikuluaren arabera.
Euskararen erabilera eta sustapena (2 puntu).
Aurkeztutako praktikaren garapenean, hedapenean edo materialetan euskararen erabilera baloratuko da, bai eta hizkuntza-normalizazioa sustatzeko jarduketak ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.e) eta 7.5 artikuluekin eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat etorriz.
Saria jaso ahal izateko, gutxienez 60 puntu lortu beharko dira.
Saria puntuaziorik handiena lortzen duen hautagaitzari emango zaio.
Bigarren puntuaziorik handiena lortzen duen hautagaitzak ohorezko aipamen bat jaso ahal izango du, baldin eta epaimahaiak hala irizten badio eta saria banatzeko txostenean horretarako jasota uzten badu. Ohorezko aipamenak ez dakar diru-kopururik.
Hamabigarrena. Sariaren epaitza.
Epaimahaiak, ezarritako balorazio-irizpideen arabera, txosten bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza jasotzeko. Proposamen horretan, emandako puntuazioen arrazoiak zehaztuko dira, dagozkion ondorio formaletarako.
Organo kudeatzaileak, halaber, saria lortzeko baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, txostena eta dagokion ebazpen-proposamena egingo du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Ebazpen-proposamena aztertu ondoren, saria emateko edo deialdia hutsik uzteko ebazpena emango du Ongizate sailburuordeak. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta interesdunei jakinaraziko zaie noiz argitaratu den, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Deialdia hutsik geratuko da honako kasu hauetan:
Hautagaitzetako batek ere ez baditu betetzen agindu honetan jardunbide egokitzat hartzeko ezarritako baldintzak, hirugarren oinarrian zehaztutakoaren arabera.
Hautagai bakar batek ere ez duenean lortu saria eskuratzeko hamaikagarren oinarriko bigarren atalean ezarritako gutxieneko puntuazioa.
Kasu horietan, epaimahaiak inguruabar hori jasoko du bere txostenean, eta organo kudeatzaileari dagokio deialdia hutsik uzteko ebazpen-proposamena egitea.
Dirulaguntza emateko edo esleitu gabe uzteko ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, urteko deialdi-agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, eskabideak isiltasun negatiboaren bidez ezetsi direla ulertu ahal izango da, hargatik eragotzi gabe berariazko ebazpena eman beharra, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen, urriaren 1eko, 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera.
Sailburuordeak dirulaguntza emateko edo deialdia hutsik uzteko emandako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraz, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen, urriaren 1eko, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Saritutako erakundeak, saria onartu ondoren, konpromisoa hartzen du saritutako ekimenarekin lotuta aurrerantzean egingo dituen publizitate- edo informazio-euskarrietan «Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak emandako 2026ko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariarekin saritutako ekimena» aipamena euskaraz eta gaztelaniaz jartzeko.
Hamahirugarrena. Saria onartzea.
Sariaren ebazpena argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, saritutako erakundeak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, saria onartutzat joko da.
Hamalaugarrena. Saria ematea.
Saria ekitaldi publikoan emango da, eta erakunde sarituari jakinaraziko zaio noiz emango den.
Saritutako erakundeak, sarian parte hartzean, saria emateko ekitaldi publikoan aurkeztutako praktikaren xehetasunak labur-labur azaltzeko konpromisoa hartzen du. Sariaren zuzkidura ekonomikoa banku-transferentzia bidez ordainduko da, eta, horretarako, interesdunak aldez aurretik kontu egiaztatu bat izan beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Hirugarrenen Erregistroan, hargatik eragotzi gabe dirulaguntza publikoak jasotzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzea aldez aurretik, indarrean dagoen lege-esparruaren arabera. Administrazioak zuzenean egiaztatuko ditu eskura dauden betekizun elkarreragingarriak, salbu eta interesdunak aurka egiten badu; kasu horretan, zuzenean eta bere kabuz aurkeztu beharko ditu, hamar eguneko epean, sariaren epaitza argitaratzen denetik aurrera. Era berean, sari hori jasotzeko beharrezkoak diren beste baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, eta Administrazioak jakinaraziko ditu. Epe hori igaro eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu ez badu, ulertuko da erakunde onuradunak sariari uko egin diola ondorio guztietarako, eta saria bigarren hautagaiari eman ahal izango zaio. Kasu horretan eta ohorezko aipamenik egin bada, hurrengo hautagaitzara eraman ahal izango da. Hori guztia behar adina aldiz, oinarri honetan aurreikusitakoa betetzen ez bada.
Hamabosgarrena. Erakunde onuradunaren betebeharrak eta saria itzultzea.
Erakunde onuraduna organo kudeatzaileari edo emaileari dagozkion egiaztapen-jarduketen mende egongo da, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren eta, hala badagokio, beste organo eskudun batzuen kontrol-jarduketen mende ere, eta eginkizun horiek behar bezala betetzeko behar den informazioa eta dokumentazioa eman beharko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 14. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Saria itzuli egin beharko da, baldin eta egiaztatzen bada saria ematea eragin zuten egitateak faltsuak direla eta aurreko paragrafoan adierazitako betebeharrak betetzen ez direla.
Hamabigarren oinarriaren zazpigarren apartatuan jasotako konpromisoa, «Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak emandako 2026ko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariarekin saritutako ekimena» euskaraz eta gaztelaniaz aipatzeari buruzkoa, betetzen ez bada, saria itzuli beharko da.
Sariaren zenbatekoa itzuli behar dela iritziz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21ek 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoan ezarritakoaren arabera jokatu beharko da.