Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2026ko abuztuaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, hezkuntza ituna duten ikastetxe pribatuentzako dirulaguntza deialdia egiten duena, 2026-2027 ikasturtean ikastetxeko Hizkuntzen Kudeaketa Proiektua garatzen laguntzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 170
  • Hurrenkera-zk.: 3822
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2026/08/27
  • Argitaratze-data: 2026/09/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Hizkuntza Proiektuaren motorra ikastetxea bera da, eta hizkuntza kudeatzaileak edo hizkuntza arduradunak bideratuko du proiektua.

Ikastetxe guztiek duten «Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua egiteko Gida» dokumentuak jasotzen ditu proiektu horiek garatzeko definizio eta jarraibideak.

Hizkuntza Proiektuen helburu estrategikoak dira ikasleen konpetentzia komunikatiboa garatzea, eleaniztasuna sustatzea, euskararen ikaskuntza zein erabilera indartzea eta euskal kulturaren ezagutza zein praktika sakontzea. Beti ere, ingurune eleaniztun eta kulturarteko baten testuinguruan.

Hizkuntza Proiektuak ikastetxeko kide guztientzat loteslea izan behar du, beste dokumentu pedagogikoekin koherentea izan behar du eta Hezkuntza komunitatearen adostasuna izan behar du.

Aipatutako gidan adierazten den bezala honako atalak izan behar ditu, gutxienez:

Zertarako Hizkuntza Proiektua?

Egoeraren analisia.

Ikastetxearen hizkuntza-helburuak.

Ikastetxearen hizkuntza-planteamendua.

Plan estrategikoa.

Ebaluazio-adierazleak.

Deialdi honen prozeduran aplikagarri izango dira dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta berorren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko xedapenak; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Deialdi hau Hezkuntza sailburuaren 2026ko otsailaren 24ko Agindu bidez onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, Hezkuntza sailburuaren menpeko Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak ezarritako 1. helburu estrategikoan eta 1. dirulaguntza-lerroan, 4715 aurrekontu-programan.

Hortaz, Agindu honen bidez 2026-2027 ikasturtean itunpeko ikastetxeetan Hizkuntzen Kudeaketa Proiektua garatzeko eta hizkuntza kudeatzailea edo arduraduna izaten laguntzeko ikastetxeek izango dituzten baliabideak finkatuko dira.

Horren guztiaren haritik, hauxe

Deialdi honen xedea da, 2026-2027 ikasturtean, itunpeko ikastetxeetan, ikastetxeko Hizkuntzen Kudeaketa Proiektua garatzen laguntzeko dirulaguntza deialdia egitea eta I. eranskinean dauden oinarriak onartzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beraz, honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

  1. Deialdiaren helburua.

    Deialdi honen xedea da 2026-2027 ikasturterako, itunpeko ikastetxeei Hizkuntzen Kudeaketa Proiektua garatzen laguntzeko dirulaguntzen deialdia egitea.

    Hizkuntzen Kudeaketa Proiektuaren helburua da ikastetxeetako hizkuntzen analisia egin eta euskaran ardaztutako ingurune eleaniztun zein kulturartekoa eraikitzeko baliabideak ezartzea. Horretan, lehentasuna izango du euskararen erabilera sustatzeak eta ikasleei irteera profilean euskararako ezarritako komunikazio-konpetentzia lortzen laguntzeak. Baita euskal kulturaren sozializazioak ere. Era berean, garrantzia izango du hezkuntza curriculumari lotutako hizkuntzen komunikazio-konpetentzia lortzen laguntzeak eta kulturarteko testuingurua kontuan hartzen duen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak bultzatzeak ere.

  2. Baliabide ekonomikoak.

    Hezkuntza Sailak 1.633.333 euro erabiliko ditu gehienez deialdi honetan parte hartuko duten itunpeko ikastetxeei dirulaguntzak esleitzeko.

    Dirulaguntzak finantzatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kredituen kontura.

  3. Hartzaileak.

    Deialdi honen hartzaileak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin hezkuntza ituna duten ikastetxe pribatuak dira.

  4. Onuradun izateko betekizunak.

    1. Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak ez izana, edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortuak ez izana.

    2. Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin ez izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota ez egotea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta ez egotea konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen mende ez egotea edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta ez egotea, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

    3. Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratua ez izatea.

    4. Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean ez egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

    5. Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean edukitzea, erregelamenduz zehazten den moduan.

    6. Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean ez izatea.

    7. Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean izatea, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.

    8. Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez egotea, lege honen edo hala ezartzen duten beste batzuen arabera.

    9. Onuradun izan daitezke abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluko bigarren lerrokadan aurreikusitako elkarteak, salbu eta aurreko debekuetako bat gertatzen denean edozein kidetan.

    10. Dirulaguntzak lortzeko debekuek beste enpresa batzuei ere eragingo diete, baldin eta, haiek zuzentzen dituzten pertsonak edo beste inguruabar batzuk direla-eta, pentsa badaiteke beste enpresa batzuen jarraipena edo eratorria direla, eraldaketa, bat-egite edo ondorengotza bidez, baldin eta enpresa horietan parte hartu badute.

  5. Diruz lagundu daitezkeen ekintzak.

    Ikastetxeko Hizkuntzen Kudeaketa Proiektua sortu, garatu eta ebaluatzeko irakasleen liberazio-orduak.

  6. Bateragarritasuna.

    Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako eman ditzaketenekin atalean adierazitakoak salbu. Hala ere, Deialdi honetara aurkezten diren ikastetxeek, dirulaguntzagai diren jarduerak egiteko, beste erakunde publiko edo pribatutatik dirulaguntzarik eskatuta badute, edota halakorik jaso badute, horren azalpena egin beharko dute.

  7. Eskabideak.

  1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten hezkuntza ituna duten ikastetxeek eskabidea egin behar dute. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarrietan jasotako baldintzak espresuki eta formalki onartzea dakar.

  2. Eskabidearen aurkezpena modu telematikoan egingo da. Izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuragarri dauden administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide hauetan dago:

    https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173227

  3. Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz egindakoak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» bidez egingo dira:

    https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan:

    https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  5. Elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan eskuragarri:

    https://www.euskadi.eus/ordezkaria

  1. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

    2026-2027 ikasturtean deialdi honetan parte hartu nahi duten ikastetxeek, eskabidearekin batera, honakoa aurkeztu behar dute:

    Ikastetxeak indarrean duen Hizkuntza Proiektuaren ikasturteko plana.

  2. Dirulaguntza kudeatuko duen organoa.

    Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak izapidetuko ditu prozedurak, eta kudeatuko ditu dirulaguntzak.

  3. Dirulaguntza emateko prozedura.

  1. Eusko Jaurlaritzako Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak, espedientea aztertu ondoren, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. eta 22. artikuluen arabera, behin-behineko ebazpen proposamena helaraziko du Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren taulan argitaratuz (https://euskadi.eus/iragarki-taula/tablon-elektronico-iragarkiak), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren arabera. Argitalpen horrek jakinarazpen-balioa izango du, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Interesdunek 10 eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko.

  3. Alegazioak aztertu ondoren, halakorik balego, Hezkuntza Politiketako sailburuordeak, gehienez ere sei hilabeteko epean, laguntza emateko behin betiko ebazpena emango du, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Ebazpen hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko da (https://euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren arabera. Argitalpen horrek jakinarazpen-balioa izango du, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  4. Aurrekoa gorabehera, organo kudeatzaileak oharrak edo komunikazioak bidali ahal izango dizkie interesdunei, mezu elektronikoen edo SMSen bidez, eskabidean jasotzen diren helbide elektronikoetara edo telefono mugikorretara. Ohar horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

  5. Epe horren barruan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ukatu egin dela ulertu beharko da. Organo eskudunak esanbidez ebatzi beharko du.

  6. Prozeduraren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluen arabera.

  7. Gardentasunaren ondorioetarako, 20/2023 Legearen 26. artikuluaren arabera, emandako laguntzak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren taulan argitaratuko dira.

  1. Dirulaguntzaren banaketa.

  1. Deialdi honetan aurreikusitako kreditu osoa deialdian onartutako eskabidea aurkezten duten ikastetxe guztien artean banatuko da.

  2. Banaketa egiteko, honako bi irizpide hauek hartuko dira kontuan:

    1. Ikastetxe bakoitzean eskaintzen diren hezkuntza-etapak.

    2. Etapa bakoitzean dagoen ikasgela kopurua.

  3. Dirulaguntzaren banaketa kalkulatzeko, ikastetxe bakoitzari dagokion pisua zehaztuko da, etapa bakoitzean dituen ikasgela kopuruaren arabera. Horretarako, deialdian parte hartzen duten ikastetxe guztietan dauden ikasgela guztiak batuko dira, eta ondoren, ikastetxe bakoitzak guztizkoaren gainean duen proportzioa kalkulatuko da.

  4. Ikastetxe bakoitzari dagokion dirulaguntza proportzio horren arabera zehaztuko da, deialdi honetarako ezarritako aurrekontu osoa aplikatuta.

  1. Dirulaguntza onartzea eta uko egitea.

    Ebazpenaren jakinarazpena jasotzen den egunetik hasi eta hamar (10) eguneko epean ikastetxe onuradunek dirulaguntza onartzen ez badute, eskaerari uko egiten diotela ulertuko da. Onuradunen batek dirulaguntza onartzen ez badu besteen artean banatu daiteke behin betiko Ebazpenean.

  2. Onuradunak izateko betebeharrak.

    1. Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

    2. Entitate emaileari justifikatzea betetzen direla dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak, eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.

    3. Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

    4. Beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea entitate emaileari. Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

    5. Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea entitate emaileari. Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

    6. Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.

    7. Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

    8. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak betetzea.

    9. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari berreskuratzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari berreskuratzea.

    10. Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

    11. Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

  3. Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

    Bi ordainketa-aginduren bitartez ordainduko da dirulaguntza:

    1. Lehenengoa, aurreratua, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren % 40, deialdiaren ebazpena eman eta gero.

    2. Bigarrena, zenbatekoaren gainerakoa, ekainaren 30etik aurrera ordainduko da, justifikazioa aztertu ondoren.

      Dirulaguntzaren justifikazioa:

    1. Deialdian onartzen diren ikastetxeek 2027ko ekainaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitartean, 2026-2027 Ikasturteko Hizkuntza Proiektuaren balorazio txosten edo Memoria aurkeztu behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

    2. Memoriarekin batera justifikazio inprimakia ere osatu beharko dute jasotako dirua zertan erabili duten zehaztuz. Justifikazioa honako helbide honetako inprimakia betez bidali beharko dute: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173226

  4. Ez-betetzeak. Jasotako dirulaguntzak itzultzea.

  1. Honako kasu hauetan itzuli behar zaizkio organo emaileari jasotako kopuruak eta berandutze-interesak, dirulaguntza ordaindu zenetik organo emaileari itzuli behar zaiola erabakitzen den egunera arte sortutakoak, edo zordunak organo emaileari dirulaguntza itzultzen dion egunera arte sortutakoak, data hori dirulaguntza organo emaileari itzuli behar zaiola erabakitzen den eguna baino lehenagokoa bada:

    1. Justifikatzeko betebeharra betetzen ez denean edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta, hala badagokio, dirulaguntza oinarri erregulatzaileetan ezarritako moduan justifikatzen ez denean.

    2. Dirulaguntza baldintzak bete gabe edo baldintzak faltsutuz eskuratzen denean edo hura eskuratzea galaraziko luketen baldintzak ezkutatuz eskuratzen denean.

    3. Dirulaguntzaren helburua, jarduera edo proiektua betetzen ez denean edo dirulaguntzaren bidez hartu behar den jokabidea hartzen ez denean.

    4. Dirulaguntza emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez direnean.

    5. Lege honen 12.5.d, 14.c eta 42. artikuluek ezartzen dituzten kontrol-jarduketei erresistentzia, aitzakiak edo oztopoak jartzen zaizkienean edo kontrol horiei uko egiten zaienean.

    6. Lege honen 27. artikuluan biltzen diren publikotasunerako neurriak betetzen ez direnean.

    7. Dirulaguntza bakoitzaren oinarri erregulatzaileetan aurreikusitako gainerako kasuetan.

    8. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107tik 109ra arteko artikuluetan ezarritakoaren arabera hartutako erabaki batek eragiten duenean dirua organo emaileari berreskuratzea.

    9. Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa, lege honen 51. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

  2. Era berean, lege honen 16.3 artikuluan adierazitako kasuan, organo emaileari berreskuratu beharko zaio diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina, bai eta berandutze-interesak ere.

  3. Onuradunaren edo, hala badagokio, entitate laguntzailearen betetze-maila erabateko betetze-mailara nabarmen hurbiltzen denean eta onuradun edo entitate laguntzaile horrek egiaztatzen duenean bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe, lege honen 9.4.m artikuluan eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileetan azaltzen diren irizpideak aplikatuz zehaztuko da zenbat berreskuratu behar zaion organo emaileari.

  1. Dirulaguntza emateko baldintzak aldatzea.

    Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, beti ere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira. Egoera hori jasota egon beharko da dirulaguntzei buruzko arauetan.

  2. Datuen babesa.

    Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak tratatuko ditu agindu honetako prozeduretan erabiltzen diren eskabide eta dokumentazioetako datu pertsonalak.

    Arduraduna: Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua, Hezkuntza Saila

    Helburua: Laguntzak eta dirulaguntzak.

    Legitimazioa:

    Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.

    Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.

    Hartzaileak:

    Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.

    Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

    Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

    www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/171800-capa2-eu.shtml

    Araudia:

    Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra.

    (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

    3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

  1. Sarrera. Zertarako Hizkuntza Proiektua.

  2. Egoeraren Analisia. Nortzuk gara eta non gaude?

  1. Ikastetxearen eta inguruaren ezaugarriak.

  2. Ikastetxearen ibilbidea hizkuntzei dagokienez.

  3. Ikastetxearen hizkuntza helburuak. Zer nahi dugu?

  1. Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuaren printzipioen zehaztapena hizkuntzei dagokienez.

  2. Planteamendu eleanitza.

  3. Helburuak.

  4. Ikastetxearen Hizkuntza Planteamendua.

  1. Harremanen, kudeaketaren eta antolaketaren eremua. Norekin eta zein hizkuntzatan?

  2. Eremu didaktiko-metodologikoa. Nola irakasten ditugu hizkuntzak?

  1. Plan Estrategikoa. Zer egingo dugu?

  1. Harremanen, kudeaketaren eta antolaketaren eremua.

  2. Eremu didaktiko-metodologikoa.

  1. Hizkuntza Proiektuaren ebaluazioa.

    HIZKUNTZA PROIEKTUAREN BETEKIZUN ETA EZAUGARRIAK

  1. Ikastetxeko hizkuntza proiektuak ikasturtean lortu beharreko xede estrategikoak jasoko ditu, eta alderdi hauek barne hartuko ditu, gutxienez:

    1. Ikastetxean bertan eta bere eragin-esparruan curriculum hizkuntzek eta gainerako hizkuntzek duten egoera deskribatzea (diagnostikoa). Datuak sexuaren arabera bereizita aurkeztuko dira, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 17. artikuluaren arabera.

    2. Ikastetxearen funtzionamenduan eta eskola-esparruan euskararen konpetentzia komunikatiboa eta kulturala hobetzeko neurriak, eta euskararen erabilerak eguneroko erabilera (ahoz eta idatziz) sustatzera bideratutako neurri zehatzak, beti ere, ikastetxeko Hizkuntza Proiektuan ezarritako lehentasunak aintzat hartuta.

    3. Ikastetxeak ikasleen konpetentzia eleaniztuna garatzeko baliatuko dituen neurri zehatzak.

    4. Ikastetxearen testuinguru eleaniztun eta kulturartekoan, ikasleen euskalduntze eta hizkuntza zein kultur bizikidetzari dagokionean ezarriko dituen neurriak eta erabiliko dituen baliabideak.

    5. Xede zehatzen definizioa, epeak adierazita, horien jarraipena eta ebaluazioa egin ahal izateko gisan.

    6. Ezarritako xedeak lortzeko behar diren neurriak aplikatzeko era ezartzea Eskola Kontseiluaren onespenarekin.

    7. Barne hartzea gaitasun linguistikoa lortzeko prestakuntza-jardueretan parte hartzeko prest dauden langile ez-irakasleak (administrazioaz eta kudeaketaz, jantoki-zerbitzuaz eta bestelako zerbitzuez arduratzen direnak).

    8. Hizkuntzen Kudeaketa Proiektuaren taldekideen izendapena, eta, bereziki, hizkuntza kudeatzailearena edo arduradunarena.

  2. Ikasturte bakoitzari dagokion planaren bidez bideratu eta ebaluatuko dira neurriak.

    HIZKUNTZEN KUDEATZAILEA EDO HIZKUNTZEN KUDEAKETA ARDURADUNA

  1. 2026-2027 ikasturterako ikastetxeko hizkuntza kudeatzaile edo arduradun bat izendatuko du ikastetxeko zuzendariak. Ardura hori ikastetxeko irakasle bati egokituko zaio.

  2. Zuzendaritzaren egitekoa izango da ikastetxeko hizkuntza kudeatzailearen jardunari babesa ematea eta jarraipena egitea. Beharrezko denean, eta hizkuntza kudeatzaileak proposatuta, zuzendaritzak hizkuntza proiektua garatzeko batzorde edo lankidetza esparruak eratuko ditu. Esate baterako, hizkuntza edo euskara batzordea edo hizkuntza kudeatzaile edo arduradunaren lankidetza-taldea.

  3. Ikastetxeko hizkuntza proiektuaren kudeatzailea arduratuko da ikasturteko plana garatzeaz, dinamizazioaz eta erantzukizun teknikoaz.

  4. Hezkuntza arloko eskumena duen Sailak hizkuntzen barrutian antolatzen dituen bileretan, mintegietan edo jardunaldietan parte hartuko du, gutxienez, hizkuntza kudeatzaile edo arduradunak, deialdi honetan parte hartzen duten gainontzeko ikastetxeekin batera. Jardun esparru horietan, lantzen diren gaien inguruko informazioa eta agiriak trukatuko ditu.

  5. Hizkuntza kudeatzaileak edo arduradunak Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuko aholkularien laguntza teknikoa jaso ahal izango du, hala behar izango duenean.

    DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEN DUTEN IKASTETXEEN ETA BERTAKO IRAKASLEEN BETEBEHARRAK

    Ikastetxeek eta hango irakasleek betebehar hauek izango dituzte:

    1. Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua eginda eta eguneratua izatea, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan edota Lanbide Heziketan.

    2. Ikasturteko planean txertatzea ikastetxeko Hizkuntza Proiektua, helburu koherente eta lerrokatuekin.

    3. Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren urteko plana zehaztea, garatzea, eta dagokionean, ebaluatzea.

    4. Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua berrikusi eta eguneratzea, eta haren jarraipena egitea.

    5. Aktiboki parte hartzea Hizkuntza Proiektuaren eratze prozesuan, jarraipenean eta ebaluazioan.

    6. Curricularrak diren hizkuntzen gaitasun linguistikoa hobetzera eta garatzera bideratutako ikastaroetan parte hartzeko konpromisoa hartzen dute ikastetxeko irakasleek, baita, xede berarekin, euskaraz antolatutako prestakuntza-modalitateetan lehentasunez parte hartzekoa ere.

    7. Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak proposatutako bileretan, mintegietan eta gainerako jardueretan parte hartzea.

    8. Hizkuntza Proiektuari lotuta sor litezkeen informazio behar eta datuak emango zaizkio Hezkuntza Sailean hizkuntzen esparruan eskumena duen organoari.

      HEZKUNTZA ARLOAN ESKUDUNTZA DUEN SAILAREN BETEBEHARRAK

      Hezkuntza arloko eskumenak dituen sailak baliabide eta laguntza hauek eskainiko dizkie deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeei:

    1. Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuko aholkulariek laguntza eta aholkularitza eskainiko diete ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradunei edo irakasleei. Bereziki ondoko gaietan: hizkuntza proiektuen diseinua, soziolinguistika, curriculumaren euskal dimentsioa, hizkuntzen didaktika, euskal kulturaren transmisioa, lidergotza linguistikoa, kulturartekotasuna eta ikasle etorri berrien euskalduntzea.

    2. Hezkuntza ituna duten ikastetxe pribatuetan, hezkuntza arloko eskumenak dituen Sailak dirulaguntza emango du ikastetxeko Hizkuntza Kudeaketa Proiektua garatzen laguntzeko.

    3. Sailak hizkuntza proiektuarekiko lotura duten ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza-jarduerak antolatuko ditu ikastetxeko irakasleentzako.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik