Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2025eko otsailaren 20koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Gipuzkoako Lurralde Historikoan aurkitutako interes arkeologiko eta paleontologikoko ondasunen gordailu-zentro izendatzen baita Gordailua - Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 42
- Hurrenkera-zk.: 990
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/02/20
- Argitaratze-data: 2025/03/03
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren arabera, eskumen esklusiboa bereganatu zuen kultura-ondarearen arloan. Eskumen hori baliatuz, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen.
Aipatutako 6/2019 Legearen 74. artikuluak lehen puntuan adierazten du EAEren lurralde-eremuan aurkitzen diren interes arkeologikoko eta paleontologikoko ondasunak jabari publikokoak izango direla.
artikuluaren 1. puntuak ezartzen du ezen jarduera arkeologiko eta paleontologiko baimenduen ondorioz eta ustekabean aurkitzen diren ondasunak kasuan kasuko lurralde-museoetan edo Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak xede horretarako izendatzen dituen zentroetan gordailutu behar direla.
Urriaren 5eko 341/1999 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologiko edo paleontologikoko ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzkoak, 8. artikuluan, betebehar bera berresten du; hots, ondasun horiek Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailak horretarako izendatutako lurralde-museoan edo zentroan gordailutu behar direla.
2014ko abenduaren 26ko Aginduaren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak Gipuzkoako Lurralde Historikoan aurkitu diren ondasunak gordetzeko zentro izendatu zuen orduko Kultura Ondare Higigarriaren Zentroa (Gordailua) hamar urterako. Zentroa, foru-titulartasunekoa, Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuari atxikita dago eta Irungo Auzolan kaleko 4. zenbakian du egoitza.
2025eko urtarrilaren 22an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren idazki bat sartu zen Kultura Ondarearen Zuzendaritzan. Bertan, izendapena berritzeko eskatzen zuen, eta izendapena berritzeko informazio garrantzitsua eransten zuen.
Aipatutako urriaren 5eko 341/1999 Dekretuaren 8. artikuluaren hirugarren paragrafoaren arabera, izendapena egiteko kontuan hartu behar dira alderdi hauek: Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroaren ibilbide aitortua, baliabide material eta pertsonaletarako gaitasuna eta museoaren zerbitzura dauden lokalen egokitasuna, eta alderdi horiek guztiak egokiro egiaztatu dira Zentroak egin duen ibilbide osoan 2014an izendatu eta 2015ean jendearentzat gordailu-zentro gisa ireki zenetik.
Horregatik guztiagatik, eta Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 74. artikuluan eta urriaren 5eko 341/1999 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena ikusita, hau
Lehenengoa. Gipuzkoako Lurralde Historikoan aurkitutako interes arkeologiko eta paleontologikoko ondasunen gordailu-zentro izendatzea Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa.
Bigarrena. Izendapen honen indarraldia hamabost urtekoa izango da, eta, epe hori igarotakoan, berrikusi egingo da.
Hirugarrena. Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroaren ardura izango da berariaz zaintzea material arkeologikoak entregatzeko betebeharrak egokiro betetzen direla bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologiko edo paleontologikoko ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzko urriaren 5eko 341/1999 Dekretuan ezarritako zehaztapenekin.
Laugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, herritar oro jakitun egon dadin.
Bosgarrena. Agindu hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 20a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.