Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2025eko martxoaren 4koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez deialdi publiko bat iragartzen baita Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailean Arabako Lan eta Gizarte Segurantzako Lurralde Ordezkaritzan hutsik dagoen lanpostu bat, «Lurralde Ordezkaria, 511786 kodea, 7. dotazioa», izendapen askez betetzeko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 51
- Hurrenkera-zk.: 1191
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/03/04
- Argitaratze-data: 2025/03/14
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua
- Azpigaia: EAEko udalak; Lana eta enplegua; Funtzio publikoa
Testu legala
Sail honetako Arabako Lan eta Gizarte Segurantzako Lurralde Ordezkaritzan, Lurralde Ordezkariaren lanpostu bat hutsik dago (511786 kodea, 7. dotazioa). Beraz, sail honek lanpostu hori (agindu honen eranskinean adierazita dago) izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea erabaki du, Euskal Funtzio Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 94.9 eta 102.2 artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ostean. Hauek dira deialdiaren
OINARRIAK
Lehenengoa. Parte hartu ahal izateko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, Lanpostuen Zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte. (eranskinean zehaztuta daude).
Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, egoera hauetan izan ezik:
Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.
Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora bete ez duten langileek ere ez.
Orobat parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, Irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada langile mota horiek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.
Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, baldin eta Lanpostu Zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.
Bigarrena. Eskabideak.
Eskatzaileek, datu pertsonalak eta gaur egungo destinoa zehaztuta, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren langileen gaietan eskumena duen Zuzendaritzara bidaliko dituzte eskabideak 15 egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Hirugarrena. Betekizunak eta merezimenduak.
Parte hartzeko eskabideari «curriculum vitae» erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde, edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek jasoko dira:
Tituluak.
Administrazio Publikoan edo, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.
Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
Hizkuntza-ezagupenak.
Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu guztiak.
Eskabideekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, Langileen Erregistroan ez badaude.
Hautagaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.
Laugarrena. Ebazpena.
Deialdi hau Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren Agindu baten bidez ebatziko da eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik gehienez hilabeteko epean. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Lanpostua lortzen duenak, ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua, eta aurreko lanpostuaren titulartasuna galdu egingo du. Hala ere, zuzendariordetzetako eta lurralde- ordezkaritzetako titularren lanpostuen kasuan, lanpostua erreserbatu egingo da baldin eta lehiaketa bidez edo karrerako funtzionario izatera iristeko prozesu baten bidez lortu bada.
Agindu hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako hautagaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, aukeratutako hautagaia egokia dela beste hautagaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere, indarrean dagoen legeriak eta Lanpostu Zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.
Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, hautagaietatik batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.
Administrazio-bideari amaiera ematen dion Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke eman duen organoaren aurrean, jakinerazpena iragarri eta hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren aurrean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera bil hilabeteko epean.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen deneko egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 4a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
Iragarritako lanpostua:
Izena: Lurralde Ordezkaria.
Kodea: 511786.
Dotazioa: 7.
Kidegoa: A.
Destino osagarriaren maila: 29.
Berariazko Osagarria: 0-A.
Hizkuntza eskakizuna: 4.
Derrigortasun-data.
Tokia: Lan eta Gizarte Segurantzako Lurralde Ordezkaritza - Araba.
Ekonomia, Lan, eta Enplegu Saila.
Destinoko -herria: Vitoria-Gasteiz.
Lanpostua betetzeko baldintzak:
A kidegokoa izatea.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: AGINDUA, 2025eko maiatzaren 26koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, Lan eta Gizarte Segurantzako Arabako Lurralde Ordezkaritzako lurralde-ordezkariaren lanpostua izendapen askez betetzeko deialdi publikoa ebazten duena (kodea: 511786/7).
- Zuzendutakoa: AGINDUA, 2025eko martxoaren 17koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez zuzentzen baita bigarren lehendakariorde beraren 2025eko martxoaren 4ko Agindua, zeinaren bidez deialdi publiko bat iragartzen baita Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailean Arabako Lan eta Gizarte Segurantzako Lurralde Ordezkaritzan hutsik dagoen lanpostu bat, Lurralde Ordezkaria, 511786 kodea, 7. dotazioa izendapen askez betetzeko.