Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2025eko ekainaren 30ekoa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena eta Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Kontratazio Mahaiaren osaera ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ogasun eta Finantza Saila; Justizia eta Giza Eskubideen Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 137
- Hurrenkera-zk.: 3194
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/06/30
- Argitaratze-data: 2025/07/21
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzen duen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 6. artikuluak hau jasotzen du: «Administrazio Orokorrean, hura osatzen duten sailen titularrak izango dira kontratazio-organoak; eta erakunde autonomoetan eta Administrazio Orokorrean ez beste erakundeetan, berriz, ordezkaritza nagusia duten organoak, salbu eta besterik xedatzen ez bada egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretuetan, edo erakunde horiek sortzeko edo haien funtzionamendua zehazteko arauetan».
Halaber, aipatutako dekretuaren 8. artikuluaren lehenengo paragrafoak hau ezartzen du: «Prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan, kontratatzeko eskumena kontratazio-batzorde batena denean izan ezik, kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza izango dute, eta mahai horren eskumena izango da eskaintzen balorazioa egitea. Lizitazioaren berri iragarki bidez eman beharrik ez duten prozedura negoziatuetan, kontratazio-mahaia eratu edo ez aukeran izango du kontratazio-organoak».
Bestalde, Dekretuaren 8. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoaren arabera, kontratazio-mahaiko kideak behin betiko izendatzen badira, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren eta kasuan kasuko sailaren titularraren edo erakundea atxikita dagoen sailaren titularraren baterako agindu bidez eratuko da kontratazio-mahaia, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak berrantolatu egin du lehen aipatutako Administrazioaren sailen egitura. Egitura horren barruan dago jasota Justizia eta Giza Eskubideen Saila, aipatutako dekretuaren 20. artikuluan zehaztutako eginkizun eta jardun-arloekin. Horren arabera, lehengo Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren organo eta unitateek osatuko dute aipatutako saila, Gizarte Politiketako Sailburuordetzako organoak eta unitateak izan ezik.
Era berean, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak arautzen du Sailaren egitura.
Arestian adierazitakoagatik, Justizia eta Giza Eskubideen Saileko kontratazio-organoei beren eskumeneko gaietan lagunduko dien kontratazio-mahaiaren osaera ezarri behar da.
Horiek horrela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, honako hau
Berdintasun, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza edukiko dute kontratuak adjudikatzeko prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan. Mahai horren egitekoak izango dira uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzekoak, 9. artikuluan ezartzen dituenak.
Mahai horretako kideak kontratazio-organoak izendatuko ditu, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkaria izan ezik. Hauek izango dira mahai horretako kideak:
Mahaiburua: Saileko Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketako Arloko arduraduna. Zenbait kasutan (lanpostua hutsik egotea, absentzia, gaixotasuna edo legezko beste edozein kausa), saileko Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduradunak ordeztuko du.
Bokalak:
Kontratazioa sustatzen duen saileko zuzendaritzaren ordezkari bat. Pertsona horrek aholkularitza teknikoa emango dio kontratazio-organoari.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, erakunde horren titularrak izendatua.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) arloko zuzendaritza eskudunaren ordezkari bat, dekretu honetan aurreikusitako kasuetan: 36/2020 Dekretua, martxoaren 10ekoa, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko eredua.
Idazkari-bokal-aholkulari juridikoa: zuzenbidean lizentziaduna den pertsona bat, Zerbitzu Zuzendaritzako Kontratazio Zerbitzuari atxikia. Kontratazio-organoari aholkularitza juridikoa emango dio, eta kontratazio-mahaiko idazkari-lanak egingo ditu. Hitza eta botoa izango ditu.
Aukeran, kontratazio-organoak eskatuz gero, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako ordezkari bat ere izango da artikulu honetan eratutako kontratazio-mahaian. Kide hori ere kontratazio-organoak izendatuko du, Ondare eta Kontratazioko zuzendariak proposatuta.
Aurreko paragrafoen arabera eratutako kontratazio-mahaiak eskumena izango du, halaber, beste zenbait adjudikazio-prozeduratan esku hartzeko, nahiz eta halakoetan kide anitzeko organo horien esku-hartzea nahitaezkoa ez izan, baldin eta dagokion kontratazio-organoak hala erabakitzen badu.
«Nolanahi ere, nola osatu den eta kideak nor diren adieraziko da kontratuaren administrazio-klausula zehatzen pleguan, eta kasuan kasuko kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean argitaratuko da, kontratuak egiteko gaitasuna duela egiaztatzeko dokumentazioa kalifikatzeko bilera egin baino hamar egun lehenago gutxienez eta kaudimen- edo sailkapen-baldintzak betetzen dituela kalifikatu baino hamar egun baino lehen».
Kontratazio Mahaiko kide hautetsiak izendatzerakoan, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan behar besteko hizkuntza-gaitasuna izatea, eta gizonen eta emakumeen arteko presentzia orekatua izatea sustatuko da.
Kontratazio Mahaiko kideek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute beren jardunean. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko, eta Kontratazio Mahaiak hala erabakitzen badu, bilera-deiak, aktak, ziurtagiriak eta, oro har, idatzizko gainerako testuak euskaraz izapidetu ahal izango dira. Edonola ere, bermatu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera.
Indargabetuta geratzen da 2021eko martxoaren 15eko Agindua, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Kontratazio Mahaiaren osaera.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 30a.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.