Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2025eko ekainaren 10ekoa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, arte eszenikoak, musika, literatura eta arte plastikoak sustatu eta banatzeko 2025eko ekitaldiko dirulaguntzen oinarriak onartu eta deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 117
  • Hurrenkera-zk.: 2777
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/06/10
  • Argitaratze-data: 2025/06/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Kulturak gero eta pisu handiagoa du herrialde garatuetan. Horrek sortutako BPGtik haratago, kultura-jarduera enplegu sortzailearen, produktu lehiakorraren eta kultura-testuinguruen fokua da, non herritarrek bizitza kulturalean parte har dezaketen edo beren arteen bidez adieraz dezaketen, munduko edozein lekutan beren garapen pertsonala sustatuz. Kultura, kuantitatiboki ez ezik, kualitatiboki ere dimentsionatzen da, eta gero eta ezaugarri desiragarriagoak ditu mundu-testuinguru berrian.

Merkataritza-testuinguru gehiago eta merkatu handiagoak ezartzeko beharra, produktuak eremu fisiko eta digitaletan sustatzeko beharra edo merkataritza- eta komunikazio-terminoetan prestatzeko beharra, eraldaketa digitalak elkarreragin-testuinguru berrietara eraman dituen erronkak dira, tradizionalekin batera bizi direnak eta garatzen jarraitzen dutenak.

Euskadiko kultura-sektoreek, azken urteotan, oso produktu lehiakorra sortu dute, nazioartean sari ugari jaso dituena. Era berean, euskal kultura-eragileek erakutsi dute badituztela gaitasun nahikoak gure produktuak nazioarteko merkatuetara koproduzitzeko edo esportatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte- eta kultura-jarduerei eta horien zabalkundeari buruzko eginkizunak.

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio dekretu horren 6. artikuluan ezarritako eginkizunak betetzea musikaren, arte eszenikoen, liburuen, ikus-entzunezkoen, ikusizko arteen eta kultura- eta sormen-industrien arloetan.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzak apustu garbia egin nahi du kulturaren arloko profesionalei, euskal sortzaile, ekoizle eta komertzialei, laguntza eta babesa ematearen alde, modu erabakigarrian, merkatu berriak irekitzeko eta horretarako behar diren sustapen-tresnak birdimentsionatzeko, arte eszenikoak eta plastikoak, musika, literatura eta liburua sustatzeko eta merkaturatzeko prozesuei dirulaguntzak emanez.

Era berean, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago. Jaurlaritzaren lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez onartu zen, eta aipatutako sailaren webgunean argitaratu.

Ondorioz, honako hau

Agindu honen xedea da 2025eko ekitaldian dirulaguntzak emateko baldintzak onartzea eta deialdia egitea arte eszenikoak, musika, literatura eta arte plastiko profesionalak sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko, baldin eta dagokion kapituluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

  1. Deialdi honetarako, guztira, 850.000 euro erabiliko dira. Zenbateko hori honela banatuko da, deialdian jasotako dirulaguntzen modalitateen arabera:

    1. Arte eszenikoetarako laguntzak, II. kapituluan ezarritako baldintzetan: 500.000 euro.

    2. Musikarako laguntzak, III. kapituluan ezarritako baldintzetan: 238.000 euro.

    3. Literaturarako laguntzak, IV. kapituluan ezarritako baldintzetan: 40.000.

    4. Arte plastikoetarako laguntzak, V. kapituluan ezarritako baldintzetan: 72.000 euro.

  2. Hargatik eragotzi gabe diziplina bakoitzerako adierazitako zuzkidurak, eskabiderik ez dagoelako, eskakizunak betetzen ez dituztelako edo aurkeztutako eskabideek kalitaterik ez dutelako diziplina baterako ezarritako zenbatekoa agortzen ez bada, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzak gehikuntza-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, horrek dagokion ebazpena eman dezan, betiere, jasotzaile-modalitatea oraindik ebatzi gabe badago. Eskualdaketaren kasuan, eskatutako zenbateko globalaren eta hasierako zuzkiduraren arteko desoreka handiena duen modalitateak izango du lehentasuna.

  3. Deialdi honetan jasotako eskaeren zenbateko osoa kontuan harturik eta Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sailburuordetzaren beste programa batzuk gauzatu ondoren kopuru erabilgarriren bat izanez gero, artikulu honetako lehenengo apartatuan adierazitako zenbatekoak handitu ahal izango dira Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, % 15eraino, programa horiek ebatzi aurretik eta aurreko apartatuan aipatutako irizpidea aplikatuz. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  1. Hargatik eragotzi gabe modalitate bakoitzerako ezarritako beste baldintza batzuk, eskabideak aurkezteko epea ixtean honako baldintza hauek betetzen dituzten eskatzaileak izan daitezke agindu honetan deitutako dirulaguntzen onuradun:

    1. Pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izatea, nortasun juridiko propioa dutenak, erroldatuta daudenak edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan dutenak.

    2. Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea I. eranskinean zerrendatutako epigraferen batean, lehiatzen den modalitatearen arabera.

    3. Egunean izatea zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzaren ordainketak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  2. Deialdira sartzeko baldintzak egiaztatzeko, 5. artikuluan adierazitako prozedurak edo agiriak aurkeztu beharko dira, eta, hala badagokio, modalitate bakoitzari dagozkion kapituluetan adierazitakoak.

  3. Honako hauek ezin izango dute agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzarik eskuratu:

    1. Herri-administrazio izaera duten erakundeak, horietako baten sektore publikoko kide badira, edo haien kapital sozialean, fundazio-ondarean edo gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza nagusia edozein administrazio publiko edo instituzionalek, sektore publikoko erakunde batek, finantza- edo kreditu-erakunde batek badu.

    2. Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penala duen eskatzailea, edo horretarako legezko debekuren bat duena, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion zehapenak ezartzen duen epean. Era berean, ezingo dituzte laguntzak edo dirulaguntzak jaso berdintasun-plan bat eduki behar duten enpresek, baldin eta Estatuko araudiaren arabera berdintasun-planik indarrean ez badute, ezta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

    3. Transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua betetzen ez duen eskatzailea.

    4. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1., 3., 4. eta 5. apartatuetan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

  4. Deialdi honen babesean, ez zaio dirulaguntza bat baino gehiago emango eskatzaile berari.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Pertsona edo erakunde interesdunek eskabide bakarra aurkeztu ahal izango dute deialdi honetan. Pertsona berak eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, lehenengo aurkeztutakoa bakarrik onartuko da, sarrera-erregistroaren arabera.

  3. Pertsona fisikoek autonomo edo enpresaburu indibidualek nahiz pertsona juridikoek bitarte elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, hurrengo puntuan adierazitako helbideen bitartez.

    Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan oinarrituta, eskabideren bat aurrez aurre egiten bada, pertsona edo erakunde eskatzaileari eskatuko zaio elektronikoki aurkeztuz zuzen dezala.

  4. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide hauetan daude eskuragarri:

    1. Arte eszenikoak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111116

    2. Musika: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111117

    3. Literatura: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111118

    4. Arte plastikoak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111119

      Eskabidearen osteko izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  6. Eskabidea eta ondorengo izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  7. Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta gainerako dokumentazioa. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

  8. Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartzen direla adierazten du.

  1. Nortasuna eta administrazio-betekizunak egiaztatzea.

    Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko ditu datu hauek, pertsona edo erakunde eskatzailearen baimenik gabe:

    1. Pertsona edo erakunde eskatzailearen nortasuna.

      Pertsona edo erakunde eskatzaileak 4.6 artikuluan adierazitakoaren arabera jarduten badu, dagokion legezko ordezkaritza-ahalordea aurkeztu beharko du.

    2. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea.

    3. Jardueraren alta eta epigrafea(k), Jarduera ekonomikoen gaineko zergan.

      Aurreko b) eta c) puntuen egiaztapena 15.1 artikuluan aurreikusitako ordainketen unean ere egingo da. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke egiaztapen horiek egiteari; kasu horretan, dagozkion ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

  2. Erantzukizunpeko adierazpenak.

    Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

    1. Xede bera duten eta bestelako administrazioei edo ente publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea.

    2. Eskabidea egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du izan behar dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioa egitearen ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

    3. Erakundearen gobernu-organoak deialdian parte hartzea erabaki duela.

    4. Eskabidean eta erantsitako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela.

  3. Proiektuari buruzko dokumentazioa.

    1. Modalitate guztietarako: euskadi.eus-en eskuragarri dagoen formularioa, behar bezala beteta.

    2. Arte eszenikoen eta musikaren modalitateak:

      Kasuan kasuko ekoizpenak sustatzeko garatu beharreko jarduerei edo elementuei buruzko memoria laburra.

    3. Nolanahi ere, 6. artikuluan aurreikusitako zuzenketa-fasean, unitate kudeatzaileak dokumentu osagarriak eskatu ahal izango ditu, deialdian sartzeko edo proiektuak baloratzeko aitortutako datuei buruzkoak.

Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea, eta Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria izango da dirulaguntzen organo arduraduna.

Era berean, Zuzendaritza horrek diruz lagundutako proiektuen kontrola eta jarraipena egingo du, eta, horretarako, egoki iritzitako ikuskapen guztiak egin ahal izango ditu, behar bezala gauzatzen direla bermatzeko. Horretarako, onuradunek eskatzen zaien dokumentazio eta informazio guztia eman beharko dute.

  1. Deialdi honetako II., III. eta IV. kapituluetan jasotako modalitateen kontura ematen diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, balorazio-irizpideen arabera haien arteko erlazioa ezartzeko. Irizpide horiek eta laguntzak banatzeko prozedura aipatutako moduei dagozkien kapituluetan jasota daude.

    1. kapituluan jasotako modalitatearen kontura ematen diren dirulaguntzak lehiarik gabeko konkurrentzia-prozeduraren bidez emango dira. Pertsona edo erakunde onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzen direla soilik hartuko dira aintzat eskabideak, eta ez da beharrezkoa izango eskaeren arteko konparaziorik egitea, ez eta eskaeren arteko lehentasunik ere.

  2. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzak onartutako proiektuak aztertu eta baloratuko ditu. Horretarako, balorazio-batzorde bat eratuko da modalitate bakoitzerako, eta honako osaera hau izango du:

    1. Batzorde guztietako lehendakaria: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria.

    2. Batzorde bakoitzeko bokala:

      1. Arte eszenikoak: Josu Iriondo Arrieta.

      2. Musika: Imanol Arana Ariz.

      3. Literatura: Marta Merino Ortiz de Landaluce.

      4. Arte plastikoak: Arrate González Saez.

        Idazkari gisa, Itziar Redondo Dominguezek jardungo du guztietan, hitzarekin baina botorik gabe.

  3. Modalitate bakoitzeko balorazio-batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideen aplikazioan oinarrituta, txosten bat egingo du, eta bertan adieraziko ditu ematea proposatzen diren dirulaguntzak, honako hauek adierazita: onuradun gisa proposatutako pertsonen nortasuna, balorazio-fasean lortutako puntuazioa eta dirulaguntza ematea proposatzen den proiektua; eta ukatzea proposatzen direnak, ukatzeko arrazoiak adierazita. Era berean, zein eskabide ez diren onartu adieraziko da.

  4. Deialdiaren kudeaketa organoak, balorazio-batzordeen espedienteak eta txostenak ikusita, behin betiko ebazpen-proposamenak egingo ditu modalitate bakoitzerako.

  1. Deialdi honetan modalitate bakoitzerako aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena, organo kudeatzaileak egindako proposamenak ikusita, Kulturako sailburuordeak emango du, eta interesdunei jakinaraziko zaie sei hilabeteko epean, deialdi-agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera.

  2. Adierazitako epea igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak esanbidez ebazteko duen betebeharra.

  3. Ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez jakinaraziko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Jakinarazpen hori gorabehera, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan ezarritakoaren arabera, lehenik egin den jakinarazpen-data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

  4. Jakinarazpena 45. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42. eta 43. artikuluetan ezarritakoa.

    Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 62.4 artikuluan aurreikusten den bezala, sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenaren xede den egintza, bai eta haren edukira sartzeko data eta ordua ere, eta une horretatik aurrera egintzat joko da jakinarazpena.

    Jakinarazpena eskuragarri jarri dela egiaztatzen bada, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpena atzera bota dela ulertuko da, eta izapidea gauzatutzat joko da, prozedurak aurrera eginez, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada ezinezkoa dela irispidea izatea teknikoki edo materialki.

Deialdi honetan ezarritako mugak errespetatuz, dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

Agindu honetan onartutako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

  2. Dirulaguntza zertarako eman den, horrexetarako erabiltzea.

  3. Diruz lagundutako proiektua deialdira aurkeztutako baldintzetan gauzatzea. Hala ere, salbuespen gisa, funtsezko aldaketarik ez dakarten eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari eragiten ez dioten aldaketak sartu ahal izango dira. Horiek idatziz jakinarazi beharko zaizkio Kulturako sailburuordeari, eta hark hamabost eguneko epea izango du, jakinarazpena jasotzen den egunetik aurrera, onartzeko edo ez onartzeko. Epe hori berariazko jakinarazpenik gabe igarotzen bada, proposatutako aldaketa onartutzat joko da.

  4. Estatuko edo nazioarteko beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso badira, horren berri ematea laguntza eman duen organoari.

  5. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntza berariaz aipatzea, Sailaren logoa argitaraturiko materialean txertatuz, bai argitaratutako materialetan, bai webguneetan, plataforma digitaletan, katalogoetan, programetan, iragarki-karteletan edo diruz lagundutako obrari edo jarduerari buruzko beste edozein materialetan. Material hori Euskal Autonomia Erkidegorako denean, gutxienez bi hizkuntza ofizialetan argitaratu beharko da.

  6. Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen xedea fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

  7. Agindu honetan laguntza-modalitate bakoitzerako ezarritakoak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako beste betebehar eta betebehar guztiak.

  1. Agindu honen kontura emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

    1. Dirulaguntzaren % 50 dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren eta 11.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ordainduko da.

    2. Gainerako % 50a, betiere 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, diruz lagundutako jarduera osoa 13. artikuluan adierazitako moduan egin dela egiaztatu eta behar bezala justifikatu ondoren ordainduko da.

  2. Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekotik kenduko dira, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta ordainketak, zergaren araudia aplikatuta legozkiekeenak. Hala badagokio, jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa onuradunak eskatu beharko du.

  3. Ez da inolako ordainketarik egingo baldin eta onuradunak zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu, edo dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez baditu.

  4. Laguntzaren onuraduna erregistratuta ez badago edo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, izapide hori egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez egin ahal izango du: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenak

  1. Pertsona edo erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte diruz lagundutako jarduera amaitu eta hiru hilabeteko epean, eta 2026ko urriaren 30era arte:

    1. Dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztutako jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehatza

    2. Justifikazio ekonomikoko formularioa: diruz lagundutako jarduera gauzatzearen (gastuak eta sarrerak) emaitza ekonomikoa, ahalik eta banakatuena, euskadi.eus-en eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

      Diru-sarreren zerrendan, besteak beste, honako hauek sartu beharko dira:

      1. Pertsona edo erakunde onuradunaren behin betiko ekarpena.

      2. Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpenak. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da.

      3. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntza.

    3. Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko egindako gastuen egiaztagiri guztien zerrenda sailkatua (nominak, fakturak, tiketak, ordainagiriak), euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

    4. Egindako gastuak justifikatzen dituzten frogagiriak eta fakturak.

    5. Katalogoen, programen, iragarki-kartelen, argazkien eta gainerako material grafiko edo soinudunen hizkuntza-bertsioen adibideak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dutela berariaz adierazita.

  2. Dirulaguntzaren justifikazioak aurkezteko, kontuan hartu beharko dira agindu honen 4.4 artikuluan aipatzen diren jarraibideak, ereduak eta helbide elektronikoak.

  1. Erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 75eraino, azpikontratu guztien prezioak batuta.

    Azpikontratazioen kasuan, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen erakunde nahikorik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

  2. Diruz lagundutako plana bere kabuz egiteko pertsona edo erakunde onuradunak egin behar dituen gastuak kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira.

  1. Proiektuaren edukiari eta hasierako aurrekontuari dagokienez dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, edo ezarritako mugak gainditzen dituzten beste dirulaguntza edo laguntza batzuk gehitzen badira, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 eta 25. artikuluetan araututakoaren arabera.

  2. Aurreko kasuan, baldin eta proiektuaren xedea eta helburuak betetzat jotzen badira eta onuradunek beren konpromisoak betetzeko zalantzarik gabeko jarduketa bat egiaztatzen badute, kendu beharreko zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz zehaztuko da.

  1. Hauek izango dira ez-betetzeak:

    1. Jasotako dirulaguntzak, osorik zein partez, aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

    2. Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

    3. Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa, hala badagokio, ez itzultzea horretarako ezarritako epean.

    4. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera nahitaez bete beharreko beste edozein.

  2. Halako kasuren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera eta bertan ezarritakoa bete ondoren.

Datu pertsonalak tratatu eta «Kulturaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, eduki honekin:

  1. Arduraduna: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

  2. Helburua: kultura eta sormen sektoreko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

  3. Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

  4. Hartzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioak.

  5. Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

  6. Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/informazio-klausulak/

  1. Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak arte eszenikoetako konpainia profesionalek (antzerkia, dantza, zirkua) 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean egiten dituzten ikuskizunak sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko gastuak finantzatzeko dira.

  2. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluaren esparruan, aurrekontuan jasotako eta justifikatu beharreko gastuek diruz lagundutako jarduera garatzeko behar-beharrezkoak direnak izan beharko dute, eta deialdi honetan ezarritako epean egin beharko dira; era berean, lege beraren 31. artikuluan diruz lagundutako jardueren kontratazioari buruz xedatutakoa aplikatuko da.

  3. Proiektuaren aurrekontuan sartu beharreko gastuak artikulu honetako 1. zenbakian aurreikusitako aldian garatu beharreko jarduerei dagozkie, eta honako kontzeptu hauen arabera banakatu beharko dira:

    1. Publizitatea eta komunikazioa (material grafikoa eta ikus-entzunezkoa editatzea, web-orriak sortzea eta mantentzea, hedabideen publizitatea).

    2. Langile-gastuak. Egotzitako gastuek ezingo dute urteko fakturazio osoaren % 15 gainditu.

    3. Deialdi honen xede den esparruko prestakuntza-gastuak (merkaturatzea, nazioartekotzea, marketina).

    4. Azoketara joatea.

    5. Bidaiak eta garraioak.

    6. Beste banaketa-gastu batzuk.

  4. Ez da inolaz ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

1. 3. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzeaz gain, bi baldintza hauetakoren bat betetzen dutenek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek:

  1. Gutxienez 2 ikuskizun eszeniko profesional ekoiztea eta 40 emanalditik gorako bira egitea antzerkirako eta 30 emanalditik gorako bira dantzarako eta zirkurako, 2021eko urtarrilaren 1etik deialdi hau argitaratzen den egunera arte.

  2. Sustapen- eta banaketa-proiektu bat aurkeztea zeinean Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko arte eszenikoen ekoizpenerako deialdiko Zirkuitu itundudun ekoizpenen eta Ekoizpen eszenikoak I eta II modalitateetan ekoizpen onuradun bat barne hartzen duena.

    1. Honako hauek ezin izango dituzte kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu:

      1. Elkarte edo fundazioaren forma juridikoa duten antzerki-arloko erakunde eskatzaileak.

      2. Artikulu honetako 1.b) apartatuan aipatutako deialdian bi urtez behingo jarduera eszenikorako laguntzen pertsona edo erakunde onuradunak.

  1. Laguntzen zenbateko osoa 500.000 eurokoa da.

  2. Aukeratutako proiektu bakoitzari gehienez emango zaion zenbatekoa ez da izango 15.000 eurotik gorakoa, ez eta onartutako proiektuaren aurrekontuaren % 75 baino handiagoa ere.

  1. Modalitate honetan emango diren dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, deialdira sartzeko baldintzak egiaztatu dituzten proiektuak II.1 eranskineko taulan adierazitako irizpide objektiboen arabera baloratu eta puntuatuko dira, bakoitzaren pisu erlatiboaren eta baremazio-irizpideen arabera.

  2. Deialdi honen 19.1.b) artikuluan adierazitako baldintza betetzen duten pertsona edo erakunde eskatzaileek lehentasuna izango dute agindu honetan jasotako laguntzak jaso ahal izateko; beraz, aurreko irizpideak aplikatzean lortzen den lehentasun-hurrenkeran, baldintza hori betetzen ez duten pertsonen edo erakundeen aurretik egongo dira.

  3. Eman beharreko laguntzen zenbatekoa zehazteko, prozedura hau aplikatuko da:

    1. Lehenik eta behin, proiektuak lehentasun-ordenaren arabera ordenatuko dira, balorazio-prozesuan lortutako puntuazioaren eta aurreko 2. apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

    2. Ondoren, banaketaren behin-behineko kalkulu bat egingo da: eskuragarri dagoen kopurua aurreko puntuan aipatutako hurrenkeraren arabera banatuko da, eta, hasiera batean, horietako bakoitzari eskatutako zenbatekoaren % 100 esleituko zaio, betiere, 20.2 artikuluan adierazitako mugen arabera.

    3. Aurreko kalkulua egin ondoren soberan geratzen den azken kopuru bat ateratzen bada, hurrengo sailkapena proiektu onuradunen zerrendan sartuko da, eta bakoitzari eman beharreko azken kopuruak birkalkulatuko dira, proiektu bakoitzak eskatutako zenbatekoaren proportzio zuzenean.

  1. Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak EAEko musika-taldeen edota errepertorioaren % 75 baino gehiago euskaraz dutenen zuzeneko zirkuiturako sustapen-, merkaturatze-, nazioartekotze- eta banaketa-proiektuak finantzatzeko dira, 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean egiten badira.

  2. Aurkeztu beharreko aurrekontuak irizpide hauek bete beharko ditu:

    1. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluaren esparruan, aurrekontuan jasotako eta justifikatu beharreko gastuek diruz lagundutako jarduera garatzeko behar-beharrezkoak direnak izan beharko dute, eta deialdi honetan ezarritako epean egin beharko dira. Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezin izango da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izan.

    2. Proiektuaren aurrekontuan sartu beharreko gastuek bat etorri beharko dute artikulu honetako 1. zenbakian aurreikusitako aldian garatu beharreko jarduerekin, eta honako kontzeptu hauen arabera banakatuko dira:

      1. Langileak, artikulu honetako d) apartatuan ezarritakoaren arabera.

      2. Publizitatea, komunikazioa eta banaketa (material grafikoa eta ikus-entzunezkoa editatzea, web-orriak sortzea eta mantentzea, publizitatea komunikabideetan, etab.).

      3. Deialdi honen xede den eremuko prestakuntza-gastuak (merkaturatzea, nazioartekotzea, marketina...).

      4. Zuzeneko musikaren salerosketarekin lotutako azoka eta ekitaldi profesionaletara joatea. Durangoko azoka edo jarduera hori garatzeko berariazko espazio edo jarduera-programarik ez duen beste edozein ekitaldi ez da halakotzat hartuko.

      5. Aipatutako jarduerekin lotutako banaketa, bidaiak eta garraioak.

    3. Ez da inolaz ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

    4. Erakundeko langileek edo pertsona fisiko eskatzaileak egin beharreko zereginei dagozkien langile-gastuei dagokienez, honako muga eta eskakizun hauek hartu beharko dira kontuan:

      1. Enpresa-proiektuetarako, apartatu honetan egotzitako gastuek ezingo dute aurrekontu osoaren % 35 gainditu.

      2. Aurrekontuan eta, hala badagokio, justifikazioaren azken balantzean, inplikatutako pertsonek egin beharreko zereginak zehaztu beharko dira, baita horiek kalkulatzeko erabilitako denbora- eta ekonomia-erreferentziak ere.

      3. Dirulaguntzaren kasuan, gastu horiek honela justifikatu beharko dira:

        1. Erakunde juridikoak: aurreikusitako zereginak garatzeko aldiari dago(z)kion pertson(ar)en nominak.

        1. Pertsona fisiko eskatzaileak: egindako lanei buruzko adierazpen pertsonala, altaren egiaztagiria eta proiektua garatu bitartean autonomoen aseguruari dagozkion ordainagiriak.

    5. Diru-sarreren atala multzo eta baldintza hauen arabera banakatu beharko da:

      1. Pertsona edo erakunde eskatzaileak emandako diru-kopurua.

        Pertsona fisiko autonomoen kasuan, kopuru horren barruan sartu ahal izango da eskatzaileak egindako lana, aurreko d) apartatuan ezarritakoaren arabera.

      2. Beste erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpen ekonomikoak.

      3. Deialdi honetan egindako eskaera ekonomikoa. Eskabide horrek ezin izango du gainditu, inola ere, 24. artikuluan aurreikusitako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.

  1. Laguntza hauek eskatu ahal izateko, 3.1 artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzeaz gain, honako betekizun espezifiko hauek egiaztatu beharko dituzte:

    1. Proiektu unitarioak. Apartatu honetan musika-talde bakar bati dagozkion proiektuak sartuko dira, baldin eta gutxienez baldintza hauetako bi egiaztatzen badituzte:

      1. Gutxienez 2 disko argitaratu izana, eta azkena 2021etik aurrera.

      2. 2021. eta 2024. urteen artean gutxienez 50 kontzertu profesional egin izana.

        Baldintza horiei dagokienez, talde berrien kasuan, gutxienez taldekideetako baten egiletza eta aurreko musika-proiektuetan izandako ibilbidea egiaztatzen duten erreferentziak aurkeztu beharko dira.

      3. Proiektuaren xede den musika-produkzioa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren musika-jarduera profesionaletarako deialdiaren 2023ko edo 2024ko edizioan diruz lagundua izana.

    2. Enpresa-proiektua. Apartatu honen barruan, honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek edo entitateek aurkeztutako proiektuak hartuko dira kontuan:

      1. Management edo musika-ordezkaritzaren arloan enpresa-jarduera garatzea, eta inola ere ez elkarte edo fundazioaren forma juridikoaren pean.

      2. 2024an, zuzeneko zirkuituan banatzeko, gutxienez 4 talde edo bakarlari ordezkatu izana, proiektu musikal berezituekin; nolanahi ere, deialdi honen esparruan sartutakoen artean (22.1 artikulua).

      3. Zuzeneko zirkuiturako sustapen- eta banaketa-proiektu bat aurkeztea deialdi honetako aldian, 22.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten gutxienez bi eta gehienez lau musika-talderentzat.

  2. Musika-talde bera ezingo da egon hedapen-eskaera edo -proiektu batean baino gehiagotan sartuta.

  1. Laguntzen zenbateko osoa 238.000 eurokoa da.

  2. Hautatutako proiektu bakoitzari emandako zenbatekoa ezingo da izan onartutako sustapen-planaren aurrekontuaren % 75 baino handiagoa, eta eman beharreko gehieneko zenbatekoa honako hau izango da:

    1. Proiektu unitarioak (23.1.a artikulua): 5.000 euro.

    2. Enpresa-proiektuak (23.1.b artikulua): 15.000 euro.

  3. Nolanahi ere, hautaketarako eta banaketarako aurreikusitako irizpideak eta prozedurak aplikatu ondoren, dirulaguntza lortzea ezarritako eremu bakoitzerako dagoen baliabide ekonomikoaren araberakoa izango da, 25.2.a) artikuluan zehazten den bezala.

  1. Modalitate honetan emango diren dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, deialdira sartzeko baldintzak egiaztatu dituzten proiektuak baloratu eta puntuatuko dira II.2 eranskineko hurrengo tauletan adierazitako irizpide objektiboen arabera, bakoitzaren pisu erlatiboaren eta baremazio-irizpideen arabera:

    1. Proiektu unitarioak (23.1.a artikuluan ezarritakoaren arabera): I.2 eranskina, 1. taula.

    2. Enpresa-proiektuak (23.1.b artikuluan ezarritakoaren arabera): I.2 eranskina, 2. taula.

  2. Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, prozedura honi jarraituko zaio:

    1. Lehenik eta behin, bi poltsa ekonomiko ezberdin kalkulatuko dira: 23.1 artikuluan deskribatutako eremu bakoitzerako. Horietako bakoitzean erreserbatu beharreko zenbatekoa aurreko apartatuan aurreikusitako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektuek eskatutako zenbatekoen baturaren portzentaje erlatiboaren arabera zehaztuko da.

    2. Behin-behineko banaketa-kalkulu bat egingo da; horretarako, erabilgarri dagoen guztizko kopurua hurrenkeraren arabera banatuko da; horrela, hasiera batean, proiektu bakoitzari eskatutako zenbatekoaren % 100 esleituko zaio (betiere, 24.2 artikuluan adierazitako mugen arabera).

    3. Aurreko kalkulua egin ondoren gerakin bat aterako balitz, sailkatutako hurrengo proiektua onuradunen artean sartuko litzateke. Hori eginda, onuradun guztiei eman beharreko azken zenbatekoak birkalkulatuko lirateke, proiektu bakoitzak eskatutako zenbatekoaren proportzio zuzenean.

  1. Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzen helburua da literatura-sektoreko sortzaileek (idazketa, ilustrazioa, itzulpena) eta argitaletxeek, 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten diren liburu eta literaturaren arloko azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko gastuak finantzatzea.

  2. Diruz lagunduko da honako azoka hauetan parte hartzea: Frankfurter Buchmesse, Bologna Children´s book fair, Fil Guadalajara, Liber, The London book fair, Edinburgh International book festival, Festival d´Angoulème, Salon du livre de Paris, Feria libro Buenos Aires, Book espo America (NY), Feria del comic de Barcelona, Feria del libro de Madrid, Sant Jordi Barcelona, Ars Libris (Arco Madrid), Sarako Ikusi Mikusi eta Semana negra (Gijón).

  3. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluaren esparruan, aurrekontuan jasotako eta justifikatu beharreko gastuek diruz lagundutako jarduera garatzeko behar-beharrezkoak direnak izan beharko dute, eta deialdi honetan ezarritako epean egin beharko dira. Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezin izango da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izan.

  4. Aurkeztutako proiektuaren ondoriozko gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:

    1. Ekitaldian edo azokan izena ematea.

    2. Bidaiak eta garraioak.

    3. Ostatua eta dietak.

  5. Ez da inolaz ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

1. 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, bi baldintza hauetakoren bat betetzen dutenek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek:

  1. Sortzaileentzat, azken hamar urteetan gutxienez bi liburu argitaratu izana.

  2. Argitaratzaileentzat, azken bi urteetan gutxienez bost liburu argitaratu izana.

    Eskatzaile batek egilearen eta argitaletxearen baldintzak betetzen baditu, horretarako erreferentziarik onuragarriena erabiliko da.

    1. Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ezin izango dituzte eskuratu elkarte edo fundazioaren forma juridikoa duten erakunde eskatzaileek.

    2. Proiektuari buruz aurkeztu beharreko dokumentazioa:

      Proiektuaren fitxa, azken hamar urteetan argitaratutako liburuen kopurua eta egin beharreko jardueren aurrekontua adierazita (euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera).

  1. Laguntzen zenbatekoa 40.000 eurokoa da.

  2. Eskatzaile bakoitzari emandako gehieneko zenbatekoa ezingo da 5.000 eurotik gorakoa izan argitaletxeen kasuan, eta 3.000 eurotik gorakoa sortzaileen kasuan, ezta, edozein kasutan, onartutako planaren aurrekontuaren % 75etik gorakoa ere.

  3. Diruz lagundu daitezkeen gastuak kalkulatzeko, honako muga hauek ezartzen dira:

    1. Espainian, ostatuetarako eta dietetarako gehieneko gastuak, pertsonako eta eguneko: 70 euro ostaturako eta 40 euro dietetarako.

    2. Espainiatik kanpo, ostatuetarako eta dietetarako gehieneko gastuak, pertsonako eta eguneko: 120 euro ostaturako eta 60 euro dietetarako.

  1. Modalitate honetan emango diren dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko, deialdira sartzeko baldintzak egiaztatu dituzten proiektuak II.3 eranskineko taulan adierazitako irizpide objektiboen arabera baloratu eta puntuatuko dira, bakoitzaren pisu erlatiboaren eta baremazio-irizpideen arabera.

  2. Eskatzaile batek egile eta argitaletxe baldintzak batera betetzen baditu, erreferentziarik hoberena erabiliko da.

  3. Azoka batean baino gehiagotan parte hartuko bada, puntuaziorik altuena hartuko da kontuan.

  4. Eman beharreko laguntzen zenbatekoa zehazteko, prozedura hau aplikatuko da:

    1. Lehenik eta behin, proiektuak lehentasun-ordenaren arabera ordenatuko dira, balorazio-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera.

    2. Ondoren, banaketaren behin-behineko kalkulu bat egingo da: eskuragarri dagoen kopurua aurreko puntuan aipatutako hurrenkeraren arabera banatuko da, eta, hasiera batean, bakoitzari eskatutako zenbatekoaren % 100 esleituko zaio, betiere, 28.2 artikuluan adierazitako mugen arabera.

    3. Aurreko kalkulua egin ondoren soberan geratzen den azken kopuru bat ateratzen bada, hurrengo sailkapena proiektu onuradunen zerrendan sartuko da, eta bakoitzari eman beharreko azken kopuruak birkalkulatuko dira, proiektu bakoitzak eskatutako zenbatekoaren proportzio zuzenean.

  1. Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak 2025ean Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten diren nazioarteko arte-azoketan arte-galeriek parte hartzea finantzatzeko dira, euskal artisten lana zabaltzeko.

  2. Azoketara joateko aurkeztutako proiektuaren ondoriozko gastutzat hartuko dira standaren alokairu-gastuak eta euskal artisten obra-garraioaren gastuak.

  3. Eskatzaileak egiaztatzen badu azokan parte hartzea organo kudeatzaileak onartu duela, dirulaguntza emango da.

  4. Ez da inolaz ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

  1. Laguntzen zenbateko osoa 72.000 eurokoa da.

    1. Arco Nazioarteko Arte Azokan (Madril, Espainia) parte hartzea:

      1. Gehieneko zenbateko osoa: 24.000 euro.

      2. Galeria bakoitzeko dirulaguntza: onartutako kostuen % 75, 12.000 euro gainditu gabe.

        III. eranskinean zerrendatutako Espainiako estatutik kanpoko nazioarteko azoketan parte hartzea:

      1. Gehieneko zenbateko osoa: 48.000 euro.

      2. Azoka eta galeria bakoitzeko dirulaguntza: onartutako kostuen % 75, 20.000 euro gainditu gabe Amerikako eta Asiako azoketarako eta 12.000 euro Europako azoketarako.

        1. Nazioarteko beste arte-azoka batzuetan parte hartzea: a) eta b) apartatuetarako aurreikusitako zenbatekoak agortu ez badira bakarrik emango dira. Kasu horretan, ematen diren dirulaguntzen zenbatekoa, azoka eta galeria bakoitzeko, onartutako kostuen % 75era iritsi ahal izango da, 6.000 euro gainditu gabe.

  2. Talderen baten barruan gehieneko zuzkidura ez bada nahikoa aurreikusitako gehieneko kopuruak emateko, dagokion zenbatekoa eskabide guztien artean hainbanatuko da, onartutako kostuaren proportzioan.

  3. Eskabiderik ez egoteagatik edo baldintzak ez betetzeagatik 1.a) apartaturako esleitutako zenbatekoa agortzen ez bada, 1.b) apartaturako esleitutako zenbatekoa handitu ahal izango da. era berean, 1.a) eta 1.b) apartatuetan esleitu gabeko zenbatekoak, hala badagokio, 1.c) apartatukoei esleituko zaizkie.

  4. Nolanahi ere, azoketara joateko gehieneko zenbatekoa, pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzeko, ez da 50.000 eurotik gorakoa izango.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 10a.

    Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

    IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

    (Ikus .PDF)