Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2025eko abenduaren 2koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdia egiten baita EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuentzat, 2025-2026ko ikasturtean STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak garatzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 244
  • Hurrenkera-zk.: 5426
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/12/02
  • Argitaratze-data: 2025/12/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

UNESCOk, Science Education izeneko programan, adierazi du zientziaren eta teknologiaren arloko gaikuntza funtsezko elementua dela ekonomia eta gizartea garatzeko. Ildo horretan, gaikuntza hori osatzeko, ezinbestekotzat jotzen du zientziaren eta teknologiaren arloko hezkuntza sustatzea, hezkuntza-maila guztietan, bai eta gizarte osoaren alfabetatze zientifikoa hobetzea ere. Nabarmentzen du, halaber, gazteak bereziki neskak bultzatu beharra dagoela zientziaren eta teknologiaren arloko karrera profesionalak egin ditzaten.

Horizonte Europa, 2021-2027 aldirako EBren Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programak, funtsezko hiru zutabe proposatzen ditu: lehenengoa, zientzia bikaina sustatzea; bigarrena, erronka global handiei aurre egitea (osasuna, klima-aldaketa, energia berriztagarriak, mugikortasuna, segurtasuna, digitala, materialak, etab.); eta hirugarrena, Europa berrikuntzan aitzindari izatea.

2018ko ekainean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak STEAM Euskadi hezkuntza-estrategia aurkeztu zuen, zeinaren bitartez helburu hauek sustatzen baitira:

Heziketa eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea hezkuntza-etapa guztietan, horretarako eragile sozioekonomikoak ere inplikatuz.

Bokazio eta helburu profesionalak inspiratzea STEAM esparruan, aniztasun pertsonala eta kulturala kontuan hartuta, eta arreta berezia jarriz neska ikasleengan, etorkizuneko erronken aurrean prestakuntza egokia jaso dezaten.

Euskal herritarren artean dibulgazio eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea.

Estrategia horrek diziplinarteko proiektuak garatu nahi ditu, curriculumaren alderdi guztiak aldi berean eta modu integratuan ikasteko eta STEAM funtsezko gaitasunen garapena bermatzeko, pentsamendu zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikoaren kultura sustatzeko, eta ikasleak inspiratzea ebidentzian oinarritutako arrazoibidea erabiltzera erabakiak hartzeko, diziplina horiekiko lana sustatzera eta ikasleengan oinarritutako hezkuntza-prozesu sortzaile eta berritzaileak gauzatzeko beharrezkoa den aldaketa metodologikoa egitera, metodologia aktiboen bitartez, hala nola lankidetza-lana, arazoen ebazpena (PBL), proiektuetan oinarritutako ikaskuntza (POI), eta ekintzailetza, pentsamendu kritikoa, sormena eta iraunkortasunaren kultura sustatzen saiatzera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legeak jasotzen duenez, Euskal Hezkuntza Sistemaren helburuen artean kultura zientifikoa eta humanitateak behar bezala uztartzen dituen hezkuntza-eredu bat ezartzea dago, arteekin eta teknologiarekin batera, jakintzaren bidez sormena, talentua, ekimen pertsonala eta espiritu ekintzailea garatuz, etengabeko hobekuntzaren, berrikuntzaren eta ebaluazioaren alde eginez.

Ildo horretan, maiatzaren 30eko 75/2023, 77/2023 eta 76/2023 Dekretuek, Haur Hezkuntzaren, Oinarrizko Hezkuntzaren eta Batxilergoren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoak, hurrenez hurren, matematikarako konpetentzia eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia funtsezko konpetentziak dira, eta mundua ulertzea dakar berekin, metodo zientifikoak, pentsamendu eta irudikapen matematikoak, teknologia eta ingeniaritza-metodoak erabiliz ingurunea modu konprometituan, arduratsuan eta jasangarrian eraldatzeko.

Horrela, kultura zientifiko zabala, ahalduntze teknologikoa eta haien inplikazio etiko, politiko, sozial eta ingurumenekoez hausnartzeko gaitasun kolektiboa zabaltzen lagunduko duten STEAM proiektuak garatzea proposatzen da. Irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuan diziplinarteko ikuspegia duten ekimenak, ikasleentzat esanguratsuak diren testuinguru eta eguneroko bizitzako egoerak txertatuz, irakasgai horien curriculuma garatu ahal izateko, eta beharrezkoak diren tresna digitalak eta teknologikoak erabiliz, bai eta pentsamendu konputazionala ere, arazo konplexuak konpontzeko aukera ematen baitigu, konputazio-zientzietan eta pentsamendu kritikoan oinarrituta.

Orain arte bultzatutako neurriak eta konpetentzia zientifiko eta matematikoko emaitzak hobetzeko egindakoak kontuan hartuta, Hezkuntza Sailak STEAM proiektuak aurkezteko deia egiten die itunpeko ikastetxe pribatuei, helburu hauekin: pentsamendu zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikoaren kultura suspertzea, eta ikasleak, erabakiak hartzeko orduan, ebidentzietan oinarritutako arrazoimena erabil dezaten bultzatzea, arazoak ebatziz (PBL) eta lan kooperatiboa erabiliz, jasangarritasun-irizpideak kontuan hartuta eta genero-ikuspegia txertatuta.

Dirulaguntza hau Hezkuntza Sailaren 2025erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jaso da. Plan hori 2025eko apirilaren 29an onartu zuen Gobernu Kontseiluak.

Kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretua, dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen araberako aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak edo laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak onartzea, 2025-2026 ikasturtean STEAMen (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics) hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak finantzatzeko.

2025-2026 ikasturtean Steam (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics) esparruan hezkuntza berriztatzeko proiektuak garatzen dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuak izan daitezke agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun.

Helburu hori lortzeko, 350.000 euro bideratuko dira guztira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura.

  1. Ikastetxeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. STEAM (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics) arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektua aurkeztea, agindu honetako 5.2 artikuluan adierazitako puntuak azalduta.

    2. Proiektuaren jarraipena egiteko koordinatzaile bat izendatzea.

    3. Irakasleentzako prestakuntza-jarduerak ematea gastu gisa egotziz gero, proiektua egiteko behar diren irakasleen berariazko konpromisoa izan beharko da, eta bertan adierazi beharko dute parte hartuko dutela dirulaguntzaren xede den eta ikastetxeak antolatu duen prestakuntzan.

      1. Gainera, ezingo dute eskatu eta ezin izango dira onuradun izan honako egoeraren batean dauden ikastetxeak:

        1. Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan azaldutako egoeraren batean egotea.

        2. Dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa daukatenak, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta daudenak, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.

        3. Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak. Betekizun hau eskatuko da bai onuradun bihurtzeko bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten segitzeko.

        4. Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten baina halakorik ez duten enpresak eta, 50 langiletik gorako enpresa izanik, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritakoaren arabera sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez dutenak.

          Horri dagokionez, artikulu honetako 1. paragrafotik 4.era bitarte zehazten diren onuradun-izaera lortzeko debekurik ez dutela lekukotza judizialaren, ziurtagiri telematikoaren edo datu-transmisioaren bidez justifikatu ahal izango dute ikastetxeek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeari buruzko erregelamenduzko araudian ezarritakoaren arabera, edota administrazio-ziurtagiriaren bidez, kasuaren arabera, eta, agiri hori agintaritza eskudunak eman ezin duenean, horren ordez erantzukizunpeko adierazpen bat egin ahal izango da administrazio-agintaritza edo notariotza publiko baten aurrean.

          Adierazpen horren edukia egiazkoa dela egiaztatzeko, dagokion justifikazio-dokumentazioa aurkeztu beharko da, bai eta erantzukizunpeko adierazpena egiaztatzeko bitarteko baliozko eta nahikoak diren betekizunak ere.

      2. Ikastetxe onuradunei dirulaguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

      3. Artikulu honen hirugarren puntuan adierazitakoa alde batera utzi gabe, dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela zuzenean eta automatikoki egiaztatzeko behar beste aldiz. Eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena, II. eranskinean adierazitakoaren arabera. Hala ere, aurka egiteko eskubidea erabiliz gero, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

      4. Honako hauek egiaztatuko dira eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez:

        1. Ez dela eskuratu helburu bererako inolako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik ezein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.

        2. Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiborik, eta ez dagoela sartuta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan, sexuagatiko diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.

        3. Egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako agirietan adierazitako edukiak.

        4. Ikastetxeak betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko betekizunak, betiere indarrean den legedian jasotzen direnak.

        5. Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan zehaztutako egoeretako batean.

        6. Ikastetxe eskatzailearen eskola-kontseiluak aurkeztutako proiektua ezagutzen duela eta onartu egin duela.

        7. Proiektuaren datuak bete dituela hemen: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1115605

        8. 50 langiletik gorako enpresa izanik, emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana onartu duela, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.

        9. 50 langiletik gorako enpresa izanik, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituela, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritakoaren arabera.

      5. Deialdiko dirulaguntzen onuradun bihurtzeko eskatutako betekizunak bete egin behar dira emandako dirulaguntza likidatu arte; beraz, egiaztatuko da bete egiten direla dirulaguntza emateko orduan eta ordainketak egiteko orduan.

  1. Ikastetxe bakoitzak STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektu bakarra aurkeztuko du, eta bost diziplinetako gutxienez bitan hainbat ikuspegi hartu ahal izango ditu modu bateratuan, STEAM ereduko bokazioak eta helburuak genero-ikuspegiarekin sustatuz.

  2. Curriculum-edukiak, landuko diren gaitasunek, erabiliko den metodologiak, xede dituen etapek, zikloek edo kurtsoek eta lortu nahi diren helburuek definituko dute proiektua, eta ikasleek beren konpetentzien garapenean lortutako maila ebaluatzeko aurreikusitako neurriak zehaztuko dira.

    STEAM hezkuntza-estrategiaren gomendioek honako hauek ere sustatzen dituzte:

    Ikastetxeak berak edo STEAM diziplinekin lotutako beste erakunde batzuek antolatutako zientzia-dibulgazioko azoka, jardunaldi, lehiaketa eta/edo topaketak antolatzea eta/edo horietan parte hartzea.

    Lankidetza-mekanismoak ezartzea gizarte- eta ekonomia-sarearekin eta hezkuntza-erakundeekin, proiektuak garatzeko (unibertsitateak, online hezkuntza-proiektuak, Europako programak, berrikuntza-zentroak, teknologia-zentroak, enpresak, etab.)

    STEAM jardueretan emakumezko ikasleen parte-hartzea areagotzeko ekintza espezifikoak.

    Proiektuek oinarri hartuko dituzte bizitzaren eremuei (pertsonala, soziala, globala eta lanekoa) lotuta erronka edo arazo bat sortzen duten egoerak; eta, ahal den neurrian, honako printzipio hauek hartu beharko dituzte kontuan: irakasgaien irakaskuntza integratua, STEAM ereduarekin lotutako konpetentziak garatzea, ikerketan oinarritutako ikaskuntza, eta STEAM erako bokazio eta helburu profesionalak sustatzea.

    Hortaz, genero-berdintasuna sustatu beharko dute, eta ikasgeletan hainbat modutara txertatu beharko dute genero-ikuspegia, hala nola rolak era berdinean banatuz, zientziaren zein ingeniaritzaren arloko lanbideen inguruko estereotipoak deseginez, haurrei era berdinean garatzeko aukera ematen dieten espazioa sortuz, eta abar.

    Hezkuntza Sailak STEAMGUNEA webgunea jarri du ikastetxeen eskura; STEAM proiektuak diseinatzeko informazio interesgarria eskaintzen du: https://steamgune.euskadi.eus/eu/inicio

    Proiektu bakoitzak gutxienez 30 ordu izango ditu aurreikusita garatzeko eta gauzatzeko. Irakasleek horri eskainitako ordu kopurua zehaztuko du eskabideak, eta horretarako kontuan izango dira ikasleekin proiektua garatzeko behar diren orduak zein koordinazio eta ebaluaziokoak.

    STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak adierazi beharko du zein irakaslek parte hartuko duten proiektuan, eta zer diziplina ematen duten.

  3. Proiektuan puntu hauek sartuko dira:

    1. Proiektuaren egokitasuna (zein arazori erantzun nahi zaion justifikatzea, inpaktu mota, berrikuntza, originaltasuna).

    2. Proiektuaren deskribapena eta helburuak. Zertan laguntzen dien proiektuak garapen jasangarriaren helburuei.

    3. Erabili behar den estrategia eta STEAM proiektuaren diziplinarteko tratamendua.

    4. Proiektua zein etapa, ziklo edo kurtsotan garatuko den zehaztea.

    5. STEAM proiektuaren curriculum-justifikazioa.

    6. Erabili beharreko material eta baliabide pedagogikoen plangintza eta justifikazioa (jasangarritasun-irizpideak kontuan izanda material horien kudeaketan eta jarduera pedagogikoen garapenean).

    7. Sistemaren deskribapena eta proiektuaren beraren jarraipen- eta ebaluazio-irizpideak, baita lorpenen adierazleak eta horien denboralizarioa ere (kronograma).

    8. STEAM arloetako bokazio zientifikoak ikasleengan, eta bereziki neska ikasleengan, sustatzeko prestatutako jardueren eta ekintzen deskribapena.

    9. Proiektua garatzeko ikastetxeak aurreikusten dituen koordinazio- eta antolaketa-ekintzen deskribapena. Proiektuaren koordinatzailea zergatik izendatu den azaltzen duten arrazoiak (prestakuntza, esperientzia, ikastetxearen ezagutza eta STEAM konpetentziekin lotutako merezimenduak).

    10. Proiektua eskola-inguruan eta gizartean zabaltzeko eta hezkuntza-komunitatearen eta familien partaidetza aktiboa sustatzeko neurriak.

  4. Hezkuntza zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikorako berrikuntza-proiektuaren datu teknikoak eta aurrekontu-datuak behar bezala bete beharko dira, ikastetxeek esteka honetan eskura duten aplikazio informatikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1115605

  1. Zuzkidurak zer proiektu finantzatzeko eman diren kontuan hartuta, proiektu horiek garatzeari eta gauzatzeari zuzenean lotutako gastuak ordaintzeko soil-soilik baliatuko dira diru-kopuruak, eta Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikulua beteko dute. Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2025eko irailaren 1etik 2026ko ekainaren 1era bitartean egin beharko dira.

  2. Gastu gisa egotzi ahal izango dira proiektua egiteko ezinbestekoak diren materialak erosteko gastuak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezin izango da inola ere merkatuaren balioa baino handiagoa izan.

  3. Informazio- eta komunikazio-gailuak (IKT) erostea egotz daitekeen gastutzat onartuko da, baldin eta gailu horiek erabiltzea ezinbestekoa bada proiektua garatzeko, eta ikastetxeak aurkeztutako proiektuan hala azaltzen bada berariaz. Nolanahi ere, egozpena ezingo da izan aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa, betiere aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa; kasu horretan, kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan 1.500 eurotik gorakoa.

  4. Halaber, gastutzat egotzi ahal izango dira ikastetxeak berak antolatutako edo ikastetxeak aurkeztu duen STEAM proiektuarekin zuzenean lotutako beste entitate batzuek antolatutako zientzia-dibulgazioko azoka, jardunaldi, lehiaketa edo topaketak antolatzeko gastuak edo proiektuan parte hartzen duten ikasleek horietan parte hartzeko gastuak. Kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa, betiere aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa; kasu horretan, kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan 1.500 eurotik gorakoa.

    5 Ikastetxeak berak jardunbide egokiak zabaltzeko tailerrak antolatzen baditu, horiek ere gastu gisa egotzi ahal izango dira. Kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa, betiere aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa; kasu horretan, kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan 1.500 eurotik gorakoa.

  1. Gastutzat hartu ahal izango da irakasleentzako prestakuntza-jarduerak ematea, baldin eta prestakuntza-jarduera horiek ezinbestekoak badira proiektua garatzeko. Derrigorrezkoa izango da prestakuntza-jarduera horien aurrekontuaren kopia aurkeztea erantsita proiektuarekin batera (emailearen izena, ordu kopurua eta prezioa). Nolanahi ere, kontzeptu horri egotz dakiokeen gehieneko zenbatekoa aurkeztutako proiektua garatzeko aurrekontuaren % 30 izango da, betiere aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa; kasu horretan, kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan 900 eurotik gorakoa. 100 euroko muga ere ezarriko da eskola-ordu bakoitzeko. Atal honetan sartu ahal izango dira bai prestakuntza-jardueraren kostua (prestakuntza emango duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera), bai eskola-emailearen joan-etorriak, ostatuak edo mantenuak eragindako dietak, pertsona hori prestakuntza-erakundetik kanpokoa bada, betiere prestakuntza-saio horiek aurrez aurrekoak badira eta berrikuntza-proiektua garatzeko ezinbestekoak direla justifikatuta badago. Hizlariaren joan-etorriak, ostatuak edo mantenuak eragindako gastuei dagokienez, hemen ezarritako irizpide ekonomikoak hartuko dira kontuan: 121/2006 Dekretua, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko Dekretua hirugarren aldiz aldatzeko dena. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen joan-etorrietarako edo jan-edanetarako gastuak.

  1. Bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira eskabideak, (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/) helbidean, eta, horretarako hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ikastetxe bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, aurkeztutako azkenekoa soilik hartuko da kontuan, eta gainerakoak ez dira onartuko.

  2. Eskabide-eredua (II. eranskina) egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1115605

  3. Ikastetxe eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten moduan. Proiektua beste artxibo batean erantsiz gero, 40 orrialde izango ditu gehienez, Calibri letra-mota, 11 tamaina eta 1,5 lerroartekoa erabiliko da. Prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

    https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orriaren bidez egin beharko dira eskabidearen osteko izapideak hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte, justifikazioaren izapidea eta egon litezkeen errekurtsoen izapideak.

  4. Eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, ikastetxeari eskatuko zaio hamar egun baliodun epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

  5. Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi hau zehazten duten baldintzak.

  1. Ikastetxe interesdunetako titularrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-baliabideak eta sinadura elektronikoa erabiliz egingo dituzte prozedura honetako eskabideak, kontsultak eta izapidetzeak. Helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

  2. Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak; ebazpen horren bidez, E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa -Platea- onartu zen.

  3. Erantsi beharreko eskabide-ereduak eta erantzukizunpeko adierazpena agindu honi erantsi zaizkio.

  4. Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak nola egin honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1115605

  5. Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barnean dela, helbide honetako Nire Karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura kudeatzea. Ikaskuntza eta Berrikuntzako zuzendariari dagokio ebazpen-proposamena egitea, bai behin-behinekoa, bai behin betikoa.

  1. Ikastetxeko zuzendaritza-taldeari dagokio STEAM berrikuntza-proiektua abian jartzen dela zaintzea, eta ikasketaburuari dagokio proiektu horren garapen osoa koordinatzea, dela pertsonalki, dela eginkizun hori irakasle baten esku utzita. Irakasle horrek koordinatzaile lanak egingo ditu, hala badagokio. Hala bada, irakasle hori arduratuko da aldian-aldian ikasketa-burutzari proiektuaren garapenaren berri emateaz, bai eta gauzatutako ekintza bakoitzaren berri emateaz ere, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da, proiektuarekin zerikusia duten gaiak aztertzeko.

  2. Ikastetxeak, bere antolamendu-autonomiaren esparruan, koordinazioaz arduratzen diren pertsonen eskola-ordutegiak egokitu ahal izango ditu, proiektuan betetzen duten funtzioarekin bateragarri egiteko, bai eskola-orduen kopuruari dagokionez, bai ordu horien banaketari dagokionez, betiere dagozkion irakaskuntzen ikasturte-hasierako zirkularretan adierazitako araudia betez eta ikastetxearen ordutegi-baliabideen arabera.

  3. Deialdi honekin lotutako proiekturen bat onartzen zaion ikastetxe orok arlo honetan eskumena duen hezkuntzari laguntzeko zerbitzuaren laguntza eta aholkularitza izango du, onartutako proiektuaren prestakuntza-, jarraipen- eta ebaluazio-jarduerei dagokienez, eta zeregin horietan ikastetxeko proiektuaren koordinatzaile izendatutako pertsonari lagunduko dio.

Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Bertan, bi sexuetako ordezkariak egongo dira, eta gutxienez % 40ko oreka mantendu beharko da. Honako hauek osatuko dute balorazio-batzordea:

Presidentea: etengabeko ikaskuntzako eta irakasleen prestakuntza hobetzeko zerbitzuko arduraduna: Nerea Gorosabel Odriozola.

Kideak: etengabeko ikaskuntzako eta irakasleen prestakuntza hobetzeko zerbitzuko bi teknikari; bietako batek idazkari-lanak egingo ditu: Irantzu Bujanda Bilbao, Laura García Iturritxa.

Eskumena duen hezkuntzarako laguntza zerbitzuko bi aholkulari, hezkuntza teknologikoaren eta zientifikoaren alorrekoak.

Eskumena duen hezkuntzarako laguntza zerbitzuko aholkulari bat, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzako alorrekoa.

  1. Lurralde bakoitzeko, laguntzak emateko dagokion prozedura gauzatuko da, eta diruz lagun daitezkeen hainbat lerro ezarri beharko dira. Lerro horietako bakoitzak dagokion finantzaketa izango du, eta dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, eskabideen lehentasun-hurrenkera ezartzeko, I. eranskinean ezarritako balorazio-irizpide objektiboak kontuan hartuta, eta agindu honek ahalbidetzen duen gehieneko zenbatekoan, 12.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuaziora iritsi eta baloraziorik handiena lortu dutenak bakarrik esleituko dira, balorazio-fasean lortutako puntuazioaren beheranzko hurrenkerari jarraituz, harik eta prozedura horretara bideratutako diru-esleipena agortu arte. Berdinketarik badago, atal ezberdinetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, I. eranskinean agertzen diren balorazio-irizpide objektiboetan jasotako ordenari jarraituz.

    Berdinketak jarraitzen badu, azpiataletan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, eranskin horretan bertan agertzen den ordenaren arabera. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, batzordea bilduko da puntuazio berdina duten proiektuak baloratzeko eta berdinketa ebazteko.

  2. Proiektuak I. eranskinean ezarritako baloraziorako baremoaren arabera hautatuko dira.

  3. Kanpoan geratuko dira baremazio osoaren baturan gutxienez 18 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.

  4. Balorazio-batzordeak txostenak eskatu ahal izango ditu ikastetxeek kasuan kasuko hezkuntzarako laguntza-zerbitzuari aurkeztutako proiektuei buruz.

  5. Balorazio batzordeak dagokion proposamena egingo dio Ikaskuntza eta Berrikuntzako zuzendariari. Proposamen horietan, onartzeko proposatzen diren proiektuen zerrenda eta horietako bakoitzari emateko dirulaguntzen proposamena jasoko dira. Era berean, baztertutako eskabideen zerrenda sartuko da, arrazoiak adierazita.

  1. Ikaskuntza eta Berrikuntza zuzendariak egingo du behin-behineko ebazpena, balorazio-batzordearen proposamena oinarritzat hartuta. Ebazpen horretan, beren-beregi adieraziko da ikastetxe onuradun bakoitzari emandako zenbatekoa, baita, hala badagokio, laguntza ukatzeko arrazoiak ere. Behin-behineko ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei. Eskatzaileek hamar egun baliodun izango dituzte, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.

  2. Ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu berak izango ditu, eta elektronikoki jakinaraziko zaie ikastetxeei, behin-behineko ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean gehienez ere.

  3. Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bitartez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan.

  5. Behin betiko ebazpena EHAAn argitaratuko da deialdia argitaratu eta gehienez ere sei hilabeteko epean, emandako dirulaguntzen publizitatea egiteko.

  6. Aurreko apartatuan adierazitako epea igaro eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek ulertu beharko dute eskaera ezetsi egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

  7. Ikastetxe onuradunei dirulaguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzak 30 prestakuntza-ordu ziurtatuko ditu, ofizioz, hautatutako berrikuntza-proiektuak garatuko dituzten ikastetxeetako irakasleentzat. Horretarako, irakasle bakoitzak proiektura xedaturiko ordu kopuruak ikastetxe bakoitzean egindako lanorduen % 80tik gorakoa izan behar du. Hala ere, irakasle bakoitzak gehienez ere 90 orduren ziurtagiria jaso ahal izango du ikasturte akademiko bakoitzeko, Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzako deialdien barruan egindako prestakuntza-proiektuengatik.

Dirulaguntza hau bateragarria izango da beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoak ez badu gainditzen diruz lagundutako jardueraren kostua. Horrelakorik gertatuz gero, eskabidean bertan adierazi beharko da, eta, hala badagokio, gainfinantzaketarik izan ez dela egiaztatu beharko da dirulaguntzaren justifikazioan.

Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek beti bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluak adierazitako betebeharrak, bai eta finantzaketaren izaera publikoak dakarren publikotasun egokirako neurriak hartzeko betebeharra ere, lege beraren 27. artikuluan jasotakoarekin bat:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, bost eguneko epean deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

  2. Emandako helbururako erabiltzea dirulaguntza hori, hau da, STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiekturako eta haietan jasotako jarduerak egiteko.

  3. Proiektuarekin zerikusia duten aholkularitza-, ebaluazio-, jarraipen- eta kudeaketa-lanetan, lankidetzan aritzea eremu horretan eskumena duen hezkuntzarako laguntza-zerbitzuarekin, Hezkuntzako Ikuskaritzarekin eta Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzarekin.

  4. Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea, deialdi honen kontura jasotako diru-zuzkidura dela eta.

  5. Proiektua gauzatu izana justifikatzeko agiriak ezarritako epean eta moduan aurkeztea. Aplikazio informatikoan jarraipena egiteko ezarritako inprimaki guztiak (Excel formatuan) beteko dira.

  6. Ikastetxean berriztatzeko prestakuntza-proiektua egiteko dirulaguntza jaso duten ikastetxeek hitza ematen dute hurrengo ikasturteko ikastetxearen urteko planean jasoko dutela deialdi honetan onartutako proiektuaren inplementazioa.

  1. Proiektuari lotutako diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 lagunduko dira diruz, eta gehienez ere 3.000 euro emango zaizkie, aurrez ezarritako baldintzak errespetatzen badira.

Azpikontratazioaren gehieneko ehunekoa, kontratu guztien prezioak batuta, diruz lagundutako guztizko zenbatekoaren % 50era artekoa izango da, baldin eta zentroek ez badute kudeaketarako langile kualifikaturik, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan ezarritakoaren arabera.

  1. Ikastetxe onuradunei eman beharreko dirulaguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

    1. Lehenengoa, hautatutako partaidetza-proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 80koa; esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, baina inola ere ez 2026ko urtarrila baino lehen, eta tartean berariaz uko egiten ez bazaio.

    2. Bigarren igorpena 2026an egingo da, emandako dirulaguntza hurrengo paragrafoan aurreikusitako baldintzetan justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoarekin.

  1. 2026ko ekainaren 16a baino lehen, proiektuaren garapenari, betearazpenari eta proposatutako helburuen lorpen-mailari, egindako jarduerei eta proiektuaren ebaluazioari buruzko txosten bat eta proiektuak eragindako gastuen justifikazioko kontu erraztua aurkeztu beharko dute ikastetxe onuradunek https://www.euskadi.eus/nire-karpeta web-orrian. Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluaren arabera justifikatuko dira dirulaguntzak.

  2. Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, ikastetxeentzako dagoen atari honetatik: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1115605 eta aplikazio horretako inprimakiak beteko dira (III. eranskina).

  3. Proiektuaren garapen eta ebaluazioari buruzko txostenean, gainera, honako hauek jasoko dira inpaktuaren adierazle gisa: landutako materialen kopurua eta edukia; zenbat ikaslerengan izan duen eragina; egindako prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia; horietan parte hartu duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, eta ea, prestakuntzaren barruan, praktikaren bat ezarri den ikasgelan.

  4. Justifikazioko kontuan, jarduerak eragindako gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da eta zerrendan hauek zehaztuko dira: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, adieraziko da zer desbideratze egon den aurrekontu hori oinarritzat hartuta, bai eta dirulaguntzako jarduera finantzatu duten bestelako sarreren xehetasunak ere, zenbat eta nondik etorri diren adierazita.

  5. Hezkuntza Sailak STEAMen berrikuntzarako prestakuntza-proiektua aurkeztu duten zortzi ikastetxe onuraduni ausaz eskatu ahal izango die justifikazio-kontuan adierazitako gastuen jatorrizko fakturak bidaltzeko (Arabako bi lehenengoak, Bizkaiko hiru lehenengoak eta Gipuzkoako hiru lehenengoak eskabidearen sarrera-ordenaren arabera), dirulaguntza egoki aplikatzen dela arrazoitzen duen ebidentzia jasotzeko.

  1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, horren berri eman beharko zaie hezkuntzari laguntzeko zerbitzuei eta Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari, planteatzen den aldaketa zehatz batek baldintza horiek errespetatzen dituen ala ez zehazteko parametro objektiboak aurreikusteko, eta tratu desberdina saihesteko, horrek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar baitezake.

  2. Aldaketa hori gerora sortutako egoera batengatik gertatu behar da, eta, nolanahi ere, dirulaguntza justifikatu aurretik jakinarazi behar da. Ezin du ekarri zenbatekoa handitzea edo hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

  3. Proiektuari egotz dakizkiokeen gastu justifikatuak emandako dirulaguntzaren zenbatekora iristen ez badira, zuzkidura murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, ikastetxe onuradunari soberan emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio.

  1. Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzak arlo horretan eskumena duen hezkuntzarako laguntza-zerbitzuari eskatu ahal izango dio, ikasturtea amaitzean, hautatutako berrikuntza-proiektuen garapenari buruzko txosten bat. Txosten hori dagokion Lurralde Burutzara bidaliko da, eta, egokitzat jotzen bada, ikastetxe onuradunen eskura jarriko da.

  2. Ikasturtean zehar gorabehera esanguratsurik gertatuz gero proiektuaren garapenean, eremu horretan eskumena duen hezkuntzarako laguntza zerbitzuaren zuzendaritzak Lurralde Burutzari eta Ikaskuntza eta Berrikuntzaren Zuzendaritzari emango die horren berri, bigarren zuzendaritza horrek neurri egokiak har ditzan deialdi hau behar bezala bete dadin.

  3. Hezkuntzako Ikuskaritzak, ikastetxeetara egiten dituen bisitaldietan, diruz lagundutako proiektua zenbateraino betetzen den kontrolatuko du proiektua ikastetxeko urteko planean jasota egon behar da. Ez-betetzea ikusiz gero, Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari jakinaraziko dio.

  1. Dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeak, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen mende egongo dira, eta Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa aplikatuz honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesak barne), besteak beste, honako kasu hauetan:

    1. Efizientzia eta ekonomia irizpideak ez betetzea, Legearen 9.4.m) artikuluan xedatutakoaren arabera.

    2. Justifikaziorik edo justifikazio nahikorik ez izatea, lege honetan eta dirulaguntza arautzen duten oinarrietan ezarritako baldintzetan.

    3. Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe edo faltsututa, bai eta hori eragotzi dutenak ezkutatuta ere.

    4. Helburua, jarduera edo proiektua ez betetzea edo dirulaguntzaren xede izan zen jokabidea ez hartzea.

    5. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak ez betetzea.

      36. artikuluan jasotako gainerako baldintza edo kasu guztiak.

  2. Dirua itzultzeko, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio, bidezkoak diren gainerako ekintzei kalterik egin gabe. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

    Proiektua egin eta ikastetxeak hari egotzitako gastu justifikatuak esleitutako zuzkidura adinakoak edo gehiagokoak ez badira, bigarren ordainketan esleitutako zuzkiduraren eta proiektuan egindako gastuaren arteko aldea ordainduko da. Aldea negatiboa izanez gero, kopuru hori itzultzeko prozesua hasiko da.

Datu pertsonalak tratatu eta tratamenduari dagokion izen honetako jardueran sartuko dira: «Ikaskuntza eta berrikuntza arloko laguntzak eta dirulaguntzak».

Arduraduna: Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Ikaskuntza eta berrikuntza arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, deialdi hau ebazteko ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorretan horretarako kreditu egokia eta nahikoa egotea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.

Agindu honetan araututako laguntzek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak betetzen ez dituztenez, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 2a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik