Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2025eko abenduaren 22koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuarena, zeinaren bidez oinarriak onartzen baitira eta prozedura-deialdia egiten baita 2026an emateko Europako Plus 2021-2027 Gizarte Funtsak (EGF+) kofinantzatzen dituen laguntzak, oinarrizko laguntza materialekoak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 252
  • Hurrenkera-zk.: 5568
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/12/22
  • Argitaratze-data: 2025/12/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduak, zeinaren bidez ezartzen baita 2021-2027 Europako Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen baita 1296/2013 (EB) Erregelamendua, 4. artikuluan jasotzen du bere helburu espezifikoetako bat dela gabezia materialari aurre egitea, eta, horretarako, elikagaiak edo oinarrizko laguntza materiala emango dizkiela egoera ahulenean dauden pertsonei, bereziki adingabeei, eta neurriak ezarriko dituela pertsona horiei gizarteratzen laguntzeko.

Aipatutako erregelamenduaren 19. artikuluak ezartzen duenez, Batzordeak eta estatu kideek ziurtatuko dute ezen FSE+aren laguntzak, zeinak gabezia materialaren aurkako borrokan baitihardu, duintasuna errespetatuko duela eta saihestuko duela egoera ahulenean dauden pertsonen estigmatizazioa, eta, era berean, ahalbidetuko duela zuzenean zein zeharka ematea elikagaiak eta oinarrizko laguntza materiala. Horrela, aurreko programa eragilearen kudeaketarekin alderatuta, erabaki zen hornidura-eredua aldatzea, eta elikagaien zuzeneko entrega izatetik zeharkako prestazio-sistema izatera pasatzea, txartel edo txanpon-txekeen bidez.

Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemako Lurralde Kontseiluan, 2022ko apirilaren 7an ezarri zen zein diren funts berriaren lurraldek banatzeko irizpideak eta zer oinarri erabili oinarrizko laguntza materiala emateko sistema garatzeko.

2022ko abenduaren 9an, Europako Batzordeak Oinarrizko Laguntza Materialerako EGF+ Programa onartu zuen. Programa horren bidez, aurre egin nahi zaio gabezia materialari, laguntza materiala emanez egoera ahulenean dauden pertsonei oinarrizko, bereziki adingabeei, eta neurriak ezarriz pertsona horiek gizarteratzen laguntzeko.

2025etik aurrera, autonomia-erkidegoek prozedurak sustatu behar dituzte txartelak edo bonuak ekoizteko, banatzeko, erabiltzeko eta kontrolatzeko, beren lurraldean estaldura ziurta dezaketen erakundeekin.

2025ean zehar, dagozkion espedienteak izapidetu ziren, bai hautatzeko zer erakunde laguntzailek kudeatuko duten laguntza-programa hori, bai prozedura bat onartzeko programa hori emateko eta zehazteko; betiere, aipatutako Europako araudiaren eskakizunei egokituta.

Kontuan hartuta ezen oinarrizko laguntza materialeko programak EGF+en babesari eusten diola 2026ko ekitaldian, bidezkoa da laguntza-ildo horri eustea. Ildo horren bidez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak sustatu nahi ditu XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programaren helburuak, bereziki I. ardatzean («Pertsonak zentroan»), 12. konpromisoan jasotzen direnak («Kalteberatasun eta babesgabetasun bereziko egoerei erantzutea»), sail honen jarduera-eremuari dagokionez.

Ekimenaren ondorengo izapidetze-lanak bizkortzeko eta oinarrizko programako laguntza-hartzaileei etenik gabeko jarraipena emateko, laguntza horien 2026ko deialdia lotu egiten zaio Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aurreikusitakoari. Agindu horren bidez, arautzen da nola egin aurretik izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteetan, eta ezartzen da espedientea gauzatu ahal izango dela behin 2026rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak indarrean sartzen direnean, laguntza edo dirulaguntza eman eta espedientea ebatzi aurreko ekitaldira arte, eta harik eta kreditu egokia eta nahikoa dagoen arte.

Era berean, ekimena jasota dago Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan horrek 2026an izango ditu ondorioak, kasuari eragin dakiokeen dirulaguntzei buruzko legerian aurreikusitakoa betetzeko.

Azaldutakoa kontuan hartuz, sail honen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren arabera Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak dituen eskumenez baliatuz, honako hau

  1. Oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia egitea Oinarrizko Laguntza Materialerako (aurrerantzean, Oinarrizko Programa) 2021-2027 EGF+ Programako laguntzak emateko Euskal Autonomia Erkidegoan 2026ko ekitaldian, bata bestearen atzetik emateko prozedura baten arabera. Oinarri horiek jasota daude ebazpen honen eranskinean.

  2. Agindu hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Administrazio-errekurtsoak.

    Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa ahal izango diote organo horri, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondorioak sortzea.

    Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 22a.

    Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua,

    NEREA MELGOSA VEGA.

Lehenengoa. Xedea.

Agindu honen xedea da oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia iragartzea oinarrizko laguntza materialerako 2021-2027ko EGF+ programaren laguntzak emateko (aurrerantzean, oinarrizko programa) Euskal Autonomia Erkidegoan, 2026ko ekitaldian.

Bigarrena. Laguntzen helburua.

Laguntzen helburua hau da:

  1. Pobrezia-tasa murriztea; bereziki, gabezia materiala. Horretarako, adingabeak ardurapean dituzten familiei baliabide ekonomikoak emango zaizkie, txartelak emanez truka ditzaten elikagaiekin eta oinarrizko laguntza materialarekin.

  2. Onuradunen gizarte-inklusioa sustatzea, laguntza-neurrien programa baten bidez.

    Hirugarrena. Aplikatu beharreko araubide juridikoa.

    2021-2027ko Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) programak kofinantzatuko ditu laguntzak, eta Europar Batasunean Europako funtsak arautzen dituzten erregelamenduen multzoaren bidez arautuko dira; zehazki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren bidez, zeinak Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen baitu eta (EB) 1296/2013 Erregelamendua indargabetzen. Orobat, dirulaguntzez ari garenez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen xedapenak ere bete behar dira, lege horren 5. artikuluan ezarritako baldintzetan.

    Oinarrizko Programako laguntzak izapidetzeko, ondoz ondoko emakida-erregimena erabiliko da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Agindu honetan eta aipatutako legean ezarritakoaren arabera arautuko da. Ondorioz, laguntzak ordenan ebatziko dira, dagokion espedientea osatuta dagoen unearen arabera.

    Behin laguntzak eman eta oinarrizko programari esleitutako funtsak agortzen direnean, laguntza berriak eten edo ukatu egingo dira, eta jakinaraziko da zuzkidura agortuta dagoela, Ongizate sailburuordearen ebazpen baten bidez.

    Laugarrena. Laguntza emateko baldintzak.

  1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten familia-unitateak izango dira laguntza-hartzaile:

    1. Benetako bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, laguntza-eskaeran sartutako familia-unitateko kide guztien laguntzak irauten duen bitartean.

    2. Familia-unitatean, gutxienez 18 urtetik gorako pertsona bat egotea. Gutxienez, adingabe emantzipatu batek eta haren ardurapean adingabe bat duen adingabe batek osatutako familia-unitateak onartuko dira, baldin eta adingabe emantzipatua ez bada beste familia-unitate eskatzaile batean integratzen.

    3. Eskatzaileak gutxienez adingabe bat izatea bere ardurapean.

    4. Ez izatea baliabide material eta ekonomiko nahikorik oinarrizko beharrei aurre egiteko. Alde horretatik, familia-unitatea osatzen duten pertsonek ez dute egon behar jasotzen diru-sarrerak bermatzeko errenta edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera.

    5. Familia-unitatearen diru-sarrerak errenta nazionalaren batez bestekoaren % 40 baino txikiagoak izatea kontsumo-unitateko, erreferentziatzat hartuta laguntza onartu zeneko urtearen aurreko urteko datua edo, hura argitaratuta ez badago, eskuragarri dagoen azken urteko datua.

  2. Aurreko paragrafoaren ondorioetarako, ulertuko da familia-unitatea osatzen dutela hala txartela jasotzeko eskubidea ematen duten adingabeak nola egoitza berean bizi diren senideak, odol-ahaidetasuneko, ezkontza-ahaidetasuneko, adopzioko edo harrerako bigarren mailarainoak, eta aurrekoekin ezkontza-loturaren edo izatezko elkarketaren bidez lotutako pertsonak.

    Aurrekoari kalterik egin gabe, familia-unitate independentetzat hartuko dira, etxebizitza berean elkarrekin bizi arren, aurreko baldintzak beren kabuz betetzen dituztenak.

    Ez dira familia-unitateko kidetzat joko etxebizitza berean bizi daitezkeen pertsonak baldin eta ez badituzte betetzen aipatutako ahaidetasun-baldintzak, eta, beraz, ez dira kontuan hartuko egoera ekonomikoa eta kide-kopurua kalkulatzeko orduan, oinarrizko txartelagatik legokiokeen zenbatekoa zehazteko orduan.

    Zaintza partekatuko erregimenean dauden adingabeen kasuan, baldin eta bi familia-unitateek betetzen badituzte aurretik ezarritako baldintza guztiak, bi espediente izapidetuko dira, bat familia-unitateko.

  3. Aipatutako baldintzak bete beharko dira laguntza ematean eta laguntza zabaltzen den aldian, eta hiru hilean behin egokitu ahal izango dira laguntzak onartu ondoren sortutako egoeretara.

    Bosgarrena. Laguntzen zenbatekoa.

  1. Laguntzak eskatzaileari aitortuko zaizkio, 2026ko abenduaren 31ra arte. Gainera, hiru hilean behin modulatu ahal izango da laguntza, kontuan hartuta zer inguruabar duten familia-unitateek une horretan. Oinarrizko programaren laguntza gauzatzeko, txartel edo bonuak eman edo kargatuko zaizkie familiei, gehienez hiru hileko epean trukatu ahal izango dituztenak, betiere familia-unitatearen kide kopuruari dagozkion kalkulu-parametro hauen arabera; baldin eta gutxienez adingabe bat badute beren kargura:

    1. 2 kideko familia-unitatea: 130 euro/hileko.

    2. 3 kideko familia-unitatea: 160 euro/hileko.

    3. 4 kideko familia-unitatea: 190 euro/hileko.

    4. 5 kide edo gehiagoko familia-unitatea: 220 euro/hileko.

  2. Truka daitezkeen txartelak gehienez hiru hilabeterako kargatuko dira, aurreko 1. paragrafoan ezarritako zenbatekoen arabera. Azken karga-data ezin izango da 2026ko abenduaren 31 baino geroagokoa izan, eta txarteletan jasotako zenbatekoak 2027ko urtarrilaren 31ra arte gastatu ahal izango dira.

    Seigarrena. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

  1. Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira atxikitako zentroetan 2026. urtean egiten diren gastuak, oinarrizko programan sartutako «oinarrizko laguntza materialeko» gaiak erosteko eta edonork duintasunez bizitzeko ase behar dituen oinarrizko premietarako ondasunak eskuratzeko.

  2. Hauek dira oinarrizko programaren bidez «oinarrizko laguntza material» gisa eskura daitezkeen gaiak:

    1. Elikadura-produktu guztiak, honako hauek izan ezik:

      1. Gasa, azukrea edo ordezko produktuak dituzten edari eta freskagarri mota guztiak.

      2. Mota guztietako edari alkoholdunak.

      3. Produktu dietetikoak.

      4. Opilak eta litxarreriak.

      5. Botilako ura.

      6. Prestatutako produktuak, lekale prekozida eta kontserbak izan ezik.

    2. Higiene-produktuak. Honako produktu hauek erosi ahal izango dira:

      1. Xaboia.

      2. Xanpua.

      3. Hortzetako orea.

      4. Hilekoaren emakumezkoen higienea.

      5. Haur-oihalak.

        Zazpigarrena. Finantzatzea.

      1. Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) kofinantzatuko ditu laguntzak; funts hori ezarrita dago Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduan zeinak Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen baitu eta (EB) 1296/2013 Erregelamendua indargabetzen. Hain zuzen ere, funts horren helburua da aukera-berdintasuna, lan-merkatuan sartzeko berdintasuna, bidezko eta kalitate oneko lan-baldintzak eta gizarte-babesa eta -inklusioa bermatzea, arreta berezia jarrita kalitatezko hezkuntza eta prestakuntza inklusiboan, etengabeko ikaskuntzan, adingabeen eta gazteen aldeko inbertsioetan eta oinarrizko zerbitzuetarako irispidean.

      2. 2026an, 3.979.358 euro bideratuko dira, gehienez, oinarrizko programa finantzatzeko; kopuru hori jasota dago EAEko 2025eko Aurrekontu Orokorretan, eta honela banatzen da:

        3.541.929 euro elikagaietan eta «oinarrizko laguntza materialean» sartutako gainerako produktuetan egindako gastuak ordaintzeko.

        1. 247.936 euro, tasa finkoan, akonpainamendu-neurrien gastuak finantzatzeko, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren 22.1.e) artikuluan akonpainamendu-neurrientzat ezarrita dagoenarekin.

        2. 189.493 euro, tasa finkoan, laguntza teknikoko gastuak finantzatzeko, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 36.5 artikuluko III) apartatuarekin, zeinak lotura baitauka Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren 22.2 artikuluarekin.

      3. Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, artikulu honen 2. paragrafoan aurreikusitako zenbatekoak % 25 handitu ahal izango dira, baldin eta saldorik badago Estatu mailan Oinarrizko Programaren kudeaketan, edo baliabide propioekin egindako zuzkidura handitu behar bada. Baldin eta ezarritako zuzkidura agortzen bada eskabideak aurkezteko gehienezko epea bete baino lehenago, kargak edo txartel berriak egiteari utziko zaio, eta horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: ondorioz, zuzkidurarik gabe geratzen badira, eskabideak baztertuko dira krediturik ez dagoelako. Nolanahi ere, geratzen den aurrekontu-saldoak horretarako aukera ematen badu, aldeko ebazpena eman ahal izango zaie dagokion hiruhilekoa baino epe laburragoetan egiteko dauden eskabideei, kontuan hartuta zer datatan eskatu zen laguntza.

      4. Laguntza-deialdi hau aurretiazko izapidetze-erregimenari atxikitzen zaio. Izapidetze-erregimen hori ezarrita dago Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan, zeinaren bidez ezartzen baita nola izapidetu arretik Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteak. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026rako Aurrekontu Orokorrak indarrean jarri aurretik deialdi honen babesean egindako espedienteek fase guztiei ekin ahal izango diete, salbu laguntza emateko eta espedientea ebazteko faseei. Beraz, ezin izango da ez gasturik xedatu ez obligaziorik hartu harik eta deialdia bermatu behar duen kreditua erreserbatu arte.

        Zortzigarrena. Eskabidea aurkezteko epea eta modua.

      1. Eskabide-inprimakia eskuragarri egongo da EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1259202 Orobat, EAEko udalen gizarte-zerbitzuen egoitzetan eta programako entitate laguntzaileen bulegoetan ere eskuratu ahal izango da eskabide-orria. Eskatzaileak aurrez aurre aurkez eskatu ahal izango du eskabidea EAEko Administrazio Orokorreko erregistroetan, entitate laguntzailearen egoitzan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako beste edozein bulegotan.

      2. Eskabidea egiteko epea hasiko da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA) argitaratu eta biharamunean, eta 2026ko abenduaren 19ko 23:59an amaituko da, baldin eta aurrekontu-zuzkidura lehenago agortzen ez bada.

      3. Eskabidearekin batera, egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dira:

        1. Eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko agiria: NAN, IFZ, AIZ edo pasaportea aurkeztuta.

        2. Interesdunak legezko ordezkariaren laguntza badu, ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentua erantsi beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

        3. Errolda-ziurtagiria, egiaztatzen duena eskatzailea benetan bizi dela Euskadin, salbu eta, halakorik ezean, udal-mailako gizarte-zerbitzuek emandako txosten baten bidez egiaztatzen bada benetan Euskadin bizi dela, dagokion udalerrian; edo edozein erakunde publikok bere eskumenak baliatuz emandako txostena edo ziurtagiria, egiaztatzen duena bizilekua edo antzekoa duela (adingabea eskolatzeko matrikula, agintaritza publikoaren txostena edo baliokidea).

        4. Ziurtagiri bat, egiaztatzen duena zer ahaidetasun duen ardurapeko adingabearekin, eta interesdunak legezko zaintza duela. Horretarako, onartuko da Erregistro Zibileko inskripzioa, jaiotza-inskripzioaren ziurtagiria edo beste agiri publiko baliokide bat, non jaso beharko baita zer filiazio duen laguntza eskatzen duen pertsonarekin, edo zer dokumentuk esleitzen dion pertsona eskatzaile horri zaintza edo jagoletza.

        5. Dagokion Ogasuneko ziurtagiria, egiaztatzen dituena zenbatekoak ziren eskaeraren aurreko urtean jasotako errentak, eta erantzukizunpeko aitorpena, aditzera ematen duena aldi horretan familia-unitateko ezein kidek ez duela jaso diru-sarrerak bermatzeko errentarik edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarik. Zerga-administrazioak ez badu informaziorik familia-unitateko pertsonei buruz, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du, adierazteko berak eta familia-unitateko gainerako kideek bete egiten dutela diru-sarreren mugaren gaineko baldintza hori.

        6. Baimen-agiri bat, baimena ematen duena laguntza-onuradunei buruzko informazioa eta datuak eman ahal izateko oinarrizko programa kudeatu eta gainbegiratzeko eskumena duten agintariei, oinarrizko programari aplikatu behar zaion esparru juridikoa betez. Baimen hori hedatu egingo da baldin eta, udal-mailako gizarte-zerbitzuek hala eskatuta, Euskadiko udalerriei aditzera eman behar behar bazaie zein diren familia-unitate bati laguntzak emateari buruzko inguruabarrak, dagozkien gizarte-zerbitzuen eremuan dituzten eginkizunak betetzeko.

      4. Interesdunak ez du aurkeztu beharko egiaztagiririk adierazitako alderdiei buruz, baldin eta organo kudeatzaileak informazio hori lor badezake eskura dituen elkarreragingarritasun-sistemen bidez eta interesdunak ez badio espresuki kontra egiten organo kudeatzaileak, bitarteko elektronikoen bidez, deialdian parte hartzeko eskatzen diren datuei buruzko informazioa beste organo, administrazio edo informazio-hornitzaile batzuen bidez egiaztatzeari edo lortzeari.

      5. Eskabidea sinatzeak eta erregistratzeak berekin dakar onartzea interesdunak edo hura ordezkatzen duen pertsonak bere gain hartzen duela eskabidean jasotako datuen eta agirien egiazkotasuna. Datu eta dokumentazio horiek balio dute egiaztatzeko betekizunak betetzen direla, Oinarrizko Programaren onuradunaren aitorpena lortzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, eta orobat onartzen duela oinarrizko programaren betebeharrak eta baldintzak beteko dituela deialdi honen arabera.

        Bederatzigarrena. Laguntza emateko prozedura.

      1. Aurkezpen-ordenari jarraituz izapidetuko dira eskabideak, espedienteak erabat osatuta geratzen diren unearen arabera.

      2. Prozedura izapidetzeko, automatikoki kontsultatuko dira agindu honen 4. artikuluan aipatutako eskatzaileei buruzko datuak, baldin eta administrazio honek eskura baditu edo administrazio publikoren batek eginak badira, salbu eta interesdunak kontsulta egitearen aurka egiten badu. Hala bada -hau da, interesdunak aurka egiten badu-, horren berri eman beharko du, eta dagokion dokumentazioa aurkeztu.

      3. Laguntzak emango dira Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Ongizate Sailburuordetzako titularraren ebazpen arrazoitu baten bidez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, harik eta deialdirako ezarri den aurrekontu-kreditua agortu arte edo eskabideak aurkezteko epea amaitu arte.

        Ebazpenak ekitaldi osorako laguntza aitortuko du, dagokion eskabidean egiaztatutako familia-inguruabarren arabera. Hala ere, txartelaren karga ekonomikoa, gehienez, hiru hilabeterako egingo da. Ebazpen horren arabera, ekitaldi osorako aurrekontu-zuzkiduraren gainerako saldoa kalkulatuko da, zuzkidura osoa agortzeko.

        Ebazpenaren irismena alde batera utzi gabe, ebazpena bere horretan mantentzeko, eutsi egin beharko zaie laguntza horiek jasotzeko aukera ematen duten inguruabar pertsonalei eta materialei, eta, halakorik aldatuz gero, deialdi honetan aurreikusitako moduan jokatuko da.

      4. Laguntzei buruz ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hiru hilabetekoa izango da, organo kudeatzaileak espediente osatua jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita. Ebazteko gehieneko epea igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, ulertu beharko da eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela, hala ezarria baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan.

      5. Ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren titularrari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

        Hamargarrena. Laguntzak eguneratzea onuradunen baldintzak aldatzen direlako.

      1. Baldin eta egiaztatzen bada familia-unitatearen edozein gorabehera edo egoera ekonomiko aldatu dela eta horrek hileko zenbatekoa aldatzea dakarrela, kopurua egoera berri horretara egokituko da hurrengo hiruhilekorako, eta handitu edo murriztu egingo da gainerako aldirako zenbatekoa. Egokitzapen hori egiteko, organo ebazlearen administrazio-egintza espresu bat beharko da, zehaztuko duena zer ondorio izango dituen berregokitze horrek.

      2. Laguntzak aldatzea, baldintza ekonomikoak aldatzen direlako:

        1. Oinarrizko programaren familia-unitate onuradunaren kideren batek laguntza-modalitateren bat eskuratzen badu eta hura bateraezina bada oinarrizko programarekin, indarrik gabe utziko da txartela, eta oinarrizko programatik kanpo utziko da familia-unitatea, oinarri honen 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

        2. Familia-unitateko kideren bat diru-sarrera erregularrak jasotzen hasten denean, hilero egingo da sarrera horien jarraipena. Horrela, deialdi honetan ezarritako diru-sarreren muga gainditzen bada, txartela indarrik gabe utziko da oinarri honen 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

      3. Laguntzak aldatzea, familia-unitatearen inguruabarrak aldatzen direlako.

        1. Edozein arrazoi dela-eta familia-unitateko kide-kopurua aldatzen denean (familia-unitateko kideak gehiago edo gutxiago direlako, kideren bat jaio edo hil delako, baten batek familia-unitatea utzi duelako, edo bizilekua aldatu duelako, edo beste arrazoi batengatik), hasierako ebazpena egokitu beharko da familia-egoera berrira, oinarri honen 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

        2. Laguntza hauetarako irispidea ematen duen adingabe bakarra dagoenean, txartelak ondoriorik gabe geratuko dira adingabeak adin-nagusitasuna lortzen duen egunean, eta laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko ebazpena emango da.

        3. Benetako bizilekua aldatzea. Familia-unitate osoak egoitza aldatzen badu Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, berriro eskatu beharko du benetako bizilekua egiazta dadila agindu honen arabera, eta ebazpena emango da, oinarri hauen arabera dagokiona. Bizilekua aldatu, eta bizileku berria Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo badago, galdu egingo da oinarrizko programako laguntza hori jasotzeko eskubidea, eta dagokion txartela desaktibatuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.

          Hamaikagarrena. Erakunde laguntzailea.

          1. Laguntzak emateko prozedura hau kudeatzeko eta onuradunei neurri osagarriak eskaintzeko, Hirugarren Sektore Soziala eta Gizarte Ekintza Sustatzeko Zuzendaritzak Espainiako Gurutze Gorria izango du erakunde hautatu modura, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin.

          2. Lankidetza-hitzarmen batean jasota geratu da zer jarduera egin behar dituen entitate laguntzaileak; hain zuzen ere, hautatutako entitateekin oinarrizko programaren laguntzak emateko eta kudeatzeko sinatuko den lankidetza-hitzarmen batean. Entitate laguntzaileak egin beharreko jarduera horiek ez dute inoiz berekin ekarriko egikaritzerik Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari soilik dagozkion ahal publikorik.

          3. Oinarrizko programaren erakunde laguntzaileak egiaztatuko du ezen laguntzak aitortzeko baldintzak betetzen direla eta eraginkorrak direla.

          4. Oinarrizko programa kudeatzeaz arduratzen diren entitate laguntzaileek behar beste jarduketa egingo dituzte, eskatutako datuak zehazteko, eskuratzeko eta egiaztatzeko.

          5. Egiaztapen-lana egin ondoren detektatzen bada ez dela betetzen deialdi honetan eskatutako betekizunen bat edo eskabidean akatsak daudela baina konpon daitezkeela, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, akatsa zuzendu edo nahitaezko dokumentazioa aurkez dezan, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluarekin bat etorriz, betiere lege horren 21. artikuluan jasotakoari jarraikiz horretarako ebazpena eman ondoren.

          6. Behin egiaztatu eta gero eskabidean adierazitako datuak egiaztaturik eta frogatu eta gero interesdunak betetzen dituela laguntza emateko eskatzen diren betekizunak, oinarri hartuta entitate laguntzaileek eta kudeaketako plataforma teknologikoak emandako informazioa, horren berri emango zaio Ongizate Sailburuordetzako titularrari, laguntza emateko ebazpena egin dezan.

          7. Erakunde laguntzaileak akonpainamendu-neurrien programa bat ezarriko du onuradunentzat, eta, programa horretan bilduko du zein diren gizarte-inklusioa bultzatzeko jarduerak, hala nola gizarte-zerbitzuen prestazioei eta haietara iristeko moduei buruz informatzekoak, edo gizarte-zerbitzuen sistemaren mendekoak ez diren baliabideetara bideratzekoak.

          8. Laguntza onartzen denetik aurrera hiru hilean behin, entitate laguntzaileak berrikusiko ditu zein den onuradunaren eta familia-unitatearen egoera eta zer akonpainamendu-neurri jaso diren, eta, hala badagokio, proposatuko du laguntza doitzea, bat etor dadin une horretako eta egiazko inguruabar egiaztatuekin. Horretarako, jakinaren gainean jarri behar du Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritza; zuzendaritza horrek onuradunari eskatu beharko dio egoki jotzen duena alega dezala hamar eguneko epean. Epe hori igarotakoan, Ongizate Sailburuordetzako titularrari bidaliko dio informazioa, hark beste ebazpen bat eman dezan, laguntza egokitzeko gerora sortutako inguruabarretara. Une horretatik aurrera ordainduko diren zenbatekoek laguntza aldatzea eragin duten inguruabarretara egokituko dute emandako kopurua.

            Hamabigarrena. Atxikitako erakundeak.

          1. Oinarrizko Programari atxikitako erakundetzat hartuko dira pertsona fisiko edo juridikoak, espainiarrak zein atzerritarrak, baldin eta Espainian ezarrita badaude edo bertan zerbitzuak ematen badituzte eta baldin eta modu profesional eta ohikoan jarduerak egiten badituzte oinarrizko laguntza materialean bildutako elikagaiak eta produktuak saltzeko edo eskura jartzeko, oinarrizko programan eta agindu honetan ezarritakoaren arabera.

          2. Erakunde laguntzailearen ardura da hautatzea zer erakunde atxikiko zaion oinarrizko programari; horretarako, kontuan hartu beharko dira objektibotasun-, gardentasun- eta publizitate-printzipioak eta diskriminaziorik ezaren printzipioa. Erakunde laguntzaileak eta erakunde atxikiak akordio bat sinatu beharko dute atxikitzea formalizatzeko. Erakunde bat baino gehiago atxiki ahal izango dira, lurralde-estaldura handiagoa bermatzeko.

          3. Atxikitako erakundeek betebehar hauek izango dituzte:

            1. Salbuespenik gabe onartzea agindu honek biltzen dituen oinarrizko programaren baldintzak, eta bere egitea bertan ezarritako konpromisoak; horretarako, onartu egingo ditu organo eskudunek laguntzen funtzionamendu egokia egiaztatzeko egin ditzaketen egiaztapen- eta kontrol-jarduerak, eta jarduera horietan zer informazio eta dokumentazio eskatzen zaien, informazio eta dokumentazio hori guztia aurkeztu beharko dute.

            2. Establezimenduaren kanpoaldean eta -halakorik bada- zabalkunde telematikorako erabiltzen dituzten kanaletan, ikusteko moduko leku batean, publizitate-materialak jartzea, oinarrizko programari atxikita dagoela iragartzeko. Material horietan, zera agertuko da: Europar Batasunaren enblema eta «Europar Batasunak kofinantzatuta» eta «Oinarrizko laguntza materialerako EGF+ programa» testuak.

            3. Produktua saltzeko edo entregatzeko unean, onuradunaren datuak egiaztatzea.

            4. Entitate laguntzailearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasotako beste edozein betebehar; entitate laguntzaileak atxikipen-dokumentuan txertatu beharko ditu betebehar horiek.

              Hamahirugarrena. Jakinaraztea eta ordainketa-tresna entregatzea: txartela edo balea.

              1. Laguntza emateko ebazpena egin ondoren, entitate laguntzaileek laguntza-ebazpena eta txartel edo bonu trukagarri bat entregatuko dizkiote onuradunari, ebazpena eman eta hamar egun balioduneko epean. Txartel edo bonua entregatzeko, ezinbestekoa izango da egiaztatzea jakinarazpena jaso dela eta lehenengo akonpainamendu-neurria ezarri dela.

              2. Txartel edo bonuak pertsonalak eta besterenezinak izango dira; gainera, jarraipen-aplikazioaren sistemari esker, txartela edo bonua gaizki erabiltzen denean alerta-abisuak jasoko dira, eta txartela blokeatu edo baliogabetu ahal izango da, bai eta iruzurraren eta faltsutzearen aurkako neurriak hartu ere. Salbuespenez, baimena eman daiteke txartela edo bonua beste norbaitek erabiltzeko, ahal dela, familia-unitateko beste kide batek, baldin eta entitate laguntzailearen aurrean egiaztatzen bada onuradunak zailtasunak edo eragozpenak dituela entitate atxikietara iristeko. Edozein kasutan, jarraipen-tresna informatikoan jasota geratu behar da nor baimendu den, pertsona horrek noiztik eta noiz arte erabiliko duen txartela edo bonua, eta zer erosketa egin dituen denbora-tarte horretan.

              3. Txartel edo bonuek Europar Batasunaren enblema eta «Europar Batasunak kofinantzatuta» testua izango dituzte serigrafiatuta.

              4. Txartel edo bonuetan zenbateko ezberdinak karga daitezke -betiere agindu honen 5. artikuluan azaldutako eskalari erreparatuz-, hil baterako, bitarako edo hirutarako, kontuan hartuz zer egunetan entregatu diren eta zer balorazio egin duen entitate laguntzaileak. Kargatzeko unean dagoen saldo erabilgarria pilatuta geratuko da kargatu ondoren.

              5. Txartel edo bonuak ezingo dira inoiz diruarekin trukatu.

              6. Txartel edo bonuak zuzkitzeko azken eguna 2026ko abenduaren 31 izango da, hargatik eragotzi gabe ordura arte entregatu edo kargatu diren txartel edo bonuak beranduagora arte erabili ahal izatea familia hartzaileek; hain zuzen ere, dagokion saldoa agortu arte edo, bestela, 2027ko urtarrilaren 31ra arte.

              7. Zuzendaritza kudeatzaileak onuradunen zerrenda eta deialdi hau EAEko Dirulaguntzen Erregistro Orokorrera bidaliko ditu, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 15. artikuluan ezarritakoarekin.

                Hamalaugarrena. Laguntzak justifikatzea.

              1. Entitate laguntzaileek automatikoki egiaztatuko dituzte laguntza ongi aplikatzearen ebidentzia osatuko duten gastuen frogagiriak.

              2. Nolanahi ere, entitate laguntzaileek edonoiz eska diezaiekete entitate atxikiei eta onuradunei erosketa-frogagiriak bidaltzeko.

              3. EGF+ programan gastuak justifikatzeari begira, gastu hautagarritzat har daitezke 2026ko ekitaldian eta 2027ko urtarrilean exekutatzen direnak, baldin eta haien trazabilitatea ahalbidetzen bada agindu honen baldintzen arabera.

              4. Dagokion entitate laguntzaileak, 2027ko lehenengo hiruhilekoan, Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzara bidali beharko ditu oinarrizko programan bildutako ondasunak eskuratzeko ordaindu dituen laguntzei eta haien erabilerari buruzko egiaztagiriak.

                Hamabosgarrena. Bateragarritasuna.

                Laguntzak hauek ez dira bateragarriak diru-sarrerak bermatzeko errentarekin edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin. Onuradunek beste edozein gizarte-prestazio jaso ahal izango dute, Espainiako zein nazioarteko edozein administrazio edo ente publiko zein pribatutatik. Onuradunek hitzematen dute halako laguntzak eskatu eta, hala badagokio, jaso izanaren berri emango dutela, laguntzak irauten duen aldian.

                Hala ere, laguntza horiek eskatzaileei eman ahal izango zaizkie nahiz eta onartu gabe izan aurreko paragrafoan aurreikusitako laguntzaren bat. Pertsona horientzako laguntzak hilero aitortuko dira, eta beste laguntza horiei dagozkien espedienteen emaitzaren mende geratuko dira. Laguntza horietakoren baten aldeko onarpena egiaztatzen den unean bertan, ez dago zertan itzuli dagokion txartela desaktibatu arte gastatutako zenbatekorik.

                Jasotako prestazio gehigarriak kontuan hartuko dira zehazteko zein den familia-errentaren maila.

                Hamaseigarrena. Ikuskatzea, ez-betetzeak eta itzultzea.

              1. Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen egiaztapen, ikuskapen eta gainerako kontrol-neurri guztiak ezarriko ditu, ziurtatzeko baliabide publikoak zuzen erabiltzen direla eta oinarrizko programa garatu eta aplikatzen dela.

              2. Baldin eta antzematen bada laguntza ez dela behar bezala erabiltzen edo jarduketa irregularrak egin direla behar ez bezala erabiltzeko edo iruzur egiteko, organo kudeatzaileak horren berri emango dio organo emaileari, eta azken horrek txartela edo bonua blokeatu ahal izango du aldi baterako; horrek esan nahi du ezingo dela txartela edo bonua erabili, harik eta erabilera zuzenari edo okerrari eta mugimenduei buruzko alderdiak zuzendu arte.

                Txartela edo bonua blokeatzeak ez du inoiz eragingo hura erabiltzeko epea edo laguntza exekutatzeko epea luzatzea.

              3. Onuradunak egindako gastuek ez badituzte betetzen oinarrizko programan ezarritako baldintzak eta mugak, organo ebazleak itzulketa-prozedura bat hasi ahal izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikulutik 43.era bitartean (biak barne) arautzen dena.

                LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Oinarrizko programari atxikitako erakundeak.

                Programaren jarraitutasunari etenik gabe eusteko, luzatu ahal izango dira oinarrizko programaren erakunde laguntzailearen eta hari atxikitako erakundeen artean 2025eko ekitaldian sinatutako akordioak, dagokion tresna juridikoan aurreikusita dagoen neurrian eta alderdi interesdunek hala adosten duten neurrian. Luzapen horiek ez dute eragotziko erakunde laguntzaileak prozedura berri bat abiaraztea programari atxikitako erakunde berriak sartzeko, baldin eta egoki baderitzo hobeto betetzeko ekimenaren helburuak.

                BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. 2025eko Oinarrizko Programaren onuradunak.

                Baldin eta familia-unitateak oinarrizko programaren onuradun izan badira 2025eko ekitaldiaren amaieran eta txartelak azkenengoz kargatu badituzte emakidaren hilabeteetan, txartelak berriro kargatu ahal izango dituzte, 2026an zordunduta, gehienez ere hiru hilabetez; betiere, egiaztatzen bada jarraitzen dutela betetzen agindu honetan jasotako laguntzak jasotzeko baldintzak.

                Txartela 2026ko ekitaldian berriro kargatzeko, 2026ko ekitaldian dagoeneko eskura duten erosketa-txartelaren saldoa agortzen duten familia-unitateek erakunde laguntzailearen bulegoetara jo beharko dute. Une horretan, egiaztatu beharko da ea jarraitzen duten betetzen oinarrizko programako laguntza horiek 2026an lortzeko aurreikusitako baldintzak, eta, hala badagokio, jaso egingo dute ekitaldi honi dagokion laguntza-neurria; betiere, interesdunak eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena formalizatzen baditu, 2025eko ekitaldian egiaztatutako baldintzetan. Aldaketarik izan badu, deialdi honen baldintzetan adierazi eta egiaztatu beharko du.

                AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Oinarrizko Programaren esparruan sortutako informazioa eta datuak.

                EAEko udaletako gizarte-zerbitzuek oinarrizko programako laguntzen emakidari buruzko informazioa eskatu ahal izango dute -agindu honen arabera emandako laguntzen egoera eta zenbatekoa-, hartara babesgabetasun-egoerak baloratzeko dagozkien eskumenak bete ditzaten eta gizarte-zerbitzuen esparruan eman beharreko laguntzak eman ditzaten. Administrazio honek oinarrizko programa operatibo izaten jarraitzen duen bitartean eskatu ahal izango dute informazio hori.

                Arau hauen arabera tratatuko dira agindu honetan jasotako dirulaguntzak kudeatzean eskuratutako datu pertsonalak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua (datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa; Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) eta Datu Pertsonalak babesteko eta Eskubide Digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

                Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke:

                https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/064800-capa1-es.shtml

                AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

                Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietarako, hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren printzipio orokorrak.

                Onuradunek, halaber, bete beharko dute Europar Batasuneko erregelamendu hauetan xedatutakoa:

                (EB) 2021/1060 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, zeinaren bitartez ezartzen baitira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere.

                (EB) 2021/1057 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen duena eta 1296/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik