Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2025eko abenduaren 16koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2026ko ekitaldian Kultura eta Sormen Industrien Berrikuntza Funtsaren KSI Berritzaile+ programarako dirulaguntzak emateko oinarriak ezarri eta deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 251
- Hurrenkera-zk.: 5548
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/12/16
- Argitaratze-data: 2025/12/30
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte- eta kultura-jarduerei eta horien sustapen eta hedapenari dagozkien egitekoak eta jardun-arloak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren barruan eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuaren bidez, egiteko horiek Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari esleitzen zaizkio.
Bereziki, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio Euskal Kultura eta Sormen Barrutiaren (BDCC, ingelesez) garapena kudeatzea, EAEn kultura- eta sormen-industrien (aurrerantzean, KSI) sektorearen garapena sustatuko duten ekintzak proposatzea, eragile publiko eta pribatuekin koordinazio- eta lankidetza-formulak proposatzea, EAEko beste sektore eta ezagutza-arlo batzuekin topaguneen sorrera kudeatzea, kanpoko sareetan harreman-eremuak proposatzea, eta berrikuntza eta lehiaren alorrean EAE aukera-lurralde gisa kokatzeko programa eta/edo proiektuak hautematea.
KSIak, Euskadi Sortzailea izendapenaren bidez, RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategiaren lau aukera-eremuetako bat dira, elikadura osasungarria, eko-berrikuntza eta hiri jasangarriekin batera, eta Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Planaren barruan kokatzen dira (Euskadi 2030 ZTBP); aldi berean, Europa Horizonte esparru-programa berriarekin bat datoz, zeinak zientzia, teknologia eta berrikuntza bultzatzea baitu xede, Euskadi digitalago, berdeago eta inklusiboago bateranzko trantsizioa bizkortzearren. Ildo horretatik, Euskadi Sortzailearen helburua da Euskadiko kultura- eta sormen-sektoreak garatzea, euskal enpresa-sektorean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) dagokien lekua izan dezaten.
Euskadi, Europan, berrikuntza handiko eskualdeen multzoan dago. Helburua hazten jarraitzea eta lurraldea berrikuntza arloan Europako eskualde liderra izatea da (RIS adierazlea, Regional Innovation Scoreboard), Euskadi Europako berrikuntza-polo izan dadin, hazkunde ekonomikoari eta ongizateari lagunduz, baita kalitatezko enpleguak sortzeari ere, XIII. legegintzaldiko Gobernu Programako berrikuntzaren arloan Hazkunde eta Ongizate Eredua izeneko 2. ardatzean jasotzen den bezala.
KSIen sektoreak berezko berezitasunak eta idiosinkrasia ditu, talentuan, esperimentazioan eta sormenean, berrikuntzan eta ezagutzaren sorkuntzan oinarrituak, zeinak ezinbestekoak baitira eta etengabe sortzen baitira. Testuinguru horretan, I+G+b delakoak, enpresa-lehiakortasunarekin eta nazioartekotzearekin lotutako beste jarduera batzuekin batera, funtsezko egitekoa du KSIen garapenean.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Contrast II Azterketa egin zuen 2023an («Kultura eta Sormen Sektoreak eta Industriak eta berrikuntza: ekosistemak, tipologiak, neurketa eta inpaktuak»). Bertan KSI arloko 20 ekosistema aztertzen dira nazioarte mailan, eta elementu bereizle gisa nabarmentzen da, KSIen sektorean berrikuntzak, ekonomikoki emaitza adierazgarriak emateaz harago, kanpora begira eragin positibo esanguratsuak sortzen dituela, bereziki, gizarte eta kultura arlokoak. Eta garrantzitsuagoa dena: funtsezko zeregina betetzen dute, inklusiboagoak eta jasangarriagoak diren gizarteetarantz abiatzeko. Horrek aparteko izaera ematen dio berrikuntzaren balioari KSIetan.
Azterketa horren ondorioetan jasotzen den bezala, XXI. mendeko berrikuntza (are gehiago KSIen sektorean) laugarren helizearen ereduaren arabera egituratzen da, gizarte zibila funtsezko eragile gisa txertatuz, industria-ehunaz, akademiaz eta administrazioez gain. Partaidetza, komunitatea, inklusioa, portaera-aldaketak eta adimen kolektiboa berrikuntzaren ekosistemako ardatzak dira KSIetan. Jasangarritasuna, momentuz, hirugarren postuan kokatzen dela ikusi da, aztertutako berrikuntza kasuen inpaktuei dagokienean. Dena den, larrialdi klimatikoak eta gero eta handiagoak diren desberdintasunek ikuspuntua helize boskoitzaren ereduan ipintzea eskatzen dute premiaz, baita merkatuak nagusitasun nabaria duen testuinguruetan ere. Gaur egun, KSIen berrikuntza ez da ulertzen 5 helizeak kontuan hartu gabe.
Era berean, txostenetik ondorioztatzen da, laguntza-ekosistema sendo batek aldi berean jardun behar duela hainbat esparrutan: berrikuntza, inbertsioa, talentua, esportazioa eta enpresa-ehuna. Ildo horretatik, beharrezkoa da KSIen sektorerako berrikuntzari laguntzeko politikak gauzatzea, enpresa-ehunaren berezitasunak kontuan hartuta (mikroenpresak, finantzaketa lortzeko zailtasunak, trebakuntza-beharrak, sarbide-mekanismoak sinplifikatzea...); eta KSIekin batera diseinatutako politikak, eragina irabaztera bideratuak, non sormen-berrikuntzaren kontzeptua jokoan sartuko litzatekeen, lankidetza gurutzatuko metodoak eta ikerketa teknologikoaren humanizazioa sustatuz.
Bestalde, Innobasqueren 2024ko Prospektiba Txostenean berrikuntzarekin lotutako joera nagusiak aztertzen dira, eta gaikako 5 bloke nabarmentzen dira: Adimen Artifizialaren nonahikotasuna eta praktika jasangarrien premia; lana eta talentua berriz definitzea eta antolamenduaren berrikuntza eta egokitzeko beharra, eta baita zibersegurtasunak eta konputazio kuantikoak aurkeztutako erronka eta aukerak ere. Panorama dinamiko eta ebolutibo horretan, nabarmentzekoa da Adimen Artifizial Sortzailearen eta Jasangarritasunaren zeharkakotasuna, 2023ko txostenarekiko elementu bereizgarri gisa.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Districts of Creativity Network (DC Network) sarearen esparruan Euskadin antolatutako 2024ko Creativity World Forum ekitaldian, AA sortzaileak eduki kultural eta sortzaileen ekoizpenean duen inpaktua ipini zen eztabaidaren muinean. Teknologia hori erabiltzeko eta eratorritako lanak sortzeko erabilitako edukien babesa, jabetza-eskubideak eta titulartasuna bermatzeko premia azpimarratu zen. Era berean, agerian geratu zen adostasuna dagoela KSIek beste sektore batzuk (elkar aberastea) eta gizartea eraldatzeko gaitasuna eta eskumena dutela. Hala ere, administrazio publikoak berrikuntzari laguntzeko sistema berri bat izateko beharra ere egiaztatu zen.
Testuinguru horretan egituratu da Berrikuntza Funtsaren kargurako laguntza-deialdi hau, Eusko Jaurlaritzako sailek euskal kultura- eta sormen-ekosisteman I+G+b dinamizatzeko erabiltzen dituzten partiden tresna osagarri gisa, Euskadi 2030 ZTBPren eta RIS3 Euskadi estrategiaren hedapena bultzatuz Hori guztia bat dator NBEk 2030. urteari begira finkatutako Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH), zeinak Euskadi Basque Country 2030 Agendan sartuta baitaude (bereziki, Industria, Berrikuntza eta Azpiegituretako 9. GJHari dagokionez, zeinak ezartzen baitu azpiegituretan inbertitzea eta berrikuntza hazkunde eta garapen ekonomikorako funtsezko ardatzak direla).
Halaber, Agindu hau sartuta dago 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduz onartu baitzen, eta aipatu saileko webgunean argitaratu baitzen.
Horrenbestez, hau
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ipin daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 16a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
Oinarri hauen xedea da ahalmen berritzaile handiko proiektuak garatzen dituzten EAEko KSIen sektoreko enpresei bideratutako dirulaguntzak arautzea, 2026-2027 aldirako.
Dirulaguntza hauetara, guztira, 900.000 euro bideratuko dira: % 50, 2026. urterako, eta gainerako % 50a, 2027. urterako.
Honako baldintzak betetzen dituzten entitateak izan daitezke oinarri hauetako dirulaguntzen onuradun:
Autonomoak edo enpresa txiki edo ertainak (ETE) izatea, betiere zerga-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute. Enpresa eta ETE kategoriaren definizioa Europako Batzordearen 2002ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioaren definizioaren arabera aplikatzen da.
Entitateek Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egon beharko dute, Euskadiko Kultura eta Sormen Industrien sektorea osatzen duten azpisektoreei dagozkien epigrafeetako batean, hots: Arte eszenikoak, Ikusizko arteak, Ikus-entzunezkoak, Edizioa eta baliabide inprimatuak, Musika, Kultura ondarea, Arkitektura, Artisautza, Eduki digitalak, Diseinua, Sormen-gastronomia, Hizkuntzaren industriak, Moda, Publizitatea eta marketina, eta Bideojokoak; baita IKS sektoreko zehar-erakundeak ere, hots: kultura eta sormen arloko bitartekaritza eta/edo aholkularitzako enpresak.
Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren dagokion epigrafeko altan gutxienez sei hilabeteko antzinatasuna agertu beharko da, laguntza eskatu denetik sei hilabete igaro aurretik eratutako enpresen kasuan izan ezik.
Enpresa-taldeak. Enpresa bat beste entitate batzuekin lankidetzan aurkezten bada, enpresa horrek ordezkari gisa jardungo du, onuradun gisa enpresa-taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko botere nahikoarekin. Entitate eskatzaileak, edozein kasutan, IKSen sektoreko entitatea izan beharko du. Enpresa-taldeko entitate bat ezingo du talde bereko beste entitate batek azpikontratatu. Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikulua betez, pertsona fisikoek edo juridikoek nortasunik gabeko pribatu edo publikoek osatutako taldeak direnean, eskaeran eta dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz jaso beharko dira taldeko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak, bai eta bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Ezin izango da taldea desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideei dagokienez legean aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.
Honako hauek ezingo dira entitate onuradun izan oinarri hauen arabera:
Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak.
Beren kapital sozialean, fundazio-ondarean edo gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena edozein administrazio publiko edo instituzionalek, sektore publikoko entitateek, finantza- edo kreditu-entitateek duten entitateak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatuak izan diren entitateak, neurri zuzentzaile egokiak gauzatu eta zehapena ordaindu arte.
Azken hiru urteetan minimis laguntzetan guztira 300.000 eurotik gorako laguntzak jaso dituzten entitateak.
Oinarri hauen babesean ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, ezinbestekoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharrak ordainduta izatea. Betekizun horiek betetzea ezinbestekoa izango da enpresa onuradun izaera mantentzeko. Beraz, emakida egiterako unean zein ordainketak egitean horiek bete diren egiaztatuko da, zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz.
Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzaren eskatzaile diren enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, haien oniritzirik behar izan gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat etorriz. Hala ere, enpresa eskatzaileak beren-beregi uko egin ahal izango dio egiaztapen hori egiteari; kasu horretan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du.
Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluaren arabera, ez zaio dirulaguntza, baliabide eta inolako funts publikorik bideratuko, emango edo onartuko, ez zuzenean ez zeharka, LGTBIfobia gauzatzen, bultzatzen edo sustatzen duen edozein pertsona fisiko edo juridikori (izan publikoa, pribatua edo finantzaketa mistokoa), konbertsio-terapiak bultzatzea edo egitea barne.
Pertsona/entitate onuradunak enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adierazi beharko du, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9. artikuluan ezarritako moduan.
30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko entitateak ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu beharko dute, apartatu honetan xedatzen den bezala egiaztatu ere, oinarri hauen 18 artikuluan aurreikusitako justifikazio-fasean ordainketa-epealdiak betetzen dituztela, lege horretan ezartzen direnak onuradun edo entitate laguntzaile izateko. Enpresa hornitzaileari aldez aurretik kobratzea ahalbidetzen dion edozein finantzaketa baliozkotzat joko da apartatu hau betetzeko, baldin eta haren kostua bezeroaren kontura bada eta ordaintzen ez duenean hornitzaileari errekurtsoa jartzeko aukerarik gabe egiten bada.
Aurreko paragrafoetan ezarritakoak honela egiaztatuko dira:
Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du betekizun hauek betetzen direla:
Zerga-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan dutela.
Alta egoeran agertzen direla Euskadiko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, dagokion epigrafean.
Egunean dituztela beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Hala ere, enpresa eskatzaileak berariaz ukatu dezake ofizioz egiaztatzea, eta horretarako, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
Laguntza-eskabidea aurkezten denetik bete beharko dira betekizun horiek, eta horiei eutsi beharko zaie harik eta ematen den dirulaguntza likidatzen den arte.
Euskadiko KSIen sektorean ahalmen berritzaile handia duten proiektuak diruz lagundu ahal izango dira, betiere trantsizio hirukoitzeko (teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta soziosanitarioa) erronkei aurre egitera bideratuta dauden produktu, zerbitzu edo negozio-prozesu berriak edo nabarmen hobetuak garatzen badituzte, Euskadi digitalagoa, berdeagoa eta inklusiboagoa lortze aldera, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planeko (Euskadi 2030 ZTBP) helburuekin koherentzia mantenduz.
Proposamen batek berrikuntzarako ahalmen handia duela ulertuko da, kasu hauetan:
Dagoeneko sendotuta dauden berrikuntza-joerekin (esate baterako, berrikuntza irekia edo gaitasun berriak garatzeko premia) edota hasiberriak direnekin bat datozenean, nagusiki, Adimen Artifizial Sortzailearen eta Jasangarritasunaren inguruan.
Trantsizio hirukoitzetik eratorritako erronketako bat, gutxienez, modu sortzaile eta estrategikoan jorratzen badu.
Euskadiko KSIen sektorean aldaketa esanguratsuak eta jasangarriak sortzeko gaitasuna duenean, sektorea indartzen, dibertsifikatzen eta mailakatzen lagunduz.
Kanpora begirako eragin positiboak sortzen baditu, hau da, ingurunerako onurak badakartza, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasunari begira.
Ezagutzaren eragileekin, gizarte zibilarekin, administrazio publikoarekin edo beste sektore ekonomiko batzuekin itun estrategikoak ezartzen dituenean, bereziki 2030 ZTBPko beste esparru batzuekin gurutzatutako berrikuntza-proiektuetan.
Proposamenek, emaitzen adierazleak ez ezik, adierazle egiaztagarriak gaineratu beharko dituzte, proposamen horiek eraldaketarako duten ahalmena egiaztatzekoak (inpaktu-adierazleak).
Izaera berritzailea baloratuko da proposamenak irismen orokorreko berrikuntza bat dakarrenean nahiz Euskadiko lurraldearen testuinguruan berrikuntza adierazgarria dakarrenean. Bi ikuspegiak baliozkotzat eta estrategikotzat jotzen dira eraldaketa bultzatzeari begira.
Ez dira diruz laguntzekoak izango ohiko aldaketak edo aldaketa arruntak, lehendik dauden produktu/zerbitzuetan, prozesuetan edo negozio-ereduetan hobekuntzak ekarri arren.
Diruz lagundu daitezkeen jarduketei laguntza-eskabidea elektronikoki aurkeztu ondoren ekin beharko zaie, deialdiaren urte naturalaren barnean. Gainera, laguntza-eskabidean proiektua hasteko adierazitako datatik zenbatzen hasita, gehienez, 15 hilabeteko epean ezarri beharko dira eta, edozein kasutan, 2027ko urriaren 1a baino lehen amaitu beharko dira.
Diruz laguntzekoak izango dira berrikuntza-proiektuari ekiteko garapen eta merkataritza arloan beharrezkoak diren jarduerak. Horien artean daude diruz lagundu daitezkeen gastu hauek:
Ikerketa eta Garapen esperimentaleko (I+G) jarduerak.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadiko Sareko eragileei zuzendutako azpikontratazio-kostuak, baldin eta horretarako direla egiaztatzen bada, edota proiektuko zati baten kanpoko beste kolaborazio zenbait.
Material aurreratuekin eta biomaterialekin probak eta prototipoak egitearekin lotutako gastuak.
Ingeniaritza-zerbitzuen kontratazioa.
Gehienez onartutako aurrekontua: 30.000 eurora arte (gehienez, aurrekontuaren % 25).
Diseinu-jarduerak eta beste sormen-lan zenbait.
Elkarren arteko diseinuko edo Design Thinking erako metodologiak txertatzeko aholkularitza-zerbitzuak.
Gehienez onartutako aurrekontua: 30.000 eurora arte (gehienez, aurrekontuaren % 25).
Marketinarekin edo marka-irudiarekin lotutako jarduerak.
Berrikuntza-proiektua abiarazteko publizitatea eta komunikazioa.
Pitchinga egitearekin lotutako gastuak.
Gehienez onartutako aurrekontua: 10.000 eurora arte (gehienez, aurrekontuaren % 10).
Berrikuntza nazioartean kokatzeko gastuak. Horien artean daude honako hauek:
Nazioarteko azoka eta kongresu edo foroetan berrikuntza-proiektuen erakusketak antolatu eta horren logistikarekin arduratzeko gastuak. Kontzeptu honengatik gehienez onar daitekeen aurrekontua: 4.000 euro.
Pertsona baten bidaia- eta ostatu-gastuak, proiektuaren proiekzioa bideratzeko beharrezkoak diren ekitaldietan, bilkuretan eta azoketan parte hartzeko. Norberaren ibilgailua edo taxia erabiltzearen ondoriozko dietak, txartelak eta bestelako gastuak ez dira diruz laguntzekoak izango. Kontzeptu honengatik gehienez onar daitekeen aurrekontua: 4.000 euro.
Berrikuntza-proiektuaren nazioartekotze-plana kanpoko enpresa baten eskutik lantzeko gastuak.
Berrikuntza nazioartean kokatzeko gehienez onartutako aurrekontua: 20.000 eurora arte (gehienez, aurrekontuaren % 20).
Jabetza intelektualarekin eta ziurtagiri eta homologazioekin lotutako jarduerak.
Jabetza intelektualarekin lotutako kontratuak egiteko zerbitzu juridikoak.
Aktibo ez-materialak (esate baterako, markak, diseinuak, patenteak, etab.) eskuratu, baliozkotu edo defendatzeko kostuak.
Proiektuarekin zerikusia duten ingurumen-ziurtagiriak eskuratzeko kostuak.
Gehienez onartutako aurrekontua: 10.000 eurora arte (gehienez, aurrekontuaren % 15).
Talentua:
Berrikuntza-proiektuarekin lotutako langileei emateko prestakuntzari dagozkion gastuak. Kontzeptu honengatik gehienez onar daitekeen aurrekontua: 8.000 euro.
Berrikuntza-proiektua ezartzeko kontratazio berriak, nominen eta Gizarte Segurantzako kuoten bidez justifikatuko direnak. Kontzeptu honengatik gehienez onar daitekeen aurrekontua: 10.000 euro.
Talentuarekin lotutako gastuetarako gehienez onartutako aurrekontua: 15.000 eurora arte (gehienez, aurrekontuaren % 20).
Teknologia eta ekipamenduak:
Teknologia edota ekipamendu-ondasunak gaineratzearekin lotutako amortizazio-gastuak, proiekturako erabilitako denboran eta neurrian.
Gehienez onartutako aurrekontua: 10.000 eurora arte (gehienez, aurrekontuaren % 15).
Softwarea eta datu-baseak garatzeko jarduerak.
Softwarea eta irtenbide digitalak garatzeko aholkularitza-gastuak.
Proiektuarekin zuzenean lotutako softwarea eskuratzea. Ez dira diruz laguntzekoak izango ofimatika-, CRM- eta ERP-lizentziak eskuratzeko eta berritzeko kostuak.
Gehienez onartutako aurrekontua: 10.000 eurora arte (gehienez, aurrekontuaren % 15).
Berrikuntza kudeatzeko jarduerak.
Berrikuntza-proiektuarekin lotutako negozio-eredua zehaztearekin lotutako aholkularitza-gastuak.
Berrikuntza Kudeatzeko ISO 560001:2024 ziurtagiria ezartzearekin lotutako gastuak.
Gehienez onartutako aurrekontua: 10.000 eurora arte (gehienez, aurrekontuaren % 15).
Diruz laguntzeko gastutzat hartuko dira langileen gastuak, betiere proiektuarekin lotuta badaude. Honako hauek onargarriak izango dira:
Plantillako langileen gastuak, nominekin eta Gizarte Segurantzara egindako ekarpenekin egiaztatzekoak.
Autonomoen kasuan, gastuak egozteko, azken ekitaldiko galeren eta irabazien kontuko emaitza izan beharko da kontuan. Proiektuak irauten duen bitartean Gizarte Segurantzari ordaindutako kuotekin eta aurreko ekitaldiko galeren eta irabazien dokumentuarekin justifikatuko dira.
Diruz lagundu daitekeen aurrekontu onartuaren % 10era arteko dirulaguntza eman ahal izango da langile-gastuetarako, 6.000 euroko mugarekin, entitate onuradun indibidualaren kasuan; eta % 20era arte, 12.000 euroko mugarekin, enpresa-taldeen kasuan.
Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira jarduerari egotz dakizkiokeen zeharkako kostuak. Horiek kalkulatzeko, diruz lagundu daitekeen aurrekontu onartuko langileen gastuen gainean % 15eko portzentajea aplikatuko da, eta ez da justifikazio gehigarririk beharko.
Langileen gastuak eta talentuarekin lotutakoak metagarriak dira.
Gastuak egozteko, aurreko apartatuan ezarritako atalaseak izango dira kontuan, oinarri hauen II. eranskineko taulan islatzen den eran.
Gastu mota bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak kontzeptuko muga indibidualak dira. Horien helburua da partida bakoitzak onartutako aurrekontuaren barruan proportzionaltasun jakin bat izan dezala bermatzea. Diruz lagundu daitekeen guztizko zenbatekoa proiektuaren aurrekontu orokorraren arabera kalkulatuko da, eta adierazitako ehunekoen batura ez da dirulaguntzaren gehieneko ehunekora (% 80) iritsi behar (6. artikuluan aurreikusia).
Gastu hauek ez dira inolaz ere diruz lagunduko:
BEZ kengarriaren zenbatekoa, entitate onuradunak eta, hala badagokio, enpresa-taldean parte hartzen duten entitateak zerga horren aitorpena egiteko obligazioa dutenean. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.
Lotutako enpresen artean egindako gastuak.
Dirulaguntza kudeatzeko aholkularitza-gastuak.
Hardware-gastuak; horien artean, honako hauek daude, besteak beste: informatika-ekipamenduak, periferikoak, mugikorrak. Era berean, ez da diruz laguntzekoa izango ikus-entzunezko materiala, hala nola argazki-kamerak eta bideokamerak.
Kostu horiek Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoaren mende daude, eta, beraz, betekizun hauek bete beharko dituzte:
Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, ezinbestekoak direnak eta deialdi honetan eta emakidaren ebazpenean edo hartan izan daitezkeen aldaketetan ezarritako epearen barruan egiten direnak.
Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostua ezingo da, inola ere, merkatuko balioa baino handiagoa izan.
Egindako gastutzat hartuko da justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindutakoa.
DAELeko 31.1 artikuluan, DLOko 29. artikuluan eta DLOaren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuko 68. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, onuradunak kontratatu edo azpikontratatu egiten duela ulertuko da hirugarrenekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren xedeko jarduera osoa edo zati bat gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak. Horri dagokionez, hirugarrenen azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 80ra iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueretarako hirugarrenak azpikontratatzeko edo kontratatzeko, aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatu beharko dira.
Azpikontratazioak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, aldez aurreko baimena beharko da eta kontratua idatziz egin beharko da, DAELeko 31.3 artikuluan adierazten den eran.
Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikietarako ezarritako zenbatekotik gorakoa denean, pertsona edo entitate onuradunak hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egiteko edo emateko entitate nahikorik.
Aurkeztutako eskaintzen arteko hautaketa egiteko (egiaztagirian edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskaeran aurkeztu beharko dira), efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori memoria batean.
Ez dira aintzat hartuko Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten fakturak, ezta ordainketa egiaz egiteko data likidazio-eskaeratik harago atzeratuta dutenak ere.
Inbertsio-gastuak justifikatzeko, diruz lagundu ahal izango da proiektuaren egikaritze-epeari dagokion aktiboaren amortizazioaren zati proportzionala, kontabilitateko araudietan ezarritakoari jarraikiz.
Gastu hautagarriek zentzuzkoak izan behar dute, eta organo kudeatzaileak horiek mugatzeko aukera izango du.
Proiektu bat hautatu eta diruz lagundu ahal izateko, gutxienez 20.000 euroko aurrekontua izan beharko du. Gehienez, gastu hautagarrien % 80 lagundu ahal izango da diruz, diruz lagundu daitezkeen gastuei buruzko 5. artikuluan eta II. eranskinean jasotzen diren gastuen aldetiko mugak kontuan izanik, eta hautatutako proiektu bakoitzerako gehieneko zenbatekoa 60.000 eurokoa izango da.
Oinarri hauetan deskribatzen den dirulaguntzen programa Europar Batasuneko Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzko Europako Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831(EB) Erregelamenduan ezarritako «minimis» arauen mende geratuko da (EBAO 2831 L, 2023ko abenduaren 15ekoa). Horrenbestez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak beharrezkoak diren mekanismoak abiaraziko ditu pertsona edo entitate onuradun bakar batek ere ez dezan segidako edozein hiru zerga-ekitalditan, guztira, 300.000 eurotik gorako dirulaguntzarik jaso.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak, oro har, bateragarriak dira edozein entitate publiko zein pribatuk xede berberaz emandako bestelako laguntzekin. Bateragarritasun hori proiektu bererako emandako laguntzetara zein jarduketa ezberdinetara hedatzen da, betiere, honako baldintza hauek betez:
Laguntzak diruz lagundu daitezkeen kostu ezberdinetarako direnean, ez da metaketa aldetiko mugarik izango.
Laguntzak diruz lagundu daitezkeen kostu bererako direnean osorik edo zati batean, metatzeko aukera izango da soilik laguntzaren gehieneko langa edo gehienez baimendutako zenbatekoa gainditzen ez bada, oinarri hauetako 5. eta 6. artikuluetan eta araudi aplikagarrian xedatutakoaren arabera.
Edozein kasutan, entitate onuradunek proiektu bererako eskatutako edo onartutako laguntza guztiak aitortu beharko dituzte, gardentasuna bermatzeko eta finantzaketa bikoitza ekiditeko.
Hala ere, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak izango dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektu bera edo horren zati bat burutzeko emandako edozein dirulaguntza izendun eta zuzenekorekin, edo dirulaguntzei buruzko aginduen arabera onartutako beste edozein dirulaguntzarekin.
Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko otsailaren 16an amaituko da, 23:59etan.
Eskabide-inprimakia eta izapideari buruzko azalpenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/servicios/1041206
Entitate eskatzailearen, haren legezko ordezkariaren eta entitatearen barruko harremanetarako pertsonaren identifikazio-datuak jaso beharko ditu laguntza-eskabideak. Halaber, proiektuari buruzko datu espezifikoak jasoko dira: izenburua, hasiera-data eta amaiera-data.
Eskabideak elektronikoki aurkeztu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren euskadi.eus egoitza elektronikora sartuta, apartatu honetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro elektronikoetan zehaztutako helbideen bidez. Eskabidearen ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira (https://euskadi.eus/nirekarpeta); bertan daude eskuragai bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak.
Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Izapidetze elektronikoa ordezkari diharduen eta aldez aurretik Eusko Jaurlaritzaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan inskribatuta dagoen pertsona baten bidez egin ahal izango da (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/); ordezkari gisa egiaztatu beharko da prozeduran.
Enpresa eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta hari atxikitako egiaztagiriak. Halaber, eskaeraren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, enpresa eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Eskabideak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.
Eskatzaile bakoitzak eskabide bat aurkeztu ahal izango du gehienez.
Aurkeztutako dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan jaisteko moduan dauden ereduak erabiliko dira, eta ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.
Gainerako dokumentazioa Pdf formatuan aurkeztuko da.
Enpresa eskatzaileari buruzko dokumentazioa.
Erantzukizunpeko adierazpena, entitateko legezko ordezkariak sinatua, eskabidean eta IV. eranskinean gaineratzen den eredu normalizatuko edukiari jarraikiz.
Horretaz gain, honako informazio hau aurkeztu beharko da:
Aurreko hiru zerga-ekitalditan emandako minimis laguntzen zerrenda, emate-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
Entitate publiko edo pribatuengandik proiektu bererako eskatu edo jaso dituen laguntzen zerrenda, honako hauek adierazita: eskabidearen edo, laguntza eman bazaio, emakidaren data; erakundea; programa; eta laguntzaren zenbatekoa.
Pertsona edo entitatea alta egoeran egon beharko da Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetuko da dagokion zerbitzuaren bidez, zeina egoitza elektronikoan ere eskuragarri baitago, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
Egiazko Titulartasunaren Akta, Merkataritza Erregistroan izena emanda dauden pertsona juridikoen kasuan.
Administrazio honetako erregistroetan inskribatutako enpresek eskabidean adierazi beharko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, eta ez da beharrezkoa izango horren egiaztagiririk aurkeztea.
Administrazio honetakoak ez diren erregistroetan inskribatutako enpresek honako hauek egiaztatu beharko dituzte: entitatearen legezko eraketa, haren izaera juridikoaren arabera; ordezkariaren identitatea; gainera, ordezkaritza-ahalmen nahikoa izatea justifikatu egin beharko du, eraketa-eskrituraren eta estatutuen bidez; eta kasuan kasuko erregistro publikoetan inskribatuta egotea ere egiaztatu egin beharko du.
Proiektuarekin lotutako dokumentazioa:
Proposamenaren memoria teknikoa eta ekonomikoa (I. eranskina), gehienez 15 orrialde izango dituena, aurkibidea, azala eta eranskinak kontuan izan gabe. Letra-tamaina: Arial 11. Formatua: Pdf.
Balorazio batzordeak memoriaren edukia ebaluatuko du, oinarri hauen 14. artikuluan jasotzen diren eta III. eranskinean zehazten diren balorazio-irizpideak oinarritzat hartuta. Memorian honako atal hauek garatu beharko dira:
Proiektuaren berrikuntza-maila.
Izaera berritzailea.
Berrikuntza gurutzatua eta eskalagarritasuna.
Proiektua deialdiarekin bat etortzea.
Euskadiko trantsizio hirukoitzean duen inpaktua.
Lurraldean espero den inpaktua.
Proiektuaren izaera estrategikoa.
Espero diren emaitzak.
Enpresaren indarra.
Talentuarekiko konpromisoa.
Proiektuaren kudeaketa.
Proposatutako metodologiaren kalitatea.
Bideragarritasun ekonomikoa.
Talde arduraduna.
Ingurumenaren eta naturaren ikuspegia diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan.
Komunikazioa eta hedapena.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa txertatzea.
Proiektuaren diseinuan, garapenean eta hedapenean genero-ikuspegia gaineratzea.
Entitatearen ibilbidea, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez.
Berdintasun arloko ziurtagiriak edo bereizgarri ofizialak egiaztatzea.
Euskararen erabilera.
Proiektua diseinatzeko eta garatzeko faseetan euskara txertatzea.
Hedapenerako eta komunikaziorako jardueretan euskara erabiltzea.
Proiektuak duen inpaktua, euskarak esparru digitalean eta, bereziki, AA sistemetan duen presentzia sustatzeari begira.
Euskarari dagokionez ziurtagiri ofizial bat egiaztatzea.
Egoitza elektronikoan deskargatu daitekeen memoria ekonomikoa, Excel txantiloi modura, proiektuaren aurrekontua jasotzekoa, banakatuta eta partiden arabera zehaztua. Proiektuaren plan ekonomikoak jarraibide hauek bete beharko ditu:
Aurreikusitako gastuen eta sarreren arteko aurrekontu orekatua aurkeztu beharko da.
Gastuen atalean, diruz lagundu daitezkeen gastuen kostua banakatuko da, deialdi honetako 5. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Proiektuari dagozkion gastuak oinarri hauetako 4. artikuluan adierazitako epean egikaritu beharko dira.
Diru-sarreren atalean deialdi honetan eskatutako zenbatekoa sartuko da, eta proiektua garatzeko aurreikusitako diru-sarrera publiko zein pribatu guztien jatorria banakatuko da.
Proiektuko lanak egiteko kontratatzeko enpresa hornitzaileek egindako eskaintzaren edo eskaintzen kopia. Eskaintza guztiak aurkeztu beharko dira, eta lankidetzaren irismena zehaztasunez adierazi beharko da.
Proiektuaren memoria, gastuen egitura eta kontratatzeko enpresa hornitzaileek proiektuko lanak egiteko igorritako eskaintza/k ezingo dira aldatu behin eskaera aurkeztu ondoren, hargatik eragotzi gabe 19. artikuluan ezarritakoa.
Nolanahi ere, organo kudeatzaileak aukera izango du aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko beharrezkotzat jotzen duen edozein agiri edo informazio eskatzeko entitate eskatzaileei, eta adieraziko da arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko dela. Dokumentazio hori, hain justu, dokumentazioa eskatzen den unean zehazten den epean helarazi beharko da.
Eskabidea izapidetzea onartzeko behar den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio enpresa interesdunari akatsa zuzentzeko edo dagozkion dokumentuak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela (ebazpen baten bidez emango zaio horren berri).
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.
Laguntza hauek norgehiagoka araubidearen bidez emango dira, DAELeko 19.1 artikuluarekin bat etorriz, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta publizitatearen printzipioen arabera. Laguntza emateko, ezinbestekoa izango da kreditu nahiko eta egokia egotea.
Baldin eta enpresa eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan oinarri arautzaileetako 5. artikuluaren arabera diruz lagundu ezin daitezkeen gastuak jasotzen badira, kendu egingo dira, onartutako guztizko aurrekontua zenbatekoa izango den zehazteko, eta hori izango da dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria.
Esleipen-prozedura puntuazio altuena lortu duen proiektuarekin hasiko da, 14. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak aplikatuta eta lehentasun-ordenari jarraituz. Dirulaguntza bakoitzaren behin betiko zenbatekoak ez ditu inoiz gaindituko oinarri hauetako 6. artikuluan ezarritako mugak. Kalkulatutako zenbatekoak muga horiek gainditzen baditu, emaitza gutxituko da, muga guztiak errespetatzen dituen zenbatekorik altuena lortu arte. Deskribatutako prozesua errepikatu egingo da harik eta hautatutako proiektu eta jarduera guztiei erantzun arte, edo deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte, 2. artikuluan jasotzen denez.
Laguntza jaso dezaketen proiektuetan azkena ezin bada gehieneko zenbatekoarekin diruz lagundu zuzkidura ekonomiko nahikorik ez dagoelako, dirulaguntza emango da soilik baldin eta esleitu daitekeen zenbateko ekonomikoak proiektuaren bideragarritasuna bermatzen badu hurrengo artikuluan arautzen den Balorazio Batzordearen iritziz.
Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, pertsona hauekin osatua:
Batzordeburua: Ana López Asensio, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria. Ez badago, Batzordeko kiderik zaharrenak ordezkatuko du.
Batzordekideak (aztertzeko irizpideekin lotutako 5 aditu-profesional):
Gotzon Bernaola Ariño, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako Enpresa Berrikuntzaren koordinatzaile nagusia. Ez badago, Goizalde Atxutegi Rodriguezek ordezkatuko du, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako Enpresa Berrikuntzaren Proiektuetako koordinatzaileak.
Itziar Vidorreta Herran, BDCC arloko arduraduna. Ez badago, Sandra Barrio Campok ordezkatuko du, BDCC arloko arduradunak.
Marisa Luisa Arriola Nieto, BIC Gipuzkoa Berrilango zuzendari-gerentea. Ez badago, Ainhoa Unamuno Aramburuk ordezkatuko du.
Sabin Goitia Goienetxea, BEAZ Bizkaia-ko Ekintzailetza zuzendaria. Ez badago, Aintzane Larrabeiti San Romanek ordezkatuko du.
Imanol Cuetara Camiruaga, SPRIko Ekintzailetza arduraduna. Ez badago, Carmen Sanchez Martinezek ordezkatuko du.
Batzordeko idazkari modura jardungo du, hitzarekin baina botorik gabe, Elena Lascurain Mugicak (Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzako teknikaria), eta ez badago, Itziar Redondo Dominguezek ordezkatuko du.
Era berean, balorazio-batzordearen bileretara bertaratu ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruan jakintza espezifikoa duten pertsonak, presidenteak onartuz gero.
Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.
Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideak aplikatuz, txosten bat egingo du, eta bertan jasoko du zer dirulaguntza ematea proposatzen duen, eta honako hauek zehaztuko ditu: onuradun modura proposatutako eskabideak egin dituztenen izen-abizenak, balorazio-fasean lortutako puntuazioa eta dirulaguntzaren xede izango den jarduketa; halaber, zein eskabide ukatzea proposatu den azalduko du, ukatzeko arrazoiak adierazita. Halaber, onartu ez diren eskabideak zein diren adieraziko da.
Gainera, DLOEko 63. artikuluan jasotzen den eran, emakidaren ebazpenean jasoko da onuradun izateko oinarri arautzaileetan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren, deialdian zehaztutako gehieneko kreditu-zenbatekoa gainditzeagatik onetsi ez diren eskabide guztien zerrenda ordenatua, eskabide horietako bakoitzari deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera eman zaion puntuazioa adierazita. Kasu honetan, onuradunen batek dirulaguntzari muzin egiten badio, dirulaguntza ematen duen organoak, beste deialdirik egin beharrik gabe, erabakiko du puntuazioaren arabera hurrengoa den eskatzaileari edo eskatzaileei dirulaguntza ematea, betiere ezetsitako eskabideetako bati gutxienez erantzuteko adina kreditu libratu bada, onuradunen batek uko egin ondoren. Dirulaguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die interesdunei, hamar eguneko epe luzaezinean dirulaguntzaren proposamena ontzat eman dezaten. Behin eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak dirulaguntza esleitzeko egintza aginduko du, eta horren berri emango du, Dirulaguntzen Lege Orokorrean eta erregelamendu honetan ezarritako eran.
Balorazio Batzordeak, beharrezko ikusten duenean aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie enpresa eskatzaileei.
Dirulaguntzak onuradun izateko betekizunak bete izana egiaztatu duten enpresei emango zaizkie, betiere, jarraian zehazten diren sei balorazio-irizpideekin bat etorriz: 1) Proiektuaren berrikuntza-maila (30 puntu, gehienez); 2) Proiektuak zer neurritan egiten duen bat deialdiarekin (20 puntu, gehienez); 3) Proiektuaren izaera estrategikoa (25 puntu, gehienez); 4) Proiektuaren kudeaketa (15 puntu, gehienez); 5) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa txertatzea (5 puntu, gehienez); eta 6) Euskararen erabilera (5 puntu, gehienez).
Irizpide horien arabera, guztira gehienez 100 puntu lortu daitezke; baztertu egingo dira, eta ezingo dira laguntza hauen pertsona edo entitate onuradun izan 1 apartatuan, hots, proiektuaren berrikuntza-mailari buruzkoan, 20 puntu gainditzen ez dituzten eta, artikulu honetan ezarritako baremoaren arabera, guztira gutxienez 65 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.
Irizpide bakoitzaren puntuazioa lortzeko berau osatzen duten azpi-irizpide ezberdinetan eskuratutako puntuazioa batu behar da. Batuketaren ondoren irizpide bakoitzari esleitutako gehieneko puntuazioa gaindituz gero, irizpide bakoitzerako ezarritako gehieneko muga aplikatuko da. Azpi-irizpideak ebaluatzeko, horiek osatzen dituzten elementu guztiak aintzatetsiko dira batera, horien arteko koherentzia eta oreka balioetsiz.
Jarraian, irizpideak zehazten dira, horien azpi-irizpideekin eta puntuazioekin batera. Halaber, oinarri hauen III. eranskinean balorazio-sistema jasotzen da, eta deskribatutako irizpideen haztapenak adierazten dituen taula bat eransten da.
irizpidea: Proiektuaren berrikuntza-maila (30 puntu, gehienez). Proiektuaren berritasun-maila baloratuko da; produktu/zerbitzu/prozesu berria sortu beharko du, edo aurretiaz dagoenarekin alderatuz hobekuntza esanguratsua ekarri beharko du. Proiektuak dakarren balio-proposamena, erabilgarritasuna eta bereizgarritasuna kontuan izango dira. Gainera, lankidetza-ikuspegia barne hartzen duen, eta eskalagarria ote den aztertuko da.
Izaera berritzailea (20 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez=0, Eskasa=5, Nahikoa=10, Ona=15, Bikaina=20).
Berrikuntza-proposamenaren deskribapen arrazoitua, proposamenak produktu, zerbitzu edo prozesu berria dakarrela edo aurretiaz dagoena nabarmen hobetzen duela erakustekoa.
Hautemandako premiaren edo abagunearen argudioa.
Proiektuak jorratzen duen garapen- edo ezagutza-mailaren egungo egoera (State of the art) eta proposamenaren egokitasuna.
Berrikuntzarekin lotuta espero den balio-ekarpena, erabilgarritasuna eta bereizgarritasuna justifikatzeko arrazoiak.
Berrikuntza Euskadira mugatzen denean, entitate eskatzaileak berariaz justifikatu beharko du beste leku batzuetan dagoeneko martxan den berrikuntza zertan datzan, Euskadin sartzeak zergatik dakarren aurrerapauso esanguratsua eta zer eragin positibo espero diren sektorean.
Dagoeneko sendotuta dauden berrikuntza-joerekin (esate baterako, berrikuntza irekia edo gaitasun berriak garatzeko premia) edota hasiberriak direnekin bat etortzea, nagusiki, Adimen Artifizial Sortzailearen eta Jasangarritasunaren inguruan.
Berrikuntza gurutzatua eta eskalagarritasuna (10 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez=0, Eskasa=2, Nahikoa=6, Bikaina=10). Proiektuak:
Lankidetza-ikuspegia du eta eragileen aniztasuna bultzatzen du. Horrek proiektuari esker espero diren onuren inpaktua handiagoa izatea dakar.
Beste ingurune batera egokitu daitekeela edo bertan errepikatu daitekeela erakusten du, izan ere, beste sektore, lurralde, bezero edo erabiltzaile batzuetara iristeko aukera dakar.
Eskalatzeko edo nazioartean kokatzeko ahalmena du.
irizpidea: Proiektua zer neurritan datorren bat deialdiarekin (20 puntu, gehienez). Berrikuntza-proiektuak deialdiaren helburuekin eta espero den inpaktuarekin duen koherentzia baloratuko dira.
Euskadiko trantsizio hirukoitzean duen inpaktua (10 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez=0, Eskasa=2, Nahikoa=6, Bikaina=10).
Proiektuak modu sortzaile eta estrategikoan jorratzen du trantsizio hirukoitzetik (teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta soziosanitarioa) eratorritako erronketako bat gutxienez, 2030 ZTBP planaren eta RIS3 estrategiaren helburuekin bat etorriz.
Erantzuna eman nahi zaion gai edo arazoaren garrantzia.
Proiektuak RIS3 sektoreekin lankidetza bultzatzen du (hiri jasangarriak, eko-berrikuntza, elikadura osasuntsua, osasun pertsonalizatua, energia garbiagoak edo industria adimenduna).
Lurraldean hurrengo alderdiei dagokienez espero den inpaktua (10 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez=0, Eskasa=2, Nahikoa=6, Bikaina=10).
Proiektuak kanpora begirako eragin positiboak sortzen ditu, hau da, ingurunerako onurak, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasunari begira.
Proiektuak Euskadiko KSIen sektorean lehiakortasuna hobetzen laguntzen du.
Proiektuak lurralde-kohesioa ahalbidetzen du, funtsezko eragileen arteko lankidetza bultzatzen baitu.
Proiektuari esker ingurunean eta sektorean gertatu diren egiturazko aldaketak edo eraldaketak neurtzeko aukera ematen duten inpaktu-adierazleak ditu.
irizpidea: Proiektuaren izaera estrategikoa (25 puntu, gehienez). Proiektuaren helburuen eta espero diren emaitzen arteko koherentzia baloratuko da, eta horiekin batera adierazle zenbakarriak gaineratu beharko dira. Halaber, kontuan izango da proiektua zer neurritan datorren bat enpresaren berrikuntzaren estrategiarekin, berrikuntza-proiektuak gauzatzeari esker enpresan espero den sendotasuna, eta enplegua eta gaikuntza sortzeari begira talentuarekiko duen konpromisoa.
Espero diren emaitzak (10 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez=0, Eskasa=2, Nahikoa=6, Bikaina=10).
Proiektuko helburuen eta espero diren emaitzen arteko koherentzia.
Emaitzen adierazle zenbakarriak.
Enpresaren sendotasuna (10 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez=0, Eskasa=2, Nahikoa=6, Bikaina=10).
Zer neurritan datorren bat enpresaren berrikuntza-estrategiarekin eta misio eta helburuekin.
Inpaktua, enpresen produktibitatean eta lehiakortasunean.
Enpresak talentuarekiko duen konpromisoa (10 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez=0, Eskasa=2, Nahikoa=6, Bikaina=10). Proiektuak honako hauetan laguntzen du:
Kontratazio berriak.
Langileak gaitzea eta prestatzea.
irizpidea: Proiektuaren kudeaketa (15 puntu, gehienez). Proposatutako metodologiaren kalitatea eta proiektuko helburuak lortzeko bideratutako baliabideak balioetsiko dira. Horretarako, kontuan izango dira: lantalde arduradunaren egokitasuna (irismena, gaitasunak eta osaera), bideragarritasun ekonomikoa, proiektuko helburuen harira aurreikusitako atazak (azpikontratatuko direnak barne), horien iraupena, entregagaien kalitatea, ingurumen-ikuspegia txertatzea, komunikazio eta hedapenerako estrategia.
Proposatutako metodologiaren kalitatea (10 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez=0, Eskasa=2, Nahikoa=6, Bikaina=10).
Aurreikusitako atazak, horien iraupena eta kudeatzeko modua.
Prozesuan erabiliko diren tresnak, eta horren justifikazioa.
Entregagaien garrantzia.
Bideragarritasun ekonomikoa (10 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez=0, Eskasa=2, Nahikoa=6, Bikaina=10).
Aurrekontu osoaren justifikazioa.
Langileen kostuen justifikazioa.
Azpikontratatzeko premiaren arrazoia.
Laguntzaren eragin pizgarria.
Beste finantzaketa-iturri batzuk.
Lantalde arduraduna (8 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez=0, Eskasa=2, Nahikoa=5, Bikaina=8).
Eginkizunen definizioa: zuzendaritza, koordinazioa, kudeaketa.
Profilak proiektuko helburuetara zer neurritan egokitzen diren, eta horien osaera.
Euskadiko ondare naturalaren kontserbazioa (8 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez=0, Eskasa=2, Nahikoa=5, Bikaina=8).
Ingurumen- eta natura-ikuspegia txertatuta dago proiektuaren diseinuan, kudeaketan eta ebaluazio-sisteman, Euskadiko ondare naturalaren kontserbazioa bultzatu eta ingurumen-helburuak kaltetzea ekidite aldera, DAELeko 7.4 artikuluan jasotzen den eran.
Komunikazioa eta hedapena (8 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez=0, Eskasa=2, Nahikoa=5, Bikaina=8).
Esperotako helburuen eta zehaztutako jardueren arteko koherentzia.
Komunikaziorako bide berriak irekitzeko publiko objektibo eta potentzialaren irismena.
Emaitzen hedapena eta irismena.
irizpidea: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa txertatzea (5 puntu, gehienez). Entitateak emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez duen ibilbidea, proiektuaren diseinuan, garapenean eta hedapenean genero-ikuspegia gaineratzea eta berdintasun arloko ziurtagiriak edo bereizgarri ofizialak egiaztatzea balioetsiko da.
Proiektuaren diseinuan, garapenean eta hedapenean genero-ikuspegia gaineratzea (3 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez = 0, Nahikoa= puntu 1 eta Bikaina=3).
Erakundearen ibilbidea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan (balizko puntuazioa: 0= ez du ibilbide erakusgarri bat justifikatzen, 2= bai, ibilbide erakusgarri bat justifikatzen du).
Berdintasun arloko ziurtagiriak edo bereizgarri ofizialak egiaztatzea (puntu bat emango da berdintasun arloan ziurtagiri ofizial bat edo gehiago egiaztatzeagatik).
irizpidea: Euskararen erabilera (5 puntu, gehienez). Proiektuaren diseinuan, garapenean eta hedapenean euskara txertatzea balioetsiko da, eta baita euskararen presentzia ingurune digitalean eta, zehazki, Adimen Artifizialeko sistemetan indartzeko proiektuak duen eragina ere.
Proiektua diseinatzeko eta garatzeko faseetan euskara txertatzea (3 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez = 0, Nahikoa= puntu 1 eta Bikaina=3).
Euskararen erabilera hedapenerako eta komunikaziorako jardueretan (2 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: Batere ez = 0; proiektuak euskararen erabilera orekatua bermatzen du sustapen eta hedapen jardueretan = 2).
Proiektuak duen inpaktua euskarak esparru digitalean eta, bereziki, AA sistemetan duen presentzia sustatzeari begira (2 puntu, gehienez, honako haztapena kontuan izanik: 0= ez du euskara bultzatzen ingurune digitalean; proiektuak ingurune digitalean euskarak presentzia izan dezan laguntzen du = 2).
Euskararen arloko ziurtagiri ofizial bat egiaztatzea (puntu bat emango da euskararen arloan ziurtagiri ofizial bat edo gehiago egiaztatzeagatik).
Balorazio Batzordeak txosten bat egingo du, ematea proposatutako dirulaguntzak jasoz. Organo kudeatzaileak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematearen inguruan behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, eta azken horrek Kulturako sailburuordeari bideratuko dio.
Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie enpresa interesdunei. Jakinarazpen hori gorabehera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpen horien edukia. Lehenik egindako jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat. Ebazpena elektronikoki jakinaraziko da, «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Sei hilabetekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epe hori igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute enpresa interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan xedatutako ondorioetarako.
Lehenengo puntuan aipatutako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurrean, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.
Onuradun izateko, pertsona edo entitate eskatzaileak dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izan beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera.
Dirulaguntzak jasotzen dituzten enpresa onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza behin betiko onartzeko Kulturako sailburuordeak emandako ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek beren-beregi uko egiten ez badiote dirulaguntzari, onartu egin dela ulertuko da.
Diruz lagundutako proiektua deialdira aurkeztu den baldintzetan gauzatzea. Enpresa onuradunak behartuta daude laguntza ematea eragin duen jarduera egikaritzera, eta ezingo da dirulaguntza ekarri zuen xedearen edo helburuaren funtsean eragina duen aldaketarik egin. Organo kudeatzaileari laguntza emateko kontuan hartu den edozein baldintzaren aldaketaren berri eman beharko zaio berehala.
Nazioko edo nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batek emandako dirulaguntzak edo laguntzak eskuratu badira eta laguntza horiek helburu bera badute, horren berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.
Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragindako gastuak, diruz lagundu daitezkeen gastuak badira, aplikatzekoa zaion arloko araudian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
Halaber, enpresa onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.
Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Zehazki, dirulaguntzen xedeari buruzko fiskalizazioa egiteko zeregina betetze aldera, eta laguntzei buruzko publizitate egokia emate aldera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, eskatzen dion informazio guztia helarazteari buruzkoak. Ildo horretatik, pertsona edo entitate onuradunek proiektuaren informazio, dokumentazio edo zabalkunde guztian (inprimatutako formatuan, digitalean edo ikus-entzunezkoan) laguntza hori jaso dutela adierazi beharko dute berariaz eta ikusteko moduan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak berak emandako logoa ere sartuta.
Laguntza eskatzen duen enpresa ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edo bertako banku-datuak aldatu nahi baditu, ordainketa jaso ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du eskabidearekin batera edo prozeduraren beste fase batean, helbide honetan ezarritako ereduari jarraikiz: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa
Bi alditan ordainduko dira oinarri hauen kargura esleitutako dirulaguntzak, jarraian adierazten diren baldintzetan:
Dirulaguntzaren zenbatekoaren % 50, esleipen-ebazpena eman ondoren ordainduko da, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera hamabost eguneko epea igarota, beren-beregi uko egin ez bada.
Gainerako % 50a hurrengo artikuluan (Dirulaguntzaren justifikazioa) eskatzen den egiaztagiria aurkeztu ondoren eta Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzak hori ebaluatu eta oniritzia eman ondoren ordainduko da.
Egindako gastu hautagarria laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua baino baxuagoa bada, proportzionalki doituko da.
Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, zergaren araudia aplikatuz legozkiokeenak.
Onuradun izateko, pertsona edo entitate eskatzaileak dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izan beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera.
Proiektuaren justifikazioa 2027ko azaroaren 1a baino lehen egingo da, eta proiektua eta jarduerak egikaritu izana eta onartutako aurrekontu osoari dagozkion gastuak jasoko ditu.
Justifikazioarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
Jardueren memoria, dirulaguntza emateko oinarritzat hartu zen proiektua bete eta garatu dela adieraztekoa. Formatua: gehienez 15 orrialde izango ditu, aurkibidea, azala eta eranskinak kontuan izan gabe. Letra-tamaina: Arial 11. Formatua: Pdf.
Eskaera-faseko jardueren memorian ezartzen diren atal berberak jaso beharko ditu, oinarri hauen 9.2 artikuluan eta I. eranskinean jasotzen den eran. Gainera, egindako jarduerak eta eskuratutako emaitzak adieraziko dira, eta baita horiek egitean izandako gorabeherak ere. Jarduera egin izana egiaztatzeko behar diren elementuak aurkeztuko dira.
Era berean, memoriak jaso beharko du diruz lagundutako proiektuek 4. artikuluko 1. apartatuan aurreikusitako helburuak lortzen zer neurritan lagundu duten, eta bertan oinarri hauen 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla aipatu beharko da.
Proiektuaren garapenean egiten den aldaketa oro jardueren memorian adierazi beharko da. Aldaketak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotzen diren betekizunak bete beharko ditu, eta idatziz eskatu beharko da gauzatu aurretik, eta sekula ez proiektuaren egikaritze-epea amaitzeko hilabete geratzen denean, eta organo emaileak baimenduta. Memoriari aldaketa eskatzeko eskabidea eta aldaketa baimentzeko ebazpena erantsi beharko zaizkio.
Egindako jardueren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa (Euskadi.eus helbidean eskaintzen den Excel txantiloi batean), honako hauek jasotzen dituena:
Egikaritutako aurrekontua, ahalik eta gehien banakatuta, onartutako aurrekontua oinarritzat hartuz egindako gastu, inbertsio eta diru-sarrera guztiak jasota. Besteak beste, entitate onuradunaren behin betiko ekarpena eta beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek egindako ekarpenak jaso beharko dira, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
Jardueraren gastu edota inbertsioak sailkatzen dituen zerrenda sailkatu bat, alderdi hauek zehazten dituena: hartzekoduna, dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data.
Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotako fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten dokumentuak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak eta, hala badagokio, epea egiaztatzen duen dokumentazioa. Dokumentuak fitxategi bakarrean sartu beharko dira, eta aipatutako gastuen zerrendan ezarritako hurrenkera mantendu beharko da. Ez da onartuko txartelen bidez justifikatzea.
Egindako ordainketen justifikazioa, onartutako aurrekontu osoaren gainean.
Diruz lagundutako jarduera eta proiektua hedatzeko eskuratutako emaitzak laburbiltzen dituen bideoa, euskaraz eta gaztelaniaz.
Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek xede eta helburu berarekin egindako ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita. Enpresa onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntzaz gain bestelakorik jasoko ez balu, beste dirulaguntza batzuen Adierazpenen Eranskin hori ere erantsi beharko da.
Ezaugarri hauek izan behar dituzte aurkezten diren dokumentu elektronikoek:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan jaisteko moduan dauden ereduak erabiliko dira, eta ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.
Gainerako dokumentazioa Pdf formatuan aurkeztuko da.
Bideoa mp4 formatuan aurkeztuko da, eta gehienez, 5 minutu iraungo ditu.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira betiere dirulaguntzaren helburua bete dela ulertzen bada eta oinarri hauen 3. artikuluan entitate onuraduna izateko ezartzen diren betekizunak betetzen badira, eta hala badagokio, beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzekoa.
20 artikulua. Ez-betetzeak eta itzulketak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluarekin bat etorriz, jasotako kopuruak itzuli egin beharko dira, eta dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte edo zordunak itzulketaren ordainketa egiten duen egunera arte lehenagokoa bada aplikatzekoak diren berandutze-interesak eskatuko dira, honako kasu hauetan:
Justifikatzeko betebeharra betetzen ez denean edo lege horretan eta, hala badagokio, dirulaguntzaren oinarrietan ezarritako moduan justifikatzen ez denean.
Dirulaguntza baldintzak bete gabe edo baldintzak faltsutuz eskuratzen denean edo hura eskuratzea galaraziko luketen baldintzak ezkutatuz eskuratzen denean.
Dirulaguntzaren helburua, jarduera edo proiektua betetzen ez denean edo dirulaguntzaren bidez hartu behar den jokabidea hartzen ez denean.
Dirulaguntza emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez direnean.
12.5.d, 14.c eta 42. artikuluek ezartzen dituzten kontrol-jarduketei erresistentzia, aitzakiak edo oztopoak jartzen zaizkienean edo kontrol horiei uko egiten zaienean.
27. artikuluan jasotzen diren publizitate-neurriak hartzeko betebeharra betetzen ez denean.
Dirulaguntza bakoitzaren oinarrietan aurreikusitako gainerako kasuetan.
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107tik 109ra arteko artikuluetan ezarritakoaren arabera, itzulketa egiteko premia dakarren erabaki bat hartzen denean.
Enpresa-deslokalizazioa deklaratzen denean, lege horren 51. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.
Itzulketak egiteko prozedura Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40 artikuluan ezarritakoa izango da.
Zure datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendurako honako jarduerara gaineratuko dira: Kulturaren eta sormenaren esparrura zuzendutako laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza.
Helburua: Kulturaren eta sormenaren sektorera bideratutako laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: Interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko tratamendu beharrezkoa.
Hartzaileak: Arlo honetan eskumena duten administrazioak.
Eskubideak: Eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk erabiltzeko ere.
Informazio gehigarria: Gure webgunean kontsultatu dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Prozedurari dagokionez oinarrietan aurreikusten ez den orotarako, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko da.
(Ikus .PDF)