Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2024ko uztailaren 3koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko eta garatzeko dirulaguntzen oinarriak, eta laguntza horien deialdia iragartzen baita.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 163
- Hurrenkera-zk.: 4012
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/07/03
- Argitaratze-data: 2024/08/22
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea sortu zen. Sare horren funtzioetako bat da laguntza-programak eta zerbitzuak ezartzea liburutegientzat, bereziki informatika-sareak antolatzeko, irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak egiteko, funtsak eskuratzeko eta beste helburu batzuetarako.
Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14.1.d) artikuluan.
Horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatzea eta gauzatzea.
Araudi horiekin bat etorriz, eta udal-liburutegi publikoen eginkizun funtsezkoena aintzat hartuta (herritar orok ezagutza eta informazioa jasotzeko gune izatea), eta teknologia berriek horretan duten garrantzia kontuan izanda, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak uste du beharrezkoa dela teknologia horiek udal-liburutegi publikoetan ezartzeko eta garatzeko lagungarri izan daitezkeen jarduketak bultzatzea. Horrela, Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren helburuak lortzen laguntzen du deialdi honek.
Agindu hau, halaber, sailaren 2021-2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan eta 2024ko Dirulaguntzen Urteko Planaren barruan sartzen da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu zituen plan horiek, 2024ko maiatzaren 28ko Aginduaren bidez, eta sailaren webgunean daude argitaratuta, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/
Dirulaguntzen programa honi aplikatuko zaizkio, batetik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta, bestetik, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean (38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, aurrerantzean DLO) eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduan (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, aurrerantzean DLOE) jasotako oinarrizko araudia.
Dirulaguntzen programa honetarako nahikoa aurrekontu-kreditu dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, jasota baitago 21/2023 Legeak onartu zuen aurrekontu-programan (21/2023 Legea, abenduaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena).
Horregatik guztiagatik, honako hau
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 3a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko eta garatzeko dirulaguntzak arautzen dituen deialdiaren oinarriak, 2024rako.
Agindu honen xedea da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko eta garatzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea eta deialdia egitea 2024ko ekitaldirako.
Agindu honen bidez deitzen diren dirulaguntzetarako, 300.000 euro erabiliko dira gehienez, Euskal Autonomia Erkidegoko indarreko aurrekontu orokorren kontura.
Entitate interesdunek bitarteko elektronikoak baino ez dituzte erabiliko prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko.
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan, eskuragarri daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-formulariora. Informazio-fitxa hori helbide honetan dago:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095911
Eskabidearen osteko izapideak, elektronikoki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, hemen: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, toki-entitate eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko eginkizunak esleituta dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal-entitateak.
Udalerri bakoitzean onuradun bakarra egon daiteke. Beraz, udalerri batean eskabide bat baino gehiago badago, udalaren eskabideak lehentasuna izango du gainerako entitate eskatzaileen eskabideen aurretik.
Eskatzaile bat baino gehiago badago eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen duen entitateak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan liburutegi-kopuru bera kudeatzen badute entitate eskatzaileek, liburu-funts gehien dituenak izango du lehentasuna.
Deialdiaren xede diren dirulaguntzak eskuratzeko betekizuna izango da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuren baten eraginpean ez egotea.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua aplikatuz, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako betekizun hauek egiaztatuko dira:
Entitate eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntzen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
Entitate eskatzaileak adierazi behar du ea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat eskatu eta, hala badagokio, jaso duen, xede bererako, beste administrazio edo ente publiko zein pribaturen batetik.
Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dien zehapen administratibo edo penalik jaso duten entitate eskatzaileak, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenak ere, 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa barne (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).
Administrazioak ofizioz egiaztatuko du ea entitate eskatzaileak betekizunak betetzen dituen, salbu eta entitate interesdunak aurka egiten badio. Kasu horretan, entitateak berak aurkeztu beharko du dagokion dokumentazioa.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla egiaztatzeko, subjektu onuradun gisa proposatzen direnek, nolanahi ere, ordeztutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute kasuan kasuko dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.
Diruz lagundu ahal izango dira Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko eta garatzeko beharrezkoak diren elementuak eskuratzeko edo instalatzeko jarduketa bereziak, baldin eta 2024ko ekitaldian gauzatzen badira eta 100 eurotik gorako kostua badute.
Diruz lagundu ahal izango dira, halaber, 2024ko ekitalditik harago zabaltzen diren inbertsio-proiektuen zati diren inbertsio-jarduketak, baldin eta 2024. urtean gauzatzen badira, erabilera beregaina dutela irizten bazaio eta haien banakako kostua zehaztu badaiteke.
Zehazki, hauek eskuratzeko eta instalatzeko emango da dirulaguntza:
Hardwarea edo euskarri fisikoa. Ordenagailuak eta haien osagaiak sartzen dira multzo honetan, bai eta funtzionamendurako edo erabilerarako beharrezko den beste edozein elementu material ere, bai modu autonomoan jarduten denean, bai sarean egiten denean (mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, pdak, eskanerrak, pantaila lauak, periferikoak, routerrak, biltegiratze-unitateak, txartel grafikoak, saguak, aurikularrak, inprimagailuak, liburu elektronikoen irakurgailuak, tabletak eta abar).
Softwarea edo informatika-sistemen euskarri logikoa. Alegia, halako ataza zehatz bat egiteko beharrezkoak diren programa eta prozeduren multzoa. Horretarako, atal honetan sartzen dira liburutegi-kudeaketarako sistemak ez diren sistemen softwarea eta aplikazioen softwarea.
Telekomunikazioak. Komunikazio-sareak instalatzea, bai hari bidezkoak bai haririk gabekoak.
Hauek joko dira, agindu honetan jasotako araudiaren babesean, diruz laguntzeko moduko gastutzat: aurkeztutako eskabidean jasota egonik, diruz laguntzeko jarduketarekin lotura estua duten gastuak; bai erosketaren gastuak, bai errentamenduaren gastuak edo laguntzeko modukotzat jotzen diren elementuen benetako erabilgarritasuna bermatzen duten bestelako sistemen gastuak. Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoaren mende egongo dira diruz laguntzeko moduko gastuak. Beraz, entitate onuradunak gutxienez 5 urtez bideratu beharko ditu ondasunak finantzatu diren jarduketetarako.
Ez dira diruz lagunduko:
Ikus-entzunezko ekipamenduak edo bestelakoak, beren ezaugarriak direla-eta 3. puntuko atalen batean sartzen ez badira.
Mantentze-lan, laguntza tekniko edo aholkularitza moduan definitzen diren zerbitzuen kostuak.
Liburuzainak edo erabiltzaileak teknologia berrien erabileran trebatzeko prestakuntza-ikastaroak.
Liburutegien presentzia Interneten areagotzea beste asmorik ez duten softwarea eta gainerako elementuak.
Liburutegirako funtsak eskuratzea, edozein direla ere funts horien euskarria, lokalizazioa eta edukietan sartzeko beharrezkoa den ekipamendua.
Software edo hardware plataformak kontratatzea, sortzea edo alokatzea Kultura Ondarearen Zuzendaritzak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi guztientzat jada eskaintzen eta kudeatzen dituen zerbitzuetarako.
Inprimagailu, eskaner eta abarretarako kontsumigarriak (tonerrak, inprimatzeko kartutxoak, eranskailu-orriak, fotokopiak).
Bulegoko materiala (birringailua, plastifikatzeko makina, papera suntsitzeko makinak, grapagailuak, paperontziak, etab.) eta altzariak (aulkiak, egokigailu ergonomikoak, etab.).
Langile-gastuak, energia-gastuak eta instalazioen mantentze-lanen gastuak.
Dirulaguntza hau jaso dezaketen elementuek dituzten ezaugarri espezifikoak direla-eta, entitate onuradunak diruz laguntzen den jardueraren zenbatekoaren % 100 azpikontratatu ahal izango du, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta lege hori garatzeko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan.
Sektore Publikoko Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legeak kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, haren ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen entitate nahikorik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
Agindu honetan araututako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztuko dituzte eskabideak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095911
Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta hari atxikitako agiriak. Orobat, prozeduran zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Eskabidearekin batera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
Entitate eskatzaileko liburuzain arduradunek izenpetutako memoria bat, honako hauek bilduko dituena: zein diren 2024. urteko ekitaldian egin diren edo egitekoak diren jarduketak, dirulaguntzen xede direnak; zer helburu lortu nahi diren teknologia eskuratuta edo instalatuta, eta zergatik den beharrezkoa.
Ondasunak edo instalazioak jartzen dituzten enpresa hornitzaileen aurrekontuak, jarduketetan aurreikusitako gastua justifikatuko dutenak. Aurrekontuok BEZa barnean hartuko dute, eta liburutegiko ondasun edo instalazioak bilduko dituzte, ez udal osoarenak.
Baldin eta 2024ko ekitalditik harago zabaltzen diren inbertsio-proiektuen zati edo osagai badira jarduketak, justifikatu beharko da jarduketa horiek banakatu daitezkeela eta erabilera beregaina dutela, eta, gainera, zehaztu beharko da zein den banaka duten kostua. Kasu horretan, eskabidea jarduketa horietara mugatuko da.
Baldin eta legez eratutako udal-entitateek edota udal-liburutegi publikoen arloan eskumena duten udal-entitateek egiten badute eskabidea, agirien bidez egiaztatu beharko dute beren helburuen artean liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea dagoela. Agiri horiek ez dira aurkeztuko, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren esku badaude. Hala bada, aipatutako agiriak noiz eta zein administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen adierazi beharko du entitate interesdunak.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako laguntzak kudeatzea.
Eskabidearen izapidetzea onartzeko beharrezkoa den agiriren bat falta bada edo agiri horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo akatsak aurkitzen badira baloratzeko aurkeztutako agirietan, hamar egun balioduneko epea emango zaio pertsona edo entitate interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela iritziko zaiola, ebazpena eman ondoren.
Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, entitate eskatzaileren batek aurrez aurre aurkeztu badu eskabidea, elektronikoki aurkeztuz zuzen dezala aginduko zaio. Horrelakoetan, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Era berean, Kultura Ondarearen zuzendariak egingo du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kulturako sailburuordeari igorriko dio. Bertan, honako informazio hau jasoko da: onuradun izateko proposatzen diren entitateen zerrenda eta bakoitzari esleitutako diru-kopurua; ukatu egin diren eskabideen zerrenda eta onartu ez direnena (arrazoiak adierazita), eta emandako dirulaguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen diren baldintza guztiak. Interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak bakarrik daudenez eta aintzat hartzen direnez prozeduran, proposamen hori behin betikoa izango da.
Agindu honetan dirulaguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako betekizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten entitate eskatzaile guztien artean banatuko dira deialdiaren diru-baliabideak.
Entitate eskatzaile bakoitzari zehatz-mehatz eman beharreko diru-kopurua zehazteko, hurrengo apartatuan finkatutako irizpidea eta agindu honen hurrengo apartatuan jasotako kalkulu-sistema aplikatuko dira.
Zenbatekoak esleitzeko irizpidea populazio-irizpidea izango da, entitate onuradunaren biztanleria hartuko baita kontuan.
Horretarako, biztanleen araberako multzoak ezartzen dira, zeinei balio homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko baitzaizkie: zenbat eta biztanle gutxiago izan entitate onuradunek, orduan eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.
Biztanleriaren homologazioa (P). Entitate onuradunen biztanleriak biztanle-kopuruaren arabera sailkatzen dira, eta P biztanleriaren balio homologatua lortzen da, eskala honen arabera:
Biztanleria P
0 - 1.000: 1.000
001 - 2.000: 2.000
001 - 3.000: 3.000
001 - 5.000: 5.000
001 - 10.000: 10.000
001 - 15.000: 15.000
001 - 20.000: 20.000
001 - 25.000: 25.000
001 - 50.000: 50.000
001 - 100.000: 100.000
001 - 150.000: 150.000
001 - 200.000: 200.000
001 - 250.000: 250.000
000naka jarraitzen du.
Adibideak: 3.248 biztanleko biztanleria duen udalerri bat 5.000rekin parekatuko litzateke, eta 54.949 biztanlekoa duen beste bat 100.000rekin.
Koefiziente zuzentzailea (IZ) aplikatzea.
Jarraian zehazten den koefiziente zuzentzailea zehazten da:
Biztanleria Z
0 - 1.000: 1,8
001 - 2.000: 1,6
001 - 3.000: 1,4
001 - 5.000: 1,2
001 - 10.000: 1
001 - 25.000: 0,8
001 - 50.000: 0,6
001 - 150.000: 0,4
001 - 200.000: 0,3
001 - 250.000: 0,25
001etik aurrera 0,2
Formula:
P: biztanleria-multzoetarako homologatutako biztanleria.
IZ: indize zuzentzailea.
B: onuradunak jasotako puntuazioa.
BB: onuradun guztien puntuazioen batura, hots, B guztien batura.
DK: baliabide erabilgarriak. 300.000 eurokoa da aginduaren diru-hornidura. Soberakinak banatzeko, agindua aplikatu osteko baliabideak hartuko dira kontuan.
DL: onuradun bakoitzari esleitutako diru-kopurua, erabilgarri dauden baliabideak banatzearen ondoriozkoa. Hori zehazteko, onuradun bakoitzak lortutako puntuak eta puntu horiek onuradun guztiek lortutako puntuazioekiko duten erlazioa hartuko dira kontuan.
Urrats hauek eman behar dira:
P eta IZ balioak esleitzea onuradun bakoitzari.
P eta IZ balioak biderkatzea, onuradun (B) bakoitzak zer puntuazio eskuratzen duen jakiteko.
Onuradun guztien puntuazioen (B) batuketa egitea, BB balioa eskuratzeko.
Onuradun bakoitzari egokituko zaion zenbatekoa jakiteko, kalkulu hau egitea: erabilgarri dauden baliabideak onuradun bakoitzaren puntuazioarekin biderkatuko dira lehenik, eta erdietsitako emaitza onuradun guztien puntuazioaren baturarekin zatituko da. Hau da: DL = DK * B / BB
Kalkulatzeko sistema hori aplikatuta lehenengo emaitzak erakusten badu eskabideren batean gainfinantzaketa egon dela, hasieran esleitutako kopurua murriztuko zaie eskatzaile horiei, eta soberakina gainerako eskatzaileen artean banatuko da; behar adina aldiz errepikatuko da eragiketa hori. Emango diren zenbatekoek ez dituzte inola ere gaindituko agindu honen 12. artikuluaren 1. puntuan jasotako mugak.
Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, deialdi honetan aurreikusitako kalkulu-irizpideak aplikatuta lortutako zenbatekoak aurreko edo ondorengo zenbaki osora biribilduko dira. Biribiltzearen ondorioz, finantzatu beharreko guztizkoa deialdian finkatutako kreditua baino handiagoa bada, finantzaketa handieneko proiektutik kenduko da ateratzen den aldea.
Jasotako dirulaguntzak ez du gaindituko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diruz lagundu dezakeen aurrekontuaren % 90, eta ez da inolaz ere 100.000 eurotik gorakoa izango entitate onuradun bakoitzeko.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen zuzendariak egindako proposamena ikusita, liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko eta garatzeko deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpena ematea. Ebazpen horretan, honako hauek zehaztuko dira: eskatutako dirulaguntza ematen den edo ukatzen den; ematen bada, entitate onuradunaren nortasuna, diruz lagunduko den jarduketa eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, entitate eskatzailearen nortasuna eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.
Ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie entitate interesdunei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Errekurtsoak aurkezteko epea zehazteko, lehenik egin den jakinarazpenaren eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan xedatutakoa betetzeko.
Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote entitate interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, lehenengo jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 9. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, beste ekarpen batzuk lortzen badira, aldi berean, oinarri arautzaileetan baimendutako kasuetatik kanpo, aldatu egingo da dirulaguntza emateko ebazpena.
Era berean, dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake, 25. artikuluan zerrendatutako betekizun hauek betetzen direnean:
Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e) artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.
Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta entitate onuradunek hamar eguneko epean ez badiote berariaz uko egiten dirulaguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.
Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.
Jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea laguntza ematea edo laguntzaz baliatzea eragin duten betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera gauzatu egin dela.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.
Beste edozein administrazio edo ente publiko zein pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri ematea Kultura Ondarearen Zuzendaritzari.
Beste entitate publiko zein pribatu batzuei laguntzarik eskatu bazitzaien xede bererako eta agindu honetan ezarritako dirulaguntzen eskabidea egiteko unean erabaki gabe bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den jakinaraztea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea Kultura Ondarearen Zuzendaritzari.
Dirulaguntza honen bidez egiten diren jarduera eta agiri guztietan, bai eta horien publizitatean ere, berariaz adieraztea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Liburutegi Zerbitzuaren babesa jaso dela.
Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzetan hizkera sexistarik ez erabiltzea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betez. Gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikuluaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, entitate onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, haren ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen entitate nahikorik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
Oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako beste edozein betebehar eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak.
2024ko abenduaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira dirulaguntza justifikatzeko agiriak.
Justifikazioak eta eskabidearen osteko izapideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
Laguntzak justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu behar dira:
Kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen ziurtagiria, «Justifikazioak» ereduaren araberakoa, non jasoko baitira egindako gastuak eta helburu berarako jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen zerrenda, halakorik balego.
Fakturak: gastuak egiaztatzeko, fakturak edo froga-balio baliokidea duten bestelako agiriak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.
Jarduketaren justifikazio-memoria bat, alkateak sinatua, non zehaztuko baita zein diren erositako ondasunak edo egindako instalazioak, lortutako emaitzak, erositako ondasunen xedea liburutegia bera dela eta ondasunak bertan daudela. Horretarako, «Justifikazio-memoria» eredua jarri da eskuragarri, eta alkateak sinatu beharko du.
k) artikuluan aurreikusitako kasuetan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikulua aplikatuz entitate onuradunak eskatu behar izan dituen 3 aurrekontuak sartuko dira.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak justifikatzeko, betiere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 32. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
Ezarritako justifikazio-epea bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada eskumena duen administrazio-organoaren aurrean, organo horrek onuradunari eskatuko dio hamabost egun balioduneko epean aurkezteko. Epe hori ezin izango da luzatu. Justifikazioa ezarritako epe berrian aurkezten ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazi ahal izango da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra garatzeko Erregelamenduaren 70.3 artikuluaren arabera.
Aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera aurkeztutako agiriak jasota eta aztertuta, Kultura Ondarearen zuzendariak aginduko du dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala behar denetan, minorazio bat egiteko; gainera, likidazioa egiteko ebazpen-proposamena helaraziko dio Kulturako sailburuordeari, ebazpena eman dezan bi hilabeteko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.
Dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, emandako dirulaguntza justifikatu eta likidatu ondoren, betiere onuradunak egunean baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta ordainduta baditu dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
Laguntzaren eskatzailea erregistratu gabe egonez gero Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota erregistro horretan dauden bankuko datuak aldatu nahi izanez gero, honako helbide honetan egin daiteke alta edo aldaketa: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa.
Pertsona edo entitate eskatzaileak izapidetzen ari den itzulketa-prozeduraren bat badu, prozedura hori amaitu egin beharko da ordainketa egin ahal izateko, eta, itzulketa-prozedura amaitu ondoren, pertsona edo entitateak itzultzeko betebeharra badu, zorra borondatezko epean ordaintzen badu edo zorra atzeratzen eta bermatzen badu soilik ordaindu ahal izango da, edo itzulketa-ebazpena aurkaratzen denean etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo entitate eskatzaileak ezin izango luke onuradun izan, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez dituelako.
Hauek izango dira ez-betetzeak:
Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.
Dirulaguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea, bereziki Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutako ez-betetzeak.
Ez-betetzearen ondorioak:
Egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, betiere arau hauetan xedatutakoa betez: 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena.
Betetze edo ez-betetze partzialak.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, eta dirulaguntzaren xedea betetzat jotzen bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, agindu honen 16.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, baldin eta benetako kostuak aurrekontuan jasotakoak baino txikiagoak izan badira edo beste entitate publiko edo pribatu batek emandako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera bat lortu bada eta, horren ondorioz, ezarritako mugak gainditzen badira.
Jardueraren ez-betetze partzialak onartu ahal izango dira, baldin eta argi eta garbi egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzeko jardun bat izan dela, eta jardueraren betetze-maila diruz lagundutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 65era iristen dela gutxienez. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, agindu honen 16.1 artikuluan aurreikusitako baldintzetan, eta azkenean emandako zenbatekoa murriztuko da, aurrekontu osotik benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan.
Salbuespen gisa, proiektuaren gauzatze-maila aurrez ezarritako ehunekoan lortzen ez bada, ez-betetze partzialak egin direla onartu ahal izango du dirulaguntza kudeatzen duen organoak, baldin eta dirulaguntzaren pertsona edo entitate onuradunak egindako lanek ezaugarri objektibo bereziak eta espezifikoak badituzte eta, berez, balio erantsia badakarkiote diruz lagundutako proiektuaren xedeari eta helburuari.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko eta garatzeko laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: kultura eta sormen eremura bideratutako laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak: datu pertsonalak jakinarazi ahal izango zaizkie Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta, hala badagokio, organo judizialei.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.