Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2024ko ekainaren 4koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, 2024ko ekitaldirako, elikagaien eta egurraren balio-kateetan digitalizazio, berrikuntza eta ekintzailetzarako proiektuak zehazteko eta ideiak heltzeko prozesuak babesteko laguntzen deialdia egiten duena (ONEKIN 2024 programa).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 117
  • Hurrenkera-zk.: 2908
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/06/04
  • Argitaratze-data: 2024/06/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa; Ekonomi jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Nekazaritza eta arrantza; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren ardura dira Euskal Autonomia Erkidegoan elikagaien, egurraren eta landaren eta itsasertzaren balio-katearen ekonomia- eta enpresa-jarduera sustatzeko jarduketak, bai eta euskal enpresei laguntzea ere trantsizio teknologiko-digitala, energetikoa, ingurumenekoa eta demografiko-soziala lehiakortasun-bektore gisa txerta ditzaten, berrikuntzaren, digitalizazioaren eta enpresa-ekintzailetzako jardueraren sustapenaren medioz.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Plan berriak (ZTBP Euskadi 2030) islatzen duen bezala, Euskal Autonomia Erkidegoak I+G+Bren aldeko apustu argia egin du, zeina azken hiru hamarkadetan mantendu baita eta orain 2030. urteari begira proiektatzen baita. Euskadi 2030ean berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzean datza ikuspegia. Azken helburua da bizi-maila eta enpleguaren kalitatea hobetzea. Erakunde publikoek, enpresek, unibertsitateek, ikerketa-zentroek, teknologia-zentroek eta eragile sozioekonomikoek parte hartzen duten estrategia partekatua da.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Eraldaketa Digitalerako Estrategia 2025 Europako estrategiaren testuinguruan zehaztu du. Eraldaketa digitaleko testuinguru batean gaude gizartearen esparru guztietan, eta horrek eragina du nola ekonomian hala gizartean. Jasangarritasun-helburuei jarraikiz, Europako Batzordeak, Europako Parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren erregelamendu-proposamen baten bidez, Europa Digitala Programa 2021-2027 ezarri du. Programaren helburu orokorra EBren, estatu kideen eta industriaren inbertsioak sustatzea da, Europako ekonomiaren, industriaren eta gizartearen eraldaketa digitala bultzatzeko eta, horrela, lehiakortasuna hobetzeko, eten digitala murrizte eta EBren autonomia estrategikoa indartze aldera.

Era berean, 2024ko Ekintzailetzako Erakunde Arteko Planean, ekintzailetza-modalitate guztietan sustatzeko ibilbide-orria jasotzen da, proiektu, enpresa eta enplegu lehiakor eta jasangarriak sor eta haz daitezen lortze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia suspertzeko, hazkunde inklusiborako eta garapen iraunkorrerako etapa berri baten eragile gisa.

Kontuan izan behar da, gainera, elikagaien eta egurraren balio-kateko enpresen ezaugarri komun bat tamaina dela, neurri handi batean enpresa txiki eta ertainek eta mikroenpresek osatzen baitute. Halaber, badakigu sektore hori tradizionala dela, eta, orokorrean, industrializazio-maila handiagoa duten beste sektore batzuetan baino motelago sartzen direla teknologia, produktu eta prozesu berriak.

Elikaduraren balio-kateari Euskadiko BPGaren % 10,6 dagokio, eta 31.000 bat enpresa izanik, guztira 95.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu. Egurraren balio-kateari, berriz, BPGaren % 1,54 dagokio, eta 18.000 lanpostu sortzen ditu.

Horri dagokionez, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza elikagaien eta egurraren balio-katera bideratutako hainbat ekintza garatzen ari da eraldaketa digitala bultzatzeko eta jardueraren eta negozioaren erritmoa berreskuratzea sustatzeko, berrikuntzaren medioz, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza babesteko ekintzen bidez, eta enpresa-ekimen berriei behar duten laguntza eskainita.

Ondorioz, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren helburuei jarraikiz (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak onartu zuen, agindu bidez, 2023ko abenduaren 28an), «Onekin» 2024 laguntza-programa taxutu da. Programa horren helburua enpresei laguntza ematea da, honako hauekin lotuta: kontsultaritza- eta/edo aholkularitza-zerbitzuak kontratatzea, negozioak abian jartzea edo garatzea, I+G proiektuen bideragarritasun-azterlanak egitea, patenteak eta bestelako aktibo ez-materialak lortu, baliozkotu eta defendatzeko azterlanak egitea, eta elikagai-segurtasunaren arloko ziurtapen-estandarrak lortzea; berrikuntzaren eta digitalizazioaren arloko kontsultaritza-lanak era barne hartuko dira.

Laguntzok minimis erregelamendu hauei heltzen diete: 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Batzordearen Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa; 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Batzordearen Erregelamendua, nekazaritza-sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa; eta 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Batzordearen Erregelamendua, arrantza- eta akuikultura-sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa. Era berean, agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak xedapen hauetan ezarritakoaren mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta bi arau hauetan bildutako oinarrizko erregulazioa: Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, azken horren erregelamendua onartzen duena.

Aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz, laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legea ere aplikatzekoa da (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak galarazi gabe, sailburuek, besteak beste, beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute.).

2024. urterako, elikagaien eta egurraren balio-kateetan ideiak heltzeko eta digitalizazio, berrikuntza eta ekintzailetzarako proiektuak zehazteko prozesuak babesteko laguntzen deialdiaren oinarriak onartzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio organo honi, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ere aurkaratu ahal da, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 4a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

  1. oinarria. Xedea.

    Agindu honen xedea zera da, honako hauekin lotutako babes-laguntzak emateko deialdia egitea: kontsultaritza- eta/edo aholkularitza-zerbitzuak kontratatzea, negozioak abian jartzea edo garatzea, I+G proiektuen bideragarritasun-azterlanak egitea, patenteak eta bestelako aktibo ez-materialak lortu, baliozkotu eta defendatzeko azterlanak egitea, eta elikagai-segurtasunaren arloko ziurtapen-estandarrak lortzea; berrikuntzaren eta digitalizazioaren arloko aholkularitza-lanak era barne hartuko dira.

  2. Agindu honetan araututako laguntzek bi helburu dituzte: alde batetik, ekintzailetza eta enpresa-jarduera berrien sorrera bultzatzea elikaduraren eta egurraren balio-katearen esparruan; eta, bestetik, elikagaien eta egurraren balio-kateko erakundeen negozio-ereduan, prozesuetan eta antolaketan produkzio-hobekuntzak sustatzea, baldin eta hobekuntza horiek bideratuta badaude bioekonomiara, jasangarritasun energetikora, elikadura seguru eta osasungarrira eta baliabideen erabilera iraunkorrera, berrikuntzaren eta digitalizazioaren bidez.

  1. oinarria. Baliabide ekonomikoak.

  1. Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan 500.000 eurokoak dira, eta honela egongo dira banatuta:

    (Ikus .PDF)

    Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa kopuru hori baino edo kopuru horren eguneraketa baino % 30 handiagoa izan daiteke, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzari jarraikiz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuz gero, horren berri emango du Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren arduradunak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.

  1. Jarduketa baterako aurreikusitako funtsak estaltzen ez badira, funts gehiago behar dituen beste jarduketa batera transferitu ahal izango dira, 14.4 oinarrian ezarritako prozeduraren arabera.

  1. oinarria. Onuradunak.

  1. Onuradun izan daitezke elikagaien eta egurraren balio-katearen barruko jarduera ekonomikoa gauzatzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak: nekazariak, erauzketako arrantza-sektoreko operadoreak, elikagai- edo baso-industriak, ostalaritza eta nekazaritzako elikagaien merkataritza, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen edo garatuko badute euren jarduera.

  2. Onuradunak izan ahalko dira, halaber, nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteak eta ondasun-erkidegoak. Bertan parte hartzen duten enpresa guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, eta hark izango du boterea taldeari onuradun gisa dagozkion egitekoak betetzeko; hark jasoko ditu dirulaguntzaren funtsak eta hark banatuko ditu banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean. Taldea ezingo da desegin, harik eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 43. artikuluan xedatutako preskripzio-epea igaro arte.

  3. Gainera, eskabidea aurkeztean legez eratuta ez dauden baina enpresa-proiektu bat duten ekintzaileek ere jaso ahalko dituzte agindu honetan jasotako laguntzak.

  4. oinarria. Entitate edo erakunde baztertuak.

  1. Laguntza hauen onuradun izatetik baztertuta geratuko dira krisialdian dauden enpresak. Enpresa bat krisialdian egongo da, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01), gutxienez honako baldintza hauetako bat betetzen denean:

    1. harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz, metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino;

    2. gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea dutenean, kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz;

    3. porrot- edo kaudimengabezia-prozeduran dagoenean edo bere zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta;

    4. aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala-ratioa 7,5etik gorakoa izan bada eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera egon bada.

  2. Baztertuta geratuko dira, orobat, berreskuratzeko agindu baten mende dauden erakundeak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

  3. Dirulaguntzak lortzeko debekua izango dute, halaber, irizten bada, zuzentzen dituzten pertsonengatik edota beste zirkunstantzia batzuengatik, beste aurreragoko enpresa batzuen jarraipena direla edota beste enpresa batzuetatik eratorriak direla, eraldatze, bat-egite edo ondorengotza arrazoiengatik.

  4. Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 13 artikuluan zehaztutako egoeraren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan:

    1. Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

    2. Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

    3. Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.

    4. Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

    5. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak indarrean dauden xedapenek ezartzen dituztenak ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik.

    6. Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

    7. Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.

    8. Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta, beraz, galdua izatea laguntzak lortzeko aukera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen edo beste batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez badute, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

    9. Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

    10. Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

    11. Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita daudenak; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda daukatenak, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, haren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

  5. oinarria. Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak.

    Agindu honen bidez konbokatutako edozein laguntza eskuratzeko (horretarako pertsona onuraduna izateko), lehenik, dirulaguntza emateko zioa bera presente egon behar da, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

  1. Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

  2. Diruz lagundu daitekeen jarduera ingurumenaren arloko eta arlo higieniko-sanitarioko arauak bete ditzala Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiari jarraikiz (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 10/2021 Lege Orokorra, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena).

  1. oinarria. Laguntza-lerroak eta diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

  1. Lehin oinarriko xedea lortzeko, laguntza-lerro hauek ezarriko dira:

  1. Negozioa abian jartzearekin lotutako kontsultaritza- edo aholkularitza-lanak.

  2. I+G proiektuen bideragarritasun-azterlanak.

  3. Patenteak, ingurumen-zigiluak eta bestelako aktibo ez-materialak lortu, baliozkotu eta defendatzeko azterlanak.

  4. Enpresetan elikagaien segurtasunaren kultura ezartzeari buruzko diagnostiko-azterlanak, bai eta lehen aldiz elikagai-segurtasunaren arloko ziurtagiriak lortzekoak ere. Elikagaiak alferrik ez galtzeko eta ez botatzeko planak ere sostengatuko ditugu.

  5. Berrikuntza eta digitalizazioaren arloko kontsultaritza-lanak.

  1. Aurreko puntuan aipatutako azterlanak espezifikoak izango dira, eta erakunde eskatzailearen errealitatera egokituta egongo dira; gainera, agindu honen II. eranskinean jasota dauden eta diruz lagundu daitezkeen ekintzetako batzuen esparruan kokatu beharko dira.

  2. Laguntza jaso ahalko dute oinarri honetako aurreko puntuetan ezarritakoaz gain honako baldintza hauek betetzen dituzten kontsultaritza-lanekin lotutako gastuek:

    1. 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 2024ko urriaren 15 baino lehen sortuak edo fakturatuak.

    2. Laguntza eskatzen duen pertsona fisiko edo juridikoaz kanpoko enpresek egindakoak.

  3. Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira hauek:

    1. Lan edo azterlan orokorrak, baldin eta ez badaude erakunde eskatzailearen inguruabarretara egokituta.

    2. Enpresaren jarduera iraunkorrak edo errepikakorrak, edo enpresaren ohiko ustiapen-gastuekin lotutakoak, hala nola zerga-aholkularitzako ohiko zerbitzuak, aldizkako zerbitzu juridikoak edo publizitate errepikakorrekoak.

    3. BEZa eta zeharkako bestelako zergak, berreskuratu edo konpentsatu badaitezke.

  4. Dirulaguntzen Araubideari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 30. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza zenbait hornitzailerenak eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko.

  5. Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.

  6. Honako hauek ez dira diruz lagundu daitezkeen kostutzat joko: eskatzaileak berak edo taldeko enpresaren batek egindako lanak, aholkulariaren joan-etorrietako gastuak, material didaktikoak sortzea, aretoak alokatzea, dietak, kontsultaritza-lanetan baliatutako kontsumigarriak, gailuak eta lizentziak eta antzekoak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu behar dira.

  1. oinarria. Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

  1. Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

  2. Laguntzek gehieneko muga bat izango dute; zehazki, eskatzaile bakoitzak ezingo du 10.000,00 eurotik gora jaso. Hautagai bakoitzak eskabide bakar bat aurkeztu ahalko du, eta proiektua zein laguntza-lerrotarako aurkezten duen aukeratu beharko du.

  3. Agindu honen esparruan eman beharreko laguntzek minimien araubidea betetzen dute, eta beraz, honako hauek aplikatu beharko dira: Europako Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; Europako Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; Europako Batzordearen 717/2014 (EB) Erregelamendua, 2014ko ekainaren 27koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantza- eta akuikultura-sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.

  1. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

  1. Eskabideak, 9. oinarrian aurreikusitako agiriekin batera, elikagaien kalitatearen eta industrien arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio.

  2. Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta hilabeteko epean bukatuko da, argitalpen horren biharamunetik zenbatzen hasita.

  3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan ezarritakoa betez:

    1. Pertsona fisikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkez ditzakete eskabideak.

      Aurrez aurre: eskabideak zuzenean aurkeztuko dira bai Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1 01010 Vitoria-Gasteiz), bai Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat etorriz. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean Hala ere, eskabideak aurkezteko eta espedientea izapidetzeko bide telematikoa erabiltzea gomendatzen da, ahal den neurrian behintzat.

      Bide elektronikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira eskabideak: https://www.euskadi.eus/servicios/1232702

      Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoki zein presentzialki izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

    2. Pertsona juridikoek eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 1. apartatuko a), b), c) eta d) letretan adierazitako gainerako subjektuek bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dute eskabidea.

  4. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-formulariora) honako esteka honetan dago: https://www.euskadi.eus/servicios/1232702

    Aipatutako webgunean eskuragarri egongo diren eskabide-eredu normalizatuen edukia agindu honen III. eranskinean adierazitakoa izango da.

  5. Kanal elektronikoaren bidez eskabidea egin ondorengo izapideak jakinarazpenak eta justifikazioak barne Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/micarpeta

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

    Eskabidea ordezkari baten bidez ere izapidetu ahalko da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

  6. Eskabide bakarra aurkeztu beharko da, beteta, entitate edo enpresak aurreikusita dituen jarduketa guztietarako, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonaren sinadura onartuarekin, eta, eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira, euskarri gisa.

  7. Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Era berean, dirulaguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

  8. Pertsona eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta aldaketarik ez dela egin berariaz adierazten bada, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28,3. artikuluarekin bat etorriz. Alabaina, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren adierazi beharko da. Eskabidea aurkezteak berekin dakar organo kudeatzaileari baimena ematea dokumentazio hori eskuratzeko, hargatik eragotzi gabe baimena berariaz ukatu ahal izatea. Hala eginez gero, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

  9. Automatikoki egiaztatuko da ea erakunde eskari-egileek betetzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, onuradunek baimena eman beharrik gabe; ordea, baldin badakigu berariaz ezetz adierazi dutela, arau hauetan dakarren bezala egin beharko da egiaztapen hori: Administrazio Publikoen Administrazio. Prozedura Erkidearen Legeko 28.2 artikuluan; eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

  1. oinarria. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

  1. Entitate edo pertsona eskatzaileak eskabide bat bete beharko du, eta honako agiri hauek atxiki eskabide horri:

    1. Honako hauek biltzen dituen memoria bat:

      Premien analisia eta egin beharreko azterlanaren motibazioa.

      Azterlanaren deskribapena eta egitura, eta azterlana exekutatzeko epea.

      Aurrekontu xehakatua.

      Jarduera zer udalerritan gauzatuko den.

      Erakunde sustatzaileko plantillaren deskribapena, sexuaren eta adinaren araberakoa, bai eta gizarte- eta lan-bazterkeriako egoeran dauden pertsonen xehetasuna ere.

      Agindu honen 10. oinarrian aurreikusitako kontratazio osoa edo partziala gertatzen bada, hauek zehaztu beharko dira: azpikontratatuko den jardueraren ehunekoa; zein pertsona fisiko edo juridikorekin azpikontratatuko den, eta azpikontratatuko diren jarduerak zein diren.

    2. Erantzukizunpeko adierazpena, non ziurtatzen baita eskatzaileak agindu honetako baldintza guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla, hori egiaztatzeko dokumentazioa duela, eta Administrazioak eskatzen duenean haren esku utziko duela.

    3. Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, kide guztiek sinatutako agiri bat, non izendatzen baita, batetik, ordezkari edo ahaldun bakarra, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituena, eta, bestetik, funtsen hartzaile izango den kide bat, elkarteko gainerako kideen artean funtsok banatuko dituena.

    4. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen agiria eta NAN/IFK identitatea, eskatzaileak informazio hori Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatzearen aurka berariaz egin duen kasuetan.

    5. Onuradun izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko 4. Oinarrian aipatzen diira debekuak, bide hauek dituzte pertsona edo entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa. Agiri hori agintaritza eskudunak egiterik ez badu, haren ordez oinarri honen b) apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena.

    6. Erakunde eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.

  2. Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak eskatzaileari aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskaera izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu diezazkioke.

  1. oinarria. Kontratazioa.

  1. Onuradunak hirugarrenei kontratatu ahalko die diruz lagundutako jarduera osorik edo partzialki exekutatzeko ataza. Jarduera gauzatzeko azpikontratazioa haren % 100erainokoa izan ahalko da.

    Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legeko 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa), ulertuko da diruz lagundutako jarduera onuradunak kontratatu egin duela, hirugarrenekin hitzartzen duenean hura exekutatzea osorik edo zati batean; kontzeptu horretatik kanpo geratzen da, ordea, jarduera hori bere kasa egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

  2. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 euro baino gehiagokoa bada, kontratazioak betekizun hauek bete beharko ditu:

    1. Kontratua idatziz egitea.

    2. Kontratua egin baino lehen, kontratua egiteko baimena ematea entitate emaileak.

  3. Ezin izango da kontraturik zatitu haren zenbatekoa gutxitzeko eta aurreko apartatuko betekizunak saihesteko.

  4. Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez dute betebeharrik izango, eta onuradunari dagokio diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrean.

  5. Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, onuradunak dira hirugarrenekin kontratatzen den diruz lagundutako jarduera dirulaguntzen agindu honetan ezarritako mugak errespetatuz gauzatzearen erantzuleak diruz lagundutako gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez. Kontratistek, bestalde, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluan xedatzen den laguntzeko betebeharra dute, muga horiek errespetatzen direla behar bezala egiaztatzen uzteko.

  6. Alabaina, onuradunak ezingo du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

    1. Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko Legeko 13. artikuluan (20/2023 Legea, abenduaren 21) zehaztutako debekuetakoren baten pean dauden pertsona edo erakundeak, eta agindu honetako 5. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen ez dituztenak.

    2. Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntzaren bat jaso duten pertsona edo entitateekin.

    3. Bitartekari edo aholkulariekin, baldin eta eragiketaren kostu guztiaren ehuneko jakin baten gisa definitzen bada ordainketa, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

    4. Onuradunarekin lotura duten pertsona edo entitateekin, inguruabar hauek betetzen direnean izan ezik:

      1. Dirulaguntza ematen duen organoaren berariazko baimena eskuratu izana, aldez aurretik eta abazpen arrazoitu bidez.

      2. Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez gainditzea lotutako erakundeak egindako kostua. Kostua justifikazioan egiaztatuko da onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako termino beretan.

    5. Deialdi eta programa berean dirulaguntza eskatu duten eta betekizunak ez betetzeagatik edo behar adinako balorazioa ez lortzeagatik dirulaguntzarik gabe geratu diren pertsona eta entitateekin.

      1. oinarria. Balorazio-irizpide orokorrak.

      1. Proiektuak baloratzeko, balorazio-irizpide hauek izango dira kontuan, eta dagozkien puntuazioak:

        1. Memoria teknikoaren kalitatea. Bertan, argi eta garbi adieraziko dira azterlanaren motibazioa eta antzemandako premiak, proposatutako helburuak, proposatutako egutegia eta abar, gehienez 40 puntu, eta honako parametro hauek baloratuko dira:

          Premien analisia eta azterlanaren motibazioa: 10 puntu, gehienez.

          Proposatutako esku-hartzea: 10 puntu, gehienez.

          Espero diren emaitzak: 10 puntu, gehienez.

          Proposamenaren kalitate orokorra: 10 puntu, gehienez.

        2. Irizpide objektiboak (gehienez 60 puntu), honako banaketa honen arabera:

          Proposamenaren egokitasuna: II. eranskinean proposatutako lehentasunezko esku-hartzeekin bat etortzea: 10 puntu, gehienez.

          Sexua:

          Proiektuak nekazaritza-ustiategiaren titular diren emakumeek sustatuta egotea, edo bi titular dituzten ustiategien kasuan, % 50eko partaidetza emakumeek edukitzea, eta gainerako kasuetan, parte-hartze orekatua izatea generoari dagokionez: 15 puntu.

          Emakumeek sustatutako proiektuak: 10 puntu.

          Gaztea: 41 urtetik beherako pertsonek sustatutako proiektuak: 10 puntu.

          Kokapena: 10 puntu, gehienez, honako hauek kontuan hartuta:

          Arreta Bereziko Eremuak ABEak, Euskadiko Landa Ingurunearen Karakterizazio Maparen arabera: 10 puntu.

          Lehentasunezko Jarduera Zonaldeak LJZak: 5 puntu.

          Enpresa mota (gehienez, 10 puntu), eta kontuan izanik:

          Inkubazio-enpresa (4 urtetik beherakoa): 10 puntu.

          Azelerazio-enpresa (4-8 urte): 8 puntu.

          Enpresa txikia: 6 puntu.

          Enpresa ertaina: 4 puntu.

          Ofizialki onartutako kalitate-markak eta nekazaritza ekologikoko markak: 5 puntu.

      2. Laguntza eskuratu ahal izateko, memoria teknikoaren kalitateari buruzko apartatuan 25 puntu lortu beharko dira gutxienez, eta 30 puntu, berriz, balorazioaren puntuazio osoan.

      1. oinarria. Laguntzaren zenbatekoa.

      1. Laguntzek gehieneko muga bat izango dute; zehazki, eskatzaile bakoitzak ezingo du 10.000,00 eurotik gora jaso. Hautagai bakoitzak eskabide bakar bat aurkeztu ahalko du, eta proiektua zein laguntza-lerrotarako aurkezten duen aukeratu beharko du.

      2. Diruz lagundu daitezkeen kostuen 6. oinarrian ezarritakoen gaineko laguntza-ehunekoa edo oinarrizko laguntza proiektu batek jaso dezakeena laguntza-motaren araberakoa izango da:

        1. Proiektu orokorrak (elikaduraren eta egurraren balio-katearen eremuan ekintzailetza eta enpresa-jarduera berriak sortzea bultzatzen duten proiektuak, negozio berriak abian jartzeko aholkularitza espezializatuaren, bideragarritasun-azterlanak egitearen eta patenteak eta bestelako aktibo ez-materialak lortu, baliozkotu eta defendatzearen bidez): laguntza-ehunekoa % 60koa izango da.

        2. Ikuspegi jasangarria duten proiektuak (elikagaien eta egurraren balio-kateko erakundeen negozio-ereduan, prozesuetan eta antolaketan produkzio-hobekuntzak sustatzea, baldin eta hobekuntza horiek bideratuta badaude bioekonomiara, jasangarritasun energetikora, elikadura seguru eta osasungarrira eta baliabideen erabilera iraunkorrera, berrikuntzaren eta digitalizazioaren bidez): laguntzaren ehunekoa % 40koa izango da.

      3. Laguntzaren intentsitatea edo diruz lagundu daitezkeen proiektuen kostuen ehunekoa 2. puntuan ezarritakoa honela handitu ahalko da:

        1. Honako ezaugarri hauek dituzten nekazaritza-ustiategietan emakumeek sustatutako proiektuak, 15 puntu gehiago: titulartasuna emakume batek izatea; titulartasun partekatua izatea; titularra pertsona juridiko bat denean, emakumeek partaidetza sozialen gutxienez % 50 badute, sozietatea bi kidek osatzen duten kasuetan, edo partaidetza orekatua bada, generoari dagokionez, gainerako kasuetan.

        2. Emakumeek sustatutako proiektuak: pertsona juridikoen kasuan, partaidetza % 50etik gorakoa dutela egiaztatzen badute: 10 puntu gehiago.

        3. Gazteek sustatutako proiektuak: pertsona juridikoen kasuan, partaidetza % 50etik gorakoa dutela egiaztatzen badute: 10 puntu gehiago.

        4. ABE edo LJZ eremuetan kokatutako proiektuak: 5 puntu gehiago.

        5. Enpresa sortu berriek edo inkubazio-enpresek sustatutako proiektuak (<4 urte): 5 puntu gehiago.

        6. Azelerazioaldian dauden enpresek sustatutako proiektuak (4-8 urte): 2 puntu gehiago.

          Gehikuntza gehigarria ez da 20 puntutik gorakoa izango.

          1. oinarria. Laguntzen kudeaketa.

          1. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrak izango du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

          2. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.

          3. Proiektuak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko eta haiek haztatzeko, Balorazio Batzorde bat sortuko da. Balorazio Batzordeko burua Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren Ikerketa Programen arduraduna izango da. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari bat eta HAZI fundazioko ordezkari bat izango dira batzordekideak, eta lehenengoak idazkari-lanak egingo ditu. Balorazio Batzordearen osaeran, gaitasun, konpetentzia eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea.

          4. Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

          5. Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

          6. Balorazio Batzordearen egitekoak honako hauek izango dira:

            1. Aplikatu beharreko araudia betetzen duten proiektuen eskabideak aztertu eta ebaluatzea (bai eta betetzen ez dutenak ere), hau da, proiektuak eta ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila balioestea.

            2. Laguntzak balioesteko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituz, txosten bat egitea, bi gauza zehaztuz: egindako ebaluaketak zer eman duen; eta onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman.

          7. Balorazio-batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak jarriko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.

          8. Balorazio Batzordean parte hartzeko eta beste zeregin batzuetarako, HAZI Fundazioak (HAZI) erakunde lankide gisa jardungo du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legeko 12. artikuluan ezarritakoaren arabera (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa).

          9. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak lanak, zerbitzuak eta haren helburu sozialari loturiko edozein jarduketa utzi ahalko du HAZIren gain, betiere administrazio-ahalak betetzea ez badakar berekin, eta, gainera, agindutako lanak eta zerbitzuak gauzatzeko behar diren jarraibideak alde bakarretik finkatu ahalko ditu, deialdi honetara aurkez daitezkeen proiektuak baloratzeko behar diren ezagutza espezifikoen gai jakin batzuei buruzkoen espezifikotasuna dela-eta.

          10. HAZIk honako eginkizun hau egingo du:

            Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, ebaluazioaren xede den gaian aditua den euskarri teknikoa izateko premian oinarrituta. Ezarritako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan, ezarrita dauden irizpideen arabera.

          1. oinarria. Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

          1. Agindu honetan araututako laguntzak esleitzeko, norgehiagoka-prozedura erabiliko da, hala zehazturik baitago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legean, 19.1 artikuluan (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa).

          2. Proiektu mota bakoitzeko, aurkeztutako proiektuen zerrenda egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ondotik, laguntzak esleituko dira, aipatu ordenari jarraikiz eta agindu honen 12. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.

          3. Puntuazio berdina lortzen dutenen artean, lehentasuna emango zaio proposamenaren kalitate orokorrari buruzko balorazio-irizpidean puntuazio altuena lortu duen proiektuari. Berdinketak jarraitzen badu, hurrenkera hau hartuko da kontuan:

            Proposatutako esku-hartzea eta espero diren emaitzak.

            Premien analisia eta azterlanaren motibazioa.

          4. Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, lerro bakoitzeko azken laguntzari dagokionez, proposatutako kopurua diru-kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, esleituko den laguntza diru-kopuru erabilgarri hori izango da, baldin eta kopuru hori diruz lagun daitekeen gastuaren % 70ekoa edo handiagoa bada. Diru kopuru erabilgarri hori diruz lagundu daitekeen gastuaren % 70 baino gutxiago bada, ez da laguntza esleituko, eta gerakinak 2. eta 6. oinarrietan jasotako beste lerro batera zuzendutako funtsak handituko ditu, honako hurrenkera honetan: 5., 1., 4., 2. eta 3. lerroak, agortu arte.

          5. Aurreko oinarrian azaldu dugun bezala, aurkeztutako eskabide bakoitza eta dokumentazioa aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak behar bezala egiaztatuko du Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla. Era berean, laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboetan oinarrituz, txosten bat egingo du, egindako ebaluazioak zer eman duen zehaztuz eta onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa adieraziz.

          1. oinarria. Ebazpen-proposamena.

            13.6 b) eta 14.5 oinarrietan aipatu den Balorazio Batzordearen txostena kontuan hartuta, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak behar bezala arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du, dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzailea eta dirulaguntzaren zenbatekoa adierazita.

            Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena jasoko da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

          1. Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.

          2. Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

          1. oinarria. Ebazpena eta jakinarazpena.

          1. Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari dagokio deialdia ebaztea. Ebazpen bakarra emango du eta hor jasoko dira eskatutako zein laguntza emango diren eta zein ukatuko.

          2. Hartu beharreko ebazpenak honako informazio hau izan beharko du gutxienez:

            1. Baietsitako eskabideei dagokienez:

              1. Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFKa edo NANa.

              2. Diruz lagundutako proiektuaren izena.

              3. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura finantzatzen den zenbatekoa.

              4. Laguntzaren ehunekoa eta aplikatutako irizpide objektiboak.

              5. Proiektua exekutatzeko epea eta proiektuak exekutatzeko epearen bukaera-data.

              6. Laguntza nortasun juridikorik gabeko elkarte bati emanez gero, elkarteko kide bakoitzak proiektua exekutatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa islatu beharko dira.

            2. Aintzat hartu ez diren eskabideei dagokienez:

              1. Eskabidea aurkezten duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFK edo NAN zenbakia.

              2. Laguntza ukatzeko arrazoiak.

              3. Lehiaketa-prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluari jarraikiz. Argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu.

                Horrez gain, eta informazio gisa, ebazpen osoa helaraziko zaie interesdun guztiei, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira. Informazioa modu elektronikoan helaraziko da, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» zerbitzuaren bidez.

                Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako data joko da jakinarazpen-datatzat.

              4. Prozedura hori ebazteko eta ebazpena jakinarazteko, sei hilabeteko epea izango da gehienez. 3. Epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute beren eskabidea, hala jartzen baitu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legeko 22.5 artikuluan (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa).

              5. Prozeduraren ebazpenaren aurka (ez dio amaiera ematen administrazio-bideari), gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren titularrari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen denetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

              1. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

              1. Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluek ezartzen dituzten betebeharrak eta beste hauek izango dituzte:

                1. Diruz laguntzen den jarduera egitea emate-ebazpenean ezarritako epean.

                2. Dirulaguntza dagokion helburu jakinerako erabiltzea.

                3. Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat emango da.

                4. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

                5. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

                6. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati diruz laguntzen den xede bera finantzatzeko, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost egun balioduneko epean, aurreko hiru zerga-urtealdietan eta indarrean den urtealdian jasotako beste minimis laguntza batzuk lortzea. Egoera horren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, eta, betiere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen.

                7. Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri eman behar diote Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz.

                8. Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, bat etorriz Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin.

                9. Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

                10. Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

                11. Enpresak deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

                  1. oinarria. Gastua justifikatzea.

                  1. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 32. artikulua betez, dirulaguntza jaso duen inbertsio-proiektua edo gastua bera eta onuradun izateko eskatutako betekizun eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko zaizkio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari:

                    1. Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa.

                    2. Fakturak edo fakturen froga-balio bereko agiriak eta ordainagiriak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legeko 32. artikuluan (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa) eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuko 72. eta 73. artikuluetan ezarritakoaren arabera, dekretu horren bidez onartu baitzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua. Agiri horiek laguntzaren onuradunaren izenean egon beharko dute. Faktura egin beharrik ez dagoen kasuetan, ordainagiria aurkeztu beharko da, hala jartzen baitu azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuan, 3. artikuluan. Dekretu horretan arautu ziren fakturazio-betebeharrak.

                    3. Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

                    4. Dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

                  2. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla ofizioz eta automatikoki egiaztatuko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen den dokumentua aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

                  3. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dokumentu gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskabide horrek arrazoitua izan beharko du.

                  4. Aurreko paragrafoetan zerrendatutako agiriak aurkeztu ondoren, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek proiektuaren amaierako ebaluazioa egin eta proiektua gauzatu izanaren azken ziurtagiria emango dute.

                  5. Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, egindako gastua egiaztatzen duten dokumentuak aurkezteko epea, gehienez, 2025eko urtarrilaren 15era artekoa izango da.

                  1. oinarria. Ordainketa.

                  1. Ordainketak egiteko, aurretik inbertsioa edo gastua justifikatu behar dira, aurreko oinarrian adierazitako dokumentuak aurkeztuz.

                  2. Inbertsioak ez badira egiten gehieneko epeen barruan, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira aurkezten epe barruan, onuradunek dirulaguntza hartzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, agindu honen 21. oinarriko itzulketa-prozedura jarriko da abian.

                  3. Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, funtsen hartzaile izateko izendatu den kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.

                  1. oinarria. Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

                  1. Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen helburua gorde beharko dira. Horretarako, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio, baldin eta hala egitea egokitzen bada.

                  2. Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Elikagaien Kalitate eta Industria Zuzendaritzaren aurrean.

                  3. Aurkeztu ondoren dirulaguntza jaso duen proiektuan eginiko funtsezko aldaketen ondorioz, laguntza emateko ebazpena aldatuko da, betiere erabakigarriak izan ez badira; bestela, funtsezko aldaketa horiek ez badute aldatzen laguntzaren ebazpena, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du, eskatutako aldaketa horiek onartzeko.

                  4. Honako hauek hartuko dira funtsezko aldaketatzat:

                    1. Azterlanaren xedean aldaketa esanguratsuak sartzea edo proiektuan hasieran ezarritako helbururen bat ezabatzea.

                    2. Proiektua exekutatzeko egutegia aldatzea.

                    3. Proiektua gauzatzeko ezarritako faseren bat deuseztatzea.

                    4. Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuta.

                    5. Proiektuan parte hartzen duten agenteetatik bateren bat ordeztu edo kentzea.

                  5. Aldaketek ez dute inoiz ekarriko emandako laguntza handitzea.

                  6. Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute biderik emango laguntza ematea xedatzen den ebazpena aldatzeko.

                  7. Baldin eta egindako inbertsioaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta laguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikiagotu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

                  1. oinarria. Atzera egitea eta uko egitea.

                  1. Eskatzaileak atzera egin ahalko du, betiere laguntzak emateko ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskabide bat helarazi beharko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskabidea, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

                  2. Onuradunak, gainera, uko egin ahalko dio onartutako laguntzari, eta hala egin ahalko du laguntza onartu ondoren. Emandako laguntzari buruzko ordainketaren bat egin bada, itzuli egingo da. Uko egitea idatziz aurkeztuko zaio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, eta horrek, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du uko-egite hori, eta deklaratuko du ezen, harentzat, prozedura bukatu dela. Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

                  1. oinarria. Ez-betetzeak.

                  1. Gutxienez, honako hauek izango dira ez-betetzeen kausak:

                    1. Agindu honetan ezarritako betebeharren bat ez betetzea.

                    2. Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

                    3. Laguntza emateko helburua ez betetzea.

                    4. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren batean egotea.

                  2. Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egongo balitz, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak, ez-betetze espedientea egingo du; espediente horretan, entzunaldia emango dio interesdunari, 15 eguneko epean, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan; gero, ebazpen baten bidez, deklaratuko du dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela, partez edo osorik, eta, hala badagokio, onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio kobratuta dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren proportzioan. Hori guztia, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege horretako 40. artikuluan xedaturik dagoenarekin, hargatik eragotzi gabe dagozkion gainerako neurriak hartzea.

                    Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako.

                  3. Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

                  1. oinarria. Bateragarritasunak.

                  1. Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez baditu agindu honek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituko balitz, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio laguntzari, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren. Alabaina, baldin eta laguntzen mugak desberdinak badira, onuradunarentzat faboragarriena den muga hartuko da kontuan gaindikina kalkulatzeko.

                    Era berean, laguntza horiek metatu egingo dira beste administrazio publiko batzuek onuradun berberei agindu honetan ezarritakoez bestelako helburuetarako emandako beste minimis laguntza batzuekin; alabaina, laguntza guztien baturak ezingo du gainditu hiru erregelamendu hauetan ezarrita datozen gehieneko laguntza-mugak: Batzordearen (EB) 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 Erregelamenduan (hor baitago zehazturik minimietan nola aplikatu behar diren Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluak); Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduan; eta Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduan. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxitu egingo dira gehieneneko atalase aplikagarri horretara egokitu arte.

                  1. oinarria. Datuen babesa.

                    Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

                    Datuak babesteari buruzko informazioa lortzeko, jo helbide honetara:

                    https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/

                    (Ikus .PDF)

                    (Ikus .PDF)