Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2024ko apirilaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak egiteko dirulaguntzetarako deialdia egiten diena 2024-2025 ikasturtean Lanbide Heziketako 6. Euskal Planean zehaztutako estrategiari eta Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planari jarraitzen dioten Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeei.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 95
- Hurrenkera-zk.: 2317
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/04/30
- Argitaratze-data: 2024/05/16
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia
Testu legala
Gaur egungo gizarte- eta ekonomia-egoeran, globalizazioaren eta munduko oreka berriaren ondorioz, enpresek munduko errealitate geoekonomiko berrira egokitu beharra dute, etorkizuneko estrategiak diseinatzean. «Globalizazio» prozesu horretatik, lehiakortasuna sortzen da, enpresentzako lehentasunezko helburu eta balio gisa. Lehiakortasunean dago enpresen etorkizuna eta, horren ondorioz, enpleguen etorkizuna.
Horrek profil berri bat eskatzen du langileentzat; hain zuzen, gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, bai eta oinarrizko eta zeharkakoena ere: ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, talde-lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna, besteak beste.
Lanbide-heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa hobetzen lan eginez.
Lanbide-heziketako ikastetxeentzat erronka garrantzitsu bat da bestelako aukera batzuk sortzera eta enplegua piztera bideratzea beren berrikuntza-sistemak. Horretarako, sektore produktiboen batez ere industriaren premiei aurre hartzeko gai izan behar dute, produktu berriak, produkzio-prozesu berriak edo suspertzen ari diren sektoreetan jarduera berriak sortzeko aukerak modu proaktiboan identifikatzeko gai izanez, enpresen lehiakortasuna eta ikasleen enplegagarritasuna hobetzea ekarriko dutenak.
Helburu horretan aurrera egite aldera, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ingurune estrategiko batzuk bultzatuko ditu, hots, ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza-sareak sortzeko bide emango duten gune batzuk, berrikuntza aplikatuaren esparruko proiektuen garapenean aurrera egiteko. Halaber, espezializazio-arloen garapena sustatuko da. Horretarako, ETEei lagunduko zaie suspertzen ari diren sektoreetan eta teknologia aurreratuetan sar daitezen.
Era berean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planak argi eta garbi egin du hazkunde jasangarri eta zentzuzkoa sustatzeko estrategia integralaren alde. Estrategiaren oinarrian, kapital intelektuala eta ezagutzaren kudeaketa efizientea daude, baita espezializazio eta berrikuntza aplikatua ere, enpresetan balioa sortzeko eta lehiatzeko abantailen iturri gisa eta, ondorioz, enplegua sortzeko iturri gisa.
Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, 2022ko azaroaren 7an onetsi zuen Lanbide Heziketako 6. Euskal Plana. Plana benetan heda dadin bultzatzeko, hau da, Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren eraldaketak gidatzeko tresna izateko, itunpeko ikastetxe pribatuei dei egin die sailburuordetzak, euren irakasleen bitartez ikastetxearen konpetentziak indartuko dituzten jarduera eta proiektuetan parte hartzeko eta teknologia aurreratuko inguruneei erantzuteko. Lanbide Heziketako 6. Euskal Planak giza garapen jasangarriaren, pertsonen talentuaren sustapenaren eta ikaskuntza-eredu aurreratuen aldeko apustua egin du, ingurune produktibo, teknologiko eta digital berri baten erronkei erantzuteko. Era beran, Euskadiko LHren rola finkatu du, eraldaketa- eta berrikuntza-eragile bihurtu baitu, funtsezkoa delako pertsonen enplegagarritasuna nahiz Euskadiko enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Era berean, irakaskuntza-gaikuntza digitaleko plan bat behar da, etorkizunerako irakaskuntza-ikaskuntza prozesu berritzaileak eta jasangarriak sustatuko dituena. Horretarako, 2022ko apirilaren 26an onartutako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana diseinatu da, eta horrekin esparru digital berri bat sustatu nahi dugu, ikastetxeei laguntzeko digitalizazioa erabili dezaten bai hezkuntza-eraldatzeko eta bai etengabeko hobekuntzarako palanka egiteko. Testuinguru horretan, Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planak (2022-2024) planteatzen du teknologia digitalak hezkuntza-maila guztietan sartzea, horien bidez irakaskuntza- eta ikaskuntza-praktikak hobetzeko eta dibertsifikatzeko, eta konpetentzia digitalak garatzeko.
Deialdi hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota. Hezkuntzako sailburuaren 2024ko urtarrilaren 24ko Agindu bidez onartu zen Plana eta Hezkuntza Saileko https://www.euskadi.eus webgunean argitaratu da.
Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubidea eta, aldi berean, laguntzen eta dirulaguntzen arloko arau-hausteak eta zehapenak jasotzen dituen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen xedapenekin bat etorriz, hau
Deialdi honek xedetzat du itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzea, 2024-2025 ikasturtean berrikuntza-proiektuak gara ditzaten. Proiektu horiek bat etorri beharko dute Lanbide Heziketako 6. Euskal Planarekin eta Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planarekin.
Era berean, horietan eskuratutako ezagutza ikasleei, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako gainerako ikastetxeei eta enpresei transferitzea ahalbidetuko dute, bereziki ETEei.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte ikastetxe pribatuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako heziketa-zikloak itunduta badituzte 2024-2025 ikasturtean.
Agindu honen xede diren proiektuak diruz laguntzeko, zazpiehun eta hirurogeita hamar mila euro (770.000) bideratuko da guztira.
Dagoen aurrekontutik 462.000 euro (% 60) Digitalizazioa: Berrikuntza teknologikoaren eta sistema adimendunen esparrura bideratuko da, eta 308.000 euro (% 40) Jasangarritasuna: Biozientzien eta jasangarritasunaren esparrura.
Deialdi honetako dirulaguntzak jaso ditzaketen proiektuek esparru hauetako batekoak izan behar dute:
Digitalizazioa: Berrikuntza teknologikoaren eta sistema adimendunen esparrua Esparru horretan sailkatzen dira helburu orokorra garapen teknologikoa (digitalizazioa) duten proiektuak, hala nola:
Fabrikazio aurreratua. Prozesuen digitalizazioarekin eta horien simulazioarekin lotuta daudenak. Neurketa-elementuak jasotzen dira, bereziki prozesuko neurketak. Fabrikazio-prozesu berriak, hala nola fabrikazio aditiboa, diseinutik hasita fabrikaziora eta post-tratamendura arte. Robotika autonomoaren integrazioa fabrikazio-prozesuetan.
Fabrika digital eta konektatua. Zuzenean erlazionatuta digitalizazioarekin eta honako hauei lotutako teknologien eta metodoen aplikazioarekin: IoT/IIoT (Gauzen Interneta / IoT Industriala), IoM (Makinen Interneta), Big Data eta Adimen Artifiziala. Helburua industria-ekipamendu eta -instalazioetan sortutako informazioaren konexioa, monitorizazioa, trazabilitatea, kudeaketa eta/edo tratamendua da, eta, horretarako, sentsorizazioa, konektibitatea, zibersegurtasuna, bloke-katea eta adimen artifizialeko datu-tratamendua eta ustiaketa erabiltzen dira.
Energia-efizientzia eta energia garbiak sortzea. Haize-energia, olatuena eta beste batzuk sortzea, eta energia garbiak sortzera bideratutako garapen teknologikoak eta sare adimendunen digitalizazioa.
Mugikortasun jasangarria. Mugikortasun adimendun eta jasangarria, Euskadin mugikortasun elektrikoaren ezarpena sustatuko duena, bai gizartean duen erabileraren ikuspegitik, bai beharrezko teknologien garapen industrialaren ikuspegitik.
Ingurune birtualak. Errealitate birtual, areagotu eta mistoko tresnak erabiltzearekin lotuta daudenak, ikaskuntza-prozesuan eta enpresetara bideratutako zerbitzu- eta ezagutza-sortzaile gisa. Ikastetxeetako eta ETEetako prozesuak digitalizatzeko bitarteko gisa.
Eta konponbide aurreratu hauekin lotutako gainerako proiektu disruptiboak: bideokonferentzia, idazmahaiaren birtualizazioa, euskarri-plataformak, ERPak ezartzea, 5G, bloke-katea, konektagarritasun- eta komunikazio-konponbideak (5G / WIFI6), datuak bildu eta ustiatzea (Smart DATA, BIG DATA...), adimen artifiziala, biosentsorikoa eta konputazio kuantikoa.
Jasangarritasuna: Biozientzien eta jasangarritasunaren esparrua. Eremu honetan sailkatzen dira jasangarritasunarekin, energia efizientziarekin, energia garbiak sortzearekin, eraikuntza jasangarriarekin eta bioteknologiarekin zerikusia duten proiektuak, hala nola:
Garapen jasangarria. Jasangarritasunarekin zerikusia duten balio-kateen digitalizazioan oinarritua, ekonomia zirkularrarekin eta bioekonomiarekin zerikusia duten alderdiak baloratuz, hainbat alorretara begira: nekazaritza, itsasoa eta arrantza, ostalaritza eta turismoa, elikagaien industriak, administrazioa eta kudeaketa, zura eta altzarigintza, eraikuntza eta obra zibila eta abar.
Energia-efizientzia. Honako hauetara bideratutako proiektuak: prozesuen ingurumen-aztarna hobetzea, produktuen bizi-zikloaren analisia, ekonomia zirkularra garatzea, ekodiseinua eta abar, bai eta jasangarritasuna ere, efizientzia energetikoaren ikuspegitik (prozesu industrialetan, bizitegi-sektorean eta sare adimendunen kudeaketan aplikatzea).
4.0 osasuna eta zahartze osasuntsua. Osasunaren, robotika aplikatuaren eta teknologia humanizatuaren eremuko digitalizazioarekin lotutakoak, bai eta pertsonen zaintzari eta ongizateari aplikatutako baliabide teknologiko berriekin lotutakoak ere.
Biozientziak eta bioteknologiak. Osasunean, nekazaritzako elikaduran eta bioteknologia industrialean Bio soluzioak erabiltzearekin lotutakoak. Digitalizazio-tresnak inplementatuz, lehiakortasun handiagoa lortzeko bitarteko gisa.
Eta etxebizitza adimendunarekin, 4.0 nekazaritzako elikadurarekin, jatetxe jasangarriekin eta ekonomia zirkularrarekin lotutako gainerako proiektu disruptiboak.
Proiektuak banaka gara ditzakete onuradun izan daitezkeenek, agindu honen 2. artikuluan zehaztutako moduan; bestela, hainbat onuradunen artean ere gara daitezke, lankidetzan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz. Proiektu bat lankidetzakoa dela ulertuko da, baldin eta gutxienez bi onuradunek parte hartzen badute proiektua sortzen eta gauzatzen.
Lankidetzako proiektuak badira, eskabidean berariaz adierazi beharko da elkartutako kideek zein ordezkari edo ahaldun bakar izendatu duten, eta behar adina ahalmen izan behar ditu onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko. Elkartea ezingo da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.
Aurkeztutako proiektuen iraupena 209 ordukoa izango da gutxienez, eta 2.504 ordukoa gehienez.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ditzaketen proiektuek bat etorri beharko dute Agindu honen 1. artikuluan zehaztutako deialdiaren xedearekin. Lotura hori ebidentzien bidez frogatu beharko dute, proiektuaren fitxan, I. eranskinean; izan ere, hori izango da hautaketa-irizpideetako bat.
Jarraian adierazten diren gastuak lagundu ahal izango dira diruz:
Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta hari lotutako ordu osagarriak garatzeko ordezko langileak kontratatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan.
Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta hari lotutako bestelako ordu osagarriak garatzeko ikastetxeak dituen irakasle propioen kontratua luzatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan. Diruz lagundutako proiektua egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2023-2024 ikasturtean.
Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakaskuntza) eta hari lotutako bestelako ordu osagarriak garatzeko ikastetxetik liberatutako irakasleen kontratua zabaltzeko kostuak. Diruz lagundutako proiektua egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2023-2024 ikasturtean.
Deialdi honen ondoreetarako, egotz daitezkeen kostutzat hartuko dira ordainsariak eta erakunde eskatzailearen konturako karga sozialak. Era berean, ordu osagarritzat hartuko dira abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuan eta apirilaren 1eko 46/2014 Dekretu korrelatiboan (EAEko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituena) esleitutako helburuak, xedeak eta funtzioak betetzeko ikastetxeak egingo dituen jarduerak (klaustroak, ebaluazio-batzarrak, saileko jarduerak,...). Liberatutako irakasleak beren lanaldi osotik liberatzen dira (irakastorduak gehi ordu osagarriak) proiektuan aritzeko.
Dirulaguntza jaso dezaketen orduei dagokienez, lanaldi osoko liberazio baterako, gehienez ere, 726 eskola-ordu eta 526 ordu osagarri egotz dakizkioke proiektuari. Ordezko langileak kontratatzeko, berrogei (40) euro/ordu izango da diruz lagundu daitekeen eta proiektuari egotz dakiokeen gehieneko orduko kostua, irakasleei dagokienez. Lanaldi partzialeko liberazioak izanez gero, proiektuan gehienez ere diruz lagunduko den ordu-kopurua lanaldi osorako ezarritako gehieneko kopuruaren proportzioan kalkulatuko da.
Diruz lagundu daitezkeen gastuen estaldura-aldia diruz lagundutako jarduera hasten denetik amaitzen den arte zenbatuko da, betiere diruz lagundu daitekeen aldiaren barruan, hau da, 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra arte.
Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, betekizun hauek betetzen direla egiaztatu behar da:
Itunpeko ikastetxe pribatua izatea, eta 2024-2025 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematea.
Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako inolako egoeratan ez egotea ikastetxea. Beraz,
1. Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerei, ezta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
2. Indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko dituzte, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Betekizun biek iraun behar dute emandako dirulaguntzak likidatu arte; beraz, egiaztatu egingo da bete egiten direla bai emateko orduan bai ordaintzeko orduan. Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluaren arabera, dirulaguntzaren eskaera aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena emango dio dirulaguntza emango duen organoari Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako inguruabarrak zuzenean egiazta ditzan ziurtagiri telematikoen bidez. Kasu horretan, eskatzaileak ez du dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko. Era berean, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoa bete beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa.
Lankidetzako proiektuak badira, kide guztiek bete beharko dituzte betekizunok.
Proiektuak bi taldetan sailkatuta daude, beren esparruaren arabera (Digitalizazioa: berrikuntza teknologikoaren eta sistema adimendunen esparrua; eta Jasangarritasuna: biozientzien eta jasangarritasunaren esparrua), eta behin proiektuak baloratzeko fasea bukatuta, lehentasunaren arabera ordenatuko dira, esparru bakoitzean puntu gehien lortu dutenetatik gutxien lortu dutenetara.
Berdinketarik gertatuz gero, handitik txikira ordenatuko dira proiektuak, honako artikulu hauetan ezarritako irizpideen arabera lortutako puntu kopuruari erreparatuz: 12.2.a), proiektuaren egokitasunari buruzkoa; 12.2.c), proiektuaren norainokoari eta eskalagarritasunari buruzkoa, eta 12.2.d), agindu honetan proposatutako helburuen koherentziari eta anbizioari buruzkoa.
Dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, ezarritako balorazio irizpideak aplikatuko dira, deialdiaren zuzkidura agortu arte, hala badagokio. Dirulaguntza modu diferentean eta independentean banatuko da proiektuak sailkatzen diren bi esparruetako bakoitzean, honela: aurrekontuaren % 60 Digitalizazio: Berrikuntza teknologikoaren eta sistema adimendunen esparrura bideratuko da, eta % 40 Jasangarritasuna: Biozientzien eta jasangarritasunaren esparrura. Eremu bakoitzean, norgehiagoka-prozedura erabiliko da aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak banatzeko.
Esparru batera bideratutako aurrekontua agortzen ez bada, balorazio onena izan duten proiektuetara bideratuko da, zeinahi dela ere haien esparrua, eta, betiere deialdiaren gainerako eskakizunak betetzen badituzte.
Bestalde, ez dira diruz lagunduko 12. artikuluan adierazitako gehieneko balorazioaren % 50 gutxienez lortu ez duten proiektuak.
Diruz lagundutako proiektuak 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean egingo dira.
Ikastetxe interesdunen titularrek lankidetzako proiektuak badira, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarrek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko bitarteko elektronikoak erabiliz eskatuko, kontsultatuko eta egingo dituzte prozedura honetako izapide guztiak.
Eskabideen eta erantsi beharreko dokumentazioaren ereduak agindu honen eranskinetan daude jasota.
Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak nola egin helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:
www.euskadi.eus/servicios/0120412.
Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barnean dela, helbide honetako Nire Karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Eskabideak (0. eranskina), behar bezala eta osorik beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dira, agindu honen 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Eskabidea aurkezteak berekin dakar deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak berariaz eta formalki onartzea. Eskabide bat aurkeztu behar da dirulaguntza eskatzen den proiektu bakoitzeko.
Agindu honen 4.3 artikuluan zehaztutako lankidetza-proiektuak badira, elkarteko ordezkari edo ahaldun bakarrak aurkeztuko du eskabidea. Kide guztiek sinatu behar dute, eta horietako bakoitza hartuko da dirulaguntzaren eskatzailetzat.
Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, betebehar hauek egiaztatzeko:
Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatu zaizkien eta, hala badagokio, haietatik jaso diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, eta adieraztea, baiezkoa izanez gero, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa.
Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez egotea sartuta laguntzak jasotzeko legezko debekuren batean, espresuki sexu-bereizkeriak eragindakoetan, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoarekin.
Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.
Egiazkoak izatea eskabideko datuak eta emandako dokumentazioa, eta betetzea indarreko araudian dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak.
Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean.
Eskabidearekin batera, proiektu-fitxa aurkeztu beharko da (I. eranskina).
Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango dio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari zuzenean egiazta dezan dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.
Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa eta dokumentazio osagarria aurkezten ez bada, ikastetxe interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, adieraziko zaio, aurrekoa egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen araberako ebazpena eman ondoren.
Lehenengo fase batean, proiektu-proposamenek onartuak izateko betekizunak betetzen ote dituzten aztertuko dira. Betekizunen bat betetzen ez duten proiektuak ukatutzat joko dira, eta baztertu egingo dira ondorengo balorazio- eta aukeraketa-prozesuetatik.
Jarraian zerrendatuta daude aurkeztutako proiektu-proposamenek zer betekizun dituzten:
Berrikuntza aplikatuko proiektuek deialdiko bi esparruetako bati erantzun behar diote, 4.1 artikuluan adierazitakoari jarraituz. Hala ez bada, hautaketatik kanpo geratuko dira.
Deialdiaren xedea Euskadiko Lanbide Heziketaren eremuan kokatzen da, zeinak, berrikuntza-proiektuak garatuta, sostengua emango baitio euskal gizarteari, eta Euskal Autonomia Erkidegoko industriak eraldaketa-prozesu honetan dituen enpresa-beharrei erantzungo baitie. Beraz, proiektuen ustiapen-eremuak, transferentziak eta aplikazioak, baita bazkideei dagokienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute ardatz. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa da, eta, betetzen ez bada, proiektua deialdiaren xedearekin bat ez datorrela joko da, eta ez da baloratuko.
Proiektuak berrikuntza ekarri behar du berekin, hau da, Euskadiko LHn ezagutza berriak garatu eta txertatu. Hala ez bada, hautaketatik kanpo geratuko da
Betekizun horietaz gainera, alderdi hauek hartuko dira kontuan:
Ikusten bada proiektu batzuk osagarriak direla edo antzeko helburuak dituztela, proiektuak batzea proposatuko da, proiektu bakar batean garatzeko. Hala gertatzen denean, baliabideak eta helburuak proiektu bakar bati dagozkionetara egokituko dira.
12. artikuluko 2. puntuko g) letran adierazitako beharrezko baliabideen eta proposatutako helburuen arteko koherentziaren irizpidean gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten proiektuak eskatutako baliabideak gutxituz onartu ahal izango dira. Gutxitze hori Balorazio Batzordeak (13.2 artikulua) proiektua garatzeko egokitzat jotzen duen ordu-dedikazioaren arabera egingo da.
Deialdi honen barruan diruz lagundu daitezkeen proiektuak zehazteko prozedura norgehiagoka izango da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan xedatutakoa betez; hau da: aurkeztutako eskabideak alderatuta, haien arteko lehentasun-hurrenkera ezarriko da, jarraian zehazten diren balorazio-irizpideen arabera, eta irizpide horiei jarraikiz balorazio handiena lortu dutenei dirulaguntza esleituko zaie, erabilgarri dagoen kredituarekin.
Proiektuak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira, dagozkien haztapenak eginda:
Aurreproiektuak egokia dela justifikatzen du, eta oinarri sendoak ditu. azken balorazioaren % 10.
0tik 10era baloratuko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (guztizko balorazioa justifikatutako errubriken batura izango da):
Proiektuaren egokitasuna berariaz identifikatu eta lotzen dute egokitasun hori egiaztatzen duten joera, azterlan, txosten edo arauekin. Gehienez ere 2 puntu.
Proiektua egokia dela berariaz identifikatuta dago, eta egokitasun hori deialdiaren xedeei buruzko 1. artikuluan adierazitako lehentasunezko ildo batekin lotuta, gutxienez. Gehienez ere 2 puntu.
Proiektuaren egokitasuna berariaz identifikatu eta lotzen dute SAREko nodoetan lehenetsitako ildo batekin, gutxienez. Gehienez ere 2 puntu.
Proiektuaren gai nagusia zuzenean lotuta dago 5. artikuluan deskribatutako lehentasunekin. Gehienez ere 2 puntu.
Apartatu honen erredakzioan koherentzia izatea, eta apartatu honek lotura izatea proiektuaren helburu orokorren deskribapenarekin. Gehienez ere 2 puntu.
Aurreproiektuak bere emaitzak erabil ditzaketen enpresak aurkezten ditu, eta, gainera, enpresa horien babesa dauka: azken balorazioaren % 10.
0tik 10era baloratuko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (guztizko balorazioa proiektuaren aurkezpenean egiaztatutako errubriken batura izango da):
Ikastetxeen arteko lankidetzan gauzatzen da proiektua. Gehienez ere 2 puntu.
Proiektuaren emaitzetan interesa duten enpresen ebidentziak aurkezten dira. Gehienez ere 2 puntu.
Aurkeztutako ebidentziek frogatzen dute zenbait enpresak lagundu dutela proiektua garatzen. Gehienez ere 2 puntu.
Aurkeztutako ebidentziek frogatzen dute zenbait enpresak materiala edo instalazioak eman dituztela proiektua garatzeko. Gehienez ere 2 puntu.
Aurkeztutako ebidentziek frogatzen dute zenbait enpresa proiektuan bazkide direla. Gehienez ere 2 puntu.
Aurreproiektuak norainoko zabala eta eskalagarritasuna ditu: Azken balorazioaren % 20.
0tik 10era baloratuko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (guztizko balorazioa justifikatutako errubriken batura izango da):
Norainokoa: hartzaile objektibo potentzialak, proiektuaren emaitzak inplementatu ditzaketenak. Gehienez ere 3 puntu.
Eskalagarritasuna: zer baliabide behar diren proiektuaren erabilgarritasuna edo balioa zabaltzeko, mantentzeko eta, are, hobetzeko, hartzaile kopurua handitu ahala. Gehienez ere 2 puntu.
LHko ikastetxeen sarean izango duen eragina. Proiektuaren plangintzan sartutako LHko interes-taldeei zuzendutako transferentzia eta ezarpena. Gehienez ere 5 puntu.
Proposatutako helburuen koherentzia eta anbizioa: Azken balorazioaren % 10.
0tik 10era baloratuko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (guztizko balorazioa justifikatutako errubriken batura izango da):
Helburu orokorrak: LHn eragina sortzera bideratzea. Helburu orokorrak egokitu eta deskribatzea. Gehienez ere 2 puntu.
Helburu espezifikoak: helburu espezifikoak egokitu, definitu eta xehatzea. Gehienez ere 6 puntu.
Helburuen adierazleak eta jomugak: helburuetarako definitutako adierazleen eta jomugen xehetasunak. Gehienez ere 2 puntu.
Proiektuaren faktore berritzailea: Azken balorazioaren % 20.
0tik 10era bitartean baloratuko dira proiektuak, haien helburura ondoen egokitzen den errubrika hautatuz:
Proiektuaren helburua dagoeneko zabalduta dago Euskal Autonomia Erkidegoko LHn. Ebaluatzaileak gutxienez 5 ikastetxeren ebidentziak ditu. Kasu horretan, ez da proiektua baloratu behar, ez baitu betetzen deialdiaren helburua.
Proiektuaren helburua ezaguna da, hari buruzko erreferentziak daude edo LHn hein batean aplikatzen da. Gehienez ere 4 puntu.
Proiektuaren helburua ezaguna da, hari buruzko erreferentziak daude edo hein batean aplikatzen da enpresa-ingurunean, baina ez LHn. Gehienez ere 8 puntu.
Proiektuaren helburua koherentea da, baina ez dago erreferentzia hurbilik, enpresetan aplikatu dela dioenik; hortaz, LH enpresa-sarearen bultzatzaile izango litzateke. 10 puntu.
Proiektuaren plangintza-maila: Azken balorazioaren % 10.
0tik 10era baloratuko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (guztizko balorazioa justifikatutako errubriken batura izango da):
Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako plangintzak bermatzen du aurreikusitako helburuak betetzea. Gehienez ere 2 puntu.
Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako plangintza zehatza eta koherentea da. Gehienez ere 3 puntu.
Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako plangintza zorrotza da, baina, aldi berean, egingarria. Gehienez ere 2 puntu.
Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako plangintzak dauden arriskuak identifikatzen ditu, bai eta, haiek gauzatzen badira, egin beharreko ekintzak ere. Gehienez ere 3 puntu.
Beharrezko baliabideen eta proposatutako helburuen arteko koherentzia: Azken balorazioaren % 15.
0tik 10era baloratuko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (guztizko balorazioa justifikatutako errubriken batura izango da):
Eskatutako giza baliabideen eta ezarritako helburu espezifikoen arteko optimizazioa baloratzen da. Gehienez ere 2 puntu.
Beharrezko diren giza baliabideen eta helburu orokorren arteko optimizazioa baloratzen da (espero izandako inpaktua). Gehienez ere 2 puntu.
Beharrezko diren giza baliabideen eta proiektuaren norainokoaren eta eskalagarritasunaren arteko optimizazioa baloratzen da. Gehienez ere 2 puntu.
Ikastetxearen konpromisoa emandako baliabide materialekin eta proiektua egikaritzeko egin beharreko inbertsioekin lotuta. Gehienez ere 4 puntu.
Emakumeen eta gizonen berdintasun-arloko irizpideak. Azken balorazioaren % 5.
0tik 10era baloratuko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (guztizko balorazioa justifikatutako errubriken batura izango da):
Proiektuak "Genero-berdintasuna" izeneko 5. garapen jasangarrirako helburuan laguntzen du, eta halaxe adierazten du eskabide-inprimakian (0 eranskina). 3 puntu.
Proiektua garatzen duen pertsonak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin lotutako prestakuntza du, gutxienez 5 ordukoa (justifikazio-agiria eskatzen da). 3 puntu.
Ikastetxeak Berdintasun Plan bat du indarrean (indarrean daudela ulertuko da gutxienez azken 4 urteetan eguneratu diren planak badira). 2 puntu.
Proiektua garatzen duen zentroak eta pertsonak bermatzen dute hizkuntza inklusiboa erabiliko dela proiektuaren garapenaren ondorioz sor daitezkeen prestakuntza- edota dibulgazio-materialetan, baita komunikazioetan ere. 2 puntu.
Irizpide bakoitzeko puntuazioak 1etik 10era bitarteko eskala batean adieraziko dira, dezimalik gabe: puntuaziorik txikienari 1 dagokio, eta, handienari, 10. Proiektu bakoitzaren azken balorazioa irizpideotako bakoitzean lortutako puntuazioen batuketa haztatuaren bitartez lortuko da.
Lankidetzako proiektuak batera baloratuko dira. Lankidetzako proiektu bat aukeratuko balitz, dagokien dirulaguntza banan-banan eman eta ordainduko zaie entitate laguntzaileei, bakoitzak justifikatzen dituen eta bakoitzari egotz dakizkiokeen gastuen arabera.
Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak izango du laguntzak emateko prozedura bideratzeko eskumena.
Balorazio-batzorde bakar bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko; kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango dira kideak:
Batzordeburua: Rikardo Lamadrid Intxaurraga jauna, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.
Bokalak:
ª José Barriola Baraibar andrea, TKNIKA Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroko Biozientziak eta Jasangarritasun arloko zuzendaria.
Juan Carlos Molinero Montes jauna, TKNIKA Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroko Berrikuntza Teknologikoaren eta Sistema Adimendunen arloko zuzendaria.
Laura Oleaga Pérez de Mendiguren andrea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.
Balorazio-batzordea osatzen duten pertsonak ezin izango dira interes-gatazkako egoeran egon beren balorazioa egitean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoa betez. Artikulu horren arabera, dirulaguntzen prozeduretan beharrezko neurriak hartu behar dira, eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkako egoerak saihesteko.
Eskabideak ebaluatu ondoren, Balorazio Batzordeak txostena egin beharko du, egindako balorazioaren emaitza zehaztuz.
Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak bi prozeduratan izapidetuko dira, eta, horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio. Ebazpena balorazio-batzordeak eginiko txostenean jasotakoaren arabera egingo da (13.4 artikulua).
Hartzen den ebazpenak erabakiko du eskatutako dirulaguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, adierazi behar dira pertsona edo erakunde onuradunaren izena edo izen soziala, zer ikastetxe den, zer proiektu finantzatu den, eta zenbateko dirulaguntza eman zaion. Horrez gain, nortasunik gabeko elkarteak badira, idatziz adieraziko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.
Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Hezkuntzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.
Ebazpen hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Ebazpenek barnean hartuko dituzte alderdi hauek: emandako dirulaguntzen zerrenda, eta ukatuena, zenbatekoak adierazita lehen kasuan, eta ukatzeko arrazoiak bigarrenean. Prozeduratik kanpo utzi diren eskaeren zerrenda ere barnean hartuta egongo da.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara mezuak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.
Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1a artikuluan xedatutako ondoreetarako.
Dirulaguntzen justifikazioa Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da, eta, zehazki, agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2025eko irailaren 5a baino lehen:
III. eranskina: ordezte-prozesua ondo ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren ohar guztiak «oharrak» atalean azalduko dira.
IV. eranskina: proiektuaren azken memoria, non, besteak beste, alderdi hauei buruzko informazioa jasoko baita: programatutako helburuak zenbateraino lortu diren; proiektuaren garapena, kontrol-prozesua eta jarraipena; hobetzeko proposamenak; lortutako eraginaren ebaluazioa, eta garatutako transferentzia-ekintza eta -baliabideak.
Ordezko irakasleen lan-kontratuaren kopia autentikoa, 5.1.a) artikuluan aurreikusitako kasuan bakarrik.
Agindu honen 5.3 artikuluan ezarritako diruz lagundu daitekeen gastuaren estaldura-aldia osoari dagozkion ordezko irakasleen nominen kopia autentikoa.
Justifikazio horiek aurkezteko, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, helbide honetako Nire Karpeta atalaren bitartez:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Lankidetzako proiektuak badira, ordezkari edo ahaldun bakar gisa izendatutako pertsonaren ardura izango da jasotako dirulaguntza osoa justifikatzeko dokumentazioa aurkeztea. Horretarako, proiektuan parte hartzen duen kide bakoitzaren gastu diruz lagungarriak justifikatzeko dokumentazioa bildu beharko du.
Diruz lagundutako zenbateko osoa eskuratzeko, ordezko langileak kontratatzeari egotz dakizkiokeen kostuak jasotako zenbatekoa baino handiagoak edo parekoak izan behar dira.
Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, zehazki hiru ordainketa eginez, honela:
Lehenengo ordainketan, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 ordainduko da, 19.1 artikuluan adierazten den epea bukatutakoan, baldin eta bitarte horretan dirulaguntzari uko egin ez bazaio, eta, betiere, 2024ko urriaren 25a baino lehen II. eranskina aurkeztu ondoren (Liberatutako eta ordezko irakasleen ordu-dedikazioaren ziurtagiria). Ziurtagiriarekin batera, Hezkuntza Jardueren Dokumentua (HJD) erantsiko da, bertsio itxian, behar bezala beteta eta ikastetxeko zuzendariak sinatuta. Bertan adieraziko da, «Berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektu» gisa, diruz lagundutako proiektuan aritzen diren irakasle titular eta ordezkoen liberazioa.
Bigarren ordainketan, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 60 ordainduko da, 2025eko ekitaldian, betiere Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aldeko ebaluazioaren txostena egiten badu, eta ordezko irakasleen gastuen zerrenda 2025eko apirilaren 1ean aurkeztu ondoren (III. eranskina).
Hirugarren ordainketan, gainerakoa ordainduko da; hots, gainerako % 20a, diruz lagundutako proiektua amaitutakoan, izandako gastu guztiak justifikatu eta aurreko artikuluko apartatu guztiak bete ostean.
Hautatutakoak lankidetza-proiektuak badira, proiektua lankidetzan sortu eta garatu duten erakunde guztiei banan-banan eman eta ordainduko zaizkie dagozkien zenbatekoak.
Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritako kasuak nahiko arrazoi izango dira dirulaguntzak ezeztatzeko eta berandutze-interesekin batera itzularazteko, dirulaguntza ordaintzen denetik itzularaztea egokia dela erabaki arteko interesak, hain zuzen ere. Horretarako, egoki ikusten dituen egiaztapenak egiteko eskumena izango du Hezkuntza Sailak.
Dirulaguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua (guztia edo zati bat) eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio. Hala ezartzen dute Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeen eta horiek itzultzearen erregimen orokorra arautzen duen 698/1991 Dekretuak.
Lehen esandakoa alde batera utzi gabe, dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabar hauetako bat gertatzen denean, dirulaguntza emateko ebazpena ere aldatu egingo da, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen badira (6.artikulua), salbu eta ezinbesteko arrazoiren bat suertatu eta ondorioz betetzea ezinezkoa gertatzen bada, eta behar bezala justifikatuta badago Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren aurrean. Ezinbestetzat joko da Kode Zibilaren 1.105 artikuluan xedatutakoarekin bat datozen kasuak.
Ikastetxe onuradunak aurkeztutako azken memoriatik ondorioztatzea jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako proiektuan aintzat hartutako gutxieneko helburuak.
Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.
Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorrak 14. eta 36. artikuluan jasota daude.
Justifikazioa aurkezten ez bada, edo Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 36. artikuluan azaldutako kausaren bat jazoz gero, dirulaguntza osorik edo zati bat kobratzeko eskubidea galduko da.
Dirulaguntza aldatzea eta itzularaztea lege-testu hauetan dago araututa:
20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzekoa.
698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.
Onuradunak laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat publikoa edo pribatua jasoz gero agindu honen bidez finantzatutako proiektuaren garapenean, Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari eman beharko dio horren berri. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, hasierako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, eta horrek Lanbide Heziketako sailburuordearen aginduaren ebazpena aldatzea ekarriko du.
Nolanahi ere, 2024-2025 ikasturtean, deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzak ezin izango dira bateratu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proiektu bererako emandako beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin, edozein dela ere horiek gauzatzeko baliatutako tresna juridikoa.
Lanbide-heziketan beste programa edo deialdi baten bitartez dagoeneko lantzen ari den proiektu bat aurkezten bada, erabakiko da proposamen hori ez dela deialdiaren xedera egokitzen, eta horixe adieraziko da proposamenaren balorazioan.
Hauek dira Lanbide Heziketako 6. Euskal Planean jasota dauden eta beste programa batzuen bidez lantzen diren esparruak (beraz, deialdi honetan ezin izango dute dirulaguntzarik jaso):
Heziketa integratuaren esparrua; helburuak: Egokitzapena eta espezializazioa, Berrikuntza pedagogikoa eta Bikaintasuna eta kalitatea.
Ekintzailetza aktiboaren esparrua; helburua: jarduera ekintzailea indartzea.
Nazioartekotzearen esparrua; helburua: lanbide-heziketa nazioartean zabaltzea.
Lanbide-heziketako ikastetxeen esparrua; helburuak: Ikastetxe-eredu berriak, Ikastetxeak ezagutza-unitate gisa, eta Lanbide-heziketako ikastetxe espezializatuen sarea.
Dirulaguntzen onuradunek, proiektua egiteko, baldintza eta betebehar hauek hartu beharko dituzte kontuan:
Emandako dirulaguntza onartzea. Horretarako, ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean onuradunek onartzen ez badute, onuradun gisa proposatutako pertsonak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.
Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko dute.
Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela.
Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.
Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.
Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.
Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.
Diruz lagundutako proiektu bakoitzaren kontrolaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, dela zuzenean, dela TKNIKA Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroaren bitartez.
Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horien euskarrietan informatikoetan zein bestelakoetan adierazpen hau sartzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatu du jarduera hau».
Onuradunek eskatutako jarduera amaitu arte mantendu beharko dute jarduera horretarako liberatutako irakaslea. Justifikatutako arrazoiak direla-eta pertsona horrek ezin badu proiektua amaitu arte jarraitu, ikastetxeak hura ordezteko baimena eskatuko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, haren onespena lortzeko, eta proiektuaren ardura bere gain hartuko duen pertsonari buruzko datuak adierazi beharko ditu, bai eta aldaketaren arrazoia ere.
Dirulaguntza jaso duten onuradun guztiek eskola-ordurik gabe utzi beharko dute liberatutako irakaslea proiektuaren fitxan adierazitako astegunetan. Egoera hori Hezkuntza Jardueren Dokumentuaren (HJD) bertsio itxian jaso behar da, «ProyVPVFP» gisa.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.
Datu pertsonalek izen hau duen tratamendu-jarduera izango dute: Laguntza eta dirulaguntzak Lanbide Heziketako ikastetxeentzat eta entitate laguntzaileentzat.
Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: laguntza ekonomikoen eskaerak izapidetzea, parte-hartzaileak eta/edo interesdunak identifikatuta. Erakunde laguntzaileentzako dirulaguntzak
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren legezko betebeharrak betetzeko.
Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak:
Europar Batasuneko organoak.
Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.
Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.
Europako Batzordea.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/servicios/10842/).
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultagai duzu helbide honetan:
www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/039900-capa2-es.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.
Agindu honetan araututako dirulaguntzei honako hauetan xedatutakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 30a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)