Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko urtarrilaren 25ekoa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez Auzitegiko Medikuen Kidegoarentzat lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten baita, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko lanpostu generikoak betetzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 37
  • Hurrenkera-zk.: 912
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/01/25
  • Argitaratze-data: 2023/02/22

Testu legala

Honen bidez, lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da Auzitegiko Medikuen Kidegoko funtzionarioentzat, I. eranskinean azaltzen diren Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko lanpostu huts generikoak betetzeko, bat etorriz xedapen hauekin: Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Legearen 531. artikulua eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko langile funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikulutik 48.era artekoak eta 51.etik 53.era artekoak. Hona hemen deialdiaren oinarriak:

Lehenengoa. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuko lanpostuen zerrendako lanpostu huts generikoak lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzea.

Deialdi honek, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko langile funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuak zehazki aurreikusten ez dituzten kontu guztietan, funtzio publikoari buruzko legedi orokorra aplikatuko da.

Bigarrena. Parte hartzeko eskakizunak eta baldintzak.

  1. Auzitegiko Medikuen Kidegoko karrerako funtzionarioek har dezakete parte lehiaketa honetan, destinoa edozein lurralde-eremutan daukatela, baldin eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean deialdi honetan ezarritako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen badituzte. Lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte jarraitu behar dute baldintzak eta betekizunak betetzen.

  2. Auzitegiko medikuek parte hartu ahal izango dute lehiaketa honetan, baldin eta bi urte pasa badira mediku horiei behin betiko destinoa esleitu zien lekualdatze-lehiaketako deialdiaren ebazpena eman zenetik eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera, edo, funtzionario sartu berrien kasuan, behin betiko destinoa esleitzeko ebazpena eman zenetik eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera.

    Urte-kontaketarako, ebazpena eman zen urte naturala hartuko da lehen urtetzat, ebazpenaren data edozein dela ere; bigarren urtetzat, berriz, hurrengoa.

    Behin betiko destinorik ez duten funtzionarioek lehiaketetan nahitaez parte hartu behar dute indarrean dagoen araudiaren arabera, eta ez dute adierazitako denbora-muga bete beharko.

  3. Ezingo dute lehiaketan parte hartu:

    1. Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita dutenek, egoera horrek dirauen bitartean.

    2. Interes partikularrarengatik edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden auzitegiko medikuek, egoera horretan egoteko gutxieneko aldiak dirauen bitartean.

    3. Nahitaezko lekualdatzearekin zigortuta daudenek. Zigorra ezarri zitzaien herrian destinoa lortzeko lehiaketan ezin izango dute parte hartu urte bat edo hiru pasatu arte, falta astuna edo oso astuna izan den kontuan hartuta, hurrenez hurren.

    4. Aurreko lehiaketetan destinoa lortu arren, esleitutako destinoa jabetzan hartu ez dutenek.

      Hirugarrena. Eska daitezkeen lanpostuak.

      I. eranskineko zerrendan azaltzen diren lanpostuak eskatu ahal izango dituzte parte-hartzaileek.

      Lanpostu bakoitza hurrenkera-zenbakiaren bidez identifikatuko da.

      1. Lehiaketa honen ebazpenaren ondorioz hutsik geratzen diren lanpostu generikoak ere eskatu ahal izango dituzte. Lanpostu horiek erresulten zerrenda osatuko dute eta eskainitako lanpostu hutsei gehituko zaizkie, salbu eta lanpostuak kendu nahi badira, lanpostuen zerrendak aldatzeko proiekturen bat dagoelako edo lantokiko langileak berriz antolatu behar direlako. Kasu horietan ez da erresultarik eskainiko kidego honentzat.

        Erresulta bakoitza hurrenkera-zenbaki batekin identifikatuko da.

        Eskatutako lanpostuak (I. eranskinekoak nahiz erresultak) deialdiko hurrenkera-zenbakiaren bidez identifikatu behar dira. Lantoki bereko lanpostu bat baino gehiago eskatu nahi izanez gero, lanpostu bakoitzaren hurrenkera-zenbakia adierazi beharko da.

        Egon litezkeen eskatzaileak lehiaketaren ebazpenaren ondorioz geratzen diren erresultak eskatzeko eskubideaz baliatu daitezen, jendaurrean jarriko da eskatzeko moduan dauden lanpostuen zerrenda, Euskadiko Justizia Administrazioaren webgunean (www.justizia.eus) eta Justiziako langileen atarian, agindu hau argitaratzen denean hasi eta eskabideak aurkezteko epeak dirauen arte, lanpostu bakoitzaren hurrenkera-zenbakia adierazita.

      2. Parte hartzen duten auzitegiko medikuek egiaztatu beharko dute eskabidean zehazten dituzten hurrenkera-zenbakiak bat datozela lehiaketa honetarako argitaratu diren zenbakiekin I. eranskinekoen zenbakiekin zein erresulten zenbakiekin, kode okerrak jartzea saihesteko.

        Lehiaketan parte hartzen duten auzitegiko medikuek egiaztatu beharko dute eskatzen dituzten deialdi-hurrenkerako zenbakiak guztiz bat datozela eskainitako postuen izenekin; izan ere, eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren ez baita onartuko eskabidean inolako aldaketarik egitea, ezta, eskatutakoa esleituz gero, uko egitea ere.

      3. Salbuespen gisa, lanpostu huts gisa iragarritako plazaren bat kendu ahal izango da, hori egitera behartzen duen zirkunstantziaren bat gertatzen bada.

      4. Erregistro Zibileko Medikuen Kidegotik datozen auzitegiko medikuei dagokienez, Epaile eta magistratuen erretiro-adina ezartzen duen eta Auzitegiko Medikuen Kidegoko hainbat mediku integratzen dituen azaroaren 20ko 7/1992 Lege Organikoak ezarritakoa bete beharko da.

        Laugarrena. Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

      1. Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideek agindu honen II. eranskinean argitaratutako ereduarekin bat etorri behar dute, eta eskatutako atal guztiak beteta aurkeztu beharko dira.

      2. Hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira eskabideak, deialdi hau Estatuko Aldizkari Ofizialean edo Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aldi berean argitaratzen denetik aurrera. Eskabideak Justizia Administrazioko Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko EATko sarrera-erregistroan edo Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

        Deialdia bi aldizkari ofizialetan aldi berean argitaratzea ezinezkoa izanez gero, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako datatik aurrera hasiko dira baldintzak eta epeak.

      3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ere bidali ahal izango dira eskabideak. Eskabideak posta-bulegoaren bidez aurkeztuz gero, gutunazal irekian eraman beharko dira, bertako funtzionarioak, eskabidea ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion.

      4. Eskumenak bereganatuta dituzten autonomia-erkidegoetako organoetan destinoa daukaten funtzionarioek eskabidea erkidego horretako dagokion organoan aurkeztu behar dute; destinoa ministerioaren eskumeneko eremuan daukatenek, berriz, Justizia Ministerioan.

      5. Lehiaketa honetan parte hartzen duen pertsona bakoitzak eskabide bakar bat egingo du, nahiz eta transferitutako eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetako lurraldean dauden lanpostuak eskatu, eta transferitze horren ondorioz, gobernu autonomoek egindako deialdietan ere lanpostu horiek azaldu.

        Parte hartzeko eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, azkena baino ez da hartuko kontuan.

      6. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, parte-hartzaileek ezin izango dute egindako eskabidea deuseztatu edo aldatu.

      7. Eskabideak aurkezteko aldia bukatu ondoren, egindako eskabidea loteslea izango da eskatzailearentzat.

      8. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

        1. Funtzionarioari jabetzan betetako azken plaza esleitu zion ebazpenaren fotokopia.

        2. Eszedentzian dagoen lehiakideak, eszedentzia hartzeko baimena eman zion ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko du.

      9. Eskabidea jaso ondoren, azken destinoko organo eskudunak Auzitegiko Medikuen Kidegoan emandako zerbitzuen ziurtagiri original eguneratua emango du. Bertan, aldien banakapena zehaztuko da, hasiera-datatik (eguna, hilabetea, urtea) bukaera-datara arte (eguna, hilabetea, urtea). Ziurtagiria eskabideari erantsiko zaio.

        Bestalde, hizkuntzengatik emandako puntuazioa adieraziko du langileen organo horrek eskabidearen goiburuan edo erantsitako orri batean. Halaber, funtzionarioak bere gaur egungo destinoan abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46. artikuluak ezartzen duen legezko denbora badaraman adieraziko du (Justizia Administrazioaren zerbitzuko langile funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamendua onartu zuen dekretu horrek), baita arau horren 43.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dagoen ere.

        Bosgarrena. Baldintzapeko eskaerak.

        Bi funtzionariok udalerri, barruti judizial edo probintzia baterako iragartzen diren lanpostu hutsak lortu nahi badituzte, aukera izango dute beren eskaera baldintzapean jartzeko, hau da, biek destinoa udalerri berean lortzeko eskabidea egin dezakete, eta horrela gertatu ezean, baldintzapeko eskaerak baliogabetu egingo dira. Horretaz baliatzen diren funtzionarioek hala adierazi beharko dute euren eskabideko C apartatuan, eta, horrez gain, baldintzatzen duen pertsonaren izen-abizenak eta IFZ aipatu beharko dituzte, eta beste funtzionarioaren eskabidearen fotokopia aurkeztu. Lehiakideetako batek C apartatuan ezer adierazten ez badu, bi eskaerak ezeztatu egingo dira.

        C apartatua betetzearekin ulertzen da abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuak onartu-tako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langile funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamenduaren 48.2 artikuluan aurreikusitako baldintzapeko eskaera egiten dela.

        Seigarrena. Lehiaketaren baremazioa.

        Alegatutako eta egiaztatutako merezimenduak baloratzeko, eskabideak aurkezteko epearen amaiera-data hartuko da kontuan.

        Merezimenduak baremo honen arabera ebaluatuko dira:

        1. Antzinatasuna, gehienez 60 puntu. Auzitegiko Medikuen Kidegoan zerbitzuak titular gisa emandako urte oso bakoitzeko 2 puntu emango dira. Urtera iristen ez diren aldiak proportzionalki zenbatuko dira, honela: eguneko 0,00555556. Hilabeteak 30 egun dituela joko da.

        2. Euskara jakitea, ahoz eta idatziz, gehienez 12 puntu. Beste hizkuntza batzuk jakitea honela balioetsiko da:

          1. B2 mailaren edo 2. hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiria, edo titulu homologatuak: lau puntu.

          2. C1 mailaren edo 3. hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiria, edo titulu homologatuak: zortzi puntu.

          3. C2 mailaren edo 4. hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiria, edo titulu homologatuak: hamabi puntu.

            Adierazitako jakite-maila hori behar bezala egiaztatu beharko da aurkeztutako tituluaren eta titulu horri dagokion mailaren ziurtagiri ofizialaren edo homologazioaren bitartez, eta horiek eskabideak aurkezteko epearen barruan entregatu beharko dira. Aurkezten diren dokumentuak hizkuntzaren jakintza hori egiaztatzen dutenak fotokopia konpultsatuak izango dira, eta baldintza hori betetzen ez dutenak ez dira balioetsiko.

            Ziurtagiri horiek ez dira metatuko, eta, beraz, lehiakideak maila bat baino gehiagoko tituluak baditu, gorenekoa bakarrik balioetsiko da.

            Lehiaketa honek fase bakar bat izango du, eta baremoaren A) eta B) aparatuetan azaltzen diren merezimenduak balioetsiko dira bertan.

            Zazpigarrena. Lanpostuen esleipena.

            Lanpostuak esleitzeko lehentasun-hurrenkera deialdi honen seigarren oinarrian ezarritako baremoen arabera lortzen den puntuazio osoak emango du.

            Guztizko puntuazioa batuta (hizkuntza barnean) berdinketa gertatuz gero, lanpostua nori eman behar zaion erabakitzeko, kasuan kasuko kidegoan antzinatasun handiena nork duen hartuko da aintzat, eta hala eta guztiz ere berdinketa badago, kidego horretan sartzeko hautatze-prozesuan lortutako hurrenkera hartuko da kontuan (bertako hizkuntza eta zuzenbidea barne).

            Zortzigarrena. Esleitutako destinoen nondik norakoa.

          1. Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira Zerbitzuagatiko Kalte Ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako, eta, hortaz, ez dute inolako kalte-ordainik kobratzeko eskubiderik emango.

          2. Lanpostuari ezingo zaio uko egin, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langile funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamenduaren 53. artikuluan araututakoaren arabera. Erregelamendua abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren bidez onartu zen.

            Bederatzigarrena. Lehiaketaren ebazpena.

          1. Lehiaketa hau Justizia Ministerioak eta lehiaketarako deia egiten duen Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ebatziko dute, bata bestearekin koordinatuta. Ebazpena emateko epea sei hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera.

          2. Ebazpenean datu hauek azalduko dira: destinoa eman zaien interesdunen jatorrizko lanpostua eta herria, funtzionario horien egoera administratiboa (zerbitzu aktiboan ez baldin badaude), eta funtzionario bakoitzari esleitu zaion lanpostua.

            Hamargarrena. Errekurtsoak.

            Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean edo Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen Legean. Bestela, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluek ezarritako moduan.

            Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 25a.

            Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

            BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

            (Ikus .PDF)

            (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.