Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2023ko maiatzaren 9koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2023. urtean, ikus-entzunezkoen arloko proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 101
- Hurrenkera-zk.: 2537
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2023/05/09
- Argitaratze-data: 2023/05/30
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuan bildutako xedapenekin bat etorriz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte eta kultura mailako jarduerak sustatu, finkatu edota hedatzeko eskumenak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak.
Aipatutako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egoki irizten dio proiektuak garatzeko dirulaguntza lerro espezifiko bat ezartzeari. Lerro horren bidez, izan ere, ikus-entzunezko produkzioaren aurretiazko jarduerak sustatuko ditu, eta jarduera horien artean nabarmentzekoa da gidoien garapena. Hartara, ikus-entzunezko sektoreak ekoizten dituen obren kalitatea eta bideragarritasuna handiagoa izango da.
Munduko ikus-entzunezkoen industria bere negozio-ereduak aldatzen ari da, kontsumo-ohitura berrien ondorioz eta plataformak zinema-areto tradizionalen alternatiba gisa agertzearen ondorioz. Testuinguru horretan, serieak ikus-entzunezkoen industriarako aukera-produktu gisa agertu dira, eta egonkortasuna eta jarraitutasuna eskaini diete ikus-entzunezko enpresei.
Animazioaren sektorea dinamikoenetakoa izaten ari da, eta etorkizunerako proiekzio handiena duena. Gamifikazioko joera berrien ondorioz, animazioa beste tresna bat da hainbat sektore ekonomikotan.
Agindu honetan, beraz, gure industriaren ikus-entzunezkoen garapenerako gaitasunari erantzuteaz gain, bi azpisektoreen berezitasunei ere erantzun nahi zaie.
Halaber, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2021-2024 aldirako onartu duen plan estrategikoaren barruan dago sartuta. Plan hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bitartez onartu zen.
Kultura arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudiaren barruan, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hau jarri zen indarrean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua (aurrerantzean, Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra), zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietako bat izan da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. apartatuan agertzen diren eta notifikazio beharrik ez daukaten estatu dirulaguntzen kategoriak zabaltzea. Kategorien artean daude ondare eta kulturako dirulaguntzak, eta, zehatzago, ikus-entzunezkoenak. Beraz, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz.
Horiek horrela, hau
Agindu honen xedea 2023ko ekitaldian zehar edozein hedabidetarako edo edozein euskarritarako film luze, serie edo miniserie proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egin eta horretarako baldintzak ezartzea da. Honako hau joko da «proiektuen garapentzat»: ikus-entzunezko ekoizpen baten prestaketa eta diseinua, 2023. eta 2024. urteetan zehar egingo direnak, betiere produkzio-fasearen beraren aurretik egin behar diren operazioetan zentratuta.
Dirulaguntza hauetarako, guztira 400.000 euro daude jarrita.
Deialdi honek barne hartzen dituen laguntza-modalitateen arabera, zenbateko osoa honela banatuko da:
Film luzeak garatzeko dirulaguntzak, II. kapituluan ezarritako moduan: 200.000 euro.
Serieak eta miniserieak garatzeko dirulaguntzak III. kapituluan ezarritako moduan: 200.000 euro.
Eskaerarik ez dagoelako edo dauden eskaerek balorazio fasean gutxieneko puntuazioa gainditzen ez dutelako modalitateetako bati bideratutako diru-kopurua agortzen ez bada, sobera geratzen den kopurua oraindik ebazteke dagoen beste modalitateko proiektuetara/programetara bideratuko du dagokion Balorazio Batzordeak, betiere, erabaki gabe badago. Horretarako, proiektu/programa horien balorazioaren ondoriozko hurrenkerari eta puntuazioari jarraituko zaie, harik eta soberakin ekonomikoa agortzen den arte.
Deialdi honetatik kanpo geratzen dira:
Film laburrak.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren gidoi zinematografikoak sortzeko 2023rako laguntza-deialdira aurkezten diren proiektuak.
Eskabidea aurkezteko unean filmatzen hasiak diren proiektuak.
Telebistarako edo plataformetarako programak (talent show-ak, lehiaketak, reality show-ak, streaming, influencer edo youtuber serieak, etab.).
Telebista plataformen edo telebista kanalen laguntza edo garapen-kontratua lortu duten proiektuak.
Produkziorako laguntzak eskuratzeko honako baldintza hauek bete behar dira: ekoizle independentea den pertsona fisiko edota juridiko independente izatea, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean egoitza izatea eta, laguntza jasoz gero, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izatea edo izateko konpromisoa hartzea.
Ekoizle independentetzat hartuko dira Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluan n) letraren definizioan halakotzat hartzen den pertsona fisikoa edo juridikoa.
Pertsona fisiko edota juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluak zer dioen hartuko da aintzakotzat.
Dirulaguntza koprodukzio batentzat eskatzen denean, eskatzaileak ikus-entzunezko produkzioaren % 25eko titulartasuna izan beharko du gutxienez.
Ezin izango dira onuradun izan dena delako enpresak, laguntzaren bat itzultzeko agindua jaso badute, aldez aurretik Europako Batzordeak hala erabaki duelako, laguntza hori legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela iritzita; beste horrenbeste gertatuko da krisian dauden enpresekin ere. Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definituta dago.
Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak egunean izan behar dira, bai eta Gizarte Segurantzaren ordainketak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun-izaerari eusteko, eta, beraz, dirulaguntza ematen denean eta ordainketak egiten direnean egiaztatuko da baldintza hori betetzen dela.
Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskatu laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute dirulaguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluaren arabera (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak aldatua, zeinaren bidez onartzen baita Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina). Artikulu horren arabera, ezin izango zaio inolako laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen ezein jarduerari, ez eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penalen bat jaso duten pertsona fisiko eta juridikoei ere, kasuan kasuko zigorrak irauten duen bitartean. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten enpresek, ez baldin badute, ezta 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legedian ezarritakoaren arabera.
Halaber, pertsona edo entitate onuradunek Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako gainerako baldintzak bete beharko dituzte.
Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake deialdi honetara, baina onuradun bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio dirulaguntza emango, 14. artikuluko 8 idatz-zatian jasotzen den moduan.
Proiektu bera gehienez bi deialditara aurkeztu ahal izango da, agindu honetan jasotako modalitateren batean.
Onuradun izateko baldintza guztiak bete beharko dira aldi osoan, emandako laguntza likidatu arte.
Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko denez, soilik finkatutako irizpideak aplikatuz balorazio handiagoa lortu dutenek jasoko dute laguntza, betiere ezarri den gehieneko dirulaguntzaren muga errespetatuta.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.
Dirulaguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Pertsona fisikoek bide elektronikoak edo presentzialak erabili ahal dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat presentziala edo elektronikoa aukeratzeak ez du esan nahi aldatu ezin daitekeenik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen du-eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak.
Bide presentziala: Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, hitzordua aurretik eskatuta soilik (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako establezimenduen aurrean.
Bide elektronikoa: Eskabideak euskadi.eus helbidearen egoitza elektronikoan edota artikulu honen 4. apartatuan aipatzen diren helbideetan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoen aurrean.
Pertsona juridikoek bide elektronikoak erabiliko dituzte deialdi honetako izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.
Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, ziurtagiriak eta gainerako ereduak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak eskuragarri daude erregistro-arloko laguntza-bulegoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:
Film luzeak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276311
Serieak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276312
Bide elektronikoa aukeratzen dutenek helbide honetan egin ditzakete eskabidearen ondoko izapideak: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskaren Erabilera arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
Eskaerarekin batera 7. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztuko dira.
Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoek, erabilitako bidea presentziala edo elektronikoa edozein dela ere, ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
Deskargatzeko ereduak erabiliko dira, halakoak daudenean, eta ereduaren formatuan aurkeztuko dira.
Bestelako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, ahal dela.
Dokumentazio elektroniko guztiaren gehieneko tamaina 30 Mb izango da.
Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira, kontsultatu ahal izateko, dagokien agirian.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute dagoeneko administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko. Dokumentu horien bidez, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunak horren aurka egiten ez badu behintzat. Kasu horretan, eskatzaileak egiaztatu beharko ditu.
Eskabideak aurkezteak adierazten du deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartzen direla.
Eskaerarekin aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira:
Eskatzaileari dagokionez:
Pertsona fisikoa izanez gero: Eskaera sinatzen duenaren nortasunari egiaztatzeko agiriak.
Pertsona juridikoak izanez gero: Administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateek eskaeran adieraziko dute zer erregistrotan dauden inskribaturik, eta ez da beharrezkoa izango horren inguruko dokumentaziorik aurkeztea.
Beste administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateek eratze-eskritura eta estatutuak egiaztatu beharko dituzte, bai eta dagozkien erregistro publikoetan izena emanda daudela egiaztatzen duen agiria eta legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena ere.
Zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.
Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, pertsona edo eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, eta horretarako ez du pertsona edo entitate horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluak. Nolanahi ere, pertsona eskatzaileak egiaztapena egiteko modu arrazoituan egin ahal izango du egiaztapen horren aurka, baina, kasu horretan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du. Pertsona edo entitate interesdunak, Nafarroako Ogasunean zergak ordaintzen baditu, zerga betebeharrak betetzen dituela egiaztatu beharko du dagokion egiaztagiriaren bitartez.
Proiektuari dagokion dokumentazioa:
Proiektu berarentzat eskatu eta lortu diren beste laguntzen gaineko adierazpena eta laguntzen zenbatekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ezarritako ereduaren arabera:
Film luzeak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276311
Serieak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276312
Proiektuaren argibide-memoria. Bertan jaso behar da garatu beharreko estrategia eta garapenean aurreikusten diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta egutegia, garapenaren hasiera eta bukaeraren data zehatzekin. Bertan berariaz adieraziko da zein merkatutara joko den, eta nahitaezkoa izango da gutxienez nazioarteko bi merkatutara eta/edo proiektua garatzeko nazioarteko bi laborategitara joatea.
Gidoiaren sinopsia (orri 1) film luzeetan, eta lehenengo denboraldiko gidoiaren sinopsia (orri 1) serietan.
Gidoia, eta ez badago, gidoiaren trataera sekuentziala gehi elkarrizketatutako sekuentzia oso bat (gehienez 35 orri). Serien kasuan, kapitulu pilotuaren gidoi osoa eta lehenengo denboraldiko gidoiaren sinopsia. Dokumentalen kasuan, gidoiaren tratamendua.
Gidoiaren gaineko eta, hala badagokio, lehendik dagoen obraren gaineko ustiapen-eskubideak dituela egiaztatzea, edo, halakorik ezean, eskubideak lagatzeko aukeraren eta etorkizuneko kontratuaren baldintzak itunduak dituela egiaztatzea.
Proiektuaren aurrekontua, partidaka banatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.
Produkzioaren aurrekontu orientagarri orokorra eta finantzazio-plana.
Garatu beharreko obrari buruzko informazioa, obraren intentzionalitate artistikoa eta zer publikori zuzentzen zaion. Serietan, gainera, pertsonaien bilbe-mapa eta arku dramatikoa seriean zehar.
Zuzendariaren eta gidoilariaren ibilbide artistiko profesionala. Zuzendariak ez badu inoiz luzerik egin, baina bai aldiz film laburrik, aurretik egindako film labur horien guztien kopia erreferentzia.
Gidoilariarekin edota zuzendariarekin sinatutako akordioa, garapen-lanak egiteko.
Proiektuen garapenean parte hartzen duten arduradun artistikoek, zuzendariek, gidoilariek eta abarrek sinatutako erantzukizunpeko adierazpenak edo intereseko itunak.
Produkzio-etxearen azken bost urteotako historia profesionala eta datozen bi urteotako ekoizpen-aurreikuspenak, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu beteginak ezartzen duenari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskaerarekin barera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, honako betebehar hauek egiaztatutako dira:
Eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.
Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra dauka, edo egoitza irekitzeko konpromisoa hartzen du, laguntza jasoz gero.
Eskatzailea ekoizle pribatu independentea da, abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluko n) apartatuak xedatutakoaren arabera (Zinemaren Legea).
Eskatzailea ez da krisian dagoen enpresa bat, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C249, 2014-07-31koa). Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definituta dago.
Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraziko du eskatzaileak, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ikusten bada zerbait falta dela edo errakuntzak daudela, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan, eta horretarako hamar egun balioduneko epea emango zaio, dagokion jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik kontatuta. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
Bitarteko elektronikoak erabiltzera behartua dagoen norbaitek bide presentziala erabiliz aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio interesdunari. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.
Aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da.
Batzordeko kideak hauek izango dira:
Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta, falta denean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19.2 artikuluan aurreikusitakoa hartuko da kontuan.
Kideak: lau aditu-profesional, Kulturako sailburuordeak izendatuak eta aztertu beharko dituzten laguntza-modalitateekin zerikusia dutenak.
Batzordeko idazkari gisa, baina batzordekide izan gabe, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat arituko da, bertako zuzendariak izendaturik. Idazkariari dagokio batzordearen jokabidearen legalitate formalaz eta materialaz arduratzea. Halaber, Balorazio Batzordeek gai zehatzak aztertzeko egiten dituzten bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitz egin bai baina botorik ezin izango dute eman.
Balorazio Batzordearen behin betiko osaera argitara emango da, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.
Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan xedatutakoa beteko da.
Batzorde horrek, botoen gehiengoaren bidez, eskabidea onartzeko/ez onartzeko proposamena eta, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, dirulaguntza emateko/ez emateko proposamena aurkeztuko dizkio Kulturako sailburuordeari.
Proposamen horietan, ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek laguntzari uko egitea, edo deialdi honetan zehaztutako baldintzak ez betetzea edo ez onartzea. Halakorik gertatuz gero, ordezkoak jasoko duen dirulaguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari ordaindu gabe geratzen dena izango da, baina eskatutako kopuruaren barruan. Laguntzari uko egin, edo baldintzak onartu ez edo betetzen ez dituen onuradunak ordaindu zaion dirulaguntzaren zatia itzuli beharko dio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, bai eta aplikagarriak diren legezko interesak ere.
Balorazio Batzordeak, beharrezko ikusten dutenean eta aurkeztutako eskabideak egoki baloratze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango die eskatzaileei.
Balorazio Batzorderako izendatutako aditu-profesionalek zinpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako arrazoiren batean ez daudela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez dituztela erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egingo dutela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko dizkiotela.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak Kulturako sailburuordeak eman eta ebatziko ditu, Balorazio Batzordeak aurkeztutako proposamena ikusi ondoren. Horretarako epea 6 hilabetekoa izango da, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duenetik hasita.
Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei. Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren honako helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Jakinarazpen hori gorabehera, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Edozein motatako hautaketa-prozesu edo norgehiagoka-prozeduretako egintzak direnean, administrazio-egintzak beti argitaratuko dira, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu, horrela baitago xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b artikuluan. Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat, aipatutako 39/2015 Legearen 41.7 artikuluaren arabera.
Ebazpenek ez dute administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haien aurka, gora-jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, horrela dago-eta xedatuta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.
Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
Pertsonak edo erakundeak itzulketa-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura hori amaitzearen mende geratuko da laguntza ematea, eta, itzulketa-prozedura amaituta, pertsonak itzultzeko betebeharra badu, soilik eman ahal izango da obligaziodun pertsonak zorra bere borondatez ordaintzen badu, edo zorra atzeratzen badu eta bermatzen badu, edo, itzulketa-ebazpena aurkaratzearen ondorioz, etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, pertsonak edo erakundeak onuradun izateko debekua izango luke, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez dituelako, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehen xedapen gehigarriaren arabera.
Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:
Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona/erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.
Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du, laguntzaren pertsona edo erakunde onuraduna erregistratuta ez badago, edo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu. Inprimaki hori helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
Dirulaguntzari eman zaion xede horretarako erabiltzea.
Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
Gutxienez, nazioarteko bi merkatutara eta/edo proiektua garatzeko nazioarteko bi laborategitara joatea. Betebehar hori laguntza justifikatzean egiaztatuko da, memorian adierazten den taldeko pertsonen merkatu-egiaztapena eta/edo laborategiko programa betetzen dela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztuta, erakunde kudeatzaileak emana.
Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Agindu honetako 13. artikuluan (diruz lagunduko diren gastuak) aipatzen diren jardueretako edozein ez burutzea, jarduera hasieran onartutako proiektuaren barruan agertzen bada, edo onartutako garapenaren aurrekontuan jasotako atalen batean % 20tik gorako aldaketak egitea, besteak beste, idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari, eta honek jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da. Aldaketa horiek emandako laguntza doitzea ekar dezakete. Inola ere ezingo da aldaketa hauen bidez dirulaguntzaren kopurua igo.
Onuradunek konpromisoa hartzen dute Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dutela aipatzeko, katalogoetan, programetan, iragarki-afixetan, argazkietan eta gainerako material grafikoan. Material hori euskaraz argitaratuko da, horregatik eragotzi gabe beste hizkuntzak ere erabiltzea.
Laguntza ematen duen organoari jakinaraztea Estatuko nahiz nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen direla, halakoak jasoz gero.
Argitaratutako promozio-material guztien ale bat Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan aurkeztea.
Onuradunak, laguntza emateko ebazpenaren berri duenetik, gehienez hamabi hilabeteko epea izango du proiektuaren jarduera-txostena eta 15.1.b artikuluan aipatutako gainerako agiriak aurkezteko, baina justifikatzeko azken eguna 2024ko abenduaren 15a izango da beti.
Onuradunak proiektua garatzeko aurrekontuaren % 32, gutxienez, erabili beharko du Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza edo establezimendua duten pertsona fisiko edo juridikoek egindako lanetarako. Koprodukzioen kasuan, aipaturiko % 32 hori aplikatuko zaio onuradunak ikus-entzunezko ekoizpenean duen partaidetza-kuotari.
Halaber, onuradunek, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak izango dituzte.
2023ko urtarrilaren 1etik agindu honen 15.1.b artikuluan ezarritako justifikazio-data arte egindako gastuak onartuko dira.
Diruz lagunduko diren gastuak honako hauek dira:
Obraren egile-eskubideak eskuratzea.
Gidoia garatzea: Berridazketa edo egokitzapena, elkarrizketak, kanpoko aholkularitza, itzulpena.
Promozio-materiala diseinatzea eta lantzea: Material inprimatua, teaser-a, trailerra, programa pilotua, story board-a, web-orria.
Marketing- eta banaketa-plana garatzea.
Merkatu eta koprodukzio-foroetara joatea: bidaia-gastuak, ostatua eta akreditazioak.
Casting-a egitea eta kokapenak bilatzea.
Ikerketa dokumentala eta, animaziozko proiektuetan, grafikoa egitea, eta artxiboak bilatzea.
Langile-gastua: Enpresako langileen soldatak eta Gizarte Segurantza. Aurrekontuaren % 15eko gehieneko gastua, eta, animazioaren kasuan, % 30ekoa.
Aholkularitza juridikoa eta fiskala aurkeztutako proiektuarentzat. Koprodukzio-kontratuen aholkularitza eta idazketa, aurresalmentak, obraren eskubideak, proiektuan parte hartuko duten profesionalekin kontratuak egitea.
Gastu orokorrak (aurrekontuaren % 5, gehienez).
Laguntzaren eskatzailea pertsona fisikoa bada, gehienez ere garapen-aurrekontuaren % 10 egotzi ahal izango da aurretik zerrendatutako diruz laguntzeko moduko gasturen batean egiten dituen lanetarako. Egindako lanak eta balorazio ekonomikoa justifikatzeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da.
Dirulaguntzaren eskaeraren xede diren garapen-lanak enpresa eskatzaileko langileek egin ahal izango dituzte, gehienez ere % 50era arte.
Balorazio fasean puntuazio onena jasotzen duten proiektuek jasoko dute dirulaguntza, balorazio horretan lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera, eta diru-zuzkidura osoa agortu arte.
Puntuazio onena lortzen duen proiektuari eskatutako kopurua emango zaio, betiere agindu honetan ezarritako mugen barruan badago. Gainerakoei proportzionalki murriztuko zaie kopurua lortutako puntuazioaren arabera. Ateratzen den zenbatekoa eskatutako zenbatekoaren % 60 baino txikiagoa bada, ez zaio dirulaguntzarik emango, eta zenbateko hori proportzionalki banatuko da puntuazio handiagoa duten gainerako proiektuen artean.
Laguntza jasotzeko, nahitaez lortu behar da puntuazioaren % 50 balorazio-fasean.
Agindu honetan ezarritako irizpideen arabera, proiektu zehatz bati zuzendutako laguntzaren zenbatekoak ezingo du proiektua garatzeko aurrekontuan jasotzen diren gastuen % 60 gainditu. Gastu horiek 13. artikuluan zehazten dira.
Gutxienez, jasotako zenbatekoaren % 45 gidoia garatzeko erabiliko da, animazio- eta dokumental-proiektuetarako izan ezik, horietan % 35 izan baitaiteke.
Laguntza koprodukzioa egiteko eskatzen bada, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza ez da ekoizle eskatzaileak duen partaidetza errealaren % 60 baino gehiago izango.
Beste laguntza publiko batzuk lortzen badira, laguntza guztien zenbatekoak, deialdi honen kargura ematen direnak barne, ezin du izan proiektuaren garapenaren kostuaren % 75 baino gehiago.
Produkzio-etxe bakoitzak deialdi honetarako eskabide bat baino gehiago aurkezteko duen aukerari kalterik egin gabe, pertsona onuradun bakoitzeko laguntza bakar bat eman ahal izango da. Hala bada, balorazio onena lortzen duen eskabideari emango zaio eta gainerakoak ezetsi egingo dira. Hortaz, beste eskatzaileen proiektu batzuei ere laguntzak eman ahal izango zaizkie, nahiz eta proiektuok beste onuradun baten bigarren eskabideak eta hurrengoek baino balorazio apalagoa lortu.
Ematen diren laguntzen ordainketa honela tramitatuko da:
Laguntza emateko unean % 50 ordainduko da.
Gainerako % 50a, honako agiri hauek jaso ondoren, eta laguntzaren erabilera eta kopurua agindu honetan ezarritakora egokitzen direla egiaztatu ondoren. Edonola ere, ordainketa 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera egingo da, eta justifikatzeko azken eguna urte horretako abenduaren 15a izango da:
Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izatea egiaztatzen duen agiria.
Proiektuaren jarduerei eta lortutako emaitzei buruzko txostena.
Behin-betiko aurrekontua, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.
Garapenaren gastuen zerrenda sailkatu bat, BEZik gabe. Zerrendak honako datu hauek jasoko ditu: hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioa, kopurua, jaulkipen-data eta, ahal bada, ordainketa-data, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.
Egin diren gastuak behar bezala frogatuko dira, jatorrizko fakturen edo kopia konpultsatuen bitartez, eta ordainketa egiaztatzen duten agirien bitartez.
Gidoia osorik eta zuzenduta.
Gidoilariarekin edo gidoilariekin sinatutako eskubideen lagapen-kontratua (gutxienez bi urterako), edo garatzeko dagoen lanaren eskubideak erosteko aukera eskaintzen duen kontratua (gutxienez bi urterako).
Lanerako plana berriro banakatzea eta produkzioaren behin-behineko aurrekontu berria.
Filmaketa egingo den lekuei buruzko agiriak.
Casting-ak egiteko behin-behineko proposamenak.
Finantzaketa-plan zehatza.
Marketing- eta banaketa-plan zehatza.
Proiektuaren sustapen-materialaren ale bat.
Nazioarteko merkatuen akreditazioak eta/edo proiektuak garatzeko nazioarteko laborategietan parte hartu izanaren bertaratze-ziurtagiriak.
Agiri horiek bide presentzialaren edo bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dira, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean pertsona fisikoak direnean. Pertsona juridikoak direnean, ordez, bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztu ahalko dira, aipatutako helbide elektronikaren bidez.
Kulturako sailburuordeak ofizioz edo onuradunek eskatuta erabaki ahal izango du justifikazio-epea luzatzea. Hala interesdunaren eskaera nola luzapenari buruzko erabakia, nolanahi ere, justifikatzeko gehieneko epea amaitu baino lehen egin beharko dira. Epea luzatzeak ezin izango du epe horren erdia gainditu, eta ezin izango die hirugarrenen eskubideei kalte egin. Epe hori luzatzea justifikazio-agiriak aurkezteko baino ez da izango, eta ez du balioko inola ere gastua egiteko epea luzatzeko.
Pertsonaren edo erakundearen itzulketa-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura hori amaitzearen mende geratuko da laguntza ematea, eta, itzulketa-prozedura amaituta, pertsonak itzultzeko betebeharra badu, soilik eman ahal izango da obligaziodun pertsonak zorra bere borondatez ordaintzen badu, edo zorra atzeratzen badu eta bermatzen badu, edo itzulketa-ebazpena aurkaratzen denean etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo erakundeak pertsona edo erakunde onuradun izateko debekua izango luke, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez dituelako, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehen xedapen gehigarriaren arabera.
Laguntza emateko orduan kontuan izan ziren baldintzetako edozein aldatuz gero baina helburua beteta, eta, betiere, deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzei eusten bazaie, eta aldi berean beste edozein entitate publiko eta pribatuk emandako beste dirulaguntzaren bat jasoz gero, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatuko da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du, eta esleitu diren laguntzen zenbatekoak berregokituko dira bertan.
Honako hauek izango dira ez-betetzeak:
Jasotako laguntzak, osorik zein partez, agindu honetan adierazi bezala onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
Hala badagokio, dirulaguntzaren kitapen-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.
Aurkeztutako proiektuan Kulturako sailburuordeak baimendu gabeko aldaketaren bat egitea.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluaren b), c), d), e), f) edota g) apartatuetan aurreikusitako ez-betetzeak.
Horrelako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako dirua eta horrek sortu dituen eta ikus-entzunezkoen alorrean aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio onuradunak, honako hauetan aurreikusitakoa bete ondoren: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duena.
Laguntza-modalitate honen barruan, film luzeak garatzen lagunduko da.
Ondorio horietarako, film luzetzat hartuko da ikus-entzunezko lan bat, fikziozkoa, animaziozkoa edo dokumentala, hirurogei minutu edo gehiagoko iraupena duena eta zinema-aretoetan, plataformetan edo telebistetan komertzialki ustiatzeko erabiltzen dena.
Gehienaz ere, laguntzen zenbatekoa ezin izango da hogeita bost mila (25.000,00) eurotik gorakoa izan, fikzioaren eta dokumentalen kasuan, eta berrogei mila (40.000,00) eurotik gorakoa, animazioaren kasuan.
Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertu, eta, jarraian aipatzen den baremoaren arabera, ondoren zehazten diren alderdiak baloratuko ditu:
Proiektuaren bideragarritasuna eta interesa (% 40). Bereziki honako hauek izango dira kontuan:
Aurrekontuaren egokitasuna proposatutako garapenarekin (% 10). Aurkeztutako aurrekontuaren eta memorian jasotako ekintzen eta merkatu-dinamiken arteko koherentzia baloratuko da.
Estimatutako produkzio aurrekontuaren eta finantzazio planaren egokitasuna (% 10).
Proiektuaren potentzialtasuna, nazioartean edota bertan koprodukzitzeko eta hedatzeko (% 10).
Proiektuaren interesa (% 10). Kontuan hartuko dira Euskadin ekimen artistiko eta enpresarial berrietarako eskaintzen dituen aukerak.
Gidoiaren kalitatea (% 30). Bereziki honako hauek izango dira kontuan:
Proposamenaren originaltasuna eta sormena (% 15). Istorioaren berezko garrantzia baloratuko da, baita kontatzeko modua ere.
Pertsonaien definizioa (fikzioa) / diseinua (animazioa) / parte-hartzaileak (dokumentalak) (% 10). Pertsonaien ñabardurak eta bilakaera baloratuko dira narrazioan, baita elkarrizketen kalitatea ere. Animazioaren kasuan, gainera, pertsonaien diseinuen originaltasuna eta kalitatea baloratuko dira (espresioak, poseak, grafismoa). Dokumentalen kasuan, parte-hartzaileen interesa, garrantzia eta historiarekiko lotura baloratuko dira.
Egitura eta garapena (% 5). Narrazio koherente eta egituratu bat baloratuko da, generorako eta publiko hartzailearentzat erritmo egokia mantenduko duena.
Ekoizlearen, gidoilariaren eta zuzendariaren ibilbidea (% 12). Aurretik egindako lanak kontuan hartuko dira, eta ez hainbeste egindako proiektuak, baizik eta jendaurrean izandako eragina eta balorazioa eta komunikabide espezializatuetan agertzen diren kritikak baloratuko dira.
Jatorrizko bertsioa euskaraz izatea (% 5). Jatorrizko euskarazko bertsiotzat hartuko da aurkeztutako gidoiaren % 70 baino gehiago euskaraz idatzita badago.
Proiektuaren ibilbidea (% 3): kontuan hartuko da ikus-entzunezko proiektuak laguntza jaso izana Eusko Jaurlaritzak gidoiak sortzeko modalitatean egin izan dituen aurreko beste deialdietan, edo beste administrazio edo organismo batzuek garapenerako emandako bestelako laguntzak lortu izana. Ibilbidea kontuan hartzeko, aipatu laguntza amaitua eta deialdi horren araudiaren arabera behar bezala justifikatua egon behar da.
Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza-, gidoigintza- eta ekoizpen exekutiboko lanetan (% 10). 3 puntu emango dira lanpostu bakoitzeko. Aparteko puntu bat emango da aipatutako hiru lanpostuak emakumeei badagozkie. Emakumearen parte-hartzea esklusiboa den kasuetan soilik emango ditu puntuak.
Laguntza-modalitate honen barruan, fikziozko, animaziozko eta dokumentalezko serieak eta miniserieak garatzen lagunduko da.
Serietzat hartuko dira ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izan, guztira gutxienez 135 minutuko iraupena dutenak, lehen denboraldiari dagozkion 3 kapitulurekin gutxienez, eta zine aretoetan, telebistetan edo bestelako hedapen-moduetan ustiatzeko direnak.
Miniserietzat hartuko dira ikus-entzunezko proiektuak, izan fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izanik, gutxienez 2 kapitulu eta guztira 90 minutuko iraupena dutenak. Proiektu horiek zine aretoetan, telebistetan edo plataformetan merkaturatzeko ustiatu behar dira.
Gehienez ere, laguntzen zenbatekoa ezin izango da hogeita hamabost mila (35.000.00) eurotik gorakoa izan, fikziozko edo dokumentalezko seriearen edo miniseriaren kasuan, eta berrogeita bost mila (45.000,00) eurotik gorakoa, animaziozko seriearen edo miniseriaren kasuan.
Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertu, eta, jarraian aipatzen den baremoaren arabera, ondoren zehazten diren alderdiak baloratuko ditu:
Proiektuaren bideragarritasuna eta interesa (% 40). Bereziki honako hauek izango dira kontuan:
Aurrekontuaren egokitasuna proposatutako garapenarekin (% 10). Aurkeztutako aurrekontuaren eta memorian jasotako ekintzen eta merkatu-dinamiken arteko koherentzia baloratuko da.
Estimatutako produkzio aurrekontuaren eta finantzazio planaren egokitasuna (% 10).
Nazioartean edo bertan koproduzitzeko eta hedatzeko potentzialtasuna (% 10).
Proiektuaren interesa (% 10). Kontuan hartuko dira Euskadin ekimen artistiko eta enpresarial berrietarako eskaintzen dituen aukerak.
Gidoiaren kalitatea (% 30). Bereziki honako hauek izango dira kontuan:
Proposamenaren originaltasuna eta sormena (% 10). Istorioaren berezko garrantzia baloratuko da, baita kontatzeko modua ere; eta, aldi berean, xede den publikoak zehaztuko duena.
Pertsonaien definizioa (fikzioa) / diseinua (animazioa) / parte-hartzaileak (dokumentalak) (% 15). Pertsonaien ñabardurak eta bilakaera baloratuko dira narrazioan, baita elkarrizketen kalitatea ere. Animazioaren kasuan, gainera, pertsonaien diseinuen originaltasuna eta kalitatea baloratuko dira (espresioak, poseak, grafismoa). Dokumentalen kasuan, parte-hartzaileen interesa, garrantzia eta historiarekiko lotura baloratuko dira.
Egitura eta garapena (% 5). Narrazio koherente eta egituratu bat baloratuko da, generorako eta publiko hartzailearentzat erritmo egokia mantenduko duena.
Ekoizlearen, gidoilariaren eta zuzendariaren ibilbidea (% 15): Aurretik egindako lanak kontuan hartuko dira, eta ez hainbeste egindako proiektuak, baizik eta jendaurrean izandako eragina eta balorazioa eta komunikabide espezializatuetan agertzen diren kritikak baloratuko dira.
Jatorrizko bertsioa euskaraz izatea (% 5). Jatorrizko euskarazko bertsiotzat hartuko da aurkeztutako gidoiaren % 70 baino gehiago euskaraz idatzita badago.
Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza-, gidoigintza- eta ekoizpen exekutiboko lanetan (% 10). 3 puntu emango dira lanpostu bakoitzeko. Aparteko puntu bat emango da aipatutako hiru lanpostuak emakumeei badagozkie. Emakumearen parte-hartzea esklusiboa den kasuetan soilik emango ditu puntuak.
Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Kultura eta sormen eremura bideratutako laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: Kultura eta sormen sektoreko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamendua arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten administrazioak.
Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu; baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazioa gehigarri eta zehaztua:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna /024300-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuan Babeserako Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 9a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: EBAZPENA, 2023ko urriaren 10ekoa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez argitaratzen baita ikus-entzunezkoen arloko proiektuak garatzeko dirulaguntzetarako deialdia egiten duen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2023ko maiatzaren 9ko Aginduaren babesean emandako dirulaguntzen zerrenda.
- Ikus: EBAZPENA, 2023ko ekainaren 22koa, Kulturako sailburuordearena, ikus-entzunezkoen arloan proiektuen garapenaren aldeko dirulaguntzetarako deialdia egiten duen Aginduaren babesean aurkeztutako eskabideak ebaluatuko dituen Balorazio Batzordeko kideak izendatzen dituena eta Batzordearen osaera argitaratzen duena.