Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 10ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira gizarte-ekonomiako enpresa-lankidetzarako laguntzen deialdirako oinarriak, eta horien deialdia egiten baita 2023. urterako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 92
  • Hurrenkera-zk.: 2321
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/05/10
  • Argitaratze-data: 2023/05/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Gizarte-ekonomiaren eremuan aplikatutako doktrinaren arabera, gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetza era honetako sozietateen nortasun-balioetako bat da. Hala, bere egiten du seigarren printzipio kooperatiboa. Agindu honek enpresa-aliantzak ezartzea sustatu eta babestu nahi du, hura azaltzen duten berezko bi arrazoietan oinarrituta: alde batetik, gizartearekin etikoki konprometituta dauden enpresen arteko elkarrekiko laguntza eta elkartasuna; bestetik, gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetza zuzenean negozioak egitearen ondoriozko onura ekonomikoen azterketa eta lorpena.

Ekitaldi honetarako, diruz lagun daitezkeen bi jarduera berri sartu dira. Horietako lehena enpresa-lankidetzarako proiektuak sortzeko beharrezko aldez aurreko sarea sortzea da. Horretarako, batez ere proiektu horiek ahalbidetzen dituzten estrategiak diseinatzean oinarrituko litzateke. Lankidetzaren ibilbidea zehazteko orduan antzemandako zailtasunen ondorioz, enpresa-lankidetzarako proiektu berriak ahalbidetuko dituzten egiturak sustatzeko beharra dago. Horregatik, azterketa horiek proiektu berriak garatzen laguntzen dute.

Bigarren jarduerak gizarte-ekonomiako enpresek edo erakundeek kontratazio publikoa eskuratzeko orduan erraztasunak izateko irizpideak eta tresnak sustatu eta indartu nahi ditu (klausula sozialak).

Deialdi hau Lan eta Enplegu Sailaren 2023ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Plana https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/lan-enplegu-saila webgunean argitaratuta dago.

Horrenbestez, abenduaren 23ko 15/2021 Legea (Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, bat etorriz Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

Agindu honen xedea da gizarte-ekonomiko erakundeek enpresa-lankidetzako ekintzak egiteko Eusko Jaurlaritzak Lan eta Enplegu Sailaren bitartez 2023ko ekitaldian emango dituen laguntzetarako deialdia egiteko oinarriak onartzea, eta 2023. urterako deialdia egitea.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduera hauek finantzatzeko izango dira:

    1. Lankidetza-proiektu bat egitea eta ezartzea.

      Lankidetza-akordioak egiteko aukeraren eta bideragarritasunaren inguruan egindakoak hartuko dira lankidetza-proiektutzat eta, besteak beste, gai hauei buruzkoak izango dira: ondasun eta zerbitzuen salerosketari buruzko lankidetza-tresnak ezartzea, berrikuntzarako estrategiak elkarrekin diseinatzea, kostua murriztea eta kalitatea hobetzea, teknologia elkarrekin erostea, baterako finantzaketa-tresnak erabiltzea, ingurumen-jasangarritasuneko neurriak ezartzen koordinazioan aritzea, eta, oro har, zerbitzuak batera kontratatzea.

    2. Elkartuen artean bateratutako estrategiak diseinatzea, berrikuntzarako edo jardueren dibertsifikaziorako; sinergien, eskalako ekonomien eta lotutako arloetako aukeren zioz.

    3. Akordioak prestatzea eta formalizatzea, bai eta enpresak nahiz enpresa-lankidetzako egiturak sortzea ere.

    4. Gizarte-ekonomiako enpresen bat-egitea prestatzea eta formalizatzea.

    5. Gizarte-ekonomiako erakundeen bat-egitearen ostean enpresaren batean langile bazkide gisa sartu diren pertsona fisikoek kapital sozialera egindako ekarpena. Fusionatutako edo xurgatutako erakundetik ez datorren kapital soziala soilik hartuko da kontuan.

    6. Euskadiko gizarte-ekonomiako erakunde ordezkagarrienek beren elkartuentzat egindako lankidetza-jarduerak, 2.1.a) artikuluan azaldutako helbururen bat egiteko aukerak edo erraztasunak jartzen dituztenak, bai eta elkartuen artean lankidetzan diseinatutako mekanismoak eta tresnak ezartzen laguntzen dutenak ere.

    7. Familiek partekatutako erronkak identifikatzeko eta gizarte-ekonomiako familia desberdinen eragin positiboa gizartean ezagutzera emateko modua programatzeko lankidetza-jarduerak.

    8. Kontratazio publikoari buruzko araudiak aitortutako irizpide eta tresnen aplikazioaren egoeraren diagnostikoa, gizarte-ekonomiako enpresek edo erakundeek bertan duten partaidetza errazteko; eta hori sustatzeko hartu beharreko neurriak.

  2. Aurten hasi behar dute agindu honen indarrez dirulaguntza izan dezaketen jarduerek, eta 2024ko ekainaren 30a baino lehenago amaitu.

  1. Agindu honen xedea betetzeko, ehun eta hirurogeita zazpi mila (167.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: ehun eta hogeita bost mila berrehun eta berrogeita hamar (125.250) euroko ordainketa-kreditua, 2023ko ekitaldirako; eta berrogeita bat mila zazpiehun eta berrogeita hamar (41.750) euroko konpromiso-kreditua, 2024ko ekitaldirako.

  2. Laguntzak esleitzeko, aldibereko konkurrentzia-prozedura erabiliko da, lehiarik gabekoa; prozedura horretan, eskabide guztiek aukera izango dute deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta forman formulatzen badituzte, eta egiaztatzen badute betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela. Horretarako, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion eskabide bakoitzari, aintzat hartuta zein diren agindu honen 11. artikuluan aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.

  3. Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta artikulu honen 1. paragrafoan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko. Hala ez bada, sobera geratzen den zenbatekoarekin, murrizketa lineala aplikatuko zaie kalkulatutako zenbatekoei, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.

Baldintzak betetzen dituzten erakunde edo pertsonek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) 2.1.a), 2.1.c) eta 2.1.d) artikuluan adierazitako jardueretarako: gizarte-ekonomiako enpresa-lankidetzako egiturak, lan-sozietateak eta sozietate kooperatiboak, beren jarduera batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dutenak.

b) 2.1.b) artikuluan jasotako jardueretarako: gizarte-ekonomiako enpresek osatutako erakundeak (kooperatibak edo lan-sozietateak), beren helburuen artean elkartuentzako jarduera berriak sustatzea dutenak.

c) 2.1.e) artikuluan jasotako jardueretarako: gizarte-ekonomiako enpresen bat-egiteko prozesuan xurgatuta geratzen diren erakundeetako bazkideak.

d) 2.1.f) artikuluan jasotako jardueretarako: gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeen familia desberdinen ordezkagarrienak diren elkarte-erakundeak, beren jarduera batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dutenak.

e) 2.1.g) eta 2.1.h) artikuluan jasotako jardueretarako: federazioak, kooperatiba-konfederazioak, behar bezala eratu eta inskribatutako gizarte-ekonomiako beste elkartze-egitura batzuk, gizarte-ekonomiako bigarren graduko elkarte-erakundeak eta lan-sozietateen taldeak.

Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako bigarren graduko elkartetzat joko dira honako baldintza hau betetzen duten elkarte-egiturak: Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legeak araututakoaren arabera, elkarteak izatea, alegia, eta euren kideak ere bai.

  1. Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, pertsona eta erakunde onuradunek honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte, hala badagokio:

    1. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

    2. Ez edukitzea ezarrita dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor-arloko edo administrazio-arloko zehapenik, eta ez egotea hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean.

    3. Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, hala eskabidea egiteko unean, nola ordainketen unean.

    4. Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako bestelako laguntzak zein egoeratan dauden adierazteko (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

    5. Berdintasun-plan bat izatea indarrean, baldin eta beharrezkoa bada Estatuko araudiaren arabera. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, neurriak izatea sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

    6. Kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izateko berariazko bitartekoak sartzea, 50 bazkidetik gora dituzten sozietate kooperatiboetarako.

  2. Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

  3. Erakunde eskatzaileari dirulaguntza izateko eskubidea aitortzen bazaio, behar diren zabalkunde-neurriak hartuko ditu era egokian iragartzeko agindu honen kargupeko jardueren finantzaketa publikoa dela eta, era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako gainerako baldintzak bete beharko ditu. Beharrezkoa da egindako jardueren justifikazio-memoria bat egitea, nahitaezkoa baita dirulaguntzaren bigarren ordainketa eskatzeko; memoria horretan betebeharrak gauzatzeko hartu diren neurriak adieraziko ditu esplizituki.

  1. Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, pertsona eta erakunde onuradunek adierazi behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zehazten diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Kasu honetan, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, adierazpenean aipatutako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkezteko eskatuko da, eta, halaber, adierazpenean aipatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkezteko eskatuko da, aurreko artikuluaren a), c) eta f) apartatuen kasuan.

  2. Eskabidea aurkeztean baimena ematen da Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak automatikoki egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete egiten direla, salbu eta berariaz ukatzen bada baimen hori. Kasu horretan, erakunde onuradunak Ogasun eta Gizarte Segurantzako administrazio-instantziek igorritako ziurtagiri egokiak aurkeztu beharko dituzte. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko eta onuradun gisa jarraitzeko, harik eta onartutako dirulaguntza likidatu arte; horrenbestez, dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean, egiaztatu egingo da ea betetzen diren betebehar horiek.

  3. Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakundeek edo pertsonek idatziz bazter dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izatea. Kasu horretan, pertsona edo erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu eskatutako nahitaezko agiriak.

  4. Eskabidearen barruan doan erantzukizunpeko adierazpenean berariaz jasoko da erakunde onuradunek Estatuko araudia betetzen dutela berdintasun-planei dagokienez, eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriei dagokienez, Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

  5. Eskabidearen barruan jasotako erantzukizunpeko adierazpenean, erakunde onuradunek berariaz adieraziko dute bete egiten dutela kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izateko berariazko bitartekoak sartzeko betebeharra, 50 bazkidetik gora duten sozietate kooperatiboen kasuan.

  1. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan eta bat datozen gainerakoetan ezarritakoaren arabera, 2.1.d) artikuluan jasotako laguntzak eskuratzeko eskabideak aurrez aurre nahiz elektronikoki erabili ahalko dira, indarreko araudian ezarritako baldintzetan. Gainerako jardueretarako eskabideak soilik bitarteko elektronikoen bidez izapidetuko dira.

  2. Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia eskuragarri jarriko dira administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1011710

  3. Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  5. Prozedura guztia ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da, eta, horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroen izena eman beharko du, honako helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  1. Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1011710

  2. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  3. Pertsona eta erakunde interesdunek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten moduan. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

    2.1.a), 2.1.b), 2.1.c), 2.1.d), 2.1.f), 2.1.g) eta 2.1.h) artikuluarekin lotutako jardueretan:

    Lankidetzako proiektuaren edo jardueraren azalpen-memoria, hauek adierazita:

    Jarduera-mota: azterlana, akordioak formalizatzea, enpresa-lankidetzako egiturak sortzea eta bat-egitea.

    Parte hartzen duten enpresak, eta horietako bakoitzaren bazkide-kopurua.

    Kalkulatutako aurrekontua.

    Kostuetako partaidetza-portzentajeak.

    Faseak, iraupena, metodologia eta, bat-egiteen kasuan, bat egindako erakundeen xedea betetzeko lankidetza-era horrek duen egokitasun handiagoaren azalpena.

    Aholkularitza-erakunde batek parte hartzen badu: aholkularitza-enpresaren datuak, azterlana egiten lankidetzan aritzeko akordioa eta agindu honen 11.5 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.

    2.1.e) artikuluarekin lotutako jardueretan:

    Bazkide-izaera egiaztatu behar da, administrazio-organoaren erabakiari buruzko ziurtagiriaren bidez, non zehaztuko baita noiz hartu den behin betiko eta eskubide osoko bazkide-izaera.

    Sozietateak emandako ziurtagiria, non adieraziko baita zenbateko kapitala harpidetu duen eskatzaileak enpresan bazkide gisa sartzeko. Ziurtagiri horretan, kasuan-kasuan, banaka adierazi beharko dira sarrera-kuotari eta hasierako ekarpenari buruzko kopuruak.

  2. Pertsona edo erakunde eskatzaileari dirulaguntzarako eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntza horren abonua jasotzeko, Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena (emanda ez badauka edo datuak aldatu nahi baditu). Altak edo aldaketak helbide honetan egin daitezke: https://www.euskadi.net/hirugarrenak

Baldin eta dirulaguntzen eskabideen termino guztiak ez badaude beteta edo ez badatoz bat nahitaezko dokumentazioarekin, pertsona edo erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela atzera egin duela eskabidean. Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

  1. Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira, 2.1.a) eta 2.1.b) artikuluko kasuetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokitzen direnak.

    b) artikuluko kasuetarako, lehen aipatutako 31. artikuluan jasotakoez gain, diruz lagun daitezkeen gastutzat joko dira integrazio-erakundeko koordinazio-gastuak, hau da, integrazio-erakundeko lanorduak (laneko bazkideen orduak, ez elkartuenak), diseinu grafikoaren prozesua garatzeko gastuak (esaterako, materialak, alokairua eta antzekoak tarteko egindako gastuak) eta integrazio-erakundeak egindako kanpo-aholkularitzaren gastuak, beharrezkoa denean.

    Bestetik, 2.1.c) eta 2.1.d) artikuluko kasuetarako, goian aipatutako 31. artikuluan jasotakoez gain, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira lege- edo ekonomia-arloko aholkularitzaren minutaren gastuak eta akordioak formalizatzeko notario- eta erregistro-kostuak; lehendik diruz lagundutako egiturak eta akordioak finkatzeari dagokionez (artikulu horretan jasotakoak), diruz lagun daitezkeen gastuak izango dira finkatze hori egiteko behar direnak.

    e) artikuluko kasuetarako, bat-egitearen ziozko sozietatetik datorren sozietate xurgatzailearen bazkide berriak harpidetutako jatorrizko ekarpenera gehitu den kapitala.

    f) artikuluko kasuetarako, hura egiteko beharrezkoak, diruz lagundutako ekintzarako barneko kostuak barne.

    g) artikuluko kasuetarako, partekatutako erronkak identifikatzeko eta mezuen hedapena programatzeko beharrezkoak.

    h) artikuluko kasuetarako, diagnostikoa egiteko, klausula sozialen egungo egoera aztertzeko eta horiek sar daitezela gomendatzeko beharrezkoak.

  2. Dirulaguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeari zuzenean lotutako kostu garbien % 50eraino emango du Lan eta Enplegu Sailak, muga hauekin:

    2.1.a), 2.1.b), 2.1.f) eta 2.1.h) artikuluko jarduerak: hamabi mila eurora arte (12.000).

    2.1.c) artikuluko jarduerak: hogeita hamar mila eurora arte (30.000).

    2.1.d) artikuluko jarduerak: hogeita hamar mila eurora arte (30.000).

    2.1.e) artikuluko jarduerak: mila eta bostehun eurora arte (1.500).

    2.1.g) artikuluko jarduerak: laurogei mila eurora arte (80.000).

  3. Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko irizpideak izango dira, 2.1.a) artikuluaren kasuan, honako hauek:

    1. Tamaina, bazkideen eta esku hartzen duten sozietateen kopuruaren arabera; tamaina txikienekoei emango zaie lehentasuna.

      Proiektuan bigarren mailako kooperatiba-sozietate batek edo elkarte batek esku hartzen badu, irizpidea beste bat izango da: proiektuaren eraginpeko pertsona fisikoen kopuruarekiko batezbestekoa.

    2. Esku hartzen duten sozietateen kopurua; parte-hartzaile gisa enpresa gehien dutenek izango dute lehentasuna.

    3. Esku-hartzaileen inplikazio-maila, parte-hartzaile bakoitzak egin beharko duen ekarpenaren muntaren arabera.

    4. Proiektuaren iraupena; iraupen luzeena duten proiektuek izango dute lehentasuna.

    5. Lankidetzaren nolakotasuna; integrazio-maila handiena duten proiektuek izango dute lehentasuna.

      2.1.f) artikuluan jasotako lankidetzako proiektuen kasuan, artikulu honetako bigarren atalean aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 75eraino igoko da.

      2.1.g) artikuluan jasotako erronka partekatuak identifikatzeko lankidetzako jardueren kasuan, artikulu honetako bigarren atalean aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 100eraino igoko da.

      2.1.h) artikuluan jasotako lankidetzako proiektuen kasuan, artikulu honetako bigarren atalean aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 85eraino igoko da.

      2.1.a) eta 2.1.d) artikuluko jarduerak egitean aholkularitza-erakunderen batek parte hartzen badu, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

    1. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edo lantokiren bat bertan edukitzea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietan goi-mailako tituludunak edukitzea, eta tituludun haiek enpresa-kudeaketako lankidetza-sistemen gaineko azterlanetan eta ezarpenean esperientzia egiaztatua izatea.

    3. Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.

      1. Erakunde onuradun bakoitzeko gehieneko zenbatekoa ez da izango hogeita hamar mila (30.000) euro baino altuagoa.

  1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo erakunde publikok arrazoi eta xede bererako ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoak ere.

  2. Baldin eta agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera erakunde onuradunak arrazoi eta xede bereko beste laguntzaren bat jasotzen badu beste administrazio publiko edo ente publiko batetik, eta laguntzak batuta gainditzen bada laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 11.2 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa, deklaratuko da soberakin hori bateraezina dela, eta murriztu egingo da Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

  1. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

  2. Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

    Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

  3. Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten, ulertuko da eskabideei ezezkoa eman zaiela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, eta hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

  4. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko, eta ordaintzeko, hala behar denean, baldintza izango da erakunde onuradunak amaituta edukitzea itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, prozedura horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eman dituzten eta izaera berekoak diren laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoak badira eta tramitazioan badaude.

  5. Publikotasun-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zein erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako dirulaguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

  1. Deialdi honen babespean emandako dirulaguntzen ordainketa, 2.1.a), 2.1.b), 2.1.c), 2.1.d), 2.1.f), 2.1.g) eta 2.1.h) artikuluko jardueren kasuan, honela egingo da:

    1. Lehenengo zatia, hau da, guztirako dirulaguntzaren % 75, dirulaguntza ematea erabakitzen denean.

    2. Bigarren ordainketa, gainerako % 25a, diruz lagundutako jarduera amaitzen denean.

  2. Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, eta kontu horrek informazio hau jasoko du:

    1. Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

    2. Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, izandako desbideratzeak adieraziko dira.

    3. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.

    4. Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta horietatik eratorritako interesak ere.

  3. Dirulaguntza eman duen organoak, erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien laginak hartuz, egoki iritzitako frogagiriak egiaztatuko ditu; hain zuzen ere, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela frogatzeko arrazoizko zantzuak ematen dituztenak. Horretarako, hautatutako gastuaren frogagiriak bidal ditzatela eskatuko die erakunde onuradunei.

  4. Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera.

    2.1.e) artikuluko jardueren kasuan emandako dirulaguntzak ordaintzeko igorpen bakarra egingo da laguntza onartu ondoren edo jakinarazpenetik hamabost egun igarotakoan, berariaz ukorik egon ez bada.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, betiere haren helburua betetzat jotzen bada, eta nolanahi ere beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatuek aldi berean emandako laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta helburu horietarako edonolako diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, aldatu egin daiteke dirulaguntza emateko ebazpena. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek itzuli egin beharko dituzte jasotako soberakinak.

  1. Pertsona edo erakunde onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta erakunde interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

    2.1.a), 2.1.b), 2.1.c), 2.1.d), 2.1.f), 2.1.g) eta 2.1.h) artikuluko jardueren kasuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 baino gehiago erabiltzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen edo faseen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduera bat.

  1. Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak, eta zehatu ahalko dira, zabarkeria arin gisa baino ez bada ere. Dirulaguntzen gaineko arau-hauste horiek zehatzeko, diru-zehapenak jarriko dira, eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zehapenak ere.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

  1. Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiako zuzendariak erakunde onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

  2. Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiako zuzendariak ebazpena emango du, eta, horren bitartez adieraziko du, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli behar zaizkiola, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezkoa izango da.

    Itzulketa-prozedura ebazteko gehieneko epea hamabi hilabete izango da.

  3. Kopuru horiek borondatezko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenek ezartzen dutenaren arabera.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak tratatu egingo dira, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoaren arabera.

Datuen babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1076705

De minimis araua.

Onuradunak kooperatiba-sozietateak edo lan-sozietateak direnean bakarrik, Europako Batzordeak ezarritako de minimis arauari lotzen zaio dirulaguntzen araudi hau (Batzordearen 1407/2013 (EE) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa). Hortaz, Lan eta Enplegu Sailak beharrezko neurriak hartu beharko ditu, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren erakundeek zuzenean enplegua sortzeko jasotako de minimis laguntzekin hiru urteko epean 200.000 euro baino gehiago jaso ez dezaten, abian den zerga-ekitaldia eta aurre-aurreko bi zerga-ekitaldiak aintzat hartuta.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Araudi aplikagarria.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege organikoa).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 10a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.