Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 10ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntza-deialdiaren oinarriak onartzen dituena eta laguntza horien 2023ko deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 92
  • Hurrenkera-zk.: 2320
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/05/10
  • Argitaratze-data: 2023/05/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Lan eta Enplegu Sailaren 2023ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak gizarte-ekonomiako enpresen sozietate-oinarria indartzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta zuzenean errazten du lau kolektibo zehatzen nahitaezko ekarpenaren harpidetza, betiere langabeen kolektiboa lehenetsiz.

Aurrerantzean ere desgaituei laguntzen jarraituko dugu, enplegu-zentro bereziren batetik igaro ondoren haiek ere sar daitezen, bazkide langile mugagabe gisa, ekonomia sozialeko edozein enpresatan. Azken 10 urteetan, 3.289 lagun baino gehiagori eman diegu dirulaguntza, jarri beharreko dirua jarri ahal izan dezaten enpresako langile eta jabe izateko, hartara gizarte osoaren kohesioa indartuz.

Hirugarrenik, azken urteotan, nekazaritza-arloko jabeei ere bultzada polita eman diegu, lehen sektoreko kooperatiba-ehunera bil daitezen, hura baita jada nagusi. Eta dirua jarriz ekonomia sozialeko erakundeak indartzeko, sektore horretan, besteak beste, hainbat fusio ahalbidetu da, ehunka bazkidek parte hartuz.

Azkenik, eutsi egiten zaie enpresa berean besteren konturako langileak bazkide gisa sartzeko laguntzei, eta kolektibo hori zabaldu egin da gizarte-ekonomiako enpresak izan ez arren kooperatiba, lan-sozietate edo kooperatiba-sozietate bihurtu diren enpresetako bazkide langileak ere hartzeko. Azken finean, kapitala ordaintzeko erreparoak gainditzea sustatzen jarraitzen da, zenbateko handi samarrean oro har, eta Langileen Estatutuaren babesetik erator daitezkeen onura-galera gainditu daiteke, deialdi honetako laguntzen bidez.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2021 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta honako jarduketa hauek finantzatzeko erabiliko dira:

  1. Langabeak kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara sartzea, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa.

  2. Besteren konturako lan-kontratua duten eta bazkideak ez diren jarduneko langileak sartzea kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa.

  3. Desgaitasuna duten pertsonak sartzea kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa.

  4. Nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako ustiategien edo ustiategi mistoen titularrak sartzea nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatibetako bazkide mugagabe gisa.

  1. Bostehun mila euro bideratuko dira (500.000) agindu honen xedea betetzera.

  2. Laguntzak esleitzeko, aldibereko konkurrentzia-prozedura bat erabiliko da, lehiarik gabekoa; prozedura horretan, eskabide guztiek aukera izango dute deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta forman formulatzen badituzte, eta egiaztatzen badute betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela. Horretarako, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion eskabide bakoitzari, aintzat hartuta zein diren agindu honetako 10. artikuluan aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.

  3. Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta artikulu honetako 1. paragrafoan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko. Horrela ez bada, ordea, honela jardungo da:

    Nahikoa bada 1.a) artikuluaren babespean aurkeztu eta onartutako eskabide guztietarako, lehenengo eta behin, horiexek ordainduko dira. Sobera geratzen den zenbatekoarekin, murrizketa lineala aplikatuko zaie kalkulatutako zenbatekoei, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.

    a) artikuluaren babespean aurkeztu eta onartutako eskabide guztiei aurre egiteko nahikoa ez bada, murrizketa lineala aplikatuko zaie 1.a) artikuluaren babespean aurkeztutako eskabideen artean kalkulatutako zenbatekoei. Aipatutako beste hiru kolektiboen eskabideei ezezkoa emango zaie, 1. apartatuan aipatutako zuzkidura agortzeagatik.

  1. Interesdunek bide presentziala zein elektronikoa erabiliz egin ahal izango dituzte prozedura honetako eskabide, kontsulta eta izapide guztiak.

  2. Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia eskuragarri jarriko dira administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0053820

  3. Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurreko bidea edo bide elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

  4. Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  1. Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, eskatzaileek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

  1. a, 1.b eta 1.c artikuluetan adierazitako kasuetan, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe moduan sartzea 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitarteko egunen batean, bi egun horiek ere barnean direla.

  1. d artikuluan ageri den kasuan, eskubide osoarekin bazkide mugagabe moduan sartzea 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitarteko egunen batean, bi egun horiek ere barnean direla.

  2. Betekizun espezifikoak:

    1. Langabeen kasuan:

      Langabe gisa inskribatuta egotea enplegu-zerbitzu publikoan, eta gutxienez hiru hileko antzinatasuna izatea. Antzinatasun horrek etenik gabekoa izan beharko du, eta bazkide gisa sartu aurrekoa, bi egoeren arteko etenik gabe. Eskakizun hori bete behar izanez gero, probaldia hasteko egunean bete beharko da probaldia Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legean dago araututa.

    2. Inoren konturako langileak bazkide gisa sartzen direnerako:

      Inoren konturako langileak onuradunak izan daitezke, baldin eta bazkide langile edo lan-bazkide gisa gizarte-ekonomiako erakundean sartu aurreko lan-kontratua sei hiletik gorako antzinatasuneko kontratua izan badute enpresan bertan. Ez da dirulaguntzarik emango lan-kontratu mugagabea goi-zuzendarien lan-harreman berezia arautzen duen 1382/1985 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuaren barnean egin bada.

      Erakunde bat gizarte-ekonomiako erakunde bihurtzearen ondorioz sartzen badira bazkide langile edo lan-bazkide gisa, nahitaezko baldintzak izango dira sartzen diren bazkideak besteren konturako langile izandakoak izatea, eta sartu aurretik zuten lan-kontratua mugagabea izatea eta eraldaketa egin zuen enpresan sei hilabete baino gehiagoko antzinatasuna izatea.

      Legezko subrogazio baten haritik eta gizarte-ekonomiako erakundea esleipendun suertatu den zerbitzu-kontrata edo administrazio-emakida baten ondorioz, langileak bazkide langile edo lan-bazkide gisa gizarte-ekonomiako erakunde batean sartzen badira, ezinbesteko baldintza izango da sartutako bazkide horiek jatorrizko erakundean kontratu mugagabea izan duten besteren konturako langileak izatea.

    3. Bazkide gisa desgaituak sartzen direnerako:

      Desgaitasuna duten pertsonak badira, enplegu-zentro berezietatik badatoz eta gizarte-ekonomiako erakunderen batean era iraunkorrean sartzen badira, betiere kontuan hartuta gizarte-ekonomiako erakunde hori izan daitekeela desgaituek zerbitzuak ematen zituzten enplegu-zentro berezi bera. Enpresaratze horrek Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen lantokiren batean izan behar du.

      Agindu honen ondorioetarako, desgaitasuna duen pertsonatzat hartuko dira urritasun fisiko, psikiko edo sentsorialak izan eta gutxienez % 33ko minusbaliotasuna onartua dutenak.

    4. Nekazaritza- eta elikagai-kooperatibetan sartzen direnerako:

      Nekazaritzan, abeltzaintzan, basogintzan eta jarduera mistoetan diharduten ustiategien titularrak izatea, betiere euren kasa eta zuzenean egiten badituzte ustiategirako behar diren jarduerak, denbora osoan edo partzialean.

      Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagai-kooperatibetan bazkide gisa sartzea.

      Ustiategiek Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute.

      Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagai-kooperatiba bateko bazkideak badira, bazkide izaten gutxienez 5 urte daramatela, justifikatutako arrazoi objektiboak direla medio nekazaritza- eta elikagai-kooperatibaz aldatzen badira, arrazoi horiek egiaztatu beharko dira nekazaritza-sektoreko kooperatibak ordezkatzen dituen erakundeak emandako aldeko txostenaren bitartez.

  3. Baldintza orokorrak:

    Onuradun-izaera lortzeko eta izaera horri eusteko, egunean izan beharko dituzte indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte.

    Ezingo dira onuradun izan azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13,2. artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden erakundeak.

    Eskatzailea ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio- edo zigor-arloko zehapen baten pean, edo ez izatea horretarako legezko debekurik.

    Jakinaraztea eskatu egin dela eta, hala badagokio, lortu egin dela beste edozein administraziok edo erakundek publikoa zein pribatua izan helburu bererako emandako beste dirulaguntzaren, laguntzaren, diru-sarreraren edo baliabideren bat.

  4. Enpresaratze horrek Euskal Autonomia Erkidegoko lantokiren batean izan behar du, eta erakunde horren egoitza sozial eta fiskalak ere bertan egon behar du.

  1. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira 4. artikuluaren 3. apartatuan adierazitako eskakizun orokorrak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko da adierazpen hori.

  2. Interesdunak ez daude beharturik administrazioren batek eginak diren dokumentuak aurkeztera, alde batera utzita dokumentu horiek aurkeztea nahitaezkoa den ala aukerakoa den. Interesdunak datuak hartzeko edo kontsulta egiteko baimena eman duela ulertuko da, non eta eskaeran berariaz kontrakoa adierazten ez duen.

  3. Eskabidea aurkezteak berez dakar eskatzen duen pertsonak baimena ematea instrukzioa egiten duen erakundeak zuzenean lor dezan Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria; hala ere, eskabidea egiten duen pertsonak berariaz uka dezake baimen hori, eta orduan, berak aurkeztu beharko ditu ziurtagiri horiek.

  1. Eskabideak 3. artikuluan aipatzen den egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabide baten bidez eginen dira.

  2. Eskabideak aurkezteko azken eguna 2023ko uztailaren 17a izango da, egun hori barne.

  3. Pertsona eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten bezala. Orobat, prozeduran zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

    Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko lurralde-ordezkaritzetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako organoetan, behar bezala eta osorik betetako eskabide normalizatuaren bidez. Bide elektronikoz ere aurkeztu ahal izango dira, helbide honetan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0053820

  1. Agindu honetan adierazitako onurez baliatu nahi diren pertsona interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

    1. Oro har:

      Bazkide-izaera egiaztatu behar da, administrazio-organoaren erabakiari buruzko ziurtagiriaren bidez, non zehaztuko baita noiz hartu den behin betiko eta eskubide osoko bazkide-izaera.

      Sozietateak emandako ziurtagiria, non adieraziko baita zenbateko kapitala harpidetu duen eskatzaileak enpresan bazkide gisa sartzeko. Ziurtagiri horretan, kasuan-kasuan, banaka adierazi beharko dira sarrera-kuotari eta hasierako ekarpenari buruzko kopuruak.

    1. Langabeen kasuan:

      Langabe gisa inskribatuta egondako aldiei buruzko ziurtagiria, enplegu-zerbitzu publikoak emana.

      Dagokion enplegu-zerbitzu publikoaren ziurtagiria, egiaztatzeko zenbat aitortu zaion ordainketa bakarreko langabezia-prestazioan.

    1. Inoren konturako langileak bazkide gisa sartzen direnerako:

      Lan-bizitzaren txostena, lan-kontratua hasi den egunetik aurrerakoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, non agertu behar baita kontratu horrek sei hiletik gorako antzinatasuna duela.

      Epemugarik gabe eta eskubide osoarekin bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartu aurretik eskatzaileak erakundearekin zeukan erlazioari buruzko ziurtagiria, enpresak emana. Hau da, langilearekiko erlazioari dagokionez, argitu behar du besteren konturako langilea zen edo bazkide langilea edo iraupen mugatuko lan-bazkidea zen.

      Legezko subrogazio baten ondorioz sartuz gero, zerbitzu-kontratua edo administrazio-emakidarena, legezko subrogazioa egiaztatzeko.

    2. Desgaituak bazkide gisa sartzen direnerako:

      Minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emana, non minusbaliotasun-maila adieraziko baita.

    3. Nekazaritza- eta elikagai-kooperatibetan sartzen direnerako:

      Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategien erregistroaren ziurtagiria, dagokion foru-aldundiak emana, non adieraziko baita nor den ustiategiaren titularra, hala badagokio; nekazaritza-araubideko lan-bizitzaren agiria, edo nekazaritzako besteren konturako langileen araubide berezikoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak emana.

      Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagai-kooperatibaren bateko bazkideak badira, honako hauek aurkeztu beharko dira: baja hartuko duten kooperatibaren ziurtagiria (kooperatiba horretan igarotako aldia azaldu beharko da), eta aldaketa hori egiteko premia objektiboaren aldeko txostena, nekazaritza-sektoreko kooperatibak ordezkatzen dituen erakundeak emana.

      Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu zer dedikazio-erregimen daukan (partziala edo osoa) nekazaritza-ustiategian.

    4. Hala badagokio, hauek:

      Kasuan-kasuan, espetxe-egoera egiaztatzen duen agiria: Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena / Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa / Espetxeak emandako ziurtagiria.

      Bizikidetza-ziurtagiria, familia-liburuaren kopia eta erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita ordaindutako jarduerarik ez duen seme edo alaba bat edo gehiago dituela bere kargura, baldin eta sartzen diren pertsonek euren kargura badute ordaindutako jarduerarik gabeko ondorengo bat edo gehiago.

      Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, aurreko lanpostuko lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duten agiriak. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia, eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duten agiriak.

      Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonen kasuan, genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren kopia, edo Fiskaltzaren txostena, non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat, edo genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaia.

      Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu dutenen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.

      Toxikomano ohien kasuan, onuraduna errehabilitazio-programan sartzea onartzen duen Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariaren jakinarazpenaren kopia.

  2. Eskatzaileari dirulaguntzarako eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntza horren abonua jasotzeko, Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena (emanda ez badauka edo datuak aldatu nahi baditu). Altak edo aldaketak helbide hauetan egin daitezke:

    Aurrez aurre eginez gero, hemen ezarritako inprimaki-ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

    Bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

  1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo erakunde publikok arrazoi eta xede bererako ematen dituen bestelako laguntzekin. Edonola ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu agindu honen 10. artikuluko 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa.

  2. Agindu honen bidez lortutako laguntzak beste administrazio edo erakunde publiko batek xede eta helburu berarekin emandakoekin batera jasotzen baditu onuradunak, eta agindu honetako 10. artikuluaren 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen bada laguntza horiek guztiak batuta, gaindikin hori bateraezina dela adieraziko da, eta Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntza gutxitu egingo da.

  3. Agindu honen bidez emandako laguntzak eta ordainketa bakarreko langabezia-prestazioa (langabeziaren kapitalizazioa) batera jasotzen badira, eskatzailea langabetzat hartuko da agindu honen ondorioetarako, eta, dirulaguntza hartzeko eskubidea izateko, 4.2.a) artikuluan ezarritako eskakizuna bete beharko du.

Alde batera utzi gabe indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta aplikatu beharrekoak diren beste betebehar batzuk, eta, batez ere, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazitako betebeharrak, honako betebehar hauek izango dituzte dirulaguntza hauen onuradunek.

  1. Dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hamabost egunera, espresuki eta idatziz uko egiten ez badio onuradunak dirulaguntzari, dirulaguntza hori onartutakotzat joko da.

  2. Bazkide egiten denetik hiru urte betetzen direnean, dirulaguntzaren onuradunak justifikatu beharko du sartu zen erakundeko bazkide izaten jarraitzen duela, salbu eta onuradunaren borondatearen aurkako arrazoiak egiaztatzen badira, edo justifikatzen bada sozietatearen kapitalerako ekarpena egiten jarraitzen duela (diruz lagundutako zenbatekoa gutxienez). Horretarako, bazkide egin eta hiru hilera, enpresan segitzen duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

  3. Aldi berean, hasiera batean egindako ekarpenari eusten diola egiaztatu beharko du onuradunak; horretarako, aurreko apartatuan ezarritako epean, egoera horren egiaztagiria bidali beharko du. Hasierako ekarpen hori mehetu egin badu borondatez, dirulaguntzaren zati bat atzera EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dio; zenbat? Ikusi beharko da hasierako ekarpenaren ehuneko zenbat jaso zuen dirulaguntzatan, ehuneko hori azken ekarpenari aplikatu, ateratzen den zenbatekoa dirulaguntza modura jasotako zenbatekotik kendu, eta geratzen den zenbatekoa itzuli beharko du.

  4. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 51.1.k) artikuluak arautzen du onuradunen betebeharra dela Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio guztia ematea.

  1. Programa honen kargura emandako dirulaguntzei dagokienez, onuradunek bazkide langile bihurtzeko kapital sozialean egin behar dituzten ekarpenak ordaintzen laguntzeko finantzaketarako erabiliko dira kooperatiba-sozietate edo lan-sozietatean sartzeko unean, eta, edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera egokituko dira.

  2. Lan eta Enplegu Sailak honenbesteko dirulaguntzak emango ditu:

    1.a artikuluan aurreikusitako kasuetarako: 2.500 euro.

    1.b artikuluan aurreikusitako kasuetarako: 1.500 euro.

    1.c artikuluan aurreikusitako kasuetarako: 2.000 euro.

    1.d artikuluan aurreikusitako kasuetarako: 2.000 euro.

  3. Kopuru horrek hirurehun (300) euroko igoera izan ahalko du honako apartatu hauetan adierazitako kontzeptu bakoitzeko, eta metatu egin ahal izango dira:

    1. Emakumea izatea.

    2. Desgaitasunen bat izatea, hau da, urritasun fisiko, psikiko edo sentsoriala izatea, eta, gutxienez, % 45eko minusbaliotasuna onartua izatea.

    3. Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako esparru-hitzarmena kontuan hartuta, hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea kooperatiba- edo lan-sozietateren batean bazkide gisa sartutakoak.

    4. Guraso bakarreko aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duen seme-alabaren bat edo batzuk ardurapean izatea.

    5. Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonak. Pertsona bat egoera horretan dagoela ulertzeko: pertsona bera edo seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanen baten bidez lotura egonkorra izan duen beste edozeinen indarkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izan dira, betiere modu egiaztatu batean bai genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren bidez, bai Fiskaltzaren txostenaren bidez non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat, bai genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaiaren bidez.

    6. Gizarteratze- eta laneratze-prozesua azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan araututako laneratze-enpresa batean bukatu dutenak, baldin eta kooperatiba-sozietate edo lan-sozietatean sartzen badira aipatutako prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteetan. 182/2008 Dekretuaren bidez: laneratze-enpresen kalifikazioa arautzen da, horietara sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezarri, eta laneratze-enpresen erregistroa sortzen da.

    7. Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak, Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren III. kapituluak horien kontratazioa sustatzeko ezarritakoaren arabera, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak, biktima hori hil egin bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasun-egoeran geratu bada.

    8. Toxikomano ohiak (alkoholiko eta drogazale ohiak). Agindu honetan aurreikusitako laguntzen ondorioetarako, halakotzat hartuko dira lantalde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.

  4. Ematen den dirulaguntzak ez ditu gaindituko, inola ere, pertsona onuradunak harpidetutako kapitalari (gehi, sarrera-kuota edo jaulkipen-prima) dagozkion portzentajeak, zehazki, dagokion kooperatiba-sozietatean edo lan-sozietatean bazkide gisa sartzerakoan:

    1.a artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 100.

    1.b artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 50.

    1.c artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 75.

    1.d artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 75. Lanaldi partziala eginez gero, ehunekoa harpidetutako kapitalaren % 50era murriztuko da.

  5. Edonola ere, kapital-harpidetza horrek eskatzaileak egindako benetako diru-ekarpena izan behar du; izan ere, ez da kontuan hartuko lagapen, dohaintza edo doako bestelako formularen baten bidez egindako ekarpena edo ekarpen-zatia.

Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean edo nahitaezko dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar eguneko epea emango zaio eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko da. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21.1 eta 68.1 artikuluetan.

Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada paperean, bide elektronikoz aurkeztu beharra jakinaraziko zaio interesdunari. Ondorio horietarako, aurkezpen-datatzat hartuko da eskabidea bide hori erabiliz aurkeztu den eguna.

  1. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

  2. Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egindako proposamenaren arabera; izan ere, aipatutako irizpideen arabera aztertu eta ebaluatuko dituzte eskabideak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

    Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

  3. Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten, ulertuko da eskabideei ezezkoa eman zaiela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, eta hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

  4. Publikotasunaren printzipioa betetzeko, eta dirulaguntza emateko ebazpena berariaz eta banaka jakinaraztea baztertu gabe, honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpena argitaratuta: alde batetik, agindu honen babespean, zer erakundek jaso duten dirulaguntza eta zenbateko laguntza jaso duten; bestetik, zeini aldatu zaion emandako dirulaguntza.

Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ordainketa bakarrean emango dira. Adierazten duenean onartzen duela, orduan egingo da ordainketa; edo, bestela, 9.1 artikuluan ezarritako epea amaitzen denean, bitarte horretan ez badio berariaz uko egin.

Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, administrazio honen edo beste edozein administrazioren edo erakunde publikoren baten dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, alabaina, agindu honetan onuradun izateko ezarri diren betekizunak bete behar dira. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.

  1. Onuradunak ez baditu arauak betetzen (dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak, eta erabilgarri diren gainerako xedapenak); edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio entzunaldirako. Espediente horren arabera, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gain, legez egin daitezkeen gainerako egintzak egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa.

  2. Ez-betetze partziala gertatuz gero, eta bazkideak gutxienez 18 hilabete iraun badu, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, 3 urtera iristeko falta den denboraren proportzioan. 18 hilabete baino gutxiago iraun badu, dirulaguntza osoa itzuli beharko du.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeetan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

  1. Gizarte Ekonomiaren zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

  2. Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiako zuzendariak ebazpena emango du, eta, horren bitartez adieraziko du, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli behar zaizkiola, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezkoa izango da.

    Itzulketa-prozedura ebazteko gehienezko epea hamabi hilabete izango da.

  3. Borondatezko aldian ez itzultzea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, legezko araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraikiz ekin diezaion premiamendu-bidetik.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak tratatu egingo dira, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoaren arabera.

Datuen babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/0053820

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege organikoa).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 10a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.