Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdia egiten baita EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuentzat, 2023-2024ko ikasturtean STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak garatzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 95
  • Hurrenkera-zk.: 2403
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/05/10
  • Argitaratze-data: 2023/05/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

UNESCOk «Science Education» izeneko programan ezarri du zientziaren eta teknologiaren arloko gaikuntza funtsezko elementua dela ekonomia eta gizartea garatzeko. Hori horrela, gaikuntza hori eraikitzeko, ezinbestekoa da, haren ustez, zientziaren eta teknologiaren arloko hezkuntza sustatzea, hezkuntza-maila guztietan, bai eta gizarte osoaren alfabetatze zientifikoa hobetzea ere. Nabarmentzen du, halaber, gazteak bereziki neskak bultzatu beharra dagoela zientziaren eta teknologiaren arloko karrera profesionalak egin ditzaten.

2020rako Europako esparruak (Horizon 2020) ezarritako berrikuntza eta garapenerako ildo estrategikoak elkartzeko asmoari erantzuten dio hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparruak, hezkuntza eta prestakuntzari dagokienez, aldi berean, gure testuinguruaren berezko hezkuntza-erronkak ditu kontuan eta konpetentziak eskuratzea sustatzen du. Horizon Europe, 2021-2027 aldirako EBren Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programa, Horizon 2020 programaren luzapena da, eta hiru oinarri nagusi ditu: lehenengoa, zientzia bikaina; bigarrena, munduko erronka nagusiei aurre egitea, osasunaren, zahartzearen, segurtasunaren, kutsaduraren eta klima-aldaketaren arloetan, eta hirugarrena, berrikuntza sustatzea.

2018ko ekainean, STEAM Euskadi hezkuntza-estrategia aurkeztu zen, zeinaren bitartez helburu hauek sustatzen baitira:

Heziketa eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea hezkuntza-etapa guztietan, horretarako eragile sozioekonomikoak ere inplikatuz.

Bokazio eta helburu profesionalak inspiratzea STEAM esparruan, dibertsitate pertsonala eta kulturala kontuan hartuta, eta arreta berezia jarriz neska ikasleengan, prestakuntza egokia jaso dezaten etorkizuneko erronken aurrean.

Euskal herritarren artean dibulgazio eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea.

Estrategia horren helburua diziplinarteko proiektuak garatzea da, STEAMen konpetentzia nagusiak garatzen direla bermatuko duten curriculum-alderdi guztiak aldi berean eta era integratuan ikasi ahal izateko, dagozkien diziplinakoez gain, pentsamendu zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikoaren kultura sustatzeko eta ikasleak bultzatzeko erabakiak hartzeko ebidentzian oinarritutako arrazoiketa erabiltzera, diziplina horiekin lana sustatzeko eta ikaslea ardatz duten hezkuntza-prozesu sortzaile eta berritzaileak gauzatzeko beharrezkoa den aldaketa metodologikoa sustatzeko. Horretarako, metodologia aktiboak baliatuko dira, hala nola lankidetza, arazoen ebazpena eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntza (PBL/POI), eta ahalegina egingo da ekintzailetza, pentsamendu kritikoa, sormena eta jasangarritasunaren kultura sustatzeko.

STEAM ekimenek edo proiektuek diziplinarteko ikuspegia garatu nahi dute irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuan, irakasgai horien curriculuma garatzea ahalbidetzen duten eta ikasleentzat adierazgarriak diren eguneroko bizitzako testuinguruak eta egoerak txertatuz, eta beharrezkoak diren tresna digitalak eta teknologikoak erabiliz, baita pentsamendu konputazionala ere; izan ere, azken horrek konputazio-zientziak eta pentsamendu kritikoa baliatuta arazo konplexuak ebaztea ahalbidetzen du.

Orain arte sustatutako neurriak eta konpetentzia zientifiko eta matematikoko emaitzak hobetzeko neurriak kontuan hartuta (PISA ebaluazioa eta diagnostikorako ebaluazioak), Hezkuntza Sailak STEAM proiektuak aurkezteko deia egiten die itunpeko ikastetxe pribatuei, helburu hauekin: pentsamendu zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikoaren kultura suspertzea, eta ikasleak, erabakiak hartzeko orduan, ebidentzietan oinarritutako arrazoimena erabil dezaten bultzatzea, arazoak ebatziz (PBL) eta lan kooperatiboa erabiliz, eta jasangarritasun-irizpideak kontuan izanda.

Dirulaguntza hau Hezkuntza Sailaren 2023. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren baitakoa da, zeina Hezkuntzako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez onartu baitzen.

Hezkuntza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala Ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua kontuan hartuta (2021eko martxoaren 5eko EHAA, 47. zk.), eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako xedapenekin, baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin (EAEko administrazio publikoaren dirulaguntzak arautzen dira titulu horretan) eta oro har aplikatzekoak diren gainerakoekin ere, eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa badagoenez abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituak aintzakotzat hartuta (lege horren bidez, EAEko 2023ko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren), honako hau

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuei dei egitea, 2023-2024ko ikasturtean STEAM (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics) arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak egin ditzaten.

Honako hauek izango dira deialdi honetan jasotako dirulaguntzen onuradunak: Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuak, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Batxilergoan eskolak ematen dituztenak.

  1. Helburu hori lortzeko, 343.750 euro bideratuko dira guztira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura.

  2. Zuzkidura hori honela banakatuta geratzen da, horiek gauzatuko diren lurralde historikoen arabera: 55.000 euro Araban, 175.312,50 euro Bizkaian eta 113.437,50 euro Gipuzkoan.

  3. Nolanahi ere, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak lurraldeen araberako banaketa alda dezake, baldin eta aukeratutako eskabideei emateko laguntzen batura ez bada iristen aurreikusitako esleipenera lurraldeetako batean. Kasu horretan, sobera dagoen dirua puntuazio orokor altuena duen ikastetxeari / duten ikastetxeei emango zaio/zaie, aurrekontu guztia amaitu arte.

  1. Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute ikastetxeek, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, deialdi honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

  2. Gainera, ikastetxeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. STEAM (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics) arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektua aurkeztea, agindu honetako 5.2 artikuluan adierazitako puntuak azalduta.

    2. Proiektuaren jarraipena egiteko koordinatzaile bat izendatzea.

    3. Irakasleentzako prestakuntza-jarduerak ematea gastu gisa egotziz gero, proiektua egiteko behar diren irakasleen berariazko konpromisoa izan beharko da, eta bertan adierazi beharko dute parte hartuko dutela dirulaguntzaren xede den eta ikastetxeak antolatu duen prestakuntzan.

  3. Gainera, ezingo dute eskatu eta ezin izango dira onuradun izan honako egoeraren batean dauden ikastetxeak:

    Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan azaldutako egoeraren batean dauden ikastetxeak.

    Dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa daukaten ikastetxeak, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta daudenak, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.

    Ikastetxe eskatzaileek egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak; betekizun hau eskatuko da bai onuradun bihurtzeko bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten segitzeko.

    Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten baina halakorik ez duten enpresak eta, 50 langiletik gorako enpresa izanik, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritakoaren arabera sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez dutenak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

    Horri dagokionez, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute entitateeek onuradun izateko debekurik ez dutela justifikatzeko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ordainduta dituztela ere adieraziz.

  4. Entitate onuradunei dirulaguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

  5. Artikulu honen hirugarren puntuan adierazitakoa alde batera utzi gabe, dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten entitateek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikulua eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Entitate eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

  6. Honako hauek egiaztatuko dira eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez:

    Ez dela eskuratu helburu bererako inolako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik ezein administrazio zein ente publiko nahiz pribatutatik.

    Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiborik, eta ez dagoela sartuta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan, sexuagatiko diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

    Egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako agirietan adierazitako edukiak.

    Ikastetxeak betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko betekizunak, betiere indarrean den legedian jasotzen direnak.

    Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako egoeretako batean.

    Eskabidea egin duen ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak badakiela zer proiektu aurkeztu den eta onartu egin duela.

    Proiektuaren datuak bete dituela hemen: https://www.euskadi.eus/informazioa/deialdiak-esperientziak-proiektuak-programak-hezkuntza-zientifikoa/web01-a3htreba/eu/

    Egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

    50 langiletik gorako enpresa izanik, emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana onartu duela, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.

    50 langiletik gorako enpresa izanik, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituela, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritakoaren arabera.

  7. Deialdiko dirulaguntzen onuradun bihurtzeko eskatutako betekizunak bete egin behar dira emandako dirulaguntza likidatu arte; beraz, egiaztatuko da bete egiten direla dirulaguntza emateko orduan eta ordainketak egiteko orduan.

  1. Ikastetxe bakoitzak STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektu bakarra aurkeztuko du, eta bost diziplinetako gutxienez bitan hainbat ikuspegi hartu ahal izango ditu modu bateratuan, STEAM ereduko bokazioak eta helburuak genero-ikuspegiarekin sustatuz.

    STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuek oinarri hartuko dituzte bizitzaren eremuei (pertsonala, soziala, globala eta lanekoa) lotuta erronka edo arazo bat sortzen duten egoerak; eta, ahal den neurrian, honako printzipio hauek kontuan hartu beharko dituzte: Irakasgaien irakaskuntza integratua, STEAM ereduarekin lotutako konpetentziak garatzea, ikerketan oinarritutako ikaskuntza, genero-ikuspegia eta berdintasuna, eta STEAM erako bokazio eta nahi profesionalak sustatzea.

    Hortaz, STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuek generoen arteko berdintasuna sustatu beharko dute eta ikasgeletan hainbat modutara txertatu beharko dute genero-ikuspegia, hala nola rolak era berdinean banatuz, zientziaren zein ingeniaritzaren arloko lanbideen inguruko estereotipoak deseginez, genero-berdintasuna bultzatuz, haurrei era berdinean garatzeko aukera ematen dieten espazioa sortuz, etab.

    STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak adierazi beharko du zein irakaslek parte hartuko duten proiektuan, eta zer diziplina ematen duten.

    Proiektu bakoitzak gutxienez 30 ordu izango ditu aurreikusita garatzeko eta gauzatzeko. Irakasleek horri eskainitako ordu kopurua zehaztuko du eskabideak, eta horretarako kontuan izango dira ikasleekin proiektua garatzeko behar diren orduak zein koordinazio eta ebaluaziokoak.

    Hezkuntza Sailak STEAMGUNE web-orria jarri du ikastetxeen esku. Orri horretan informazio interesgarria ematen da STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak diseinatzeko: https://steamgune.euskadi.eus/eu/inicio

  2. Proiektuan puntu hauek sartuko dira:

    1. Proiektuaren egokitasuna (zein arazori erantzun nahi zaion justifikatzea, inpaktu mota).

    2. Proiektuaren deskribapena eta helburuak. Zertan laguntzen dien proiektuak garapen jasangarriaren helburuei.

    3. Erabili behar den estrategia eta STEAM proiektuaren diziplinarteko tratamendua.

    4. Proiektua zein etapa, ziklo edo kurtsotan garatuko den zehaztea.

    5. STEAM proiektuaren curriculum-justifikazioa.

    6. Erabili beharreko material eta baliabide pedagogikoak planifikatzea eta justifikatzea (Jasangarritasun-irizpideak kontuan hartzea material horien kudeaketan eta jarduera pedagogikoen garapenean).

    7. Sistemaren deskribapena eta proiektuaren beraren jarraipen- eta ebaluazio-irizpideak, baita lorpenen adierazleak eta horien tenporalizazioa ere (kronograma).

    8. STEAM arloetako bokazio zientifikoak ikasleengan, eta bereziki neska ikasleengan, sustatzeko prestatutako jarduerak eta ekintzak deskribatzea.

    9. Proiektua garatzeko ikastetxeak aurreikusten dituen koordinazio- eta antolaketa-ekintzak definitzea. Proiektuaren koordinatzailea zergatik izendatu den azaltzen duten arrazoiak (prestakuntza, esperientzia, ikastetxearen ezagutza eta STEAM konpetentziekin lotutako merezimenduak).

    10. Proiektua eskola-inguruan eta gizartean zabaltzeko eta hezkuntza-komunitatearen eta familien partaidetza aktiboa sustatzeko neurriak.

  3. Hezkuntza zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikorako berrikuntza-proiektuaren datu teknikoak eta aurrekontu-datuak behar bezala bete beharko dira, ikastetxeek esteka honetan eskura duten aplikazio informatikoan: https://www.euskadi.eus/informazioa/deialdiak-esperientziak-proiektuak-programak-hezkuntza-zientifikoa/web01-a3htreba/eu/

  1. Zuzkidurak zer proiektu finantzatzeko eman diren kontuan hartuta, proiektu horiek garatzeari eta gauzatzeari zuzenean lotutako gastuak ordaintzeko soil-soilik baliatuko dira diru-kopuruak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua beteko dute.

  2. Gastu gisa egotzi ahal izango dira proiektua egiteko ezinbestekoak diren materialak erosteko gastuak.

  3. Informazio- eta komunikazio-gailuak (IKT) erostea egotz daitekeen gastutzat onartuko da baldin eta gailu horiek erabiltzea ezinbestekoa bada proiektua garatzeko eta hala azaltzen bada, berariaz, ikastetxeak aurkeztutako proiektuan. Nolanahi ere, egozpena ezingo da izan aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa, eta ezingo da izan 1.500 eurotik gorakoa.

  4. Halaber, gastutzat egotzi ahal izango dira ikastetxeak berak antolatutako edo ikastetxeak aurkeztu duen STEAM proiektuarekin zuzenean lotutako beste entitate batzuek antolatutako zientzia-dibulgazioko azoka, jardunaldi, lehiaketa edo topaketak antolatzeko gastuak edo proiektuan parte hartzen duten ikasleek horietan parte hartzeko gastuak. Kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa, betiere aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa; kasu horretan, kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan 1.500 eurotik gorakoa.

    5 Ikastetxeak berak jardunbide egokiak zabaltzeko tailerrak antolatzen baditu, horiek ere gastu gisa egotzi ahal izango dira. Kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa, betiere aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa; kasu horretan, kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan 1.500 eurotik gorakoa.

  1. Gastutzat jo ahal izango da irakasleentzako prestakuntza-jarduerak ematea, baldin eta prestakuntza-jarduera horiek ezinbestekoak badira proiektua garatzeko, eta, betiere, proiektuan parte hartzen duten irakasleek ezin badute prestakuntza hori jaso Hezkuntza Sailak aurreikusitako beste bide batzuetatik (Prest Gara edo hezkuntzari laguntzeko arlo horretan eskumena duten zerbitzuak). Nolanahi ere, kontzeptu horri egotz dakiokeen gehieneko zenbatekoa aurkeztutako proiektua garatzeko aurrekontuaren % 50 izango da, betiere aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa; kasu horretan, kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan 1.500 eurotik gorakoa. 100 euroko muga ere ezarriko da eskola-ordu bakoitzeko. Atal honetan sartu ahal izango dira bai prestakuntza-jardueraren kostua (prestakuntza emango duen entitateak aurkeztutako aurrekontuaren arabera), bai eskola-emailearen joan-etorriak, ostatuak edo mantenuak eragindako dietak, pertsona hori prestakuntza-entitatetik kanpokoa bada, betiere prestakuntza-saio horiek aurrez aurrekoak badira eta berrikuntza-proiektua garatzeko ezinbestekoak direla justifikatuta badago. Hizlariaren joan-etorriak, ostatuak edo mantenuak eragindako gastuei dagokienez, hemen ezarritako irizpide ekonomikoak hartuko dira kontuan: 121/2006 Dekretua, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko Dekretua hirugarren aldiz aldatzeko dena. Inola ere ez dira prestakuntza-jarduerari egotz dakizkiokeen kostutzat hartuko jardueran parte hartzen duten irakasleek joan-etorriengatik edo mantenuagatik egiten dituzten gastuak.

  1. Bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/ helbidean, eta, horretarako hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ikastetxe bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, aurkeztutako azkenekoa soilik hartuko da kontuan, eta gainerakoak ez dira onartuko.

  2. Eskabide-eredua (II. eranskina) egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1115603

  3. Ikastetxe eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten moduan. Prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

    https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orriaren bidez egin beharko dira eskabidearen osteko izapideak hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte, justifikazioaren izapidea eta egon litezkeen errekurtsoen izapideak.

  4. Eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, ikastetxeari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

  5. Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi hau zehazten duten baldintzak.

  1. Ikastetxe interesdunetako titularrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-baliabideak eta sinadura elektronikoa erabiliz erabiliz egingo dituzte prozedura honetako eskabideak, kontsultak eta izapidetzeak. Helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

  2. Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak; ebazpen horren bidez, E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa -Platea- onartu zen.

  3. Eskabideen eta erantsi beharreko dokumentazioaren ereduak agindu honen eranskinetan daude jasota.

  4. Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak nola egin honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/informazioa/deialdiak-esperientziak-proiektuak-programak-hezkuntza-zientifikoa/web01-a3htreba/eu/

  5. Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barnean dela, helbide honetako Nire Karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  1. Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak zaindu behar du STEAM berrikuntza-proiektua martxan jartzen dela; eta ikasketa-burutzak koordinatu behar du garapen guztia, bai pertsonalki, bai eginkizun hori irakasle baten esku utzita; azken horrek, hala badagokio, koordinatzaile lanak egingo ditu. Hori eginez gero, irakasle hori bera arduratuko da aldian behin ikasketa-burutzari proiektuaren garapenari buruzko eta egindako ekintzei buruzko informazioa emateaz, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da horrekin zerikusia duten gaiak lantzen direnean.

  2. Ikastetxeak bere burua antolatzeko duten autonomiaren barruan, koordinatzaileen eskola-orduak egokitu ahal ditu proiektuetan egiten duten lanera, hala eskola-orduen kopurua nola horien banaketa; betiere, kasuan kasuko ikasturte-hasierako zirkularretan jasotako araudia betez eta ikastetxearen ordutegi-aukeren arabera.

  3. Ikastetxeek, deialdi honi lotuta proiekturen bat onartzen zaienean, eremu horretan eskumena duen hezkuntzarako laguntza zerbitzuaren laguntza eta aholkularitza izango dute, onartutako proiektuaren prestakuntza-jarduerak, jarraipena eta ebaluazioa egiteko, ikastetxean proiektuaren koordinatzaile izendatutako pertsonari lagunduz zereginotan.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak kudeatuko du deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak emateko prozedura.

Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Bertan, bi sexuetako ordezkariak egongo dira, eta gutxienez % 40ko oreka mantendu beharko da. Honako hauek osatuko dute balorazio-batzordea:

Presidentea: Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Prestakuntza Hobetzeko Zerbitzuko arduraduna: Sebastián Martín Moreno.

Kideak: Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Prestakuntza Hobetzeko Zerbitzuko bi teknikari; bietako batek idazkari-lanak egingo ditu: Axular Astaburuaga Iturbe, Celia Luengo Ugidos.

Eskumena duen hezkuntzarako laguntza zerbitzuko bi aholkulari, hezkuntza teknologikoaren eta zientifikoaren alorrekoak: Karlos Sukunza Pagola, Elvira González Aguado.

Ingurugelako aholkulari bat: Beatriz Antón Garramiola.

  1. Proiektuen hautaketa I. eranskinean ezarritako balorazio-baremoaren arabera egingo da. Kanpoan geratuko dira gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.

  2. Proiektuak egokiro baloratzeko, ebaluazio-batzordeak ikastetxeek aurkeztutako proiektuei buruzko txostenak eskatu ahalko dizkio laguntza-zerbitzuei.

  3. Lurralde bakoitzari egingo zaio diruz lagun daitezkeen proiektuei dagokien adjudikazio-prozedura, zeinean lehiaketa-prozeduraren bitartez emango diren dirulaguntzak. Aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, lehentasunak finkatzeko, eta, horretarako, I. eranskineko balorazio-baremoa hartuko da kontuan. Honako hauek soilik lagunduko dira diruz, betiere, agindu honek ezartzen duen gehieneko zenbatekoa kontuan hartuta: 12.1 artikuluak ezartzen duen gutxieneko puntu kopurua lortzen dutenen artean puntu gehien eskuratzen dituztenak. Balorazio-fasean lortutako puntuazioari jarraituko zaio, goitik beherako ordenan, dagokion prozedurari esleitutako diru kopurua agortu arte. Berdinketa egonez gero, atal bakoitzean lortutako puntuazioak izango dira kontuan, I. eranskineko balorazio-irizpideetan ageri den ordenari jarraituz. Berdinketarekin jarraituz gero, azpiataletan lortutako puntuazioak izango dira kontuan, aipatutako eranskin horretan ageri den ordenaren arabera. Hala ere berdinketak jarraituz gero, batzordea bilduko da puntuazio berdineko proiektuak baloratu eta berdinketa erabakitzeko.

  4. Ebaluazio-batzordeak egingo ditu ebazpen-proposamenak, eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariari helaraziko dizkio. Proposamen horietan honako hauek ere jasoko dira: onartuak izan daitezen proposatzen diren proiektuen zerrenda eta haietako bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren proposamena. Gainera, kanpoan utzitako eskabideen zerrenda sartuko da, kanpoan uzteko arrazoiak aipatuta.

  1. Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak egingo du behin-behineko ebazpena, ebaluazio-batzordearen proposamena oinarritzat hartuta. Ebazpen horretan, beren-beregi adieraziko da ikastetxe onuradun bakoitzari emandako zenbatekoa, baita, hala badagokio, laguntza ukatzeko arrazoiak ere. Behin-behineko ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei. Eskatzaileek hamar egun izango dituzte, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.

  2. Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu berdinak jasoko ditu, eta elektronikoki jakinaraziko zaie ikastetxeei behin-behineko ebazpena argitaratu eta gehienez ere hilabeteko epean.

  3. Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bitartez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan.

  5. Behin betiko ebazpena EHAAn argitaratuko da deialdia argitaratu eta gehienez ere sei hilabeteko epean, emandako dirulaguntzen publizitatea egiteko.

  6. Aurreko apartatuan adierazitako epea igaro eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek ulertu beharko dute eskaera ezetsi egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

  7. Entitate onuradunei dirulaguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak 30 prestakuntza-ordu ziurtatuko ditu, ofizioz, hautatutako berrikuntza-proiektuak garatuko dituzten ikastetxeetako irakasleentzat. Horretarako, irakasle bakoitzak proiektura xedaturiko ordu kopuruak ikastetxe bakoitzean egindako lanorduen % 80tik gorakoa izan behar du. Hala ere, ikastetxe batek ikasturte berean proiektu-deialdi batean baino gehiagotan parte har dezakeenez, inoiz ez zaio irakasle berari emango 90 ordu baino gehiagoren ziurtagiririk Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako deialdien barruan egindako prestakuntza-proiektuengatik.

Dirulaguntza hauek ezin dira bateratu helburu bererako beste ezein laguntzarekin, iturri publikoetakoak nahiz pribatuetakoak izan.

Deialdi honetako dirulaguntzen ikastetxe onuradunek beti bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak adierazitako betebeharrak, bai eta finantzaketaren izaera publikoak dakarren publikotasun egokirako neurriak hartzeko betebeharra ere, lege beraren 18. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, hamar eguneko epean deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

  2. Emandako helbururako erabiltzea dirulaguntza hori, hau da, STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiekturako eta haietan jasotako jarduerak egiteko.

  3. Proiektuarekin zerikusia duten aholkularitza-, ebaluazio-, jarraipen- eta kudeaketa-lanetan, lankidetzan aritzea eremu horretan eskumena duen hezkuntzarako laguntza zerbitzuarekin, Hezkuntzako Ikuskaritzarekin eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarekin.

  4. Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea, deialdi honen kontura jasotako diru-zuzkidura dela eta.

  5. Proiektua gauzatu izana justifikatzeko agiriak ezarritako epean eta moduan aurkeztea. Aplikazio informatikoan jarraipena egiteko ezarritako inprimaki guztiak (Excel formatuan) beteko dira.

  6. STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektu bat egiteko diru-zuzkidura jaso duten ikastetxeek lankidetzan jardungo dute Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarekin eta unibertsitateekin, eta Haur Hezkuntzako graduko eta Lehen Hezkuntzako graduko praktiketako ikasleak onartuko dituzte, bai eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterrekoak ere, etorkizuneko irakasleek ikastetxe berritzaileetako benetako hezkuntza-praktiketan integra ditzaten errazteko.

  7. Ikastetxean berriztatzeko prestakuntza-proiektua egiteko dirulaguntza jaso duten ikastetxeek hitza ematen dute hurrengo ikasturteko ikastetxearen urteko planean jasoko dutela deialdi honetan onartutako proiektuaren inplementazioa.

  1. Proiektuari lotutako diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 lagunduko dira diruz, eta gehienez ere 3.000 euro emango zaizkie, aurrez ezarritako baldintzak errespetatzen badira.

  2. Dirulaguntzarako gastuak 2023ko irailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitartekoak izango dira.

Azpikontratazioaren gehieneko ehunekoa % 50 izango da. Azpikontratazio horrek bete egin beharko du oinarrizko araudi gisa bi hauek xedatutakoa: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikulua eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 68. artikulua.

  1. Ikastetxe onuradunei eman beharreko dirulaguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

    1. Lehendabizikoan, hautatutako partaidetza proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 80; zenbateko hori esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, esanbidez uko egin ezean.

    2. Bigarren igorpena 2024an egingo da, hurrengo apartatuan aurreikusitako baldintzen arabera emandako dirulaguntza justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoan.

  1. 2024ko ekainaren 15a baino lehen, proiektuaren garapenari, betearazpenari eta proposatutako helburuen lorpen-mailari, egindako jarduerei eta proiektuaren ebaluazioari buruzko txosten bat eta proiektuak eragindako gastuen justifikazioko kontu erraztua aurkeztu beharko dute ikastetxe onuradunek https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ web-orrian. Honako hauetan xedatuaren arabera justifikatuko dira laguntzak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 75. artikulua.

  2. Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, ikastetxeentzako dagoen atari honetatik: https://www.euskadi.eus/informazioa/deialdiak-esperientziak-proiektuak-programak-hezkuntza-zientifikoa/web01-a3htreba/eu/, eta aplikazio horretako inprimakiak beteko dira (III. eranskina).

  3. Proiektuaren garapen eta ebaluazioari buruzko txostenean, gainera, honako hauek jasoko dira inpaktuaren adierazle gisa: landutako materialen kopurua eta edukia; zenbat ikaslerengan izan duen eragina; egindako prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia; horietan parte hartu duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, eta ea, prestakuntzaren barruan, praktikaren bat ezarri den ikasgelan.

  4. Justifikazioko kontuan, jarduerak eragindako gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da eta zerrendan hauek zehaztuko dira: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, adieraziko da zer desbideratze egon den aurrekontu hori oinarritzat hartuta, bai eta dirulaguntzako jarduera finantzatu duten bestelako sarreren xehetasunak ere, zenbat eta nondik etorri diren adierazita.

  5. Hezkuntza Sailak justifikazioko kontuan aipatutako gastuen jatorrizko fakturak bidaltzeko eskatuko die STEAM berrikuntzarako prestakuntza-proiektu bat aurkeztu duten zortzi ikastetxe onuraduni (Arabako bi lehenengoak, Bizkaiko hiru lehenengoak eta Gipuzkoako hiru lehenengoak eskabidearen sarrera-ordenaren arabera), dirulaguntza egoki aplikatzen dela arrazoitzen duen ebidentzia jasotzeko.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik eginez gero, jakinarazi egin beharko da eta, ondorioz, gerta daiteke dirulaguntzak eman dituen ebazpena aldatzea, betiere onuradun izateko dirulaguntza-arauan ezarritako gutxieneko baldintzak errespetatuta. Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuek ez badute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa gainditzen, zuzkidura hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

  1. Ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion eta eremu horretan eskumena duen hezkuntzarako laguntza zerbitzuko batzorde pedagogikoak txosten bat egingo du hautatutako STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuen garapenaren gainean. Txosten hori Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Prestakuntza Hobetzeko Zerbitzuari eta Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde Burutzari igorriko zaie, eta ikastetxe bakoitzaren eskura egongo dira bertan.

  2. Ikasturtean zehar gorabehera esanguratsurik gertatuz gero proiektuaren garapenean, eremu horretan eskumena duen hezkuntzarako laguntza zerbitzuaren zuzendaritzak Lurralde Burutzari eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari emango die horren berri, bigarren zuzendaritza horrek neurri egokiak har ditzan deialdi hau behar bezala bete dadin.

  3. Hezkuntzako Ikuskaritzak, ikastetxeetara egiten dituen bisitaldietan, diruz lagundutako proiektua zenbateraino betetzen den kontrolatuko du proiektua ikastetxeko urteko planean jasota egon behar da. Ez-betetzea ikusiz gero, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari jakinaraziko dio.

  1. Dirulaguntzen entitate onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesak barne direla):

    1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik.

    2. Entitate onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.

    3. Ez gauzatzea dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.

    4. Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.

    5. Oro har ez betetzea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betekizunak.

  2. Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak; dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta kudeaketa horretan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ere ezartzen dira. Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

    Proiektua egin eta ikastetxeak justifikatutako hari egotzitako gastuak esleitutako zuzkidura adinakoak edo gehiagokoak ez badira, bigarren ordainketan esleitutako zuzkiduraren eta proiektuan egindako gastuaren arteko aldea ordainduko da. Aldea negatiboa izanez gero, kopuru hori itzultzeko prozesua hasiko da.

Datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: «Ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak».

Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Hartzaileak:

Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

Agindu honetan araututako laguntzek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. 1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak betetzen ez dituztenez, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 10a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik