Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, dirulaguntzetarako deialdia egiten zaie unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuen federazio eta elkarteei, ikastetxeko hizkuntza-proiektuekin lotutako prestakuntza-jarduerak egin ditzaten 2023-2024ko ikasturtean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 95
  • Hurrenkera-zk.: 2402
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/05/10
  • Argitaratze-data: 2023/05/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Hezkuntza Sailak, hezkuntzako hainbat eragilerekin batera, «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa» adostu zuen. Bertan, jarduera-ildo estrategiko nagusiak jasotzen ziren; horien artean, irakasleen etengabeko prestakuntza bultzatzea jasotzen zen, irakasle bakoitzaren konpetentzia-profila osatzen laguntzeko. Gizarte eleaniztun batean, irakasle-lanbideak eskatzen dituen konpetentzietako bat curriculumeko hizkuntza bakoitzean komunikatzeko gaitasuna da: bi hizkuntza koofizialetan eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean.

Abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak, esparru hori garatu eta Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma ezarri baitu Euskal Autonomia Erkidegoan, oinarrizko zehar-konpetentziatzat hartzen du hitzezko komunikaziorako, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia, horiek guztiak modu osagarrian erabilita, ganoraz eta egoki komunikatu ahal izateko egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan. Era berean, diziplina barruko oinarrizko konpetentziatzat hartzen da hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia. Konpetentzia horren helburua da ahozko eta idatzizko testuak erabiltzea euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan, hizkuntza-aniztasunarekiko modu egokian, eraginkorrean eta adeitsuan komunikatzeko, bizitzako hainbat egoeratan, bai eta literaturaren inguruko hezkuntza bat garatzea ere, norbere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutu ahal izateko.

Gainera, dekretu horretan ezartzen denez, hezkuntza-eskumenak dituen sailak elebitasuna bultzatuko du hezkuntza eleaniztun baten barruan, indarrean dauden hizkuntza-ereduak hobetzen eta garatzen laguntzeko. Horretarako, lehentasunezko tratua bermatuko da euskararentzat, bi hizkuntza ofizialen erabilera sozial desorekatua konpentsatzeko, ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzen dutenean komunikazio-konpetentzia praktikoa eta eraginkorra izan dezaten euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta atzerriko lehen hizkuntzan ere oinarrizkoa. Hori guztia, atzerriko bigarren hizkuntza batean oinarrizko ezagutzak lortzea baztertu gabe, hizkuntza-proiektuan hala jasoa duten ikastetxeetan. Halaber, ezartzen da Sailak berak sustatuko duela hizkuntzen trataera integratua eta integrala, komunikazio-konpetentzia eleaniztuna garatzeko asmoz. Hori guztia, honako hauetan jasotako xedapenak betetzeko, hizkuntzaren alorreko EAEko arau-esparrua osatzen baitute: 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa; 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa; eta 138/1983 Dekretua, uztailaren 11koa, Euskal Herriko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena; orobat, abenduaren 22ko 236/2015 Dekretua.

Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak, 236/2015 Dekretu horren bosgarren xedapen gehigarria betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema hobetzeko plana onartu zuen; plan hori berrikusi eta 2019an argitaratu zen. Hobekuntza-plan horretan jasotako ildo estrategikoen artean dago, alde batetik, «Elebitasuna hezkuntza eleaniztunaren barruan» izenekoa, eta, bestetik, «Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza». Hobetzeko alorren artean, beren-beregi aipatzen dira hauek: ingelesezko irakaskuntza areagotzea eta zabaltzea hizkuntza-proiektu eleaniztunen bidez, non gutxienez jakintza-arlo bat atzerriko hizkuntzan irakatsiko den; irakasleek hizkuntzen didaktikan duten konpetentzia hobetzea, eta antolaketa-bideak ezartzea hizkuntzak irakasten dituzten irakasleek koordinatuta lan egiteko, hizkuntzen tratamendu integratuaren ikuspegia aplikatuta; behar den prestakuntza eskaintzea, hizkuntzakoak ez diren arlo eta ikasgaietako irakasleek gai horien erabilera espezifikoei dagokien hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia modu integral eta sistematizatuan lantzeko, eta ikastetxe guztiek hizkuntza-proiektua landu eta dinamizatuko dutela ziurtatzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denaren babesean, deialdi hau elektronikoki izapidetuko da.

Dirulaguntza hau Hezkuntza Sailaren 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (BPE) jaso da. Plan hori Hezkuntzako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez onartu zen.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua kontuan hartuta (2021eko martxoaren 5eko EHAA, 47. zk.), eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako xedapenekin, baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin (EAEko herri-administrazioaren dirulaguntzak arautzen dira titulu horretan) eta oro har aplikatzekoak diren gainerakoekin ere, abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekontu-zuzkidura nahikoa badagoenez (lege horren bidez, EAEko 2022ko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren), honako hau

  1. Agindu honen xedea da Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutario edo erregelamenduzkoa duten elkarte edo federazioentzako dirulaguntzak iragartzea, baldintza izanik 2023-2024ko ikasturtean hizkuntza-proiektu eleaniztunak egitea modalitate hauetakoren batean:

    A modalitatea: Ikastetxeko hizkuntza-proiektua, hizkuntza komunikaziorako konpetentzia zein konpetentzia eleaniztuna, garatzen dituena hizkuntzen tratamendu integral eta integratuaren bidez, bi hizkuntza koofizialak eta atzerriko hizkuntzak kontuan hartuta. (I. eranskina).

    B Modalitatea: Ikastetxeko hizkuntza-proiektua, hizkuntza komunikaziorako konpetentzia zein konpetentzia eleaniztuna, garatzen dituena atzerriko hizkuntzetako curriculum-arloen irakaskuntzan ekimen berritzaileetan sakonduko duena, CLIL metodologiaren bidez, diziplinarteko proiektuen bidez, eremuka lanean.... (I. eranskina).

    Bi modalitateetan, proiektuek ikastetxeko hizkuntza-proiektuaren garapenari lotutako prestakuntza-jarduerak barne hartu behar dituzte.

    Deialdi honi lotutako prestakuntzaren eta horrekin lotutako proiektuen helburua da hezkuntza-komunitate bakoitzak, ikasleen komunikazio-konpetentzia eta testuinguru soziolinguistikoa ezagututa, bere hizkuntza-proiektua diseinatu eta garatzea. Horretarako, berrikuntza didaktiko-metodologikoak abiaraziko ditu, hizkuntza komunikaziorako konpetentzia zein konpetentzia eleanitza garatzeko; berrikuntza horiek, hala, hezkuntza-zentroko hizkuntza guztiak aintzat hartuko ditu bi hizkuntza koofizialak eta atzerriko hizkuntzak ikasleak ahalik eta gehien garatu ditzan hizkuntza-trebetasunak. Ekintza horiek lagungarri izan behar dute hezkuntza-zentroaren hizkuntza-proiektua lantzeko eta garatzeko, zentroaren hezkuntza-proiektuaren esparruan.

  2. Agindu honen bidez iragarritako dirulaguntzak finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura, 1.332.000,00 euro bideratuko dira guztira.

  1. Dirulaguntza hauei heldu ahal izango diete 5. artikuluko betekizunak betetzen dituzten eta unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioa edo erregelamenduzkoa duten federazio edo elkarteek, bai Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuek bakarrik eratutakoak direnek, bai Estatukoak direnek ere. Estatu osokoak direnek egoitza izan beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan.

  2. Dirulaguntzak jasotzeko, aurreko atalean deskribatutako erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan garatu beharko dute hizkuntza-proiektua, hiru ikastetxe izan beharko dituzte gutxienik Euskal Autonomia Erkidegoan, eta itunpeko 50 gela edo gehiago.

  1. Diruz lagundu ahal izango da 1. artikuluan zehaztutako modalitateetako bakoitzari lotutako irakasleen prestakuntza, ikastetxeko hizkuntza-proiektua aurrera eraman dezaten, federazio edo elkarte onuradunekin harreman estatutario edo erregelamenduzkoa duten ikastetxeetan.

  2. Deialdi honetan proposatzen den prestakuntza-ereduak ikuspegi didaktiko-metodologiko bati erantzun behar dio, irakasleek hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala landu dezaten eta ikasleen komunikazio-konpetentzia garatzeko bide eman dezaten, metodologia aktibo eta berritzaileen bidez beti curriculum berriari lotuta.

  3. B modalitatean, proposatzen den prestakuntza-eredua irakasleen metodologia eguneratzera bideratuta dago, eta, gutxienez, hizkuntzaz kanpoko arlo edo gai bat eman behar da atzerriko hizkuntzan. Beraz, modalitate honetan proposatzen den prestakuntza-ereduak atzerriko hizkuntzako irakasleen komunikazio-gaitasuna hobetzea barne hartzen du. Prestakuntza horretarako zuzkidura ekonomikoak emango dira Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B1 mailatik B2 mailara eta B2 mailatik C1 mailara igarotzeko, gutxienez 50 ordukoak, ziurtagiria 3 urteko epean lortzeko.

  4. Hau izango da diruz lagundu daitekeen prestakuntza:

    Ikastetxeko hizkuntza-proiektuaren diseinuari eta garapenari lotutako prestakuntza-jarduerak.

    Ikasleen komunikazio-konpetentziaren garapena hobetzeko eta hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala lantzeko helburuz arlo eta irakasgai guztietako irakasleei ematen zaizkien prestakuntza-jarduerak; eta hizkuntzen tratamendu integratu eta integrala sustatzen duten metodologia aktibo eta berritzaileak garatzeko prestakuntza-jarduerak, hizkuntzen irakaskuntzarekin eta atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaien irakaskuntzarekin lotura dutenak. Prestakuntza-jarduera horiek, bi modalitateetarako, honako eduki hauek jorratu ahal izango dituzte, besteak beste:

    Hizkuntza-interdependentziaren printzipioa eta hizkuntzen tratamendu integratua curriculumean.

    Alfabetatze aniztunak.

    Hizkuntza eskuratzeko prozesua: atzerriko hizkuntza bat goiz sartzea.

    Hizkuntzaren tratamendua curriculumaren arlo eta eremuetan: trebetasun kognitibo-linguistikoak.

    CLIL (Atzerriko Edukien eta Hizkuntzen Ikaskuntza Integratua).

    Curriculum berriaren jarraibideekin bat datozen curriculum-material berritzaileak sortzea.

    Komunikazio-gaitasun eleaniztuna garatzea, curriculum berriaren jarraibideen arabera.

    Komunikazio eleaniztunaren konpetentzia ebaluatzea.

    Komunikazio-konpetentzia garatzen landuko duten metodologia aktiboak.

    Proposamen eta tresna digitalak aplikatzea eta sortzea hizkuntzen ikaskuntzan.

    Gelan proposamen pedagogiko berritzaileak ezartzea, hizkuntza-trebetasunak eta eleaniztasun-konpetentzia garatzeko.

    Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren B2 edo C1 mailako prestakuntza-jarduerak, gutxienez 50 ordukoak, irakasleek atzerriko hizkuntza baterako konpetentzia hobetzera bideratuak, eta hiru urteko epean ziurtagiri egokia (B2 edo C1) lortzea helburu dutenak. B modalitateko hizkuntza-proiektuen jardueretarako bakarrik.

  5. Atzerriko hizkuntza baterako konpetentzia hobetzeari lotutako prestakuntza deialdi honetatik kanpo geratuko da helburu hau ez duenean: irakasleek curriculum-gaiak atzerriko hizkuntza batean emateko ziurtagiri egokia lortzea (B2 edo C1) hiru urteko epean. Ziurtagiria lortzeko, interesa duten irakasleek Hizkuntza Eskola Ofizialen egitura erabiliko dute (irakasleek lehentasuna dute horietan matrikulatzeko).

  6. A modalitatetik kanpo geratuko da irakasleek atzerriko hizkuntzan duten konpetentzia hobetzeko prestakuntza oro.

  7. Proiektuan diharduten irakasleen % 80k parte hartu beharko dute prestakuntza-jarduera horietan.

  8. Proiektua osatzen duten irakasleen prestakuntza-jarduera guztiek prestakuntzan inplikatutako gutxieneko irakasle-talde bat izan behar dute, proiektuaren jarraipena bermatzeko, nahiz eta taldeko kideren bat aldatu. Salbuespen gisa, banakako jarduerak sartu ahal izango dira, betiere behar bezala justifikatuta badaude, ikastetxean jarraitutasuna, inpaktua eta jarraipena izateko itxura badute.

  9. Deialdi honen kontura diruz lagunduko diren gastuak egiteko aldia 2023ko irailaren 1ean hasiko da, eta 2024ko ekainaren 15ean bukatuko.

  1. Ikastetxeko hizkuntza-proiektua garatzeko berrikuntza-proiektuek, bi modalitateetako edozeinetan, honako atal hauek izan beharko dituzte (IV. eta V. eranskinak, modalitatearen arabera):

    Diagnostikoa, hauek hartuko dituena:

    Ikasleen emaitzak (euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntzetan, barne- eta kanpo-ebaluazioetatik datozenak) aztertzetik eratorritako hobekuntza-eremuak

    Diagnostikotik eratorritako hobekuntza-eremuak.

    Hobekuntza-eremuak, Eleaniztasunerantz 2022-2023 proiektua inplementatzean aztertu eta ikasitakotik ondorioztatutako hobekuntza-eremuak, proiektua ikasturte honetan garatzen ari diren ikastetxeen kasuan.

    Hobekuntza-esparruak daudela egiaztatzen duten beste ebidentzia batzuk.

    Ikastetxe elkartuek nolako ibilbidea duten hizkuntzekin zerikusia duten esperientzietan.

    Ikasturtean garatu beharreko proiektuaren helburuak, ikasleen aniztasuna eta egindako diagnostikoa kontuan hartuta.

    Hartzaileei eta aurreikusitako ekintzei buruzko datuak biltzen dituen plangintza:

    1. Hartzaileak, proiektuan parte hartzen dutenak:

      Ikastetxeko ikasleen talde eta maila guztien kopurua.

      Proiektuan parte hartzen duten ikasleen talde eta hezkuntza-maila guztiak.

      Irakasle guztien kopurua eta proiektuan parte hartzen duten irakasleen kopurua.

    2. Proiekturako aurreikusitako ekintzak, helburu estrategikoetan oinarrituak. Plangintza eta gauzatze-egutegia eta proiektuaren garapena bermatzeko beharrezkoak diren asteko koordinazio-saioen kopurua barne.

    3. Proiektua ebaluatzeko irizpideak eta eraginaren emaitzak neurtzeko adierazleak.

    4. Federazio edo elkarteak antolatzen dituen eta ikastetxeak parte hartuko duen prestakuntza-ekintzak, eta ikastetxearen beraren barneko jarduerak.

      B modalitateko hizkuntza-proiektuen kasuan, zehaztu egin beharko da hizkuntzez kanpoko zer gai emango den (edo emango diren) atzerriko hizkuntzan, bai eta zenbat ordu izango dituen atzerriko hizkuntzak eta zenbat ordu emango diren atzerriko hizkuntzan ere.

      Atzerriko hizkuntzan irakatsiko diren irakasgaiak aukeratzeko orduan, irakasleek kontuan hartuko dute hau: ikasle-talde baten barruan, atzerriko hizkuntzan emango diren orduen kopurua berdina izatea denentzat, zein arlo edo irakasgai aukeratzen dituzten kontuan izan gabe. Lehen Hezkuntzan, gutxienez, 4,5 ordu emango dira astean, eta 5 ordu Bigarren Hezkuntzan.

      Euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntzan emango diren orduen kopuruari eta irakasgaiei dagokienez, adieraziko da zein den hasierako egoera eta zer garapen aurreikusten den bi urteetarako, halako moldez non, ekitatearen mesedetan, maila beraren barruko ikasle guztiak eta ikastetxeko maila guztiak hartuko dituen, arian-arian.

      Garapen horrek kontuan hartuko du ikastetxearen egoera soziolinguistikoa, eta ezingo du ekarri A eta B ereduetan euskaraz irakatsi beharreko ordu-kopurua txikiagoa izatea. Adierazi beharko da, talde bakoitzari dagokionez, zer irakasgairi eta zer irakats-hizkuntzari kenduko zaizkion orduak edukiak atzerriko hizkuntzan emateko.

  2. Hezkuntza Sailak ikastetxeen eskura jarri ditu ikastetxearen hizkuntza-proiektua diseinatzeko laguntza-gidak, esteka honetan: https://labur.eus/hizkuntzaproiektua. Gainera, irakurketa-plana egiten laguntzeko hainbat baliabide eta orientabide daude web-orri honetan: https://irakurgune.euskadi.eus/eu/inicio. Gida horiek soil-soilik ikastetxeei laguntzeko dira, eta inola ere ezin dira hartu agindu honetan arautzen diren dirulaguntzei buruzko jarraibide osagarritzat.

  1. Federazioek eta elkarteek (hau da, erakunde eskatzaileek) honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

    1. Ikastetxe elkartuen hizkuntza-proiektuak aurkeztea 1.1 artikuluan jasotako modalitateen arabera. Oraingo ikasturterako lan-plana jaso beharko du, 4. artikuluan ezarritako edukiekin bat etorrita.

    2. Egingo den prestakuntza zehaztea, eta prestakuntza jasoko duten ikastetxe eta irakasleen kopuruaren gaineko aurreikuspen bat egitea.

    3. Ikastetxeek konpromisoa ematea proiektuak abian jarriko dituztela ziurtatuko duten ikastetxeetako bakoitzeko irakasleen artetik gutxienez hamarrek parte hartzeko proiektuekin lotutako prestakuntzan.

    4. Deialdi honetan parte hartzen hasiko diren ikastetxeek konpromisoa ematea proposatutako proiektuetan gutxienez bi urtez parte hartzeko. Ikastetxeek lehenagotik ere parte hartu badute, lan-plan eguneratu bat diseinatu beharko dute aurreko proiektuaren ebaluazioa egin ondoren, helburuak lortzen lagunduko duten hobekuntza-proposamenak jasota.

    5. Gainera, ezingo dira erakunde onuradun izan egoera hauetako batean dauden erakundeak:

      Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

      Dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa dutenak, edo horretarako ezgaitzen dituzten lege-debekuren bat dutenak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.

      Hori dela eta, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute erakundeek, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko. Bi bide ezartzen dira zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela justifikatzeko:

      Organo eskudunari baimena ematea hori egiaztatzeko, baimena eskaeraren eranskinean bertan markatuta.

      Organo eskudunari baimenik ez ematea hori egiaztatzeko; kasu horretan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren eta Gizarte Segurantzaren nahitaezko ziurtagiriak erantsi beharko zaizkio eskaerari.

      Baldintza horiek eskatuko dira bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko.

      Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten enpresak, ez eta 50 langile baino gehiagoko enpresak ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritakoaren arabera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

  2. Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eman dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei. Azkenean, prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza dakarren zehapena edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako dirulaguntza hori indargabetu egingo litzateke, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batzuetan egoteagatik Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluko a), g) eta h) letretan ezarri dira egoera horiek.

  3. Eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:

    Ez dela eskuratu helburu bererako inolako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.

    Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

    Eskaeran eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan jasotako egoeraren batean.

    Estatuko erakundeen kasuan, erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duela, nortasun juridikoa eta ahalorde askietsia dituela, bai eta, gutxienez, Euskadin kokatutako hiru ikastetxe ere. Kasu horietan, erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla egiaztatzeko, ordeztutako dokumentazioa aurkeztu beharko da, dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik. Horretarako, prozeduran alegazio-epe bat irekiko da, prozedura ebatzi aurretik egiaztapen hori ahalbidetzeko. Epe hori zuzenean jakinaraziko zaie elkarte/federazio interesdunei, egoitza elektronikoaren bidez. Bertan, dagokion dokumentazioa erantsi ahal izango dute https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean

  4. Erakunde onuradunak eskubidea du kasuan kasuko prozedurari aplika dakizkiokeen arauek eskatzen ez dituzten dokumentuak ez aurkezteko, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua aplikatuz administrazio jardulearen eskuetan dauden dokumentuak ez aurkezteko ere; azken kasu horretan, adierazi beharko du noiz eta zein administrazio-organori aurkeztu zizkion dokumentu horiek.

    Alde horretatik, dirulaguntza eskatzen duen federazioak edo elkarteak ez du aurkeztu behar dokumentazio osagarririk (6.4 artikulua; eskrituraren edo eratze-aktaren kopiarik, dirulaguntza eskatzeko ahalorde askietsiaren dokumentaziorik eta eskatzen duen federazio edo elkartearekin zerikusia duten ikastetxeen zerrendarik), baldin eta dokumentazio hori Hezkuntza Sailaren aurreko deialdietan aurkeztu bada eta aldatu ez bada. Kasu horretan, adierazi behako du noiz eta zer administrazio-organori aurkeztu zizkion dokumentu horiek.

  1. Eskaerak bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dira, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

  2. Eskaera izapidetzeko jarraibideak eskuragarri dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskaeraren formulariora sartzeko erabili behar dena eta erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak dituena, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1013610.

  3. Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskaera eta dokumentuak. Prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilpena arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

    Eskaera egin ostean, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orriaren bidez egin beharko dira hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak, bai eta justifikazioaren eta gora jotzeko errekurtsoaren izapideak ere.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan adierazita dago zein bitarteko onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako, eta helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/.

  5. Eskaera ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki; horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

  6. Eskaerekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

    Federazio edo elkarte eskatzailearen eratze-aktaren edo eskrituraren kopia konpultsatua.

    Eskaera sinatzen duenak dirulaguntza eskatzeko ahalorde askietsia duela egiaztatzeko agiriak.

    Estatutuz edo erregelamenduz federazio edo elkarte eskatzailearekin erlazionatuta dauden EAEko ikastetxeen zerrenda, ikastetxeen kodea adierazita.

    1. eranskinean jasotako laburpen-fitxa, non honako hauek jasotzen baitira: federazio edo elkarte eskatzaileari buruzko datuak; federazioari edo elkarteari dagozkion ikastetxe guztietan ezarriko den A modalitateko eta B modalitateko hizkuntza-proiektuari buruzko oinarrizko datu orokorrak, eta aurreikusitako prestakuntza-jardueren laburpena.

    2. eranskinean jasotako deskripzio-fitxa, A modalitateko hizkuntza-proiektuaren oinarrizko datuak jasotzen dituena, lan-planaren ezarpenaren laburpenarekin batera. Taula bat beteko da parte hartzen duen ikastetxe bakoitzeko, dagokion elkarte edo federazioak aurkeztutako eskaeraren bidez, eta hauek ere jasoko dira: ikastetxe bakoitzean garatu beharreko proiektuaren datu espezifikoak eta zer prestakuntza-jardueratan parte hartu nahi den.

    3. eranskinean jasotako deskripzio-fitxa, ikastetxeetako bakoitzean ezarriko den B modalitateko hizkuntza-proiektuaren oinarrizko datuak jasotzen dituena. Taula bat beteko da parte hartzen duen ikastetxe bakoitzeko, dagokion elkarte edo federazioak aurkeztutako eskaeraren bidez, eta hauek ere jasoko dira: ikastetxe bakoitzean garatu beharreko proiektuaren datu espezifikoak eta zer prestakuntza-jardueratan parte hartu nahi den.

      Prestakuntza-jardueren deskripzio-fitxa, VI. eranskinean jasotakoa, sareko ikastetxeetan bi modalitateetako hizkuntza-proiektuak garatzeko beharrezkoak diren irakasleentzako prestakuntza-jarduera guztiak zehazten dituena.

      Elkartearen edo federazioaren hizkuntza-proiektu globala; proiektuak, gutxienez, 4. artikuluan adierazitako atalak jaso beharko ditu, gutxienez bi urterako proiekzioa kontuan hartuta. Proiektu horretan, halaber, ikastetxe bakoitzaren proiektu indibidualei buruzko zehaztapenak jasoko dira, kontuan hartuta ikastetxeek zein modalitatetan parte hartuko duten aukeratu behar dutela.

  7. Ikastetxe jakin batek aldi berean harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak baditu federazio batekin eta elkarte batekin, edo federazio edo elkarte batekin baino gehiagorekin, agindu honetatik erator daitezkeen helburuetarako, ikastetxea haietako bakar batekin azalduko da lotua. Horretarako, ikastetxearen legezko ordezkariaren adostasunezko idatzia atxiki beharko da.

  8. Aurkeztu den eskaeran akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, edo dokumenturen bat falta bada, elkarte edo federazio interesdunari 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan. Hala egin ezean, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, eskaeran atzera egin duela joko da.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak kudeatuko du agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak emateko prozedura.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute:

Sebastián Martín Moreno, Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Hobekuntzako Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburu izango dena.

Axular Astaburuaga Iturbe eta Celia Luengo Ugidos, Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Hobekuntzako Zerbitzuko teknikariak. Horietako batek batzordeko idazkari-lanak egingo ditu.

  1. Hautaketa-batzordeak agindu honetako VII. eranskinean ezarritako baremoa kontuan hartuta ebaluatuko du eskaera bakoitza. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango dizkie laguntza-zerbitzuei.

  2. Eskaera kanpoan geratuko da, baldin eta lan-planaren balorazioak gutxienez 9 puntu lortzen ez baditu 1.1. apartatuan, VII. eranskinean jasotako baremoa aplikatuta.

  3. Eskaeren balorazioa kontuan izanik, hautaketa-batzordeak ebazpen-proposamen bat prestatu eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariari igorriko dio. Proposamen horretan jasoko da zer hizkuntza-proiektu bi modalitateetakoak hautatu diren, eta zer ikastetxetan egingo diren proiektu horiek, baita federazio edo elkarte bakoitzari zer dirulaguntza ematea proposatzen den ere. Gainera, kanpoan utzitako eskaeren zerrenda sartuko da, kanpoan uzteko arrazoiak aipatuta.

  1. Federazio edo elkarte bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbateko osoak elkarte edo federazioak aurkeztutako hizkuntza-proiektua garatzeko jasotako prestakuntza-jardueren kostu osoa estali ahal izango du, eskatutako modalitatearen arabera, kontuan hartuta ikastetxe bakoitza agindu honen 1. artikuluan azaldutako modalitateetako batean soilik egon ahalko dela, eta betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta honako muga hauekin:

    1. Gehienez ere, 100 euro ordainduko dira proiektu eleaniztunean jasotako prestakuntza-jardueretan emandako ordu bakoitzeko. Jarduera emateari egotzitako gastu gisara zenbatu ahalko dira honako hauek: batetik, prestakuntza-jardueraren kostua, prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera; eta, bestetik, ikastaroa emango duen irakaslearen joan-etorriek, ostatu-hartzeak eta otorduek eragindako gastuak, baldin eta prestakuntza-erakundeaz kanpokoa bada eta prestakuntza-saio horiek justifikatuta badaude proiektua gauzatzeko aurkeztutako proiektuan. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen joan-etorrietarako edo jan-edanetarako gastuak.

      Prestakuntza-jarduerak emateko ondorioetarako, prestakuntza-zerbitzuak azpikontratatu ahal izango dira elkarteak edo federazioak prestakuntza hori emateko langile kualifikaturik ez badu. Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezartzen den moduan, emandako dirulaguntza osoaren % 70 izango da gehieneko muga, azpikontratu guztien prezioak batuta.

      Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten dituenean Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak lege horren bitartez, Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB Zuzentarauak, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik ematen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

      Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskaeran aurkeztuko dira), efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

    2. Ez da diruz lagunduko 10 ordu baino gutxiagoko prestakuntza-jarduerarik.

    3. Ez da diruz lagunduko edizio bakoitzean 5 plaza baino gutxiago iragartzen duen prestakuntza-jarduerarik. Hau da, proiektuan ikastaro bat sartzeko, gutxienez 5 parte-hartzaile beharko dira, eta parte-hartzaile horiek izan daitezke elkarte edo federazio eskatzaileko kide diren ikastetxe desberdinetakoak.

    4. Ez dira ordainduko eta ez dira kostu moduan hartuko jardueran parte hartzen duten irakasleak ordezteko langileak kontratatzearen ondoriozko gastuak.

    5. Hizkuntza-proiektuak eta haietan jasotako irakasleen prestakuntza garatzean beharrezkoa bada prestakuntzarako material bibliografiko lagungarriak erostea, horregatik ordaindu beharreko kopurua ezingo da izan proposatutako dirulaguntza osoaren ehuneko hogei baino gehiago.

    6. Diruz lagundu ahalko dira proiektua garatzeko zuzendaritza-, koordinazio-, segimendu- eta ebaluazio-gastuak, proiektua ikastetxeetan ezartzeari lotutakoak, eta proiektuari dagozkion prestakuntza-jarduerei lotutakoak. Proiektuari lotutako prestakuntza-jardueren zuzendaritzaren, koordinazioaren, segimenduaren eta ebaluazioaren gastuek, gehienez ere, orduko 25 euroren muga izango dute; III. eranskinean ("Prestakuntza-jardueren datuen laburpena") jasotzen da kontzeptu horren barruan sar daitekeen ordu-kopurua, "orduak" atalean.

      1. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura ez bada nahikoa eskaera guztiei erantzuteko proiektuaren kostuaren ondoriozko zenbatekoan artikulu honen aurreko atalean aurreikusitako mugekin, dirulaguntzen zenbatekoa banaketa proportzionalaren sistemaren bidez kalkulatuko da. Sistema horren arabera, diru-zuzkidura globala eskaera bakoitzak lortu duen puntuazioaren araberako proportzioan banatuko da VII. eranskineko baremoaren irizpideak aplikatuta, betiere proiektuaren kostua eta eskatutako zenbatekoa gainditu gabe. Dirulaguntza kalkulatzeko, VIII. eranskinean zehaztutako irizpideei jarraituko zaie. Aurrekontu-gutxiegitasuna dela-eta hainbanatze-sistema aplikatzen denean, elkarte/federazio interesdunari aurretiazko ebazpen-proposamena helaraziko zaio, dagokion dirulaguntzaren zenbatekoarekin, atzera egitea edo eskabidea birformulatzea erabakitzen badu ere.

  1. Beren elkarte edo federazioaren babesean deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeek beren eremuan eskumena duen Hezkuntzan Laguntzeko Zentroaren laguntza eta aholkularitza jaso ahal izango dute prestakuntza-jarduerei eta proiektuaren segimendu eta ebaluazioari dagokienez, ikastetxeko proiektuaren koordinatzailearekin eta elkarte edo federazioaren ordezkariarekin batera.

  2. Proiektu horietan parte hartzen duten irakasleek lehentasuna izango dute Hezkuntzan Laguntzeko Zentroetan hizkuntzen didaktikarekin lotuta antolatzen den prestakuntza jasotzeko.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak 30 prestakuntza-ordu ziurtatuko dizkie deialdi honen babesean hizkuntza-proiektuak garatzen dituzten ikastetxe elkartuetako irakasleei, baldin eta partaide izan den irakasle bakoitzak proiektuan izandako arduraldiaren eta beharrezko prestakuntza-jardueretan izandako parte-hartzearen ehunekoa ikastetxe bakoitzean erabilitako ordu guztien % 80tik gorakoa bada, eta betiere helburu horretarako jarritako aplikazio informatikoan dagokion informazioa sartzen badute. Horretarako, 2023-2024ko ikasturtea amaitutakoan, parte hartzen duten ikastetxeei ahalmena emango zaie partaide izandako irakasleei buruzko datuak sartzeko aplikazio informatiko honetan: https://hezigunea.euskadi.eus/es/inicio

Deialdi honen babespean ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandakoekin.

  1. Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, ebaluazio-batzordeak egindako proposamena ikusita, behin-behineko ebazpena emango du, elkarte/federazio onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzen zenbatekoa edo, hala badagokio, dirulaguntza ukatzeko arrazoiak adierazita. Behin-behineko ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eta hamar eguneko epea izango dute, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko.

  2. Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu berberak izango ditu, eta elektronikoki jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, agindua argitaratzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean. Erakunde onuradunek dirulaguntzak jakinarazi eta onartu ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da behin betiko ebazpena, jendaurrean jartzeko. Ebazpen horretan erakunde onuradun bakoitzarentzako dirulaguntza osoa jasoko da.

  3. Epe horretan behin betiko ebazpenik eman ezean, eskaerak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

  4. Behin betiko ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpen elektronikoa egin eta hurrengo egunetik aurrera.

Agindu honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, dirulaguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badio ebazpena elektronikoki jaso eta hamar eguneko epean.

  2. Dirulaguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea, hau da, hizkuntza-proiektua garatzeko eta, proiektu horri lotuta, irakasleak prestatzeko.

  3. Konpromisoa hartzea hizkuntza-proiektuen garapenean ikasitakoa hezkuntza-komunitate osoari helarazteko, EAEko hezkuntza-administrazioak eleaniztasunari buruz antolatutako ikastaroetan, jardunaldietan edo prestakuntza-saioetan.

  4. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz.

  5. Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari.

  6. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatuz gero, horren berri ematea Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari.

  7. Lankidetzan aritzea Hezkuntza Sailarekin prestakuntza-jardueretan parte hartu duten irakasleen segimendu eta ebaluazioan, bai eta orokorrean hizkuntza-proiektuen ebaluazioan eta proiektu horiek gauzatzen diren ikastetxeetan proiektuok duten eraginari buruzko ebaluazioan ere.

  1. Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, eta honela egingo dira ordainketak:

    1. Lehenengo ordainketa emandako dirulaguntzaren zenbateko osoaren herena izango da, eta deialdiari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean egingo da, baldin eta tartean laguntzari berariaz uko egin ez bazaio eta lehenengo ordainketari dagokion zenbatekoaren gutxienez % 50 justifikatu badu erakunde onuradunak.

    2. Bigarren zatian gainerakoa ordainduko da, erakunde onuradunak 17. artikuluan aipatutako frogagiriak ikasturtea amaitu eta 2024ko ekainaren 15era bitarte aurkeztu ondoren, egun hori barne.

  2. Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

  1. Artikulu honetan aipatutako justifikazio-agiriak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira, honako helbide honetan: http://www.euskadi.eus/nire-karpeta

  2. Irakasleen prestakuntza-jarduerak amaitu ondoren, erakunde onuradunek ekainaren 15era arteko epea izango dute hautatutako hizkuntza-proiektuaren garapenari buruzko memoria aurkezteko. Memoriak atal hauek izango ditu:

    Hizkuntza-proiektua zenbateraino gauzatu den parte hartu duten ikastetxeetako bakoitzean, eta proiektuaren ebaluazio orokorra.

    Zer prestakuntza-jarduera egin diren, eta haietako bakoitzaren txostena, honako hauek adieraziz: edukia, eskainitako plaza-kopurua, parte-hartzaile kopurua eta zenbatek gainditu duten ikastaroa. Zehaztu beharko da, era berean, zer kostu ekonomiko izan duen prestakuntza-jarduera bakoitzak.

    Hizkuntza-proiektuak ikastetxeetako bakoitzean izandako eraginaren adierazleak: zenbat ikasle-taldetan ezarri den, eta hizkuntzetan izan dituzten emaitzen ebaluazioa, ikasturtearen hasiera abiapuntutzat hartuta; prestatu ondoren, atzerriko hizkuntzetan B1, B2 edo C1 maila dutela frogatzeko proba ofizialetara aurkezten diren irakasleak zenbat diren, eta haien ehunekoa.

    Jasotako dirulaguntza zertarako erabili den azaltzen duen balantze ekonomikoa, eta federazio edo elkarteko organo gorenaren akta, balantze hori onartzen duena.

  3. Erakunde onuradunak, txostenarekin batera, emandako dirulaguntzaren hartzaile diren hizkuntza-proiektua eta prestakuntza-jarduerak egin direla egiaztatzen duten gastu-frogagiriak, fakturak edo bestelako dokumentuak aurkeztuko ditu. Era berean, honako justifikazio hauek ere aurkeztuko ditu: batetik, 10. artikuluko 1. zenbakiko a) letran adierazitakoak, hornitzaileen eskaintzei dagokienez, eta, bestetik, hizkuntza-proiektua edozein modalitatetan gauzatzeko azpikontratazio-ehunekoari buruzkoak.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak hizkuntza-proiektuen eta ikastetxeetan duten ezarpenaren segimendua egingo du, dirulaguntzaren helburua betetzen dela bermatzeko.

Laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretakoren bat aldatzen bada, jakinarazi egin beharko da, eta gerta liteke horren ondorioz laguntza emateko ebazpena ere aldatzea.

  1. Dirulaguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen pean egongo dira, eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 37.1 eta 2. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan itzuli beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barnean dela):

    Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat denean.

    Dirulaguntza ez bada erabili hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

    Dirulaguntza eragin zuen jarduera burutzen ez denean.

    Ez denean justifikatzen eman zen helburu zehatzetarako erabili dela dirulaguntza.

    Oro har, betetzen ez direnean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako betebeharrak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan ezarritakoak edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

    Dirulaguntzaren gutxieneko aplikazio-ehunekoa, haren xedeari dagokionez, hau izango da: egiten direnean bi modalitateetarako diruz lagundutako ikastetxeko hizkuntza-proiektuen % 80 eta horretarako diseinatutako irakasleen prestakuntza-jardueren ehuneko bera. % 80tik beherako ehunekoa ez egitea erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta, horrelakoetan, jasotako dirulaguntzaren zenbateko osoa gehi bidezkoak diren legezko interesak itzuli beharra egongo da. Ez-betetze partziala izango da, berriz, gutxienez % 80 egitea baina % 100era iritsi gabe. Horrelakoetan, dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko dute, diruz lagundutako proiektu globalaren betetze-mailarekiko proportzionala.

  2. Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak; dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta kudeaketa horretan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ere ezartzen dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.

Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

Ekonomia eta Ogasun Saila. Ikastetxe publikoak eta itunpekoak.

Eskubideak: Datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere.

Informazio gehigarria: Web-orri honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia:https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende daude: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maitzaren 10a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Ikastetxeen elkarte edo federazioak hizkuntza-proiektu orokor bakarra aurkeztu behar du ikastetxe elkartu guztietarako, eta proiektu orokor horren barruan jasoko ditu ikastetxe bakoitzaren hizkuntza-proiektu indibidualak, kontuan harturik ikastetxeak aukeratu behar duela bere proiektuaren modalitatea.

1. A MODALITATEKO HIZKUNTZA-PROIEKTUAK.

A modalitatean hizkuntzen tratamendu integral eta integratuan sakonduko duen ikastetxeko hizkuntza-proiektua sustatzen da, zeinak bi hizkuntza koofizialak eta atzerriko hizkuntzak kontuan hartuko baititu. A modalitateko hizkuntza-proiektutzat hartzen dira hizkuntzen inguruko ekintza didaktiko-metodologikoak ikuspuntu integratu eta integral batetik praktikan jartzen dituzten proiektuak, ikasleen idatzizko zein ahozko erabilera eta ulermena hobetzeko eta ikasleen hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia hobetzeko helburuarekin.

Hauek dira proiektuan garatu beharreko alderdi batzuk, deialdi honen 3.4 artikuluan aipatutakoak barne:

Hizkuntzaren tratamendu integratua eta integrala bultzatzea diziplina anitzeko programazioetan.

Hizkuntzaren tratamendu integratuan sakontzea, hizkuntza-curriculumetako programazioak adostuz, curriculum berriaren araberako ikas-egoerak edo unitate didaktiko adostuak diseinatuz eta horiek ikasgelan aplikatuz, hizkuntzen inguruko erabaki adostuak hartuz etab.

Tratamendu metodologikoan berrikuntzak planteatzea, ikasleen komunikazio-konpetentzia zein konpetentzia eleanitza hobetzeko deialdi honetan aipatzen diren etapetan (estrategiak, jarduerak...), eta ebaluazioa egitea eremu eta ikasgai guztietan.

Ikasgelako estrategiak eta beste jarduera batzuk aztertzea, ikasleen irakurmena, idazmena zein ahozkotasuna hobetzeko (solasaldiak, eztabaidak, aurkezpenak, antzerkia...).

Ahozko eta idatzizko testuak ulertzeko eta sortzeko prozedurak ezagutzea, bai eta horiek ebaluatzeko eta zuzentzeko irizpideak, teknikak eta tresnak ere.

Estrategia metodologiko eta/edo proposamen digital berriak ezartzea ikasgelan. Piktoidazketa, translanguaging...

Literatura-hezkuntzaren inguruko proposamen didaktikoak egitea.

2. B MODALITATEKO HIZKUNTZA-PROIEKTUAK.

Ikastetxeko B modalitateko hizkuntza-proiektu eleaniztuntzat jotzen dira atzerriko hizkuntzen ikaskuntza eta ikasleen profil eleaniztun eta kulturartekoaren garapena hobetzeko berariazko neurriak praktikan jartzen dituzten proiektuak, irakasleen prestakuntza eta eguneratze metodologikoaren bidez, gutxienez, hizkuntzaz kanpoko arlo edo ikasgai bat atzerriko hizkuntzan ematea ahalbidetzeko.

Hauek dira proiektuak gara ditzakeen zenbait alderdi:

Komunikazio-ikuspegitik, ikasleak atzerrian komunikatzeko gaikuntza hobetzea, hizkuntzaren bost trebetasunetan, eta, bereziki, mintzamenean.

Tratamendu metodologikoan berrikuntzak planteatzea, ikasleen komunikazio-konpetentzia hobetzeko deialdi honetan aipatzen diren etapetan (estrategiak, jarduerak...), eta ebaluazioa egitea eremu eta ikasgai guztietan.

Atzerriko hizkuntzen edukiak eta irakaskuntza uztartzen laguntzen duen metodologia.

Ikasleen hizkuntza-aniztasuna kontuan hartzen duen metodologia.

Estrategia metodologiko eta/edo proposamen digital berriak ezartzea ikasgelan. Pluriliteracies, CLIL, piktoidazketa, translanguaging...

Lankidetza eta proiektukako lana, ikastetxean Europako eta nazioarteko dimentsioa eragiteko; eTwinning eta Erasmus + ekimenean parte hartzea sustatzea.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.