Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko ekainaren 29koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2023. urtean «Kiroletik Bagoaz Euskaraz» saria arautu eta horretarako deialdia egiten dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 168
  • Hurrenkera-zk.: 4103
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/06/29
  • Argitaratze-data: 2023/09/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio hizkuntza politika eta euskararen sustapenaren inguruko egitekoak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren barruan, aipatutako eginkizunak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen zaizkio, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez.

Arestikoa gauzatze aldera, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak diseinatutako «Kirolean Euskara Sustatzeko Plana 2021-2024» onartu zuen.

Planean adierazten da euskararen erabilera normalizatzeko behar-beharrezkoa dela gaur erabiltzen ez den eremuetara iristea gure hizkuntza eta helburu hori lortzeko arlo ezberdinetan erein behar dela euskararen hazia. Hori horrela izanik, aspaldi jarri zuten Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako arduradunek (HPS) arreta hizkuntzak erabilera informala duen eremuetan, bereziki aisialdiaren esparruan. Gazteen kasuan, eskolaz kanpoko jarduerak eta guneak lantzea dagokigu, bereziki kirol esparrua non euskara kontsumitu, sortu eta erabiltzeko aukerak erraztu eta euskararen erabilera areagotzeko lana egin behar den.

Ikerketek argi adierazten dute kirola dela EAEko gazteen sozializazio-eremu garrantzitsuenetakoa. Baita eskolan euskaldundutako gazte belaunaldi berrien eskolaz kanpoko jarduera nagusia ere. «D ereduko kirola» eta «Euskara Kirolkide» ikerketa-proiektuek adierazi bezala, kirola da euskararen erabilera sustatzeari begira eskola eta kalearen arteko zubi lana egin dezakeen esparrua.

Aurrekoagatik guztiagatik, «Kirolean Euskara Sustatzeko Plana 2021-2024» delakoan hainbat helburu eta ekintza zehazten dira arestikoa betez joan gaitezen arian-arian. Besteak beste kirol munduan «euskararen prestigioa handitzea» aipatzen da azken helburuetako moduan eta horretarako «Kiroletik Bagoaz Euskaraz» saria Kirolean euskararen erabilera era sistematikoan lantzen duten pertsona, elkarte edota taldeei aitortza eginda, kirol arloan erabileraren gizarteratzea du asmoa.

  1. Agindu honen xedea da kirol munduan euskararen erabilera sustatzen duten praktika onak saritzeko «Kiroletik bagoaz euskaraz» saria arautzea eta horretarako deia egitea. Sariduna izaera bikoa izan daiteke:

    1. Kirolean euskararen gizarte erabilera babestu, sustatu edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren erakunde edota kirol elkarteak (pertsona juridikoak).

    2. Kirolean euskararen gizarte erabilera babestu, sustatu edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren pertsona fisikoak (adituak, ikerlariak, entrenatzaileak, presidenteak...)

  2. Sariaren helburua da Kirolean euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona, elkarte edo taldeen jarduna jende aurrean aitortu eta saritzea.

Saritutako pertsona, elkartea edo taldea sortzaile gazte baten lanaren ale bat jasoko du. Sariaren ikurra euskal artista gazte batek egindako obra bat izango da, eta «Kiroletik Bagoaz Euskaraz» markaren iruditegiarekin lotura izango du zelanbait.

Honako deialdi honen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.

  1. Ezin izango dute sari hauetan parte hartu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea berekin dakarren zigor administratiboa edo penala ezarrita dutenek, ezta horretarako desgaitzen duen legezko debekua ezarrita dutenek eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna Lortzeko eta Emakumeen Kontrako Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenek ere.

  2. Pertsona eta erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eta mantendu egin beharko dira sariaren eskabidea aurkezten denetik hura jaso arte:

    1. Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana izateko betebeharra duten enpresek berdintasun-plana indarrean izatea. 50 langiletik gorako enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana.

    2. Itzulketa-betebeharrak egunean izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

    3. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai saria ematen denean, bai entregatzen denean.

  3. Aurreko ataletan aipatutako baldintzez gain, honako hauek ere kontuan hartuko dira.

    1. Hautagaia pertsona fisikoa izatekotan, bizirik direnen aldeko proposamenak besterik ez dira onartuko. Gainera, aurkeztutako hautagaiek euren lana edo saritzen den jardunbidea EAEn garatu behar dute.

    2. Kirol elkarteen kasuan, gaur egun kirolean euskararen erabilera sustatzeko lanetan aktibo egon behar dute eta euren lana edo saritzen den jardunbidea EAEn garatu behar dute.

  4. Hautagaiek aurreko puntuetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Sariketan parte hartzeko baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioa diharduen administrazioaren esku badago edo beste edozein administraziok egina bada, deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak. Interesduna espresuki aurka agertzen bada, berak aurkeztu beharko ditu beharrezkoak diren agiriak.

  5. Hautagaiek egunean izan behar ditu indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, erregelamenduz zehaztutako moduan. Hori egiaztatzea sariketaren organo kudeatzaileari dagokio. Azken honek behar adina aldiz egiaztatu ahal izango du, eskatzailearen aldez aurreko baimenik gabe, horrela araututa baitago honako xedapen honetan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan. Hala ere, hautagaiek baimen hori berariaz ukatu dezakete, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezarri bezala. Kasu horretan, edo hautagaien helbide fiskala Espainiako Estatutik kanpo egonez gero, hautagaiek dagozkien egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte. Era berean, hautagaien helbide fiskala Nafarroan baldin badago, kontuan izanik elkarreragingarritasun zerbitzuek ez dutela horrelako zerbitzurik ematen, hautagaiek zerga-betebeharrak beteta dauzkatela adierazten duen ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko dute. Kasu horietan guztietan ziurtagiriak, gehienez ere, 6 hilabete lehenago egindakoak izango dira.

  1. Hautagaitzak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta bi hilabeteko epean amaituko da.

  2. Epaimahaiari dagokio hautagaitzak proposatzea adierazitako epean. Horretarako izendatutako 3 adituek hiruna hautagaitza aurkeztuko dituzte, lurralde bakoitzeko hiru, alegia. Hautagaitzak sariaren helburuak aintzakotzat hartuz egingo dira eta hautagai diren pertsona edo elkarteen jardunaren kalitatea eta ibilbidea kontuan izanda. Halaber, EAEko lurraldetasuna eta kirol disziplinen aniztasuna aintzat hartuko dira.

  3. Epaimahaiak egokien irizten duen moduan egingo ditu hautagaitza horiek erabakitzeko egin beharreko jarraipen eta hautaketa lanak, ahalmena baitu sariaren gaineko erabakiak hartzeko.

  4. Epaimahaiak aurkeztuko ditu hautagaiak eta horien berri emango dio organo kudeatzaileari. Eskaerarekin batera, hautagaien merezimenduen inguruko dokumentazioa aurkeztuko du honako helbide honetan:

    Euskara Sustatzeko Zuzendaritza

    Kultura eta Hizkuntza Politikako Saila

    Donostia kalea 1

    01010 Vitoria-Gasteiz

    Helbide elektronikoa: euskara-sustapen@euskadi.eus

  5. Epaimahaiak jagongo du adituek aurkeztutako hautagaitzek betetzen dituztela 4. artikuluan xedatutako baldintzak.

  6. Epaimahaiek aurkeztutako hautagaiei posta elektronikoaren bidez komunikatuko zaie haien parte-hartzea sariketan, une horretan, gainera, administrazioarekiko komunikazio-kanala zein izatea nahi duten galdetuko zaie.

  1. Saria aitortzeko kirolaren esparruan euskararen normalizazioaren eta euskararen erabilera hauspotzearen alde egindako ekarpena balioetsiko da. Egindako lana eta ekarpena honako irizpide hauen arabera baloratuko da:

    Bikaintasuna (0-10 puntu)

    Eredugarritasuna (0-10 puntu)

    Berrikuntza (0-5 puntu)

    Eragin esparrua eta irismena (0-30 puntu)

    Partaide kopurua (0-15 puntu)

    Hizkuntz irizpideen ezarpena eta betearazte maila (0-15 puntu)

    Testuinguru soziolinguistikoa (0-10 puntu)

    Genero berdintasunaren sustapena (0-5 puntu)

  2. Hautagaitzen ebaluaziorako aurretiaz zehaztu eta haztatu den adierazleen taula erabiliko du epaimahaiak. 100 puntuko eskala aipatutako 8 irizpideen artean banatuko da (ikusi eranskina)

  1. Epaimahaiaren zeregina izango da aurkeztu dituen hautagaien merezimenduak aztertu eta balioestea 6. artikuluan xedatutako adierazleen arabera eta ondoren sarirako proposamena egitea.

  2. Epaimahaia honela osatuko da:

    Euskara eta kirolaren gaia landu eta alorrean prestigioa duten 3 aditu, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak izendaturik.

    Lurralde bakoitzeko aditu bana izendatuko da.

    Adituok euskalgintzan garatutako lanagatik erreferentzialtasuna izango dute.

    Hizkuntza Politikako sailburuordetzak kontsulta egin ahalko die Foru Aldundietako Euskara atalei adituen erreferentzialtasunaz.

    Halaber, adituek euren lurraldearen kirol munduaren ezagutza ere izango dute.

    Arabako aditua Alex Vadillo Otxoa edo bere ordez Beñat Mendiguren Cosgaya.

    Bizkaiko aditua Iratxe Etxebarria Arizmendi edo bere ordez Karmele Gisasola Zenikazelaia

    Gipuzkoako aditua Iñaki Iturrioz Rosell edo bere ordez Nekane Jauregi Arruabarrena

    Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zuzendaritzako zuzendaria: Gorka Iturriaga Madariaga edo bere ordez Elisabet Altube Bengoa.

    Kirolene kirol-ikasketa zentroko kide bat: Asier Puente Varona edo bere ordez Juan Ramón Fernández López.

    Euskal Kirol Federazioen Batasuneko (EKFB) kide bat: Leire Guerenabarrena Kortazar edo bere ordez Maite Garmendia Rementeria.

    Genero Berdintasunean eta Kirolean aditua den kide bat: Dorleta Ugalde Usandizaga edo bere ordez Susana Carramiñana Garcia.

    Euskara Sustatzeko zuzendaria izango da epaimahaiko buru: Estibaliz Alkorta Barragan

  3. Idazkari-lanak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek egingo ditu. Iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez. Idazkariaren lana izango da epaimahaiaren bilkuren edukien eta erabakien aktak jasotzea baita epaia oinarritzen den deliberamendu arrazoitua ere prozesua hasi eta saria ematen deneraino.

  4. Epaimahaia osatzerakoan, ordezkaritza orekatuaren printzipioa gordeko da, otsailaren 18ko 4/2005 Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna Lortzeko eta Emakumeen Kontrako Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legeak 3.7 artikuluan xedatutakoaren arabera.

  5. Hautagai guztien kasuan epaimahaiak isilpeko espediente bana osatuko du, aurkeztutako hautagaiaren merezimenduak aztertu eta egiaztatzeko behar diren eginbideez. Horretarako, epaimahaiak bere kideen artetik espediente bakoitza osatuko duen epaimahaikide bat bereiz dezake, informazio aldia amaitu ondoren burututako eginbideak eta bildutako frogak epaimahaiari berari aurkez diezazkion.

  1. Epaimahaiak saria emateko proposamen arrazoitua egingo du. Erabakiak botoen gehiengoaren arabera emango dira, eta, berdinketarik egonez gero, presidentearen botoak ebatziko du. Epaimahaiko idazkariak bertako jardun eta erabakien berri jasoko du aktan, baita epaia funtsatzen duen deliberamendu arrazoitua ere.

  2. Epaimahaiaren proposamena ikusita, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bidezko agindua emango du, «Kiroletik Bagoaz Euskaraz» saria merezi duen pertsona, elkarte edo talde izendatzeko. Agindu hori sei hilabeteko epean saridun bakoitzari jakinaraziko zaio, agindu hau buletinean argitaratzen denetik kontatuta. Agindu horren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz. Dena dela, uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren araberako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera ere izan dezakete.

  3. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da saritutako pertsona, eta hedabideetan Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bidera ditzakeen zabalkunde-ekintzak egin ahal izango dira.

  4. Saria inori eman gabe uztea ere erabaki ahal izango da, epaimahaiaren iritziz hautagai bakar batek ere ez badu merezimendu nahikorik egin.

  5. Sari-ematea berariaz antolaturiko ekitaldi batean egingo da.

Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio Klausula (abenduaren 5eko 3/2018 Legea, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).

Arduraduna: Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legea onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024000-capa2-eu.shtml

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 29a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)