Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko uztailaren 6koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira enpresen gizarte-erantzukizuna Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan zabaltzeko eta ezartzeko laguntzen deialdirako oinarriak, eta 2022. urterako deialdia egiten baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 135
  • Hurrenkera-zk.: 3186
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/06
  • Argitaratze-data: 2022/07/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Lan eta Enplegu Sailaren 2022ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak eta Eusko Jaurlaritzaren 2022ko Aurrekontuaren Memoriak aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerroei eusten diete, eta indartu egiten dute EAEko enpresei laguntza eta babesa ematea garapen jasangarrirako helburuekin bat egin dezaten.

Garapen jasangarrirako helburuak (GJH) Nazio Batuek onartu zituzten 2015ean; 17 helburu eta 169 xedetan egituratuta, garapen jasangarrirako funtsezko hiru alderdiak biltzen dituzte ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa, eta munduko botere publikoak interpelatzen dituzte helburu horiek lortzeko. Ildo horretatik, herrialde eta erakunde askok aztertu dute GJHen gaia, eta helburuak betetzeko estrategia instituzionalak proposatu dituzte.

Enpresen ikuspuntutik, erantzukizun hirukoitz hori da, hain zuzen, gizarte-erantzukizun korporatiboaren oinarria, bai barrura begira, bai kanpora begira; horrenbestez, enpresetan GJHak bultzatuz, enpresen gizarte-erantzukizuna (EGE) bultzatuko da, helburuen parte den aldetik.

Baina GJHen egitura-diseinua konplexua eta zabala denez (17 helburu eta 169 xede ditu), ezin da zuzenean enpresetan aplikatu, eta, beraz, nahitaezkoa da GJHak enpresa-jardueran ongi ezartzeko aproposa den tresna bat izatea, aurreratua eta kalitate gorenekoa.

2021ean, GJHen errealitatea gizarte-ekonomiako enpresetan modu praktikoan aztertzeko bi aplikazio espezifiko baliozkotu ziren. Hala, lan-sozietateak eta kooperatibak bereizi ziren, dirulaguntzen programa honen kargura. Hurrengo etapa enpresa bakoitzak GJHei egiten dien ekarpenaren banakako azterketa egitean datza. Ekitaldi honetan, bi dirulaguntza-lerro sartu dira formularioak osatzen laguntzeko, horiek ahalik eta euskal enpresa gehienetan egiteko bultzada ekonomikoa emanez.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, hau

Agindu honen xedea da onartzea Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan enpresen gizarte-erantzukizuna zabaltzeko eta ezartzeko 2022ko ekitaldian emango dituen laguntzen deialdirako oinarriak, eta horien deialdia egitea 2022. urterako.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta honako jardueraren baten zioz zuzenean sortzen diren gastuak finantzatzeko erabiliko dira:

    1. Enpresen gizarte-erantzukizuna ezartzea enpresetan, jasangarritasun-memoriak eginez. Jasangarritasun-memoriek GRI, SG21, ISO2300 edo gisako metodologiei jarraitu beharko diete. Kontabilitate sozial aplikatuari buruzko azterlanak egitea ere diruz lagundu ahal izango da.

    2. Garapen Jasangarriko Helburuei (GJH) laguntzeko diagnostikoa egitea gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresetan, behar bezala kualifikatutako eta estandarizatutako tresna edo formularioen bidez, artikulu honetako aurreko a) apartatuan aipatutakoak egokitzeko aukera barne.

    3. Diagnostikoa egitea jakiteko gizarte-ekonomiako enpresek zer ekarpen egiten dieten garapen jasangarrirako helburuei (GJH); horretarako, enpresa horientzat berariaz diseinatutako tresnak edo formularioak erabiliko dira.

    4. Enpresen gizarte-erantzukizunaren kultura eremu publikoetan, enpresarialetan eta korporatiboetan zabaltzeko jarduerak garatzea.

  2. Artikulu honetako 1.b) eta 1.c) apartatuetan aipatutako GJHei egindako ekarpenaren diagnostikoak urrats hauek jaso beharko ditu:

    GJHei buruzko AMIA diagnostiko indibidualizatua egitea, enpresarentzat eta haren interes-talde guztientzat garrantzitsuak diren GJHak identifikatzeko.

    Enpresan epe ertainerako iraunkortasun-plana egitea.

    AMIAren ondoren identifikatutako alderdi materialak eta haren ondorioak komunikatzeko plan konstante bat garatzea, gutxienez urtean behin.

  3. Artikulu honetako 1.b) eta 1.c) apartatuetan jasotako laguntzak jasotzeko eskabideak legez eratutako enpresa-elkarteek aurkeztu beharko dituzte, beren bazkideen ordezkari gisa.

  4. Agindu honen bidez diruz lagunduko diren jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen amaiturik egon.

  1. Agindu honen xedea betetzeko, ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euro jarriko dira.

  2. Laguntzak esleitzerakoan, lehiarik gabeko aldi bereko konkurrentzia-prozedura jarraituko da. Prozedura horretan, denbora eta modu egokian egin diren eta eskatutako baldintza objektibo eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen duten eskabide guztiek eskuratu ahal izango dituzte deialdiaren xede diren laguntzak. Horretarako, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatuko da, Agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko portzentaje- eta kopuru-mugak kontuan hartuta.

  3. Artikulu honetako 1. paragrafoan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada hasiera batean aurreko idatz-zatian adierazitakoaren arabera kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, dagozkien zenbateko baliokideekin esleituko dira dirulaguntzak. Horrela ez bada, kalkulatutako zenbatekoen murrizketa lineala aplikatuko da, zuzkidura hori nahikoa izan arte dena estaltzeko.

  4. Ezin izango da guztira 50.000 euro baino gehiago bideratu 2.d) artikuluko hedapen-jardueretarako. Onuradun izateko baldintza guztiak betetzen dituzten erakunde eskatzaileen arabera onartutako zenbatekoa nahikoa ez bada, haien arteko murrizketa proportzionala aplikatuko da.

Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

  1. Enpresa txikiak eta ertainak, 2.a) artikuluko jardueretarako.

  2. Gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresak, 2.b) artikuluko jardueretarako.

  3. Gizarte-ekonomiako enpresak, 2.c) artikuluko jardueretarako.

  4. Unibertsitateak, enpresaburuen elkarteak eta enpresen gizarte-erantzukizunaren sustapenean edo kudeaketa aurreratuan espezializatutako erakundeak, 2.d) artikuluko jardueretarako.

  1. Deialdiaren xede diren laguntzak jaso ahal izateko, ezinbestekoa da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako debekuetako batean ere ez egotea.

  2. Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde eskatzaileek betekizun hauek bete behar dituzte:

    1. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzea. Halaber, hala badagokio, egunean izan beharko dute itzultzeko betebeharra.

    2. Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

    3. 2020, 2021 eta 2022an jasotako minimis laguntzak erantzukizunez aitortzea. Eskabide bateratuen kasuan, eskabide horretan sartutako enpresa edo erakunde bakoitzak bere egoera adierazi beharko du erantzukizunez.

    4. Erantzukizunez deklaratzea xede eta helburu bererako beste edozein laguntza eskatu ote zaion administrazio publiko honi edo beste batzuei, eta zein egoeratan dagoen: eskatuta, izapidetzen edo emanda.

    5. Ez egotea sartuta EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko 5. paragrafoa aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarrenez aldatzen duena; martxoaren 17ko EHAA, 55. zk.) azken xedapenetako laugarreneko 1. apartatuan aurreikusitako egoeretako batean.

  3. Artikulu honetan jasotako betebehar guztiak bete beharko dira, bai eskabidea egiten den unean, bai ordainketak egin behar diren unean.

  1. Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek adierazi behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zehazten diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, eta gehienez 15 eguneko epean, aitorpenean aipatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko eskatu beharko da, baldintza horiek modu positiboan egiazta daitezkeen kasuetan.

  2. Eskabidea aurkezten bada, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari baimena ematen zaio zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei lotutako baldintzak betetzen diren, baldin eta berariaz horren aurka agertzen ez bada. Izan ere, egiaztapen horren aurka agertuz gero, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu frogagiriak, bai Ogasuneko bai Gizarte Segurantzako administrazio-agintaritza eskudunek egindakoak. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean. Diru-kopururen bat itzuli behar duten erakundeen kasuan, dirulaguntza likidatu arte itzulketa hori betetzen dela egiaztatzea ezinbesteko baldintza izango da edozein ordainketa egiteko.

  3. Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakundeek berariaz uka dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izatea. Kasu horretan, eskatutako nahitaezko dokumentuak aurkeztu beharko ditu erakunde eskatzaileak.

  4. Eskabidean sartutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek berariaz adierazi beharko dute bete egiten dituztela agindu honen 5.2.e) artikuluan zerrendatutako baldintzak eta EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko 5. paragrafoa aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legeak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarrenez aldatzen duena; martxoaren 17ko EHAA, 55. zk.) azken xedapenetako laugarreneko 1. apartatuan eskatzen dituen gainerakoak.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.

  2. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan daude eskuragarri izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sartu ahal izango da eskabidearen formularioan. Helbide honetan dago fitxa: https://www.euskadi.eus/servicios/1011805

  3. Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

    https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  5. Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

  1. Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1011805

  2. Eskabideak aurkezteko epea 2022ko irailaren 15ean amaituko da, egun hori barne dela.

  3. Erakunde eskatzaileek eskabideak eta dokumentuak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten hizkuntza hautatuta. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, non aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko baitira. Memoria horrek hauek jaso behar ditu nahitaez:

    Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

    Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza, aurreikusitako diru-sarreren zerrendarekin edo gastuen finantzaketa-planarekin.

    Diruz lagundu daitekeen jarduera egiteko egutegi deskribatzailea.

  2. Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren ordainketa jasotzeko Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke hemen: https://www.euskadi.net/hirugarrenak

Dirulaguntzen eskabideen atal guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskabidea. Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Erakunde batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi badu, elektronikoki aurkezteko betebeharra adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea benetan elektronikoki egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

  1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko eta onartuko du plangintza.

  2. Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:

    2.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduketetarako: jardueraren kostuaren % 75; erakunde onuradun bakoitzak gehienez 3.000 euro jaso ahal izango ditu.

    2.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduketetarako: jardueraren kostuaren % 75; erakunde onuradun bakoitzak gehienez 2.000 euro jaso ahal izango ditu.

    2.c) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduketetarako: jardueraren kostuaren % 75; erakunde onuradun bakoitzak gehienez 2.000 euro jaso ahal izango ditu.

    2.d) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduketetarako: jardueraren kostuaren % 75; erakunde onuradun bakoitzak gehienez 10.000 euro jaso ahal izango ditu.

  3. Diruz lagundu ahal izango dira enpresa edo erakunde onuraduneko langileei egotz dakizkiekeen gastuak, diruz lagundutako jardueretan esku hartzen duten pertsonen gaikuntza eta partaidetza zuzena egiaztatzen direnean. Kasu horretan, barneko langileen ordainsariak egotzi ahal izango dira, onartutako jardueran emandako denboraren zati proportzionalaren arabera.

  1. Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateratu daitezke beste edozein administraziok edo erakunde publikok emandako laguntzekin, arrazoi eta xede bera izan arren. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoaren baturak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko muga aplikagarriak ere.

  2. Agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera erakunde onuradunak beste laguntzaren bat jaso badu beste administrazio publiko edo ente publiko batetik, arrazoi eta xede berarekin, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 11. artikuluko muga aplikagarriak gainditzen baditu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko.

  1. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

  2. Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera.

    Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

  3. Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, agindu honek ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

  4. Halaber, agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzaren pean.

  5. Publikotasun-printzipioa betetzeko, hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean, zer erakundek jaso duten dirulaguntza, eta zenbateko laguntza jaso duten; bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

  1. Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:

    1. Lehenengo, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

    2. Bigarren zatia, gainerako % 40a, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean.

  2. Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, eta kontu horrek informazio hau jasoko du:

    1. Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

    2. Jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua, zenbatekoa adieraziz, hartzekoduna identifikatuz eta ordainketa efektiboaren edo geroratuaren data zehaztuz. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da. Gastuak eta sarrerak justifikatzeko eredu bat eransten da, https://www.euskadi.eus/servicios/1011805 egoitza elektronikoan eskuragarri egongo dena.

    3. Aurreko ataleko 2.a) apartatuan jasotako gastuak justifikatzeko agiriak. Fakturen bidez eta merkataritza-trafikoan balioa duten edo administrazio-eraginkortasuna duten gainerako froga-balio baliokideak dituzten dokumentuen bidez egiaztatuko dira.

    4. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita, halakorik badago.

    5. Hala badagokio, proiektua gauzatu den hilabeteei dagozkien Gizarte Segurantzako TC1 eta TC2 ereduen kopia, jardueran parte hartu duten langileak TC2 ereduan identifikatuz. Enpresaren edo erakundearen legezko ordezkariaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, diruz lagundutako proiektuan parte hartzen duten pertsonen partaidetza-ehunekoari buruzkoa.

    6. Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik badago edo gerakin horietatik eratorritako interesik badago.

  3. Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnetik hasita; epea, betiere, 2023ko urtarrilaren 15a baino lehen amaituko da.

  1. Agindu honetan deitutako dirulaguntzen erakunde onuradunek beti bete beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimena.

  2. Betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

    1. Laguntza edo dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako funtsak itzultzea.

    2. Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-eginkizunak betetze aldera.

    3. Dirulaguntza zertan eta zelan erabili den ziurtatzea zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betetzeko. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

    4. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren laguntza jaso dutela espresuki jasotzea, baldin eta dirulaguntza jaso duten jarduerak argitaratu behar badira, argitalpenaren kontrazalean sail horren logotipoa gaineratuta. Halaber, erakunde onuradunek behar diren zabalkunde-neurriak hartuko dituzte, era egokian iragartzeko agindu honen kargupeko jardueren finantzaketa publikoa dela. Beharrezkoa da egindako jardueren justifikazio-memoria bat egitea, nahitaezkoa baita dirulaguntzaren bigarren ordainketa eskatzeko; memoria horretan betebeharrak gauzatzeko hartu diren neurriak adieraziko ditu esplizituki.

Xedea bete denean, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketaren bat izanez gero, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasua bada, helburu bera duten bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitu egingo baitira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

  1. Onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

  2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan dioena aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren gutxienez % 60 erabiltzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduera berri bat.

  3. Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira honako hauek: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorrak jarriz zehatuko dira eta, hala dagokionean, diruzkoak ez diren zigorren bidez.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

  1. Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

  2. Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, organo eskudunak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehieneko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

    Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi behar da.

  3. Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatu behar den lege-araudiak xedatutakoari jarraituz.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datu-babesari buruzko informazio zehatzagoa eskuratzeko, jo helbide honetara: https://www.euskadi.eus/rgpd/1011805

Minimis araua.

Agindu honetan jasotako eta 2.a), 2.b) eta 2.c) artikuluaren babespean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek hau bete beharko dute: Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/1, 2013-12-24koa).

2020, 2021 eta 2022ko ekitaldi fiskaletan jasotako beste minimis laguntza batzuk deklaratu egin beharko ditu laguntza-eskabidea egiten duenak; hala egiaztatuko du minimis laguntza berriak ez duela gainditzen Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga. Beste finantzaketa-iturri batzuk deklaratzeko eredua eta minimis laguntzak deklaratzeko eredua agindu honen 7.2 artikuluan adierazitako informazio-fitxan jasota daude.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako lege orokorra).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 6a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.