Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko uztailaren 4koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez 2022. urterako dirulaguntzak ematen baitzaizkie Sindikatu Hauteskundeen Batzordea eta lurralde-batzordeak osatzen dituzten erakunde sindikalei, bai eta azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako ikuskapen-araubidean parte hartzeagatik ere.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 139
  • Hurrenkera-zk.: 3270
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/04
  • Argitaratze-data: 2022/07/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak, bigarren xedapen gehigarrian, dekretu horren bidez sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei orduko Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu-dotazioen kontura ematekoak diren dirulaguntzak emateko prozedura zehaztu zuen.

Halaber, aipatutako Dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkaritza-mailaren arabera, eta legezko ordezkagarritasuna lortzen duen sindikaturik diskriminatu gabe.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko bigarren xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta horren ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez bana daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkaritza-mailaren arabera. Hori guztiori, dirulaguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraikiz, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Bigarren xedapen gehigarri horren 2. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak, 2022ko apirilaren 20ko Aginduaren bidez, Hauteskunde Sindikalen Batzordea eta lurralde-batzordeak osatzen dituzten erakunde sindikalei 2022. urterako dirulaguntzak emateko prozedura hasi zuen, baita azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan araututako ikuskapen-araubidean parte hartzeagatik ere.

2022ko apirilaren 25ean, Hauteskunde Sindikalen Batzordeko sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariak erabaki hau hartu zuten: Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari proposatu zioten zati berdinetan bana zezala abenduaren 23ko 11/2021 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena 3112 programan (11. zerbitzuan) ezarritako dirulaguntza, 737.331 euroko aurrekontu-zuzkidurarekin.

Aipatutako azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren 3.etik 5.era bitarteko apartatuetan xedatutakoarekin bat etorriz, agindu honen bidez dirulaguntza ematen zaie bertan aurreikusitako Sindikatu Hauteskundeen Batzordea, lurralde-batzordeak eta Ikuskaritza osatzen dituzten erakunde sindikalei.

Hori guztiori dela eta, hau

  1. Hauteskunde Sindikalen Batzordea eta lurralde-batzordeak osatzen dituzten erakunde sindikalei 2022rako dirulaguntzak ematen zaizkie, bai eta azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan araututako ikuskapen-araubidean parte hartzeagatik ere (237/2000 Dekretua, azaroaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Hauteskunde Sindikalen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortzen dituena).

  2. Dekretu horren bigarren xedapen gehigarriko 3. apartatutik 5. apartatura agindutakoaren arabera, eraginpeko alderdiek erabaki dutenez zati berdinetan banatzea abenduaren 23ko 11/2021 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena ezarritako 737.331 euroko aurrekontu-dotazioa, Hauteskunde Sindikalen Batzordea osatzen duten sindikatuetako bakoitzak ondoren aipatzen dira 184.332,75 euro jasoko ditu:

    Euskal Langileen Alkartasuna (ELA).

    Confederación Sindical de CC.OO. de Euskadi.

    Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB).

    Union General de Trabajadores (UGT-Euskadi).

Aurreko artikuluan ezarritako dirulaguntza jaso baino lehen, interesatuta dauden sindikatuek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

  1. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea. Ekonomia eta Ogasuna Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.

    Laguntza hauek jasoko dituzten erakunde sindikalek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela automatikoki egiaztatuko du, beharrezkoa den adina aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du erakundeen baimena beharko.

    Hala ere, erakunde sindikal horiek modu arrazoituan egin ahal izango dute horren aurka; kasu horretan, ziurtagiri horiek aurkeztu beharko dituzte, erregelamendu bidez aurreikusitako moduan.

  2. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da. Dokumentu horrek honako hauek egiaztatu beharko ditu:

    1) Lan eta Enplegu sailak aurretik emandako dirulaguntzak justifikatu izana.

    2) Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen administrazio-zehapenik ez izatea edo horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik ez izatea adierazten duena, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne hartuta.

    3) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluan xedatutako ezein inguruabarretan ez dagoelako erantzukizunpeko adierazpena.

    4) Erantzukizunpeko adierazpena, itzulketa prozeduren edota prozedura zehatzailearen egoerari buruzkoa: baldin eta halako prozedurak hasi badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek izaera bereko dirulaguntza eman eta gero, eta prozedura horiek oraindik izapidetzen ari badira.

    5) Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa egunean duelako erantzukizunpeko adierazpena, araudiaren arabera zehazten den moduan.

Aldi bakarrean ordainduko da dirulaguntza, agindu honetan ezarritako agiriak aurkeztu ondoren.

Laguntzak bateragarriak dira sindikatuek jaso ditzaketen beste laguntza, dirulaguntza, sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaz araututako laguntzen helbururako izan beharrean, beste helburu baterako badira. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluek ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ematen denetik aurrera sortuko ditu ondorioak agindu honek, baina horrek ez du eragotziko pertsona interesdunei jakinarazpena egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Jende orok jakin dezan, argitara bedi Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 4a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.