Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko uztailaren 26koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, langileek enpresetan parte hartzeko laguntza-deialdiaren oinarriak onartzen dituena eta laguntza horien 2022. urterako deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 153
  • Hurrenkera-zk.: 3564
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/26
  • Argitaratze-data: 2022/08/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Lan eta Enplegu Sailaren helburu estrategikoa da langileek lan egiten duten enpresetan parte-hartze handiagoa izateko ahalegina egitea, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren bidez, bai gizarte-ekonomiakoak diren enpresetan, bai gizarte-ekonomiakoak ez direnetan. Dirulaguntzen programaren azken hiru urteetako berraktibazioari esker, EAEko 30 enpresatan baino gehiagotan benetan parte hartzeko bideak ezarri dira.

Gizarte-ekonomiako enpresen esparruan, 2021ean eskainitakoaren edukiari eusten zaio. Gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresei dagokienez, araudi honen bidez gizarte-ekonomiaren berezko balioak azaltzen eta hedatzen saiatzeko beharrezkoak diren hasierako urratsak ezarri nahi dira, hala nola enpresako demokrazia parte-hartzailea, gaur egun gizarte-ekonomiako enpresen artean ez dauden horietan. Hala, gizarte-ekonomiako enpresa bihurtu nahi izanez gero egin beharreko ibilbidea erakutsi nahi da.

Agindu honetan, berritasunak enpresa partaidetuari buruzkoak izan dira; izan ere, era horretako enpresetan lan-indarraren jabetzako kapitala ez da enpresaren kapital sozialaren % 50era iristen, eta, beraz, halakoak ez dira gizarte-ekonomiako enpresatzat hartzen. Hala ere, hasierako urratsak eginda daude, eta, beraz, egokitzat jo da, alde batetik, errealitate hori euskal gizartean zabaldu dadila sustatzea, eta, bestetik, enpresa horiek behin betiko gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzeko bideak diseinatzea.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

Agindu honen xedea da onartzea zer oinarri izango dituen Eusko Jaurlaritzak Lan eta Enplegu Sailaren bidez emango dituen laguntzen deialdiak, langileek enpresetan duten partaidetza sustatzeko. Halaber, laguntza horien deialdia egiten du 2022. urterako. Laguntza horiek bi kapitulutan banatzen dira: I. kapitulua, gizarte-ekonomiako enpresetan langileek duten parte-hartzeari buruzkoa, eta II. kapitulua, gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresetan langileek duten parte-hartzeari buruzkoa.

  1. Ehun eta berrogei (140.000) mila euro bideratuko dira agindu honen xedea betetzera.

  2. Aipatutako zenbatekoa ekitatiboki banatuko da bi kapituluen artean, hirurogeita hamar mila (70.000) euro esleituz gehienez I. kapituluari, eta hirurogeita hamar mila (70.000) euro gehienez II. kapituluari.

  3. Laguntzak esleitzeko, aldibereko konkurrentzia-prozedura bat erabiliko da, lehiarik gabekoa; prozedura horretan, eskabide guztiek aukera izango dute deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta forman formulatzen badituzte, eta egiaztatzen badute betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela. Horretarako, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion eskabide bakoitzari, aintzat hartuta zein diren agindu honetako 5. eta 9. artikuluetan aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.

  4. Kapituluetako batean bideratutako baliabide ekonomikoak ez badira nahikoak kapitulu horretako onuradun guztiei erantzuteko, eta beste kapituluan soberako saldoa badago, soberako saldo hori kapitulu defizitarioari egotziko zaio.

  5. Azkenean kapitulu bakoitzerako kalkulatutako guztia emateko baliabide ekonomikorik ez badago, proportzionalki murriztuko dira kalkulatutako zenbatekoak, kapitulu bakoitzerako bereizita.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak langileek gizarte-ekonomiako enpresen kudeaketan eta organoetan duten parte-hartzea erraztu eta hobetuko duten metodoak eta tresnak garatu eta ezartzetik zuzenean eratorritako gastuak finantzatzera bideratutako dirulaguntzatzat hartuko dira.

  2. Diruz lagundu daitezkeen ekintzak abian den urtean hasi beharko dira, eta 2022ko abenduaren 1a baino lehen amaitu beharko dira.

Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten eta jarduera hori Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokietarako egiten duten gizarte-ekonomiako enpresek jaso ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako laguntzak.

Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresatzat hartuko dira Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluaren 1. eta 2. ataletan jasotakoak.

  1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundu daitezkeen gastuak diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira, eskabidean aurkeztutako eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotu eta onartutako aurrekontu-plangintzan oinarrituta.

  2. Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 75 izango da, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako aurrekontuaren arabera, hamar mila (10.000) euroko mugarekin.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak honako jarduera hauetatik zuzenean eratorritako gastuak finantzatzera bideratutako dirulaguntzatzat hartuko dira:

    1. Langileen partaidetza-plan bat egitea eta ezartzea, aholkularitza-erakunde baten laguntzarekin eta aholkularitzarekin.

    2. Langileek enpresetan parte hartzeko edo partaidetza-ereduak definitzeko tresnak diseinatzea.

    3. Enpresa partaidetuaren eredua hedatzeko jarduerak garatzea.

  2. Diruz lagundu daitezkeen ekintzak abian den urtean hasi beharko dira, eta 2022ko abenduaren 1a baino lehen amaitu beharko dira.

Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten eta jarduera hori Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokietarako egiten duten gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresek jaso ahal izango dituzte kapitulu honetako 6.1.a) artikuluan aurreikusitako laguntzak.

1.b) eta 6.1.c) artikuluetan aurreikusitako laguntzak gizarte-ekonomiako enpresen elkarte-egiturek eskuratu ahal izango dituzte.

Plana sozietatearen edo enpresaren maila guztietako gobernu-, kudeaketa- eta administrazio-organoen partaidetzarekin egingo da, eta honako datu hauek jasoko ditu:

  1. Enpresaren edo lantokiaren ezaugarriak: jarduera, tamaina, kapital-egitura, langileen profila, enpresaburuaren edo kapital sozialean parte hartzen dutenen arteko familia-loturak... bereziki landuz haien egoera eta bideragarritasun ekonomikoa.

  2. Parte-hartzearen aurrekariak: enpresako partaidetza-giroaren egungo egoera eta aurreko esperientziekin duen lotura.

  3. Parte hartzeko proposamena: garatu beharreko jarduerak eta ezarri beharreko mekanismoak, ibilbidea bereziki aipatuta (kudeaketan parte hartzetik hasi, erabakietan eta emaitzetan parte hartzera pasatu, eta, azkenik, enpresan parte-hartze ekonomikoa izatea ahalbidetuz).

  1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundu daitezkeen gastuak diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira, eskabidean aurkeztutako eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotu eta onartutako aurrekontu-plangintzan oinarrituta.

  2. Dirulaguntzaren zenbatekoa kapitulu honetako kasu guztietarako zenbatetsitako kostuaren % 75 izango da, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako eta baliozkotutako aurrekontuaren arabera, hamar mila (10.000) euroko mugarekin.

Aholkularitza-erakundeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokietan gutxienez goi-mailako tituludun bat egon beharko da, langileek enpresetan edo bazkideek kooperatibetan edo lan-sozietateetan duten partaidetzarekin lotutako gaietan esperientzia egiaztatua duena.

  2. Lanaren ardura duen aholkulariak aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urteko antzinatasuna duela egiaztatu beharko du.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzen eskabideak baliabide elektronikoen bidez izapidetuko dira.

  2. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1076705. Fitxa horren bitartez eskuratu daiteke eskabidea egiteko inprimakia.

  3. Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  5. Prozedura guztia ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da, eta, horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroen izena eman beharko du, honako helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  1. Eskabidea egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1076705

  2. Eskabideak aurkezteko azken eguna 2022ko irailaren 15a izango da, egun hori barne.

  3. Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Pertsona eta erakunde interesdunek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten moduan. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Deialdian agertzen diren laguntzak eskuratzeko, ezinbestekoa da ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. ataletan aurreikusitako inolako debeku-egoeratan.

  2. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko, erakunde eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

    2. Ez edukitzea ezarrita dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor-arloko edo administrazio-arloko zehapenik, eta ez egotea hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean.

    3. Hala badagokio, erantzukizunpean adieraztea 2020an, 2021ean eta 2022an jasotako gutxieneko laguntzak.

    4. Erantzukizunez adieraztea xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu ote zaion administrazio publiko honi edo beste batzuei, eta zein den eskariaren egoera: eskatuta, izapidetzen edo emanda.

    5. Berdintasun-plan bat izatea indarrean, baldin eta beharrezkoa bada Estatuko araudiaren arabera. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, neurriak izatea sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

  3. Artikulu honetan jasotako betebehar guztiak beteta egon beharko dira bai eskaera egiten den datan, bai ordainketak egiten diren unean.

  1. Eskabide-orrian jasotzen den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek deklaratu beharko dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zerrendatzen diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Kasu honetan, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, eskatu beharko da gehienez ere 15 eguneko epean dokumentazioa aurkezteko, egiaztatzeko benetakoak direla adierazpen horretan jasotako datuak.

  2. Eskabidea aurkeztean baimena ematen da Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak automatikoki egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete egiten direla, salbu eta berariaz ukatzen bada baimen hori. Kasu horretan, erakunde onuradunak Ogasun eta Gizarte Segurantzako administrazio-instantziek igorritako ziurtagiri egokiak aurkeztu beharko dituzte. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko eta onuradun gisa jarraitzeko harik eta onartutako dirulaguntza likidatu arte; horrenbestez, dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean, egiaztatu egingo da ea betetzen diren betebehar horiek.

  3. Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntzaren erakunde onuradunak baimen espresua uka dezan organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ditzaten. Kasu horretan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu eskatutako nahitaezko agiriak.

  4. Erantzukizunpeko adierazpenean berariaz jasoko da Estatuko araudia betetzen dela berdintasun-planei dagokienez, eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriei dagokienez, Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

  1. Dirulaguntzaren eskabidearekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, diruz lagun daitezkeen jarduerak egiteko. Memoria horretan, iraupena, metodologia eta gastu eta diru-sarreren aurrekontu zenbatetsi eta xehatua adierazi beharko dira.

  2. Erakunde eskatzaileari dirulaguntzarako eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntza horren abonua jasotzeko, Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena (emanda ez badauka edo datuak aldatu nahi baditu). Altak edo aldaketak helbide honetan egin daitezke: https://www.euskadi.net/hirugarrenak

Baldin eta dirulaguntzen eskaeren termino guztiak ez badaude beteta edo ez badatoz bat nahitaezko dokumentazioarekin, pertsona edo erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela atzera egin duela eskaeran. Administrazioak eskaera horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada paperean, bide elektronikoz aurkeztu beharra jakinaraziko zaio interesdunari. Ondorio horietarako, aurkezpen-datatzat hartuko da eskabidea bide hori erabiliz aurkeztu den eguna.

  1. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

  2. Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa betez.

    Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen; hori dela eta, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

  3. Agindu honek ondoreak dituenetik sei hilabete igarotakoan ez bada berariazko ebazpenik jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

  4. Halaber, baldintzapean geratuko da agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzaren pean.

  5. Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean, zer pertsonak eta erakundek jaso duten dirulaguntza, eta zenbateko laguntza jaso duten; bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

  1. Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

    1. Lehen ordainketan dirulaguntza osoaren % 40 ordainduko da, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

    2. Bigarren ordainketa, gainerako % 60a, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnean ordainduko da. Bigarren ordainketa hori egiteko, pertsona edo erakunde onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

    1. Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

    2. Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, izandako desbideratzeak adieraziko dira.

    3. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.

    4. Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta horietatik eratorritako interesak ere.

      Kasu horietan, dirulaguntza ematen duen organoak, erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako zenbateko nagusien laginketa baten bidez, egokitzat jotzen dituen eta dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko aukera ematen duten frogagiriak egiaztatuko ditu. Horretarako, hautatutako gastuen frogagiriak bidaltzeko eskatuko die erakunde onuradunei.

  2. Aurreko puntuan aipatutako agiriak aurkezteko epea 2022ko abenduaren 31n bukatuko da.

  3. Dirulaguntza jaso dezaketen eta egiaztatzen diren gastuak bat etorriko dira pertsona eta erakunde onuradunek benetan ordaindutako kostu errealekin, eta ordaindutako faktura originalen edo konpultsatuen edo froga-balio bera duten kontabilitate-dokumentuen bidez justifikatu beharko dira.

  1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo erakunde publikok arrazoi eta xede bererako ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 5.2 eta 9.2 artikuluetan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

  2. Baldin eta agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera pertsona edo erakunde onuradunak arrazoi eta xede bereko beste laguntzaren bat jasotzen badu beste administrazio publiko edo ente publiko batetik, eta laguntzak batuta gainditzen bada laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 7. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa, deklaratuko da soberakin hori bateraezina dela, eta murriztu egingo da Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, betiere haren helburua betetzat jotzen bada, eta nolanahi ere beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatuek aldi berean emandako laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta helburu horietarako edonolako diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, aldatu egin daiteke dirulaguntza emateko ebazpena. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek itzuli egin beharko dituzte jasotako soberakinak.

  1. Erakundeak ez baditu arauak betetzen (dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak, eta erabilgarri diren gainerako xedapenak); edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio entzunaldirako. Espediente horren arabera, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo zati batean) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hargatik eragotzi gabe legez egin daitezkeen gainerako egintzak. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa.

  2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 baino gehiago erabiltzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen edo faseen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduera berri bat.

  3. Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak, zeinak zehatu ahal izango baitira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hauste horiek diruzko zehapenen bidez zehatuko dira, eta, hala dagokionean, zehapen ez-diruzkoen bidez.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

  1. Gizarte Ekonomiako zuzendariak, ebazpen bidez, jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio onuradunari egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

  2. Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiako zuzendariak ebazpena emango du, eta, horren bitartez adieraziko du, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli behar zaizkiola, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezkoa izango da.

    Laguntzak itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da.

  3. Kopuru horiek borondatezko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenek ezartzen dutenaren arabera.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak tratatu egingo dira, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera.

Datuen babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1076705

Minimis araua.

Agindu honetan jasotako laguntzek edo dirulaguntzek, 3.1 eta 6.1.a) artikuluekin lotuta, honako hau bete beharko dute: 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Itunaren 87. eta 88. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (DOUE, L 352, 2013-12-24). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edota lehiakortasuna faltsutzen ez duela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Dirulaguntzaren eskatzaileak ekitaldi fiskal berean edo aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzaren bat jaso badu, hala adierazi beharko du, minimis laguntza berriarekin erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege organikoa).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Ondorioak.

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 26a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik