Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko uztailaren 20koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2022an Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 160
  • Hurrenkera-zk.: 3652
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/20
  • Argitaratze-data: 2022/08/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Baliabide genetikoen, batez ere autoktonoen, kontserbazioa, karakterizazioa eta hobekuntza eredua izan dira Europako legeria berria diseinatzeko eta FAOren mundu-estrategia diseinatzeko. Eredu horrek laguntza-mekanismoak ezartzea eskatu du, politika horiek abeltzain-elkarteen jarduerara moldatzeko.

Elkarte horiek, batetik, ustiategiak modernizatzeko ahaleginak koordinatu eta bultzatzen dituzte, liburu-genealogikoak kudeatuz, hautaketa-programak baliatuz eta errendimenduen kontrola eginez. Bestetik, lortutako emaitzak jakinarazten dituzte, eta abereak eta haien produktuak merkaturatzen laguntzen dute; modu horretan, produkzioa eraginkorragoa izatea eta abeltzaintzako ustiategiak errentagarriagoak izatea lortzen dute, programa berritzaileak eta teknologia berriak aplikatuz apurka-apurka. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuen eta mendi-nekazaritzako inguruen garapen eta sustapenean laguntzen dute.

Neurriak erabat eraginkorrak direla ziurtatzeko, hartzaile izan daitezkeenek laguntzak eskuratzeko eta gozatzeko aukera berberak dituztela bermatzeko, eta araudi zooteknikoaren aplikazioa homogeneoa izan dadin, urriaren 24ko 240/2017 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen duena.

Dekretu arautzaile horren 13. artikuluak xedatzen duenez, urtero deialdi bat egingo da, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren agindu bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko. Dekretu horren arabera, deialdi-aginduan zehaztuko da zenbat diru bideratuko den dirulaguntza horietara eta zer epe dagoen eskaerak aurkezteko, eta, hala behar izanez gero, zehaztu egingo da zein den Emakume Nekazarien Estatutuaren bigarren xedapen gehigarriaren edukia.

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Laguntzak ematea ebazterakoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen dirulaguntza jarduera arautzen duten publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere honako arau hauetan xedatutakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak agindu honetan ezarritako irizpideen arabera aplikatuko dira.

Hori dela-eta, honako hau

Lehenengoa. Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei laguntzak emateko deialdia egitea 2022ko ekitaldirako. Laguntza horiek urriaren 24ko 240/2017 Dekretuan ezarrita daude.

Bigarrena. Eskabideak eta dokumentazioa.

  1. Urriaren 24ko 240/2017 Dekretuan ezarritako laguntzen 2022ko deialdian eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen da.

  2. Eskatzaileek bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dituzte eskabideak. Eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak honako helbide elektroniko hauetan egongo dira eskuragarri:

    https://www.euskadi.eus/servicios/1046106

    https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1046106

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

  3. Kanal elektronikoaren bidez eskaera egin ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barnean direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira:

    https://www.euskadi.eus/micarpeta

    https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

    Ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  5. Eskabideak 1. apartatuan adierazitako helbideetan eskura daitezke, eta bat datoz urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren eranskineko eredu normalizatuarekin. Eskabide horiek elkarte eskatzailearen legezko ordezkaritza duen pertsonak sinatuta aurkeztuko dira, dekretu horren 11. artikuluko 5., 6. eta 7. apartatuetan zehazten diren agiriekin batera.

  6. Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntzaren eskabidea eta eskatutako agiriak. Gainera, dirulaguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, elkarte eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoari jarraituz.

  7. Eskabidea aurkezten duen elkarteak aurreko deialdietan ere aurkeztu badu, ez da beharrezkoa izango honako agiri hauen kopiarik aurkeztea, baldin eta aldatu ez badira: eratze-akta, elkartearen estatutuak, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria edo euskararen normalizazio-plana.

    Hirugarrena. Diru-zuzkidura eta laguntzen zenbatekoa.

  1. Laguntzak hauek 2022an finantzatzeko gehieneko aurrekontu osoa Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-orokorretatik aterako da, eta, guztira, 480.000 eurokoa izango da.

  2. Baldin eta 480.000 euroko diru-zuzkidura nahikoa ez bada elkarte onuradun guztien gastu diruz lagungarriaren gehieneko zenbatekoa estaltzeko, dirulaguntzaren zenbatekoa hainbanatuko da, urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren 4.4.c artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

    Laugarrena. Laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboak.

  1. Eskaerak baloratzeko, urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren 4.4 artikuluan zehaztutako prozedurari jarraituko zaio. Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa dekretu horretako 6., 7. eta 8. artikuluetan finkatutako mugen barruan egongo da, eta, zenbatekoa zehazteko, dekretu horretako 10. artikuluan bildutako irizpideak aplikatuko dira. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) ez da diruz laguntzekoa izango, salbu eta BEZari buruzko legeria nazionalaren arabera ez bada berreskuratzeko modukoa.

  2. Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera, ez zaie laguntzarik ez dirulaguntzarik emango zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia gutxienez orekatua ez duten elkarteei.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aplikatu beharreko araudia.

    Agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko da: urriaren 24ko 240/2017 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen duena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Errekurtsoak.

    Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Ondorioak.

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 20a.

    Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.