Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko uztailaren 19koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendurako 2022ko eta 2023ko ekitaldietarako laguntza-programa arautzen eta iragartzen duena (MBT 2022-2023).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 149
  • Hurrenkera-zk.: 3516
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/19
  • Argitaratze-data: 2022/08/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Merkataritza-sektoreak egitura-aldaketa sakonei egin behar die aurre, eta erronka nagusia kontsumitzaileen erosketa-ohitura berriei erantzuteko eraldatzea da. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta banaketa-bide berrien agerpen indartsua direla eta, beharrezkoa da estrategia berriak eta negozio-eredu berriak hartzea, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eraldaketa digitalean eta jasangarritasunean oinarrituta.

  1. Legegintzaldiko «Euskadi Martxan 2020-2024» gobernu-programa lau ardatzetan dago egituratuta, eta horietatik lehenengo ardatza da Oparotasuna izenekoa, non artikulatzen baitira enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzeko jarduketa-arloak. Programan bertan jaso denez, merkataritza-jarduera da gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementu bat, eta tokiko hazkunde ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan laguntzen du.

    Ardatz horietako bederatzi jarduketa-arloetako batean merkataritza eta ostalaritza landu dira, eta helburu hauetarako jarduketa-konpromisoa nabarmendu behar da: establezimenduaren lehiakortasuna hobetzea eraldaketa digitalera bideratutako ekinbideekin, gaitasun profesionalak garatzea, kudeaketa hobetzea eta, oro har, jasangarritasunera eta digitalizaziora bideratutako ekintzak, lurraldearekin lotutako marka sortzearen alde eginez eta arreta berezia jarriz saltoki txikietan. Jarduketa-konpromiso bat da, orobat, erakundearteko gobernantzan sakontzea eta aliantzak bultzatzea zenbait ekimenen bidez, hala nola merkataritza- eta ostalaritza-sektoreetatik sortzen diren elkarlan-sinergiak sustatuz eta agente guztien lankidetza eta koordinazioa indartuz.

    Konpromiso eta ekintza horiek guztiak 2030erako EAEko Merkataritzaren Estrategian eta 2021-2025 Merkataritza Planean garatuko dira. Izan ere, sektorearen eraldaketari, modernizazioari eta gaztetzeari erantzutea du helburu. Horrez gainera, EAEko politika komertziala bultzatu behar duen gobernantza-eredua jorratu eta eguneratu beharko da, betiere erakundearteko elkarlana eta eragile publiko eta pribatu guztien lankidetza oinarri hartuta.

    COVID-19aren osasun-krisiak merkataritzaren sektoreari egin zion kalte bereziki. Eustatek argitaratutako datuen arabera, merkataritza-azpisektoreen arabera inpaktua desberdina izan arren, txikizkako merkataritzaren salmenta-indizeak % 4,9ko beherakada metatua izan zuen 2020an, aurreko urtearen aldean, lan-egutegia homogeneoa eta prezio konstanteak aplikatuta. 2021eko balantzean, txikizkako merkataritzaren salmentak % 3,6 igo dira aurreko urtearekin alderatuta, eta, beraz, suspertze moduko bat izan da, baina, hala ere, merkataritza-sektoreak babesa eta bultzada behar ditu jarduera berreskuratzeko eta merkataritza-sektorea biziberritzeko.

    Deskribatutako guztiagatik, eta aurreko deialdietan egin zen modu berean, komenigarritzat jotzen da Merkataritzako Bulego Teknikoei (MBT) bideratutako laguntza-programa martxan jartzea, eta aurrekontu-ahalegina Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritzako Bulego Teknikoen sareko funtzionamendura bideratzea. Laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, agindu honetan ezarritako baremazio-irizpideak erabiliz.

    MBTen sarea autonomia-erkidegoko merkataritza-enpresei laguntza emateko aktibo nagusietako bat da, eta balio handiko profesional taldea du politika publikoak koordinatu eta kudeatzeko. Sektorearekin lotutako jarduerak behar bezala gauzatzeko aholkularitza eta ezagutzak eskaintzen dituzte. Hori guztia, gainera, hiri-merkataritzaren egoera gertutik ondo ezagututa egiten dute.

    Beren zereginak garatzean, bulego horiek Sailaren esfortzuak bideratu behar dituzte, eta politikak kudeatu. Gainera, lantalde integratu eta koordinatu gisa jardun behar dute, sektoreko eta zonako espezializazioei modu egituratu eta eraginkorrean erantzunez. Alde horretatik, laguntza espezializatua eman behar dute merkataritza-banaketaren sektoreak dituen erronka berrien aurrean, inguru bakoitzeko merkataritzaren lehiakortasuna areagotzen eta denboran irauten lagunduko duten prozesuak sustatuz.

    Programa horretan diruz lagunduko diren jarduketek Merkataritzako Bulego Teknikoen sareak funtzionatzeko aukera eman behar dute. Izan ere, bulego teknikoen bidez, langile kualifikatuek doan eskainiko dute merkatarientzako laguntza-zerbitzua, merkataritzako banaketaren sektore osoari eta haren erakundeei zuzendua, genero-ikuspegian, jasangarritasunean eta eraldaketa digitalean oinarrituta.

    Hori guztia Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin bat etorriz, eta Sailak eta Jaurlaritzak agenda horrekin duten konpromisoa indartuz, bereziki Garapen Jasangarrirako Helburuei dagokienez: GJH5: Genero-berdintasuna; GJH8: Hazkunde inklusibo eta jasangarria sustatzea, baita guztientzako enplegua eta lan duina ere; GJH9: Industria, berrikuntza eta azpiegitura; GJH11: Hiri eta komunitate jasangarriak; GJH12: Kontsumo- eta ekoizpen-modalitate jasangarriak; GJH13: Klimaren aldeko ekintza, bereziki ekonomia zirkularraren sustapena; eta GJH17: Helburuak lortzeko aliantzak.

    Agindu hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2022ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan txertatuta dago. Plan hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2022ko urtarrilaren 22ko Aginduaren bidez onartu zen, eta aurrekontu-kreditu nahikoa dauka, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean ezarritakoaren arabera.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10.27 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa), Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboak ditu Barne-merkataritza arloan.

    Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15.1 artikuluaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak du arlo honen gaineko eskumena.

    Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuaren 3.1 artikuluak dioenez, sail honetako buruari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan zehaztutako eskumenak eta indarreko legediak esleitzen dizkion guztiak baliatzea Sailari dagozkion eginkizunen eta jarduketa-arloen esparruan.

    Horrenbestez, honako hau

Agindu honen xedea honako hau da: Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendua sustatzeko 2022ko eta 2023ko dirulaguntzak ematea arautzea. Bulego horien bidez, langile kualifikatuek laguntza-zerbitzua emango diete, doan, merkataritzako banaketaren sektore osoari eta sektoreko erakundeei, genero-ikuspegian, jasangarritasunean eta eraldaketa digitalean oinarrituta.

Bulego Teknikoen funtzionamendurako laguntzak jardun-eremuaren arabera egituratzen dira, dirulaguntza-lerro hauen arabera:

  1. Zonako edo tokiko jardun-eremua.

    1. Zonako edo tokiko merkatari-elkarteetan edo elkarte-taldeetan kokatutako zonako edo tokiko Merkataritzako Bulego Teknikoentzako laguntzak, horien egitekoa honako hau denean: beren jardun-eremuan doako laguntza-zerbitzua ematea merkataritzako banaketaren sektore osoari eta hark barne hartzen dituen erakundeei.

    2. Udaletan, haiek sustatutako garapen-agentzietan edo -erakundeetan eta tokiko beste erakunde batzuetan kokatuta dauden Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendua ahalbidetzeko laguntzak, horien jardun-eremuak I. eranskineko zonari dagokiona gainditzen ez badu. Izan ere, laguntza horien helburua da zonako merkataritza-sektorearen lehiakortasuna eta tokiko edo eskualdeko hiri-ekonomia areagotzen laguntzea.

  2. Lurralde-eremua.

    Jardun-eremua dauden lurralde historikoa duten eta merkatarien enpresa-federazioetan edo -konfederazioetan kokatuta dauden Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendua ahalbidetzeko laguntzak. Izan ere, honako hau da laguntza horien xedea: doako laguntza-zerbitzua ematea merkataritzako banaketaren sektore osoari, hark barne hartzen dituen erakundeei eta lurralde historikoko gremio-elkarte guztiei.

  3. Lurraldeko gremio-eremua.

    Lurraldeko gremio-eremuko Merkataritzako Bulego Teknikoen funtzionamendua ahalbidetzeko laguntzak, horien eginkizuna honako hau denean: lurralde historiko horretako gremio jakin bati merkataritza-arloko edo hiri-merkataritzarekin lotutako zerbitzuen arloko doako laguntza ematea.

  1. Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 2.000.000 eurokoak dira guztira: 1.600.000 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 400.000 euro, berriz, 2023ko konpromisoari. Baliabide horiek honela banatuko dira:

    Zonako edo tokiko bulegoentzako laguntzak: 1.480.000 euro (1.184.000 euro 2022rako, eta 296.000 euro 2023rako).

    Lurralde-eremuko bulegoentzako laguntzak: 440.000 euro (352.000 euro 2022rako, eta 88.000 euro 2023rako).

    Lurraldeko gremio-eremuko bulegoentzako laguntzak: 80.000 euro (64.000 euro 2022rako, eta 16.000 euro 2023rako)

  2. Aurreko paragrafoan adierazitako eremuren batean aurreikusitako diru-zuzkidura agortzen ez bada, soberakina beste eremu batzuetako bulegoak finantzatzeko erabiliko da, lehentasun-hurrenkera honi jarraituz: 1. Lurralde-eremuko merkatarien federazioak, taldeak eta elkarteak edo mistoak; 2. Zonako elkarteak; 3. Udalak, horiek sustatutako garapen-agentziak edo -erakundeak eta tokiko beste erakunde batzuk; 4. Lurralde-eremuko gremio-elkarteak.

  3. Aurrekontu-ekitaldian eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du aipatutako aurrekontu-kontsignazioa gaindituko inola ere.

  1. Honako hauek izan daitezke deialdi honetan jasotzen diren dirulaguntza-lerroetan aurreikusitako laguntzen onuradunak:

    1. Zonako edo tokiko jardun-eremua.

      1. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten merkatarien elkarteak edo mistoak (hiri-merkataritzako jarduerarekin lotutako beste zerbitzu batzuen presentzia onartzen dutenak, betiere bazkideen % 50 baino gehiago saltegiak edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak badira), edo elkarte-taldeak, horien jardun-eremuak dagokien I. eranskineko zona gainditzen ez badu.

        Edonola ere, merkatari-elkarteak edo elkarte mistoak onuradun izan daitezke, betiere elkartearen sostengu ekonomikorako ekarpenak egiten dituzten 20 merkataritza-establezimendu ordezkatzen badituzte gutxienez.

        Ez dira laguntzen onuradun izango EAEko hiru hiriburuetako hiri-merkataritzako plataforma gisa eratuta dauden elkarteak edo taldeak, horiek administrazioarekiko berariazko hitzarmenen xede izango baitira.

        Erakunde eskatzaileak merkataritza-sektorean duen ezarpen-maila eta bere jardun-eremuko ordezkaritza hartuko dira kontuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Erroldan eskuragarri dauden datuen arabera.

      2. Udalak, haiek sustatutako garapen-agentziak edo -erakundeak eta tokiko beste erakunde batzuk.

    2. Lurralde-eremua.

      Nagusiki merkatari-elkartez osatuta dauden federazioak edo taldeak, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta haien jardun-eremua lurralde historiko batera mugatzen bada. Beren jardun-eremuko bulegoentzako dirulaguntzak baino ezingo dituzte baliatu erakunde horiek, eta eremu horretako gremio-elkarte guztiei emango diete zerbitzua.

    3. Lurraldeko gremio-eremua.

      Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko batean egoitza duten gremioen eremuko merkatari-elkarteak edo hiri-merkataritzarekin lotutako zerbitzuak, haien jardun-eremua lurralde historiko bat bada. Erakunde horiek beren jardun-eremuko bulegoentzako dirulaguntzak baino ezin izango dituzte baliatu, eta lurralde horretako gremio zehatz osoari emango diote zerbitzua.

      Erakunde eskatzaileak merkataritza-sektorean duen errotze-maila edo hiri-merkataritzako jarduerarekin lotutako zerbitzuak izango dira kontuan, baita bere jardun-eremuan duen ordezkagarritasuna ere. Edonola ere, gremio-izaerako elkarteak onuradun izan daitezke, betiere elkartearen sostengu ekonomikorako ekarpenak egiten dituzten gremio horretako 20 merkataritza-establezimendu ordezkatzen badituzte gutxienez.

  2. Laguntzak eskatu ahal izateko, merkatarien elkarteek, taldeek eta federazioek behar bezala eratuta eta inskribatuta egon beharko dute dagozkien erregistroetan:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, uztailaren 29ko 145/2008 Dekretuak arautuan, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Sindikatu Elkarteen Erregistroan, Sindikatu- eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuak arautuan.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Erroldan, ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuak arautuan, datuak araudiaren arabera eguneratuta.

      Gremio-izaerako lurraldeko elkarteak edo taldeak b puntutik kanpo geratuko dira, betiere hiri-merkataritzako jarduerarekin lotutako zerbitzuetako profesionalak barne hartzen badituzte.

  3. Aurreko apartatuan aurreikusitako baldintzez gain, erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

    1. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai dirulaguntza emateko unean, bai ordaintzeko unean.

      Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntza emango duen organoari zuzenean ziurtagiri telematikoen bidez egiazta ditzan Dirulaguntzen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) aurreikusita dauden egoerak, zergaren eta gizarte-segurantzaren arloko betebeharrak betetzeari dagokionez. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzen Erregelamenduaren 22. artikuluan adierazi bezala (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa).

    2. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa egunean izatea.

    3. Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen lege-debekurik (sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legeari edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz).

    4. Ez egotea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan ezarritako egoeraren batean.

    5. Ez egotea laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela erabaki ondoren.

    6. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, ezta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluaren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

  1. Dirulaguntza jaso ahal izateko, bulegoek merkataritzako banaketan espezializatuta egon behar dute, zerbitzuak doan eman behar dituzte eta haien jarduerek hiriko merkataritza-ekonomia sustatzea izan behar dute helburu.

  2. Ekintza-ildoen artean, honako hauek barne hartu beharko dira:

    1. Eraldaketa digitalarekiko sentsibilizazioa eta horrekin lotutako prozesuak bultzatzea.

    2. Berrikuntzarekiko sentsibilizazioa eta horrekin lotutako prozesuak bultzatzea.

    3. Kudeaketaren kalitatearekiko sentsibilizatzea eta horrekin lotutako prozesuak bultzatzea.

    4. Lankidetza horizontaleko prozesuak bultzatzea (hiri-eremuetan)

    5. Lankidetza bertikaleko prozesuak bultzatzea (banaketa-katean)

    6. Ekintzailetzaren eta enpresa-transmisioaren arloko prozesuen jarraipena egin eta horiek bultzatzea.

    7. Udalerrietan eta/edo eskualdeetan hirugarren sektoreko estrategiak bultzatzea (ostalaritza, zerbitzuak, kultura, ondarea edo beste sektore batzuk)

    8. Kontsumitzaileentzako balio erantsia sortzeko eta xede-publikoaren fideltasuna lortzeko ekintzak garatzea.

    9. Garapen jasangarriarekin lotutako estrategiak garatzea.

  3. Jardun-eremua zonakoa edo tokikoa, lurraldekoa edo lurraldeko gremio-eremukoa izango da, agindu honen I. eranskinaren arabera.

  4. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta bulegoko teknikariak kontratatzeko kostuetarako eta kontratazioak eragindako bestelako kostuetarako erabiliko dira soilik.

Diruz lagunduko den proiektuaren exekuzio-aldia 2022. urtean hasi, eta 12 hilabetez jarraian egin beharko da: horietatik hiru, gutxienez, 2022. urtean izango dira. Aurreko deialdian diruz lagundutako aldiak ez dira diruz lagunduko.

  1. Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira, baldin eta zalantzarik gabe erantzuten badiote diruz lagundutako jardueraren izaerari, ezinbestekoak badira, eta deialdi honetan, dirulaguntzak emateko ebazpenean nahiz horiek izan ditzaketen aldaketetan ezarritako epean egiten badira.

  2. Agindu honetan aurreikusitako ondoreetarako, 18. artikuluan zehaztutako justifikazio-aldia bukatu aurretik egiaz ordaindutakoa joko da egindako gastutzat.

  3. Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek izan daitezke:

    1. Merkataritzako Bulego Teknikoko (aurrerantzean, MBT) teknikarien soldata-gastuak.

    2. Erakundeak MBTko teknikariengatik ordaindu beharreko gizarte-aseguruak.

    3. Erakundeak BGAE batean edo gizarte-aurreikuspeneko beste sistema batzuetan bulegoaren teknikarien alde egindako ekarpenak.

    4. MBTko teknikariei dagozkien kontratua edo nominak egiteagatik sortutako zerbitzu profesional independenteen kostuak: lan-arloko aholkularitza edo kudeaketa fiskala edo administratiboa, laneko arriskuen arloko aholkularitza-kostuak eta MBTren jarduera estaliko duen erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzea.

  4. Gastu horiek diruz lagundu ahal izango dira Merkataritzako Bulego Teknikoko teknikari izateko kontratatutako pertsonak baldintza hauek betetzen dituenean:

    Goi-mailako unibertsitate-titulua izatea.

    Lanaldi osoan kontratatuta egotea.

    Gizarte Segurantzan altan egotea, eskatzailearen erakundean, proiektua hasten den unean.

    Kontratuko kategoria profesionala bat etorriko da, halaber, eskatutako titulu akademikoarekin.

    Ordainsari ekonomikoa, gutxienez, aplikatu beharreko hitzarmenean jasotakoa izango da.

    Kontratatutako pertsonari bere eginkizuna garatzeko behar duen ekipamendu material guztia helaraziko zaio: ekipamendu informatikoa, telefonoa eta abar.

  5. Gerora agertu diren arrazoiengatik soilik onartuko da teknikariak ordeztea edo beste batzuk kontratatzea, bulego bakoitzak eman behar duen zerbitzua betetzeko, kasu hauetan:

    Hasiera batean baimendutako pertsonak lanaldi-murrizketa eskatzen badu laneko eta familiako bizitza bateratzeko.

    Hasiera batean baimendutako pertsonak laneko baja hartzen badu.

    Hasieran baimendutako pertsonak kargua uzten badu.

    Kontuan har dadin, 20. artikuluko 3. puntuan deskribatutako prozedurari jarraitu beharko zaio. Idazki bat aurkeztu beharko da gerora gertatu den egoera horren zergatiak azaltzeko eta hasieran diruz lagundutako baldintzak alda daitezela eskatzeko. Era berean, kontratazio berria egiten bada, kontratudun berriaren curriculum vitae-a eta kontratu berriaren kopia ziurtatua erantsi beharko dira. Gertaera horrek ez du emandako dirulaguntza handitzerik ekarriko, eta agindu arautzaile honen 15. artikuluan araututako ebaluazio-batzordearen oniritzia izan beharko du.

  6. Honako hauek ez dira hartuko diruz laguntzeko moduko gastutzat:

    Lokomozio- eta mantenu-gastuak edo antzekoak.

    Lan-harremana amaitzearen ondoriozko kalte-ordainei dagozkion langile-gastuak.

    Praktikaldiko kontratuei dagozkien edo eskatutako titulazioarekin bat ez datorren lanbide-kategoria bat duten langileen gastuak.

  7. Aurreko ataletan aurreikusten ez den guztirako, honako arau hauetan ezarritakoa bete beharko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31. artikuluak eta lege horren erregelamenduko 83. artikulua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi zuen aipatu erregelamendua).

Bulegoaren zerbitzua beteko duen pertsona urtebetez lanaldi osoan kontratatzeko kostuen % 90era arte estal dezake laguntzaren zenbatekoak. Edonola ere, bulego bakoitzak jaso dezakeen gehieneko zenbatekoa ez da 40.000,00 eurotik gorakoa izango.

Diruz lagundu daitezkeen gastuei eta 40.000,00 euroko zenbatekoari % 90eko ehuneko-indizea aplikatu, eta bi kopuru horietan txikiena izango da emango den dirulaguntzaren zenbatekoa.

  1. Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste zeinahi laguntzarekin, betiere helburua berbera baldin bada.

  2. Dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua, estatuko nahiz nazioarteko beste administrazio publiko edo erakunde pribatu edo publiko batzuetatik eskuratutako laguntzak edo dirulaguntzak batuta.

  3. Aurrekoaren ondorioetarako, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, helburu bera lortzeko beste finantzaketa-iturririk dagoen (edo ez) azaltzeko, eta oraindik ebatzi gabe dauden laguntza-eskabideen zenbatekoa ere adierazi beharko da hor.

  4. Gehiegizko finantzaketa gertatuko balitz, agindu honen bidez emandako laguntza murriztuko da, gehiegizko zatiaren berdina izango den zenbatekoan.

  5. Agindu honen babesean lortutako dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango aurreko deialdian diruz lagundutako epeekin.

  6. Agindu honetan xedatutako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan de minimis laguntzei buruz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoan ezarritako de minimis arauak errespetatuko dituzte, baita Europar Batasunean gai horri buruz ezarritako bestelako xedapenak edo jarraibideak ere. Europar Batasunak xedatutakoaren arabera, minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek jaso ditzakeen laguntzen guztizkoak ezin du gailendu 200.000 euroko zenbatekoa edozein kontzepturengatik, laguntza eskatu den zergaldiaren aurreko bi zergaldietan eta indarrean dagoen zergaldian.

Merkataritzako Bulego Teknikoek, dirulaguntza jaso ahal izateko, agindu honen I. eranskinean ezarritako jardun-eremuetako bat izan beharko dute.

Edonola ere, doako zerbitzua eskainiko diete beren eremuko saltoki eta hiriko merkataritza-jardunarekin lotutako zerbitzu guztiei, elkartekideak izan zein ez, bai eta beren jarduketa-eremuko elkarteei ere, hala eskatzen badute.

Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa betez, eta agindu honen 19. artikuluaren l. apartatuan ezartzen den bezala, diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzetan hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiliko da, eta emakumeen eta gizonen rolei dagokienez erabilera estereotipaturik ez egitea bermatuko da.

Gehienez ere, 50 merkataritzako bulego teknikori emango zaie dirulaguntza, eta I. eranskinean adierazitako moduan banatuko dira.

  1. Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko irailaren 15ean amaituko da.

  2. Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.

  3. Eskabidea eskuratu eta betetzeko bide bakarra Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jotzea izango da. Helbidea honako hau da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1026909

    Elektronikoki nola izapidetu jakiteko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri. Era berean, eredu horien edukiak agindu honetako II. eranskinean daude jasota.

    Espedientean sartzeko, errekerimenduak eta jakinarazpenak jasotzeko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta)

  4. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  5. Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko gaitasun legala duen pertsona edo erakundearen sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera Administrazioak eska ditzakeenak aurkeztu beharko dira.

  6. Ordezkari bidez jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira:

    Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo

    «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/ordezkaritza-ematea), behar bezala formalizatua, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

    Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu erantsi beharko dute.

    Ordezkariak identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  7. Laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentuak aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

  8. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Dekretuaren 26. artikulua betez, inguruabar hauek egiaztatu beharko dira erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, baita eskabidean ere:

    1. Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu diren, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

    2. Erakunde eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen arloan abian den inongo itzultze- edo zehapen-prozeduratan.

    3. Erakunde eskatzaileak ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

    4. Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra) 13.2 artikuluan erakunde onuradun izateko aurreikusten dituen egoeretatik ezeinetan.

    5. Ez dagoela Elkartzeko eskubidea arautzen duen Lege Organikoak (martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoa) 4.5 eta 4.6 artikuluetan aurreikusitako debeku-egoeretan. Gainera, ez du inskribatzeko administrazio-prozedura geldiarazita eduki behar ez-zilegitasun penalaren zentzuzko aztarnak aurkitu direlako, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ebazpen judizial irmorik eman ez bada.

    6. Azken hiru urteetan enpresak jaso dituen de minimis laguntzak.

  9. Subjektu onuradunaren kalifikazioa lortzeko ezinbestekoa izango da, laguntza eman aurretik, zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzakoak egunean edukitzea eta, hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea; halaber, egoera horretan egon beharko da emandako dirulaguntza guztiz likidatzen den arte. Hortaz, hala dirulaguntza ematean nola dagozkion ordainketak egitean egiaztatuko da horiek guztiak betetzen direla.

    Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntza emango duen organoari zuzenean ziurtagiri telematikoen bidez egiazta ditzan Dirulaguntzen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) aurreikusita dauden egoerak, zergaren eta gizarte-segurantzaren arloko betebeharrak betetzeari dagokionez. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzen Erregelamenduaren 22. artikuluan adierazi bezala (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa).

  10. Era berean, eskabidea egin duen erakundeak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela, orobat, dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak.

  11. Espedientearen tramitazioaren edozein unetan egiaztatu ahal izango da eskabidean jasotako datuen egiazkotasuna. Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, erakunde eskatzaileak zehapen administratiboa edo penala jasoko du, zer araubide dagokion.

  12. Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen agindu arautzailean zehaztutako eskakizunak.

Laguntza-eskabidearekin batera, II. eranskinean zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da, formatu digitalean.

  1. Honako hau da eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

    1. Dirulaguntzetara aurkeztutako jarduketa-proiektuaren memoria eta lan-plana, III. eranskinean adierazitako ereduaren arabera.

    2. Kasuan-kasuan eskumena duen organoak hartutako erabakiaren ziurtagiria, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzei heltzeko.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean edo Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Sindikatu Elkarteen Erregistroan izena emanda egotearen ziurtagiri eguneratua.

    4. Merkataritzako elkarte, talde edo federazioko idazkariaren ziurtagiria, gehienez ere eskabideak hasteko epea baino hilabete bat lehenago egina, bazkideen zerrenda barne duela. Enpresen zerrendan titularrek generoaren arabera bereizita eta azken ekitaldian bildutako kuotak banakatuta agertu behar dute.

    5. 2022ko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen aurrekontuak, behar bezala banakatuta, eta 2021eko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen kontuak, bazkideen kuotaren zenbatekoa ere zehaztuta. Udalen eta horiek sustatutako garapen-agentzien eta -erakundeen eta tokiko beste erakundeen kasuan, merkataritzaren eremuari buruzkoak izango dira agiri horiek.

    6. Erakunde eskatzailearen ziurtagiria, gehienez ere eskabideak hasteko epea baino hilabete bat lehenago egina, erakunde eskatzailearen gobernu-organoaren osaera egiaztatzen duena, generoaren arabera banakatuta.

    7. Beste erakunde batzuekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak eta -akordioak. Merkatarien elkarte, elkarte-talde eta federazioen kasuan, erakunde publikoekiko hitzarmenak. Udalen, garapen-agentzien eta tokiko beste erakunde batzuen kasuan, tokiko merkataritza-elkarteekiko hitzarmenak (merkatarien elkarteak, elkarte-taldeak eta federazioak).

    8. Bulegoko teknikarien curriculum vitae-a.

    9. Lan-bizitzaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzak egina, lan-esperientzia egiaztatzeko.

    10. Euskararen ezagutza egiaztatzea, hizkuntza-ziurtagiriak emateko baimena duen erakunde ofizial batek emandako tituluaren edo ziurtagiriaren kopiaren bidez.

      4. artikuluko 6. puntuan eskatutako unibertsitate-titulu akademikoaren kopia edo titulua egiteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriaren kopia.

      1. Baloratu daitezkeen bestelako titulu akademiko ofizialen kopiak edo tituluak egiteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagirien kopiak.

        1. Berdintasunaren arloko ekintza zehatzak gauzatu izana egiaztatzeko dokumentazio baloragarria (14. artikuluaren 2. puntuaren E.2 apartatuaren arabera).

        2. 2021eko ekitaldian merkataritzarekin lotuta garatutako ekintzen gauzatze-mailari buruzko memoria laburra. Ekintzen kopurua, aurreikusitako gauzatze-orduak eta azkenean egindakoak adieraziko dira, eta egokitzat jotzen diren indize edo adierazleak erabiliko dira aurreikusitako helburuak lortu direla eta proiektua behar bezala gauzatu dela egiaztatzeko. Bereziki, 2021eko ekitaldian egindako ekintzak aipatuko dira, administrazio publiko honek edo beste batek diruz lagundutakoak edo agindu honetan diruz laguntzeko modukotzat jotzen direnak.

        1. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduko 22.2 artikuluan identifikatzen diren administrazio-ziurtagiri positiboak, baldin eta eskatzaileak aurka egiten badio kudeaketa-organoak zuzenean agiri horiek eskuratzeari.

  2. Udalei, horiek sustatutako garapen-agentziei edo -erakundeei eta tokiko beste erakunde batzuei ezingo zaie eskatu c) eta d) puntuetan eskatzen den dokumentazioa.

  3. Erakunde eskatzaileek administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste edozein administraziok egindakoak ez aurkezteko eskubidea dute, betiere, kontuan izanik zer idazketa eman dien Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren azken xedapenetako 12.ak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. eta 3. apartatuei. Horretarako, dokumentu horiek zer administrazio-organori eta noiz eman zizkion adierazi beharko du erakunde eskatzaileak. Salbuespenez, administrazio publikoek ezin badituzte eskuratu aipatutako dokumentuak, berriz eskatu ahal izango diote eskatzaileari ekar ditzala.

  4. Nolanahi ere, Merkataritza Zuzendaritzak beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

  5. Administrazioak laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du (Hirugarrenen Erregistro Elektronikoa). Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak. Bankuaren datu horiek aktibo mantenduko dira, hala badagozkio, laguntzaren ordainketak egin arte.

  1. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzak antzematen badu aurkeztutako eskabidean akatsen bat edo zehaztasunik ezen bat dagoela, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, hutsegitea zuzentzeko edo eskatzen zaizkion agiriak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusi moduan eman beharko den ebazpenaren bidez.

  2. Eskabidea egin ondorengo izapideak: espedientera sarbidea izatea, jakinarazpenak, errekerimenduak, dokumentazioa aurkeztea eta prozeduran inplikatutako gainerako izapideak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Egoitza Elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez soilik egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta)

  3. Zuzentzeko errekerimenduko jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zein ordutan jarri den erakunde interesdunaren eskura jakinarazitako egintzaren edukia. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola, eta izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, betiere ofizioz edo erakunde hartzaileak eskatuta ez bada egiaztatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

  1. Laguntzak emateko lehiaketa-prozedura erabiliko da, kontuan hartuta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan xedatutakoa (dekretu horren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina).

  2. Baldintza guztiak betetzen dituzten eskabideak, 100 puntuko guztizko puntuazioari dagokionez, ondoko irizpide eta neurrien arabera baloratuko dira:

    1. Proposatutako jarduketa-proiektua: 50 puntu gehienez ere.

      1. Jardueren kalitatea eta Aginduaren 4. artikuluko 2. puntuan adierazitako ekintza-ildoekiko bat-etortzea: 45 puntu gehienez ere.

    1. Eraldaketa digitalarekiko sentsibilizazioa eta horrekin lotutako prozesuak bultzatzea: 5 puntu gehienez ere.

    2. Berrikuntzarekiko sentsibilizazioa eta horrekin lotutako prozesuak bultzatzea: 5 puntu gehienez ere.

    3. Kudeaketaren kalitatearekin lotutako prozesuak sentsibilizatzea eta bultzatzea: 5 puntu gehienez ere.

    4. Lankidetza horizontaleko prozesuak bultzatzea (hiri-eremuetan): 5 puntu gehienez ere.

    5. Lankidetza bertikaleko prozesuak bultzatzea (banaketa-katean): 5 puntu gehienez ere.

    6. Ekintzailetzaren eta enpresa-transmisioaren arloko prozesuen jarraipena egin eta horiek bultzatzea: 5 puntu gehienez ere.

    7. Udalerrietan eta/edo eskualdeetan hirugarren sektoreko estrategiak bultzatzea (ostalaritza, zerbitzuak, kultura, ondarea edo beste sektore batzuk): 5 puntu gehienez ere.

    8. Kontsumitzaileentzako balio erantsia sortzeko eta xede-publikoaren fideltasuna lortzeko ekintzak garatzea: 5 puntu gehienez ere.

    9. Garapen jasangarriarekin lotutako estrategiak garatzea: 5 puntu gehienez ere.

      Jarduera bakoitza banan-banan baloratuko da honako irizpide hauen arabera, eta jarduera-ildo bakoitzean proposatutako ekintza guztien batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da:

    1. Aurkeztutako jardueren kalitate teknikoa.

      Aurkeztutako dokumentazioaren kalitatea, azalpena eta erabilitako parametro teknikoak baloratuko dira.

    2. Proposamena konpondu nahi den arazoari eta/edo premiari irtenbidea emateko egokia eta komenigarria den.

      Honako alderdi hauek baloratuko dira: arazoaren edo beharraren azalpena, diagnostikoa, konpondu nahi diren arazoa eta premiak argi identifikatzen diren eta ekintzak nolako eragin positiboa izango duen arazoan edo beharrean, osotasunean edo partzialki.

    3. Jarduketen ebaluazioa eta kontrola.

    4. Dedikazioa eta inplikazioa.

      2. Aurkeztutako proiektuaren kalitatea, oro har: 5 puntu gehienez ere.

      Aurkeztutako dokumentazioaren kalitatea, berrikuntza, originaltasuna eta bereizkuntza baloratuko dira, baita proiektu osoak bere helburuak lortzeko dituen koherentzia eta kohesioa ere.

    1. Proposatutako egoitza: 8 puntu gehienez ere.

      1. Proposatutako egoitzaren merkataritza-dentsitatea: 5 puntu gehienez ere.

      Atal honetako puntuazioa kalkulatzeko, honako tarte hauek aplikatuko dira, bulego teknikoaren egoitza gisa aukeratutako udalerriko merkataritza-dentsitatearen arabera, VI. eranskinari jarraituz:

      (Ikus .PDF)

      Tokiko edo zonako bulegoetarako hautagai diren eskabideen kasuan, atal honetako puntuazioa gehienez puntu 1 handituko da, proiektua eremu bereko beste udalerri batzuekin lankidetzan proposatzen bada (beste udalerri batzuetako elkarteak, beste udalerri batzuetako toki-erakundeak, mankomunitateak edo udalerri anitzeko garapen-eragileak, besteak beste)

      2. Kokalekuaren hurbiltasuna eta irisgarritasuna: 3 puntu gehienez ere:

    1. Kalean bertan: puntu 1.

    2. Merkataritza-ingurunea: puntu 1.

    3. Kanpotik ikusteko eta identifikatzeko modukoa: puntu 1.

    1. MBTko teknikariak: 10 puntu gehienez ere:

    1. Euskara: 3 puntu gehienez ere.

      1. 3 puntu C2 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.

      1. 2 puntu C1 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.

      1. 1 puntu B2 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik.

    2. Lehentasunezko unibertsitate-titulu ofiziala: puntu 1.

      1. artikuluko 4. puntuan eskatutako goi-mailako unibertsitate-titulua lehentasunezkoa bada, hau da, Gizarte Zientzien edo Lege Zientzien adarrekoa, merkataritzaren eta enpresaren arloarekin lotua.

    3. Beste titulu ofizial batzuk: 1 puntu gehienez ere.

      1. 0,1 puntu merkataritzaren eta enpresaren arloarekin lotutako goi-mailako prestakuntza-zikloko titulazioengatik.

      1. 0,25 puntu 6. artikuluko 4. puntuan baldintza gisa eskatutako titulazio egiaztatuaz gain aurkeztutako unibertsitate-titulu bakoitzeko.

      1. 0,5 puntu master ofizialeko titulu bakoitzeko. Puntuazio hori Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparrua ezarri aurretik lortutako lizentziaturei ere aplikatuko zaie.

      1. eta iii) ataletako puntuazioa bi bider handituko da Gizarte Zientzien edo Lege Zientzien adarreko lehentasunezko unibertsitate-titulu ofizial bat bada, merkataritzaren eta enpresaren arloarekin lotua.

    4. Laneko esperientzia: 5 puntu gehienez ere.

      1. 0,5 puntu MBT bati atxikitako merkataritza-teknikari gisa egindako urte bakoitzeko.

      1. 0,25 puntu merkataritza-sektoreko edo lotutako arloetako esperientzia-urte bakoitzeko. MBT batean merkataritza-teknikari gisa egiaztatutako urteak ez dira zenbatuko merkataritza-sektoreko esperientzia gisa.

        1. Lankidetza publiko-pribatua eta jarduera-eremuko erakundeen proiektuarekiko inplikazioa: 7 puntu gehienez ere.

          1. 1 puntu aurkeztutako hitzarmen bakoitzeko; 4 puntu gehienez ere.

          1. Lankidetza-egituraren sendotasun-maila: 3 puntu gehienez ere.

            Merkatarien elkarte, elkarte-talde eta federazioen kasuan, erakunde publikoekiko hitzarmenak bakarrik hartuko dira kontuan. Udalen, haiek sustatutako garapen-agentzien eta -erakundeen eta tokiko beste erakunde batzuen kasuan, tokiko merkataritza-elkarteekiko (merkatarien elkarteak, elkarte-taldeak eta federazioak) hitzarmenak bakarrik hartuko dira kontuan.

        2. Proiektuan genero-ikuspegia sartzea: 10 puntu gehienez ere.

          1. Proiektua genero-ikuspegia kontuan harturik planifikatu, garatu eta ebaluatzea: 5 gehienez ere:

          1. Puntu 1 gehienez ere erakundearen eginkizunean, ikuspegian eta/edo helburu estrategikoetan emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egitea kontuan hartzeagatik eta barneratzeagatik.

          1. 2 puntu gehienez ere genero-ikuspegia proiektu osoan zeharka txertatzeagatik.

          1. 2 puntu gehienez ere aplikatutako berdintasun-neurriak neurtu eta ebaluatzeagatik.

            2. Berdintasunaren arloko ekintza zehatzak garatzeagatik. 0,5 puntu honako kontzeptu hauetako bakoitzeko; 3 puntu gehienez ere.

          1. Proiektuan sektoreko dagokion jarduketa-eremuko emakumeen eta gizonen berdintasun-egoerari buruzko diagnostikoa edo analisia egiteagatik edo diagnostiko edo analisi hori egitea proiektuaren parte gisa sartzeagatik.

          1. Sektoreari zuzendutako berdintasun-arloko prestakuntza-ikastaroren bat emateagatik edo erakundeak sustatutako sektoreko prestakuntzetan genero-ikuspegia zeharka sartzeagatik.

          1. Sektorean matxismoarekin, sexu-joerarekin edo genero-identitatearekin lotutako indarkeria saihesteko eta horri aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak landu eta zabaltzeagatik.

          1. Sektorean genero-hizkuntza erabiltzeko protokolo espezifiko bat onartu eta zabaltzeagatik, hizkuntzaren erabilera ez-sexista sustatzeko, eta, hala, estereotipo sexistak saihestu ez ezik, berdintasunaren, aniztasunaren, erantzunkidetasunaren eta genero-rolen eta -identitateen aniztasunaren balioetan oinarritutako irudi bat sustatzeko.

          1. Erakundean genero-hizkuntza eta berdintasunezkoa erabiltzeko protokolo espezifiko bat onartu eta zabaltzeagatik, eta, horren ondorioz, proiektua edo jarduketa gauzatzerakoan sortzen den dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan hizkera ez-sexista erabiltzea, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestea, eta berdintasunean, presentzia orekatuan, aniztasunean, erantzukidetasunean eta genero-rolen eta -identitateen aniztasunean oinarritutako irudi bat bultzatzea.

          1. Proiektua egikaritzen duten langileentzat edo sektoreko bere jarduketa-eremuko pertsonentzat bizitza pertsonala, lana eta familia uztartzeko neurriak diseinatu, ezarri eta aplikatzeagatik.

          1. Emakumeen eta gizonen aukera- eta tratu-berdintasuna sustatzen eta bermatzen dituzten aurrekoak ez bezalako ekintzak barne hartzeagatik.

          1. Emakumeen ahalduntzea bultzatzen eta babesten duten eta/edo emakumeak proiektuetan inplikatzea sustatzen duten eta/edo haien berdintasunaren alde egiten duten ekintzak barne hartzeagatik.

          1. Emakume-elkarte batekin edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko helburu espezifikoa duen erakunde batekin lankidetza-ekintzak egiteagatik.

          1. Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuneko Lankidetza Erakunde izendapena izatea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edo beste edozein administrazio publikok egina.

          1. Berdintasun-plan bat edukitzeagatik, legez horretara behartuta egon gabe.

            3. Erakunde eskatzailearen gobernu-organoan kideen artean genero-parekotasuna dagoela egiaztatzea: 2 puntu, emakumeak % 40 edo gehiago badira.

        3. Aurreko ekitaldian (2021) garatutako ekintzen gauzatze-maila frogagarria justifikatzea: 10 puntu gehienez ere.

          Aurkeztutako dokumentazioaren kalitatea, azalpena eta erabilitako parametro teknikoak baloratuko dira, bai eta aurreko ekitaldiko proiektuaren ebaluazioa eta proiektua behar bezala gauzatu izanaren eta hasierako proiektuan izan daitezkeen desbideratzeen justifikazioa ere.

        4. Egindako gastua bazkideen kuoten bidez ordaintzea: 5 puntu gehienez ere.

          (Ikus .PDF)

          Erakunde eskatzaileen izaera juridikoa desberdina den zonetan, guztiei puntuazio bera emango zaie, irizpide bateratuak erabiltzeko.

  3. Nahitaezkoa izango da gutxienez ekintza bat aurkeztea honako jarduera-ildo hauetako bakoitzerako: a) Eraldaketa digitalarekiko sentsibilizazioa eta horrekin lotutako prozesuak bultzatzea, eta i) Garapen jasangarriarekin lotutako estrategiak garatzea.

  4. A atalean gutxienez 25 puntu eta irizpide guztien baturan 50 puntu edo gehiago lortzen dituzten eskabideek soilik jaso ahal izango dute dirulaguntza.

  5. Aurkeztutako proiektuko ekintza bakar bat ere ez da baloratuko «A.1 Jardueren kalitatea eta Aginduan adierazitako ekintza-ildoekiko bat-etortzea» ataleko azpiatal batean baino gehiagotan eta ezingo dira zatitu proposatutako ekintzen kopurua handitzeko.

  6. Dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, aurkeztutako eskabide guztiak baloratuko dira eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko, agindu honek I. eranskineko zona bakoitzerako ezartzen dituen hautaketa- eta balorazio-irizpideak kontuan harturik.

  7. Balorazio onena atera duten eskabideek jasoko dute dirulaguntza, balorazio horren ondorioz atera den ordenaren eta puntuazioaren arabera, zona bakoitzerako deitutako bulegoen kopurua osatu arte. Zona jakin baterako deitutako bulego guztiak esleitzen ez badira, sobera daudenak 2. artikuluko 2. puntuan ezarritako irizpidearen arabera banatuko dira.

  8. Dirulaguntzen zenbatekoa 7. artikuluan deskribatutako prozeduraren arabera erabakiko da, ezarritako gehieneko dirulaguntza-zenbatekoak eta aurrekontu-zuzkidurak errespetatuz.

Ebaluazio-batzorde batek espedienteak aztertuko ditu, oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, 14. artikuluan jasotako irizpide eta haztapenen arabera baloratuko ditu, eta prozedura ebazteko proposamena egingo dio eskumena duen organoari, eman beharreko laguntzak eta ukatu beharreko eskabideak jasota.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzari atxikitako bost pertsona hauek osatuko dute ebaluazio-batzordea:

Merkataritza Zuzendaritzako Antolamendu, Sustapen eta Lehiakortasuneko arduraduna izango da batzordeburu. Haren ordezkoa Merkataritza Zuzendaritzako teknikari bat izango da.

Merkataritza Zuzendaritzako 3 teknikari.

Merkataritza Zuzendaritzako teknikari 1; idazkari gisa jardungo duena, botorik gabe.

Eskabideak I. eranskinean adierazitako zona bakoitzerako baloratu ostean, ebaluazio-batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Merkataritzako zuzendaritzako titularrari. Proposamen horretan, emango edo ukatuko dituen dirulaguntzak adieraziko ditu batzordeak, eta, emango dituen dirulaguntzen kasuan, datu hauek zehaztuko ditu: erakunde onuradunen izen soziala, proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza horren banaketa, urteka. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, erakunde eskatzaileen izena eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.

  1. Aurkeztutako eskabideak dagokien prozeduraren bidez izapidetuko dira. Merkataritzako Zuzendaritzako titularrari dagokio horiek ebatzi eta jakinaraztea, ebaluazio-batzordearen proposamenari jarraituz.

  2. Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 45. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta jakinarazitzat emango da argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Taulara sartzeko helbidea honako hau da: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa. Argitalpenari dagozkion komunikazio elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  3. Lau hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

  4. Laguntza emateari buruzko ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako titularrari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

  5. Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eman edo, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da 11. artikuluko 9. puntuan ezarritako betebeharrak betetzea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.

  6. Merkataritza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea, agindu honetan bertan beste organo batzuei berariaz izendatzen zaizkien gaietan izan ezik.

Honela ordainduko dira dirulaguntzak:

  1. Lehen ordainketa emandako dirulaguntzaren % 80 19.a) artikuluan aurreikusitako epea igarotzean ordainduko da, tartean berariaz dirulaguntzari uko egin ez bazaio. Erakunde onuradunak aldez aurretik aurkeztu beharko du zerbitzua emateko kontratuaren kopia ziurtatua, dirulaguntza emateko jakinarazpena iragarki-taulan argitaratu eta hilabeteko epean gehienez ere, eta diruz lagundutako epe osoan zehar egon beharko da indarrean.

  2. Bigarren ordainketa, hots, emandako dirulaguntzaren % 10 erakunde onuradunak sei hilean behingo jarraipen-txostena aurkeztu ondoren ordainduko da, 19. artikuluaren e) puntuan ezarritakoaren arabera.

  3. Gainerako zenbatekoa, hau da, emandako dirulaguntzaren % 10, emandako dirulaguntza 18. artikuluaren arabera justifikatu eta likidatu ondoren ordainduko da, hala badagokio eta emandako dirulaguntzaren zati bat itzultzea ekarriko lukeen gutxitzerik eragiten ez badu.

  4. Ordainketa horiek egiteko, onuradunak egunean eduki behar ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak bete behar ditu dirulaguntzak irauten duen aldi osoan.

  1. Justifikaziora sartzeko eta hori betetzeko modu bakarra egoitza elektronikoa erabiltzea izango da. Honako helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  2. Deialdi honetako justifikazio-agiriak jasotzeko epea dirulaguntza jaso duen jarduera amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan amaituko da, eta, edozein kasutan, 2023ko azaroaren 30ean. Epe hori igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, 10 egun balioduneko epe luzaezina emango zaio erakunde onuradunari, agiriak aurkez ditzan. Ezarritako epean justifikaziorik aurkeztu ezean, baldintza hori bete gabe geratuko da, eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko dira.

  3. Erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta laguntzaren helburua lortu dutela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

    1. Justifikazio-formularioa, VII-A eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

    2. Eskabidean aurkeztutako aginte-taula, V. eranskinean ezarritako formatuaren arabera, eguneratuta eta eskabidean ezarritako helburuen betetze-maila adierazita.

    3. Eskabidean aurkeztutako kronograma, IV. eranskinean ezarritako formatuaren arabera, eguneratuta eta eskabidean ezarritako helburuen betetze-maila adierazita.

    1. Egindako izapideen laburpen-taula, VII-B eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

    2. Diruz lagundutako jardueraren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa, VII-C eranskinean ezarritako ereduaren arabera:

    3. Proiektuaren garapenari buruzko memoria laburtua, diruz lagundutako jarduerak benetan egin direla egiaztatzeko. Hasieran aurkeztutako proiektuarekiko desbideratze oro justifikatu beharko da, bai eta proiektuaren bidez lortu nahi ziren helburuen ebaluazioa eta betetze-maila ere.

    4. Proiektuaren gastu guztien egiaztagiriak eta gastu bakoitzaren ordainketaren egiaztapena:

    5. Bulegoko teknikarien nominak. Proiektua gauzatu bitartean teknikariak aldi baterako ezintasun-egoeran badaude, langileen izen-zerrenda (RNT, lehengo TC2) aurkeztu beharko da.

      1. Kotizazioen likidazioaren ordainagiria (RLC, lehengo TC1).

      1. Aurkeztutako PFEZaren aitorpenak.

      1. BGAEei edo gizarte-aurreikuspeneko beste sistema batzuei egindako ekarpenak.

      1. Profesional independenteen fakturak.

      1. Eskabidea aurkeztu ondoren xede bererako lortu diren beste laguntza edo dirulaguntza guztien zerrenda.

    6. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduko 22.2 artikuluan identifikatzen diren administrazio-ziurtagiri positiboak, baldin eta eskatzaileak aurka egiten badio kudeaketa-organoak zuzenean agiri horiek eskuratzeari.

  4. Kasu guztietan, Merkataritza Zuzendaritzak eskatzen duen beste dokumentu bat aurkeztu beharko da, justifikatutako jarduketak osorik egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen bada.

  5. Emandako dirulaguntza likidatzeko, justifikatutako gastuak aztertuko dira, eta egiaztatuko da laguntzaren xede diren jarduketen gauzatze egokiak agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela eta diruz lagundutako proiektura egokitzen dela.

  6. Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada zuzendu daitezkeen akatsak daudela dirulaguntzaren erakunde onuradunak aurkeztu dituen justifikazio-agirietan, erakunde onuradunari inguruabar hori jakinaraziko zaio, eta hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko.

  7. Hala ere, dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen ez badira eta horrek emandako dirulaguntza gutxitzea badakar, Merkataritzako zuzendariari dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamar egun balioduneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde interesdunari, aurkeztutako dokumentazioa zuzen dezan, hala badagokio.

  8. Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Merkataritzako zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du, teknikarien txostena kontuan hartuta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsiak) 50.2 artikuluan jasotako betebeharrez, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (38/2003, azaroaren 17koak) 14. eta 45. artikuluetan jasotakoez eta indarreko araubideak adierazitako gainerako betebehar aplikagarriez gain, Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Hori dela eta, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamar egun naturaleko epean erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

  2. Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea eta aurkeztutako proiektua esleitutako zonan gauzatzea.

  3. Esleitutako eremuko elkarte eta merkatari guztiei zerbitzua ematea. Zentzu horretan, ez da beharrezkoa izango merkatariak eta/edo elkarteak elkarte onuraduneko bazkideak edo kideak izatea, onuradunak eskaintzen dituen eta agindu honen xede diren zerbitzuak eskuratzeko. Era berean, erabiltzaileek arreta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eta horiek erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da.

  4. Bulego teknikoak epealdi horren barruan egindako jarduera zehatzak, planteatutako helburuen lorpenean egindako aurrerapausoen balorazioa eta hurrengo seihilekoari begira ekintzen berbideratze posible bat jasotzen dituen laburpen-txosten bat aurkeztea, eskabideen aplikazio informatiko bera erabiliz, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidearen bitartez eta lehen seihilekoa amaitu osteko 10 egun baliodunen barruan. Memoriarekin batera, lan-planaren kronograma eta aginte-taula eguneratuak aurkeztu beharko dira, IV. eta V. eranskinetan ezarritako formatuen arabera, eskabidean aurkeztutako proiektuaren aurrerapen-maila adieraziz; horrez gain, ordura arte egindako izapideen laburpen-taula aurkeztu beharko da, VII-B eranskinean ezarritako formatuaren arabera egina.

  5. Merkataritza Zuzendaritzak deitzen dituen bileretara, hitzaldietara eta prestakuntza- edo teknifikazio-ikastaroetara joatea, kontratatutako teknikarien bitartez, beste bulego batzuekin esperientziak eta jardunbide egokiak trukatu ahal izateko.

  6. Dirulaguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean aldaketaren bat izan bada, Merkataritza Zuzendaritzari horren berri idatziz ematea, eskabidea egiteko unean nahiz ondoren, aldaketa gertatu eta 10 egun balioduneko epean gehienez ere.

  7. Dirulaguntza ematen duen erakundearen aurrean justifikatzea laguntza jasotzeko eskakizun eta baldintza guztiak betetzen direla eta gauzatu dela dirulaguntza emateko edo baliatzeko arrazoia izan den jarduera, 18. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

  8. Merkataritza Zuzendaritzari eskatzen zaien informazio osagarri guztia ematea, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako jarduketen garapenaren eta gauzatzearen inguruan.

  9. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatutako informazioa ematea.

  10. Lan-arloko araudia betetzea, bai eta aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa ere, halakorik bada.

  11. Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzea, eta aipatutako 4/2005 Legeak administrazioarekin kontratuak egiten dituzten entitateei ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzea. Zehazki, diruz lagundutako jarduerarekin lotutako egintzetan ez da hizkera sexistarik erabiliko, eta emakumeen eta gizonen rolei dagokienez erabilera estereotipaturik ez egitea bermatuko da. Halaber, emakumeen eta gizonen egoeran izandako eragina ezagutzeko, dirulaguntzak emateko ezarritako betebeharrak betetzen direla justifikatzeko memorietan, emandako zerbitzuaren onuradunei edo azken erabiltzaileei buruzko informazioa sexuaren arabera banatuta jasoko da.

  12. Publizitatea emateko betebeharra betez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan jasotako moduan, erakunde onuradunek laguntzen deialdi honen bitartez lortutako babesaren berri emango dute jendaurrean. Programaren finantzaketa publikoaren publizitate egokia egiteko, berariaz adierazi beharko da Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzaz finantzatu dela, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuaren eta Merkataritzako Bulego Teknikoen Marka Eraikitzeko Eskuliburuaren arabera. Horretarako:

    Beren webgunean diruz lagundutako proiektuaren deskribapena egingo dute.

    Bulego teknikoaren presentzia etengabe eta ikusteko moduan identifikatuko dute.

    MBTko teknikariek egindako komunikazio eta ekintza guztietan berariaz aipatuko da agindu honen bidez araututako dirulaguntzaren babesean lortutako kofinantzaketa.

  1. Kontratatutako pertsonari bere eginkizuna garatzeko behar duen ekipamendu material guztia helaraztea: ekipamendu informatikoa, telefonoa eta abar.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsiak) 49.12 artikuluan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, edo ondoren berariaz onartutako aldaketak aldatu badira, halakorik izanez gero, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira aldi berean, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza emateko erabakia aldatu egin ahal izango da, baldin eta dirulaguntzaren helburua bete dela ulertzen bada, eta dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak gorde badira.

  2. Horretarako, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren zerbitzu teknikoen proposamenari jarraituz, Merkataritzako zuzendariak dagokion ebazpena egingo du emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzeko; hala ere, horrek ez du berekin ekarriko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea. Hala badagokio, adieraziko du ordaindutako dirulaguntzatik zenbat itzuli behar den, eta erakunde onuradunak jaso dituzten gehiegizko zenbatekoak itzultzera behartuta geratuko dira.

  3. Bulegoko arduraduna ordezkatzeko, 6. artikuluko 5. puntuari jarraituz, edo dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan beste edozein aldaketa egiteko, aldaketa-eskabidea bat aurkeztu beharko da, eta aski justifikatu beharko da, eskabide horretan nahiz horrekin batera aurkeztutako memoria batean, ez dela oinarrizko aldaketarik egin dirulaguntza emateko funtsezkoak edo erabakigarriak izan diren alderdietan, eta ez dela urratu hirugarrenen interesik.

    Eskatutako aldaketa justifikatzeko kausak suertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, gehienez 10 egun balioduneko epean, aldaketa gauzatu baino lehen, eta aldaketa gauzatzeko ebaluazio-batzordearen berariazko baimena eduki beharko da.

    Aldaketa-eskabidean, edo horrekin batera aurkeztutako dokumentazioan, argi eta garbi jaso behar da zergatik aldatu diren laguntzaren baldintzak, eta zehatz-mehatz azaldu behar da zer betebehar berri hartuko diren aldaketa onartzen bada, eta zer baldintza bete beharko diren. Inguruabar horiek egokiak, dokumentatuak, proportziozkoak eta zentzuzkoak izan beharko dira, eta hala egiaztatuta geratu beharko dira eskabidean.

  1. Dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Merkataritzako zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du kasu hauetan:

    1. Dirulaguntzaren justifikazio ekonomikoan beheranzko desbideratze bat badago, % 20tik beherakoa, eskabidean zenbatetsitako eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako soldata-kostuan, eta dirulaguntza txikiagoa badagokio 7. artikuluak dirulaguntza kalkulatzeko ezartzen dituen irizpideak aplikatu ondoren, berriz kalkulatuko da dirulaguntza, hasieran zenbat emango zen kalkulatzeko erabilitako irizpide berberak aplikatuz, eta hala badagokio, adieraziko da ordaindutako dirulaguntzatik zenbat itzuli behar den, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena).

    2. Justifikazio ekonomikoko desbideratzea % 20koa edo handiagoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egin daiteke, emandako dirulaguntzaren bidez lortu nahi ziren helburu guztiak bete direla justifikatzen denean izan ezik. Bigarren kasu horretan, aurreko lerrokadan aurreikusitako moduan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

  2. Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Merkataritzako zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du, teknikarien txostena kontuan hartuta.

  1. Honako hauek dira ez-betetzeak:

    1. Jasotako dirulaguntzak, osorik edo zati batean, agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

    2. Agindu honetan xedatutako betebeharrak ez betetzea.

    3. Emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

  2. Enpresa onuradunak ez badu betetzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 37. artikuluan xedatzen dena, deialdi honetan eta betetzekoak diren gainerako arauetan ezarritako eskakizunak eta, hala dagokionean, ebazpenean ezartzen diren eskakizunak, organo eskudunak ez-betetze horri buruzko txostena egingo du, eta, ondoren, interesdunari entzungo dio. Hari entzun ondoren, ebazpen bidez adieraziko du dirulaguntza eskuratzeko eskubide osoa edo partziala iraungi zaiola, eta, hala badagokio, jasotako laguntzak eta berandutze-interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, osorik edo partzialki, betearazpen-mailarekiko modu proportzionalean, aintzat hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen berme eta itzultzeei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen dutena, eta, itzultze partzialen kasuan, 38/2003 Legearen 37. artikuluan aipatutakoak arautzen duena, egoki diren gainerako ekintzen kalterik gabe. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

  3. Dirulaguntzarako eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko prozedura administrazioko arau-haustea eragin duten gertakarien ondorioz hasten bada, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakari horiek, dagokion zehapen-prozedurari hasiera eman diezaion.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jarduketen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola, betiere beren eginkizunak egikarituz, jasotako laguntzei dagokienez.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

Honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da datu pertsonalen tratamendua: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Honako hauek aplikatuko dira: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta, prozedura-arloan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bietan ala bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 19a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.