Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko uztailaren 13koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez Bultzatu Programaren 2022ko ekitaldirako deialdia egiten baita. Programa horrek enpresen susperraldi ekonomikorako laguntzak ematen ditu, Errusiak Ukrainari eraso egin izanaren ondorioz jasandako inpaktuaren ondoren enpresen bideragarritasuna eta iraunkortasuna babestearren.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 143
  • Hurrenkera-zk.: 3374
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/13
  • Argitaratze-data: 2022/07/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Une kritiko hauetan, Europar Batasuna Ukrainaren eta hango herritarren ondoan dago. Estatu kideek inbasio krudel horren aurka egin behar dute, eta, horrenbestez, Europar Batasunak eta haren nazioarteko bazkideek hartutako zigorrek eragin larria izan dute Errusiako ekonomian.

Hala ere, Europar Batasuneko ekonomian ere nabaritzen ari dira zehapen horiek, eta datozen hilabeteetan ere horrela izango da oraindik. Horregatik, erakunde eskudunek ahaleginak egin behar dituzte gerra horren eragin ekonomikoa modu koordinatuan arintzeko eta larriki kaltetutako enpresei eta sektoreei laguntzeko.

Errusiak Ukraina inbaditzearen inpaktua baliteke oztopo izatea EAEren ekonomia suspertzeko, BPGdari dagokionez. Eusko Jaurlaritzak beherantz berrikusi ditu 2022rako abenduko hazkunde-aurreikuspenak (BPGdaren % 6,7ko hazkundea iragartzen zuten); hala bada, % 4,5eko hazkundea aurreikusten du estimazio berriak, ehuneko 2,2 puntu gutxiago, alegia (1.700 milioi euro gutxiago). Inbertsioa murriztea espero da, halaber, % 6,7tik % 5era zehazki. Horren arabera, 2023an BPGdaren hazkundea % 4,1ekoa izango da, pandemiaren galerak berreskuratuta, baina kanpoko eskariaren ekarpena % 0,2koa besterik ez da izango, botila-lepoen ondorioz. BPGdak ez ezik, langabezia-tasak ere nozituko du eragin hori (aurretik aurreikusitako % 9,2tik % 9,5era igaroko da), eta zerga-sarrerak moteltzea espero da.

Errusiak Ukraina inbaditu izanak munduko hamaikagarren ekonomiarik handiena eta lehengai-ekoizle handienetako bat bakartzea ekarri du. Ukraina, berriz, munduko bosgarren gari-esportatzailea da. Horrek guztiak berehalako inplikazio global hauek izango ditu: inflazio handiagoa, hazkunde txikiagoa, desinbertsioak eta finantza-merkatuen nolabaiteko nahasmendua, zehapen sakonagoak ezarri ahala. Epe luzerako ondorioa, berriz, honako hau: 1991n Sobietar Batasuna kolapsatu zenetik munduko ekonomian nagusi izan den hornidura-kate globalizatuen eta finantza-merkatuen sistema are gehiago ahultzea.

Horregatik guztiagatik, Batzordearen iritziz, Errusiak Ukrainari eraso egin izanak, EBk edo haren nazioarteko aliatuek ezarritako zigorrek eta hartutako gainerako kontraneurriek ziurgabetasun ugari sortu dute estatu kideen ekonomian: eten egin dira hornidura-kateak eta merkataritza-fluxuak; prezioen igoera handiak eta ustekabekoak gertatu dira, batez ere gas naturalaren eta elektrizitatearen kostuei dagokienez, baina baita beste hainbat intsumo eta lehengaietan ere (nekazaritzako elikagaien sektorea barne). Ondorio horiek guztiak kontuan hartuta, ekonomiaren nahasmendu larria gertatu da estatu kide guztietan. Hala hornidura-kateak eten izanak nola ziurgabetasunak (etengabea eta gero eta handiagoa) eragin zuzena eta zeharkakoa izan dute sektore gehienetan. Gainera, eta bereziki, energia-kostuen hazkundeak ia estatu kide guztietako ekonomia guztiei eragin die.

Ondorioz, Europako Batzordeak 2022ko martxoaren 23an Aldi Baterako Krisi Esparru bat onartu zuen, estatu kideek estatuko laguntzei buruzko arauetan aurreikusitako malgutasuna baliatu ahal izan zezaten, beren ekonomia babesteko, Errusiak Ukraina inbaditu izanaren testuinguruan.

Errusiak Ukrainari eraso egin izanaren ondoren ekonomia babestera bideratutako estatu-laguntzako neurriei buruzko Aldi Baterako Esparruak (2022-03-24ko AO, C131) estatu-laguntzako gaur egungo tresnen multzoa osatzen du. Multzo horretan beste aukera ugari dago estatu kideen eskura; aparteko inguruabarren ondorioz zuzenean jasandako kalte-galerengatik enpresei konpentsazioa emateko neurriak, esate baterako.

EBren Aldi Baterako Esparru horren babesean, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia babesteko laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparru Nazionala onartu zen, Batzordearen 2022-06-10eko Erabakiaren bidez onartua (SA.102771).

Aldi Baterako Esparru Nazional hori oinarri hartuta, eta industria-sektorearen beharrei eta berezitasunei erantzute aldera, Eusko Jaurlaritzak erabaki du enpresak ekonomikoki suspertzeko laguntza hauetarako deialdia egitea, Errusiak Ukrainari egindako erasoaren ondorioz izandako inpaktuaren ostean enpresa horiek bideragarriak izan daitezen eta aurrera egin dezaten.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak funtsezkotzat jotzen du lehengaien eta garraioen kostuen igoera handiaren inpaktua minimizatzen saiatzea, bai eta etendako eskaeren ondorioz enpresek jasandako galera posible eta potentzial guztiak ordaintzen laguntzea ere, gaur egungo krisian EAEko enpresei laguntzeko eta haien lehiakortasuna babesteko.

Deialdi hau honako hauetan xedatutakoari jarraikiz egiten da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko printzipio arauemaileei buruzko Legearen IV. eta VI. tituluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean) eta aurreko legearen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea, bai eta honako honetan xedatutakoaren arabera ere: Europako Batzordearen Jakinarazpena; Aldi Baterako Esparrua, Errusiak Ukrainari eraso egin izanaren ondoren ekonomia babestera bideratutako estatu-laguntzako neurriei buruzkoa (2022-03-24ko AO, C131).

Horrenbestez, honako hau

Enpresen susperraldi ekonomikorako 2022ko ekitaldirako laguntzen deialdia egitea, enpresen likidezia bermatzeko, enpresek erronka ekonomikoei aurre egin behar baitiete Errusiak Ukrainari eraso egin izanaren ondorioz.

Errusiak Ukrainari egindako erasoaren ondorioz izandako zehapen eta kontrazehapenek edo egungo krisiak eragindako inguruabarretan oinarritutako kausa badute, honako hauek lagunduko dira diruz:

  1. Enpresek izan duten gainkostua, bai lehengaien prezioen igoerak, bai garraio-prezioenak eragindakoa. Gainkostuaren oinarritzat zera hartuko da: 2021eko urteko kostuaren eta 2022rako aurreikusten den kostuaren arteko aldea.

  2. Galeren aurreikuspena. Errusiak Ukrainari eraso egin izanaren ondorioz helmugara iritsi ezin diren eta/edo bertan behera utzi diren produktu amaituen eta ekoizte-bidean dauden produktuen eskaerak eta fakturak hartuko dira kontuan.

  3. Kontuak ikuskatzen dituen enpresak egindako justifikazioko kontua berrikustearen ondoriozko kostua kontuan izango da, 1.500,00 euro gehienez.

  1. Deialdi honen helburura 20.000.000,00 euro bideratuko dira; Eusko Jaurlaritzak Errusiak Ukrainari eraso egin izanaren inpaktuaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko bideratu dituen ezohiko funtsetatik datoz baliabide horiek.

  2. Zenbateko horrek ez du gaindituko Errusiak Ukrainari eraso egin izanaren ondorioz gaitutako kontsignazioa, salbuespenez baino ez. Esleitutako zenbatekoa agortuz gero, Industriako sailburuordearen ebazpen bidez jakinaraziko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta egoera hori argitaratzen denetik aurrera ez da eskabiderik onartuko.

  3. Dagoeneko aurkeztuta dauden eskabideak, horiei ezin bazaie erantzun 1. apartatuan aipatutako baliabide ekonomikoak amaitu direlako, ukatu egingo dira arrazoi horrengatik, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariaren ebazpenaren bidez.

EAEko enpresa handi, txiki eta ertainak (ETE), industria-prozesuko produktuari lotutako industria-sektorekoak eta lotutako zerbitzuetakoak badira, eta eraso militar errusiarraren eta/edo ezarritako zehapen ekonomikoen eta errepresalia gisa hartutako kontraneurrien ondorioen eraginpean badaude.

Artikulu honetako enpresa handi, txiki eta ertainak (ETE) krisialdian egongo dira, Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (2014-07-31ko 2014/C 249/01).

Enpresa txiki eta ertaintzat jotzeko, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan (EBAO, L124, 2003ko maiatzaren 20koa) enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz ezarritakoa edo gomendio hori ordeztu edo aldatzeko xedapenak hartuko dira kontuan.

  1. Egungo krisiak eragindako enpresa onuradunek honako egoera hauetakoren baten eragina izan behar dute, une honetan edo aurretik:

    Lehengaien eta garraioen kostuaren igoera handia;

    Hornidura-katearen, proiektuen eta kontratuen etete fisikoak;

    Europar Batasunak Errusiari eta Bielorrusiari ezarritako zehapen ekonomikoak, edo Errusiak Europar Batasunari ezarritako kontrazehapenak.

  2. Onuradunek eragina pairatu duen lantoki eta/edo ustiaketa-zentro bat eduki behar dute Euskal Autonomia Erkidegoan.

  3. Honako hauek ezin izango dute laguntza hau lortu:

    1. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden enpresak, besteak beste:

      Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

      Ordainduta ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

      Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penal bat izatea, edota horretarako legezko debeku bat.

    2. Laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela deklaratu duen Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu artean bete gabe baten mende dauden enpresak.

    3. EBk hartutako zehapenen pean dauden enpresak, besteak beste, honako hauek:

      Zehapen horiek ezartzen dituzten lege-egintzetan berariaz izendatutako pertsonak, entitateak edo organismoak;

      EBk hartutako zehapenen pean dauden pertsona, entitate edo erakundeen jabetza edo kontrolpean dauden enpresak; edo

      EBk hartutako zehapenei lotutako sektoreetan jarduten duten enpresak, laguntzak dagozkien zehapenen helburuei kalte egiten badiete.

  1. Laguntzak aurrekontu-zenbatespena duen memoria baten arabera emango dira, eta itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira, publizitate-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraikiz, eta lehiaketa-teknika erabili gabe.

  2. Dirulaguntzen zenbatekoa honako hauen % 50ekoa izan ahalko da:

    1. Agindu honen 1. artikuluan zehaztuta dauden eta diruz laguntzeko modukoak diren kostuen hazkundea. Diruz lagun daitezkeen kostuak dokumentuaren 8.1 artikuluan ezarritako konparazioaren arabera kalkulatuko dira. Konparazio hori «diruz lagun daitezkeen kostuen gehikuntza aztertzeko aurrekontu-zenbatespenaren memoria» gisa aurkeztuko da.

    2. Helmugara iritsi ezin diren eta/edo bertan behera utzi diren produktu amaituen eta ekoizte-bidean dauden produktuen eskaera eginen eta fakturen kostua.

  3. Laguntzen mugak ezin izango du gainditu enpresa onuradun bakoitzeko 400.000,00 euroko gehieneko zenbatekoa.

Aldi Baterako Esparru honen babesean (2022-03-24ko AO, C 131) eta Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia babesteko hartutako laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparru Nazionalaren babesean hartu diren estatu-mailako laguntza-neurriak Batzordearen 2022-06-10eko Erabakiaren bidez onartu zen esparru hori (SA.102771) metatzeko aukera dago de minimis erregelamenduei jarraikiz emandako laguntzekin edo kategorien araberako salbuespen-erregelamenduei jarraikiz emandako laguntzekin, betiere erregelamendu horietan metatzeari buruz jasotako arauak betetzen badira. COVID-19ari buruzko Aldi Baterako Esparruan emandako laguntzei ere meta dakizkieke, betiere dagozkien metatzeari buruzko arauak betetzen badira.

  1. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etatik 2022ko irailaren 30eko 15:00ak arte edo agindu honen bigarren artikuluan jasotako funtsak guztiz agortu arte aurkeztu ahal izango dituzte enpresek eskabidea eta hurrengo artikuluan eskatzen diren agiriak.

  2. Betetako eskabidea bakarra izango da enpresa bakoitzerako, eta erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinadura aitortua izango du.

  3. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, eta haren bidez sar daiteke eskabidea egiteko inprimakira, eta hura aurkezten da), erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak hemen daude: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217701

  4. Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak jakinarazpenak eta justifikazioak barne hartuta «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  6. Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  7. Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntzaren eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, dirulaguntza eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

  8. Ez da nahitaezkoa izango Administrazio honen esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Kasu horretan, eskabidean adieraziko da zein egunetan eta zein organo, bulego eta/edo sailetan aurkeztu ziren, bai eta zein espedientetan aurkeztu ziren ere.

  9. Laguntzarako eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituela, bai eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergako altari buruzko agiria ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimen hori, eta, halakorik gertatzen bada, betebehar horiek bete dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaion guztietan.

  1. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    Memoria, betebeharrak ordaintzeko gaitasuna eta, horrekin batera, enpresaren bideragarritasuna arrisku larrian jartzen duten honako gertakari hauek zehaztu eta azalduta: krisiak enpresaren jardueran zer ondorio izan dituen; egungo egoerara zer arrazoik eraman duten; jarduerarik gabeko aldiak; etendako hornidura-kateak; kontratu eta proiektuen galerak; salmenten murrizketa eta, horren ondoriozko diru-sarreren murrizketa; lehengaien eta garraioen kostuen igoera. Horrez gain, etorkizunerako kudeaketa-estrategia, krisi-egoera arintzeko aurreikusitako neurriak (merkatu berriak, birfinantzaketa, inbertsioak, etab.) eta epe laburreko agertokia ere jasoko ditu.

    Diruz laguntzeko moduko kostuen gehikuntza aztertzeko aurrekontu-zenbatespenaren memoria, honako hauek barne hartuta:

    2021eko aldiaren eta 2022ko aurreikusitako aldiaren konparazio bat, lehengaien eta garraioen kostuei buruzkoa, lehengaien eta garraioen bolumenaren eta batez besteko prezioaren arabera kalkulatuko dena, honako kontsiderazio hauekin:

    Lehengaien bolumena: 2021ean eskuratutako kopuruak hartuko dira kontuan 2022koak kalkulatzeko erreferentzia gisa.

    Lehengaien batez besteko prezioa: 2021erako kalkulua honela egingo da: lehengaien kostua zati 2021ean erositako kopuruen bolumena. 2022rako kalkulua enpresak egindako zenbatespenean oinarrituko da.

    2021eko aldiko fakturak, 2021eko lehengaien eta garraioen kostua justifikatzen dutenak, bai eta, eskabidearen egunean, 2022ko aldirako zenbatetsitako kostua ere. Helmugara iritsi ezin diren edo erasoaren ondorioz bertan behera utzi diren produktu amaituen eta ekoizte-bidean dauden produktuen eskaerak eta fakturak.

    Enpresaren eraketa-eskritura, bai eta estatutuena ere, eskumeneko erregistroan behar bezala inskribatuta, eta ondorengo aldaketena, halakorik balego.

    Identifikazio fiskaleko txartela.

    Eskatzailearen ordezkari-ahalmena.

    Azken ekitaldi itxiko Urteko Kontu Auditatuak edo, halakorik ezean, Sozietateen gaineko Zergaren azken aitorpena. Halaber, 2021-12-31ko egoera-balantzea eta emaitzen kontua.

    Ukrainaren Europako Aldi Baterako Esparrua edo Aldi Baterako Esparru Nazionala aplikatuz jaso duen beste edozein laguntzaren erakunde eskatzailearen aitorpena. Halaber, diruz laguntzeko moduko kostu berberei buruz honako hauen arabera jaso dituen laguntzen aitorpena: de minimis erregelamendua, kategorien araberako salbuespen-erregelamendua, COVID-19ari buruzko Aldi Baterako Esparrua, eta Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz, eta EBFTaren 107. artikuluaren 2. apartatuaren b) letra aplikatuta, ezohiko gertakariek eragindako kalteak konpontzeko jaso dituzten laguntzak.

    Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:

    Agindu honetan ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela.

    Ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratiborik, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

    Ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren eraginpean.

    Ordainduta dauzkala dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

    Ez dagoela berreskuratzeko agindu baten mende, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

    Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen dituela.

  2. Eskabidearekin batera, helmugara iritsi ezin diren eta/edo bertan behera utzi diren produktu amaituen eta ekoizte-bidean dauden produktuen eskaera eginen eta fakturen kostua egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ahal izango ditu eskatzaileak.

  3. Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak aurreikusitakoaren arabera.

  4. Nolanahi ere, dirulaguntza hauen organo kudeatzaileak (Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko. Halaber, agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

  1. Industria eta Trantsizio Energetikoko zuzendariak emango ditu ebazpenak, espedienteak guztiz osatu ahala. Enpresaren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, interesdunari eskatuko zaio hori zuzentzeko eta baliabide elektronikoen bidez aurkezteko. Ondore horietarako, zuzenketa egiten den eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

    Ebazpenak gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira, espedientea osorik dagoenetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, administrazio-isiltasunez dirulaguntzarako eskabidea ezetsitzat jo dela ondorioztatu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, eskatutako laguntzari buruz Administrazioak berariaz eman behar duen ebazpena alde batera gabe.

    Dirulaguntza emateko ebazpenetan eskatzailearen identifikazioa, onartutako eta diruz laguntzeko moduko kontzeptuak eta emandako laguntza jasoko dira. Ukatzeko ebazpenetan arrazoiak zehaztuko dira.

  2. Dirulaguntzak emateko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

    Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epearen barruan, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

  3. Emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari hilabeteko epearen barruan, ebazpena jasotzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita. Egintza espresa ez balitz, eskatzaileak eta balizko interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute edonoiz, administrazio-isiltasunaren ondoreak indarrean jartzen diren egunaren hurrengotik hasita, araudi espezifikoaren arabera.

  4. Eskatzaileei ebazpenak jakinarazteaz gain, onuradunen eta laguntzen zenbatekoen zerrenda ere argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean xedatutakoari jarraikiz.

  1. Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote laguntzari berariaz uko egiten enpresa onuradunek, onartu egin dutela ulertuko da.

  2. Laguntza hori eman den helbururako erabiltzea.

  3. Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

  4. Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari.

  5. Enpresak laguntza bidegaberen bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu, eta laguntza hori itzuli ez bada, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

  6. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

  7. Emandako laguntzarekin lotutako dokumentazioa artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta/edo Batzordearen esku uztea, hamar urtez, laguntza ematen denetik zenbatzen hasita.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

  1. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean, uko egin ezean, honela ordaintzeko aginduko da:

    Diruz laguntzeko moduko kostuaren % 100, baldin eta onuradunak, eskabidearekin batera, Errusiak Ukrainari eraso egin izanaren ondorioz helmugara iritsi ezin diren eta/edo bertan behera utzi diren produktu amaituen eta ekoizte-bidean dauden produktuen eskaeren eta fakturen kostuaren frogagiriak aurkeztu baditu, bai eta agindu honen 8. artikuluan eskatutako gainerako dokumentuak ere.

    Enpresek izan duten gainkostuari dagokion laguntzaren % 70, 180.000,00 euro gehienez. Betiere gainkostu hori gertatu bada hala lehengaien eta garraioen prezioen igoeraren ondorioz, nola 2022ko ekitaldirako egindako aurrekontu-zenbatespenetan izandako desbideratzeen ondorioz.

  2. Dirulaguntzaren gainerakoa ordaintzeko, honako agiri hauek aurkeztu eta egiaztatu beharko dira, bitarteko elektronikoen bidez:

    Dirulaguntza eman zenean ezarritako baldintzak bete izana justifikatzen duen jarduketa-memoria.

    Memoria ekonomiko laburtua. Bertan, egindako gastuen egoera adieraziko da, behar bezala taldekatuta, eta, hala badagokio, aurrekontuan hasieran aurreikusitako kopuruak eta izandako desbideratzeak.

    Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egindako txostena. Egindako jarduketak eta horien kostua berrikusi beharko ditu horrek, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 72.2 artikuluaren arabera, eta honako hau egiaztatuko du:

    Onuradunak izandako gastuak diruz laguntzeko modukoak direla eta agindu honetan xedatutakoaren araberakoak direla.

    Aurkeztutako gastuen kontzeptuak bat datozela diruz lagundutako jarduerekin.

    Fakturetan eta gastuen gainerako egiaztagirietan jasotako gastuak benetan gauzatu eta ordaindu direla.

    Berrikusitako faktura guztien zerrenda jaso beharko dute, eta, hala badagokio, diruz lagundu ezin diren gertakari edo zenbateko partzialak edo guztizkoak adierazi beharko dituzte.

    Aurkeztutako gastuen faktura eta egiaztagiri guztiak bat datozela aplikatzekoa den zerga- eta gizarte-legeriarekin, honako hauek adierazita: zenbatekoa, BEZaren banakapena, hala badagokio, data, kontzeptua, zenbakia eta hornitzailea.

    Eskatzaileak jatorrizko fakturak dituela, eta horiek egindako gastuak egiaztatzen dituztela eta onuradunaren kontabilitate-erregistroetan jasota daudela.

    Aurreikusitako jarduketa justifikatu guztiak 2022ko ekitaldiari dagozkiola.

    Justifikatzeko aldia 2022ko abenduaren 31n bukatuko da. Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

  3. Industriaren eta Trantsizio Energetikoaren zuzendariak, laguntza horiek kudeatzen dituen organoak, izango du ordaintzeko ebazpenak emateko eskumena.

  4. Agindu honen babesean emandako laguntza ez da ordainduko, baldin eta enpresa batek laguntza ilegitimoren bat badu eta Europako Batzordeak horren aurkako erabakia hartu badu, hura berreskuratzeko agindua eman badu, eta laguntza hori itzuli ez badu edo laguntza ezeztatu izanaren justifikaziorik aurkeztu ez badu.

  5. Emandako laguntza ordaindu aurretik, enpresa onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaindu dituela ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu.

  6. Administrazioak emandako laguntzen ordainketa egin ahal izateko, enpresa onuradunak administrazio honen «Hirugarrenen erregistro elektroniko» egokian jasota egon beharko du. Alta eman edo erregistro horretan datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Erakunde onuradunak betetzen ez baditu laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, arau honetan ezarritako betekizunak eta betebeharrak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 37. eta hurrengo artikuluetakoak, eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzaren printzipala eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, eta nolanahi ere, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasuan-kasuan, helburu horietarako edonolako diru-sarrerak edo baliabideak, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke, baina, betiere, laguntzaren onuradun izateko eskakizunak betetzen badira.

Aldaketen justifikazioa zuzendaritza kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio, horien berri izan bezain laster, baita laguntza ematea ebatzi gabe geratu bada ere.

Aldaketa horiek emandako dirulaguntza doitzea ekarri ahal izango dute, baina hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea inola ere ekarri gabe.

2022ko ekitaldirako egindako aurrekontu-zenbatespenen prezioen igoeraren ondorioz enpresek izan dituzten gainkostuei dagokien dirulaguntzaren % 25etik beherako beheranzko desbideratzeak baino ez dira hartuko dirulaguntza aldatzeko kausatzat, hura egokitzeko. Ehuneko horretatik gorako desbideratzeak erabateko ez-betetzetzat joko dira.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Industria-garapenaren arloko dirulaguntzak.

Arduraduna: Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritza, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila.

Helburua: industria-garapenaren arloko laguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak: Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Eskubideak: datuak irispidean izatea, zuzentzea eta ezereztea, bai eta informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere.

Informazio gehigarria: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/076400-capa2-eu.shtml webgunean kontsultatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 13a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik