Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko irailaren 8koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuetan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 175
  • Hurrenkera-zk.: 3978
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/09/08
  • Argitaratze-data: 2022/09/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen lehenengo xedapen gehigarriak xedatzen duenez, legea indarrean jarri ondoren, euskal administrazio publikoek enplegu publikoan sartzeko eta arlo horretako enplegua finkatzeko hautaketa-prozesu bereziak egitea erabaki ahal izango dute, aldi baterako enplegua egiturazko plazetan finkatzeko beharrezko neurri gisa.

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak seigarren xedapen gehigarrian ezartzen ditu iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdiak arautu behar dituzten irizpideak. Ildo horretatik, xedapen horrek ezartzen du administrazio publikoek, salbuespen gisa eta EPOELTBren 61.6 eta 7. artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriz, deialdi batean eskainiko dituztela, lehiaketa-sistemaren bidez, 2.1 artikuluak ezarritako betekizunak betetzen dituzten eta 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etenik gabe okupatuta egon diren plazak. Aurreikuspen horri aipatutako legearen zortzigarren xedapen gehigarrian jasotakoa gehitu behar zaio, honela dioena: seigarren xedapen gehigarrian jasotako egonkortze-prozesuek deialdien barnean hartuko dituzte, gainera, egiturazko aldi baterako plaza hutsak, baldin eta aldi baterako langileek aldi baterako okupatuta badaude 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.

Urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 61.7 artikuluak aukera ematen du merezimenduak baloratzeko lehiaketa erabiltzeko, langile lan-kontratudun finkoak aukeratzeko sistema gisa. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.1 artikuluan xedatutakoak mugatzen du gaikuntza hori, xedatzen baitu sistema hori erabili ahal izango dela soil-soilik, lanpostuen ezaugarri bereziak direla-eta, merezimendu jakin batzuk, esperientzia-maila zehatzak edo ezagutza-proba objektiboen bidez egiaztatu ezin diren baldintzak dituzten langileek bete beharreko lanpostuetan.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen bigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak, lehenengo xedapen gehigarrian xedaturikoa hala izanik ere, administrazio publikoek lehiaketa-sistemaren bidez egin ahal izango dituzte enplegua finkatzeko prozesuak, euskal funtzio publikoan sartzeko, Estatuko oinarrizko legediak enplegu publikoari buruz xedatzen duenaren esparruan. Finkatzeko salbuespenezko prozesu horiek, hain zuzen ere, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legearen aipatutako xedapenetan jasotako agindua betetzeko tresnak dira, eta, era berean, horren barruan egongo dira aipatutako Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 27.1 artikuluan eskatutako ezaugarriak betetzen dituzten lanpostuen deialdiak.

Agindu honen bidez onartzen diren oinarri orokorrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuetan enplegua finkatzeko prozesu berezi guztien eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesu guztien deialdiei aplikatu beharreko araudia jasotzen dute, izendatzaile komun gisa, eta, hartara, homogeneizatu egiten dituzte prozesu horiek.

Horiek horrela, aipatutako lege-arauetan eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak langileak hautatzeari buruz 23. artikuluan eta II. tituluaren IV. kapituluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta lege horretako 6.1.i) artikuluaren bidez emandako ahalmenak baliatuz, betiere aintzat hartuta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.3.f) artikuluan xedatutakoa, honako hau

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, betiere bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 8a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

  1. Helburua.

  1. Oinarri hauen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuetan sartzeko arau orokorrak ezartzea, enplegua finkatzeko prozesu berezien eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuen esparruan.

  2. Hautaketa-prozesu bakoitzaren berezitasunak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoen bidez arautuko dira, eta, betiere, honako hauek jaso beharko dituzte:

    Deialdiko lanpostuen kopurua eta hizkuntza-eskakizunen eta sarbide-modalitatearen araberako banaketa.

    Eskabideak aurkezteko epea.

    Langileak hautatzeko deialdietan izena emateko tasaren diru-zenbatekoa.

    Sartzeko titulazioak.

    Zer merezimendu baloratuko den eta zer baremo aplikatuko zaien.

    Euskararen ezagutza egiaztatzeko erabiliko den erreferentzia-data.

    Deialdiko lanpostuen betekizun espezifikoak.

    Gai-zerrendaren zati espezifikoa, enplegua finkatzeko prozesu berezietakoa.

    Emakumeen lehentasun-klausula aplikatuko den ala ez.

  3. Oinarri hauek hiru apartatutan egituratuta daude:

    1. Enplegua finkatzeko prozesu berezien eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuen arau komunak.

    2. Enplegua finkatzeko prozesu berezien arau espezifikoak.

    3. Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuen arau espezifikoak.

      I. ENPLEGUA FINKATZEKO PROZESU BEREZIEN ETA ENPLEGUA FINKATZEKO SALBUESPENEZKO PROZESUEN ARAU KOMUNAK

      1. Prozesu motak.

      1. Bi prozesu mota hauetarako deialdia egingo da, betiere horretarako legezko baldintzak betetzen dituzten lanpostu hutsak badaude: enplegua finkatzeko prozesu berezia eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua.

      2. Enplegua finkatzeko prozesu berezia oposizio-lehiaketaren sistemaren arabera gauzatuko da, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian jasotako xedapenen esparruan.

        Prozesu horretan, txanda bakarra aurreikusten da, txanda irekia, alegia, eta, haren barruan, bi modalitate: sarbide orokorra eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbidea.

      3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen bigarren xedapen gehigarrian jasotako aurreikuspenen esparruan, enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua lehiaketaren sistemaren arabera antolatuko da, honako arau hauetan jasotako baldintzak betetzen dituzten lanpostuei dagokienez:

        1. Administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarriak.

        2. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.1 artikulua; izan ere, artikulu horrek aipatzen dituen lanpostuak, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merezimendu jakin batzuk, esperientzia-maila zehatzak edo ezagutza-proba objektiboen bidez egiaztatu ezin diren baldintzak dituzten langileek bete beharrekoak dira.

          Prozesu horretan, txanda bakarra aurreikusten da, txanda irekia, alegia, eta, haren barruan, bi modalitate: sarbide orokorra eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbidea.

          1. Parte hartzeko betekizunak.

          1. Betekizunak betetzeko datak.

            Hautagaiek eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehenago bete beharko dituzte oinarri orokorretan eta espezifikoetan ezarritako betekizunak 9.1 oinarrian adierazitakoak izan ezik, eta betekizun horiek betetzen jarraitu beharko dute kontratua sinatzen duten arte.

          2. Betekizunak noiz eta nola egiaztatu behar diren.

            Oinarri orokor hauen 9. apartatuan dago ezarrita noiz eta nola egiaztatu behar diren betekizunak.

          3. Parte hartzeko betekizun orokorrak.

            Iragarritako hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko, betekizun hauek bete beharko dira:

            1. Europar Batasuneko kide den edozein estatutako nazionalitatea edukitzea.

              Parte hartzeko aukera izango dute, halaber, Europar Batasunaren estatu kideetako herritarren ezkontideek, edozein dutela ere nazionalitatea eta, betiere, zuzenbidez bananduta ez badaude, haien ondorengoek eta, zuzenbidez bananduta ez badaude, ezkontidearenek, baldin eta hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

              Era berean, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan dauden pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta tratatu horietan langileen zirkulazio askea aplikatzen bada.

              Halaber, aurreko paragrafoetan aipatu ez arren, legezko bizilekua Espainian daukaten atzerritarrek ere parte hartu ahal izango dute.

            2. Gaitasun funtzionala izatea, deialdiko lanpostuetako zereginak betetzeko.

            3. 16 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiro-adina beteta ez izatea.

            4. Diziplina-espediente batez zehapenik hartu ez izana Administrazio publiko edo autonomia-erkidegoko organo konstituzional edo estatutarioen zerbitzutik bereizita egoteko; ezta, ebazpen judizialaren arabera, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza erabatekoa edo berezia izatea ere, funtzionarioen kidegora edo eskalara iristeko edo, langile lan-kontratudunen kasuan, bereizteari edo desgaikuntzari lotutako lanpostuaren antzeko eginkizunak betetzeko. Beste estatu bateko herritarra izanez gero, hautagaia ezin izango da desgaikuntza-egoeran edo egoera baliokideren batean egon, eta ezin izango du ezarrita izan diziplina-zehapenik edo baliokiderik, bere estatuan, baldintza berberetan, enplegu publikorako sarbidea eragozten dionik.

            5. Oinarri espezifikoetan eskatutako titulazioa izatea edo titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea. Titulazioak atzerrikoak badira, haien homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

            6. Indarrean dagoen araubidearen arabera, ezintasuneko edo bateraezintasuneko lege-kausaren batean sarturik ez egotea; hala ere, araudiak ematen duen aukera-eskubidea errespetatuko da.

            7. Langileak hautatzeko deialdietako inskripzio-tasa ordainduta izatea, zeina parte hartu nahi den prozesuaren araberakoa izango baita eta zeinaren diru-zenbatekoa oinarri espezifikoetan zehaztuko baita.

            8. Oinarri espezifikoetan eskatzen diren beste betekizun guztiak.

          4. Desgaitasuna duten pertsonen sarbidea.

          1. Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazetara aurkezten direnek, 3. oinarrian aipatzen diren parte hartzeko betekizunak betetzeaz gain, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortua izan beharko dute foru-aldundietako organo eskudunaren, IMSERSOren edo baliokidearen eskutik, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

          2. Eskainitako plaza guztietatik, lanpostu hutsen ehuneko zazpiko kupoa gordeko da desgaitasuna duten pertsonek bete dezaten.

            Oinarri espezifikoetan adieraziko da zenbat plaza eskainiko diren modalitate bakoitzeko.

            Gutxieneko ehuneko zazpi horretatik, eskainitako plazen ehuneko bi, gutxienez, desgaitasun intelektuala egiaztatzen duten pertsonek betetzeko izango da, eta gainerakoa beste edozein desgaitasun mota egiaztatzen duten pertsonek betetzeko.

            Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak plazen erreserbaren banaketa egingo du desgaitasun intelektuala izatearekin bateragarriak diren funtzioak dituzten lanpostuetan. Plaza horietarako aparteko deialdia egingo da, bere oinarri orokor eta espezifikoen arabera.

          3. Desgaitasuna duten pertsonentzako txandan hautagairik ez dagoelako edo hautaketa-prozesuak gainditu dituenik ez dagoelako bete gabe geratzen diren plazak dagokion txandan sarbide orokorreko modalitatean eskainitakoei gehituko zaizkie. Hala ere, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako eta betetako plazak deialdiko plazen % 3ko tasara iristen ez badira, bete gabeko plazak hurrengo enplegu publikoaren eskaintzaren ehuneko zazpiko kupoari gehituko zaizkio, gehienez ere % 10eko mugarekin, betiere Desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikorako sarbidea izatea eta lanpostuak betetzea arautzen duen abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

          1. Hautaketa egiteko baldintza orokorrak.

            Betekizunen bat ezarrita duten lanpostuak betetzeko, hautagaiek ezinbestez egiaztatu beharko dute betekizun horiek betetzen dituztela.

            Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan, deialdiko lanpostuei esleitutako betekizun espezifikoak zerrendatuko dira.

          2. Lanpostuak esleitzeko baldintza orokorrak.

            Epaimahaiak ezin izango du proposatu deialdiko plaza-kopurua baino handiagoa den gainditu-kopuru bati dagokion beste lan-kontratu egiteko, kasu hauetan izan ezik:

            1. Baldin eta hautatutako pertsona horiek epai bidezko aldi baterako lan-kontratua edo lan-kontratu mugagabea badaukate eta betetzen ari diren lanpostua Euskal Autonomia Erkidegoko Administraziokoa edo haren organismo autonomoetakoa eta izendapen askeko sistemaren bidez esleitzekoa bada. Kasu horretan, lanpostuak hautatzeko izapidean (12.6 oinarria) aukera izango dute esleipen-prozesuaren ondorioz bete gabe geratzen den lanpostu bat hartzeko, edo, bestela, ordura arte betetzen zuten lanpostua, horretarako betekizun guztiak betetzen badituzte.

              Kasu horretan, ez dute deialdiko plazarik kontsumituko, eta aukera hori egin ezean egokituko litzaizkiekeen plazak kasuko deialdian eta modalitatean gainditu duten hurrengo pertsonei esleituko zaizkie, lehentasun-hurrenkeraren arabera.

            2. Egoera hauetako bat gertatzen bada:

              Hautatutako pertsonek uko egitea, kontratua sinatu aurretik, edo

              Hautagaiek eskatzen zaien dokumentazioa ez aurkeztea 15. oinarrian xedatutakoaren arabera, edo aurkeztutakotik ondorioztatzen bada 3. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzen ez dutela, edo ez dutela zereginak betetzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa.

              Kasu horietan, epaimahaiak izendapen-proposamen osagarri bat egingo du dagokien hautagaien alde, hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazioaren hurrenkerari jarraituz eta, betiere, aipatutako inguruabarrengatik hutsik geratu diren lanpostuak bezainbeste hautagai hautatuz.

            3. Kontratua sinatzeko unean lanpostua gorde gabeko eszedentzia eskatzen bada, horrela hutsik geratu diren lanpostuak esleitu egingo dira.

            4. Lanpostu huts gehiago sortzen badira, deialdikoak baino ehuneko hamar gehiago esleitu ahal izango dira, gehienez.

          3. Argitaratzeko lekuak eta iragarki-taulak.

            Hautaketa-prozesuetarako deialdiak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeaz gain, Enplegu Publikoaren Atarian argitaratuko dira, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/

            Hautaketa-prozesuan zehar, aipatutako helbide elektronikoan argitaratuko da prozesuaren garapenaren alderdiekin lotutako informazio guztia, jakinarazpen-ondorioetarako. Abisu bat bidaliko zaie, SMS edo posta elektroniko bidez, mugikorreko zenbaki bat edo posta elektronikoko helbide bat eman duten parte-hartzaileei. Abisu hori egiten ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluan.

            Halaber, informazio hori IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen bulegoetan egongo da eskuragarri, helbide hauetan:

            Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia (Lakua). Wellingtongo Dukearen kaletiko sarbidea.

            Bilbao: Recalde zumarkalea 18.

            Donostia: San Bartolome kalea 28.

          4. Eskabideak aurkeztea.

          1. Prozesuan onartua izatea.

            Parte hartu nahi dutenek eskabide bat aurkeztu beharko dute, parte hartu nahi duten hautaketa-prozesu bakoitzeko, nahiz eta kategoria berekoak izan.

            Onartuak izateko eta, hala badagokio, hautaketa-prozesuetan parte hartzeko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte: 1) Eskabidearen atal guztiak bete behar dituzte, 2) Eskabidea epe barruan aurkeztu, eta 3) Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatiko tasak ordaindu behar dituzte.

            Halaber, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskatutako betekizun guzti-guztiak bete beharko dituzte, 9.1 oinarrian elkargokide izateari eta euskararen ezagutzari buruz aurreikusitakoak izan ezik; izan ere, euskararen ezagutza 9.10 oinarrian aurreikusitakoari jarraituz egiaztatuko da.

          2. Eskabideak aurkezteko epea, eta langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatiko tasa ordaintzea.

            Deialdietan parte hartzeko eskabideak hogei egun balioduneko epean aurkeztuko dira, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Oinarri espezifikoetan zehaztuko dira epe horren muga-egunak eta -orduak.

          3. Eskabideak aurkezteko modua.

            Ahal dela, eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira.

            Eskabidea bide elektronikoz aurkezteko, Enplegu Publikoaren Atariko helbide elektronikoa erabili beharko da (https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/), eskabidea bete ahala adierazten diren argibideei jarraituz. Horretarako, nork bere burua identifikatu beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoan onartutako edozein bitarteko erabiliz (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak), edo eskabidea bete ondoren aplikazioak berak ematen duen aldi baterako erabiltzailearen bidez. Aldi baterako erabiltzaile hori eskabidea kontsultatzeko bakarrik erabili ahal izango da. Gainerako izapideak egiteko, beharrezkoa izango da identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoren bat edukitzea.

            Eskabidea Enplegu Publikoaren Atariaren bidez aurkezteak aukera emango du honako izapide hauek elektronikoki egiteko:

            Parte hartzeko eskabidea.

            Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatiko tasak ordaintzea.

            Eskabidearen erregistro elektronikoa.

            Egindako inskripzioaren datuak aldatzea inskripzioa egiteko epean.

            Hala badagokio, eskabidea zuzentzea, zuzentzeko epean.

            Enplegu Publikoaren Atarian prozesuari buruz argitaratzen den informaziorako sarbidea izatea eta haren jarraipena egitea.

            Erreklamazioak aurkeztea, horretarako ezartzen diren epeetan.

            Lehiaketaren faseko merezimenduak alegatzea, horretarako ezartzen den epean.

            Lanpostuak hautatzea eta, hala badagokio, lanpostuen betekizun espezifikoak alegatzea, horretarako ezartzen den epean.

            Eskatzen den dokumentazioa eranstea, hala badagokio.

            Eskabide elektronikoa Eusko Jaurlaritzako KZgune izeneko zentro publikoetan ere egin ahal izango da. KZguneen zerrenda eta kokapena helbide honetan ikus daitezke: www.kzgunea.eus

            Inskripzio-prozesuan gorabehera teknikoren bat gertatuz gero, Enplegu Publikoaren Atarian (https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/) horretarako adieraziko diren telefonora edo helbide elektronikora jo ahal izango da.

            Halaber, 7. oinarrian aipatzen diren IVAPeko bulegoetan aurkez daiteke eskabidea.

            Aurkeztu ahal izango da, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan zehazten dituen bulegoetan. Kasu horretan, eskabidea IVAPen jaso ondoren, ordainketa-gutuna emango zaie eskatzaileei, beharrezkoa baita langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatiko tasa ordaintzeko, hurrengo apartatuetan adierazten den bezala.

          4. Eskabideen edukia.

            Eskabide-orriko atal hauek bete beharko dira:

            1. Prozesua zuzen kudeatzeko datu pertsonalak.

            2. Harremanetarako datuak: posta-helbidea, telefono mugikorra eta helbide elektronikoa.

            3. Zer hautaketa-prozesutan parte hartu nahi den (enplegua finkatzeko prozesu berezia edo enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua).

            4. Zer deialditan hartuko den parte.

            5. Zein hizkuntza ofizialetan egin nahi diren oposizio-faseko hautaprobak, hala badagokio, euskaraz ala gaztelaniaz.

            6. Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako modalitatean parte hartzeko aukera.

            7. Hautaprobak egiteko denboran eta baliabideetan egoki ikusten diren egokitzapenak eta doikuntzak eskatzeko aukera.

            8. Titulazioa.

            9. Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

          5. Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatiko tasa ordaintzeko modua.

            Diru-zenbatekoa ordainketa-pasabidearen bitartez ordainduko da, egoitza elektroniko honetan: https://euskadi.eus/nireordainketa

            Ordaintzeko bi era daude:

          1. Online ordainketa.

            Ordaintzeko modalitate hau egunean 24 ordu egongo da erabilgarri, eta, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da erakunde hauetako baten banka elektronikoko bezero izatea: Kutxabank, Laboral Kutxa, Caixabank, Banco Santander, BBVA, Sabadell Guipuzcoano, Bankia, Bankoa, Rural Kutxa. Bizum bidez ere egin ahal izango da, edo Visa edo Mastercard txartelak erabiliz.

          2. Offline ordainketa.

            Ordainketa-gutuna inprimatuta izanda, banku-erakunde hauetako edozein sukurtsaletara joan daiteke ordaintzera; gainera, barra-kodearen irakurgailua duten edo datuak eskuz atzeman ditzaketen kutxazain automatikoetan ere ordain daiteke:

            Banco Santander.

            Bankia.

            Bankoa.

            BBVA.

            Caixabank.

            Kutxabank.

            Laboral kutxa.

            Rural Kutxa.

            Sabadell Guipuzcoano.

            Era berean, badago aukera ordainketa-gutunean ageri den QR kodea eskaneatzeko, telefono mugikor batetik, eta, horrela, automatikoki ordainketa-pasabidera sartu.

            Ez da beharrezkoa ordainagiria administrazioari bidaltzea, finantza-erakundeek automatikoki bidaliko baitituzte ordainketa-datuak.

          1. Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatiko tasak eskabideak aurkezteko epean ordaintzen ez dituena prozesutik kanpo geratuko da. Nolanahi ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio hautagaiari akatsa zuzen dezan.

            Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasa ordaintzea ez da nahikoa izango prozesuan parte hartzeko: eskabidea behar bezala eta emandako epearen barruan aurkeztu behar da, oinarri honetako aurreko apartatuetan adierazitakoari jarraituz.

          1. Betekizunak eta merezimenduak. Erreferentzia-datak, deskribapena, alegazioa eta egiaztapena.

          1. Parte hartzeko eta lanpostuak esleitzeko merezimenduak eta betekizunak betetzeko erreferentzia-datak.

            Alegatzen diren merezimenduen jabe izateko eta betekizunak betetzeko erreferentzia-data eskabideak aurkezteko epea bukatzen denekoa izango da, kasu hauetan izan ezik;

            Euskararen ezagutza deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan horretarako ezarritako eguna baino lehen egiaztatu behar da.

            Araututako lanbide baten berezko eginkizunak dituzten lanpostuen kasuan, dagokion elkargo profesionaleko kide izatea lanpostuaz jabetzeko unean egiaztatu beharko da.

          2. Betekizunak eta merezimenduak alegatzea.

            1. Hautagaiek dagokion izapidean alegatu behar dituzte, hurrengo apartatuan adierazten den eran, parte hartzeko betekizun orokor eta espezifikoak, lanpostuen betekizun espezifikoak eta merezimenduak.

            2. Parte hartzeko betekizun orokorrak, bai eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitatean parte hartzeko betekizun espezifikoak ere, eskabideak aurkezteko epearen barruan alegatu beharko dira.

            Merezimenduak IVAPeko Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez alegatu beharko dira, horretarako ezartzen den epean.

            Lanpostuen betekizun espezifikoak, berriz, merezimenduak alegatzeko izapidean alegatu beharko dira.

          3. Betekizunak eta merezimenduak egiaztatzea.

            1. IVAPek betekizunak eta merezimenduak egiaztatuko ditu, eta, horretarako, kontsulta egingo die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen erregistroei, administrazio publikoen datu-bitartekaritzarako plataformari, edo ziurtagiriak ematen dituen organismoari, kasuaren arabera.

            Kontsulta horiek kasu guztietan egingo dira, salbu eta eskatzailea modu arrazoituan aurka agertzen bada, eta tratamendu-jardueraren ardura duen organoak arrazoi horiek aintzat hartzen baditu (19. oinarria).

            Modu arrazoituan aurka agertuz gero, nahitaez aurkeztu beharko dira kontsultaren xede diren dokumentuak.

            2. 15. oinarrian xedatzen denez, lan-kontratu finkoa egin aurretik, hautatutako pertsonek IVAPek egiaztatu ezin izan dituen merezimendu eta betekizunei dagokien dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

            Nolanahi ere, IVAPek prozeduraren aurreko edozein unetan eska dezake dokumentazio hori aurkezteko. Kasu horretan, dokumentazioak oinarri hauetako 15.1 apartatuan ezarritako betekizunak bete beharko ditu.

          4. Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitatean parte hartzeko betekizuna.

            Sarbide-modalitate horretan parte hartzeko 4.1 oinarrian ezarritako betekizuna % 33ko desgaitasun-maila edo hortik gorakoa aitortua izatea deklarazio baten bidez alegatu beharko da parte hartzeko eskabidean bertan, baldin eta aitortza hori Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek egin badute.

            Aitortza beste administrazio publiko batzuek egin badute, ordea, aitortzari buruzko agiriaren kopia arrunta erantsi beharko da.

          5. Esperientzia.

            Administrazio publikoetan egindako zerbitzuengatik izandako esperientzia kategoria bakar batean sartzeko baloratuko da, eta, hortaz, ezin izango da kategoria batean baino gehiagotan aldi berean baloratu.

            Nolanahi ere, aukera egongo da zerbitzu horiek hala enplegua finkatzeko prozesu berezian nola enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuan baloratzeko, baldin eta kategoria berean alegatzen badira. Prozesuetako batean kategoria jakin baterako alegatzeak bi prozesuak lotuko ditu.

            Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren organismo autonomoetan emandako zerbitzuak alegatu egin beharko dira, eta ofizioz zenbatuko dira.

            Gainerako administrazio publikoetan emandako zerbitzuak alegatzeko, egiaztagiriaren kopia arrunta aurkeztu beharko da. Egiaztagiri hori administrazio bakoitzak erabakitzen duen ereduaren arabera aurkeztuko da, eta, han, lan egindako aldiak banakatuta agertu beharko dira, honako hauek zehaztuta: taldea, kidegoa, aukera, eskala, mota edo kategoria eta lanpostuaren izena.

            Oinarri hauen ondorioetarako, Estatuko Administrazioan emandako zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren organismo autonomoetan emandakotzat joko dira, baldin eta gerora Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako funtzio eta zerbitzuetan eman badituzte zerbitzu horiei atxikitako langileek.

            Halakotzat joko dira, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren gainerako entitateetan emandako zerbitzuak, baldin eta entitate horiek osorik edo partez integratu badira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren organismo autonomoetan, eta administrazio horrek subrogatutako langileek eman badituzte.

          6. Titulazioak.

            Titulazioak betekizun gisa nahiz merezimendu gisa alegatzeko, dagokion izapidean deklaratu beharko dira, 9.2.2 apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz.

            Atzerriko titulazioen kasuan, tituluaren kopia arrunta aurkeztu beharko da, bai eta homologazioa egiaztatzen duen agiriarena ere.

          7. Hizkuntzak.

            Honako xedapen hauetan maila eta hizkuntza bakoitzerako jasotako titulu eta ziurtagiriak bakarrik baloratuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako tituluen eta hizkuntza-ziurtagirien baliokidetasunari buruzko ekainaren 30eko 117/2015 Dekretuaren eranskinean jasotakoak, bai eta Zenbait ikasketa planetan araututako araubide bereziko hizkuntza-ikasketen eta errege-dekretu honetakoen arteko baliokidetzak oinarrizko izaeraz ezartzen dituen abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuan jasotakoak ere.

            Hizkuntza-eskola ofizialek emandako titulu eta ziurtagiriak merezimenduak alegatzeko epean alegatu beharko dira.

            Beste entitate batzuek emandako titulu eta ziurtagiriak. Merezimenduak alegatzeko izapidean titulu eta ziurtagiri horiek deklaratzeaz gain, haien egiaztagirien kopia arrunta eman beharko da.

          8. Informatikako ezagutzak.

            Informatikako ezagutzak IT Txartelaren ziurtapen-sistemaren bidez egiaztatuko dira, eta merezimenduak alegatzeko epean alegatu beharko dira.

          9. Probak gainditu izana karrerako funtzionarioa edo langile lan-kontratudun finkoa izateko prozeduretan, eta lan-poltsetan egotea.

            Honako merezimendu hauek merezimenduak alegatzeko izapidean deklaratuz alegatuko dira, eta ofizioz baloratuko, dagozkien oinarri espezifikoetan ezartzen diren baldintzetan:

            Probak gainditu izana, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioa edo langile lan-kontratudun finkoa izateko prozeduretan.

            Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen lan-poltsetan egotea.

          10. Euskararen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea.

            Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuari (ETZEB) kontsulta eginez egiaztatuko dira euskararen hizkuntza-eskakizunak. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatutzat joko dira, baldin eta erregistro horretan inskribatuta badaude, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan ondorio horietarako ezartzen den data baino lehenagoko egiaztatze-data dutela.

            Erregistro horretan jasota ez dauden euskara-ziurtagiri edo -tituluak dituztenek egiaztagiria aurkeztu beharko dute, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ezartzen den eguna baino lehenago.

            Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen hizkuntza-eskakizunen baliokide diren ziurtagiri eta tituluak dekretu hauetan zehaztuta daude: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

          11. Lanpostuen betekizun espezifikoak.

            Lanpostuen zerrendan betekizun espezifikoak ezarrita dituen lanpostu bat eskuratu ahal izateko, hautagaiek merezimenduak alegatzeko ezarritako epean alegatu beharko dituzte betekizun horiek, oinarri espezifikoetan horietako bakoitzarentzat zehazten den moduan.

          1. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak.

            Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, IVAPeko Zuzendaritzak ebazpen bat emango du, eta, hor, agindua emango da onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratzeko 7. oinarrian adierazitako lekuetan. Zerrenda horietan, hautagaiak baztertzeko arrazoia zein den adieraziko da, hala dagokionean, bai eta hautagaiak zer modalitatetan onartu diren ere.

            10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko eta eskabideetako akatsak zuzentzeko, aipatutako ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

            Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, IVAPeko zuzendariaren ebazpen bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, non onartuko baitira onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak, eta adieraziko baita zerrenda horiek ikusgai egongo direla 7. oinarrian zehaztutako lekuetan.

          2. Hautaketa-prozesuen garapena.

            Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onartzen dituen IVAPeko Zuzendaritzaren ebazpenak honako alderdi hauek ere jasoko ditu:

            Enplegua finkatzeko prozesu berezietan, hautagaiei egindako deia oposizio-faseko proba egiten dezaten.

            Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuetan, noiz hasiko den 10 egun balioduneko epea, hautagaiek baloratuko diren merezimenduak alega ditzaten.

            Ebazpen hori eman ondoren, hautaketa-prozesuak oinarri orokor hauetan bildutako arau espezifikoen arabera garatuko dira, harik eta IVAPeko Zuzendaritzak beste ebazpen bat argitara eman arte, zeinaren bidez aginduko baita hautagaien azken kalifikazioen eta eskainitako lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzeko eta lanpostuak aukeratzeko epea zabaltzeko. Azken ebazpen hori 7. oinarrian adierazitako tokietan argitaratuko da.

          3. Lanpostuak aukeratzea.

            Deialdi bakoitzean hautagaien behin betiko kalifikazioa egin ondoren, IVAPeko Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez argitaratuko da, eta hamar egun balioduneko epea irekiko da lanpostuak aukeratzeko.

          1. Parte-hartzaileak.

            Lanpostuak aukeratzeko prozesu honetan parte hartzeko dei egingo zaie, hain zuzen ere, epaimahaiak deialdi, modalitate eta hizkuntza-eskakizun bakoitzerako zehazten duen zenbakiaren lehentasun-hurrenkera bera edo txikiagoa dutenei. Zenbaki horrek ziurtatu beharko du hautatuko diren plaza guztiak esleituko direla.

            Prozesu honetan parte hartzeko dei egiten zaien pertsonen izen-zerrendak IVAPeko Zuzendaritzak behin betiko kalifikazioei buruz emango duen ebazpenean jasoko dira, eta 7. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratuko. Gainera, zerrenda horietan dauden pertsonek SMS edo mezu elektroniko bidez jasoko dute abisua, baldin eta telefono mugikorreko zenbaki bat edo helbide elektronikoko bat eman badute.

            Oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera lanpostua epe barruan eta modu egokian hautatzen ez dutenek galdu egingo dituzte hautaketa-prozesuan parte hartzetik eratorritako eskubideak.

          2. Eskainitako lanpostuen zerrenda.

            Hautaketa-prozesu bakoitzerako eskainitako lanpostuen zerrendan honako hauek adieraziko dira: lanpostuaren izena, saila edo organismoa, zentro organikoa, destinoko herria, esleitutako ordainsari-maila, hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data eta lanpostuaren betekizun espezifikoak.

          3. Lanpostuak aukeratzeko eskabideak.

            Lanpostuak bide elektronikoz aukeratzeko, Enplegu Publikoaren Atarian eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/

            Lanpostuak aukeratzeko eskabideetan, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitatean parte hartzen duten pertsonek aukera izango dute dagokien lanpostuan edo lanpostuetan egokitzapenak eskatzeko. Eskatutako egokitzapena egokia den eta eskatutako lanpostuek esleituta dituzten zereginekin bateragarria den zehazte aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen Prebentzio Zerbitzuak dei egin ahal izango die hautagaiei.

            Era berean, izapide hori betetzeko, 7. oinarrian adierazitako IVAPen bulegoetara jo ahal izango da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bulegoetako edozeinetan aurkeztu.

          4. Aukeratutako lanpostuen hurrenkera.

            Bai enplegua finkatzeko deialdi berezitik bai enplegua finkatzeko salbuespenezko deialditik kategoria berean lanpostuak aukeratzeko prozeduran parte hartzera deitutako pertsonek lanpostu-zerrenda bakarra egingo dute, eta, hor, beren lehentasunekin bat etorriz ordenatuko dituzte hizkuntza-eskakizunaren arabera eta, hala badagokio, lanpostuen betekizun espezifikoen arabera aukeratu ditzaketen lanpostuak; horretarako, aukera izango dute deialdi bateko eta besteko plazak tartekatzeko.

            Kategoria bakoitzeko dauden bi deialdietatik deialdi bakar batean lanpostuak aukeratzeko prozeduran parte hartzera deitutakoek deialdi horretako lanpostuak baino ezin izango dituzte eskatu.

          5. Epai bidez aldi baterako lan-kontratua edo lan-kontratu mugagabea duten eta izendapen askeko lanpostuak betetzen ari diren langileentzako arau espezifikoa.

            Lanpostuak aukeratzeko deia egiten den unean izendapen askeko sistemaren bidez hornitutako lanpostu bat betetzen ari diren eta epai bidez aldi baterako lan-kontratua edo lan-kontratu mugagabea duten parte-hartzaileek une horretan adierazi ahal izango dute lanpostu horretan destinoa esleitzeko, betiere lanpostuaren baldintza guztiak betetzen badituzte.

          6. Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitateko hautagaientzako arau espezifikoa.

            Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitatean parte hartzen dutenek lanpostuak aukeratzeko lehentasun-hurrenkera aldatzeko eskatu ahal izango diote epaimahaiari. Eskaera hori mendetasun-arrazoietan, joan-etorrietarako zailtasunetan edo antzekoetan oinarritu beharko da, eta, eskabidearekin batera, alegatutako arrazoiak aitortzen dituen ziurtagiria aurkeztu, Administrazioaren organo eskudunak egina (foru-aldundietako sail eskuduna, IMSERSO edo baliokidea), Desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikorako sarbidea izatea eta lanpostuak betetzea arautzen duen abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

          1. Destinoak esleitzea.

            Zerrenda bat egingo da deialdi bakoitzeko, eta, horren barruan, eskainitako plazen hizkuntza-eskakizun bakoitzeko. Zerrenda horretan jasoko dira desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitateko parte-hartzaileak, prozesuan lortutako puntuazio osoaren arabera, handienetik txikienera. Zerrenda horren ordena erabakigarria izango da lanpostuak esleitzeko, 12.6 oinarrian aurreikusitakoa izan ezik.

            Epaimahaiak hala erabakitzen badu, behar bezala justifikatuta dagoelako, beharrezkoak diren gutxieneko aldaketak egingo dira lehentasun-hurrenkeran, desgaitasuna duten pertsonek lanpostu jakin batzuk eskuratu ahal izateko, betiere 12.6 oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz, Desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikorako sarbidea izatea eta lanpostuak betetzea arautzen duen abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuaren 9. artikuluak xedatu bezala. Hori guztia, baldin eta desgaitasunak eragozten ez badie lanpostuko zereginak betetzea.

            Baldin eta, behin desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitateko plazak agortuta, modalitate horretan parte-hartzaile gehiago badaude, dagokion deialdiko sarbide-modalitate orokorreko plaza lortu ahal izango dute, deialdian lortutako puntuazioaren arabera.

          2. Hautatutakoen zerrenda.

            Lanpostuak aukeratzeko epea amaitutakoan, hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen behin-behineko zerrenda egingo da, kontuan hartuta eskatutako betekizunak betetzen diren, hautagai bakoitzak zer puntuazio-ordena duen eta zer lehentasun adierazi dituen. Zerrenda hori IVAPeko Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez argitaratuko da, 7. oinarrian adierazitako lekuetan, eta, ebazpen horretan, 10 egun balioduneko epea ezarriko da, hautagaiek eskatutako lanpostuen betekizun espezifikoen gainean zuzenketak egiteko eta erreklamazioak aurkezteko.

            Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, IVAPeko Zuzendaritzaren ebazpen bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta ebazpen horretan adieraziko da hautatutako pertsonen eta esleitu beharreko lanpostuen behin betiko zerrendak 7. oinarrian adierazitako lekuetan egongo direla ikusgai.

          3. Dokumentazioa aurkeztea.

            Hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, pertsona horiek Funtzio Publikoko Zuzendaritzak eskatzen dizkien dokumentuak aurkeztu beharko dituzte. Prozeduran zehar modu frogagarrian egiaztatu ez den dokumentazioa baino ez da aurkeztu beharko, edo eskatzaileek prozedura osoan bete beharreko baldintza pertsonalei buruzkoa, hala nola desgaikuntzarako, ezintasunerako edo bateraezintasunerako inguruabarrik eza edo desgaitasun-mailaren aitortzearen iraupena, modalitate horretan parte hartu badute.

          1. Dokumentuek bete beharreko baldintzak.

            Aurkeztu beharreko dokumentuek jatorrizkoak izan behar dute, edo, bestela, lokalizatzailea edo sinadura elektronikoa duten dokumentuak, hau da, dokumentu aldaezinak.

            Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko da. Dokumenturen bat beste hizkuntza batean idatzita badago, zinpeko itzulpena erantsi beharko zaio dokumentu horri.

            Eskatutako dokumentu guztiak aurkeztu ezina behar bezala arrazoitzen bada, hautagaiak zuzenbidean onartzen den edozein frogabide erabili ahal izango du deialdiko baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzeko.

          2. Dokumentazioa aurkezteko lekua eta epea.

            Dokumentuak Funtzio Publikoaren Zuzendaritzan aurkeztuko dira, 20 egun balioduneko epean, hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

          3. Dokumentuak aurkeztu ez izanaren ondorioak.

            Ez dute aukerarik izango langile lan-kontratudun finko izateko adierazitako epearen barruan dokumentuak aurkezten ez dituztenek, ezinbesteko kasua gertatu ezean, ezta, aurkeztutako dokumentuen azterketaren arabera, 3. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzen ez dutenek, edo lanpostuaren zereginetan aritzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa ez dutenek ere. Kasu horietako baten bat gertatuz gero, egindako jarduketa guztiak deuseztatuko dira, eta gainera, baliteke eskabidea faltsutzeagatik hautagaiek erantzukizuna izatea.

          1. Langile lan-kontratudun finko gisa kontratatzea.

            Dokumentazioa aurkezteko epea amaituta, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Ebazpen horren bidez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari bidaliko zaio aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duten pertsona hautatuen zerrenda, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen zerbitzurako lan-kontratuak formalizatzeko.

            Aukeratutako pertsonek ebazpen horretan ezarritako egunean sinatu beharko dute lan-kontratua.

            Ezarritako egunean, ezinbesteko kasuetan izan ezik, kontratua sinatzen ez duenak galdu egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak, deialditik eratorriak, hain zuzen.

          2. Epaimahaia.

          1. Osaera.

            Epaimahaiak kide hauek izango ditu: epaimahaiburua, hiru bokal edo gehiago betiere, kopuru bakoitia izaki eta idazkaria eta horien ordezkoak.

            Epaimahaia modu orekatuan egongo da osatuta trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonekin, salbu eta behar bezala justifikatzen bada hori egitea ez dela egokia. Ordezkaritza hori orekatutzat hartuko da baldin eta lau kide baino gehiagoko organoetan sexu bakoitzak gutxieneko % 40ko ordezkaritza badu, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 31. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

            Kategoria bakoitzean, epaimahaikide berak egongo dira enplegua finkatzeko prozesu berezietan eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuetan.

            Epaimahaiak, komeni dela uste badu, aukera izango du adituei aholkua eskatzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoaren alorreko aholkularitza eman besterik ez dute egingo, epaimahaiarekin lankidetzan aritzen direnean.

            Epaimahaikide-lana modu indibidualean egingo da beti, eta ezin izango da inoren izenean edo inoren ordezkari gisa aritu.

          2. Izendapena.

            Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren agindu bidez izendatuko dira epaimahaikideak. Izendapenak eta onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda aldi berean argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

          3. Abstenitzea eta errekusatzea.

            Epaimahaiko kideek ezin izango dute prozesuan parte hartu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezarritako kasuetan; eta halakoetan, horren berri jakinarazi beharko diote Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Horrez gain, ezin izango dute parte hartu baldin eta deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hautaprobetan parte hartuko duen hautagairen bat prestatzen jardun badute.

            Aurreko kasuren bat gertatzen denean ere, interesdunek noiznahi aukera izango dute epaimahaikideak errekusatzeko, aipatutako legearen 24. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

          4. Jarduteko arauak.

            Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritako arauen arabera jardungo du epaimahaiak. Betiere, epaimahaiburuak aginduta eta idazkariak bilerarako deia eginda bilduko da epaimahaia, hautaprobak hasi baino behar beste denbora lehenago. Balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da epaimahaiburua eta idazkaria (edo, hala dagokionean, haien ordezkoak) eta gutxienez bokalen erdiak bertaratzea.

            Epaimahaikide guztiek izango dituzte hitza eta botoa.

            Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Epaimahaiburuaren kalitatezko botoaren bitartez ebatziko dira berdinketak.

            Epaimahaiburua (edo haren ordezkoa) bertaratu ez bada, gaixo dagoelako, bere kargua hutsik dagoelako edo bestelako lege-arrazoiren bat dagoelako, antzinatasun handiena duen edo adinez zaharrena den epaimahaikideak hartuko du haren lekua, hurrenkera horretan.

            Idazkariaren edo haren ordezkoaren kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixo badago edo idazkariari zein ordezkoari eragiten dien legezko bestelako arrazoiren bat badago, epaimahaikideen gehiengoaren erabakiz aukeratzen den epaimahaikideak beteko du haien kargua.

          5. Ahalmenak.

            Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, eta bera izango da prozeduraren gardentasun eta objektibotasunaren, proben eduki eta konfidentzialtasunaren eta deialdiko oinarriak zorrotz betetzearen erantzulea.

            Halaber, ordenamendu juridikoarekin bat etorriz, batetik, oinarri hauek eta oinarri espezifikoak aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu; bestetik, deialdia behar bezala garatzeko beharrezko diren erabakiak hartuko ditu; eta, azkenik, oinarrietan aurreikusten ez diren kasuetarako, behar diren irizpideak ezarriko ditu.

            Epaimahaiburuak behar diren neurriak hartuko ditu oposizio-faseko ariketen edukia isilpean gordetzen dela bermatzeko, eta gauza bera egingo du azterketak zuzentzean azterketa bakoitza norena den ez jakiteko.

          6. Egoitza.

            Erreklamazioak bide elektronikoz aurkeztuko zaizkio epaimahaiari, eta, horretarako, Enplegu Publikoaren Atarian, honako helbide elektroniko honetan, eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/

            Era berean, 7. oinarrian adierazitako IVAPen bulegoetan egin ahal izango dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bulegoetako edozeinetan aurkeztu.

            Jakinarazpenetarako eta bestelako kontuetarako, epaimahaiak IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egoitza nagusian izango du helbidea: Donostia kalea 1 (Lakua), 01010 Vitoria-Gasteiz.

          7. Egindako zerbitzuagatik jaso beharreko kalte-ordainak.

            Epaimahaikideek dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte beren zerbitzuagatik, bai eta bertaratzeagatik ere, arlo honetako indarreko araudiarekin bat etorriz.

            Dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte, era berean, epaimahaiari aholkularitza ematen dioten edo zaintzan edo laguntza materialean laguntzen dioten pertsonek.

          1. Lan-poltsak.

            Hautaketa-prozesuak bukatu ondoren, lan-poltsak berrantolatuko dira, eta, horietan, enplegua finkatzeko prozesu bereziak gainditu dituzten baina hautatuak izan ez diren pertsonak sartuko dira.

            Kategoria jakin baterako hautaketa-probak lehiaketa-sistemaren bidez baino ez badira egiten, Funtzio Publikoko Sailburuordetzaren ebazpen baten bidez zehazten den puntuazioa gainditzen duten pertsonak sartuko dira lan-poltsetan, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren.

            Ebazpen horrek lan-poltsak antolatzeko irizpideak ere ezarriko ditu.

            Berrantolaketa hori gertatu arte, indarrean dauden lan-poltsek indarrean jarraituko dute.

          2. Hautaketa-prozesuko datuen babesa eta kudeaketa.

            Behar bezala betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra), abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia, datu pertsonalak «Hautaketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.

            Tratamenduaren arduraduna: Funtzio Publikoaren Zuzendaritza. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila.

            Tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: Enplegu publikora sartzeko prozesuak kudeatzea, eta lekualdatze-lehiaketak eta zerbitzu-eginkizunak kudeatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako funtzionarioen eta langile lan-kontratudunen lanpostuetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako aldi baterako lan-eskaintzen lan-poltsak nahiz lan-kontratudun langileak kontratatzeko eta bitarteko funtzionarioak izendatzeko lan-poltsak kudeatzea (eraketa, integrazioa eta birbaremazioa).

            Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko (6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa; 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legea onartzen duena; 2/2018 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena).

            Informazio-hartzaileak:

            Sindikatuak eta langileen batzordeak.

            Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

            Lan-poltsetan dauden langileen datuak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batzuei eta sektore publikoko entitateei eman ahal izango zaizkie.

            Eskubideak: Datuetarako irispidea izatea, datuak zuzentzea eta ezereztea, eta beste zenbait eskubide informazio gehigarrian azalduta daude.

            Informazio gehigarria: Web-orri honetan kontsultatu dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

            https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/128100-capa2-eu.shtml

            II. ENPLEGUA FINKATZEKO PROZESU BEREZIEN ARAU ESPEZIFIKOAK

          3. Hautaketa-sistema eta parte hartzeko modalitateak.

          1. Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da.

          2. Txanda bakarra egongo da, txanda irekia, alegia, eta bi modalitate: sarbide orokorra eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbidea.

          1. Oposizio-fasea.

            Oposizio-fasean, proba bakarra egin beharko da, nahitaezkoa eta baztertzailea izango dena.

          1. Probaren ezaugarriak.

            Teoriko-praktikoa izango da, eta bi zati izango ditu:

            A zatia: gai-zerrendako zati orokorrari buruzko galdera-sorta bat izango da, zenbait erantzun-aukerarekin. Gai-zerrenda agindu honen II. eranskinean dago.

            Galderak Enplegu Publikoaren Atarian argitaratutako galderetatik aterako dira. Hau da atari horren helbide elektronikoa: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/

            B zatia: zenbait erantzun-aukera dituen galdera-sorta bati erantzun beharko zaio hemen ere, eta deialdiko lanpostuetako zereginekin lotutako kasu teoriko-praktikoei buruzkoak izango dira galderak, epaimahaiak proposatutako bi aukera edo gehiagoren artean hautatu beharrekoak. Kasu teoriko-praktiko horiek deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoekin batera argitaratuko den gai-zerrenda espezifikoan sartuko dira.

            Proban, gehienez, 120 puntu lor daitezke (A zatian, 0 eta 80 puntu bitartean; eta, B zatian, 0 eta 40 puntu bitartean). Erantzun oker bakoitzeko, erantzun zuzen baten balioaren herena kenduko da, eta proba osoan 60 puntu edo gehiago lortzen ez dituztenak baztertuta geratuko dira.

            Hautagaiei probak prestatzen laguntzeko, Enplegu Publikoaren Atarian, https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/ helbide elektronikoan, honako hauek jarriko dira eskuragarri:

          1. Prozesu bakoitzean zer lanpostu eskura daitezkeen.

          2. Argitalpen bat, gai-zerrendaren zati orokorraren garapenarekin.

          3. Galdera-sorta bat, gai-zerrendaren zati orokorrari buruzkoa. 700 galdera egongo dira jasota hor.

            Epaimahaiak, proba egin ondoren eta dagokion erabakia hartuta, erantzun zuzenak argitaratuko ditu 7. oinarri orokorrean adierazitako lekuetan.

          1. Proben garapena.

            Hautaketa-prozesu bakoitzean lehiatzen diren pertsonei deialdi bakarra egingo zaie ariketa egiteko. Epaimahaiak, hautaproben garapenean aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko, proben deialdiaren baldintzak egokitu ahal izango ditu, hautagairen bat bertaratu ezin bada haurdunaldia, erditzea edo ezinbesteko arrazoiak direla eta. Ahal dela, proba egin baino lehen eman beharko zaio epaimahaiari egoera horien berri, justifikazio-agiriak erantsiz.

            Epaimahaiak ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokituko dizkie egokitzapenik behar eta eskabidean hala adierazi duten hautagaiei. Izan ere, horrela, aukera-berdintasunean arituko dira gainerako parte-hartzaileekin, betiere hori eginda probaren edukia desitxuratzen ez bada eta eskatutako gaitasun-maila jaisten edo okerragotzen ez bada.

            Prozesuan onartutakoek egin ditzakete hautaketa-probak, baita, baztertu gisa azaldu arren, gora jotzeko errekurtsoa jarri dutenek ere, oraindik ebazpenik jaso ez dutela egiaztatzen badute. Hautagai bakoitzak bere burua identifikatzeko, nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko du probetara.

            Oposizio-faseko proba bukatutakoan, epaimahaiak behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu, eta 10 egun balioduneko epea emango du erreklamazioak egiteko. Epe hori amaitu eta erreklamaziorik egon bada haiek ebatzi ondoren, behin betiko emaitzak argitaratuko ditu epaimahaiak.

            Emaitzak 7. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratuko dira.

          2. Oposizio-faseko puntuazioen zerrenda.

            Oposizio-faseko probak bukatu eta, erreklamaziorik aurkeztu bada haiek ebatzi ondoren, epaimahaiak agindua emango du gainditutakoen puntuazioen behin betiko zerrenda argitara dadin, sarbide-modalitatea (orokorra edo desgaitasuna duten pertsonentzat gordetakoa) aintzat hartuta.

          1. Lehiaketa-fasea.

            Lehiaketa-fasean, oposizio-fasea gainditu dutenen merezimenduak aztertu eta baloratuko dira, eta 80 puntuko balorazioa izango du.

            Oposizio-fasea gainditu dutenen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera, 10 egun balioduneko epea emango da merezimenduak alegatzeko, 9. oinarrian xedatutakoari jarraituz.

            Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko dira baloratuko diren merezimenduak eta baloratzeko baremoak. Esperientzia, titulazioak, hizkuntzak eta informatika-ezagutzak baloratu ahal izango dira, bai eta probak gainditu izana ere karrerako funtzionarioa edo langile lan-kontratudun finkoa izateko prozeduretan, eta lan-poltsetan egotea.

            Merezimenduen erreferentzia-datak 9. oinarrian daude araututa.

            Oinarri espezifikoetan ezarritako baremoaren arabera baloratuko ditu merezimenduak epaimahaiak.

            Fase hau ez da baztertzailea izango.

          2. Azken kalifikazioa.

          1. Hautagai bakoitzaren azken kalifikazioa honako hauetan lortutako puntuen batura izango da: oposizio-fasean eta lehiaketa-fasean, bai eta egiaztatutako hizkuntza-eskakizunaren balorazioan ere (azken hori betekizuna ez, baizik eta merezimendua bada).

          2. Lehentasun-klausula.

            Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, gaikuntza bera izanez gero, emakumeei emango zaie lehentasuna baldin eta deialdietako lanpostu edo kategoria horietan emakumeen ordezkaritza % 40tik beherakoa bada. Salbuespena izango da beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak badauzka nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuagatiko diskriminaziorik; esate baterako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

            Ondorio horietarako, gaikuntzari dagokionez hautagaien arteko berdinketa dagoela joko da, baldin eta hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan puntu-berdinketa badago proba guztiak egin eta baloratu, eta dagozkion merezimenduak gehitu ondoren, alegia.

            Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko da artikulu horretan xedatutakoa aplikatuko den ala ez, deialdian jasotako lanpostuetan emakumeek duten ordezkaritzaren arabera.

          3. Berdinketak hausteko irizpideak.

            Berdinketarik egonez gero, irizpide hauek bata bestearen ondoren aplikatuz ezarriko da lehentasun-hurrenkera:

            Esperientzia espezifiko gisa baloratzeko moduko esperientzia-egun gehien duenaren alde.

            Oposizio-fasean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Oposizio-faseko ariketaren B zatian puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Esperientzia orokorrean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Lehiaketa-fasean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Karrerako funtzionario edo langile lan-kontratudun finko izateko prozeduretako probak gainditzeagatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Lan-poltsetan egoteagatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Titulazioengatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Informatika-ezagutzengatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Hizkuntzengatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin eta haren organismo autonomoekin izandako lehen enplegu-harremanaren data; zaharrenak izango du lehentasuna berrienaren aldean.

          4. Prozedura eta erreklamazioak.

            Merezimenduen balorazioa egin ondoren, IVAPeko Zuzendaritzak gainditutakoen behin-behineko kalifikazioen zerrendak argitaratzeko aginduko du, bai eta eskainitako lanpostuena ere, deialdiko plazen modalitatea (orokorra edo desgaitasuna duten pertsonentzat gordea) eta hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuta.

            Argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko.

            Erreklamazioak egiteko epea amaitutakoan, eta aurkeztutakoak ebatzi ondoren, IVAPeko Zuzendaritzak gainditu dutenen azken kalifikazioen eta eskainitako lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzeko aginduko du.

            Deialdiko prozesu bakoitzeko, gainditutakoen azken kalifikazioen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, deialdiko plazen modalitatea (orokorra edo desgaitasuna duten pertsonentzat gordea) eta hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuta. Zerrenda horietan, hautagai bakoitzaren lehentasun-hurrenkera adieraziko da, lortutako puntuazioaren arabera eta, hala badagokio, lehentasun-klausula eta berdinketa hausteko irizpideak aplikatuz.

            III. ENPLEGUA FINKATZEKO SALBUESPENEZKO PROZESUEN ARAU ESPEZIFIKOAK

          1. Hautaketa-sistema eta parte hartzeko modalitateak.

          1. Hautaketa-sistema lehiaketa izango da.

          2. Prozesu horretan, txanda bakarra aurreikusten da, txanda irekia, alegia, eta, haren barruan, bi modalitate: sarbide orokorra eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbidea.

          1. Hautaketa-prozesua.

            Hautaketa-prozesuko lehiaketa gauzatzeko, prozesuan onartutakoek alegatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira.

            Onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera, 10 egun balioduneko epea emango da merezimenduak alegatzeko 9. oinarrian xedatutakoaren arabera.

            Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko dira baloratuko diren merezimenduak eta baloratzeko baremoak. Honako hauek baloratu ahal izango dira: esperientzia, titulazioak, hizkuntzak, informatika-ezagutzak, karrerako funtzionarioa edo langile lan-kontratudun finkoa izateko prozeduretako probak gainditu izana, eta lan-poltsetan egotea.

            Merezimenduen erreferentzia-datak 9. oinarrian daude araututa.

            Oinarri espezifikoetan ezarritako baremoaren arabera baloratuko ditu merezimenduak epaimahaiak.

            Lehiaketa ez da baztertzailea izango.

          2. Azken kalifikazioa.

          1. Hautagai bakoitzaren azken kalifikazioa merezimenduen balorazioan eta euskararen ezagutzan lortutako puntuazioen batura izango da, oinarri espezifikoetan zehazten diren kasuetan eta baldintzetan.

          2. Lehentasun-klausula.

            Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, gaikuntza bera izanez gero, emakumeei emango zaie lehentasuna baldin eta deialdietako lanpostu edo kategoria horietan emakumeen ordezkaritza % 40tik beherakoa bada. Salbuespena izango da beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak badauzka nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuagatiko diskriminaziorik; esate baterako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

            Ondorio horietarako, gaikuntzari dagokionez hautagaien arteko berdinketa dagoela joko da, baldin eta puntu-berdinketa badago hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan, hau da, merezimenduak gehitu ondoren.

            Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko da artikulu horretan xedatutakoa aplikatuko den ala ez, deialdian jasotako lanpostuetan emakumeek duten ordezkaritzaren arabera.

          3. Berdinketak hausteko irizpideak.

            Berdinketarik egonez gero, irizpide hauek bata bestearen ondoren aplikatuz ezarriko da hurrenkera:

            Esperientzia espezifiko gisa baloratzeko moduko esperientzia-egun gehien duenaren alde.

            Karrerako funtzionario edo langile lan-kontratudun finko izateko prozeduretako probak gainditzeagatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Lan-poltsetan egoteagatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Esperientzia orokorrean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Titulazioengatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Informatika-ezagutzengatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Hizkuntzengatiko baremoari dagokion atalean edo, hala badagokio, azpiatalean puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde.

            Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin eta haren organismo autonomoekin izandako lehen enplegu-harremanaren data; zaharrenak izango du lehentasuna berrienaren aldean.

          4. Prozedura eta erreklamazioak.

            Merezimenduen balorazioa egin ondoren, IVAPeko Zuzendaritzak gainditutakoen behin-behineko kalifikazioen zerrendak argitaratzeko aginduko du, bai eta eskainitako lanpostuena ere, deialdiko plazen modalitatea (orokorra edo desgaitasuna duten pertsonentzat gordea) eta hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuta.

            Argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko.

            Erreklamazioak egiteko epea amaitutakoan, eta aurkeztutakoak ebatzi ondoren, IVAPeko Zuzendaritzak gainditu dutenen azken kalifikazioen eta eskainitako lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzeko aginduko du.

            Deialdiko prozesu bakoitzeko, gainditutakoen azken kalifikazioen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, deialdiko plazen modalitatea (orokorra edo desgaitasuna duten pertsonentzat gordea) eta hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuta. Zerrenda horietan, hautagai bakoitzaren lehentasun-hurrenkera adieraziko da, lortutako puntuazioaren arabera eta, hala badagokio, lehentasun-klausula eta berdinketa hausteko irizpideak aplikatuz.

  1. Konstituzioa. Egitura eta edukia. Oinarrizko eskubideak eta eginbeharrak.

  2. Estatuaren lurralde-antolamendua. Alderdi orokorrak. Autonomia-erkidegoak: antolamendua eta eskumenak. Autonomia-estatutuak.

  3. Europar Batasuneko Zuzenbidea. Erakundeen azalpen laburra: Kontseilu Europarra, Europar Batasuneko Kontseilua, Batzordea, Parlamentua eta Auzitegia. Egintza juridikoak: erregelamenduak eta zuzentarauak.

  4. EAEko antolaketa politiko eta administratiboa. Printzipio orokorrak. Estatuaren eta EAEren arteko eskumen-banaketaren alderdi orokorrak. Eusko Legebiltzarra. Eusko Jaurlaritza eta lehendakaria.

  5. EAEko erakunde komunen eta lurralde historikoen arteko eskumen-banaketarekin loturiko alderdi orokorrak. Ekonomia Ituna. Toki-erakundeen eskumenak.

  6. Berdintasuna: Testuingurua eta aurrekariak. Xedea eta helburua. Printzipio orokorrak: tratu-berdintasuna; aukera-berdintasuna; aniztasuna eta diferentzia errespetatzea; genero-ikuspegia txertatzea; ekintza positiboa; sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea; ordezkaritza orekatua; eta lankidetza eta koordinazioa. Administrazioaren araudian eta jardueran berdintasuna sustatzeko neurriak.

  7. Administrazio elektronikoa. Herritarrek zerbitzu publikoetara duten sarbide elektronikoa. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa: egoitza elektronikoa eta Interneteko ataria, identifikazio-sistemak eta sinadura elektronikoa. Artxibo elektronikoa. Administrazio-espedientea.

  8. Euskararen erabileraren normalizazioa. Herritarren hizkuntza-eskubideak. Enplegatu publikoen hizkuntza-gaikuntza. Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana.

  9. EAEko administrazio publikoetako langileak. Enplegatu publiko motak. EAEko administrazio publikoetako enplegatu publikoen eskubideak eta eginbeharrak. Ordainsariak. Diziplina-araubidea.

  10. Datu pertsonalen babesari buruzko oinarrizko alderdiak: kontzeptuak, printzipioak eta eskubideak.

  11. Laneko arriskuen prebentzioa. Xedea. Eskubideak eta betebeharrak: laneko arriskuetatik babesteko eskubidea. Prebentzio-jardueraren printzipioak. Prebentzio-plana, arriskuen ebaluazioa eta prebentzio-jardueraren plangintza. Langileen prestakuntza.

  12. Laneko arriskuen prebentzioa: Datuak bistaratzeko pantailak.

  13. Lehen sorospenen oinarrizko nozioak.

  14. Gobernu irekia. Kontzeptu eta printzipio informatzaileak. Informazio publikorako irispidea eta gobernu ona.

  15. Administrazio-espedientea. Administrazio-dokumentuak. Dokumentuen kopiak eta ziurtagiriak egitea.

  16. Sinadurak legeztatzea. Balidazioa administrazio elektronikoan: Identifikazio eta sinadura elektronikoa, ziurtagiri elektronikoa.

  17. Eusko Jaurlaritzaren Kudeaketa Publiko Aurreratuaren Eredua. Aurrerabide.

  18. Pertsonek administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak. Artxibo eta erregistro publikoetara irispidea izateko eskubidea.

  19. Komunikazioa administrazioan. Administrazio-hizkeraren erabilera zuzena. Idatzizko komunikazioa. Administrazio-hizkera ez-sexista. Dokumentu idatzien edukia eta aurkezpena: posta, komunikazioak, baimenak, jakinarazpenak, eskabide-orriak, ziurtapenak, konpultsak, eta abar.

  20. Ahozko komunikazioa. Aurrez aurreko eta telefonozko komunikazioa eta arreta: abisuak, informazioa, eskariak, pertsonei laguntzea, deiak desbideratzea, eta abar. Irizpide orokorrak. Hitzik gabeko komunikazioa.

  21. Administrazio-zuzenbidearen iturriak: legea eta erregelamendua. Arau-hierarkia. Administrazio Publikoaren legezkotasun-printzipioa.

  22. Administrazio-antolamendua: administrazio-organoak. Kide anitzeko organoak.

  23. Administrazio-egintza: produkzioa, edukia, arrazoitzea eta forma. Administrazio-egintzaren eraginkortasuna. Administrazio-isiltasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

  24. Administrazio-prozedura: printzipio orokorrak. Interesdunak. Abstenitzea eta errekusatzea.

  25. Administrazio-prozeduraren faseak.

  26. Egintzak berrikustea: administrazio-errekurtsoak, ofiziozko berrikuspena eta errebokatzea. Akats materialak zuzentzea.

  27. Administrazio publikoen eta haien agintarien eta langileen erantzukizunaren printzipio orokorrak.