Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko irailaren 14koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez 2022ko deialdia egin eta oinarri arautzaileak ezartzen baitira Gastrobikain kalitate gastronomikoa sustatzeko programaren de minimis araubidean jasotako laguntzak emateko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 186
  • Hurrenkera-zk.: 4200
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/09/14
  • Argitaratze-data: 2022/09/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Gastronomia eta Elikaduraren 2024ko Plan Estrategikoa bat dator 2020-2024ko Gobernu Programaren printzipioekin, batez ere osasuna bermatzeko eta ekonomia eta enplegua suspertzeko printzipioekin. Gainera, honako printzipio hauek jasotzen ditu: lehentasuna pertsona eta enpresetan jartzea, elikadura-ekosistema integratua, dinamikoa, lehiakorra eta nazioartekoa sustatzea eta elikadura-sistema seguru, jasangarri eta osasungarri baten alde egitea.

Aurreko planari Gastronomia eta Elikaduraren 2024ko Plana gehitu zaio, zeinaren helburua baita Elikaduraren eta Gastronomiaren Balio Katearen balio erantsia % 25 handitzea, 2020-2024 aldian.

Bi plan horiek Eusko Jaurlaritzaren apustu estrategikoa dira, Elikaduraren Balio Katea garatzeko, ekoizpen primariotik elikagaien kontsumoraino. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak gidatzen ditu bi planak.

Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza Elikaduraren Balio Katea lantzen ari da, eta ondorioztatu du elikagaien sektoreak, zentzu zabalenean, elikagaien industria ez ezik beste sektore batzuk ere hartzen dituela barnean: lehen sektorea, banaketa, merkaturatzea eta gastronomia, bai eta beste alderdi batzuk ere, hala nola marketina, ikerketa eta hezkuntza.

Ezinbestean, Plan Estrategikoak proposatutako jarduketa-ildoetako bat da elikadurari eta gastronomiari lotutako negozioak sortzen laguntzea; apartatu horretan, zenbait neurri eta jarduketa-lerro jasotzen dira, eta haien artean, sustapen-neurriak daude, hala nola deialdi honetan bildutakoa. Hori dela eta, egoki iritzi zaio kalitate gastronomikoaren sustapenera bideratutako dirulaguntzak sortzeari, eta, horretarako bi programa desberdin eratuko dira.

Horietan lehena negozio gastronomiko berri bat sustatzeko asmoa duten eta gastronomiako tituludun berri diren gazteei zuzenduta dago. Bigarrena, berriz, erreferentziazko gida gastronomikoetan jada aintzatetsitako establezimendu gastronomikoei zuzenduta dago, betiere kategoria hobetu nahi badute, egun duten bikaintasunaren barruan.

Aurrekari hurbilak ditugu 2018ko eta 2019ko ekitaldietan egin ziren antzeko deialdiak. Orduko haiek bezala, agindu hau laguntza-programa bat da, helburu duena kalitate gastronomikoa sustatzeko proiektuak bultzatzea eta haietarako pizgarri izatea. Deialdi honen bitartez, ekonomikoki lagundu nahi dira gastronomiaren eta elikaduraren sektorean estrategikotzat jotzen diren ekimen gastronomikoak: alde batetik, tituludun berrien negozio gastronomiko berriak; eta, bestetik, ospe handiko negozio gastronomikoen bikaintasuna sendotzea.

Laguntza hauek, itzuli beharrik gabeko dirulaguntza direnak, 500.000 euroko finantzaketa dute bi programetarako. Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik bakarrik etorriko da. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuan jasotako xedapenen arabera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eskumenekoak dira nekazaritzako, arrantzako eta elikagaigintzako industriei eta merkaturatzeari dagozkien jardun-arloak, besteak beste. Jardun-arlo horren funtzioak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari esleitzen zaizkio, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren bitartez; Zuzendaritza horri dagokio, beste eskuduntza batzuen artean, nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-industrien lehiakortasuna hobetzeko jarduketak gauzatzea, bai eta elikagaigintzaren balio-katea sustatzea ere, ekoizpen primariotik gastronomiaraino.

Agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021, 2022 eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa bigarrenez aldatzekoa), eta Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.eus webgunean argitaratuta dago; esteka honetan kontsultatu daiteke:

https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/plan_subvenciones_dept_2021/eu_def/adjuntos/2021-2023-Dirulaguntzen_Plana_bigarren_aldiz_aldatzen_duena.pdf

Deialdia honetan, xedapen hauetan xedatutakoa hartu da aintzat: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (EAEko Administrazio Publikoaren dirulaguntzak arautzeari buruzkoak).

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

Kalitate gastronomikoa sustatzeko Gastrobikain programaren laguntzetarako 2022ko deialdia egitea, agindu honen I. eranskinean jasota dauden oinarri arautzaileekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira zenbatzen epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 14a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

  1. oinarria. Xedea eta helburua.

  1. Eranskin honen xedea da kalitate gastronomikoa sustatzeko Gastrobikain laguntzen 2022ko deialdia arautuko duten oinarriak ezartzea.

  2. Agindu honetako laguntzen helburua da gastronomiaren eta elikaduraren sektorean estrategikotzat jotzen diren ekimen gastronomikoak diruz laguntzea: alde batetik, tituludun berrien negozio gastronomiko berriak; eta, bestetik, ospe handiko negozio gastronomikoen bikaintasuna sendotzea.

  1. oinarria. Araubide juridikoa.

    Agindu honetan araututako laguntzak, bertan xedatutakoak ez ezik, honako hauetan ezarritakoaren mende egongo dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko manuak, eta lege hori garatzeko erregelamenduan xedatutakoak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartu zen erregelamendu hori), eta, hala dagokionean, haien ordez emandako araudia.

  1. Agindu honetan ezarritako laguntzek jakinarazpena egiteko betebeharretik salbuetsitako laguntzen tratamendua izango dute, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzearen ingurukoa da erregelamendu hori.

  2. oinarria. Laguntza-lerroak.

  1. Laguntza-lerro hauek ezartzen dira, agindu honetako 1. oinarriko xedea lortzeko:

    1. Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programa. Helburua da negozio gastronomiko berriak sustatzea, baldin eta gastronomiako unibertsitate-graduetako edo sukaldaritzako edo jatetxe-arloko goi mailako zikloetako tituludun berriek abian jarritakoak badira eta kalitatea bereizgarri badute.

    2. Bikaintasuna sendotzeko programa. Ibilbide eta kalitate aintzatetsia duten establezimendu gastronomikoak babestea da helburua, sektoreko kalitate-estandarretan eta -ziurtagirietan hobetzeko helburuarekin, gastronomiako gidetan eta nazioartean ezagunak diren bikaintasun gastronomikoko rankinetan bereziki.

  2. Agindu honen ondoreetarako, hauek izango dira establezimendu gastronomikoak: merkataritza-establezimenduak, zeinen jarduera ekonomikoak zerikusia baitauka kontsumorako elikagai edo edariak ekoitzi, zerbitzatu eta saltzearekin, pertsona natural edo juridiko bat buru.

  3. Programa bakoitzak dauzkan ezaugarri propioak direla eta, eskatzaile bakoitzak programetako batean bakarrik parte hartu ahal izango du.

  4. oinarria. Onuradunak.

  1. Hauek izan daitezke agindu honetan jasotzen diren laguntzen onuradunak:

    Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako negozio baten gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartu duten edo hartuko duten pertsona fisikoak.

    Nortasun juridikorik gabeko erakundeak, hala nola ondasun-erkidegoak, sozietate zibilak edo antzekoak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako negozioaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartzen duen pertsonaren titulartasuna gutxienez % 10ekoa bada.

    Sektore pribatuko pertsona juridikoak: Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako negozioaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartzen duen pertsonaren titulartasuna gutxienez % 10ekoa bada.

    3. oinarriko 1. paragrafoan ezarritako bi laguntza-lerroetarako, aurreko paragrafoko onuradunek sektore pribatukoak izan behar dute.

  1. Ezingo dute laguntzen onuradun izan irabazi-asmorik gabeko elkarte edo entitateek.

  1. oinarria. Laguntzen finantzaketa, zenbatekoa eta ezaugarriak.

  1. Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik bakarrik etorriko dira. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 500.000 euro dira; horietatik 300.000 euro 2022ko ekitaldiari dagozkio, eta 200.000 euro 2023ko ekitaldiari.

  2. Gehieneko zuzkidura orokor horretatik, 250.000 euro proiektu gastronomiko berriak sustatzeko erabiliko dira: 150.000 euro, 2022ko ekitaldiaren kontura, eta 100.000 euro, 2023koaren kontura; eta 250.000 euro bikaintasuna sendotzeko programan erabiliko dira: horietatik, 150.000 euro, 2022ari dagozkio, eta 100.000 euro, berriz, 2023ari. Programetako baten zuzkidura agortzen ez bada, sobera gelditu den kopurua beste programari gehituko zaio, programa horretan diruz lagun daitekeen programarik badago.

  3. Laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, kopuru hauekin:

    Negozio gastronomikoen proiektu berriak: diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 40 gehienez, proiektu bakoitzeko 50.000 euroko mugarekin.

    Bikaintasuna sendotzea: diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 40 gehienez, proiektu bakoitzeko 80.000 euroko mugarekin.

  4. Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero, deialdiaren ebazpena eman baino lehen egin behar da, eta horren berri emango da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, zeina EHAAn argitaratuko baita.

  1. oinarria. Onuradun izateko betekizunak.

  1. Betekizun orokorrak:

  1. Oro har, onuradun izan ahal izateko, oinarri honetan ezarritako betekizunak bete beharko dira, eta, horien artean daude, besteak beste, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko betekizunak, batetik, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretukoak. Hona hemen:

    1. Eskatzaileen betekizunak:

      1. Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

      2. Dirulaguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridiko pribatua krisian den enpresatzat hartua ez izatea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

      3. Eskabidean jakinaraztea gastu diruz lagungarri bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez. Baiezko kasuan, zehaztu behar dira zein diren zenbatekoa eta erakunde emailea.

      4. Eskabidean jakinaraztea de minimis-laguntzarik jaso duten 2020, 2021 eta 2022ko ekitaldietan. Hala izanez gero, emailearen nortasuna eta emandako zenbatekoa jakinarazi beharko dituzte.

      5. Eskabidean jakinaraztea ea sartuta dauden ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan, eta zein diren zehaztea.

      6. Egunean egotea itzulketa-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez, EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

      7. Erakunde eskatzaileak ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

      8. Konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana; prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea; konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek; esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea, edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

      9. Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

      10. Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez eragitea, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratua izateagatik.

      11. Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan ezarritako baldintzetan. Horrez gain, ez egotea hauetan aurreikusitako kasuren batean: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea eta Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea.

      12. Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

      13. Ez egotea berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

    2. Proiektuen betekizunak:

      1. Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

      2. 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean garatu beharko dira diruz lagundutako proiektuak, eta, betiere, 2022an hasitakoak izan behar dute.

      3. Proiektuak, zer udalerritan kokatzen den, hango jarduera-lizentzia emateko eskatzen den araudia betetzea.

  2. Betekizun espezifikoak:

    1. Eskatzailearenak.

      1. Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko laguntza-lerroan: negozio berrian gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza beren gain hartuko duten pertsona fisikoek gastronomiako unibertsitate-graduko titulu bat edo sukaldaritzako edo jatetxe-arloko goi mailako zikloetako titulu bat izan behar dute, eta, gehienez ere, 35 urte bete 2022. urtean.

      2. Bikaintasuna sendotzeko programaren laguntza-lerroan:

        Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako establezimendu gastronomiko baten titularra izan edo hura zuzentzea, eta goi-mailako kalitatea eta ibilbidea aitortua izatea, nazioartean erabiltzen diren bikaintasun gastronomikorako gastronomia-gidetan eta rankinetan, esaterako: Michelin Gida-liburua, Fifty Best San Pellegrino zerrenda, Repsol Gida, Zagat Gida, OAD Zerrenda edo Euskal Gastronomia Akademiaren Gida.

        Aurreko aintzatespenak ez dituzten eta azken bi urteetan ireki diren establezimenduen kasuan, halakoen titularrak diren edo haiek zuzentzen dituzten pertsona fisikoek Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo establezimendu gastronomiko baten titular izan behar izan dute edo hura zuzendu, eta goi-mailako kalitatea eta ibilbidea aitortua izan, nazioartean erabiltzen diren bikaintasun gastronomikorako gastronomia-gidetan eta rankinetan, esaterako: Michelin Gida-liburua, Fifty Best San Pellegrino zerrenda, Repsol Gida, Zagat Gida, OAD Zerrenda edo Euskal Gastronomia Akademiaren Gida.

    2. Proiektuaren betekizun espezifikoak.

      1. Eskatzaileak, pertsona fisikoa baldin bada, proiektuan diruz lagundu daitekeen inbertsioari % 10eko ekarpena egitea bermatu beharko du, gutxienez, bere baliabideen bidez. Pertsona juridikoa bada, ordea, diruz lagundu daitekeen inbertsioari % 10eko ekarpena egitea bermatu beharko du, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen establezimendu gastronomikoaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartzen duenak.

      2. Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen lokal bat izatea, gutxienez 5 urterako konpromiso-kontratu batekin, dirulaguntzaren xede den negozio gastronomikoa garatzeko. Proiektua ezingo da eskabidean proposatutakoa ez den beste lokal batean garatu.

      3. Inbertsioan obra zibil bat egin behar bada funtzionatzen ari den establezimendu batean, obra gauzatzeko aurrez lizentziak eta baimenak eskatuta egon beharko dute.

      4. Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko laguntza-lerroan, betekizun hauek bete beharko dira:

        30.000 euroko aktibo finkoen gutxieneko inbertsioa izatea.

      5. Bikaintasuna sendotzeko programaren laguntza-lerroan, baldintza hauek bete beharko dira:

        1. Proiektuak helburutzat izatea jatetxearen kategoria hobetu edo areagotzea, aurreko paragrafoan aipatutako nazioarteko gastronomia-gida eta bikaintasun gastronomikoko zerrenda garrantzitsuenetan jada aitortua duen kategoriatik abiatuta.

          75.000 euroko gutxieneko inbertsioa izatea.

  3. Onuradun izateko betekizunak laguntza guztiz justifikatu arte mantendu beharko dituzte.

  1. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 8. paragrafoan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

  2. Eskatzaile guztiek elektronikoki aurkeztuko dute eskabidea, bide elektronikoaren bitartez, xedapen hauetan xedatutakoari jarraituz: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikulua eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua.

  3. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskaera egiteko inprimakira) honako helbide honetan dago:

    Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/servicios/1075905

    Euskaraz: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075905

  4. Kanal elektronikoaren bidez eskaera egin ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barnean direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira:

    Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/micarpeta

    Euskaraz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  5. Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago:

    Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/representantes

    Euskaraz: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  6. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

    Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/certificados-electrónicos

    Euskaraz: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  7. Oinarri hauen eranskin gisa argitaratuta dago laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia.

  8. Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

    1. Identifikazio-agiriak: Pertsona juridikoa izanez gero, ahalordetze-eskrituraren kopia autentikoa, eta entitatearen eratze-eskriturarena eta estatutuena, dagokien erregistroan zigilatuta.

    2. Agindu honen II. eranskineko edukia jasotzen duen memoria bat.

    3. Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela eta aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla dioena, bai eta apartatu hauetan ezarritako betekizunak betetzen dituela ere: 6.1 oinarriko A apartatuan, 2.etik 13.era bitarteko azpiapartatuetan; 6.2 oinarriko A apartatuan, eta B apartatuko 1.b) eta 2.b) eta c) azpiapartatuetan.

      Adieraziko du, halaber, baduela honako apartatu hauetan ezarritako betekizunak egiaztatzeko dokumentazioa eta Administrazioaren esku jarriko duela hala eskatzen diotenean: 6. oinarriko lehen paragrafoko B apartatuko 3. azpiapartatuan; 6.2 oinarriko A apartatuan, 2. azpiapartatuan, eta B apartatuko 1. eta 2. azpiapartatuetan.

    4. Proposatutako lokalean egingo diren lanen eta instalazioen aurreproiektua.

      15.2 oinarriko b) apartatuan ezarritako mugak gaindituz gero, obretarako, instalazioetarako edo makineriarako hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eskaintza ekonomikoen arteko konparazio bat eginda, edo proforma-fakturak aurkeztuta, memoriako kontzeptu bakoitzari dagozkionak.

    1. Negozio gastronomiko berrien proiektuetan, paragrafo honetako A, B, C, D eta E apartatuetan jasotako dokumentazioaz gainera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

      1. Proiektuaren buru izango den eta jatetxe berriaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartuko duen pertsonaren tituluaren kopia autentikoa, eta espediente akademikoarena, batez besteko kalifikazioa duela.

      2. Ospe aitortuko chefekin izandako lan-esperientziaren justifikazioa.

      3. Lokal bat erosi edo eskualdatuz gero, behar bezala egiaztatuta dagoen eta kasuan kasuko erregistro ofizialean izena emanda duen tasatzaile independente baten ziurtagiria aurkeztu beharko da.

    2. Bikaintasuna sendotzeko proiektuetan, paragrafo honetako A, B, C, D eta E apartatuetan jasotako dokumentazioaz gainera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

      1. Establezimenduak jasotako aitorpenak.

      2. Azalpen-memoria, alderdi hauei buruzkoa: efizientzia energetikoa hobetzea, hondakinen minimizatzea eta oztopo arkitektonikoak ezabatzea. Taula bat, erakusten duena inbertsioaren % 20 baino gehiago horretara bideratzen dela.

      3. Hornitzaile eta ekoizleekin egindako akordioak.

    3. Proiektuak baloratzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira, bi kasuetan:

      1. Sukaldaritza-eskaintza eta ardoen karta.

      2. Komunikazio-plana eta sare sozialetako estrategia.

      3. Alergenoen liburua edo kartan ematen diren argibideak.

      4. Espazioaren estetika eta dekorazio-mota, argazkiak aurkeztuta.

  9. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFK eta eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituelako ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. zenbakian xedatutakoaren arabera.

  10. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoarekin arabera, oinarri honen 9. paragrafoan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.

    Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan eta noiz aurkeztu diren dokumentuok, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.

    Eskatzaileak ez badu nahi oinarri honen 9. paragrafoan eskatutako dokumentazioa biltzea, berariaz agertu beharko da horren aurka, eta dokumentazioa aurkeztu beharko du.

  11. Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

  12. Eskabideak oinarri honetan eskatutako dokumentazioa ez badauka, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

    Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluko 4. apartatuan xedatutakoa betetzeko, eskabidea legez telematikoki aurkeztu behar badu interesdunak baina, aitzitik, aipatutako obligazio hori saihestu eta aurrez aurre egiten badu eskabidea, aurkezteko modua zuzentzeko eskatuko zaio, eta legez ezarritako bide elektronikoen bidez egiteko. Eskakizun hori bete ezean, aurrez aurre aurkeztutako eskabidea ez da baliozkoa edo eraginkorra izango. Aurkezpen elektronikoaren data hartuko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

    Ondorio horietarako, eskabidearen aurkezpen elektronikoa zuzentzearen ondorioz eginikoa oinarri honetan ezarritako epetik kanpo egiten bada, eskabide hori ez aurkeztutzat joko da.

  13. Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko beharrezko ikusten dituen bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

  1. oinarria. Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

    Diruz lagundu daitezkeen gastuak inbertsiotzat hartuko dira, eta, hortaz, hala kontabilizatu beharko dira enpresaren urteko kontuetan. Aplikagarriak dira diruz lagundu daitezkeen gastuei buruzko zehaztapen guztiak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 31. artikuluan ezarritakoak; zehazki, honako hauek:

    Obra zibila egiteko nahitaezkoak diren ordainsari profesionalak, gehienez ere proiektuaren gauzatze materialaren % 8ra artekoak.

    Lokalak egokitzeko lanak, makineria erostea, instalazioak egitea, altzariak.

    Bulegotikako ekipamenduak, lanabesak... guztizkoaren % 20ra arte.

    Inbertsioak egitea, ingurumen-inpaktua minimizatzeko eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna hobetzeko.

    Enpresaren funtzionamendurako berezkoak diren informatika-programak, web-plataformak sortzea, erreserbak online egiteko softwarea, web-plataforman hizkuntza hautatzeko aukera, sare sozialetako jarduera areagotzea.

    Bikaintasuna sustatzeko aholkularitza-plana, guztizko gastuaren % 20ra arte.

    Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programan:

    Proiektua gauzatuko den lokalaren lehen urteko errentamendua, 40.000 euroko mugarekin.

    Lokala erostea edo eskualdatzea, 40.000 euroko mugarekin.

  2. oinarria. Dirulaguntza jaso ezin duten kostuak.

    Ez dira diruz lagunduko:

    Bulegoko altzariak.

    Ordezkaritza-gastuak.

    Makinak ez diren inbertsioen finantza-alokairua.

    Laguntzaren xedearekin zuzenean lotuta ez dauden kostuak (segurtasun-kamerak, alarmak...)

    Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) eta beste tasa eta zerga batzuk.

    Ez dira diruz lagunduko guztira 1.000 eurotik beherakoak diren inbertsio-proiektuak.

    Ez dira diruz lagunduko guztira 200 eurotik beherakoak diren makinak edo lanabesak.

    Kontuen taulako 6. multzoan jasotako kostuak, Kontabilitate Plan Orokorrak ezartzen duen bezala.

  3. oinarria. Diruz lagunduko diren proiektuak aukeratzeko prozedura.

  1. Lehia-prozeduraren bidez erabakiko da dirulaguntza nori eman; horretarako, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, 12. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideak aplikatuz.

  2. Gutxienez 30 puntuko puntuazioa gainditzen duten proiektuen artean, proiektuen bi zerrenda egingo dira, dirulaguntzen programa bakoitzeko bana; zerrendak beherantz ordenatuko dira, proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, lerro bakoitzaren funtsak erabat agortu arte.

  3. Puntuazioan berdinketa bat egonez gero, dagokion programaren lehen tokian ezarritako balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen proiektua lehenetsiko da. Orduan ere berdinketak jarraituz gero, bigarren tokian ezarritako irizpideko puntuazio handiena hartuko da kontutan, eta horrela hurrenez hurren.

  1. oinarria. Laguntzen kudeaketa.

  1. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak izango du agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eskumena.

  2. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.

  3. Balorazio-batzorde bat sortuko da, proiektuak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko, baloratzeko eta haztatzeko. Lau kide izango ditu balorazio-batzordeak: hiru Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzakoak izango dira, eta bat, BCC Basque Culinary Centerrekoa.

    Bere eginkizunak betetzeko, batzordeak arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

    Balorazio-batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak emandako ebazpen baten bidez, batzordea ebaluazio-lana egiten hasi baino lehen.

  4. Balorazio-batzordeak eginkizun hauek ditu:

    1. Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

    2. Aplikatu beharreko araudia betetzen duten proiektuen eskabideak ebaluatzea, hau da, proiektuak eta ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila balioestea.

    3. Laguntza mota bakoitza baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen diren irizpideetan oinarrituz, bi proiektu-zerrenda egitea, bana diruz lagunduko den programa bakoitzeko, beherako ordenan; horrez gain, hautaketaren eta onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoaren proposamena egitea.

  5. Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari. Proposamenak gutxienez agindu honen 12. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du.

  6. Balorazio-batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak ezarriko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.

  1. oinarria. Balorazio-irizpideak.

  1. Proiektuak baloratzeko, kalitaterako eta berrikuntzarako duten joera hartuko da aintzat, eta balorazio-irizpideak eta horiei dagozkien puntuazioak eta haztapenak erabiliko dira, jarraian zehazten den moduan:

    1. Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programa:

      (Ikus .PDF)

    2. Bikaintasuna sendotzeko programa.

      (Ikus .PDF)

      • Tokiko produktua: Euskadiko kalitate bereizgarriko markei atxikitako produktu oro (Label, Euskal Baserri, Jatorri Deitura Babestua (JDB), Adierazpen Geografiko Babestua (AGB), Euskadiko Produktu Ekologikoa eta Ekoizpen Integratuko Produktua. Halakotzat hartuko dira, halaber, Basque Wine markak babestutako produktuak).

  2. 30 puntu baino gutxiago lortuz gero, laguntza-eskabidea ez da onartuko.

  3. 30 puntu lortuz gero, honako dirulaguntza-ehuneko hauek aplikatuko zaizkie diruz lagunduko diren kostuei, betiere agindu honen 5. oinarrian ezartzen diren mugen barruan:

    1. 30 puntu edo gutxiago: Ez da onartzen eskabidea.

    2. 31 puntutik 50 puntura: % 20ko dirulaguntza.

    3. 51 puntutik 75era: % 30eko dirulaguntza.

    4. 76 puntutik 100era: % 40ko dirulaguntza.

  1. Aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertu ondoren, balorazio-batzordeak egiten duen proposamena ikusirik, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak emango du deialdiaren ebazpena, eskatutako laguntzak eman ala ez eman ebazteko; ebazpen bakarra emango du.

  2. Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

    1. Onartutako eskabideetan:

      1. Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

      2. Diruz lagundutako proiektuaren izena.

      3. Diruz lagundutako inbertsioa, lortutako puntuazioa eta laguntzaren ehunekoa.

      4. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako dirulaguntza, urteka banatuta.

      5. Proiektua gauzatzeko epea.

      6. Emandako laguntza de minimis-laguntza dela jasoko da, Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua berariaz aipatuta, bai eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu dela adierazita ere.

    2. Ukatutako eskabideetan:

      1. Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

      2. Ezesteko arrazoiak.

  3. Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

  4. Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

    Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. paragrafoko b) apartatuan xedatutakoaren arabera. Dena dela, interesdun guztiei ebazpen osoa helaraziko zaie, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira.

    Ebazpenak elektronikoki jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez:

    Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/micarpeta

    Euskaraz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

    Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

  5. Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.

  1. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

    Agindu honetan jasotako dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako betebeharrak bete behar dituzte; haien artean daude, besteak beste, xedapen hauetan ezarritakoak: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako betebeharrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluko betebeharrak:

  1. Laguntza emateko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den proiektua; 2022an eman behar zaio hasiera inbertsioari edo gastuari.

  2. Dirulaguntza zertarako eman den, helburu zehatz horrexetarako erabiltzea.

  3. Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

  4. Dirulaguntzaren xede den inbertsioa mantentzea, hura egin eta hurrengo 5 urteetan gutxienez; denbora horretan ezingo dira dirulaguntzak besterendu, ezta diruz lagundutako helburuak ez direnetara bideratu ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 31.5 artikuluak ezartzen dituen salbuespenetan izan ezik.

  5. Gutxienez 5 urtez mantentzea dirulaguntza esleitzeko balorazio-irizpide gisa balio izan duten kalitatearen eta proposamen gastronomikoaren estandarrak. Aspektu hau gerora kontrolatuko da eta ausazko moduan egingo da urtean behin, diruz lagundutako inbertsioen % 4an gutxienez.

  6. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea diruz lagundutako proiektua partzialki edo osorik gauzatu dela, eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia.

  7. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

  8. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea beste administrazioren bati edo erakunde publiko zein pribaturen bati helburu berdina betetzeko beste laguntza edo dirulaguntzaren bat eskatu izana eta, hala badagokio, lortu izana.

  9. Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari.

  10. Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzak finantzatu dituela jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin bat.

  11. Kontabilitate-liburuak, diligentzia-erregistroak eta gainerako dokumentuak izatea, merkataritza-legeriak exijitutako baldintzetan, eta kontabilitate bereiziko sistema bat edo kontabilitateko kode egoki bat izatea, deialdi bakoitzean finantzatzen diren inbertsio guztietarako, araudiak xedatzen dituen kontrol-lanak egin ahal izateko.

  12. 5 urteko epean gordetzea jasotako funtsen erabilera justifikatzen duten dokumentuak dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.

  13. Justifikatzea proiektua gauzatu izana 15. oinarrian aurreikusitako epeetan.

  1. oinarria. Dirulaguntzaren xede diren inbertsioen kontratazioa.

  1. Dirulaguntzen xedea inbertsioak gauzatzea denez, dirulaguntzen xede diren jarduera guztiak onuradunek kontratatuko dituzte.

  2. Diruz laguntzeko gastuak kontratatzerakoan, arau hauek beteko dira:

    1. Kontratistek onuradunarekiko bakarrik dituzte betebeharrak, eta onuradunak dauka inbertsioak gauzatzeko erantzukizun osoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrean.

    2. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak sektore publikoko kontratuei buruzko legedian ezartzen diren kopuruak gainditzen dituenean (40.000 euro obren kontratuak direnean, edo 15.000 euro hornikuntza- edo zerbitzu-kontratuak direnean, bi kasuetan BEZa kanpoan), onuradunak hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziengatik merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen behar besteko erakunderik ez dagoenean izan ezik.

      Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko dituzte horiek), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean.

      Ezingo da kontratua zatikatu haren zenbatekoa murrizteko eta aurreko apartatuan zehaztutako baldintzak ez betetzeko.

    3. Aurrez aipatutako mugak gainditzen ez dituzten diruz laguntzeko gastuen zenbatekoen gainerakoetan, onuradunak berdin-berdin kontratatu beharko du hirugarrenekin, efikazia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz, eta ez da onartuko merkatuko prezioen gainetik nabarmen gora dagoen inolako gasturik.

    4. Onuradunak ondasunak, zerbitzuak edo hornidurak kontratatzen baditu harekin lotuta dauden pertsona fisiko edo juridikoekin, honako baldintza hauek bete beharko ditu aurretik:

      1. Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egitea.

      1. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortu izana.

        Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen bidez baimendu edo ukatuko dira halako kontratazioak, bi hileko epean, baimen-eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik jaso ezean, eskaera onartu dela ulertuko da, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan. Prozedurako ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilekoa, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.

        Pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela joko da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) Erregelamenduaren 68. artikuluan jasotako zirkunstantziaren bat betetzen bada.

        1. oinarria. Gauzatzeko gehieneko epeak.

        1. Deialdi honen babespean diruz lagundutako inbertsio-proiektuek 2022an hasitakoak izan behar dute, eta, gauzatu, urte horretako urtarrilaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitartean gauzatuko dira.

        1. oinarria. Gastua justifikatzea.

        1. Dirulaguntza jaso duen proiektua gauzatu dela eta onuradun izateko eskatutako betekizun eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko zaizkio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari:

          1. Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa.

          2. Jatorrizko fakturak eta froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan, Fakturazio-betebeharrak arautzeko Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz betiere (azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretua), eta dagokien ordainketa-frogagiria. Kontuan hartuko beharko da, halaber, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 27. eta 28.4 artikuluetan ezarritakoa.

          3. Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu beste dirulaguntza-programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

          4. Dirulaguntzak itzultzegatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

        2. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki. Hala ere, onuradunak berariaz uka dezake laguntza-eskaeran inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

        3. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio, eta eskaera hori arrazoitu beharko du.

        4. Aurreko paragrafoetan zerrendatutako agiriak aurkeztu ondoren, proiektuaren azken ebaluazioa egingo dute Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek, eta gauzatutako gastuaren zenbateko osoa eta onuradunaren ekarpena egiaztatuko dute; bukatzeko, proiektuaren gauzatzearen amaierako ziurtatzea burutuko dute.

        5. Laguntzak egoki kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, hiru hilabetekoa izango da egindako gastua justifikatzeko dokumentazioa entregatzeko gehieneko epea, inbertsioak gauzatzeko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

        1. oinarria. Dirulaguntza ordaintzea.

        1. Ordainketak honela egingo dira:

          1. Aurreko oinarrian aipatzen diren dokumentuen bidez inbertsioa edo gastua justifikatu ondoren, eta behin Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikariek inbertsioei buruzko ziurtagiria egin eta gero.

          2. Urte anitzeko proiektuak badira, ordainketa partzial bat egin daiteke, proiektuak gauzatzeko erritmoaren araberakoa, interesdunak aurretik hala eskatzen badu, eta aintzat hartuta aurrekontuetan erabilgarri dagoen dirua.

        2. Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduna bada, ebazpen batek hala adierazita, dirulaguntza bat itzuli behar izateagatik.

        3. Inbertsioak ez badira egiten gehieneko epeen barruan, edo inbertsioa edo gastua egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira aurkezten epe barruan, onuradunek dirulaguntza hartzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, agindu honen 20. oinarriko itzulketa-prozedura jarriko da abian.

        4. Laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunek alta emanda egon beharko dute Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke dagokion zerbitzuaren bidez, baita egoitza elektronikoan ere, helbide honetan:

          Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/altaterceros

          Euskaraz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

        1. oinarria. Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

        1. Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea gorde behar izango dira. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokitzeko, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen duen itzulketa-prozedura hasiko du.

        2. Aurkeztu duen eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean.

          Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan aldaketa funtsezkoak egiten badira, aldatu egingo da laguntza emateko ebazpena.

          Aldaketa funtsezkotzat joko dira 11. oinarriko irizpideei jarraikiz balorazio-xede izan diren aspektuei buruzko aldaketak, eta, hortaz, eskabidea emateko erabakigarriak izan direnak; eta, gainera, hauek ere bai:

        1. Aldaketa esanguratsuak egitea edo proiektuan hasieran ezarritako helbururen bat ezabatzea.

        2. Hornitzaileak aldatzea, jatorri bereko edo kalitate bereko edo handiagokoen ordez aldatzen direnetan salbu.

        3. Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.

          Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute biderik emango laguntza emateko ebazpena aldatzeko.

  3. Baldin eta egindako inbertsio edo gastuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta betiere laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

  1. oinarria. Atzera egitea eta uko egitea.

  1. Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

  2. Onuradunak, gainera, uko egin ahal izango dio onartutako laguntzari, eta hala egin ahal izango du laguntza onartu ondoren, 13. artikuluko 3. apartatuan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzendu beharko dio uko egiteko eskaera, eta, hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

    Uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

  1. oinarria. Ez-betetzeak.

  1. Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

    1. Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

    2. Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

    3. Laguntza emateko xedea ez betetzea.

    4. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat denean.

  2. Onuraduna aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran badago, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.

    Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondore guztietarako.

  3. Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zigor-prozedura has dezan.

  1. Agindu honen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

  2. Dirulaguntzaren zenbatekoak Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua; gaindituz gero, soberakinari dagokion kopurua kendu beharko zaio agindu honen bidez emandako laguntzari.

  3. Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EE) ezarritako de minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, erregelamendu hori Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari dagokio.

    Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, de minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek gehienez 200.000 euro jaso ditzake 2020, 2021 eta 2022ko zerga-ekitaldietan.

    Muga hori gaindituz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio deialdi honi jarraikiz emandako laguntzari, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren.

  1. oinarria. Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

    Datu pertsonalak izen hau duen tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira: Elikagaien kalitate eta industriaren arloko laguntzak.

    Arduraduna: Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila.

    Amaiera: Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren laguntzen, beken eta I+Garen jarraipena, kontrola eta kudeaketa.

    Legitimazioa:

    Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.

    Hartzaileak:

    Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

    Nekazaritza eta Arrantzako Estatistika Ofizialen Zerbitzua (SEAS). Erakunde ordaintzailea.

    Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

    Informazio gehigarria: Gure web-orrian ikus dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza:

    https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml

    Araudia:

    Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

    3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.