Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko ekainaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2022-2023 ikasturtean lanbide-heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan ikas-ekinezko erregimenean lanbide-heziketa dualeko programak garatzeko dirulaguntzen deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 130
  • Hurrenkera-zk.: 3084
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/06/28
  • Argitaratze-data: 2022/07/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Lanbide Heziketa gizarte modernoen zutabeetako bat da, pertsonen bizi-kalitatea ez ezik, enpresen lehiakortasuna ere areagotzen duen aldetik. Urte hauetako krisi ekonomikoaren testuinguruan, Europar Batasuneko herrialdeak hainbat ekintza gauzatzen ari dira, produkzio-lanarekin lotutako ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketaren bidez langabezia gutxitzeko neurriak sustatzeko, eta pertsonen lanbide-kualifikazioa eta espezializazioa bultzatzeko, ikastetxeko irakaskuntza- eta ikasketa-prozesua eta enpresan lan egitea eta ikastea uztartzearen bitartez.

2020-2024 aldirako Euskadiko Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko Berpiztu Programa euskal erakundeen erantzuna da, COVID-19aren osasun-pandemiak sortutako ekonomia- eta enplegu-krisia gainditzeko, galdutako enplegua berreskuratzeko eta langabezia-tasa % 10etik behera kokatzeko, 2024rako ezarritako denbora-epean.

Gazteen enplegurako txoke-planaren politikan Enplegua Sortzeari buruzko Programaren II. ardatzean egiaztatzen denez, gazteak dira aurreko krisi ekonomikoen ondorioak gehien pairatu dituzten kolektiboetako bat, eta, era berean, COVID-19aren osteko egungo krisiak bereziki eragingo die. Enplegua lortzeko berariazko bultzada ematea funtsezkoa eta beharrezkoa da, zeharkako politika koordinatuaren bidez, beharrezko kualifikazio, gaitasun eta esperientzia pertsonala lortzeko. Horretarako, funtsezkoa da enplegu- eta prestakuntza-aukerak konbinatzen dituzten programa espezifiko eta berritzaileak babesten jarraitzea, kualifikazio txikieneko eta/edo eskola-porrotetik datozen gazteen kolektiboari arreta berezia eskainita.

Programa horiek enplegurako sarbidea erraztuko dute hainbat bideren bidez, hala nola enpresetan kontratatzea, gazteen ekintzailetza, hezkuntza-mundutik lan-arlora bitarteko lehen trantsizio-esperientzia, nazioarteko esperientzia praktikoa lortzeko bekak... Bide horiei, honako hauek gehitzen zaizkie: enplegagarritasuna hobetzea enplegurako prestakuntzaren bidez eta prestakuntza dualaren ereduan sakontzea.

Ildo horretan, Prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatu eta lanbide-heziketa dualaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren bitartez, kontratu horri atxikitako prestakuntza-jardueraren oinarrizko alderdiak xedatu ziren, baita hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketa dualaren oinarrizko alderdiak ere.

Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen ekainaren 2ko 83/2015 Dekretuaren xedea da hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren ikas-ekinezko erregimeneko heziketa dualaren programak ezartzea, enpresako eta lanbide-heziketako ikastetxeko irakaskuntza- eta ikasketa-prozesuak konbinatuta, betiere Prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatu eta lanbide-heziketa dualaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuan hezkuntza-sistemaren eremuari dagokionez ezartzen diren aurreikuspenak betetzearren.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuen 2012ko urriaren 3ko baterako Aginduak prestakuntza eta lana txandakatzea helburu duen eta gazteei zuzenduta dagoen ikas-ekinezko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen ditu. Programa horren helburua, besteak beste, honako hauek arautzea da: garatu beharreko prestakuntza-jarduera, jarduera horren egiaztapena, prestakuntza-zentroen eta enpresen rola, programaren finantzaketa eta programa horren babespean eginiko prestakuntza- eta ikasketa-kontratuen ziozko dirulaguntzak.

Ildo horretatik, ikas-ekinezko prestakuntza-programen bitartez, ikastetxean nahiz lantokietan lantzen da prestakuntza. Proiektu horien helburua da, hortaz, konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialak hobetzea hasierako Lanbide Heziketako titulu bat ikas-ekinezko erregimenean lortze aldera, eta, gainera, enpresan ordaindutako lan-jarduera bat garatzea. Alde horretatik, ikaskuntza-eredu integral bat garatuta, bidea erraztu nahi da heziketa-zikloak ikasten dihardutenei prestakuntza emateko eta ikasle horiek enpresen ekoizpen-sisteman txertatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen III. kapituluak lanbide-heziketa duala sustatzen du, eta hori bultzatzera bideratutako ekintzak ezartzen ditu.

Lanbide-heziketa duala garatzea helburu estrategikoa da, garapen-maila handiagoa duten Europako beste herrialde batzuetan ezarritako lanbide-heziketaren eredua bultzatzeko ezinbestekoa den aldetik. Aipatutako legearen bidez, lanbide-heziketa dualaren sistema sendo eta zabala garatzeko eta ezartzeko elementuak ezarri nahi dira. Sistema horretan sartuko dira bai hasierako lanbide-heziketa eta enplegurako heziketa, bai beharrezkoak diren espezializazioak, oro har, produkzio-sareak, eta, bereziki, ezagutzaren sektore nagusiek eskatutakoak.

Horrez gain, Lanbide Heziketako V. Euskal Planak erantzuna eman die laugarren iraultza industrialak jartzen dituen erronkei, garapen jasangarrirantz aurrera eginez; konpetentzia eta kualifikazio berrien bitartez giza talentua sustatuz, ekoizpen-ingurune berritik datozen erronkei aurre egiteko; eta Lanbide Heziketaren finkapena ziurtatuz, 4.0 industria, konektibitatea, garapen jasangarria, ezagutzaren kudeaketa eta 4.0 balioak oinarri hartuta gure gizarteko lanbide-, ekonomia-, zientzia eta kultura-eraldaketei arrakastaz erantzuteko.

Misio hori betetze aldera, Lanbide Heziketako V. Euskal Planak epe ertaineko muga jarri du bere jarduketa-helburu eta -ildo guztiak abian jartzeko, modu horretan pertsonen trebakuntzari eta Euskadiko lehiakortasunari modu positiboan laguntzeko xedeaz. Gainera, honako hauek dira plan honen printzipioak: etorkizunari buruz ikastea, 4. industria-iraultzaren erronkak ezagutzea, ziurtasunik gabeko testuinguru konplexuei aurre egitea, elkarlaneko ikaskuntza sustatzea eta lanbide-heziketako ikastetxeak errendimendu handiko ikastetxe bihurtzea.

Lanbide Heziketako V. Euskal Planarekin laugarren industria-iraultzaren erronketako batzuei erantzun zaie, garapen iraunkorrerantz aurrera eginez, talentua bultzatuta, eta, batez ere, Lanbide Heziketa 4.0 industrian, digitalizazioan, konektibitatean, garapen jasangarrian, ezagutzaren kudeaketan eta 4.0 balioetan oinarrituta sendotuko dela bermatuz, gure gizartearen lan-, ekonomia-, zientzia- eta kultura-eraldaketei aurre egiteko.

Agindu honek ikastetxe pribatu itunduetako pertsona titularrei zuzendutako dirulaguntzak arautzen ditu. Ikastetxe horiek ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak izan beharko dituzte 2022-2023 ikasturterako, Lanbide Heziketako sailburuordeak baimenduta.

Deialdi hau Hezkuntza Sailak finantzatuko du eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuko du, ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualera bideratutako jardueren esparruan.

Horrenbestez, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzen araubidea arautzekoa), Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean (azaroaren 17ko 38/2003) eta abenduaren 23ko 11/2021 Legean (Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorrak onartzekoa) jasotako xedapenekin bat etorriz,

  1. Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten irakaskuntza-ikastetxe pribatuek Lanbide Heziketako sailburuordearen ebazpen bidez baimendutako ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak garatzea 2022-2023 ikasturtean, betiere deialdi honetako dirulaguntza-eskaera aurkeztu baino lehen baimendu badira.

    Euskal Autonomia Erkidegoan ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala ezartzen duen ekainaren 2ko 83/2015 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako iraupenak izango dituzte proiektuok.

    Edozein kasutan, proiektuak bat etorriko dira Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua garatu eta bitariko lanbide-heziketaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuak ezarritako betekizun eta baldintzekin, eta, bereziki, 30. artikuluan ezarritakoarekin.

  2. Dirulaguntza hauen helburua da ikastetxeei berezkoak zaizkien ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuak enpresen instalazio, metodologia eta baliabideekin konbinatzea, lanbide-heziketako tituluak eskuratze aldera.

  1. Diruz lagun daitekeen jarduera da, ikasleak enpresan dauden bitartean, ikastetxeko irakasleek 1529/2012 Errege Dekretuaren 20.3 eta 30.5 artikuluetan eta 83/2015 Dekretuaren 2.4 artikuluan ezarritako tutoretza-lanak egitea.

  2. Diruz laguntzekoak izan daitezke ikasketa-eskaintza proiektuak garatzen dituzten programak, baldin eta ikastetxeei berezkoak zaizkien ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuak enpresen instalazio, metodologia eta baliabideekin konbinatzen badituzte, lanbide heziketako tituluak eskuratze aldera.

  3. Diruz lagun daitezkeen kostu ekonomikoak bitartekaritza-, kudeaketa- eta tutoretza-jardueretatik eratorritakoak dira (material suntsikorra, material didaktikoa, ebaluaziorako materiala eta tutoreen lekualdatzeetatik eratorritako gastuak).

  1. Dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke itundutako Oinarrizko Lanbide Heziketako, erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloak itunpean ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako pertsona edo erakunde titularrak, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:

    1. 2022-2023 ikasturtean oinarrizko lanbide heziketako, erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloren bat itunduta izatea.

    2. 2022-2023 ikasturterako onartuta eta baimenduta izatea ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programa, lanbide-heziketako ikastetxearen eta enpresa parte-hartzailearen artean batera egina.

  2. Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan azaldutako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbateko osoa zazpiehun eta berrogeita hamar mila eurokoa izango da (750.000 euro).

  1. Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen egoitza elektronikoan.

  2. Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

  3. Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eskabide-ereduak modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen egoitza elektronikoan daude eskuragarri.

  4. Interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko, helbide honetan:

    https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0120511

  5. Eskaeraren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira.

    https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri:

    https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  7. Halaber, izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:

    https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  1. Eskaera egiteko, inskripzio-orria erabili beharko da, agindu honen I. eranskinean dagoena; inskripzio-orri hori, berriz, modu telematikoz lortu ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen egoitza elektronikoan.

  2. Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, dirulaguntzei buruzko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

  3. Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

    Eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, 1/2022 Legearen arabera 1/2022 Legea, martxoaren 3koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egitekoa.

    Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

    Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako egoeretako batean ez dagoela.

    Ordainduta dauzkala dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

    Helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

    Baimendu eta onetsitako proiektuak ikastetxean bertan gordeko dira, eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren esku egongo dira.

  4. Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

  5. Interesdunek egokitzat jotzen dituzten proiektu guztiak aurkeztu ahal izango dituzte, betiere deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte; hori bai: aurkeztutako proiektu guztiak jasoko dituen eskabide bakarra egingo dute.

    Horrez gain, enpresekin izenpetutako hitzarmenak Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren esku jarriko dira, programak onartzeko erabilitako aplikazio elektronikoan.

    Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu behar dira:

Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio ikastetxe interesdunari akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak ekar ditzan. Hala egin ezean, eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, eskaeran atzera egin duela ulertuko da (urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza izango da dirulaguntzak emateko prozedura honen organo kudeatzailea.

  1. Dirulaguntza emango zaie baldintza hauek betetzen dituzten ikastetxeei: ikas-ekinezko erregimeneko heziketa dualaren programak aurkeztea, horretarako baimena izatea eta laguntza hau eskatzea.

  2. 2022-2023 ikasturtean proiektu bakoitzean parte hartzen duen ikasle bakoitzeko emango den dirulaguntza kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: agindu honetako 4.1 artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura zati proiektuetan parte hartzen duen pertsona kopurua. Edonola ere, dirulaguntzek ezingo dute inola ere gainditu 941 euroko kopurua ikasle bakoitzeko.

  3. Ikastetxe bereko hainbat ikaslek enpresa berean egiten badituzte antolaketan eta edukietan bat datozen Lanbide Heziketa Dualeko hainbat proiektu (nahiz eta ikasleek enpresan instruktore ezberdinak izan), ikasle bakarra zenbatuko da aurreko ataleko zenbatekoaren ondoreetarako. Azterketa hori egiteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: modalitatea, enpresa, tutorea jatorrian (ikastetxean), tutorea destinoan (enpresan) eta heziketa-ziklo bera.

  1. Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdia, Plangintza eta Antolaketako zuzendariak proposatzen duenari jarraituz, eta bitarteko elektronikoen bidez (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen egoitza elektronikoan dagoen «Nire Karpeta»-ren bidez) jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei, ikastetxe onuradunak eta emandako zenbatekoa zehaztuta. Halaber, ebazpenean zehaztuko dira ezetsi eta ukatutako eskabideak eta erabaki hori hartzera eraman duten arrazoiak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

  2. Agindu honen babesean aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere sei hilabete izango dira, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

  3. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Justifikazioa III. eta IV. eranskinak azken txostena betez egingo da.

Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualaren programak amaitzean, lanbide-heziketako ikastetxeak azken txostena egingo du, eta txosten horretan jasoko dira egin diren jarduerak eta ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza- eta enplegu-programan parte hartu duen ikastetxe bakoitzeko ikasleei buruzko datu estatistikoak: programa zenbatek amaitu duten; zenbatek utzi duten eta zergatik, eta, laneratzeari dagokionez, nolako emaitza lortu den programaren amaieran. Interesgarritzat jotzen diren bestelako alderdiak ere jasoko dira.

Eskabide horiek aurkezteko epea 2023ko uztailaren 14an amaituko da.

Justifikazio horiek bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen egoitza elektronikoan dagoen «Nire Karpeta»-ren bidez:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  1. Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programa horiei dagozkien dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, era honetan:

    1. Lehenengo zatian, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 70,698 ordainduko da, betiere 17.1 artikuluko epea igaro bada eta dirulaguntzari uko egin ez bazaio.

    2. Bigarren zatian, gainerako zenbatekoa ordainduko da, 2023an, erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduerak benetan egin izana eta horien kostua ziurtatzen duten egiaztagiriak aurkeztu eta gero, 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

  2. Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak ez badu egiaztatzen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela; ez da ordainduko, halaber, dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.

  3. Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://euskadi.eus/hirugarrenak

    13 artikulua. Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

  1. Ikastetxe onuradunak EONALTBren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako egoeraren batean badaude, dagokion itzulketa-prozedura abiaraziko da.

  2. Dirulaguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

    Hona prozedura:

    1. Prozedura hasi eta ebazteko ardura Lanbide Heziketako sailburuordearena izango da. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

    2. Ebazpen horretan, prozedurari hasiera emateko arrazoiak jasoko dira, eta 15 eguneko epea emango da egokitzat jotako alegazioak egiteko.

    3. Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako emandako epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro ondoren, Lanbide Heziketako sailburuordeak ebazpen bidez burutuko du prozedura.

      Hamabi hilabetekoa izango da itzulketa-prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

      Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, gehi laguntza ordaindu zenetik dagozkion dirulaguntzen arloko berandutze-interesak; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Aldi hori borondatezko alditzat joko da.

    4. Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Ekonomia Saileko arduradunari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.

  1. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira eta ezarritako mugak urratuz beste dirulaguntza batzuk lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.

  2. Ikasleak baja hartzen badu edo uko egiten badio, kontratuaren iraupenaren proportzioan murriztuko da ordainketa.

  3. Horretarako, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.

  1. Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak diruz lagundutako jardueren kontrol-, ikuskaritza- eta segimendu-lanak egingo ditu egoki deritzonean, eta beharrezkotzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko eskatuko du, edozein kasutan, emandako dirulaguntzei dagokienez Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Esku-hartzailetza Nagusiari dagokion finantza-kontrolari kalterik egin gabe.

  2. Ikastetxeek erraztu egingo dituzte jarduketa horiek, bereziki kontuen eta eragiketen auditoretzen esparruan egindakoak, baita jarduera fisikoak in situ egiaztatzeko jarduketak eta eskumeneko agintaritzek egindako beste edozein ebaluazio-jarduketa ere.

  1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, behar den gehieneko mugaraino.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen ikastetxe onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Horretarako, dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hamabost eguneko epean ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

  2. Dirulaguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko du.

  3. Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunaren barruan ari direla, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

  4. Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari.

  5. Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri ematea Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari.

  6. Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horiek adierazpen hau jasotzera mugatuko dira, euskarri informatikoetan zein bestelakoetan: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatutako jarduera».

  7. Hemen xedatutako betebehar guztiak betetzea: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua.

  1. Datu pertsonalak tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Lanbide-heziketarekin lotutako laguntzak eta dirulaguntzak.

    Arduraduna: Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

    Helburua: itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak ematea ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak garatzeko.

    Legitimazioa:

    Interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako misio bat betetzeko beharrezko tratamendua.

    38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

    Hartzaileak:

    Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

    Ekonomia eta Ogasun Saila.

    Eskubideak: onuradunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

    Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean: https://www.eusladi.eus/clausulas-informativas/webb01-sede/es/transparencia/047400-capa2-es.shtml.

    Araudia:

    Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?Uri-CELEX:32016r0679&from=ES)

    3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php? Id-BOE-A-2018-16673).

  2. Deialdi honetan parte hartzeko eskabidearekin batera, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari baimena ematen zaio beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak egiazkoak direla.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 28a.

    Hezkuntzako sailburua,

    JOKIN BILDARRATZ SORRON.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)