Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko ekainaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, hezkuntza-itunak berritzekoa eta hezkuntza-itunen araubidean sartzekoa, unitateak zehaztuta, eta laguntzako langile osagarriak ituntzekoa, 2022-2023 ikasturtean hasi eta 2027-2028 ikasturtera arteko indarraldiarekin.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 123
  • Hurrenkera-zk.: 2923
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/06/21
  • Argitaratze-data: 2022/06/27

Testu legala

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko apirilaren 27ko Aginduaren bidez, 2016-2017 eta 2021-2022 bitarteko ikasturteetarako hezkuntza-itunak berritu eta itun berriak izenpetu ziren (2016ko apirilaren 17ko EHAA).

Beraz, 2021-2022 ikasturtea amaitu denez, iraungi da agindu horren bidez berritu edo izenpetu ziren hezkuntza-itunen sei urteko indarraldia. Horrenbestez, gaur egun indarrean diren hezkuntza-itunak berritzeko beste prozedura bat iragarri behar da, gaur egun itunpekoak ez diren ikastetxeak hezkuntza-itunaren araubidean sartzeko, eta zehazteko zeintzuk izango diren itunpeko unitateak eta laguntzako langile osagarriak 2022-2023 ikasturtetik aurrera.

Aurreko seiurtekoari dagokionez, deialdi honek besteak beste aldaketa hauek dakartza datorren seiurtekorako: Deialdi bakarrean bildu dira hezkuntza-laguntzako berariazko arretarik behar ez duten eta hezkuntzako desberdintasunak konpentsatzea behar ez duten ikasleentzako irakaskuntzen ituntzea eta halakorik behar duten ikasleentzako irakaskuntzen ituntzea. Alabaina, deialdi honetan, «gela irekiak» direlakoak kendu egin dira itunaren xede gisa, eta hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten eta hezkuntzako desberdintasunak konpentsatzea behar duten ikasleei laguntzeko langile osagarrien ituntzea sartu da.

Prozeduren diseinuari dagokionez, deialdi honetan batera egingo dira hezkuntza-itunen arloko araudiak aitortutako eskubideak erabiliz ikastetxearen titularrak egingo duen eskabidea, batetik, eta tramitazioa bizkortzeko Administrazioak egingo duen ofiziozko proposamena, bestetik; ikastetxearen titularrak borondatez onartu beharko du, 17. artikuluan aipatutako ezohiko aldaketan izan ezik.

Otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 4. artikuluak ematen didan eskumenaz baliatuz, honako hau

  1. Agindu honen xedea da prozedura hauek iragartzea:

    1. Hezkuntza-itunak berritzeko prozedura, 2021-2022 ikasturtean itundutako unitateak gutxituz edo mantenduz.

    2. Itunpeko ikastetxeetan irakaskuntzak eta unitateak areagotzeko prozedura; eta gaur egun araubide horretan sartuta ez dauden ikastetxeak hezkuntza-itunaren araubidean sartzekoa.

    3. Hezkuntza-laguntzako berariazko premietarako eta hezkuntzako desberdintasunak konpentsatzeko laguntzako langile osagarriak ituntzeko prozedura.

      Deialdiko prozedurek ofiziozko prozedura, eskabidea eta ebazpena izango dituzte.

  2. Hezkuntza-itunei buruzko araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren 74. artikuluarekin bat etorriz, 2021-2022 ikasturtean itunpeko ikastetxe batek berritzeko deialdi honetan parte hartzen ez badu, Hezkuntza Sailak ofizioz egindako berritzeko proposamena onartuta nahiz berritzeko proposamena ikastetxeak berak aurkeztuta, hezkuntza-itunari uko egiten diola ulertuko da.

  3. Itunpeko unitateak eta laguntzako langile osagarriak aldatzeko, urtero egingo da ofiziozko proposamena eta, hala badagokio, eskabide-proposamena.

  4. Era berean, itunpekoak ez diren ikastetxe pribatuek urtero eskatu ahal izango dute hizkuntza-itunaren araubidean sartzea.

Haien araubide juridikoko araudian adierazitako berritzeari, luzapenari eta azkentzeari kalterik egin gabe, hezkuntza-itunak agindu honen babesean sinatuko edo berrituko dira 2022-2023 eta 2027-2028 arteko ikasturteetarako.

Deialdiko prozeduren xede diren hezkuntza-itunak besteak beste honako arau hauetan dauden hezkuntza-itunen araubide juridikoaren mende daude:

  1. 8/1985 Lege Organikoa, uztailaren 3koa, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duena.

  2. 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa.

  3. Ekitaldi ekonomiko bakoitzeko Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontu orokorren legeak.

  4. 2377/1985 Errege Dekretua, abenduaren 18koa, Hezkuntza-itunen Oinarrizko Araudia onartzen duena.

  5. 293/1987 Dekretua, irailaren 8koa, Hezkuntza-itunen Erregelamendua onartzen duena.

  1. Deialdi honen ondorioetarako, irakaskuntzatzat hartzen dira jarraian zerrendatutako mailak, zikloak, etapak eta irakaskuntzak:

    1. Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren maila.

    2. Haur Hezkuntzako bigarren zikloa.

    3. Lehen Hezkuntzako etapa.

    4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapa.

    5. Batxilergoko etapa.

    6. Lanbide Heziketako oinarrizko mailako zikloa.

    7. Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloa.

    8. Lanbide Heziketako goi-mailako zikloa.

    9. Lanbide Heziketako espezializazio-maila.

    10. Heziketa Bereziko irakaskuntzak.

  2. Lanbide Heziketan, itunean sartutako berariazko espezializazioko zikloak eta ikastaroak dira itunpeko irakaskuntzak.

  1. Deialdi honen ondorioetarako, itunpean egon daitekeen unitatea da ikasturtean zehar curriculuma edo programa emateko ikaslez eta irakaslez eratutako ikasgela. Itunpean egon daitezkeen unitateen tipologia hau finkatu da:

    1. Gela arrunta, ikastetxe arruntean.

    2. Heziketa bereziko gela egonkorra, heziketa bereziko ikastetxean.

    3. Heziketa bereziko gela egonkorra, ikastetxe arruntean (Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko irizpideak ezartzeko 1998ko uztailaren 30eko Aginduaren 25. artikulua).

    4. Zereginen ikaskuntzarako gelak, ikastetxe arruntean (helduarora igarotzeko prestakuntza-programa).

    5. Zereginen ikaskuntzarako gelak, Heziketa Bereziko ikastetxean (Helduarora igarotzeko prestakuntza-programa).

    6. Curriculuma dibertsifikatzeko programa, ikastetxe arruntean (Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 27. artikulua).

    7. Eskolatze osagarriko programa, ikastetxe arruntean (ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuaren 23.3 eta 24.3 artikuluak).

  2. Itunpeko unitateetan eskolatuta egon eta Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoko II. Tituluko lehenengo eta bigarren kapituluek hurrenez hurren aipatzen dituzten hezkuntza-laguntzako berariazko premiak edo hezkuntzako desberdintasunak konpentsatzea behar duten ikasleei laguntzeko langile osagarriak itunpekoak izan daitezke, hala nola: pedagogia terapeutikoko irakasleak, hezkuntza berariaz sendotzeko irakasleak, hezkuntza-laguntzako espezialistak eta behar diren gainerako guztiak, bat etorriz hezkuntza-laguntzako berariazko premiei erantzuteko eta hezkuntzako desberdintasunak konpentsatzeko antolamendua ezartzen duen araubidearekin.

    Laguntzako langile osagarri horiek ofizioz proposatuko dira edo deialdi honetan xedatutakoaren arabera eskatuko dira eta Hezkuntza Administrazioak finantzatuko ditu, 6. artikuluko 4 eta 5. apartatuetan eta xedapen gehigarri bakarrean adierazitakoaren arabera.

  1. Deialdiko prozeduren xede den itunak behar adina aurrekontu izan behar du.

  2. Titularrek eta ikastetxeek betekizun orokor hauek dituzte:

    1. Dagokion irakaskuntza emateko baimena izatea, baita itunaren xede diren unitateena ere.

    2. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

    3. Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 108. eta 109. artikuluetan xedatutakoaren baitako eskolatze-beharrak asetzea, c) letra honen azken paragrafoan berritzeko adierazitakoa galarazi gabe.

      293/1987 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, eskolatze-beharrak izango dira euskararen hizkuntza-normalizazioaren prozesutik sortzen direnak eta Euskadiko Eskola Kontseiluaren programazioaren arabera euskaraz irakasteko eskaritik sortzen direnak.

    4. Agindu honen I. eranskinean adierazitako itunpeko unitate bakoitzeko gutxieneko eta gehieneko ikasle-kopuruak eta irizpideak betetzea.

  3. Betekizun orokorrez gain, honako betekizun espezifiko hau ere bete behar da oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako zikloak eta espezializazio-ikastaroak ituntzeko: lanbide-heziketaren arloan eskumenak dituen sailburuordetzak onartutako planifikazioan sartuta egon behar du irakaskuntza zehatzak, sektore ekonomikoen beharretara eta enplegu-eskakizunera egokitzeko.

  4. Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten edo hezkuntzako desberdintasunak konpentsatzea behar duten ikasleei laguntzeko langile osagarrien eta unitateen ituntzea gauzatzeko eta mantentzeko, dibertsitatearen eta hezkuntza-inklusioaren arloko zuzendaritza organiko eskudunaren adostasuna beharko da.

  5. Hezkuntza-laguntzako berariazko premien edo hezkuntzako desberdintasunak konpentsatzearen arloan, unitateak nahiz laguntzako langile osagarriak emateko, sail honen titulartasuneko zentroen zuzkidurarako erabiltzen diren betekizun eta irizpide berberak erabiliko dira.

    Eskabideak aurkezteko epea hasi aurretik, hezkuntza inklusiboan eta aniztasunean eskumena duen saileko organoak argitaratuko ditu eskakizun eta irizpide horiek Hezkuntza Sailaren honako helbide honetan, goian aipatutakoarekin bat etorriz: https://www.euskadi.eus/hezkuntza-inklusiboa-aniztasunari-erantzuna-ikastetxeei-laguntzeko-baliabideak/web01-a3hinklu/eu/

1. 1. artikuluaren 1. apartatuko a) letran aipatutako ituna berritzeak lehentasuna du apartatu eta artikulu horretako b) letrako hazkundearekin eta sarbidearekin alderatuz gero.

  1. Era berean, itunpeko unitateetan eskolatutako ikasleek lehentasuna izango dute hezkuntza-laguntzako berariazko premietan eta hezkuntzako desberdintasunak konpentsatzean laguntzeko langile osagarriak emateko orduan.

  2. Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 116. artikuluko 6. apartatuarekin bat etorriz, lehentasunez itundu ahal izango dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeek beren ikasleei ematen dizkieten lanbide-prestakuntzako programak.

  1. Irakaskuntzak edo unitateak gehitu gabe ituna berritzeko, nahikoa izango da aurrekontuan kontsignatuta egotea eta 6. artikuluko 2. eta 3. apartatuetako betekizunak betetzen jarraitzea.

    9. artikuluak aipatzen dituen lehentasunezko irizpideak soilik ezarriko dira dagozkien berrikuntzetarako behar adina aurrekontu ez badago.

  1. Itunpeko irakaskuntzak edo unitateak gehitzeko eta hezkuntza-ituneko araubidean sartzeko, 6. artikuluan ituntzeko ezarritako betekizunak betetzen dituztenen artean lehentasuna izango dute dagozkien irakaskuntzetarako lehentasunezko irizpide hauek alegatzen eta betetzen dituzten ikastetxeek:

    1. Egoera ekonomiko txarrean dauden ikasleen proportzio handiena.

    2. Ikastetxearen programazioan aurreikusita dauden eta hezkuntza-sistemarako interes pedagogikoa duten esperientziak egitea.

    3. Ikastetxearen eragin-esparruan bizi den ikasle gehien izatea. Otsailaren 3ko 21/2009 Dekretuaren 5.7 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, irizpide hau ez da ezarriko lanbide-heziketako erdi- eta goi-mailako zikloetan.

    4. Kooperatiba-erregimenean eratuta egotea eta erregimen horretan funtzionatzea.

  1. Ofiziozko eskabideak Administrazioan dauden datuetatik abiatuta egingo dira eta onarpenerako epean eskuragai egongo dira.

    Itunaren indarraldian ituna aldatzeko nahiz berritzeko ofiziozko proposamenek aurrez itundutakoa murriztea proposa dezakete, horretarako arrazoiak egon eta behar bezala motibatuz gero.

    Itunpeko irakaskuntzak edo unitateak gehitzeko behin-behineko ofiziozko proposamen baldintzatua hezkuntza-itunen araubidean sartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan egingo da, eta eskabide horiekin bat etorriz.

    3. apartatuan aipatutako kasuetan izan ezik, ofiziozko proposamena ondoriorik gabe geratuko da, kasu bakoitzean adierazitako epean berariaz onartzen ez bada. Epe horretan ofiziozko proposamena onartzen ez duen ikastetxeak bere eskabidea aurkeztu ahal izango du.

  1. apartatuko salbuespenari dagokionez, ofiziozko proposamena onartzen ez bada eta pertsona interesdunaren eskabidea forman eta epean aurkezten ez bada, honako ondorio hau izango du:

    1. Berritzeari dagokionez, 1. artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoa ulertuko da.

    2. Itunpeko irakaskuntzak edo unitateak gehitzeari dagokionez, ofizioz proposatutako hazkundeari uko egiten zaiola ulertuko da, hala badagokio.

    3. Laguntzako langile osagarriak ituntzeari dagokionez, ofizioz proposatutako ituntzeari uko egiten zaiola ulertuko da.

      Itunari buruzko ondorio horiek ez dute salbuesten pertsona titularra eta ikastetxea doakotasunaren betebeharretik eta hezkuntza-laguntzako berariazko premiei erantzuteko eta hezkuntzako desberdintasunak konpentsatzeko betebeharretik.

      17. artikuluan adierazitako ezohiko aldaketan, ofiziozko proposamenaren ordez ezingo da jarri pertsona interesdunaren eskabidea. Dena dela, ofiziozko eskabidea behar bezala arrazoituko da eta ikastetxearen titularrari entzunaldi-izapidea egingo zaio.

  1. Ituna berritzea, itunpeko irakaskuntzak edo unitateak gehitzea eta laguntzako langile osagarriak ituntzea ofiziozko proposamenez egingo da, eta, hala badagokio, eskabide bidez.

    Ikastetxeek hautatu egin dezakete ofizioz egindako proposamena onartzea edo beren eskabidea egitea. Ofiziozko proposamena onartuz gero, ez da eskabidea egin behar.

  2. Hezkuntza-itunaren araubiderako sarbidea ez da ofiziozko proposamenaren xede izango; aurrez pertsona interesdunak eskatuta baino ezin da eman.

  3. Ikastetxeen Erregistroan ikastetxearen titular gisa ageri den pertsona fisikoak edo juridikoak egin behar ditu onarpenak nahiz eskabideak.

  4. Ofizioz aurkeztutako proposamenak onartzeko eta eskabideak aurkezteko, 15 egun balioduneko epea egongo da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  5. Hurrengo ikasturteetan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez irekiko da epea itunen araubidean sartzeko nahiz itunpeko unitateak eta laguntzako langile osagarriak aldatzeko ofiziozko proposamena onartzeko, eta, hala badagokio, eskabideak aurkezteko.

  6. Irakaskuntzak edo unitateak gehitzeko ofiziozko proposamena, onartu arren, behin-behinekoa izango da, eta irakaskuntzak edo unitateak gehitzea eta hezkuntza-itunaren araubidean sartzea baimentzen eta ukatzen duen behin-behineko proposamen bateratuan ondorioztatuaren mende egongo da; horretarako, konkurrentzia-araubidean ezarriko dira lehentasunak.

  7. Ofiziozko proposamenaren eta eskabideen onarpena soilik elektronikoki aurkez daiteke, Hezkuntza Sailaren hezkuntza-itunen aplikazio informatikoaren bidez.

  8. Aplikazio horretan, 4. eta 5. apartatuetan adierazitako epean, ikastetxearen titularrak eskura izango ditu honako agiri hauek:

    1. Berritzeko:

      Ituna berritzeko ofiziozko proposamena, irakaskuntzak edo unitateak gutxituta edo gabe, Hezkuntza Sailak egina.

      Berritzeko ofiziozko proposamena onartzeko agiria.

      Ituna berritzeko eskabidea, irakaskuntzak edo unitateak gutxituta edo gabe, gaur egun itunpekoa den zentroaren titularrak egina, ofizioz egindako proposamena onartzen ez bada.

    2. Gaur egun itunpekoak diren ikastetxeetan irakaskuntzak edo unitateak gehitzeko:

      Gaur egun itunpekoak diren ikastetxeetan irakaskuntzak edo unitateak gehitzeko ofiziozko behin-behineko proposamen baldintzatua.

      Gaur egun itunpekoak diren ikastetxeetan irakaskuntzak edo unitateak gehitzeko ofiziozko behin-behineko proposamen baldintzatua onartzeko agiria.

      Gaur egun itunpekoak diren ikastetxeetan irakaskuntzak edo unitateak gehitzeko eskabidea, ofiziozko proposamena onartu ez duen ikastetxearen titularrak egina. Eskabidean adierazi beharko du 9. artikuluan zerrendatutako zein irizpide alegatzen dituen.

    3. Gaur egun itunpekoak ez diren ikastetxeak hezkuntza-itunaren araubidean sartzeko:

      Gaur egun itunpekoa ez den ikastetxearen titularrak egiten duen eskabidea, hezkuntza-itunaren araubidean sartzeko, 9. artikuluan zerrendatutako irizpideetatik zein alegatzen dituen adieraziz.

    4. Itunpeko geletan eskolatutako ikasleen hezkuntza-laguntzako berariazko premiei erantzuteko eta hezkuntzako desberdintasunak konpentsatzeko laguntzako langile osagarriak ituntzeko:

      Laguntzako langile osagarrien ofiziozko proposamena.

      Laguntzako langile osagarrien ofiziozko proposamena onartzeko agiria.

      Laguntzako langile osagarrien eskabidea, ofiziozko proposamena onartu ez duen ikastetxearen titularrak egina.

  9. Ituna berritzeaz gain, irakaskuntzak edo unitateak gehitu nahi dituen ikastetxeak berritzeko ofiziozko proposamena onartu behar du; horrelakorik ezean, berritzeko eskabidea egin eta, gainera, gehitzeko ofiziozko proposamena onartu behar du, eta, horrelakorik ezean, gehitzeko eskabidea egin.

  10. Gaur egun hezkuntza-itunik ez duten ikastetxeek hezkuntza-itunaren araubidean sartzeko eskabidea besterik ezin dute aurkeztu.

  11. Gaur egun itunpekoak diren ikastetxeek ofiziozko proposamena onartu behar dute, edo 5. artikuluko 2. apartatuan eta 6. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan aipatutako laguntzako langile osagarriak eskatu.

  1. Eskabidea interesdunak aurkeztuz gero, ondorengo apartatuetan adierazitako dokumentazioa erantsi beharko du:

    1. Ikastetxearen titularren ordezkariaren egiaztapena, hala badagokio.

    2. Berritzeko proposamenerako, 6. artikuluko eskakizunak betetzen direla dioen justifikazio-memoria bat aurkeztu behar da eskabidearekin batera.

    3. Irakaskuntzak edo unitateak gehitzea eta hezkuntza-itunaren araubidean sartzea eskatzeko, 6. artikuluko eskakizunak betetzen direla dioen justifikazio-memoria bat aurkeztu behar da eskabidearekin batera, baita betetze hori ziurtatzen duen dokumentazioa eta eskabidean alegatutako lehentasunezko irizpideak ere. Horien artean, honako hauek daude:

      1. Gehitzeak edo araubidean sartzeak eskolatzeko egiazko beharrak nola asetzen dituen.

      2. 6. artikuluan aurreikusitako gainerako betekizunak.

      3. 9. artikuluan aipatzen diren eta alegatzen eta egiaztatzen dituen lehentasunezko irizpideak. Hala badagokio:

      Ikastetxeko eskola-populazioaren egoera sozioekonomikoa.

      Hezkuntza-sistemarako interes pedagogikoa duten eta ikastetxearen programazioan aurreikusita dauden esperientziak.

    4. Hezkuntza-laguntzako berariazko premietarako laguntzako langile osagarrien eta hezkuntzako desberdintasunak konpentsatzekoen eskabideetarako, premia horien eskumena duen zuzendaritzak egindako adostasun-agiria aurkeztu beharko da.

  2. Deialdi honetan parte hartuz gero, ofiziozko proposamena onartuta nahiz eskabide bat aurkeztuta, ikastetxearen titularrak baimena ematen dio Hezkuntza Sailari zuzenean eskura dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen egiaztapena ziurtagiri telematikoen bidez; horrelakoetan, ikastetxearen titularrak ez du betebehar horien ziurtagiririk aurkeztu beharko, eskatzen ez bazaizkio.

    Hala ere, ikastetxearen titularrak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

  1. Ofiziozko proposamena onartzen ez dutenen eskabideetako datuak eta atxikitako gainerako agiriak egiaztatutako ditu, batetik, Kudeaketa Ekonomikorako Zuzendaritzak eta, bestetik, ikastetxeen, lanbide-heziketaren eta hezkuntza-aniztasun eta inklusioaren arloan eskumenak dituen kasuan kasuko saileko zuzendaritza organikoak.

  2. Ofiziozko proposamena onartzen ez dutenek aurkeztutako berritzeko eskabideei dagokienez, eskumena duen zuzendaritzak egiaztatuko du berritzea eskatutako irakaskuntzak eta unitateak mantentzeko baldintzak betetzen diren, eta dagokion txosten-proposamena egingo du.

  3. Irakaskuntzak edo unitateak gehitzeko eta hezkuntza-itunaren araubidean sartzeko eskabideei dagokienez, baldintzak betetzen diren egiaztatutako da, eta, hala badagokio, lehentasunen aplikazioa baloratuko dute eskumena duten zuzendaritza organikoek, Kudeaketa Ekonomikorako Zuzendaritzari zuzendutako txosten-proposamen batean.

    Txosten-proposamen horretan, behin-behineko ofiziozko proposamenak eskatzeko eta onartzeko konkurrentzia-erregimenean aplikatuko dira irakaskuntzak edo unitateak gehitzeko eta hezkuntza-itunaren araubidean sartzeko lehentasunak.

  4. Laguntzako langile osagarriak ituntzeko eskabideei dagokienez, zuzendaritza organiko eskudunak egiaztatutako ditu datuak, eta dagokion txosten-proposamena egingo du.

  5. Eskatutakoaren aurkako txosten-proposamenetan, edo, hala badagokio, gehitzeko behin-behineko ofiziozko proposamen baldintzatua onartzearen aurkakoetan, berariaz azalduko da oinarrian dagoen arrazoi zehatza.

  1. Txosten-proposamena oinarri hartuta, Kudeaketa Ekonomikorako Zuzendaritzak egingo du behin-behineko ebazpena, eta Eusko Jaurlaritzaren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarkien taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), hurrengo egunetik aurrera jakinarazpen-ondorioak izan ditzan.

  2. Behin-behineko ebazpenaren aurka erreklamazioak eta alegazioak aurkez ditzakete eskatzaileek, jakinarazten denetik 10 egun balioduneko epean. Era berean, epe horretan eskabidea aurkeztean egondako akatsak zuzendu ahal izango dira, zuzendu daitezkeenak izatekotan, besteak beste: eskabidea izapidetzea galarazten dutenak eta eskatutakoa aldatzen ez dutenak, epez kanpo.

  3. Adierazitako epea bukatutakoan, jarraian azaldutako osaera duen Balorazio Batzorde Orokorrak aztertuko ditu erreklamazioak eta alegazioak, eta behin betiko ebazpen-proposamenak onartuko ditu, Hezkuntzako sailburuari igortzeko.

    Honako hauek osatuko dute Balorazio Batzorde Orokorra:

    Batzordeburua: Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea.

    Kideak:

    1. Hezkuntzako sailburuordea.

    2. Lanbide Heziketako sailburuordea.

    3. Hezkuntzako lurralde-ordezkariak.

    4. Kudeaketa Ekonomikoko zuzendaria.

      Idazkaria: Itunen eta Ordainketa Eskuordetuen Zerbitzuaren arduraduna.

  4. Berariaz arrazoituko da eskatutakoaren aurkako proposamena, eta, hala badagokio, itunpeko irakaskuntzak edo unitateak gutxituta berritzeko eskaera.

  1. Hezkuntzako sailburuak amaiera emango die deialdiko prozedurei, honako hau agindutakoan:

    1. Hezkuntza-itunak berritzeko, 2021-2022 ikasturtean itunpeko unitateak gutxituz edo mantenduz.

    2. Irakaskuntzak edo unitateak gehitzea onartzeko edo ukatzeko; eta hezkuntza-itunen araubidean sartzeko.

    3. itunpeko ikastetxeetan laguntzako langile osagarriak ituntzeko.

      Aginduan zehaztu egin beharko dira, gutxienez, ikastetxe bakoitzeko itunpeko unitateen kopurua, hezkuntza-etapa, maila, prestakuntza-zikloa, txanda, hizkuntza-eredua, aplikatzeko modulua eta zenbatekoa.

      Eskatutakoa ukatzen bada eta onartutako berrikuntzan irakaskuntzak edo unitateak gutxitzen badira, erabaki hori berariaz arrazoituko da.

  2. Interesdunei berri emateko, Eusko Jaurlaritzako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarkien taulan argitaratuko da agindua (hemen: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), eta jakinarazpen-ondorioak izango ditu hurrengo egunetik hasita; horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, jakinarazpenaren hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, jakinarazpenaren hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

  1. Hezkuntza-itunei buruzko araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren 31. artikuluan eta Agindu honetako III. eranskinean dagoen administrazio-agirian xedatutakoaren arabera formalizatuko dira itunak. Agiri horrek itunpeko gelak jasoko ditu, eta, urteko aldaketak badira, izan diren aldakuntzak.

  2. Hezkuntza-itunaren emaitza urtero argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Kudeaketa Ekonomikorako zuzendariaren ebazpen bidez, jendeak jakin dezan.

  1. Deialdi honen xede den itunaren indarraldian, hezkuntza-ituna ofizioz edo ikastetxearen titularrak hala eskatuta alda daiteke, artikulu honetan aurreikusitako kasuetan eta adierazitako prozeduren arabera.

  2. Aldaketaren ondorioz irakaskuntzak, unitateak edo laguntzako langile osagarriak gehitu nahiz gutxitu daitezke eta ohikoa edo ezohikoa izan daiteke.

  3. Ohiko aldaketa da ofizioz eskatzen dena edo eskabide bidezko proposamenarekin ados ez egoteagatik proposatzen dena; hurrengo ikasturtearen hasieratik izango ditu ondorioak, eta eskolatzeko beharra gehitzea edo gutxitzea izan behar du arrazoia, edo, hala badagokio, beste baldintza batzuk ez betetzea.

  4. Ezohiko aldaketa ofiziozkoa izango da; egiten den ikasturte berean ditu ondorioak, eta gehitzea nahiz murriztea ekar dezake, ondorengo apartatu hauetako kasuren bat egonez gero:

    1. Irakaskuntzak, unitateak edo laguntzako langile osagarriak gehitzea dakarren ezohiko aldaketa honako zergati hauetakoren batengatik egin daiteke soilik:

      Ikasle berriak sartzea ohiko onarpen-prozeduratik kanpo, baldin eta beste ikastetxe batean plaza librerik ez badago eta onarpena ohiko prozeduratik kanpoko onarpena arautzen duen araudiaren arabera egin bada.

      Ikasle errepikatzaileen matrikulek ez dute inolako aldaketarik eragingo.

      Ikasleek ikastetxean jarraitzea bermatzeko eskubidea erabiltzea, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan adierazi bezala, ikasle-kopuruak ratioak eta gutxieneko ikasle-kopurua betetzen baditu.

      Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak edo itunpeko unitateetan eskolatutako ikasleen konpentsazioa gehitzea.

    2. . Irakaskuntzak, unitateak edo laguntzako langile osagarriak gutxitzea dakarren ezohiko aldaketa honako zergati hauetakoren batengatik egin daiteke soilik:

      Emakidarako kontuan izandako ikasleei buruzko datuak eta egiaz eskolatutakoak, edo horien hezkuntza-laguntzako berariazko premiak, bat ez etortzeagatik, ikasturtea hasitakoan eta ikasturtean zehar.

      Ikasleen hezkuntza-laguntzako berariazko premiak edo hezkuntzako desberdintasunak konpentsatzekoak gutxitzeagatik.

  5. Ezohiko aldaketak egin aurretik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen araberako prozedura egingo da, betiere ikastetxearen titularrari entzun ondoren.

    Hezkuntzako sailburuari dagokio ebazpena ematea, eta sinatutako itunari erantsita formalizatuko da.

  6. Urtero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez jakinaraziko da hezkuntza-itunen araubidean sartzeko epea ireki dela, itunaren ohiko aldaketen bidez ituntzeko unitateak zehaztu direla, eta hurrengo ikasturtearen hasieratik dituztela ondorioak.

    Ohiko aldaketa hori ofiziozko proposamenen bidez nahiz ikastetxearen titularrak eskatuta egin daiteke.

Itunpeko ikastetxeak eta titularrak nahitaez bete behar dituzte 3. artikuluan aipatzen diren hezkuntza-itunaren araubide juridikoaren ondoriozko baldintzak eta eskakizunak, baita hezkuntza-laguntzako berariazko premiei erantzuteko irakaskuntzak araupetzen dituenaren ondoriozkoak ere. Besteak beste, eta zehazteko asmorik gabe, honako hauek:

  1. Itunpeko irakaskuntza eta unitate guztiak abian izatea, eta irakasleak, hezkuntzako langileak eta osagarriak soilik itundutako zereginetarako izatea.

  2. Unitate bakoitzeko ikasle kopuruari buruz arauz ezarritako mugak betetzea.

  3. Maila, ziklo eta etapa bakoitzeko itunpeko unitateak eskatu eta banatzean itunpeko irakaskuntzetan eta unitateetan eskolatutako ikasleek ikastetxean jarraituko dutela bermatzea urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan ezarritako terminoetan.

  4. Itunpeko irakaskuntzak doan ematea, irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren 33. eta 42. artikuluetan xedatutakoa alde batera utzi gabe, finantzaketa partzialarekin itundutako unitateetan, eta Estatuko Administrazioaren eta autonomia-erkidegoen aurrekontu orokorren legeekin bat etorriz, baita Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 88. artikuluarekin, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen 8/1985 Lege Organikoko 51. artikuluarekin eta aipatutako dekretuko 42. artikuluarekin ere.

  5. Ikasle adingabeekin harremanak dituzten langileei eskatzea eta egiaztatzea Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluak aipatzen duen baldintza betetzen dutela.

  6. Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 1. artikuluan, II. tituluan, hogeita bosgarren xedapen gehigarrian eta gainerako prezeptuetan ezarritako printzipioak ezartzea eta betetzea; besteak beste, hezkidetzarena.

  7. Erlijio-ekintza guztien borondatezko izaera errespetatzea, irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren 37. artikuluan adierazitakoaren arabera.

  8. Irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren 61. artikulutik 65.era aipatzen diren informazioa eta jarduerak ematea administrazioari.

  9. Itunpeko irakaskuntzen arloan Hezkuntza Sailak abian jarritako ekimen guztietan hartu behar dute parte ikastetxeek, Hezkuntza Sailak hala eskatuz gero, eta bereziki behartuta daude ebaluazio-diagnostikoetan parte hartzera.

  1. Ikasturtea bi aurrekontu-ekitaldiren kontura finantzatuko da, eta hezkuntza-itunak finantzatzeko aurrekontu-partidetan erabilgarri dauden kredituen arabera baimenduko da gastu hori.

  2. Ikasturte bakoitzerako itundu beharreko unitate kopurua zehazteko izapidea hasi aurretik, iraila-abendua aldiari dagokion gastua baimendu beharko da. Gastu hori Euskal Autonomia Erkidegoko deialdiaren urte bereko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura finantzatuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legean indarrean den legealdirako itunpeko ikastetxeak mantentzeko modulu ekonomikoen arabera kalkulatuko da.

  3. Halaber, urtarrila-abuztua aldiari dagokion gastua baimendu eta aurretiaz izapidetuko da deialdiaren ondorengo urteko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura, gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz. Aurrekontuei buruzko Legeak deialdiaren ondorengo urteko ekitaldirako adierazten dituen modulu ekonomikoetara egokituko da zenbateko hori.

  1. Agindu honen bidez arautzen diren hezkuntza-itunen ordainketa aurretiaz egingo da, lau hilerik behin, Ordainketa Eskuordetua arautzen duen urriaren 15eko 289/1993 Dekretuaren arabera, ordainketa-mota horrek eragina duen etapetan.

  2. Ikastetxeek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak hezkuntza-itunen ordainketa jasotzeko.

  3. Ikastetxe onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak bete dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak behar adina aldiz, edo ikastetxearen titularrari eskatuko zaio, 12.2 artikuluan jasotako baimena berariaz ukatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

Onuradunak itunaren baldintzak betetzen ez baditu, itzuli egin beharko ditu jasotako diru-zenbatekoak eta legez dagozkien interesak, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartuz. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluak dirulaguntzak itzultzeko ezarri duen prozedura orokorraren arabera. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ditu.

  1. Aplikatu daitekeen araubidearen arabera, hezkuntza-itunen arloan eskumena duen saileko organoak sustatuko du hezkuntza-ituneko modulu ekonomikoek honako hau jasotzea:

    a) artikuluan aipatutako Haur Hezkuntzako etapako lehen zikloko hirugarren mailaren irakaskuntza.

    Hezkuntza-laguntzako berariazko premien laguntzako langile osagarriak, 5.2 artikuluan aipatutakoak, gaur egun hezkuntza-itunerako modulu ekonomikoa finkatuta ez dutenak.

  2. Irakaskuntza horretako unitateak eta aipatutako langile osagarriak agindu honen xede den hezkuntza-itunen araubidean egiaz sartzeko, aipatutako modulu ekonomiko horiek onartu beharko dira.

  3. Modulu horiek ezartzen ez diren bitartean, irakaskuntza horren eta laguntzako langile osagarrien finantzazioa dirulaguntzen araubidera doituko da.

  1. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

  2. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 21a.

    Hezkuntzako sailburua,

    JOKIN BILDARRATZ SORRON.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)