Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko azaroaren 8koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, eskabideak aurkezteko epea luzatzen duena eta 2022ko irailaren 28ko Agindua aldatzen duena. Agindu horren bidez, Europar Batasunak Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan liburutegietako funtsak handitzeko eta/edo berritzeko dirulaguntzak arautzen dira eta horretarako deialdia egiten da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 217
  • Hurrenkera-zk.: 4911
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/11/08
  • Argitaratze-data: 2022/11/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Aginduak, zeinaren bidez dirulaguntzak arautzen eta iragartzen baitira liburutegietako liburu-funtsak berritu eta/edo handitzeko Next Generation funtsen bidez (2022ko urriaren 14ko EHAA, 197. zk.), 7.1 artikuluan ezartzen duenez, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta epe hori 2022ko azaroaren 14an amaituko da.

Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32.1 artikuluak ezartzen duenez, Administrazioak, ofizioz edo interesdunek eskatuta, ezarritako epeak luza ditzake, komenigarritzat jotzen bada eta besteren eskubideei kalterik egiten ez bazaie. Epearen erdia luza dezake, gehienez ere, beste arauren batek aurkakorik ez badio.

Agindu horren 15.b) artikuluan adierazten da, halaber, dirulaguntza ematea eragin duen erosketa 2022ko abenduaren 31 baino lehen egin behar dela, eta 19.1 artikuluan, berriz, dirulaguntza justifikatzeko dokumentuak bitarteko telematikoen bidez soilik aurkeztu behar direla 2022ko abenduaren 31 baino lehen.

Aurrekoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko udal-erakunde guztiei eragiten dien laguntza-deialdia denez, deialdiaren konplexutasuna dela eta, kontuan hartuta deialdia behar bezala kudeatzeko ezarritako data-tartea txikia dela, eta kontuan hartuta erakunde onuradunen parte-hartzea lehiarik gabeko konkurrentzia-araubidearen pean egin behar dela, ulertzen da badirela laguntzak eskatzeko epea eta laguntza horiek gauzatzeko eta likidatzeko epeak luzatzea justifikatzen duten inguruabarrak.

Ondorioz, Kultura Ondarearen zuzendariaren proposamenez, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz, honako hau

Lehenengoa. 2022ko azaroaren 30era arte luzatzea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko irailaren 28ko Aginduaren eskabideak aurkezteko epea. Agindu horren bidez, Europar Batasunak Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan liburutegietako funtsak handitzeko eta/edo berritzeko dirulaguntzak arautzen dira eta horretarako deialdia egiten da.

Bigarrena. Agindu hori honela aldatzea:

Bat. Aldatu egiten da 15.b) artikulua, eta dirulaguntza ematea eragin duen erosketa 2023ko maiatzaren 1a baino lehen egin beharko da.

Bi. 19.1 artikulua aldatzen da, hau da, 2023ko maiatzaren 1a baino lehen dirulaguntza agiri bidez justifikatu beharko da, modu telematikoan soilik.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Argitaratzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 8a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.