Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko azaroaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntzak iragartzen baitira 2022-2023ko ikasturtean ikasleen nazioarteko mugikortasun-programak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateentzat, unibertsitate-ikastetxeentzat eta goi-mailako arte- eta kirol-irakaskuntzen ikastetxeentzat.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 224
  • Hurrenkera-zk.: 5060
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/11/15
  • Argitaratze-data: 2022/11/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan ezartzen denez, unibertsitateen gaietan eskumena duen sailak, bai eta unibertsitateek ere, Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparruan ikasleen mugikortasuna sustatuko dute, beka- eta laguntza-programen eta ikasketetarako kredituen bidez, edo, hala badagokio, Europar Batasunaren laguntza-programak osatuz. Gaur egun, Erasmus+ programa Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko maiatzaren 20ko (EB) 2021/817 Erregelamenduaren bidez eratzen da. Erregelamendu horrek Erasmus+ Hezkuntza eta Prestakuntzarako, Gazteria eta Kirolerako Batasunaren Programa ezartzen du, eta 1288/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen.

Europako Erkidegoak Erasmus+ programako mugikortasunerako egiten dituen diru-ekarpenen bidez ez da kostuen % 100 finantzatzen; beraz, ezinbestekoa da finantzaketa handitzea. Era berean, unibertsitate-mugikortasunen parte bat Erasmus+ programan sartuta ez dauden lekuetara egiten da; horrela, bada, horiek ez dituzte goian adierazitako organismoen dirulaguntzak jasotzen, eta, beraz, beste mugikortasun-programa horietan parte hartzen duten ikasleei finantzaketa emateko beharra dago.

Horretarako, mugikortasunak goi-mailako irakaskuntzan duen garrantziaz jabetuta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, goian aipatutako esparrua zabalduz, komenigarritzat jo du mugikortasunerako dirulaguntzen deialdi bat egitea, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateei eta goi-mailako arte- eta kirol-irakaskuntzen ikastetxeei zuzendua, Erasmus+ programan nahiz nazioarteko beste unibertsitate-mugikortasuneko programa batzuetan parte hartzen duten pertsonen mugikortasunen finantzaketa hobetzeko.

Horregatik, kontuan hartuta dirulaguntzei buruz indarrean dagoen legeria hau da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa, honako hau

Agindu honen xedea da 2022-2023ko ikasturtean ikasleen nazioarteko mugikortasun-programak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateei, unibertsitate-ikastetxeei eta goi-mailako arte- eta kirol-irakaskuntzen ikastetxeei dirulaguntzak emateko deialdia egitea.

  1. Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura, guztira, 2.200.000 euro da, honela banatuta:

    1. 932.084 euroko aurrekontua ezartzen da Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak (SEPIE) emandako laguntzak osatzeko.

      1.267.916 euroko aurrekontua ezartzen da Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) laguntzarik ez duten egonaldietarako.

  2. Aurreko a) eta b) letretan jasota dagoen modalitate bateko aurrekontua agortzen ez bada, soberakina beste modalitaterako erabiliko da, baldin eta haren hasierako zuzkidura ez bada nahikoa izan eskabide guztiak gehieneko zenbatekoarekin laguntzeko.

  3. Ikasketak amaitu dituztenen mugikortasunei legozkiekeen zenbatekoak ezertan eragotzi gabe, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik ez izan, halako mugikortasunetarako bidaiako laguntza-aseguru bat egingo da.

Diruz lagunduko dira 1. artikuluan adierazitako entitateek aurkeztutako nazioarteko mugikortasunerako eskaerak, baldin eta eskakizun hauek betetzen badituzte:

  1. SEPIEk onartu behar izan ditu Erasmus+ programaren esparruan aurkeztutako proiektuak; nazioarteko gainerako mugikortasun-programek, berriz, dagozkien nazioarteko akordioen babesa izan beharko dute.

  2. Mugikortasun-proiektuetan sartuta dauden ikasleek betekizun hauek bete beharko dituzte:

    Espainiako nazionalitatea izatea edo Espainian legez bizitzea. Europar Batasunekoak ez diren atzerritarrek legezko bizilekua dutela egiaztatu beharko dute, eskabidea aurkezteko epea bukatzen den egunerako. Ezingo dituzte laguntza hauek jaso ikasketak direla-eta bertan daudenek edo bertan bizilekua dutenek, betiere Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzko eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz.

    Eskaera egiten den egunean eta 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren bateko administrazio-auzotasuna izatea.

    2022-2023ko ikasturtean nazioarteko mugikortasun-programaren bati atxikita egotea.

    2022-2023ko ikasturtean ikasketa hauetakoren bat egitea, edo 2021-2022ko ikasturtean hauetakoren bat amaitu izana:

    Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.

    Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.

    Goi-mailako arte- edo kirol-ikasketa ofizialak.

    Berariazko baimena aurkeztea, II. eranskinaren arabera.

  1. Entitate onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egon beharko dute.

  2. Entitate onuradunek ezin izango dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean egon, besteak beste:

    Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

    Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea.

    Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalak izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debekua.

  3. Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak bete beharko dira laguntza-eskabidea aurkezten denetik ematen den dirulaguntza likidatzen den arte.

  4. Baldintzak betetzen direla honela egiaztatuko da:

    1. Ofizioz egiaztatuko du Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Hala ere, entitate eskatzaileak berariaz uka dezake horretarako baimena, eta, halakoetan, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

    2. Gainerako betekizunak erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira, zeina eskaera-inprimaki elektronikoan jasota egongo baita.

  5. Deialdi honetan parte hartzen duten entitateek baimena ematen diote Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari, beste organismo publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak egiazkoak direla eta proiektuan sartutako pertsonek eskakizunak betetzen dituztela.

  1. Entitate interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko. Eskabideak identifikatzeko eta sinatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikoko bitartekoak erabili behar dira, helbide honetan eskuragarri daudenak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  2. Entitate eskatzaileak ordezkari baten bidez egin ahal izango ditu izapideak elektronikoki. Horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatuta egon beharko du; helbide honetatik sar daiteke: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  3. Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa Platea onartzen duen Informatika eta Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

  4. Eskabideen aurkezpenari, justifikazioari eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideei buruzko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1017808

  5. Eskabidearen ondorengo izapideak bitarteko elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  1. Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikotik, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1017808

  2. Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  3. Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

  4. Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko urtarrilaren 31n amaituko da, egun hori barne.

  1. Eskabidean informazio hau jasoko da:

    1. Mugikortasun-proiektuaren identifikazioa. Proiektu horretan, entitateak eskatutako mugikortasun guztiak sartuko dira (I. eranskina).

    2. Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) finantzaketa duten mugikortasunak. Organismo horrek emandako laguntza hileko 350 euro baino gutxiago bada, eskabidean adieraziko da zehazki zenbat diru falta den egonaldiko hilabete bakoitzeko 350 euroraino iristeko, organismo horrek finantzatutako hilabeteetan. Proiektuan adierazi beharko da, eskabidean sartutako ikasle bakoitzeko, zer laguntza eman dion SEPIEk eta zer zenbateko eskatzen zaion Eusko Jaurlaritzari. Era berean, proiektuan adieraziko da zer laguntza eskatzen den, guztira, deialdi honen kontura finantzatutako mugikortasun guztietarako. Ez dira kontuan hartuko SEPIEk kolektibo jakin batzuei eman diezazkiekeen zenbateko gehigarriak.

    3. Erasmus+ programan finantzatzen ez diren egonaldiak egiten badira, programa horren bidez finantzatzen ez den hilabete bakoitzeko 350 euroko laguntzak eskatuko dira. Nazioarteko beste programa batzuetarako, bederatzi hilabeteko egonaldia eskatu ahal izango da gehienez, hileko 350 eurokoa. Proiektuan adierazi beharko da, eskabidean sartutako ikasle bakoitzeko, zer kopuru eskatzen den, bai eta finantzaketarik ez duten mugikortasun guztietarako zer laguntza eskatzen den ere.

  2. Aurkeztutako proiektuaren barruan mugikortasunetan parte hartzen dutenek 3.b) artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria.

    Gainera, proiektuetan sartutako pertsonek eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari baimena eman diezaiotela eskatu beharko die unibertsitateak edo ikastetxeak proiektuetan sartuta dauden pertsonei.

  3. Aurreko apartatuko b) eta c) letretako mugikortasunen eta kostuen bana-banako informazioa XML formatuan edo XML bihur daitekeen beste formatu batean bidaliko da.

  4. Mugikortasun-programetako eskabidean dauden pertsonen berariazko baimenak.

Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari dagokio laguntza hauek kudeatzea.

  1. Eskabideak aurkezteko epea amaituta, eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera, hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaie, eta adieraziko zaie, hala egiten ez badute, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela.

  2. Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean kontsultatu beharko dira.

  3. Jakinarazpena egintzat joko da entitate interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean haren edukia eskuratu ez bada, jakinarazpena ez onartutzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela jakinarazpena eskuratzea.

  4. Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskaera-inprimakian jasotako telefono mugikorretara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek ez dute, inola ere, jakinarazpen-ondoriorik izango.

  1. Baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei emango zaie dirulaguntza, hurrengo artikuluan ezarritako kopuruetan.

  2. Onartutako eskabide guztien kostuaren baturak gainditu egiten badu 2.1 artikuluan aurreikusitako zuzkidura a) eta b) letretan jasotako bi modalitateetako baterako, eta beste modalitatean soberakinik ez badago edo hori nahikoa ez bada hurrengo artikuluan aurreikusitako zenbatekoetan eskaera guztiei erantzuteko, dagoen zuzkidura proiektu guztien artean hainbanatuz kalkulatuko da proiektu bakoitzerako emango den zenbatekoa.

  1. Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak (SEPIE) finantzatutako Erasmus+ mugikortasunak. Organismo horrek emandako laguntza hilean 350 eurotik beherakoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa organismo horrek finantzatutako hilabeteetan egonaldiko hilabete bakoitzeko 350 eurora iristeko behar dena izango da. Ez dira kontuan hartuko SEPIEk kolektibo jakin batzuei eman diezazkiekeen zenbateko gehigarriak.

  2. Erasmus+ programan finantzatu gabeko egonaldiak egiten badira, laguntzaren zenbatekoa 350 eurokoa izango da programa horretan finantzatu gabeko hilabete bakoitzeko. Nazioarteko beste programa batzuetarako, 350 euroko dirulaguntza emango da hilabete bakoitzeko eta gehienez bederatzi hilabeteko egonaldirako. Proiektuan, eskabidean sartutako ikasle bakoitzeko eskatutako zenbatekoa sartu beharko da, bai eta finantzaketarik gabeko mugikortasun guztietarako eskatutako laguntza ere.

  3. Aurreko bi apartatuetan finantzatutako hilabeteen baturak ez du inola ere gaindituko ikasle bakoitzeko bederatzi hilabeteko egonaldia.

  1. Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak ebatziko du prozedura, gehienez ere sei hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita.

  2. Denek jakin dezaten, emandako dirulaguntzen berri emango da EHAAn. Hala ere, epeak zenbatzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egindako jakinarazpenak baino ez du balioa izango, eta jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

  3. Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

  4. Deialdia ebazteko ezarritako epea igaro ondoren entitate eskatzaileei ez bazaie ebazpenik jakinarazi, laguntza-eskaera ukatu dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

  5. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

  1. Laguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, hilabeteko epean.

  2. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

  3. Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate eskatzaileak Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du.

    Entitatea erregistratuta ez badago edo Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du, https://www.euskadi.eus/hirugarrenak webgunean ezarritako ereduaren arabera.

Entitate onuradunek nahitaez bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak. Bereziki, honako hauek:

  1. Emandako laguntza onartzea. Dirulaguntza emateko ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hamabost egun naturaleko epean entitate onuradunek ez badiote berariaz uko egiten laguntzari «Nire karpeta» atalaren bidez, laguntza onartutzat joko da.

  2. Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

  3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen duten informazioa ematea.

  4. Hezkuntza Sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduerak onartzea.

  5. Mugikortasun-proiektuan sartuta dauden pertsonek deialdiko 3.b) artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.

  6. Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein egoera aldatu dela, bai eta helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk jaso direla ere, edozein administrazio edo ente publiko edo pribatutatik.

  7. Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritako hedapen-neurriak hartzea.

  1. Entitate onuradunek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte justifikazio-agiriak aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalaren bidez: http://www.euskadi.net/nirekarpeta

  2. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2023ko azaroaren 10ean amaituko da, egun hori barne. Entitate onuradunek jasotako dirulaguntzak justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    1. Jasotako laguntza aurrekontuan sartu dutela egiaztatzen duen agiria. Erasmus+ programaren barruan egindako mugikortasunei dagokienez, egindako mugikortasunen arabera SEPIEk egindako diru-sarreraren ziurtagiria aurkeztuko da.

    2. Unibertsitatearen edo ikastetxearen ziurtagiri ekonomikoa, proiektuan zerrendatutako pertsonei egindako bana-banako ordainketena. Pertsona guztiak zerrendatuko dira, bakoitzari egindako ordainketa adierazita.

    3. Mugikortasunak amaitu ondoren, entitate onuradunek proiektuaren memoria aurkeztu beharko dute, eta han adieraziko dira helburuak, lortutako emaitzak eta egindako ekintzaren eta bana-banako mugikortasunen azken kostua (zenbat mugikortasun eta bakoitzaren iraupena). Eskabidearekiko egon diren aldaketa guztiak justifikatu beharko dira memorian.

      Memoriarekin batera, 11. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetako mugikortasunen eta behin betiko kostuen bana-banako informazioa aurkeztuko da XML formatuan edo XML bihur daitekeen beste formatu batean.

  1. Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak, espedienteko entitate onuradunari entzun ondoren, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak osorik edo zati batean itzultzea bidezkoa dela, eta aplikatu beharreko interesak exijituko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritako kasuetan, besteak beste honelako kasuetan:

    Ezarritako baldintzaren bat edo batzuk betetzen ez dituzten ikasleei emandakoak izatea.

    Laguntza emateko baldintzak aldatu izana. Proiektuan aurkeztutako mugikortasunetan aldaketarik gertatuz gero, mugikortasun horiengatik jasotako laguntza osoari edo partzialari dagokion zatia itzuli beharko da. Justifikatu gabeko mugikortasunetarako, laguntzen zenbateko osoa itzuliko da, eta egindako mugikortasunetan, proiektuan eskatutakoak baino egonaldi txikiagoak izanez gero, dagokion zatia.

    Agindu honetan xedatutakoa ez betetzea, edozein modutan.

    Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako dirulaguntzen onuradunei dagozkien betebeharrak ez betetzea.

  2. Itzultzeko prozedura abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan araututakoa izango da.

  3. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, baldin eta dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein entitate publikok zein pribatuk aldi berean emandako dirulaguntzak edo laguntzak jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta datuen babesaren arloan indarrean dauden gainerako arauak betez, jakinarazten da datu pertsonalak «Laguntzak eta dirulaguntzak» tratamendu-jarduerari erantsiko zaizkiola. Jarduera horrek ezaugarri hauek ditu:

Arduraduna: Hezkuntza Saila.

Helburua: ikasleen nazioarteko mugikortasun-programak dituzten EAEko unibertsitateentzako, unibertsitate-ikastetxeentzako eta goi-mailako arte- eta kirol-irakaskuntzen ikastetxeentzako dirulaguntzen eskaerak eta jarraipena kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako misio bat betetzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea dago, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo haren aurka egiteko eskubidea ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.

Informazio gehigarria: datuak babesteari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariari agindu honetan xedatutakoa betearazteko beharrezkoak diren jarraibideak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 15a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)