Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko martxoaren 24koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala berrikusteko eta klima-aldaketaren erronkara egokitzeko prozedurari.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 65
  • Hurrenkera-zk.: 1890
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/03/24
  • Argitaratze-data: 2021/03/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena

Testu legala

Honako udalerri hauek barne hartzen ditu Itsasertzeko Lurralde Plan Sektorialaren eremuak (aurrerantzean LPS): Bizkaia - Bilbao Metropolitanoko eremu funtzionala: Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Arrigorriaga, Barakaldo, Barrika, Berango, Bilbao, Erandio, Getxo, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Loiu, Muskiz, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela, Urduliz, Valle de Trápaga-Trapagaran, Zierbena. Mungialdeko eremu funtzionala: Bakio, Gatika. Busturialdea-Artibaiko eremu funtzionala: Ajangiz, Amoroto, Arratzu, Bermeo, Berriatua, Busturia, Ea, Elantxobe, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Ispaster, Kortezubi, Lekeitio, Mendexa, Mundaka, Murueta, Ondarroa, Sukarrieta. Gipuzkoa - Debabarrengo eremu funtzionala: Deba, Mendaro, Mutriku. Urola Kostako eremu funtzionala: Aia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa, Zumaia. Donostialdea-Bidasoa Behereko eremu funtzionala: Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbil.

Martxoaren 13ko 43/2007 Dekretuaren bidez, Gobernu Kontseiluak behin betiko onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala. Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legeak xedatutakoaren arabera, eta otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (aurrerantzean, LAG) garatu eta ezarriz, aurretik aipatu den LPSak, lurralde-antolamendurako tresna izaki, definitu egin ditu itsasertz-eremuari eragiten dioten hirigintza-planek eta jarduketek bete behar dituzten lurralde-irizpideak.

Gainera, urriaren 9ko 32/2016 Dekretuaren bidez, behin betiko onartu zen LPSaren aldaketa Barrika udalerriko Barrikabaso eremuan.

Bestetik, uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren bidez, behin betiko onartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (1997an ezarritakoen berrikuspena). Hain zuzen ere, 31. artikuluaren 7.a) apartatuan xedatuta dago Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala moldatu egingo dela eta, horretarako, identifikatu egingo direla kosta-eremuetan itsas mailaren gorakadaren eta muturreko olatuen kontrako eraginetara egokitzeko neurriak. Egokitzapen hori, zeinaren kontzeptua argi definituta baitago, Planaren berrikusketaren esparruan egin da. Izan ere, beharrezkoa zen, aipatutako gidalerroen testuinguru orokorrera egokitzeko igarotako denbora dela eta.

2019. eta 2020. urte bitartean, LPSa berrikusi eta klima-aldaketaren erronkara egokitzeko aurretiazko azterketak eta diagnostikoa egin ziren. Azken horrek berrikusketa-prozesuaren genesi gisa balio behar du, eta Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzaren webgunean argitaratuta dago: https://www.euskadi.eus/eaeko-itsazertzeko-lpsa-berrikuspena/web01-a2lurral/eu/

Era berean, 2019an onartutako LAGetan adierazitakoa betez, Itsasertzeko LPSaren berrikusketa egiteko, parte hartzeko prozesu albait zabalena abiatu behar da, kontuan hartuta une bakoitzean plana berrikusteko aukera ematen duten inguruabarrak.

Martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuak, zeinak lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen baititu, 3. artikuluan jasotzen duenez, lurralde- edo hirigintza-antolamenduko edozein figura formulatu, berrikusi edo aldatzeko hasierako erabakiarekin edo ebazpenarekin batera, parte hartzeko programa bat egin beharko da. Programa horretan, behar adina helburu, estrategia eta mekanismo ezarriko dira, herritarrek eta elkarteek parte hartzeko eskubidea izan dezaten. Herritarrek parte hartzeko programaren laburpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta informazioaren teknologia berrien bitartez emango da haren berri, honako hauek gutxienez barne hartuta: parte hartzeko gida bat, jendaurreko azalpen-saio irekien aurreikuspena eta dibulgazio-materiala (prestatu egin beharko da).

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 133.1 artikuluan xedatzen duenez (herritarrek lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran parte hartzea arautzen du artikulu horrek), kontsulta publikoa bideratu behar da, legearen edo erregelamenduaren proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen.

Itsasertzeko Lurralde Plan Sektoriala berrikusi eta egokitzeko, hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikulua bete beharko da (lehenengo xedapen gehigarria aplikatuz), bai eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 13.etik 16.era bitarteko artikuluak eta 17.4 artikulua ere.

Horregatik guztiagatik, aipatutako aurrekariak ikusita eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 17.1 eta 3.1 artikuluetan jasotako eskumena baliatuz, hau

Lehenengoa. Itsasertzeko Lurralde Plan Sektoriala berrikusteko eta klima-aldaketaren erronkara egokitzeko prozedura hastea (martxoaren 13ko 43/2007 Dekretuak onartu zuen lurralde-plan sektorial hori), Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betez eta haren lehenengo xedapen gehigarria aplikatuz.

Bigarrena. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari 2021eko ekainera arteko epea ematea LPSa berrikusteko prozeduraren aurrerapena egiteko. Epea luzatu ahal izango da, hala justifikatzen duen arrazoiren bat badago.

Hirugarrena. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari 2022ko ekainera arteko epea ematea LPSaren berrikuspenaren hasierako onarpen-dokumentua egiteko; eta 2023ko ekainera arteko epea ematea behin-behineko onarpen-dokumentua egiteko, behin betiko onarpena egin baino lehen.

Laugarrena. Agindu honen eranskin gisa aurkeztea Itsasertzeko LPSa berrikusteko eta klima-aldaketaren erronkara egokitzeko Herritarrek Parte hartzeko Programaren laburpena, zeinari erreferentzia egiten baitzaio martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluan (dekretu horren bidez, lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dira).

Bosgarrena. Plana idazteko beharrezkoa den informazio guztia jasotzea Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietatik, Planaren xede-esparruko udalerrietatik eta Estatuko Administraziotik, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.2 artikuluan eta lehenengo xedapen gehigarrian eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 13.2 artikuluan adierazten denarekin. Informazio hori bi hilabeteko epean eman beharko da.

Seigarrena. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Plana sortzeko beharrezkoa den informazio orokor guztia ematea, baita eraginpeko eremuari dagozkion aurreikuspen eta programei buruzko informazio espezifikoa ere. Informazio hori gehienez bi hilabeteko epean eman beharko da.

Zazpigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko zein Gipuzkoako lurralde historikoetan tirada handiena dutenetako bi egunkaritan argitaratzeko agindua ematea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 24a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

  1. Ikuspegi orokorra eta helburuak.

  1. Parte hartzearen garrantzia lurralde-mailan.

    Lurralde-plangintza eta -kudeaketa eraginkor eta partekatuak posible dira arloko eragile guztien inplikazioari esker; maila ezberdinetan jardun arren, maila berean dira erabakigarriak lurraldearen garapen jasangarria ahalbidetzeko. Plangintza sortzeko orduan herritarrek parte hartzeko beharra eta aukera erabat justifikatuta dago hainbat arrazoirengatik. Arrazoirik garrantzitsuena eskubidea bera da; izan ere, gobernu-sistema demokratikoetan herritarrek eskubidea dute politika publikoari lotutako gaien gainean iritzia emateko, baita, noski, plangintzaren gainean ere.

    Gainera, horrek hainbat onura dakartza berekin, plangintzaren bideragarritasun eta kalitateari zuzenean eragiten diotenak:

    Lurralde bakoitzeko biztanle guztiak informazio-iturri ordezkaezina dira, zuzeneko esperientzia dutelako.

    Plangintzaren sorrera-prozesuan parte hartzeko aukera emateak murriztu egiten du planak onartu ondoren gatazkak sortzeko aukera.

    Herritarren parte hartzeak, halaber, sendotu egiten du komunitate- eta kide-sentimendua, plangintzari dagokionez.

    Herritarren parte hartzea garrantzitsua da hirigintzaren legezkotasuna sendotzeko; izan ere, herritarrak lurraldearen inguruko erabakien gainean informatuta eta konprometituta egoteak bermatu egiten du plangintzaren inguruko legeria zein zehaztapenak egoki aplikatzen direla.

  2. Helburu orokorrak.

  1. Herritarrak prozesuaren parte sentitzea eta elkarrekin etorkizun hobea eraikitzeko aukera irudikatzea.

  2. Parte-hartze inklusibo, bereizi eta hezigarria sustatzea: hiritartasun-kultura sortzea.

  3. Erabakitzeko eta parte hartzeko guneetan ordezkaritzarik izan ohi ez duten profilei ahotsa ematea.

  4. Sortzen diren ideien kapitala aprobetxatzea.

  1. Parte hartzeko programaren helburua.

    Komunikatzea: Kolektibo ezberdinen interesa piztea eta ikusgaitasuna eta eztabaida ahalbidetzea.

    Aktibatzea: Parte-hartzeari bultzada ematea, mugimendua helburu erkide baterantz aktibatuz.

    Esperimentatzea: Parte hartzeko metodologiak eta formatuak.

    Jaso eta dokumentatzea: Jardueretatik sortzen diren iritzi eta ideiak.

  2. Balioak.

    Inklusibotasuna: Parte-hartze ekitatiboa bermatzea, ezberdintasunak errespetatuz eta baloratuz.

    Gardentasuna: Prozesua eta informazioa herritarrentzako eskuragarriak, egiazkoak eta ulergarriak izatea.

    Lankidetza: Elkarrekin ideia, balio eta proiektu berriak eraikitzeko.

    Berrikuntza: Inpaktu indibidual eta kolektiboko ideia berrien balioa azpimarratuz.

  1. Metodologia.

  1. Parte-hartzearen jarraitutasuna (aurretiazko azterketak eta LAG).

    Lurralde-plan partzialaren (LPP) berrikuspenean parte hartzeko prozesuak oinarri hartuko ditu LAGak sortzeko prozesuetan eta diagnostikoa osatzeko aurretiazko azterketetan egindako kontaktuak eta irekitako kanalak, eta haietan sakonduko du. Era berean, LPPa sortzeko aurrekarien artean daude parte hartzeko gomendioak, zeinek bost helburuko metodologia aurkezten baitute, LAGen berrikuspenean parte hartzeko prozesuaren nomenklaturari jarraikiz:

    Hedapena edo Ikusgaitasuna.

    Herritarrak edo Pedagogia.

    Parte-hartzea edo Hitzarmenak.

    Gobernantza edo Erantzukidetasuna.

    Dokumentazioa edo Erregistroa.

  2. Parte hartzeko mekanismoak.

  1. Ekintza motaren arabera:

    Tailer digitalen edo aurrez aurreko tailerren bitartez parte hartzea (saio irekiak): Tailer digitalak edo aurrez aurrekoak publiko osoarentzako tresna ireki gisa sortu dira, non talde bakoitzak bere ekarpenak egingo baititu. 2020. urtean zehar sortu diren tresna berriak aprobetxatuko dira, baita gizarteko sektore ia guztiek bere egindako ohitura digital berriak ere. Horretarako, parte hartzeko gida sortuko da, parte hartzeko programaren barnean.

    Onlineko ekimenen bitartez parte hartzea: Parte hartzeko programaren esparruan egindako zenbait ekintzen onlineko emankizuna, prozesuaren etapen gaineko informazioa zabaltzeko.

    Parte-hartzea eta jarraipen digitala: Dibulgazio-materiala sortuko da, hizkera ez-teknikora egokitua, edukiak eta ondorioak ezagutzera emateko. Material horien hedapena webgunearen eta sare sozialen bitartez egingo da.

  2. Parte hartzeko rolaren araberako mekanismoak:

    Adituen parte-hartzea: Profil tekniko eta profesionalei bereziki zuzenduta dago, hala administrazio-arlokoei nola bestelako erakundeetakoei, baina herritar guztiei irekita.

    Elkarrizketa erdi-egituratuak eragile estrategikoekin.

    Gaikako mahai-inguruak (online edo aurrez aurre).

    Herritarren parte-hartzea: Herritar guztiei irekita dago, baina, bereziki, tokiko antolakundeei eta zientziari, ezagutzari edo/eta jarduera ekonomikoei lotutako antolakundeei.

    Onlineko inkestak.

    Tailerrak eta ekimenak, online edo aurrez aurre.

  3. Stakeholder edo interesdunen mapak.

    Parte hartzeko prozesu bat irekitzeko, ezinbestekoa da zer gai edo politika eztabaidatuko diren definitzea eta eztabaidan solaskideak nortzuk izango diren identifikatzea.

    Parte hartuko duten interesdunen mapa egingo da, honako irizpide hauetan oinarrituta:

  1. Gai bakoitzean, elkarrizketa teknikorako gaitasuna duten eragileak hautatzea.

  2. Eragileen jatorriak askotarikoak izatea.

  3. Talde sozial ezberdinak ordezkatzea.

  4. Euskaraz parte hartzeko aukera erraztea.

    Euskaraz zein gaztelaniaz parte hartu ahal izateko erraztasunak eskainiko dira. Beraz, arreta berezia emango zaio pertsona bakoitzak zer hizkuntzatan parte hartu nahi duen erabakitzeko aukera izateari. Horretarako, jakinarazpenak zein parte hartzeko dinamikak formatu elebidunean diseinatuko dira.

  1. Prozesuaren egitura.

    Prestaketa-lanak. Hasierako fasean, prozesua egoki garatzeko oinarriak ezartzera bideratutako ekintzak biltzen dira.

    Herritarren parte-hartzea. Prozesuaren bigarren fasean biltzen dira parte-hartzeari lotutako ekintza guztiak, hala adituei nola herritar orokorrei bideratuak.

    Ondorioak eta emaitzak. Hirugarren fasearen helburua da prozesua ixtea; horretarako, amaierako dokumentuak sortuko dira, parte-hartzaileei itzultzeko edo/eta eskerrak emateko.

  2. Denbora-eskema.

    Honako hau da parte hartzeko prozesuaren etapen eta LPP berrikusteko proiektuaren faseen arteko korrespondentzia.

    Prestaketa-lanak 1. Fasea.

    01 ekintza: Parte hartzeko programa idaztea (parte hartzeko gida barne). 2., 3. eta 4. asteak (1. fasea: -aurrerapenaren aurrekoa).

    02 ekintza: Jakinarazpenak diseinatzea eta koordinatzea. 1. eta 2. asteak (2. fasea: aurrerapena).

    03 ekintza: Proiektuaren webgunea sustatzea. 1., 2., 3. eta 4. asteak (2. fasea: aurrerapena).

    Parte-hartze publikoa 2., 3., 4. eta 5. Faseak.

    04 ekintza: Elkarrizketak eragile estrategikoekin. 1., 2., 3. eta 4. asteak (3. fasea: parte-hartzea).

    05 ekintza: Parte-hartze digitala. 1., 2., 3. eta 4. asteak (3. fasea: parte-hartzea eta aurrerapenaren zein behin betiko dokumentuaren tramitazioa).

    06 ekintza: Parte hartzeko prozesuaren aurkezpena. 1. astea (3. fasea: parte-hartzea eta aurrerapenaren zein behin betiko dokumentuaren tramitazioa).

    07 ekintza: Gaikako mahai-inguruak. 2. eta 3. asteak (3. fasea: parte-hartzea eta aurrerapenaren zein behin betiko dokumentuaren tramitazioa).

    08 ekintza: Edukiak webgunean argitaratzea. 2. eta 3. asteak (3. fasea: parte-hartzea eta aurrerapenaren zein behin betiko dokumentuaren tramitazioa).

    Ondorioak eta emaitzak 6. Fasea.

    09 ekintza: Azken memoriaren idazketa. 1., 2., 3. eta 4. asteak (6. fasea: testu bategina eta parte-hartzearen itzulketa).