Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 11koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena. Horren bidez, argitara eman dira 2021ean etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko hainbat jarduketa babesgarritarako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbatekoak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 97
  • Hurrenkera-zk.: 2864
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/05/11
  • Argitaratze-data: 2021/05/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Etxebizitza programan Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren edo haren sozietate publikoen merkatuan, lurzorua erosteko eta urbanizatzeko eragiketetan eta etxebizitzak eraikitzeko eragiketetan esku-hartze zuzenak egitea dakarten jarduera-ildo jakin batzuk daude, erosteko zein alokatzeko. Jarduketa horiek kontratu publikoen, programa-kontratuen, lankidetza-hitzarmenen eta abarren bidez bideratzen dira, eta emaitzak herritarrei jakinarazteko prozedura espezifikoak eta bereiziak dituzte.

Era berean, dirulaguntzen politiken aukera zabala dago, deialdi indibidual eta espezifikoa izanik (adibidez, sustapen itundu bateko dirulaguntzak esleitzea) edo deialdi publiko propio eta bereizia izanik (renove, irisgarritasuna, etab.). Edonola ere, deialdi horietan ezarrita egoten dira politika horiek finantzatzeko kredituak.

Azkenik, etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan badaude beste laguntza batzuk honako ezaugarri hauek dituztenak; arau bidez erregulatzen dira eta ez dute aldizkako deialdirik, eta beraz, edozein unetan eska daitezke eta segidan ematen dira. Horregatik, aurreikusita dago horiek finantzatzeko aurrekontu-kredituen zenbatekoak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtero argitaratu behar direla. Betebehar horrek herritarrei eta, bereziki, onuradunei ematen zaien informazio-maila hobetzeko asmoari erantzuten dio.

Zehazki, 2021eko ekitaldirako kredituak argitara emateko betebeharrak honako arau hauei eragiten die:

39/2008 Dekretua, martxoaren 4koa, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa (2008ko martxoaren 28ko EHAA, 59. zk.). Dekretu hori honako dekretu honek aldatu zuen: 210/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa (2020ko urtarrilaren 20ko EHAA, 12. zk.).

Agindua, 2006ko abenduaren 29koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzkoa (2007ko urtarrilaren 25eko EHAA, 18. zk.). Agindu hori 2007ko martxoaren 8ko Aginduak zuzendu zuen (2007ko maiatzaren 7ko EHAA, 86. zk.) eta honako xedapen hauek aldatu zuten: Agindua, 2011ko azaroaren 23koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena (2011ko azaroaren 29ko EHAA, 226. zk.); Agindua, 2014ko azaroaren 26koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena (abenduaren 1eko EHAA, 229. zk.); 146/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko finantza-lankidetzakoa etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan (2015eko abuztuaren 4ko EHAA, 146. zk.); eta 210/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa (2020ko urtarrilaren 20ko EHAA, 12. zk.).

Agindua, 2006ko abenduaren 29koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, lehentasunez erregimen orokorreko zein erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzoru-ondare publikoak osatzeko lurzorua kostu bidez eskuratzeari dagozkion lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa (2007ko urtarrilaren 25eko EHAA, 18. zk.).

Agindua, 2008ko azaroaren 7koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, babes publikoko etxebizitzak sustatzeko laguntzei eta alokairua bultzatzeko neurriei buruzkoa (2008ko azaroaren 19ko EHAA, 222. zk.). Agindu hori honako agindu hauek zuzendu zuten: Agindua, 2008ko abenduaren 9koa (2009ko urtarrilaren 29ko EHAA, 14. zk.); eta, Agindua, 2009ko urtarrilaren 28koa (2009ko martxoaren 12ko EHAA, 50. zk.). Eta honako xedapen honek aldatu zuen: 628/2009 Dekretua, abenduaren 22koa, kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko finantza-lankidetzakoa etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan (2009ko abenduaren 30eko EHAA, 250. zk.)

Agindua, 2010eko urriaren 6koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitzak erosteko finantza-neurriei buruzkoa (2010eko urriaren 21eko EHAA, 203. zk.). Agindu hori honako dekretu honek aldatu zuen: 210/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa (2020ko urtarrilaren 20ko EHAA, 12. zk.).

Agindua, 2018ko abenduaren 18koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, etxebizitzaren alokairurako Gaztelagun programaren laguntzak arautzen dituena eta deialdia egiten duena (2018ko abenduaren 28ko EHAA, 249. zk.). Agindu hori honako agindu honek aldatu zuen: Agindua, 2019ko abenduaren 10ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita etxebizitzaren alokairurako Gaztelagun programaren laguntzak arautu eta deialdia egiten duen agindua (2019ko abenduaren 17ko EHAA, 239. zk.).

Esan behar da 2021erako birgaitze-jardueraren lerroan, etxebizitza- eta eraikin-parkearen efizientzia energetikoa hobetzeko politikei zuzenean lotuta dauden zenbait jarduera Europako funtsek finantzatuko dituztela aurreikusten dela, Next Generation EU ekimenaren bidez eta/edo Euskadiko EGEF 2021-2027 Programa Eragilearen bidez. Horrek jarduerak publiko egiteko betebehar berriak dakartza berekin, eta agindu honen testuan jasota daude.

Horren ondorioz, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera, honako hau

Lehenengoa. 2021eko ekitaldian etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko dirulaguntza lerroei finantza-estaldura emateko honako ordainketa- eta konpromiso-kreditu hauek iragartzea:

(Ikus .PDF)

Bigarrena. «Alokairuaren sustapena» epigrafean sartzen diren dirulaguntzak honako jarduketa babesgarri hauetarako izango dira: alokairu babesturako etxebizitzak sustatzea; alokairu babestuan eskaintzeko etxebizitzak erostea; zuzkidura-bizitokiak sustatzea; eta, landa-eremuetan titulartasun publikoko etxebizitzak birgaitu eta alokairuan jartzea.

Hirugarrena. «2021eko Finantza Hitzarmenaren sorospenak» epigrafean sorospen-eskubidea duten honako jarduketa hauek sartzen dira: alokairu babesturako etxebizitzen sustapena; alokairu babestuan eskaintzeko etxebizitzak erosteko eragiketak; zuzkidura-bizitokien sustapena; eta, lurzorua kostu bidez eskuratzeko eragiketak, edozein administrazio publikoren mendeko lurzoru-ondare publikoak eratzeko, lehentasunez babes publikoko etxebizitzak sustatzeko.

Laugarrena. «Birgaitzea» izeneko epigrafea eta, zehazki, etxebizitzen eta eraikinen efizientzia energetikora bideratutako dirulaguntzak estaliko dituen zatia, Europako funtsekin batera finantzatuko dela aurreikusten da, Next Generation EU ekimenaren bidez eta/edo EGEF 2021-2027 egitura-funtsaren bidez.

Hori dela eta, eraikinen inguratzaile termikoetan esku hartzea eskatzen duten birgaitze-jarduketak burutzen dituzten jabeen erkidegoek, dirulaguntza hauen onuradun badira, beren gain hartu beharko dituzte «Laguntzaren baldintzak ezartzen dituen dokumentua-LBED» agirian zehaztutako betebehar gehigarriak, Etxebizitzako sailburuordearen apirilaren 26ko 1/2017 Instrukzioak edo hura ordezten duen ondorengo erregelamendu-araudian ezarritakoarekin bat.

Arlo honetan azkenean emango diren dirulaguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. apartatuaren 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan agertuko dira.

Bosgarrena. Agindu honetan aipatutako dirulaguntza-lerroek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra bete behar dute.

Arau honen aplikazioak lerro horien ohiko kudeaketan duen irismena Etxebizitzako sailburuordearen maiatzaren 23ko 2/2017 Instrukzioan (martxoaren 12ko 2/2018 Instrukzioak eta otsailaren 6ko 3/2020 Instrukzioak aldatua) eta Etxebizitzako sailburuordearen azaroaren 28ko 4/2017 Instrukzioan garatu da eta etxebizitzak eta bizitegi-eraikinak birgaitzearen arloko jarduketa babesgarriei buruzko erregelamendu-araudi berrian eguneratu eta integratuko da.

Seigarrena. 2021eko ekitaldiaren kontura eman beharreko laguntzen guztizko zenbatekoak ezin izango ditu gainditu lehenengo atalean adierazitako diru-kopuruak edo, indarrean dagoen legedi aplikagarriaren arabera aurrekontu-aldaketarik onartuz gero, kopuru horiek izango duten igoeraren ondoriozko kopurua. Aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren agindu baten bidez.

Beraz, zenbateko hori agortu ondoren, ez da laguntza gehiago emango. Kredituaren amaiera Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren agindu bidez jakinaraziko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Zazpigarrena. Agindu honetan aipatzen den etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko araudian jasotako erregulazioaren arabera baiezkoa jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten eskaerak, baliabide ekonomikorik ez izateagatik bakarrik ukatzen badira, hurrengo ekitaldi ekonomikoan ebatzi ahal izango dira, baldin eta eskatzaileak dagokion lurralde-ordezkaritzara edo zuzendaritza funtzional kudeatzailera idazki bat bidaltzen badu, eskaera baldintza berberetan mantentzeko asmoa duela adieraziz. Aukera hori hurrengo ekitaldian baliabide ekonomiko nahikoak izatearen baldintzapean egongo da.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 11.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik