Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko irailaren 8koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira 2021eko ekitaldirako paisaiaren ekintza-planak prestatzeko oinarri arautzaileak eta egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako dirulaguntzak emateko deialdia.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 182
  • Hurrenkera-zk.: 4715
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/09/08
  • Argitaratze-data: 2021/09/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Paisaiaren Europako Hitzarmenak, zeina Florentzian egin baitzen 2000. urtean, honela definitu zuen paisaia: «lurraldearen edozein zati, biztanleriak hautematen duen moduan, zeinaren izaera natur edota giza faktoreen ekintzaren eta elkarreraginaren emaitza baita». Paisaia gai garrantzitsua da kulturaren, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren esparruan, kontuan hartuta «Europako natur eta kultur ondarearen funtsezko osagaia dela eta gizakien ongizatea eta europar identitatea bermatzeko mesedegarria dela», hiri- nahiz landa-inguruneetan, eskualde degradatu nahiz kalitate handikoetan, aparteko edertasunagatik ospetsu diren eremuetan nahiz arruntagoetan. Paisaia, beraz, lurraldearen funtsezko alderdi bat da, eta, ondorioz, funtsezko atal bat lurraldea antolatzean.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren helburua da paisaia lurralde-ordenamenduan sartzea, paisaiaren dimentsioa esplizituago eginez lurraldean eragina duen elementu gisa, eta barne hartuz lurraldean eragina duten eta administrazio publikoei euren eskumenak betez garatzea dagokien ekintzen koordinazioa ziurtatzeko behar diren irizpideak eta prozedurak. Paisaiaren ekintza-planak daude aipatutako dekretuaren 3. artikuluan jasotzen diren paisaia babesteko, kudeatzeko eta ordenatzeko tresnen artean, eta, 6. artikuluaren arabera, aldiz, kudeaketa-tresnak dira planok, eta paisaia babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko jardueren arloan egin beharreko ekintzak zehazten dituzte, paisaiaren katalogoetan eta paisaiaren zehaztapenetan oinarrituta.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak paisaia udal-ekintzaren arloetan sartu du berriro, lurraldea antolatzeko programaren helburuen artean. Helburu hori lortzeko, aurreko ekitaldietan esleitutako paisaiaren ekintza-planak bete behar dira, eta dirulaguntzei buruzko beste agindu bat izapidetu behar da. Paisaia desberdinei balioa ematea da asmoa, baina, aurreko deialdian bezala, balio handiagoa emango zaie antolatzea behar duten eskualde narriatu eta degradatuetan kokaturiko planei, eta, bereziki, XX. mendeko bizitegi- eta industria-garapenetan kokaturikoei.

Bestalde, aipatzekoa da dirulaguntza horiek Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko ekainaren 2ko Aginduaren bidez onartu zen 2021-2024 aldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota daudela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eskatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Zehazki, 1. helburu estrategikoan daude jasota, «Lurralde-plangintza bultzatzea, lurralde kohesionatu eta inklusiboaren oinarriak ezartzeko», «Herri eta hiri inklusibo, seguru, erresiliente eta jasangarriak lortzea, ezein pertsona edo leku ez dadin atzean geratu» ardatzaren barruan.

Azkenik, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 10.2 artikuluaren d) apartatuaren arabera, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari dagokio paisaiaren antolamendua eta babesa bultzatzea, lurralde-antolamenduko tresnen alorrean. Horretaz gain, honako hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza eta dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenak; hau

  1. Agindu honen xedea da paisaiaren ekintza-planak prestatzeko oinarri arautzaileak ezartzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako dirulaguntzak emateko deialdia egitea. Lehia-konkurrentziako prozeduraren bidez emango dira dirulaguntzok.

  2. Entitate onuradunek paisaiaren ekintza-plana egingo duen kanpoko taldea kontratatzearen ondoriozko gastuak finantzatuko dira.

    Ondore horietarako, entitate onuradunek diruz lagundutako lan guztiak kontratatu ahal izango dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.7 artikuluan ezarritako mugekin.

  1. Paisaiaren ekintza-planak (PEP) paisaia kudeatzeko eta antolatzeko esku-hartze tresna modura eratzen dira. Lurralde-eremu jakin batera mugatuko dute jarduera, eta lurralde-arloko helburu eta ekintza zehatzak izango dituzte.

  2. Ekintza-planek eduki hauek izango dituzte, gutxienez:

    1. Paisaiaren arazo eta gatazka zehatzen identifikazioa.

    2. Planaren eremuaren mugapen grafikoa.

    3. Diagnostikoa. Paisaiaren eta paisaia-dinamiken analisia.

    4. Lortu nahi diren paisaia-kalitateko helburuak eta espero diren onurak (sozialak, kulturalak, paisaia-arlokoak, etab.).

    5. Jarduketa-programa. Jarritako helburuak eta onurak bermatzeko behar diren ekintza zehatzen deskribapen idatzi eta grafikoa. Jarduketen kronograma globala edo lehentasun-ordena eta haien kostu aurreikusia.

  3. Irizpide hauetakoren baten edo batzuen arabera esku hartu beharko dute paisaiaren ekintza-planek:

    1. Antolatu beharra duten narriadura- edo degradazio-egoeragatik:

      1.) XX. mendeko bizitegi-garapenak (paisaia-irudia, fatxadak hobetzeko ordenantzak, urbanizazio-baldintzak, eraikitzeko baldintzak, bestelako garapenekiko harremana, arintze-eremuak...).

      2.) XX. mendeko industria-garapenak (paisaia-irudia, fatxadak hobetzeko ordenantzak, urbanizazio-baldintzak, eraikitzeko baldintzak, bestelako garapenekiko harremana, arintze-eremuak...).

      3.) Hiri-landaren trantsizioko aldirietako lurraldeak, hiri-ertz, ibai eta itsasbazterreko lurraldeak (hiri-, ibai- eta itsas fatxadak).

      4.) Azpiegiturek eragindako eremuak (komunikazio-bideak, telekomunikazioak, antenak, haize-parkeak...).

    2. Babestu beharra duten paisaia-balio zehatzengatik:

      1.) Hirikoa-Naturala. Paisaia arraro edo mehatxatu gisa duen berezitasun, hauskortasun edo adierazgarritasunagatik (hiri-silueta, mendien gailur-lerroa, begiratoki diskordanteak...).

      2.) Ikusizkoa. Herritarren begien bistan dauden guneak izateagatik (lurraldearen goialdeak, atzeko planoak, begiratokiak, mugikortasuna eta interesguneen interkonexioa).

      3.) Kulturala. Eremu funtzionalaren identitatea eratzeko erabakigarria izateagatik (sinboloak, irudi adierazgarriak, berariazko nortasun-elementuak).

  4. Nolanahi ere, eragile publiko zein pribatuen eta eraginpeko herritarren parte-hartzea ziurtatu beharko da paisaiaren ekintza-planak lantzeko prozesuan.

  5. Diruz lagunduko den jardueraren barruan egiten diren lanak 2021eko ekitaldian hasi beharko dira, eta lan horien ondorioz sortzen diren gastuak gauzatzeko epemuga 2022ko azaroaren 30a izango da.

  1. Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

  2. Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez arautzen da: Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa PLATEA onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez. Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea ere aplikatu behar zaio izapidetze elektronikoari.

  3. Erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak izapidetzeko zehaztapenak https.//www.euskadi.eus/zerbitzuak/1029706 helbidean eskura daitezke. Eskaera-inprimakia ere helbide horretan eskuratu ahal izango da.

  4. Eskabidea elektronikoki aurkeztu ondorengo izapideak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

    Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  1. Dirulaguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta Arabako udalerrien kontzejuek, baina udal eta kontzeju bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du, eta paisaiaren ekintza-plan bakar bati egin beharko diote erreferentzia.

  2. Arabako udalei eta kontzejuei dagokienez, paisaiaren ekintza-planaren xedea ezingo da bat etorri; horrenbestez, hori gertatzen bada, puntu gehien lortzen duen proiektuak baino ez du dirulaguntzarik jasoko, betiere agindu honen 10. artikuluan aurreikusitako balorazioari jarraikiz.

  1. Agindu honetan araututako dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako mota bereko laguntzei edo dirulaguntzei lotuta izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

  2. Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskatzeko, entitate eskatzaileek ezingo dute izan dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat.

  3. Halaber, ezingo dute dirulaguntzarik eskuratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusten den egoeraren baten eraginpean daudenek. Egoera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. apartatutik 6.era bitartean ezarritakoa, eta egoera bakoitzerako ezarritako irismena izango dute.

  4. Ezin dira onuradun izan 2017., 2018. eta 2019. ekitaldietan dirulaguntza jaso duten entitateak, ez badiote berariaz uko egin.

Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako titularrari dagokio agindu honen arabera emango diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako printzipioei egokitu beharko zaizkie.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

  2. Bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1029706

  3. Udal edo kontzeju batek bi eskabide edo gehiago aurkezten baditu, sarrera-erregistroaren arabera lehenik aurkeztu duena baino ez da kontuan hartuko, eta baztertu egingo dira gainerakoak.

  4. Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Era berean, prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

  5. Aurkeztu beharreko dokumentazioan honako atal hauek jasoko dira:

    1. Ekintza-planaren proiektua:

      Proiektuaren azalpen-memoria, eremuaren arazoa argi eta garbi azalduta, eta proposamena 2.3 artikuluan zehaztutako irizpideetara egokitzen dela dioen justifikazioa barne dela, eta adieraziko da horietako zeini eragiten zaion.

      Ekintza-planaren bidezko esku-hartzearekin lortu nahi den paisaia-kalitatearen onura eta helburu orokor eta espezifikoen gaineko memoria, baita egin beharreko ekintza zehatzak eta lehentasunezkoak ere.

      Paisaiaren planaren prestaketa-prozesuko parte-hartze eta genero-metodologia, udalerri motara eta tamainara egokituta.

    2. Ekintza-plana idazteko egutegia.

    3. Ekintza-plana idazteagatiko ordainsarien aurrekontua, BEZa xehatuta.

  6. Horrez gain, betebehar eta egoera hauek egiaztatzen dituen erantzukizunpeko adierazpena erantsiko zaio eskabideari:

    1. Jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu dizkiela beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuei, eta, kasuan-kasuan, jaso dituela.

    2. Entitate eskatzailea ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez izatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezartzen den legezko debekurik.

    3. Eskaera egitean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

      Eskabideak berekin dakar baimena, organo kudeatzaileak ofizioz eta behar bestetan egiaztatu dezan dirulaguntza eskatzen duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela.

      Erakunde eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela ematen baimenik ofizioz egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen, organo eskudunek egindako ziurtagiri administratibo positiboen bidez egiaztatu beharko du.

    4. Eskabidean eta erantsitako agirietan jasotzen diren datuak egiazkoak izatea.

  7. Erakunde eskatzaileek eskabidearekin batera eman beharreko erantzukizunpeko adierazpenean adieraziko dute ez daudela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko edo bukatzeko dagoen inongo itzultze- edo zigor-prozeduratan. Prozedura horietako batean baldin badago, zehaztu egin beharko du zeinetan.

Eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo dokumenturen bat falta dela ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta hamar egun balioduneko epea emango, akatsa zuzendu dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.

Akatsak zuzentzeko betebeharra bide elektronikoz jakinaraziko da. Jakinarazpenak kontsultatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalera jo behar da. https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean interesduna ez bada edukian sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukian sartzea.

Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak igorriko dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabidean adierazitako telefonoetara edo helbide elektronikoetara. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

  1. Balorazio-epaimahai bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta egiaztatzeko; honela osatuta egongo da:

    1. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako titularra, zeina mahaiburu izango baita.

    2. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako Lurraldearen Antolamendurako eta Plangintzarako Zerbitzuko buruzagitzaren titularra.

    3. Zuzendaritza horretako arlo teknikoko arkitekto bat; idazkari jardungo du.

  2. Abstentzio-eskubidea eta errekusatze-eskubidea bermatze aldera, erakunde eskatzaileei balorazio-epaimahaiko kideak nortzuk diren jakinaraziko zaie bitarteko elektronikoetatik, epaimahaia eratzen denean.

  3. Epaimahaiak bere proposamena igorriko dio Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzako titularrari, baina lehenago eskabide bakoitza aztertu eta egiaztatuko du hurrengo artikuluan ezarritako esleipen-irizpideen arabera.

  1. Hauek dira dirulaguntzak esleitzeko irizpideak, eta irizpideon gehieneko puntuazioak:

    1. Aurkeztutako ekintza-plana 2.3 artikuluan ezarritako irizpideetara egokitzea gehienez 6 puntu.

      Horretarako, lehentasuna izango dute aipatutako artikuluan zehazten diren ordena berean:

      Gehienez 6 puntu a.1) irizpidearentzat.

      Gehienez 6 puntu a.2) irizpidearentzat.

      Gehienez 3 puntu a.3) irizpidearentzat.

      Gehienez 2 puntu a.4) irizpidearentzat.

      Gehienez 2 puntu b.1) irizpidearentzat.

      Gehienez 2 puntu b.2) irizpidearentzat.

      Gehienez 2 puntu b.3) irizpidearentzat.

    2. Ekintza-planaren bidez lortu beharreko helburuak eta adierazitako arazoak konpontzeko proposatutako ekintzak. Inpaktua eta izan daitekeen paisaia-hobekuntza 3 puntu.

    3. Eragile publiko zein pribatuen eta herritarren parte-hartze prozesua diseinatzea. Proposatutako metodologiaren kalitatea eta jardun-eremura egokitzen den 1 puntu.

  2. Aipatu proposamenak lehentasunak ezarriko ditu diruz lagundu nahi diren eskabideen artean, zehaztutako irizpideetarako aurreko atalean ezarritako puntuazioaren arabera ezarri ere. Honako hauek adieraziko ditu: onuradun proposatutako udala edo kontzejua; diruz lagunduko den proiektua, eta proposatutako zenbatekoa aurrekontu-kreditua amaitu arte. Halaber, ukatzeko diren eskabideen zerrenda eta horretarako arrazoiak ere jasoko ditu.

  3. Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, 2. artikuluko 3. apartatuan ezarritako ordenaren arabera puntu gehien lortu dituenaren alde hautsiko da.

  4. Ez dira diruz lagunduko balorazio orokorrean 5 puntu baino gutxiago jaso duten eskabideak.

  1. Balorazio-epaimahaiaren proposamena ikusi ondoren, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzako titularrak ebazpena eman eta jakinaraziko du hiru hileko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Balorazio-fasean erdietsitako puntuazioaren arabera esleituko ditu dirulaguntzak ebazpen horrek, handienetik txikienera, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte; orduan, gainerako eskabideak ukatuko ditu, eta dirulaguntza jasoko duten udal edo kontzejuak, diruz lagundutako proiektuak eta emandako zenbatekoak zein diren adieraziko. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatzearen arrazoiak adieraziko ditu. Aipatutako ebazpena, jakinarazpen ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara; era berean, informazio ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean argitaratuko da.

  2. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

  3. Gehieneko epea inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

  4. Ebazpenak elektronikoki jakinaraziko dira «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean onuradunek dirulaguntzari beren-beregi uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du (agindu honetako 11.1 artikuluarekin bat etorriz egingo da jakinarazpena).

  2. Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

  3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen karietara jasotako dirulaguntzei buruz.

  4. Dirulaguntza hauek kudeatzen dituen zuzendaritzari aditzera ematea edozein administraziok edo ente publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste dirulaguntza edo laguntzak lortu izana, eta adieraztea, halaber, organo emailea eta laguntzaren zenbatekoa zein diren; hamar egun balioduneko epea egongo da horretarako, inguruabar horren berri izaten denetik aurrera.

  5. Administrazioarekin kontratatzen eta hitzartzen edo harengandik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako betebeharrak onartzea. Horietan ezarritakoa betez, sexuaren arabera bereizitako datuak izan behar dituzte, hizkera ez-sexista erabili, beren zuzendaritza-organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatu eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluak emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez ezarritako printzipio orokorrak errespetatu.

  6. Egindako paisaiaren ekintza-planak agirian bertan adierazi beharko du izaera publikoko finantzaketa duela, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren dirulaguntza; jarduerarako karteletan eta testuetan Eusko Jaurlaritzaren korporazio-irudia eta sailaren izena agertu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoarekin bat. Halaber, paisaiaren ekintza-plana eskuragarri egon beharko da diruz lagundutako erakundearen webgunean.

    2.2 artikuluan aipatzen den paisaiaren ekintza-plana 2.5 artikuluan ezarritako data baino lehenago aurkeztea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da; betiere, dirulaguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Baldin eta zerbitzu-sarien behin betiko kostua txikiagoa bada dirulaguntza ematean aurreikusitako aurrekontuan jasotakoa baino, proportzioan murriztuko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, orduan, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriaren gainean aplikatuko da.

Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du erakunde onuradunak, baldin eta dirulaguntza eskatu eta eman zitzaion xederako erabiltzen ez badu, dirulaguntzari dagokion jarduera egiten ez badu, dirulaguntza intereseko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, oro har, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, agindu honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak. Hala badagokio, jaso duen diru-zenbatekoa itzuli egin beharko du, sortutako berandutze-interesekin batera, dirulaguntzen arloan aplikagarri denaren arabera, eta, dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

  1. Paisaiaren ekintza-planak idazteko zerbitzu-sarien % 90 lagunduko da diruz, planeko 30.000 euro gehienez, dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte, betiere. Baina BEZa edo bestelako zergak ez dira inola ere diruz lagunduko.

  2. Diruz laguntzekoak diren gastuei Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua aplikatuko zaie.

Agindu honen bidez deitzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste ente publiko edo pribatu batzuek helburu bererako egindako deialdietako bestelako dirulaguntza edo laguntza batzuekin eta bestelako diru-sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta laguntza horien xede den jarduerarako jasotzen diren laguntza guztiek gainfinantzaketarik eragiten ez badute. Kasu horretan, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio deialdi honen bidez emandako dirulaguntzari.

Orotara, 300.000 euro bideratuko dira dirulaguntzak emateko; horietatik, 100.000 euro 2021. urteari dagozkio, eta 200.000 euro 2022. urteari.

Udal eta kontzeju onuradunek justifikatu egin beharko dute jasotako dirulaguntza, ezartzen diren datak baino lehen, dokumentazio hau aurkeztuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean.

  1. 2021eko azaroaren 30era bitartean:

    Diagnostiko-dokumentua, agindu honen 2.2 artikuluan aipatzen dena.

  2. 2022ko azaroaren 30era bitartean:

    Paisaiaren ekintza-plana, agindu honen 2. artikuluan aipatzen dena.

    Ordaindutako zerbitzu-sarien ziurtagiria, udal-idazkariak emandakoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30.4 artikuluan jasotako baldintzak egiaztatzekoa. Guztizkoa bi zatitan banatuko da, entrega-faseekin bat eginez; lehena, diagnostiko-fasearekin, eta bigarrena, paisaiaren ekintza-planarekin. Guztizkoan nahiz zatietan, ordaindutako BEZa adieraziko da.

    Paisaiaren ekintza-plana eskuragarri dagoen udal esteka jakinaraztea.

  1. Emandako dirulaguntza bitan ordainduko da, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzaren titularraren ebazpen bidez, zuzendaritza horretako zerbitzu teknikoek agiriak agindu honen 2. artikuluan eskatutako edukira egokitzen direla egiaztatu ondoren. Ordainketa-egutegi honi jarraituko zaio:

    Lehen ordainketa, emandako dirulaguntzaren heren batekoa, 19.a) artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu ondoren.

    Bigarren ordainketa, azkena, emandako dirulaguntzatik jasotzeko dagoen zenbatekoari dagokiona, dirulaguntza justifikatu ondoren; horretarako, 19.b) artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

  2. Ez da inolako ordainketarik egingo erakunde onuradunak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez baditu edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 8a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

  1. Eskabidearekin batera aurkeztu behar den ekintza-planak, ahal dela, gehienez 10 orri (DIN A-4) izango ditu dokumentazio idatzirako, 5 orri argazkietarako eta 5 plano grafikoetarako. 7.5.a) artikuluan adierazitako gutxieneko edukian, jarduketa-eremua, arazoak eta lortu beharreko helburu nagusia zehaztuko dira. Era berean, plana egiteko prozesuan, parte-hartze eta genero-metodologia udalerri motara eta tamainara egokituko dira.

  2. Paisaiaren ekintza-planaren diagnostikoan, paisaiaren analisia eta paisaiaren dinamikak jasoko dira. Erreferentzia gisa, honako eduki hau jasotzea proposatzen da:

    1. Planaren esparruaren mugapen grafikoa (paisaiaren ikuspuntutik justifikatu beharko da). Azterketaren eskala, ahal dela, ez da izango 1:1.000 baino handiagoa.

    2. Paisaiarekin lotutako arazo eta gatazka zehatzen identifikazioa, gaur egungo egoera eta paisaiaren ezaugarriak eta dinamika aztertuz, baita eragiten dion araudia ere. Azalpena laburra izatea eta argazkiak edo planoak gehitzea gomendatzen da.

    3. Diagnostikoa, aztertutakoaren ondorioekin.

    4. Parte-hartze publikoa a) eta b) apartatuei gehitu ahal izango zaie, edo, bestela, memoria bat erantsi ahal izango da, honako hauek azalduta: parte hartzeko metodologia eta egitura; parte-hartzearen eta planaren egutegien arteko erlazioa; parte-hartzaileek paisaiari buruz egiten duten balorazioa; genero-ikuspegia; eta fase honetan egindako ekarpenak.

  3. Paisaiaren ekintza-planean (gutxieneko edukia 2.2 artikuluan dago jasota), proposamenak, ekintzak eta kokalekua zehaztuko dira, diagnostikoan oinarrituta. Plana kudeaketa-dokumentu bat izango da. Ahal dela, gehienez 100 orri (DIN-A4) izango ditu dokumentazio idatzirako eta 25 plano dokumentazio grafikorako. Erreferentzia gisa, honako hau jasotzea proposatzen da:

    1. Diagnostikoaren laburpena, non egindako analisiaren ondorioak azalduko baitira.

    2. Bete nahi diren paisaia-kalitateko helburuak eta lortzea espero den onurak, diagnostikoan azterturiko alderdiekin duten lotura azalduz. Jarduketen etorkizuneko egoera proposatuko da.

    3. Ekintza-programa. Lortu nahi diren helburuak eta onurak bermatzeko behar diren ekintza espezifikoen deskribapen idatzia eta grafikoa egingo da, eta halaber zehaztuko dira haien lehentasuna, jarduketen kronograma globala eta kostu zenbatetsia, tartean diren organismoak, finantzaketaren eta dirulaguntzen lerroak. Horrez gain, ezarritako helburuak betetzeko jarraipen-adierazleak proposatuko dira.

    4. Informazio hori guztia labur jasotzen duten fitxak, aldez aurretik gauzatu diren antzeko esperientzien irudiekin batera, erreferentzia modura.

    5. Parte-hartze publikoari dagokionez, sortutako ekarpenak eta antolatutako jarduerak azalduko dira.