Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko ekainaren 8koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, Bilboko udalerriko Txurdinagan babes sozialeko 12 etxebizitza alokairu-erregimenean esleitzeko prozedura hasten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 128
  • Hurrenkera-zk.: 2575
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/06/08
  • Argitaratze-data: 2020/07/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lehenengoa. Etxebizitza hauen esleipen prozedurak Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen duenari jarraituko dio. Izan ere horrela ezartzen du Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluak. Sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak aldaketak izan ditu (batik bat alokairuko etxebizitzen esleipen prozedurari dagokion atalean) 2020ko urtarrilaren 20an EHAAn argitaratu zen dekretuak eraginda (210/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, Kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa).

Bigarrena. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Bilboko Udaleko alkateak 2013ko uztailaren 23an lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, Bilboko udalerrian, Iturrigorri, Gardeazabal, Armotxabidea, Peñaskal bidea, Arangoitiko eta Txurdinaga alorretan, babes ofizialeko etxebizitzen sustapena arautzeko. Aipatu hitzarmenaren seigarren atalean sailak hitz ematen du sustapen horietan Bilboko Udala bakarrik joko duela udal interesduntzat.

Hirugarrena. 2009ko otsailaren 12ko Etxebizitza eta Arkitektura zuzendariaren Ebazpenaren bidez behin betiko kalifikazioa jaso zuten sustapen horretako lehen faseko 33 etxebizitzek (EB2-0893/05-EE-000 espedientea). Ondorengo fase batean, 2019ko ekainaren 1eko Etxebizitza eta Arkitektura zuzendariaren Ebazpenaren bidez babes sozialeko behin betiko kalifikazioa eskuratu zuen Bilbao udalerriko Txurdinaga auzoan Eusko Jaurlaritzak sustatutako 12 babes ofizialeko etxebizitzako sustapenak, zeina 2020ko urtarrilaren 29ko ebazpenaren bidez osatu baitzen.

Laugarrena. Lehengo faseko 33 etxebizitzak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko ekainaren 6ko Aginduaren bidez esleitu ziren, Agindu horren bidez, Bilboko udalerriko Txurdinaga aldean, 45 etxebizitza sozial esleitzeko hautaketa-prozesua hasi zen eta hainbat zehaztasun finkatu ziren. Agindu honen bidez, berriz, gainerako 12 etxebizitzak esleituko dira. Esleipen prozedura honen espediente zenbakia EB2-0893/05-EE-001 da.

Bosgarrena. Alokairuan esleituko diren 12 etxebizitza horietako 4, logela bakarrekoak dira eta 41,11 m2 eta 58,00 m2 bitarteko azalera dute. Gainontzeko 8 etxebizitzak bi logelakoak dira eta 41,21 m2 eta 58,55 m2 bitarteko azalera dute. Etxebizitzak lagatzeko erregimena alokairua izango da, eta xedapen-zatiaren bosgarren atalean azaltutako kupotan banatuko dira.

Lehenengoa. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari dagokio honako agindu hau ematea, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen denaren arabera, eta Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokia esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduko (hemendik aurrera 2012ko urriaren 15eko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Agindua) 48. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Bigarrena. Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak (Kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa) azken xedapenetako zazpigarren artikuluko 4. puntuan aldatzen du 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluko III. kapitulua non arautzen baita alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien esleipen prozedura. Dekretuak 2012ko urriaren 15eko Aginduan 47 bis artikulua txertatzen du eta bertan esaten denez, sustapen guztietan kolektibo jakin bati berariaz bideratutako autonomia-erregimeneko zuzkidura-bizitokien kasuan salbu, etxebizitza kupo batzuk gordeko dira honako kolektibo hauen premiei erantzuteko: desgaitasunen bat duten pertsonak, gutxienez titularretako bat 36 urtetik beherakoa duten bizikidetza-unitateak, etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak eta gainerako eskatzaileak edo kupo orokorra. Kupoek 47 bis artikuluko 5. puntuan aipatzen diren ehunekoak errespetatu behar dituzte.

Hirugarrena. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluak, egungo erredakzioan, esaten du etxebizitzak 47 bis artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera banatuko direla etxebizitza eskatzaileen artean, hots, kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoaren arabera betiere prozeduran onartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituz. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du, honakoa kontuan izanik: eskatzaileen diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide kopurua, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan duten antzinatasuna, eta etxebizitza-premia berezia.

Bizikidetza-unitateko kide-kopuruagatik ematen den puntuazioa bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta sustapeneko etxebizitzek duten logela-kopuruaren arabera emango da. Hala, logela bateko etxebizitzetarako: puntu 1 emango zaie bi kidek osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. 2 logelako etxebizitzetarako: 3 puntu emango zaizkie hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei, puntu 1 bi kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Azkenik, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta puntu 1 hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.

Laugarrena. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du etxebizitza bat noiz den egokia, bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta esleitu beharreko etxebizitzak dituen logelen arabera.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

Lehenengoa. Bilboko udalerrian, Txurdinagako Txomin Garat eremuan, babes sozialeko 12 etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematea, espediente zenbakia EB2-0893/05-EE-001 izanik.

Bigarrena. Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko erregimena alokairua izango da.

Hirugarrena. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak egokitzapenaz dioenari jarraituta, sustapen honetan ezin izango dute parte hartu 4 kide baino gehiagok osatutako bizikidetza unitateek.

Laugarrena. 12 etxebizitzen esleipen prozedura honetan agindu hau argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa Bilboko udalerrian edo Bilbo Metropolitarreko udalerriren batean izen emanda daudenek parte hartu dezakete betiere honako baldintzak betetzen badituzte:

  1. Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko titularretako bat Bilboko udalerrian erroldatuta egon beharko da gutxienez urte beteko antzinakotasuna duela (etenik gabe eta gaur egun bertan erroldatuta) prozedurari hasiera emateko agindu hau argitaratzen den egunean. b) 2018. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 25.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Baldintza egiaztatzeko izen ematearen titular guztien diru-sarreren batura kontuan hartuko da. Mugikortasun murriztua duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko, ez eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa onartuta daukaten eskatzaileek. c) Etxebizitza jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean ez eduki izana agindu hau argitaratzen den eguneko aurreko bi urteetan. 2012ko urriaren 15eko Aginduko 9. artikuluan jasotako etxebizitza premiaren baldintzaren salbuespenak ezarriko dira.

    Bosgarrena. Txurdinagako 12 etxebizitza hauek banatuko dira kupo hauek errespetatuko direlarik.

    4 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 33,33) bizikidetza-unitatearen titularretako bat gutxienez 36 urtetik beherakoa den kasuei esleituko zaizkie. 3 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 25,00) etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonen artean esleituko dira. 3 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 25,00) etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean esleituko dira. 2 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 16,66) gainerako eskatzaileen artean (kupo orokorra) esleituko dira. Kupo hauetako bateko etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira etxebizitza horiek handitu egingo lukete kupo orokorrera bideratutako etxebizitzen kupoa.

    Seigarrena. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 47 bis 2. artikuluak esaten duenari jarraituz, hainbat kolektibotako kide diren pertsonak edo bizikidetza-unitateak, etxebizitzen kopuru handiena duen kupoko taldera sartuko dira.

    Zazpigarrena. Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute 2020ko uztailaren 6tik 30ra bitartean (biak barne) hauetako bide baten bitartez:

    Telefonoz: Etxebideko webgunean http://www.etxebide.euskadi.eus argitaratuko den telefono zenbakira eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula) argitaratuko den telefono-zenbakira deituta. Postaz: Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, kale Nagusia 85-6. solairua, 48011 Bilbao. Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.

    Zortzigarrena. Onartutako eskaerak hurrengo lerroetan jasotako barematzeko irizpideen araberako puntuazioa jasoko dute Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz.

  1. Diru-sarrerak:10 puntu emango zaizkie 0 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 15.001 eta 25.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 25.001 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei. b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, sustapeneko etxebizitzen logela kopurua hartuko da kontuan. Logela bakarreko etxebizitzak: puntu 1 emango zaie 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie 3 kide dituzten bizikidetza-unitateei, puntu bat 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Hiru edo lau logelako etxebizitzak: 7 puntu emango zaizkie 6 kide edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateei, 5 puntu 5 kide dituzten bizikidetza-unitateei, 3 puntu 4 kide dituzten bizikidetza- unitateei eta puntu bat 3 kide dituzten bizikidetza-unitateei. c) Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan: puntu 1 emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere. d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonei dagokienez, 4 puntu emango zaizkie hori egiazta dezaketen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; 8 puntu emango dira gehienez ere.

    Bederatzigarrena. Kontuan izango den baremazioa agindu hau argitaratzen den egunekoa izango da. Berdinketa kasuan, antzinatasun handiena duen eskaeraren aldeko ebazpena emango da eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenengo sartu zena aukeratuko da.

    Hamargarrena. Sustapen honetako logela bakarreko etxebizitzak gehienez 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie, bi logelako etxebizitzak esleitzerakoan gehinez 4 kideko bizikidetza unitatei esleituko zaizkie; 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluaren arabera, zeinak etxebizitza egokiaren baldintzak arautzen dituen.

    Hamaikagarrena. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluaren idazketa berriaren arabera, etxebizitzak esleitzeko orduan, 47 bis artikuluan aipatzen diren kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena hartuko dira kontuan, betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatuz.

    Hamabigarrena. Esleipena amaitutakoan, prozeduran dauden kupoak bezainbeste itxarote-zerrenda egingo dira, parte hartu bai baina etxebizitzarik eskuratu ez dutenak egongo direla barruan. Itxaron zerrendak amaitu ondoren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluak ezarritakoari jarraituko zaio esleipenak egiteko.

    Hamahirugarrena. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

    Hamalaugarrena. Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

    Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 8a.

    Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

    IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik