'Adineko pertsonen egoitzak: abusuzko klausulak kontratazioan' kanpainaren emaitzak

Helburua

Zerbitzuaren edo zerbitzuen kontratazioan erabilitako kontratazio-dokumentuek abusuzko klausularik ez dutela ziurtatzea.

Gauzatze-datak

Kanpaina 2017. eta 2018. urteetan egin da.

Egindako jarduketak

Jarduketak bizitoki iraunkor izatera bideratuta dauden eta adineko pertsonen arreta-zerbitzu integral eta jarraitua ematen duten egoitzetan egin dira (ez eguneko zentro, apartamentu babestu eta etxebizitza komunitarioetan), egoitza horiek zerbitzua modu pribatuan eman zuten heinean. Itunpeko egoitzen laginketa ere egin da, baina betiere bezeroen profila “erabat pribatua” den kasuetan; hau da, egonaldiaren kostua ez osorik, ez zati bat, funts publikoen bidez ordaintzen ez den kasuetan.

Egoitzei dokumentazio-errekerimendua egin zaie (kontratua eta barne araudia eskatu zaizkie) eta igorri dituzten dokumentuak aztertu dira, egiaztatzeko ea kontratu horietan abusuzko klausularik baden ala ez.

Kanpainarako egoitzen esleipena bi irizpideren arabera egin da:

  1. EAEn zentro bat baino gehiago dituzten adineko pertsonen egoitzak.
  2. Plaza-kopuru esanguratsua duten egoitzak.

Lurraldeka, honela banatu da zentroetako kontratu-ikuskapena:

  • Araba: 4 egoitza
  • Bizkaia: 8 egoitza
  • Gipuzkoa: 4 egoitza

Lortutako emaitzak

16 egoitza horietan, bina kontratu aztertu dira; beraz, 32 kontratu aztertu dira guztira.

Kontratuetan abusuzko klausulak dituzten zentro-kopurua: 15

Jarraian, kontratuetan topatu diren abusuzko klausulak zehazten dira, maiztasunaren araberako beheranzko hurrenkeran.

1. Prezioen berrikuspena KPIren igoera ez den indize bati lotzea

Gehien errepikatu den abusuzko klausulan, prezioen berrikuspena egiteko, legala ez den beste indize bat erabili da; hala, aztertutako kontratuetatik 10 egoitzaren kontratuetan agertu da hori (% 60,50).

Alde horretatik, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina onesten duen azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren (1/2007 LED) 85.10 artikuluak onartzen du prezioak indize baten arabera egokitzea, baldin eta indize horiek legezkoak badira eta kontratuan prezioaren aldaketa modua zehazten bada.

Hitzarmen kolektiboaren berrikuspenetik eratorritako soldaten gorabeherak, dagokion foru-aldundiak onartutako igoera, egoitzak hala irizten duenean tarifak aldatzea eta halakoak, ordea, ez dira egokitzen 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren 85.10 artikuluan jasotako preskripziora.

Abusua ez du prezioen igoerak eragiten, baizik eta klausula horretan dagoen gardentasun-falta baliatuta enpresariak arrazoi objektiborik gabe prezioak igotzeko aukera izateak; izan ere, kontratazioaren unean berariaz adierazi behar da eta kontratuaren klausuletan adierazita egon behar du zein mekanismo edo formula erabiliko diren prezioak igotzeko; erabiltzaileek hori jakin behar dute kontratuan beren oniritzia eman aurretik.

2. Kontsumitutako denboran goranzko biribilketa egitea

Kontsumitutako denboran egindako goranzko biribilketa. Klausula hori 9 egoitzatan aurkitu da (% 56,25)

1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren 87.5 bis. artikuluak adierazten du abusuzko klausulak direla “kontsumituriko denbora edo produktu edo zerbitzuen prezioa gorantz biribiltzea aurreikusten duten estipulazioak, edo egiazki erabili edo kontsumitu ez diren produktu edo zerbitzuak kobratzea aurreikusten duen beste edozein estipulazio”.

Alde horretatik, abusuzko klausulak dira kontratuetan aurkitu ditugun eta honako klausula honen antzekoak direnak: “egoitzak epea bete arteko falta diren egunei dagokion zenbatekoa kobratzeko eskubidea izango du”, “XXek YY EGOITZARI baja eman duen hilabeteko ordainketa osoa egingo dio, ordainketa proportzionala egiteko eskubiderik gabe” etab.

3. Egoitza-zentroak ardurarik ez hartzea edo ardura mugatua hartzea

Klausula mota hau 3 egoitzaren kontratuetan ageri da (% 18,75).

1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren 86.2 artikuluak abusuzko klausulatzat jotzen du honako hau: “Enpresaburuak kontatua betetzeari dagokionez duen erantzukizuna kentzea edo mugatzea, haren egite edo ez-egite batengatik kontsumitzaile eta erabiltzaileari kalteak, heriotza edo lesioak eragin zaizkionean”.

Kontratuetan topatu diren klausula hauek ere abusuzkoak dira: “Dirua, baliozko objektuak (hortzordeak, betaurrekoak, audifonoak, bitxiak eta abar) eta halakoak galduz gero, enpresa ez da horren arduradun egiten”.

Kontuan izanik egoitzetako erabiltzaileek ezinbestekoak dituztela betaurrekoak, audiofonoak, hortzordeak eta abarrak eguneroko bizimoduan, gerta daiteke objektu horiek ez narriatzea egoiliarren erruz, eta horrenbestez, zentroak “a priori” ezin du ardura bere erantzukizun-eremutik kendu eta kasu bakoitza banan bana aztertu behar da.

4. Egoiliarraren eskubideak mugatzea

Bi egoitzaren kontratuetan ikusi dira mota horretako abusuzko klausulak (% 12,50).

Pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta obligazioei buruzko 2002ko azaroaren 14ko 41/2002 Legearen oinarrizko printzipioetako bat da osasun arloko edozein jarduketa egiteko pazientearen baimena behar izatea, dituen aukeren artean aukeratzen lagunduko dion informazio egokia jaso ostean.

Honako hau joko da baimen informatutzat: pazientearen osasunerako oro har arrisku esanguratsuak dituzten prozedurak egin behar direnean (hala nola, ebakuntzak edo prozedura diagnostiko edo terapeutiko inbaditzaileak), pazienteari prozeduraren gaineko informazio ulergarria ematea behar adinako aurrerapenarekin, eta pazienteak espresuki adieraztea idatziz prozedura horiekin ados dagoela.

Horrenbestez, zentroari tratamenduaren inguruko beharrezko neurriak hartzeko baimena ematen dioten klausulak abusuzkoak dira, 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren 86. artikuluaren arabera: “Kasu guztietan, abusuzkoak izango dira kontsumitzaile eta erabiltzaileari xedapenezko edo aginduzko arauek aitortutako eskubideak mugatzen edo kentzen dizkioten klausulak [...]”.

Mota horretako klausulen eredu gisa, honako hau jaso dugu kontratuetan: “Bezeroak baimena ematen du, haren osasun egoerak hala eskatzen badu eta mediku-taldeak hala iritzita egoitzak haren tratamenduaren inguruan erabakiak hartzeko eta adostutako ospitalera eramateko, haren arreta eta zaintzarako egokien irizten den ospitalea hautatuta beti, eta bezeroak ordainduko ditu zentro edo instituzio horretarako joan-etorrietako eta/edo egonaldiko gastuak”.

5. Arbitrajea eta auzitegi eskudunak

Klausula hau egoitza baten kontratuan ageri da (% 6,25).

1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren 90.2 artikuluak ezartzen du “kontsumitzaile eta erabiltzaileak itunez espresuki adierazi behar izatea bere bizilekuaz, betebeharra betetzeko lekuaz edo ondasuna higiezina bada, dagoen lekuaz besteko epaile edo auzitegi bati menderatzen zaiola”. Ondore horietarako, egoiliarraren bizitokitzat hartzen da egoitza.

Egoiliarra dagokion eskumenari uko egitera behartzen duen klausula bat topatu da, erabiltzailearen bizilekuko auzitegiak ezarriz: “Eduki dezaketen edozein eskumeni uko eginez, kontratua sinatu duten alderdiak Madril hiriburuko Epaitegi eta Auzitegien mende egongo dira kontratu honen interpretaziotik edo betetzetik erator daitekeen edozein auzigai ebazteko.”

6. Egonaldiaren prezioa adineko pertsonaren eboluzio klinikoari lotuta egotea

Azkenik, bada beste klausula bat ere, zenbait egoeratan abusuzkotzat jo daitekeena baina kanpaina honetan zigortu ez dena, azterketa sakonagoa behar duelako. Klausula horretan, adineko pertsonaren eboluzio klinikoari lotzen zaio egonaldiaren prezioa.

1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren 85.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, honako klausula hauek abusuzkoak izango dira: “Enpresaburuari kontratua bere aldetik interpretatzeko edo aldatzeko ahalmena erreserbatzen dioten klausulak; betiere, aldatzearen kasuan, kontratuan zehazturiko arrazoi baliozkorik ez badago”.

Horrenbestez, prezioa egoiliarraren osasun-egoeraren arabera berrikusten bada, kontratuan argi zehaztuta egon behar du alderdi horrek. Dokumentazioak egoiliarraren eboluzioa eta eboluzioaren araberako zaintza-mailari dagokion prezioa identifikatzea ahalbidetuko duten irizpide/baremoak bildu beharko ditu.

Ondorioak

Etorkizuneko kanpainetan ere adin nagusiko pertsonen egoitzetako kontratuak kontrolatzen jarraitzea gomendatzen da, ziurtatzeko abusuzko klausularik ez dutela jasotzen. Arreta bereziz aztertu behar da kontsumitzaileei kontratuotan emandako informazioa eta, bereziki, egonaldiaren prezioa adineko pertsonaren eboluzio klinikoari lotzen dion klausula, klausula hori hurrengo jarduketetan aztertzeko geratu baita kanpaina honetan.

Azken aldaketako data: