Euskadi Lagunkoiaren VII. Jardunaldiak nazioarteko hizlariak eta Euskadiko Lagunkoiaren 2023ko Erronka (Partaidetza soziala eta herritartasun aktiboa) izan ditu ardatz.
Gaur, urriak 4, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Lagunkoitasunari buruzko Europako Jardunbide Egokien VII. Jardunaldia antolatu du Bilboko Guggenheim museoan, Matia Institutuaren laguntza teknikoarekin.
Nerea Melgosa sailburuak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak inauguratu dute jardunaldia. Melgosa sailburuak bere hitzaldian nabarmendu duenez, beharrezkoa da adinekoei erantzukizun eta protagonismo handiagoa ematea. "Funtsezkoa da adinekoak aldaketa-eragile bihurtzea, esperientzia, jakinduria eta gaitasunak dituztenak, guztien onurarako bidera daitezkeenak eta bideratu behar direnak", esan du.

Nerea Melgosak bere hitzaldian aldarrikatu duenez, "zahartzaroko herritartasun aktiboaren kontzeptua zahartze aktibotik abiatzen da eta ikuspegi zabalagoa eskatzen du pertsonen arteko berdintasuna integratzean, generoa, adina eta laguntza beharra edozein izanik ere".
Eusko Jaurlaritzak zahartze aktiboaren alde garatzen dituen estrategiak azaldu ditu Melgosak, hala nola Adinekoekiko Gobernantzaren Euskal Estrategia, 2019an abian jarria, edo Adinekoekiko Euskal Estrategia, 2021ean abian jarria. "Bi ekimen horiek aurre egin behar diete zahartzen ari den biztanleriak dakartzan erronkei, adinekoek bizitza publikoan parte-hartze aktiboa izatea bultzatzen dute, pertsona horiek erabaki sozial eta politikoak hartzean aintzat hartzea bermatzen dute, zahartze aktibo, osasungarri eta parte-hartzailea sustatzen dute, eta guztiontzako bizitza osoa eta gogobetegarria ziurtatzen dute", esan du sailburuak.
Nerea Melgosak erantzukizun publikoa azpimarratu du, "adinekoen errealitate berriari erantzuteko politikak, sistemak eta jarrerak egokitzeko", eta gogorarazi du, halaber, "adinekoekiko adiskidetasuna erantzukizun partekatua" dela.
Bestalde, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok adierazi duenez, "erakundeok proiektu berrietan pentsatzera eta pertsonen bizi-kalitate duina, aktiboa, osoa... nola bermatu pentsatzera behartuta gaude, zahartu ahala. Bilbon, adinekoen kolektiboaren erabateko parte-hartzea bultzatzeko erronka hartu dugu, haien beharrak, interesak eta itxaropenak kontuan hartuta ".

Zahartze esanguratsua eta jardunbide egokiak
Hitzordu horrek pertsona horien parte-hartzea sustatzeko eta balioesteko eskatzen diguten mezuak uzten dizkigu, pertsona guztiak barne hartzen direla sentitzen duten komunitate-inguruneak bultzatuz, pertsona bakoitzaren ibilbideari eta premia espezifikoei erantzuten dietenak.
Anja Machielse Humanismo eta erresilientzia sozialeko irakasle eta doktoreak adierazi bezala, "Komunitateko kide izatea eta talde bateko kide izatea, nortasun bat ematen dizu", eta gaineratu duenez, "parte-hartze soziala zahartze adierazgarriarekin lotuta dago, gure bizitzei zentzua eta asmoa bilatzeko. Guztion ongia desiratzea eta lotura iraunkorrak eta kalitatezkoak sortzea. "

Horretarako, ezinbestekoa da zahartzearen eta haren protagonisten narratiba sozial positiboagoa hartzea. Amsterdaneko Modestraat bezalako ekimenetan lantzen dute alderdi hori. Jarduera artistikoa eta belaunaldien artekoa uztartzen dituzte, adinekoak beren etxeetan eserita egoten diren pertsona gisa margotzen dituzten estereotipoak baztertzeko, bizitza pasatzen ikusten duten pertsona gisa, geranioei begiratu besterik egin gabe.
Begirada horren aurrean, Yayas Kusama bezalako artista urbanoen errebindikazioak adierazten du "arteak pertsona gisa eboluzionatzeko eta elkar gehiago ezagutzeko aukera eman digu. Emozioa sortzen digu, orain arte ezezaguna zen mundu batek irekitzen gaitu. Orain arte alde batera utzi ditugun haurtzaroko nahiekin ere lotzen gaitu. "

Bigarren mahaian, estatuko jardunbide egokiei buruzkoan, Bartzelonako Can70 eta Abadiñoko Zapatila proiektuak parte hartu dute. Lehenengo ekimeneko ordezkariek Bartzelonako etxebizitza kolaboratiboaren proiektua azaldu digute: "2015ean hasi ginen. Zahartze-proiektu kooperatibo publiko-komunitarioa da. Alderdi publikoari dagokionez, gure etxebizitza eraikiko dugun lurzorua udalarena izan dadin lan egin dugu. " Jarraian, Abadiño Lagunkoiako kideek aisialdi osasungarriaren eskaintza zabala erakutsi dute, zazpi ibilbiderekin Abadiñon oinez ibiltzeko eta bertako bizilagunen osasuna hobetzeko.
Ekitaldian gainera, Julian Arrate, Lekeitio Lagunkoiako kidea protagonista duen bideoa ikusi ahal izan genuen. "Ondarea" ekimenaren barnean sartzen den dokumental txikia da. Bere egunerokotasunean, herrian eta herritarrentzako burutzen dituen ekimenak biltzen ditu. 
Saileko zuzendari Marian Olabarrietak eman dio amaiera jardunaldiari, eta gogorarazi duenez, "bi hilabeteren buruan emango da Euskadi Lagunkoiaren 2023ko Jardunbide Egokien Saria. Ingurune lagunkoietan duten berrikuntzagatik eta eraginkortasunagatik nabarmentzen diren erakundeak aintzatestea izango da helburua.
Aurki topaketaren aurkezpenak gure webgunean eskegita ikusiko ditugu.