Gaur goizean, Andoaingo adinekoen foroa sortzeko lehen urratsa eman da. Topaketa gune bat sortzea izango du helburu nagusia, bizipenak, eskarmentua eta ezagutzak partekatzeko, gizataldeari eragiten dioten arazoak agerian jartzeko eta horien inguruan hausnartzeko.
Maider Lainez alkate eta Gizarte Zerbitzuetako lehendakariak azaldu duenez, ekimenaren abiapuntua Gizarte Zerbitzuen lansailean antzemandako beharrizana da, hau da, “adinekoen eskaerak eta nahiak biltzea, horrela gizatalde horri zuzendutako egitasmoek eta egitarauek harrera eta oihartzun hobea izango baitute”.
Aintzat izanik herritarren ia laurdenak 65 urte baino gehiago duela, Udalak foro hau bultzatzearen aldeko apustua egin du. Foro herritar beteranoenei eragiten dieten gaiak landuko ditu, egitasmoak sortzeko atea irekiko du eta Udalarekin solaskide izango da.
Alkateak azpimarratu duenez “oso garrantzitsua da adinekoak zaintzea, baina haien iritzia ere jakin behar dugu eta haien ekarpenak jaso behar ditugu”. Horregatik, foro batean parte hartzera gonbidatzen ditugu “foro horrek gizataldearen interes orokorreko gaiak jorratuko ditu, eta ez bertan ordezkatuta dauden elkarte, eragile eta partikularrenak”. 65 urtetik gorako edozein andoaindarrek har dezake parte eztabaida foro honetan. Izena emateko deitu 943 304 343 telefonora edo bidali e-mail bat gizartzerbitzuak@andoain.eus helbidera.
“Foro honek diseinatuko du zer egitasmo eta ekintza gauzatu behar ditugun Andoain egunetik egunera udalerri lagunkoiagoa, hau da, adiskidetsuagoa izan dadin” amaitu du Lainezek.