Osalanek ‘Autonomia Erkidegoen jarduketa eremu elektromagnetikoekiko esposizio potentziala duten enpresetan (EEM)’ izeneko txostena aurkeztu zuen
Joan den otsailaren 18an, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalak (LSOIN) Bilbon, eremu elektromagnetikoekiko esposizioari buruzko gida aurkezteko antolatu zuen jardunaldi teknikoan hamabi hizlari baino gehiagok parte hartu zuten. Aipatutako talde hau, gida egin duten lantaldeko kideek eta gai horretan adituak direnek -Osalaneko ordezkari bat euren artean- osatuta zegoen.
2019an LSOINek, `Lantokietan eremu elektromagnetikoekiko esposizioaren ondoriozko arriskuak ebaluatu eta prebenitzeko gida teknikoa´ izenburupean argitaratutako gidaren helburua, enpresari eta prebentzioko arduradunei, langileek, eremu elektromagnetikoekiko (EEM) esposizioarekin harremana daukaten arriskuei aurre egin diezaien, beren segurtasuna eta osasuna babesteari buruzko uztailaren 22ko 299/2016 Errege Dekretuaren interpretazioa eta aplikazioa erreztea da. Adierazitako arauak LSOINi zehazki, loteslea ez den gida teknikoa egiteko eta gaurkotuta mantentzeko agintzen dio, lantokietan eremu elektromagnetikoekin harremana daukaten arriskuak ebaluatu eta prebenitzeko. Loteslea izan ez arren, gida hau oso tresna garrantzitsua da hain konplexuak diren mota honetako arriskuak ebaluatu eta prebenitzeko.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak jardunaldian izan zuen parte-hartzea, Mª Nieves De La Peña Loroño prebentzio arduradunak aurkeztutako txostenean oinarritu zen. Ponentzia horren izenburua, ‘Autonomia Erkidegoen jarduketa eremu elektromagnetikoekiko esposizio potentziala duten enpresetan (EEM)’ izan zen. Bertan Osalanek, enpresetan eta instalazioetan eremu elektromagnetikoetatik datozen arriskuei buruz egiten dituen jarduerak eta lortutako emaitzak azaldu zituen. Adierazitako jarduera horiek, orokorrean, beste administrazio edo zerbitzu publikoentzat lagungarri izan direla esan zuen. Kasu askotan, osasunerako detektatutako arriskuak jende arruntarentzat gomendatutako balioen azpitik ere egon direla zehaztu zuen. Irrati-maiztasun eta mikrouhinen tartean eskatutako informazioa eskaintzen duten ekipoak lortzeko dauden arazoak ere aipatu zituen; izan ere, espektroa zabaldu ahala, jadanik dauden ekipoen erabilera mugatuta geratzen da.
Mª Nieves De La Peñak jardunaldiko ‘Eremu elektromagnetikoekiko lan-esposizioa. Esperientzia praktikoak' izeneko bigarren mahai-inguruan parte hartu zuen, Iberdrola S.A.ko Prebentzio Zerbitzuko Pedro Barrios Marcarekin batera. Aipatutako honek, ‘EEMekiko esposizioaren ebaluazioa sektore elektrikoan’ txostena aurkeztu zuen.
Iberdrolaren metodologia
Eremu elektromagnetikoekiko lan esposizioak elektrizitate eta telekomunikazioen sektoreetan eragin berezia dauka, nahiz eta industria askotan ere, osasunaren sektorea barne -zeinak esposizio handiak sortzeko gai diren diagnostiko ekipo ugari dituen-, eragin handia izan.
Iberdrolak, energia sortzeko eta banatzeko duen jarduerari esker, eremu elektromagnetikoetatik eratorritako lan arriskuei buruzko esperientzia praktiko zabala metatu du. Hori dela eta, bere parte-hartzea jardunaldian, horrelako arriskuei aurre egiteko erabiltzen duen metodologia, egindako neurketen emaitzak eta langileen osasunean eraginik izan ez dezaten ezarri dituen lan prozedurak azaltzen ardaztu zen.
Iberdrolako teknikarien ustez, eremu elektromagnetikoei (EEM) buruzko gidaren erabilgarritasun nagusietako bat, pimeei ebaluatzeko metodologia erreza eskaintzen diela da, zenbait kasutan ez delako neurketarik egin behar eta ondorioz, denbora eta kostuak aurrezten dituztelako. Nabarmendu dute ere arrisku partikularrak dituzten egoeren tratamendua ezartzeko, haurdun dauden emakumeen kasuak eta hainbat gailu mediko ezarrita daramatzaten langileen kasuak barne, ekarpen interesgarria egiten duela.
Ildo horretan, ikerketa prozedura bat prestatu du. Aipatutako honek, iturri igorleak identifikatzetik abiatuz, unean-unean prebentzio neurriak hartzea eragiten duten neurketa zuzenen sorta bere barne hartzen du. Horrekin batera, osasuna zaintzeko bere sistema korporatiboan, bereziki sentiberak diren langileentzako protokolo espezifikoaren aplikazioa sartu du.

