Martxoaren 15ean, osteguna, Urretxuko herria bisitatu genuen bertako lagunkoitasun maila eta talde eragilea ezagutzeko.
Topaketa horretan, Udaleko zein herriko kideekin elkartu ginen, guztira 8 pertsona: Garbiñe Alanbique, adin txikikoen pisuko hezitzailea; Arantxa Barrio eta Puri Plazaola, Cáritas taldeko kideak; Sakina Ouafa, Al Amal Emakume musulmanen taldeko ordezkaria; Pruden Baztarrika, GUESKE elkarteko kidea; Almudena Carrillo, gizarte langilea; Iñaki Arriaran, Gizarte Ekimeneko koordinatzailea, eta Jon Luqui, Alkatea.
Hilabetean behin egiten dituzte bilera hauek eta herria berritzeko egin daitezkeen ekimenak aztertzen dituzte. Jon Luqui alkateak dioenez, “Parte-hartzearen kontzeptuari balio handia ematen diogu. Jendearekin batera egiten ditugu aurrekontuak. Euren ekarpenak txertatzen ditugu eta proposamen horiekin zerrenda luze bat osatzen da. Horiek ondoren teknikariek aztertzen dituzte eta bideragarriak badira, aurrera ateratzeko aukera asko izaten dituzte. Hori bai, kontuan izan behar da aurrekontuak mugatuak direla eta horren arabera jokatzen dugula”. Topaketa honetan, diagnosian ikertu ziren 8 arloen inguruko errepasoa egin eta herrian egiten ari diren eta egingo diren berrikuntza eta egokitzapenen berri eman zuten.
Urretxu Lagunkoia taldearekin batera, herriko hainbat gune aztertu genituen eremu horietan egin daitezkeen egokitzapenak ikertu eta abian dauden proiektuak ezagutzeko; besteak beste, Iparragirre Plaza biziberritu, herriko argiztapena zein irisgarritasuna hobetu, zonalde industrialari konponbideak aurkitu, espaloi eta zebrabideen egoera aztertu…
Horrez gain, herrian hirugarren adinekoei zuzenduta abian daude hainbat ekimen, horien artean “Tipi-tapa” ibilaldi osasuntsuak arrakasta handia du. Taldeko kideak asteazkenero goizeko 11etan elkartzen dira ibilaldian parte-hartzeko.