IRURA LAGUNKOIA PUBLIKOKI ETA OFIZIALKI AURKEZTU ZEN PROPOSAMEN ZABAL BATEKIN

Argitalpen-data: 

IRURA LAGUNKOIA PUBLIKOKI ETA OFIZIALKI AURKEZTU ZEN PROPOSAMEN ZABAL BATEKIN

Aurkezpena Ana Leunda alkateak, Eguzki Txoko taldeko jubilatuek eta Matia Institutuko Ainara Tomasenak burutu zuten otsailaren 26an.

Eguzki Txokoko taldekideek Irura herri lagunkoien sarera atxikitzea proposatu zuten eta 2017. urtean udalak proiektua baimendu ondoren, herriko diagnosia egiten hasi ziren.

 

Herriak, adineko pertsonen bizia errazten duten inguruneak izan behar dutela azaldu zuen Matia Institutuko Ainara Tomasenak. Horrez gain, herria hobetzerako orduan adineko pertsonek duten ezagutza eta esperientziak baliagarriak izan daitezkeela azpimarratu zuen. Honen baitan ez da gizarte arloa bakarrik kontuan hartu, herriko bizitzan parte hartzen duten guztientzako zuzendua dago Irura Lagunkoia.

Zahartze aktiboa Iruran

Irura, 2015. urtean sartu zen OMEk eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politika sailak sustatzen duten Lagunkoitasunaren sarean. Ordutik, hainbat bilera egiteko bildu dira Eguzki Txoko elkarteko kide zein Miren Ganua Gizarte zerbitzuetako langilearekin.

Ana Leunda alkateak azaldu zuenez, "Iruran parte hartze handia dute adineko pertsonek eta herritar guztientzat onuragarria da adinekoek ikusten dituzten arazoak aztertzea". Bestalde, orain dela gutxi, ikastolaren bitartez inkesta bat banatu da Irurako biztanleen artean. Galdetegi horrek 2 helburu zituen, alde batetik, herritarrei informazioa helaraztea, eta bestetik, beraien iritzia jasotzea.

Denbora honetan 8 arlo landu dira: garraioa, etxebizitza, parte hartzea eta gizarte sarea, errespetua eta konpromisoa, herritarren parte hartzea eta enplegua, komunikazioa eta informazioa, gizarte eta osasun zerbitzuak, kanpoko guneak eta eraikuntzak. Eremu bakoitzekorako lan talde bat sortu zen eta aurkezpen egunean denen proposamenak entzuteko aukera izan genuen. Honako hauek hartu zuten parte: Máximo Calvo, Mari Paz Armendariz, Mari Carmen Iradi, Pedro Lopetegi eta Marimi Ugalde. Udalak du azken hitza, bera izango da proposamenak aztertu, lehentasunak ipini eta akzio plana martxan jarriko duena.

Irura, Euskadi Lagunkoia sarera batuta dagoen Tolosaldeako udalerri bakarra

Tituluan esaten duen modura, Irura da Euskadi Lagunkoia sarera batuta dagoen Tolosaldeako herri bakarra. Bilera amaitzerako garaian, bileran parte hartu zuen taldekide batek honakoa adierazi zuen: “Proiektua jubilatuok hasi dugu, baina belaunaldi artekoa izan behar da, haurrek eta gazteek ere parte hartu behar dute, herri txukun eta lagunkoiagoa izan dezagun”.