08/20-1 kanpaina: NBE maskaren etiketen eta dokumentazioaren gaineko kontrola
Justifikazioa eta helburuak
COVID-19aren osasun-larrialdiak sortutako egoeraren eta maskarak merkaturatzen dituzten mota guztietako establezimendu ugarien aurrean, produktu horren etiketa indarrean dagoen araudiarekin bat datorrela kontrolatzeko beharra ikusi da, kasuan kasuko maskara-motaren arabera.
Kanpaina informatiboa izan da, eta honako hau izan du helburu: kontrolatzea aplikatu beharreko araudiaren araberakoak direla bai NBE[1] maskaren etiketak, bai, hala badagokio, horien dokumentazioa.
Kanpainaren izaera
Ikuskapen-kanpaina informatiboa izan da.
Kanpainaren nondik norakoak
14 jarduera egin dira, uztailaren eta azaroaren artean: 5 Bizkaian, 5 Gipuzkoan eta 4 Araban.
Kanpainaren lehen fasea maskarak merkaturatzen dituzten establezimenduen aurrez aurreko ikuskapena egitea izan da, eta bigarren fasea, berriz, dokumentazioa egiaztatzea; izan ere, establezimenduak maskaren dokumentazioa aurkeztu behar izan du, aldez aurretik eskatuta.
Kontrolatu da ea produktuak CE markarik zuen EB erregelamenduaren arabera, edo EB Erregelamenduan jaso gabeko beste CE ziurtagiriren bat edo aldi baterako baimenen bat zuen. Kasu guztietan egiaztatu da produktuak zuen ziurtagiria bat zetorrela ziurtagiri horren araudiak ezartzen duenarekin.
Emaitzak
Baliozko 13 jarduketetatik 8 arau-hauste detektatu dira (% 61,5), eta adierazgarriena etiketarekin lotuta dago, ez baitu inolako esanahirik sinboloetan, piktogrametan edo kolore-kodeetan (% 40).
Beste arau-hauste garrantzitsu batzuk hauek dira: 2016/425 (EB) Erregelamenduaren arabera, Norbera Babesteko Ekipamenduetan ez da ageri babesten duen arriskuari buruzko piktograma edo informazioa (% 33,3), edo EN 149:2001 betetzen duten maskaretan ez da adierazi iraungitze-epea (% 27,3), edo EN 149:2001 betetzen duten maskaretan berrerabilgarria den adierazi da, R edo NR hizkiekin (% 33,3).
Antzemandako beste hutsune batzuk
- Ez da ageri NBEaren egokitasun-ebaluazioan parte hartu duen erakundearen izena, helbidea eta identifikazio-zenbakia (% 37,5)
- Jarraibide guztiak ez daude gutxienez gaztelaniaz (% 30,8)
- Ez da ontziaren edukiera adierazi (% 16,7)
- Ez da produktuaren ohiko izena ageri (% 15,4)
- Ez dira ageri fabrikatzailearen datuak bere helbide osoarekin, inportatzailearekin edo EBn baimendutako ordezkariarekin (% 15,4)
- Ez dira ageri lotea, serie-zenbakia edo beste identifikazio-elementu batzuk (% 15,4)
- Ez dago jarraibiderik maskarak jartzeko eta doitzeko, biltegiratzeko, erabiltzeko, garbitzeko, berrikusteko eta/edo desinfektatzeko moduari buruz, berrerabilgarriak badira (% 15,4)
- Etiketak ez daude argi eta modu iraunkorrean jarrita beren ontzian edo produktuaren gainean, edo kontsumitzaileak ezin ditu ontziaren bidez ikusi (% 15,4)
- Etiketen datuek errakuntza edo engainua eragiten dute inskripzio, zeinu, anagrama edo marrazkien bidez, eta ez dute zalantzarako tarterik utzi produktuaren benetako izaerari buruz (% 8,3)
Eskatutako dokumentazioari dagokionez, arau-hauste ohikoena beharrezko behin-behineko baimena jaso ez izana izan da (% 50).
Beste arau-hauste batzuk:
- Ez da jaso adostasunaren adierazpenik (% 20)
- Ez da jaso Europar Batasuneko erakunde batek emandako EB Azterketa Ziurtagiririk (% 20)
Egindako jarduerei dagokienez, NBE maskarak ibilgetu dira 3 establezimendutan. Establezimendu horietako bitan ibilgetutako produktua suntsitu da, eta hirugarrenean, aldiz, jatorrira itzuli da.
Gainerako ikuskapenetan, etiketen arau-hausteak detektatu dira, baina ez dira materialak ibilgetu, eta ikuskapen horien berri eman zaio dagokion autonomia-erkidegoari (hau da, produktuaren enpresa arduraduna kokatzen den lekukoari), egoki iritzitako jarduerak egin ditzan.
Ondorioak
Kanpaina honen emaitzak aztertu ondoren, laster errepikatzea gomendatzen da, arau-hausteen kopuru handia antzeman delako.
[1] NBE maskarak Norbera Babesteko Ekipamendutzat jotzen direnak dira, FFP motako maskarak barne
Azken aldaketako data: